1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko uztailaren 3an hartua, Esako udalerriaren armarriaren aldaketa onesten duena.
2024ko ekainaren 17an sartu zen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan Esako Udalaren eskabide bat, zeinaren bidez eskatzen baitu udalerri horretako armarria aldatzeko, gaiari buruz tramitatu den espedientea erantsita.
Espediente horretan dagoen ziurtagiri batek egiaztatzen du 2024ko ekainaren 14ko osoko bilkura arruntean, legez eskatutako gehiengoarekin, herriko armarri ofiziala behin betiko onetsi zela.
Halaber, Historiaren Errege Akademiak udal proposamenaz emandako aldeko txostena dago, non adierazten baitu honelakoa dela udalerriaren blasoia:
"Armarri erdibitua. Lehenengo erdia, gorria, urrezko abade makulu bat eta, haren gainean pausatuta, zilarrezko txori bat dituena. Bigarrena, urrezkoa, erauzitako arte bat berezko duen kolorean erakusten duena. Armarriaren buruan, kasketa gandor gorridun bat.
Lehenengo erdiak San Virila abadearen kondaira gogorarazten du, eta txori bat txioka entzunez erdietsi zuen estasia. Bigarrenak, berriz, eskualdean arteak ugari direla.
Armarriak ez du inkoherentzia heraldikorik, salbu eta burutzen duen kasketa, ez baitagokio erakunde bati, zaldunen enblema da-eta. Heraldikaren aldetik, berdin dio erdien hurrenkerak, nahiz eta behin bat hartuta, aurrerantzean beti eutsi beharko zaio kokapen berari".
Txosten horren arabera, eragozpenik gabe onets daiteke armarria, kasketaren ordez Espainiako errege koroa paratuta, hori baitagokie udal guztiei armarrien bururako, eta gainera agerian da hori dela Esako Udalak egin duena, espedientean emandako agirietatik ondorioztatzen denez.
Jasoa dago, halaber, espedientea eta udal armarri ofizialaren irudi berria jendaurrean egon direla hilabetez, 2024ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 13koan, eta toki erakundearen ediktuen taulan argitaratuta, 2024ko martxoaren 22ko osoko bilkura berezian hasiera batez onetsi ondoren.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Bakarra.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 28. artikuluaren arabera, udalerrietako armarriak aldatzeko prozedura udalerrien izena aldatzeko prozedura bera da. Aplikatu beharreko prozedura, beraz, 22. artikuluan aurreikusitakoa da, hau da, «Udalerrien izenak aldatzeko, udalek hartutako erabakia beharko da, aurretik, gutxienez hilabete batez jendaurrean egon ondoren. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta onetsitzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik ematen ez bada».
Bestalde, Toki entitateen antolaketaren, funtzionamenduaren eta araubide juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak 186. artikuluan, kasu honetarako, Nafarroako Gobernuari esleitzen dio udalerriari armarria emateko eskumena. Erregelamendu horren 187. artikuluak exijitzen duenez, berriz, udal armarri heraldikoa onartu ahal izateko, udalak hartutako erabaki baten bidez adierazi eta helarazi beharko dira hura justifikatzen duten arrazoiak, armarri berriaren marrazkia eta proiektua, Historiaren Errege Akademiaren txostena eta, kasu honetarako, Nafarroako Gobernuaren onespena. Esako udalerriaren armarria aldatzeko exijitu beharreko baldintza horiek beteta daude udal erakundeak gauzatutako espediente administratiboan.
Historiaren Errege Akademiak aldeko txostena eman du udalerriaren armarri berriari buruz.
Orain, aldaketa ofiziala izan dadin, toki erakundeak onetsitako sinboloari behar bezalako publizitatea eman behar zaio Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Estatuko Toki Erakundeen Erregistroa eta Nafarroako Toki Erakundeen Erregistroa arautzen duten erregelamenduetan ez dago aurreikusirik toki erakundeek onetsitako sinboloak inskribatzea.
Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez onestea Esako udalerriaren armarriaren aldaketa, Historiaren Errege Akademiaren deskribapenaren araberakoa.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Onestea Esako udalerriaren armarriaren aldaketa, Historiaren Errege Akademiaren deskribapenaren araberakoa.
2. Erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrera igortzea.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Esako Udalari jakinaraztea eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du ukatzen Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.
Iruñean, 2024ko uztailaren 3an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2410590