154. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

522E/2024 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, "2024ko Hondakinen Funtseko dirulaguntza toki erakundeentzat, bestelako hondakinen fluxurako" izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 770475.

Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen bidez Hondakinen Funtsa eratu zen, haren bidez zenbait neurri finantzatzeko, helburu izanen dutenak hondakinak sortzeak eta kudeatzeak giza osasunari eta ingurumenari eragiten dizkien eragin kaltegarriak arintzea. Halaber, zehazten du Nafarroako Gobernuak ezarriko dituela Hondakinen Funtsa kudeatzeko, antolatzeko eta banatzeko irizpideak erregelamendu bidez. Tramite hori betetzat jo da Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretua argitaratzearekin batera.

2024ko Hondakinen Funtsak 5.595.156 euro ditu, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zergatik heldu direnak, baita 96.240 euroko diru-sarrerak ere, zeinek jatorria baitute hondakinen arloko arau-hausteengatik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dituen isunetan. Hortaz, guztirako zenbatekoa 5.691.396 eurokoa da. Diru-sarrera horiek kalkulatzeko, kontuan hartu da 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarteko aldia, bat etorriz Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.

2023ko Hondakinen Funtsa banatzeko, 2023ko azaroaren 30ean nahitaezko kontsulta egin zitzaien Hondakinen Partzuergoari eta Iruñerriko Mankomunitateari, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat.

49/2020 Foru Dekretuan ezarritako tramiteak egin ondoren, urtarrilaren 29an, 2024ko Hondakinen Funtsaren banaketari buruzko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren 17E/2024 Foru Agindua onetsi zen, zeinean ezartzen baita bestelako hondakinen fluxurako 1.990.000 euro bideratuko direla, industriako eta eraikuntzako hondakinak prebenitzeko, berrerabilerarako prestatzeko eta birziklatzeko proiektuak gauzatzen dituzten enpresei dirulaguntzak emateko, gisa horretako proiektuak gara ditzaten 2024an, 2025ean eta/edo 2026an.

Era berean, 25.000 euro bideratuko dira aurreko paragrafoan adierazitako jarduerak 2025ean garatzeko, bere garaian onesten diren foru aginduekin bat.

Deialdi honen ondoriozko obligazioei aurre egiteko, proposatzen da 135.000,00 euroko gastua baimentzea, 2024ko Gastuen Aurrekontuko "740001 74100 7609 456204 Hondakinen Funtsa. Toki erakundeentzako dirulaguntzak" partidaren kargura, eta 5.000,00 euroko gastua, 2025eko Gastuen Aurrekontuan horretarako gaitzen den partida beraren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago. Baita 20.000,00 euroko gastua ere, 2025eko Gastuen Aurrekontuan horretarako gaitzen den "740001-74100-4609-456205 Hondakinen Funtsa. Toki erakundeentzako dirulaguntzak" partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "2024ko Hondakinen Funtseko dirulaguntza toki erakundeentzat, bestelako hondakinen fluxurako" izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

740001-74100-7609-456204: Hondakinen Funtsa. Toki erakundeentzako dirulaguntzak

2024

135.000,00

740001-74100-7609-456204: Hondakinen Funtsa. Toki erakundeentzako dirulaguntzak

2025

5.000,00

740001-74100-4609-456205: Hondakinen Funtsa. Toki erakundeentzako dirulaguntzak

2025

20.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko ekainaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da toki erakundeentzako dirulaguntza bat arautzea, 2024an emanen zaiena bestelako hondakinen fluxurako, Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Dirulaguntza honen helburua da laguntzea hondakinen hierarkiako goiko mailadiak lehenesten eta hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta Hondakinen Funtsa arautzen duen uztailaren 15eko 49/2020 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 160.000 eurokoa da, guztira, eta hurrengo atalean zehazten diren jarduketa lerroen artean banatuko da.

2. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzaren xede izanen dira gastu arrunten ekintzak (azterlanak edo proiektuak, ondasunen errentamendua, material suntsikorra, beste enpresa batzuek egindako lanak, publizitatea, jardunaldiak, liburuxkak, informazio kanpainak eta abar) edo kapital inbertsioak, baldin eta lotuta badaude bestelako hondakinen fluxuarekin. Deialdi honetarako, diruz lagungarriak izanen dira honako jarduketa lerro hauek garatzen dituzten proiektuak:

a) 1. jarduketa lerroa. 50.000 euroko zuzkidura du, espazio degradatuak (II. eranskineko definizioaren arabera) hondeatutako material naturalekin lehengoratzeko proiektuak idazteko eta/edo egikaritzeko. Material horiek kokalekuaren betelanean nahiz beheko eta/edo goiko zigilatze geruzetan erabiltzen ahalko dira, behar izanez gero.

Beheko eta/edo goiko zigilatzearen drainatze geruzak behar izanez gero, agregakin birziklatua erabiliko da agregakin naturalaren ordez.

Eta kokalekua landareztatzeko estaldura geruza handiagoa behar izanez gero, material bioegonkortua erabiltzea lehenetsiko da: errefus zatiaren tratamendu anaerobiotik (190604), gaika bildutako zati organikoaren tratamendu aerobiotik (190503) edo errefus zatiaren tratamendu aerobiotik (190599) eratorria. Material bioegonkor hori Ministerioaren dekalogoaren irizpideen arabera erabiliko da, landare lurra erabili beharrean.

Proiektuek berariaz jaso beharko dute erabiliko diren hondeatutako material naturalak, agregakin birziklatua edo material bioegonkortua Nafarroako Foru Komunitatean sortuak izan behar direla.

b) 2. jarduketa lerroa: 85.000 euroko zuzkidura du, 1. jarduketa lerrokoez bestelako eraikuntza lanetan agregakin birziklatuak eta hondeatutako material naturalak (II. eranskineko definizioaren arabera) erabiltzera bideratutako jarduketetarako.

c) 3. jarduketa lerroa. 25.000 euroko zuzkidura du, urrutiko herrietan (II. eranskineko definizioaren arabera) eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak pilatzeko eta/edo tratatzeko eremuak sortzeko proiektuak idazteko eta/edo egikaritzeko eta, halaber, instalazio mugikor bidez in situ tratatzearen kostu osoa finantzatzeko.

Eremu horiek sortzeko aurkezten diren proiektuek kontuan hartu beharko dute esparruak perimetro itxitura egokia izan behar duela, ahal den neurrian saihesteko jendeak eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak abandonatuta uztea (adibidez, zaintza sistemak). Era berean, abian jartzeko planean honako hauek jaso beharko dira: zein langile erabiliko diren, eginen den sarreren kontrola eta han utzitako materialarekin zer eginen den gero.

Era berean, instalazio mugikorraren kostuaren finantzaketa jaso ahal izateko, gutxienez 3 orduz erabili beharko da, eta, horretarako, beharrezkoa den materiala pilatu beharko da aurretik.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen intentsitatea.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak izanik, oinarri arautzaile hauetan ezarritako epean eta moduan egiten badira.

2. Ekipamenduak alokatzea proiektuak irauten duen bitartean.

3. Honako hauek erosteko zenbateko diruz lagungarria:

–Hondeatutako material naturalak: gehienez ere 1 euro/t (edo 1,55 euro/m³). Nafarroako instalazio kudeatzaile baimendu batek (R5 edo R10) hornitu behar ditu eta Nafarroako eraikuntza eta/edo eraispen obra batetik etorriak izan behar dute.

–Birziklatutako agregakinak: gehienez 9 euro/t (edo 14 euro/m³). Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko baimena duen Nafarroako instalazio kudeatzaile batek (R5) hornitu behar ditu eta Nafarroatik etorriak izan behar dute.

Materialaren jatorria materialen hornitzaileak ziurtatu beharko du, ahaldunak sinatutako ziurtagiri baten bidez.

4. Justifikatzen diren eta diruz lagungarriak diren gastuen zenbatekoari dagokionez, erakunde onuradun bakoitzak gehieneko laguntza hau jasoko du: 1. lerrorako 30.000 euro, 2. lerrorako eta 3. lerrorako 10.000 euro. Soberazko krediturik bada, bigarren banaketa bat eginen da diruz lagungarria den zenbatekoaren %100 jaso ezin izan duten onuradunen artean. Banaketa hori onuradun horiek lortutako puntuazioaren arabera eginen da, kreditu erabilgarria agortu arte.

5. Onartutako proiektu bakoitzaren gehieneko zenbateko finantzagarritik, diruz lagungarriak diren inbertsio inbentariagarrien zenbatekoa %90 izanen da gehienez.

6. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako jarduketak.

b) Europar Batasuneko edo estatuko indarreko nahitaezko arauetara egokitzeko jarduketak.

c) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten diren obrak.

d) Lurrak eskuratzeko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak.

e) Agregakin birziklatuak eta hondeatutako material naturalak erabiltzen dituzten obra proiektuak, gai horiek Nafarroako Foru Komunitatean sortuak direla egiaztatzen ez bada.

f) BEZa edo beste zerga batzuk.

g) Finantza-gastuak.

h) Eskuratzen diren ekipamendu, patente eta bestelakoen amortizazio gastuak, dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso badute.

i) Erabilera orokorreko gailu informatikoak, hala nola: PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...

j) Hasierako memorian zehaztu gabe dauden gastuak, dirulaguntzaren xederako ez direnak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

k) Azpiegituren alokairua.

l) Langileen eta dieten gastuak eta mota guztietako prestakuntza ekitaldietara joateko gastuak edo antzekoak.

m) Ez da diruz lagunduko gastu arrunten %15 baino gehiago, deialdiko gastu diruz lagungarri osoaren gainean kalkulatuta.

7. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, erakunde onuradunak garatu beharreko proiektuaren kostua baino handiagoa.

4. oinarria.–Erakunde onuradunak.

1. Nafarroako toki erakundeak izaten ahalko dira laguntza hauen onuradunak.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla. Nolanahi ere, Administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako adierazpenak edo justifikazioak egiazkoak diren ikertzeko.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuta frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da, hurrengo hilabetean.

Dirulaguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez. Eskaeren tramitazioa errazteko, eskatzaile posibleen eskura jarri da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro elektroniko orokorrean sartzeko esteka bat egonen da, eta, identifikatzeko, beharrezkoa izanen da webgunea edo haren pareko bitartekoa bermatzeko ziurtagiri onartuak edo kualifikatuak izatea, edo sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatu batean oinarritutako zigilu elektroniko bat izatea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera-orria (I. eranskina).

b) Memoria, proiektuaren hedadura eta azalpen zehatza adierazten dituena eta egin beharreko ekintzak jasotzen dituena, jarduketa lerroen eta horien zenbatekoen arabera taldekatuak, 2. oinarriarekin bat.

c) Proiektuaren aurrekontu xehakatua.

d) Jarduketen plangintza, proiektuarekin lortu beharreko helburuak betetzeko aurreikusitako bukaera data adieraziz.

e) Deialdi honen kontura jasoko dituzten funtsei publizitatea emateko erabiliko dituzten hedapen neurriak.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari dagokio prozeduraren instrukzioa, eta hark berrikusiko ditu eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa.

2. Eskaerak ez badu betetzen oinarri arautzaile hauetan eskatzen den baldintzaren bat, edo dokumentazioa berrikusteko prozesuan zehar beharrezkoa bada emandako informazioa argitzea, eskatzaileari akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak emateko eskatuko zaio. Hamar (10) egun balioduneko epe luzaezina izanen du horretarako, errekerimendua jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Ez badu hori egiten, eskaeran atzera egin duela ulertuko da eta, beste tramiterik gabe, artxibatu eginen da, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten eta behar den dokumentazioa duten administrazio espedienteak baloratuko dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badira edo behar den dokumentazioa ez badago, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, egindako ebaluazioa ikusita, laguntzak nori eman proposatzen duen txostena eginen du, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari igorriko dio.

2. Proposamen txostena egitean, instrukzio organoak egiaztatuko du onuradunak egunean dituela bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, halaber, ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku egoeratan.

3. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak oinarritzat hartuko ditu Foru Komunitateko Administrazioan edota beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialak edo eskura dauden bestelako informazio iturriak, betiere laguntza eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

4. Ondoren, eskaerak ofizioz ebaluatuko dira norgehiagokako prozeduraren arabera eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.

5. Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, eta laguntza esleitzeko espedientean jaso beharko da erakunde onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.

8. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

Hauek dira dirulaguntza hau emateko eskaerak baloratzeko irizpideak:

1. Bigarren oinarriko 1. jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Jarduketaren beharra, ingurumenarekin, neurriekin, osasunarekin, gizartearekin eta beste irizpide batzuekin lotutako zehaztapenen arabera; gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Jarduketaren beharraren justifikazioa aurkeztutako memorian jaso beharko da.

b) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

i. Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

ii. Zereginen definizioa, egikaritzeko kronograma, esleitzen diren baliabideak.

c) Espazio degradatuak lehengoratzeko proiektuetarako:

MOTA

PUNTUAK

Meatze ustiategi ez-aktiboak

15

Itxitako obra hondakindegi zaharrak

10

Beste batzuk

5

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

2. Bigarren oinarriko 2. jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Jarduketaren beharra, ingurumenarekin, neurriekin, osasunarekin, gizartearekin eta beste irizpide batzuekin lotutako zehaztapenen arabera; gehienez ere 20 puntu emanen dira.

Jarduketaren beharraren justifikazioa aurkeztutako memorian jaso beharko da.

b) Ongien definitutako eta dimentsionatutako proiektuak eta dokumentazio teknikoaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu.

c) Espazio degradatuak lehengoratzeko proiektuetarako:

MOTA

PUNTUAK

Meatze ustiategi ez-aktiboak

15

Itxitako obra hondakindegi zaharrak

10

Beste batzuk

5

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

3. Bigarren oinarriko 3. jarduketa lerroko proiektuetarako:

a) Zer distantziatara dagoen diruz lagundutako jarduketaren kokapenetik hurbilen dagoen eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeatzailea. Distantzia hori bada:

i. 15 km baino gehiago eta 30 km edo gutxiago: 10 puntu.

ii. 30 km baino gehiago: 20 puntu.

b) Aurkeztutako memoriaren kalitatea, gehienez ere 10 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan:

i. Argitasuna, helburuen deskripzioa eta metodologia (haiek lortzeko planifikatzen diren ekintzak).

ii. Zereginen definizioa, egikaritzeko kronograma, esleitzen diren baliabideak.

Proiektuei esleitzen zaien puntuazioan berdinketa gertatuz gero, proiektuak erregistroan zein data eta ordutan sartu ziren hartuko da kontuan.

9. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Ingurumen Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruzko ebazpena egiteko, ebazpen proposamena oinarri harturik. Ebazpena gehienez ere 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Bi hilabeteko epe hori ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

Gutxienez ere, dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda jasoko da ebazpenean, eta gainerako eskaerak ezetsi direla adieraziko da, hala denean; horien artean, aurrekontu-baliabideen muga dela-eta ezetsitako eskaerak ere aipatu behar dira. Hala ere, azken horiei dagokien puntuazioa adieraziko da, oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera.

Dirulaguntza emateari buruzko ebazpenak ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. Erakunde onuradunen batek uko egiten badio emandako dirulaguntzari, edo deklaratzen bada erakunde onuradunen batek dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu duela, dirulaguntza ematen ahalko zaie, horretarako eginen den ebazpen baten bidez, aurkeztutako eskaerak aurrekontu-kreditu faltagatik ezetsi zaizkien erakundeei, betiere aurrekontuan diru nahikoa badago eta denbora nahikoa gelditzen bada diruz lagundu beharreko proiektuak gauzatzeko eta dagozkien ordainketak justifikatzeko. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraituko zaio.

10. oinarria.–Proiektuak gauzatzeko epea.

Finantzatzen diren proiektuak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira, eta gauzatzeko epea 2025eko martxoaren 31n bukatuko da. Gauzatzeko epe hori ez da luzatuko.

11. oinarria.–Egindako gastu eta ordainketen justifikazioa.

Erakunde onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztuko dituzte diruz lagungarriak diren jarduketak bukatu ondoren. Aurkezteko azken eguna 2025eko apirilaren 30a izanen da. Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Egindako jarduketak deskribatzen dituen memoria; bertan, era berean, diruz lagundutako jarduketekin lortu nahi diren xedeen emaitzak baloratuko dira.

Eskaeran adierazitako hedapen neurrien betetze maila ere justifikatuko da memoria horretan, dokumentazio grafikoaren bidez (5. oinarriko 2. ataleko d letra). Neurri horien ordez, eskaeran proposatutakoen irismen maila bereko beste neurri batzuk hartzen ahalko dira, eta, era berean, egiaztatu egin beharko dira.

b) Proiektuaren azken aurrekontua.

c) Aurreko aurrekontuan sartutako gastuen fakturak eta horien ordainagiriak.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan (11. oinarria) adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, erakunde onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu duela. Horretarako, dirulaguntzaren xede diren ondasun edo zerbitzuen 2 eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak.

d) Bigarren oinarriko 1. eta 2. jarduketa lerroetako egikaritze proiektuen kasuan, kudeatzaile baimenduak emandako ziurtagiria, honako hauek egiaztatzen dituena:

–Hornitutako material mota.

–Hornitutako m³ edo tona kopurua.

–Instalazio kudeatzailearen Ingurumen Identifikazio Zenbakia.

–Materialaren jatorria (ikus 3. oinarriaren 3. atala).

Aurreko ziurtagiri horri obra-zuzendaritzaren ziurtagiria erantsiko zaio, non lekua eta erabilitako materialaren m³ edo tonak zehaztuko diren.

e) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzen direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena, III. eranskinaren araberakoa.

f) Bigarren oinarriko 1., 2. eta 3. jarduketa lerroetako egikaritze proiektuen kasuan, obra lizentziaren fotokopia.

12. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Dirulaguntza ordaintzeko, lehenago, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 11. oinarrian adierazitako dokumentazioa aztertuko du, dirulaguntza emateko arrazoia izan den jarduera gauzatu dela frogatua dagoela baieztatzeko eta, hori egin ondoren, ordaintzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, erakunde onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen txostenarekin batera.

13. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa egitea. Hedapen neurriak betetzeko, onuradunek Hondakinen Funtsaren logotipoa jarri beharko dute finantzatuko diren material guztietan. Azpimarratu behar da betebehar hori eskaera-orrian adierazi dituzten beste hedapen neurrien osagarria dela (5. oinarria).

Logoa helbide honetan dago eskuragarri: https://www.navarra.es/eu/web/oficina-de-prevencion-de-residuos/plan-de-residuos.

c) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga beren gain hartzea.

d) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

e) Ekipo ondasunak edo ondasun higiezinak diruz laguntzen badira, ondasun horiek erakunde onuradunaren ondarean egon beharko dute, dirulaguntzaren xedeari atxikita, gutxienez zazpi urtez, erregistro publiko batean inskribagarriak badira, edo bi urtez, gainerako ondasunetarako, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera (4. eta 5. apartatuak). Hala ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.

f) Dirulaguntzaren harremanak iraun artean, neurriak ezartzea honelako helburu sozialak lortzeko: desgaitasuna duten edo gizarte-bazterketan dauden edo hura jasateko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna; laneko eta familiako bizitza eta norberarena bateragarri egitea; lan eta soldata baldintzen hobekuntza; profesional gazteen eta langileen erakunde edo sozietate txikien parte-hartzea; enplegu-zentro bereziekin eta laneratze enpresekin azpikontratatzea; irizpide etikoak eta gizarte erantzukizunekoak, dirulaguntzaren xedeko jarduerari aplikatuak; prestazioa eman behar duten langileen prestakuntza, osasunaren babesa eta parte-hartzea; edo antzeko beste batzuk.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan onuradunentzat ezarritako gainerako betebehar orokorrak betetzea.

2. Aurreko ataletan ezarritako betebeharren bat betetzen ez badu, onuradunak itzuli egin beharko du onartutako dirulaguntza, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

16. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak, eta bertan azalduko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntza deialdi honi buruzko informazio guztia emanen dio Dirulaguntzen Datu Base nazionalari (aurrerantzean, DDBN), martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat. Errege dekretu horren bidez, Dirulaguntzen Datu Base Nazionala eta dirulaguntzen eta gainerako laguntza publikoen publizitatea arautu ziren.

I. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZA ESKAERA

Izen-deiturak:

IFZa:

Helbidea:

Herria:

PK:

Probintzia:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Erakunde hau ordezkatuz:

Erakundearen izena:

IFZa:

Egoitza soziala:

Herria:

PK:

Probintzia:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

1.–Ziurtatzen du:

Eskaera honekin batera doan proiektuak Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 43. artikuluko xedeak betetzen dituela. Hona hemen:

XEDE MOTA

PROIEKTU
OSOAREN %

a) Hondakinen sorrera prebenitzeko ekintzak sustatzea

b) Hondakinen kudeaketaren arloko ikerketa eta garapena, ekodiseinua barne

c) Sentsibilizazioa, komunikazioa, lagun egitea, heziketa eta prestakuntza

d) Berrerabilerarako prestatzeko jarduketak

e) Ekonomia zirkularra sustatzeko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko jarduketak, hondakinei dagokienez

f) Gaikako bilketa sistemak hobetzea

g) Birziklatzeko eta balorizazio materialerako sistemak optimizatzea edo hobetzea

h) Hondakinen arloko boluntario lanak

i) Hondakinen ondorioz degradatutako espazioak lehengoratzea

j) Hondakinak kudeatzeko instalazioen trazabilitate, kontrol eta estandarizazio sistemak hobetzea

k) Sortzeagatiko ordainketa ezartzea

2.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betebeharren gaineko adierazpena

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrei dagokienez, adierazten dut ez dudala artikulu horretan onuradun izateko ezarri diren debekuetako bakarrik ere.

3.–Lortutako beste dirulaguntza batzuei buruzko adierazpena.

Aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso duen dioen adierazpena. Hala bada, jasotako zenbatekoak eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da.

Eskatutako dirulaguntzaren xedeari buruz, zera adierazten dut:

Ez dudala eskuratu Espainiako edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren dirulaguntzarik.

Espainiako edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuen, beste erakunde publiko edo pribatu batzuen edo partikularren dirulaguntza hauek eskuratu ditudala edo dirulaguntza emateko ebazpenaren zain nagoela:

ERAKUNDEA

KONTZEPTUA

EMANDAKO KOPURUA

4.–Baimena.

Baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dirulaguntzen ebazpen proposamena onartzen denean egiazta dezan zerga guztiak ordainduta eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuta dauzkadala.

.............................(e)n, ................(e)ko ...............................aren ........(e)(a)n.

ESKATZAILEA,

Sinatua:

II. ERANSKINA.–DEFINIZIOAK

Dirulaguntza hauen ondorioetarako, honela ulertuko dira:

Agregakin birziklatua: Eraikuntzako eta eraispeneko hondakina da, R05 kudeaketa instalazio batetik igaro ondoren, obra batean produktu gisa erabiltzeko baldintza teknikoak, legeria eta aplikatu beharreko arauak betetzen dituena.

Hondeatutako material naturalak: Oinarri hauen ondorioetarako, halakotzat jotzen dira eraikuntza edo eraispen obretan hondeatutako lur eta harri naturalak, baldin eta ez badituzte gainditzen 9/2005 Errege Dekretuan bestelako erabileretarako ezartzen diren erreferentziako maila orokorrak, konposatu organikoei dagokienez, eta Nafarroan egindako azterlanean lortutako erreferentziako maila orokorrak, metalei dagokienez, eta, betiere, ez baldin badatoz kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak (9/2005 Errege Dekretuko definizioaren arabera) kokaturik egon diren tokietatik.

Espazio degradatuak: Itxitako obra hondakindegi zaharrak dira, non, ondoren, isurketa puntualak eta lurzorurako isurketa ez-puntualak egon diren, are meatze ustiategi zaharretan ere (lehengoratze planik ez duten meatze ustiategi ez-aktibotzat hartzen dira).

Urrutiko herriak: Hondakin horiek tratatzeko instalazio finko batetik 20 km-tik gorako distantziara daudenak eta/edo haraino joateko 30 minututik gorako ibilbidea dutenak.

III. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUN ERAGINGARRIAREN ARLOAN INDARREAN DAGOEN ARAUDIAN EZARRITAKO BETEBEHARRAK BETETZEARI BURUZKOA

................................................................................................................................. jaunak/andreak, ......................... NAN zenbakidunak, ................................................ erakundearen izenean eta hura ordezkatuz (IFKa: ............................... , eta helbidea: ............................................................................), ........................................................................... dirulaguntza deialdiaren baitan, ............................................................................. proiekturako dirulaguntzak eskatzeko,

ADIERAZTEN DU:

LEHENA.–Erakundeak betetzen dituela lan eta gizarte arloan indarrean dauden xedapen guztiak, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarriaren arloan indarrean daudenak ere.

BIGARRENA.–Ordezkatzen duen pertsonak edo erakundeak ez duela zigorrik jaso arau-hauste oso astunagatik, eta ez dela kondenatua izan administrazio-ebazpen edo epai judizial irmoaren bidez, berdintasunari buruzko betebeharrak ez betetzeagatik. Betebehar horiek jasota daude Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan edo aplikatzekoa den hitzarmenean.

HIRUGARRENA.–Enpresak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa betez.

Berrogeita hamar langile edo gehiago dituela, eta betetzen duela berdintasun plan bat egiteari eta aplikatzeari buruz 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluak ezartzen duena.

Berrogeita hamar langile baino gutxiago dituela eta, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezartzen den bezala, betetzen duela berdintasun plan bat egiteari eta aplikatzeari buruz 3/2007 Lege Organikoaren 45.3 artikuluak ezartzen duena.

3/2007 Lege Organikoaren 45.5 artikulua aplikatuz, enpresa ez dagoela beharturik berdintasun plan bat egitera eta ezartzera.

LAUGARRENA.–Aurkeztutako proiektuaren esparruan egindako ekintzek, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa betez, foru lege horretan jasotako neurriak bultzatzen dituztela:

  • Langileei dagokienez, tratu berdintasunaren, aukera berdintasunaren eta aniztasunarekiko eta diferentziarekiko errespetuaren printzipioen arabera jokatuz.
  • Jarduketetan genero-ikuspegia eta ekintza positiboa txertatuz eta sexuaren araberako rol eta estereotipoak baztertuz.
  • Zuzendaritza organoak osatzeko, gaitasun, konpetentzia eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzen saiatuz.
  • Mota orotako euskarrietan, sexistak ez diren hizkera eta irudiak erabiliz.

.............................(e)n, ................(e)ko ...............................aren ........(e)(a)n.

ESKATZAILEA,

Sinatua:

Iragarkiaren kodea: F2410081