Iragarkia
154. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 30a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
87/2024 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez, 2024-2025 baso-kanpainarako oinarri arautzaileak eta deialdia onesten baitira laguntzak emate aldera toki-erakundeek eta eragile pribatuek sustatutako basolanetarako, sartuta baldin badaude 2023-2027 NPEPEko 6881.1 "Basoberritzeak eta nekazaritza- eta baso-sistemak" eta 6881.4 "Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduerak" esku-hartzeen barnean. Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko identifikazioa: 769774.
2022-08-31ko Batzordearen Betearazpen Erabakiaren bidez, Espainiako 2023-2027ko NPEaren Plan Estrategikoa onetsi zen (aurrerantzean NPEPE) Europar Batasunaren laguntzarako, zeina Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak finantzatzen baitute.
NPEPEa onetsi da behin Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatua eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua aztertuta. Erregelamendu horren bidez, arauak ezartzen dira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEaren plan estrategikoak) laguntza emateko –finantzatuta dago Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kargura–, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dira, bereziki 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 118. artikuluaren 6. apartatua.
2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 73. artikuluan, estatu kideek inbertsio jakin batzuetarako eman beharreko laguntzak aipatzen dira. Horretarako, laguntza horiek lagundu behar dute 6.1 eta 6.2 artikuluetan aipatzen diren helburu espezifikoetako bat lortzen eta erregelamendu horrek ezartzen dituen baldintzak eta estatu horietako NPEaren plan estrategikoen zehaztapen gehigarriak bete behar dira. Tamaina jakin bat gainditzen duten ustiategien kasuan (estatu kideek zehaztuko dute tamaina hori NPEaren plan estrategikoetan), basogintza sektorerako laguntzak emateko, bidezko informazioa aurkeztu beharko da, baso-kudeaketarako plan batetik edo baso-kudeaketa jasangarrira egokitzen den tresna baliokide batetik datorrena, Europako basoen kudeaketa jasangarrirako jarraibide orokorretan definitzen den bezala. Jarraibide horiek Europako basoak babesteari buruzko Bigarren Ministro Konferentzian onetsi ziren, Helsinkin, 1993ko ekainaren 16an eta 17an.
Artikulu hori garatuta, NPEPEak Nafarroa sartzen du landa garapeneko 6881.1 esku-hartzearen aplikazio eremuaren barnean (Inbertsio ez-produktiboak, basoberritzean eta nekazaritza- eta baso-sistemetan). Horren barnean sartuta daude basoberritzeak:
–Basoko espezieak landatzea, barne daudela hutsarteak betetzea edo proiektuak egitea,
–Tratamendua ematea dagoen landarediari,
–Lurra prestatzea,
–Behar diren azpiegiturak lanak egiteko eta ondoren kontserbatzeko.
NPEPEak, halaber, Nafarroa sartzen du landa garapeneko 6881.4 esku-hartzearen aplikazio eremuaren barnean (Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduerak). Horren barnean sartuta daude jarduketa hauek, besteak beste:
–Kudeaketa planak eta basoak hobetzeko proiektuak idaztea.
–Basoetan jardutea egitura hobetzeko.
–Berariazko dibertsifikazioa.
–Mendien aprobetxamendu jasangarria eta erabilera publikoa errazteko eta arautzeko jarduketak.
–Aurreko jarduketa horietako edozeinetako helburuak lortzeko beharrezkoak diren azpiegiturak.
Nafarroako Foru Komunitatea, beraz, aipatutako 6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeen lurralde eremuko eskualde bat da, eta berariaz adierazten da NPEPEak aipatzen dituen eskualde-fitxetan ezen esku-hartze horietan aplikatu behar direla Natura 2000n (edo naturaguneak babesteko beste figura batean) ekintzek duten kokalekuarekin lotutako hautaketa-irizpideak; orobat, eduki behar da kudeaketa plan bat edo tresna baliokide bat laguntza eskatu aurretik, eta adierazi zer azaleratan eginen den jarduketa eta zer ezaugarri edo balio natural dituen eremuak, bai eta kudeaketarekin lotutako beste irizpide batzuk ere (hitzarmenak, asoziazionismoa, ziurtapena, etab.)".
Lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatu eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.
Halaber, 50.1.e) artikuluak aitortzen du Nafarroak, bere foru araubidearen kariaz, eskumen osoa duela ondoko gai honen gainean: "Nafarroako Foru Komunitatearen edota udal, kontzeju eta gainerako administrazio entitateen tituIartasunekoak diren mendiak".
Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak 2. eta 3. artikuluetan ezartzen ditu legearen helburuak, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira:
1. Basoetako ingurune naturala eta egoera ekologikoa zaindu eta hobetzea.
2. Nafarroako baso eremuetako zuhaiztien hedadura sustatzea, batez ere birsortzearen eta eboluzioaren ondorioz jatorrizko baso bilakatzen ahal diren landare-formazioak sortuz.
3. Toki-erakundeen lankidetza sustatzea, baso lurrak zaindu eta babesteko.
4. Mendien aprobetxamendu ordenatua arautzea eta sustatzea, lehengai berriztagarrien iturri diren aldetik, bateragarri eginez ingurumenaren babesarekin eta mendiak dauden eremu geografikoetan errentak sortzearekin.
Helburu horiek erdiesteak berekin ekarriko du Nafarroako Foru Komunitateko baso-sistemek irautea eta horiek hobetzea, horrek dituen onura zuzeneko eta zeharkako guztiekin, hasi landako populazioak finkatu eta lanpostuak sortzearekin eta buka baso-suteen prebentzioarekin, higaduraren kontrako borrokarekin, gai berriztagarrien erabilerarekin (egurra, konparazio batera) eta menpekotasun energetikoa gutxitzearekin. Horiek guztiak onura publikokoak eta interes sozial handikoak dira.
Aurrekoa kontuan harturik, aipatutako arauaren 66. artikuluak hauxe dio hitzez hitz: "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, dagozkion aurrekontuen mugen barnean, laguntza teknikoa eta ekonomikoa emanen die mendi edo baso lur publiko nahiz pribatuen titularrei, baso aprobetxamenduen titularrei, basogintzako elkarteei eta basogintzako industria eta enpresei".
13/1990 Foru Legearen 70., 71. eta 72. artikuluek laguntzen mailaketari eta bateragarritasunari buruzko alderdi orokorrak ezartzen dituzte, baita dirulaguntzako baremoei buruzkoak ere. Otsailaren 17ko 59/1992 Foru Dekretuaren bidez onetsi den Mendien Erregelamenduaren 104., 105. eta 107. artikuluetan zehaztu dira alderdi horiek. Erregelamendu horrek berak ezartzen du, 105.9 artikuluan, ebazpen batek garatuko duela artikulu horren edukia.
Basogintzako jardueren ezaugarri teknikoen ondorioz, baita lanen xede diren tokien ezaugarri klimatikoen ondorioz ere, bidera ezina da horiei urteko bakarrean heltzea. Basoberritzeak horren adibide dira: lurra prestatzeko faseak urteko hilabeterik idorrenetan egiten dira; zorua prest uzten da, lurra meteoriza dadin eta landaketak, orokorrean, hurrengo neguaren amaieran egiten dira. Hau da, urtebete baino gehiago irauten duten kanpainak dira.
Laguntzen deialdi hau da Nafarroako Baso Agendako Baso Gobernantzari buruzko Ardatzaren 3. programak (baso-kudeaketa jasangarriaren finantzaketa) garatzen dituen neurrietako bat (Gobernuak 2019ko azaroaren 13an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Baso Agenda). Eta, era berean, Garapen Jasangarrirako 2030eko Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuetako 15.a lortzen laguntzen du (agenda hori Nazio Batuen Batzar Orokorraren 2015eko irailaren 25eko Ebazpenaren bidez onetsi zen): "Lur ekosistemen erabilera jasangarria babestea, lehengoratzea eta sustatzea, oihanak jasangarritasunez kudeatzea, desertifikazioari aurre egitea; lurren hondatze bidea galaraztea eta itzulikatzea eta biodibertsitatearen galbidea geraraztea".
Nafarroako Gobernuak 2024ko maiatzaren 22ko bilkuran hartutako erabakietako bat da Ingurumeneko zuzendari nagusiari baimena ematea urte anitzeko konpromisoak hartzeko, 2025eko ekitaldiari egoztekoak, guztira 3.070.000 eurokoak, toki-erakundeek eta eragile eta elkarte pribatuek sustatzen dituzten basolanetarako laguntzen deialdiak bultzatzeko 2023-2024ko kanpainarako (NPEPEko 6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeak).
Ebazpen hau, Nafarroako 2023-2027 NPEPEaren kudeaketa agintariaren aldeko txostena duena (Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzua), urtarrilaren 23ko 7/2013 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenbizikoaren babesean eman da (foru dekretu horren bidez, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatutako gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea baimendu zen eta haren antolamendua eta funtzionamendua ezarri ziren). Izan ere, azken xedapen horrek ahalmena eman dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko egungo kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko, eta bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren dirulaguntzei buruzko arauak, deialdiak eta oinarri arautzaileak ezartzeko.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, batetik, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak, laugarren xedapen gehigarrian egindako deskontzentrazioa dela medio, bestetik, ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Oinarri arautzaileak eta dirulaguntza emateko eta ordaintzeko prozedura onestea.
I. eranskinean jasota dauden oinarri arautzaileak onesten dira laguntzak emate aldera toki-erakundeek eta eragile pribatuek sustatutako basolanetarako, sartuta baldin badaude 2023-2027 NPEPEko 6881.1 "Basoberritzeak eta nekazaritza- eta baso-sistemak" eta 6881.4 "Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduerak" esku-hartzeen barnean (hasiera izanen dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukaera, aldiz, 2025eko urriaren 9an), eta II. eranskinean (Laguntzaren eta ordainketaren eskaretarako inprimakiak) jasotako inprimakiak onesten dira, bai eta III. eta IV. eranskinetako zerrendak ere.
Bi esku-hartzeetako bakoitzak (6881.1 eta 6881.4) prozedura bakarra eraginen du. Prozedura hori dagokion ebazpenaren bidez bukatuko da, nahiz eta biek ala biek oinarri berberak partekatu eta bietarako eskaera bakarra aurkeztu.
2. Deialdia onestea.
Deialdia onesten da laguntzak emate aldera toki-erakundeek eta eragile pribatuek sustatutako basolanetarako, sartuta baldin badaude 2023-2027 NPEPEko 6881.1 "Basoberritzeak eta nekazaritza- eta baso-sistemak" eta 6881.4 "Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduerak" esku-hartzeen barnean.
3. Aurrekontuko kredituak.
A) 2.430.000 euroko gastua baimentzen da toki-erakundeek sustatutako basolanetarako laguntzen I. eranskinaren arabera deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 2025eko ekitaldiko aurrekontuko "2023-2027 NPEPEa. Dirulaguntzak toki-erakundeetarako, basolanak egiteko" izeneko 740002-74200-7609-456704 partidaren kargura, baldin eta horretarako kreditu nahikoa badago.
B) 640.000 euroko gastua baimentzen da eragile pribatuek sustatutako basolanetarako laguntzen I. eranskinaren arabera deialdi honek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, 2025eko ekitaldiko aurrekontuko "2023-2027 NPEPEa. Dirulaguntzak eragile pribatuetarako, basolanak egiteko" izeneko 740002-74200-7709-456705 partidaren kargura, baldin eta horretarako kreditu nahikoa badago.
4. Eskaerak aurkezteko epea.
Bi laguntzetarako eskaerak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
5. Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari (aurrerantzean, DDBN) jakinaraztea.
Oinarri arautzaile hauek eta dagokien deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu aurretik.
6. Ebazpena argitaratzea.
Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eranskinekin.
7. Ebazpena jakinaraztea.
Ebazpen hau igortzea Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, Ekonomia Aferetarako Bulegoari eta Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
8. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.
Iruñean, 2024ko ekainaren 19an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, 2024-2025 KANPAINAKO LAGUNTZAK EMATE ALDERA 6881.1 "BASOBERRITZEAK" ETA 6881.4 "INGURUMEN-HELBURUAK DITUZTEN BASO-JARDUERAK" ESKU-HARTZEETARAKO (AURRERANTZEAN, TOKI-ERAKUNDEEK ETA ERAGILE PRIBATUEK SUSTATUTAKO BASOLANAK)
1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.
1.1. Oinarri hauen xedea da arautzea nola eman laguntzak toki-erakundeek eta eragile pribatuek sustatutako 2023-2027 NPEPEko 6881.1 "Basoberritzeak" eta 6881.4 "Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduerak" esku-hartzeetarako. Hori guztia, aplikatu beharrez Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei (NPEaren plan estrategikoak) laguntza emateko –finantzatuta dago Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kargura–, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen baitira, bereziki 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 118. artikuluaren 6. apartatua.
1.2. Zehazki, 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 73. artikuluan, estatu kideek inbertsio jakin batzuetarako eman beharreko laguntzak aipatzen dira. Horretarako, laguntza horiek lagundu behar dute 6.1 eta 2 artikuluetan aipatzen diren helburu espezifikoetako bat lortzen eta erregelamendu horrek ezartzen dituen baldintzak eta estatu horietako NPEaren plan estrategikoen zehaztapen gehigarriak bete behar dira.
Kontuan hartuta 73. artikulu horretako 4. puntuko c) apartatua, inbertsio hauek dira diruz lagungarriak, besteak beste: basoberritzeko inbertsioak eta nekazaritza- eta baso-sistemak ezarri eta lehengoratzekoak; 6. artikuluko 1. apartatuko d), e) eta f) letretan ezarritako helburu batekin edo batzuekin lotutako inbertsio ez-produktiboak, barne daudela basogintzarako azpiegituretakoak; basoaren potentziala berreskuratzeko inbertsioak, hondamendi naturalen, fenomeno klimatiko kaltegarrien edo katastrofeen ondoren; prebentzio-ekintza egokietarako inbertsioak; eta basoen osasuna mantentzeko inbertsioak. Tamaina jakin bat gainditzen duten ustiategien kasuan (estatu kideek zehaztuko dute tamaina hori NPEaren plan estrategikoetan), basogintza sektorerako laguntzak emateko, bidezko informazioa aurkeztu beharko da, baso-kudeaketarako plan batetik edo baso-kudeaketa jasangarrira egokitzen den tresna baliokide batetik datorrena, Europako basoen kudeaketa jasangarrirako jarraibide orokorretan definitzen den bezala. Jarraibide horiek Europako basoak babesteari buruzko Bigarren Ministro Konferentzian onetsi ziren, Helsinkin, 1993ko ekainaren 16an eta 17an.
2. oinarria.–Neurrien helburua.
2.1. Basogintzarekin lotutako esku-hartzeek (6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeak, zehazki) laguntzen dute Batzordearen 2021eko uztailaren 16ko Komunikazioa aplikatzen, «Basoen aldeko 2030erako EBren estrategia berria» izenekoa.
Era berean, Nafarroako Baso Agenda garatzen dute, lerrokatuta dagoena Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/841 (EB) Erregelamendutik eratorritako konpromisoekin eta Europako basoak babesteari buruz Ministro Konferentziek hartutakoekin. Hautagarriak izateko, esku-hartze horiek aplikatzen diren baso-lurrek kudeaketa plan bat edo tresna baliokide bat izan behar dute (73.2 artikulua), 250 hektareatik gorakoa. Azalera txikiagoetan, bete beharko da eskualdeko planetan eta inbertsioak justifikatzeko memoria eta proiektuetan ezarritakoa.
2.2. Zalantzarik gabe laguntzen dute 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan zehaztutako helburu espezifikoak lortzen:
–Klima-aldaketara egokitzea eta hura arintzea, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz eta karbonoaren harrapaketa hobetuz, eta basoko biomasak ematen duen energia jasangarria sustatzea.
–Garapen jasangarria eta eraginkortasunez kudeatzea baliabide naturalak, hala nola ura, lurzorua eta airea.
–Biodibertsitatearen galera geldiaraztea eta lehengoratzea, ekosistemekin lotutako zerbitzuak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea.
–Honako hauek sustatzea: enplegua, hazkundea, genero berdintasuna –emakumeek nekazaritzan parte hartzea barne– landa eremuetako gizarte inklusioa eta tokiko garapena, bioekonomia zirkularra eta basogintza jasangarria besteak beste.
3. oinarria.–Pertsona onuradunak eta baldintzak.
3.1. Nafarroako edozein toki-erakunde edo baso eragile pribatu izan daiteke basoberritzeko laguntzen eta ingurumen-helburuak dituzten jaso jardueretarako laguntzen (hemendik aurrera, basolanetarako laguntzak) onuradun. Baso eragile pribatua da edozein pertsona fisiko edo juridiko, lan horiek ukitutako lurren jabe izan ala ez, baldin eta eskatzen badu baso lurretan ondoko epigrafeetan zehaztuko diren lanak egitea, betiere ezarritako betebeharrak betetzen baditu eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eusteko hitza ematen badu.
3.2. Honako hauek izan daitezke dirulaguntza hauen onuradun:
(a) Kudeatzen dituzten baso lurretan deskribatutako basolanak egiten dituzten toki-erakundeak.
(b) Toki-erakundeak ez diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta eragile pribatu gisa ondorengo epigrafeetan deskribatutako basolanak egiten badituzte jarduteko baimena duten baso lurretan, dela lur horien jabetza izateagatik, dela beste titulu batean oinarrituta (errentaria, gozamenduna, lagapen-hartzailea edo antzekoa) jabearen baimena izateagatik.
Bi kasuetan, onuradun izateko, aldez aurreko baldintzak bete beharko dituzte eta oinarri arautzaile hauetan ezarritako konpromisoei eutsi beharko diete.
3.3. Egoera hauetakoren batean dauden pertsonak ezin izanen dira laguntzen onuradun izan:
(a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik egotea, edo kondenaturik egotea delitu hauengatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia trafikoa, iruzurrak eta ordainarazpen legez kanpokoak edo hirigintzako delituak.
(b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak konplituta ez izatea, hala xedatu baldin badu aldez aurretik indarreko administrazio ebazpen irmo batek.
(c) "Krisian dagoen enpresa" izatea. Oro har, krisian dauden enpresak nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan (2022/C 485/01) estatuko laguntzei aplika dakizkiekeen jarraibideen aplikazio eremutik kanpo daude (aurrerantzean, Jarraibideak). Batzordearen ustez, enpresa bat krisi finantzarioan dagoenean, bere existentzia bera arriskuan dagoenez, ezin da beste helburu politiko publiko batzuk sustatzeko bide egokitzat jo, haren bideragarritasuna bermatuta egon arte. Horregatik, (33) 63 puntuaren arabera, laguntzen onuradunak zailtasun finantzarioak baditu, laguntzak aztertuko dira krisian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Europar Batasunaren jarraibideen arabera.
Aipatu (33) 63 puntuaren arabera, "krisian dagoen enpresa" da gutxienez ere inguruabar hauetakoren bat duena: "Krisian dagoen enpresa": krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuaren laguntzei buruzko Batzordearen jarraibideen 2.2 atalean ezarritako irizpideak betetzen dituen enpresa: Jarraibide horiek kontuan hartuta, ulertuko da enpresa bat krisian dagoela baldin eta, Estatuak esku hartu ezean, haren desagertze ekonomikoa ia segurua bada epe laburrean edo ertainean. Horrenbestez, ulertuko da enpresa bat krisian dagoela baldin eta inguruabar hauetako bat, gutxienez, gertatzen bada:
a) Erantzukizun mugatuko sozietatea izanez gero, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu bada metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz metatutako zenbateko negatiboa harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago denean.
b) Sozietateko bazkideetako batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea edukiz gero, kontabilitatean ageri diren beren funts propioen erdiak baino gehiago desagertu badira metatutako galeren ondorioz.
c) Enpresa porrot edo kaudimengabezia prozedura batean dagoenean edo betetzen dituenean haren zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak porrot edo kaudimengabezia prozedura bat betetzeko, hartzekodunek hala eskatuta;
d) ETE ez diren enpresetan, baldin eta aurreko bi urteetan:
i) Enpresaren zorra/kapitala ratioa 7,5 baino handiagoa bada; eta
ii) Enpresaren interesen estaldura-ratioa, EBITDA oinarritzat hartuta kalkulatua, 1,0 baino txikiagoa bada.
(d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.
Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
(e) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.
Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza-eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.
(f) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa epeak betetzen ez dituzten enpresak (lege horrek merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen ditu).
Ordainketa epeak bete direla honela frogatuko da:
a) Kontabilitate arauekin bat, galdu-irabazien kontu laburtua aurkez dezaketen sozietateen kasuan, dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez.
b) Kontabilitate arauekin bat, kontu hori aurkeztu ezin duten sozietateen kasuan, ziurtagiri baten bitartez, zeina Kontu Ikuskatzaileen Erregistro Ofizialean izena emandako auditore batek eman beharko baitu, enpresa bezeroaren ordainketen epe eraginkorra aztertu ondotik, enpresa hornitzailearen aurretiazko kobrantzarako edozein finantzaketa egonik ere.
4. oinarria.–Toki-erakunde eta eragile pribatu onuradunak onartuak izateko irizpideak.
4.1. Basolanetarako laguntza eskaera bat onartzeko, 6. oinarrian bildutako ekintza diruz lagungarrietako edozein egin beharko da, eta, gainera, behean zerrendatutako onartuak izateko irizpideak bete beharko dira. Irizpide horiek mantenduko dira prozeduran zehar, bai eta laguntza kobratu ondorengo 5 urteetan ere:
a) Eskatzaileak eskaera zehazten eta baloratzen duen dokumentazio tekniko bat aurkeztu beharko du SGANA aplikazio telematikoa erabiliz, baldin eta pertsona hori behartuta badago Administrazioarekin harreman elektronikoa izatera, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan zerrendatutako bide eta lekuak erabiliz. Hala ere, administrazio publikoekin harreman elektronikoa izatera behartuta ez daudenek ere SGANA aplikazio telematikoaren bidez aurkezten ahal dituzte bai dirulaguntza eskaera bai dokumentazio teknikoa.
b) Jarduera diruz lagungarriak bateragarriak izan behar dira 2019-2023 aldirako Nafarroako Baso Agendarekin. Hura Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuta dago, eta esteka honetan kontsulta daiteke:
c) 250 hektareatik gorako mendiak dituzten toki-erakunde edo partikularrek (edo horien batasunek) kudeaketa plan bat edo tresna baliokide bat izan beharko dute. Azalera txikiagoetan, bete beharko da eskualdeko planetan eta inbertsioak justifikatzeko memoria eta proiektuetan ezarritakoa.
d) Ziurtagiria duten mendietan jarduten duten onuradunek, laguntzak hartu ahal izateko, konpromisoa hartuko dute ziurtagiri horri eusteko behar diren agiriak prestatuko dituztela Nafarroako baso ziurtagiriaren Nafarroako entitate eskatzaileak erabakitzen dituen epeetan eta moduan (laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko eskaera-orrian eta dokumentazioan zehaztua dagoen bezala).
Ondorio horietarako, ziurtagiria duen menditzat joko da baso-kudeaketa jasangarriko edozein ziurtapen sistema duena (hedatuenak PEFC edo FSC dira). Aurreko paragrafoan aipatutako PEFC (NACERT) baso ziurtagiria eskatzen duen Nafarroako entitatea irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, biltzen dituena beren kudeaketapeko baso azaleretarako baso-kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria lortu nahi duten eta Nafarroako Foru Komunitateko mendi antolatuen jabe diren erakunde publiko eta pribatu guztiak.
e) Laguntza hauek hartu ahal izateko, katastroaren arabera onura publikoko mendien titular diren toki-erakundeek aurkeztu beharko dute bertako idazkariak edo, bera ez egonik, toki agintari eskudunak sinatutako agiri bat, non ziurtatzen den beren hermendietan inbertitu dela 2018-2022 aldian beren onura publikoko mendietan egindako zur, egur eta larre aprobetxamenduetatik lortutako diru-sarreren %20 gutxienez, BEZa barne, (larreen aprobetxamendutzat hartuko da larreetatik, mendi-larreetatik, belaietatik eta belardietatik ateratzen dena). Agiri horretan, egindako lanak eta 2018-2023 aldiko lanen aurrekontua (BEZa barne) identifikatu beharko dira, eta, beraz, 2023ko diru-sarrerak ez dira kontabilizatuko. Ez eta baso-suteek ukitutako toki-erakundearen mendietako egurraren salmentatik lortutako aparteko diru-sarrerak ere. Laguntza hauek hartu ahal izateko, mendi babesleen titular diren eragile pribatuek antzeko ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, legezko ordezkariak sinatua. (5. inprimakia).
Ebazpen honen ondorioetarako, onura publikoko mendien eta mendi babesleen kasuan, diru-sarreratzat hartuko dira zur, egur eta larre aprobetxamenduei lotutakoak. Bestelako aprobetxamenduetatik (konparaziorako ehiza, turismo, harrobi edo haize-sorgailuetatik) sortzen diren diru-sarrerak ez dira kontuan hartuko, ez eta mendian eginiko jarduketengatik jasotzen diren dirulaguntzak ere.
Bakar-bakarrik ebazpen honen ondorioetarako eta onura publikoko mendientzat eta mendi babesleentzat baizik ez, inbertsiotzat hartuko dira mendietan sortzen diren gastuak, kenduta onuradunak inbertsio horiek egiteagatik jasotzen dituen dirulaguntzak, aldi horri dagokiona, 2022-2023 kanpaina barne.
f) Jarduketek ingurumen baimena beharko dute, eta behar diren baimenak ere eduki beharko dituzte, jarduketa zein den.
g) Eskatzaileek ez dute egon behar onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritakoari jarraikiz.
h) Eskatzaileek tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan beharko dituzte.
i) Eskatzaileek ahalmenak edo eskubideak izan beharko dituzte laguntzaren xede diren lurretan jarduketa diruz lagungarriak egiteko, dela lur horien jabetza izateagatik, dela jabeak horretarako emandako baimena izateagatik.
4.2. Laguntzak onartu eta ordaindu aurretik egiaztatzen da onartuak izateko irizpideak betetzen direla, eta posible da irizpide horiek mantentzen direla egiaztatzeko frogak une oro egitea, baita ordainketa egin ondoren ere. Hala ere, aurreko h) letran jasotako irizpideari dagokionez, eskatzen da aipatutako betebeharrak une oro egunean daudela egiaztatzea, eta, beraz, betebehar horiek geroago (ondorengo aldi batean) betetzeak ez du akatsa konpontzen. Horrela, laguntzak emateko ebazpena ematen den unean betebehar horiek egunean ez dituenari eskaera ukatuko zaio, eta geroago bete izanari buruzko ondorengo egiaztapenak ez du aldatuko laguntza ukatzeko ebazpena. Era berean, laguntza emateko unean betebehar horiek egunean dituela egiaztatzen duenari ordainketa ukatzen edo laguntza itzultzeko eskatzen ahalko zaio, baldin eta ondorengo betebeharrak betetzen ez baditu.
4.3. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedaturikoa betez, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin, prozedura hasteko eskaeran ez badira betetzen aipatu 39/2015 Legearen 66. artikuluan edo aipatu 11/2005 Foru Legearen 19.2 artikuluan adierazitako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean hutsegiteak zuzendu ditzala edo nahitaezko agiriak aurkeztu, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela eskaeran atzera egiten duela, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, zeina aipatu 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarri bezala emanen baita.
5. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.
5.1. 7. oinarrian jasotzen diren kostuak dira diruz lagungarriak, zerikusia badute basolanak jarduketen eta azpijarduketen arabera egitearekin, betiere eranskin honen 6. oinarrian ezarritako baldintzak eta arau teknikoak betetzen badira, honako hauek izan ezik:
(a) Auzolanak, hots, herriko auzotarrek egindako lanak, herriarekin kontratu-harremanik izan gabe. Diruz laguntzen ahalko dira lan horietarako erabiltzen diren materialen kostuak.
(b) Norberaren bitartekoekin egin direla justifikatzen diren lanak, erabilitako materialen kostua izan ezik (kostu horrek dirulaguntza jaso dezake).
5.2. Gastu hautagarrietan ez da BEZa sartzen.
5.3. Kostuen moderazioaren printzipioa bermatzeko, edozein modalitatetan aurkeztutako gastuei Nafarroako Baso Tarifak aplikatuko zaizkie. Hemen ikus daitezke:
https://www.navarra.es/eu/medio-ambiente/gestion-forestal/tarifas-para-obras-y-trabajos-forestales
Aurkeztutako memoria teknikoan edo proiektuan agertzen diren prezioak tarifa horietakoak ez badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatuko du, eta espedientearen ardura duen teknikariak (edo, hala bada, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren kasuan kasuko atalak) onartu edo ukatu eginen du.
6. oinarria.–Esku-hartze eta jarduketa diruz lagungarriak. Arau teknikoak.
Eskaeretan, ondotik heldu diren esku-hartzeetako jarduketak jasoko dira, eta bakoitzarentzat finkatutako arau teknikoak bete beharko dira.
Desadostasun teknikorik bada sustatzailearen eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren artean, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da.
Esku-hartze hauek dira diruz lagungarriak:
–Kontu-hartzailetza. Basoberritzeak (6881.1):
- Hondakinen eta dagoen landarediaren tratamendua.
- Lurra prestatzea.
- Ereiteko eta/edo landatzeko lanak.
- Itxiturak, banakako babesgarriak eta lotutako beste azpiegitura batzuk.
- Basoberritzeen mantentze-lanak.
–"Ingurumen-helburuak dituzten baso-jarduerak" esku-hartzea (6881.4):
- Basolanak.
- Baso-azpiegiturak.
- Biodibertsitatea hobetzea.
- Azpiegitura txikiak.
- Baso proiektuen eta memorien dokumentazio teknikoa prestatzea.
- Obra zuzendaritza.
6.1. Basoberritzeak (6881.1 esku-hartzea):
1. Oro har, honako ekintza hauek jaso dezakete dirulaguntza, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenetan izan ezik:
a) Basoberritzearen ezarpen osoa, eta horrek barne hartzen ditu lurra prestatzeko eta landaketa egiteko lanak.
b) Lurra prestatzea gero landaketa egiteko; basoberritzearen ezarpena hein batean eskatzea, kanpaina batean lurraren prestakuntza baizik ez sarturik, basoberritzeko ekintza guztiei ekiteko ezintasun teknikoaren kariaz.
c) Landaketa edo ereintza: eskaeran landaketa edo ereintza sartzen da, aitzineko kanpainan lurraren prestakuntza egin zelako.
d) Itxiturak eta banakako beste babes sistema batzuk paratzea.
e) Landaketa egin eta lehenbiziko bost urtean egin behar diren mantentze-lanak: hutsarteak betetzea eta landare lehiatzaileak kontrolatzea. Salbuespenez, betiere Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak arrazoitua eta baimendua, diruz laguntzen ahalko dira landaketaren lehenbiziko bost urteetatik aurrerako mantentze-lanak ere.
Batera joanen dira espedientean jarduketak definitzeko dokumentazio teknikoa eta obra-zuzendaritza, eta 6881.4 esku-hartzean sartuko dira.
2. Oinarri hauek araututako kanpainan basoberritze osoa egiten duten eskatzaileen kasuan, esku-hartze horretan behar diren ekintza guztiak eskatu beharko dituzte.
3. Basoberritzeak ondoz ondoko bi kanpainatarako eskatzen ahalko dira; hau da: lurra prestatzeagatik 2023-2024 kanpainako dirulaguntzen onuradun izan zirenek edo aurrekontuan kontsignatzerik ez egoteagatik laguntzarik jaso ez zutenek landaketa egiteagatiko dirulaguntzen onuradun izan daitezke 2024-2025 kanpainan. Basoberritzea osorik egiten ez bada onuradunaren erruz, lurra prestatzeagatik eta landaketa egiteagatik jasotako dirua itzuliko beharko du. Ekintza horiek men egin behar diete jarraian azaltzen diren arau teknikoei.
Oinarri hauetako hautatzeko irizpideak aplikatzearen ondorioetarako, basoberritzearen zatitzat hartzen dira baso-masan egindako birsortzeko mozketen ondorengo jarduketak, baldin eta basoberritze lanak edo berezko birsortzean laguntzen duten bestelako lanak (esaterako, hondakinen ezabaketa) eskatzen badira.
4. Basoberritzeetarako arau teknikoak.
1. araua: Espezie multzoak:
Deialdi honen ondorioetarako, espezie multzo hauek ezarri dira, beren epe teknologikoaren arabera:
–Epe erdiko espezieak: 13 urtetik 70era bitarteko epea duten espezieak dira, hala nola makala, pinu beltza, Korsikako larizio pinua, izei gorria, Sitkako izeia, Douglas izeia, Lawson altzifrea, alertzea, sekuoia, zedroa, akazia, zedro japoniarra, basagereziondoa, lizarra, intxaurrondoa, tulipa arbola, Ameriketako haritza, urkia, gurbeondoa, haltza, ezkia, platanoa, zurzuria, astigarra eta gaztainondoa.
–Epe luzeko espezieak: 70 urtetik gorako epea dutenak, hala nola ler gorria, larizio pinu hispanikoa, Austriako larizio pinua, Aleppo pinua, pinazi-pinua, mendi-pinua, izeia, hagina, artea, haritz arrunta, haritz kandugabea, haritz ilaunduna, erkametza eta ametza. Zuhaixkak ere sartzen dira multzo honetan: abaritza, gurbitza, legeltxorra, ezpela, gorostia, elorri beltza, hurritza, ipurua, sabina eta hostazuria, besteak beste.
Baldin basogintzako edo merkatuko helburuengatik basoberritzearen baso espezieen epe teknologikoak hemen ezarritakoak ez bezalakoak badira, eskatzaileak salbuespen hori justifikatu egin beharko du. Inola ere ez da onartuko ebazpen honetan ezarritakotik gorako epe teknologikorik.
Deialdi honetan dirulaguntza jaso dezaketen baso espezie guztien zerrenda osoa III. eranskinean ("Diruz lagungarriak diren baso espezieen zerrenda") agertzen da. Dokumentu horri 4. taula gisa erantsi zaio; horren aldean, desberdinak izan daitezke espezieen euskarazko izenak. Hori gertatzen den kasuetan, izen zientifikoa gailenduko da, bat datorrena bi zerrendetan.
2. araua: Berariazko oharrak zenbait basoberritze motatarako:
2.1. Arau gisa, ez dira diruz lagungarriak izanen honela egindako basoberritzeak edo landaketak:
(A) Pagoekin egindako basoberritzeak, honako kasu hauek salbu:
(a) Espezie hori ugaritzeko landaketak, birsortzeko mozketen ondorengo berezko birsortze eskasaren ondorioz, edo
(b) Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) bateko Kudeaketa Planean aurreikusitako landaketak.
(Oin.) Eragiten dutenean hektarea batetik beherako azaleretan, herri-lurretan eginak eta mendi arboladunek inguratzen dituztela. Hau hala da baso-sistemaren mosaiko egiturari eusteko, eta kontuan harturik etorkizunean kudeatzeko bideragarritasun eskasa izanen dela. Honetatik kanpo gelditzen dira, ezaugarri horiek izanik ere, KBE bateko Kudeaketa Plan batean aurreikusita dauden basoberritzeak.
(C) Koniferoekin egindako basoberritzeak, lur horietan non Pinus, Picea edo Pseudotsuga generoko espezieek osatutako baso-masen arraseko mozketak egin diren, gutxienez ere 12 hilabete iragan ez badira, bermatu dadin Hylobius abietis-ek ez diola basoberritze berriari eraginen. Proiektuan edo memoria teknikoan, ekintza honetarako zehaztu beharko da mozketaren eta basoberritzearen artean iragandako denbora.
(D) Pinus radiata espeziearekin egindako basoberritzeak, Nafarroan Fusarium circinatumagatik mugatutako eremuan. Egoera horri eutsiko zaio harik eta gai honetan araudia aldatzen den arte.
(E) Hutsarteen portzentajea %20 baino gehiago duten basoberritzeak, lanen ziurtapenean egiaztaturik, salbu eta behar bezala egiaztatzen diren ezinbesteko kasuetan. Portzentaje horietatik goiti eginez gero, landaketak dirulaguntza jasoko du hutsarteak mendian (ez mintegian) hartutako izurriteen edo eritasunen ondorioz direnean, jatorri klimatikoko muturreko eragileek sorraraziak direnean edo basa-faunako espezieen ekintzaren ondoriozkoak direnean, baldin eta posible ez bada haien gainean prebentzio neurriak hartzea edo neurri horiek eraginkorrak izan ez badira.
2.2. Nafarroan Fusarium circinatumagatik mugatutako eremuan, ikusirik zer emaitza lortu diren azken urteotan, eta bat etorriz Batzordearen 2019ko azaroaren 26ko 2019/2032 (EB) Betearazpen Erabakiaren 6. artikuluko 1. puntuarekin (erabaki horren bidez neurriak ezartzen dira Fusarium circinatum Nirenberg & O’Donnell delakoa, lehenago Gibberella circinata izenaz deitua, Europar Batasunean sar eta heda ez dadin, eta indarrik gabe uzten da 2007/433/EB Erabakia), eremu horretan landatzera bideratutako landare-materialak pasaporte fitosanitario egokia izan behar du, Batzordearen 2013ko abenduaren 13ko 2017/2313 (EB) Exekuzio Erregelamenduari jarraikiz. Erregelamendu horren bidez, pasaporte fitosanitarioaren formatuaren zehaztapenak ezartzen dira Europar Batasuneko lurraldean lekualdaketak egiteko, eta pasaporte fitosanitarioaren zehaztapenak babestutako eremu batean sartu eta lekualdatzeko, baldin eta jotzen bada beharrezko baldintzak betetzen direla tratamendu horren ondorioz.
2.3. Ur ibilguekin muga egiten duten basoberritzeen kasuan, ekintzaren deskripzio memorian atal berariazko bat zehaztuko da, erreka bazterreko lehenbiziko bost metroan egin beharreko kudeaketari buruz, errekako ibarbasoa lehengoratzeko edo kontserbatzeko. Zerrenda horretan zerbait egitea teknikoki beharrezkoa baldin bada, hauxe eginen da: aberasteko basoberritzeak egitea inguruneko berezko ur bazterreko baso espezieak erabiliz, eta, behar denean, bertako landaredia errespetatuz eta basoberritzearen beste eremuetaraino tarte egokia utziz.
5 metroko edo gehiagoko zerrendaren azalera hori, laguntzen ondorioetarako, beste edozein basoberritze gisa hartuko da.
2.4. Makaldiak:
Dirulaguntza jaso ahal izateko, makaldien epea 13 urtekoa edo luzeagoa izanen da, eta gainera haien produktuekin ezin da energia produzitu, eta zuhaitzak ezin dira oinberritu (basoberako tratamendua).
Diruz lagunduko dira bakar-bakarrik landaketarekin eta inausketarekin zuzenean lotutako lanak. Ez da dirulaguntzarik emanen aratzeko, sasiak garbitzeko eta ureztatzeko.
3 hektareatik gorako makaldietan, plangintza tresna batean sartuta ez badaude, laguntzaren eskaerarekin batera makaldiaren Kudeaketa Plan bakun bat/Basolanen Plan bat aurkeztuko da aurreikusitako eperako, memoria tekniko edo proiektutzat hartuko dena. Obra unitateen araberako aurrekontu xehakatua izan beharko du eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onetsi beharko du. Basolanen Plana honako honetan ezarritakoarekin bat idatziko da: https://www.navarra.es/home_es/servicios/ficha/5013/Planificacion-y-certificacion-de-terrenos-forestales-privados.
Edonola ere, basoberritzeak edo makaldien landaketak badira, eskatzaileak kudeaketa plana gauzatzeko konpromisoa hartu behar du. Plan hori gauzatzen ez bada, hasierako basoberritzerako jasotako laguntzak itzuli eginen dira, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen II. kapituluarekin bat, berandutze-interesekin edo gabe, bidezkoa dena.
Basoberritze ekintzetarako laguntza eskaerak aurkezteko unean, eskaerarekin batera makaldiaren mozketaren azken egiaztapenaren akta aurkeztuko da, baldin eta aurretik erabilera hori izan badu, edo hori bermatzen duen dokumentu baliokidea. Aipatutako akta edo dokumenturik ez badago, diruz lagundu daitekeen baloratuko da, ekintza gauzatzeko eskuragarri dagoen benetako epearen arabera. Adostasunik ez badago, basogintzako teknikari kudeatzaileek zehaztutakoa gailenduko da.
2.5 Landaketak ilaran, eta heskaiak:
Ilaratan egindako landaketak, heskaiak ezartzea eta instalatu ondoko bost urtean bi ekintza horiek mantentzeko behar diren lanak, dirulaguntzaren portzentaje berariazkoak dituztela, basoberritzetzat hartuko dira, eta, hortaz, exijentzia eta baldintza berberak izanen dituzte, eta ondoko ohar osagarriak hartuko dira kontuan.
(A) Horretarako erabiliko diren espezieak bertako hostozabal autoktonoak izanen dira. Eskualde biogeografiko mediterraneoan baimenduko da Pinus halepensisa, Cupressus sp.-a eta Juniperus sp.-a erabiltzea. Erabilitako zuhaitzek izaera heliofilo nabarmena izan behar dute.
(Oin.) Ilarako landaketen kasuan, 5-10 metroko tartea izanen da zuhaitzen artean.
(C) Heskaien kasuan, halakoak ezartzeko ekintzek dirulaguntza jasoko dute baldin lurzatien artean, ezpondetan eta landatu gabeko bazterretan egiten badira. Heskaiak 1,5 m zabal izanen dira gutxienez. Orobat, dirulaguntza jaso daiteke landatutako lurzatietan heskaiak jartzeko. Kasu horietan, heskaietako eremuak baso lurzorutzat hartuko dira, 31/1990 Foru Legea aplikatuta.
3. araua: Baso landareen eta hazien ezaugarriak:
Fusarium circinatumagatik (pinuaren txankro erretxinaduna) mugatutako eremuan Pinus eta Pseudotsuga generoko basoberritzeei buruzko epigrafean (7.1.a/ epigrafea, 4. puntua, 2.1 araua, C letra) aurreikusitakoaz gain, edozein landaketa motatarako, landareek eta haziek kalitate osoko eta komertzialeko baldintzak beteko dituzte, hau da, indarreko araudian ezarritakoak. Aurkeztutako proiektu eta memoria teknikoetara egokituko dira, eta horietan zehaztuko dira erabili beharreko landareen gutxieneko adina eta tamaina eta, erein behar denean, hazi-iturriaren jatorria.
Obra zuzendariaren erantzukizunpeko adierazpen bat erantsiko zaio landaketaren edo ereintzaren ziurtagiriari, frogatzeko kalitate osoko eta komertzialeko hazi edo landareak erabili direla, indarreko araudiaren araberakoak eta proiektuan edo memoria teknikoan deskribatutakoaren araberakoak; adierazpen horri ugalketarako baso materialaren jatorriari buruzko ziurtagiria erantsiko zaio, erabilitako landarearen edo haziaren hornidura egin duen mintegiak emana.
4. araua: Hondakinak kentzea:
Birsortzeko mozketa baten ondoren adaburuak moztea, produktuak ateratzea edo hobetzeko mozketa edo birsortzeko mozketa baten ondoren hondakinak ezabatzea bezalako jarduketak baso aprobetxamenduak berezkoak dituela jotzen da, eta, hortaz, baso aprobetxamenduko espedientearen baldintza tekniko edo administratiboen baldintzen agiriak hala ezartzen duenean, nahitaez egin beharrekoak izanen dira, eta, beraz, ekintza horiek ez dira diruz lagungarriak.
Ebazpen honen ondorioetarako, hondakinen ezabaketa diruz lagungarritzat hartuko dira basoak klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna hobetzera bideratutako baso-tratamenduen hondarrak kentzeko jarduerak, baldin eta jarduera horiek onartutako baso plangintzako tresna batean jasota badaude, edo hondarrak kentzea birsortzeko mozketaren ondoren, baldin eta horrek lurra prestatzeko eta landaketa egiteko lanak edo berezko birsortzearen lanak baldintzatzen baditu. Horrenbestez, lurra prestatzeko lan bat gisa hartuko da gero basoberritze edo berezko birsortze bat egiteko, eta, beraz, dirulaguntza jaso ahal izateko, basoberritzerako edo berezko birsortzerako nahitaezko ekintza gisa sartuko dira.
5. araua: Basoberritzeen babesa:
Itxituren edo/eta hodi babesleen kostua ez dago basoberritze lanen edo hutsarteak betetzeko lanen kostuaren barrenean, hau da, bereizirik aurkeztu behar da kontzeptu hori.
Itxituretan, itxitura horrek bide bat mozten duenean, jendearendako pasabideak aurreikusi behar dira, nahitaez, eta gainera jendearendako pasabide bat itxituraren 250 metro lineal bakoitzeko gutxi gorabehera, behar bezala arrazoitutako salbuespenetan izan ezik.
Ungulatuen kontrako itxiturek dirulaguntza jasoko dute baldin behar bezala justifikaturik badaude ikuspuntu teknikotik, eta beharra eta diseinua frogatzen badira. Sare poligonala duten itxiturak jarri behar badira, argi handienekoak zorutik gertu jarriko dira, fauna txikienari pasatzen uzteko. Itxitura horiek dirulaguntza jasotzen badute, ez da dirulaguntzarik jasoko etorkizunean basoberritze horietan ungulatuen kalteen ondoriozko hutsarteak betetzeko.
Itxituretako zutoinak zurezkoak izanen dira, zuraren erabilera sustatu eta bultzatzeko neurri gisa.
6. araua: Basoberritzeen mantentze-lanak:
6.1. Ebazpen honen ondorioetarako, basoberritzeen mantentze-lantzat jotzen da landare lehiatzaileak kontrolatzea eta hutsarteak betetzea; horrek berekin dakar haizearen edo elurraren eraginez etzanda dauden landareak zurkaiztea.
6.2. Oro har:
(A) Ez da mantentze-lanetarako dirulaguntzarik emanen behin landaketatik bost urte igaro direnean, justifikatutako eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak baimendutako salbuespenak kenduta.
(B) Urteko, garbiketa bakarrerako dirulaguntza emanen da. Lan horiek maiatzaren 15etik urriaren 1era bitarte eginen dira. Lanen azkeneko ziurtapenaren unean obra zuzendariaren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, garbiketa noiz egin den ziurtatzen duena.
(C) Ez da hutsarteak betetzeko dirulaguntzarik emanen baldin horretarako erabilitako landareak landare guztien %10era iristen ez badira.
(D) Portzentaje hori gainditzen denean, hutsarteak betetzeko dirulaguntza honako kasu hauetan bakarrik emanen da: Hutsarteak gertatu direnean mendiko (ez mintegi bateko) izurrite edo eritasun baten ondorioz, edo klimari lotutako muturreko arrazoiengatik gertatu direnean.
(E) Salbuespenez, basa-faunak makaldietan egindako kalteak badira, diruz laguntzen ahalko da banakako babespeen ezarpena, behin bakarrik landaketaren ondoko lehen bost urtean, baldin eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari kalte horien berri eman bazaio laguntza eman dela jakinarazi ondoren, eta, betiere, kanpaina honi dagokion ordainketa-eskaera egin baino lehen.
6.3. Basoberritze berrietan (ilaratan egindako landaketak eta heskaiak barne):
(A) Laguntza ordaindu dakion, nahitaezko baldintza izanen da eskatzaileak, eskaera aurkezten duen unean, mantentze-lanen plana aurkeztea memoria teknikoaren edo proiektuaren barnean, eta bertan zehaztea lehen 5 urteetan aurreikusten diren esku-hartzeen programa baloratu bat (jarduketen justifikazioa, egutegia eta aurrekontua), Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onetsi beharrekoa. Onuradunak konpromisoa hartzen du mantentze-lanen plan hori gauzatzeko eskaeran ezarrita dagoenari jarraikiz.
(B) Epe horretan, mantentze-lanen plana nahitaez bete beharko da, denborari eta moduari dagokienez, etorkizunean plana gauzatzeko laguntzak jaso ala ez. Planaren ekintzek dirulaguntza jasotzen ahalko dute dagozkien dirulaguntzen kanpainetan, baldin eta baldintzak betetzen badituzte. Plana aldatu behar bada, horri buruzko eskaera aurkeztuko zaio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, berariaz baimendu beharko baita.
(C) Basoberritzeari itxitura jartzen bazaio, edo hodi babesleak erabiltzen badira, horiek kentzeko, nahitaezkoa baita, dirulaguntza ematen ahal da. Mantentze-lanen planean zehaztu behar da noiz kendu asmo diren, lehenbiziko bost urteak igaro eta gero kendu behar badira ere.
6.4. Lehenagoko basoberritzeetan:
(A) Dirulaguntzak emanen dira itxiturak eta hodi babesleak kentzeko, eta hodi babesleak paratzeko, kalte egiaztatuak daudenean.
(B) Aurreko kanpainetan mantentze-lanen planik aurkeztu bada, horri buruzko aipamena eginen da. Mantentze-lanen plan horretarako eskatutako ekintzetan aldaketarik izan bada, justifikatu eginen dira.
(C) Aurreko mantentze-lanen planik ez badago, plan bat aurkeztu beharko da, basoberritze berrietarako ezarritako ezaugarri, baldintza eta betebehar berberak dituena.
6.2. Kudeaketa jasangarria: basolanak (6881.4 esku-hartzea):
1. Oro har, honako ekintza hauek jaso dezakete dirulaguntza, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenetan izan ezik:
a) Bakanketa-lanak.
b) Sasi garbiketa.
c) Basoberritzeei loturik ez dauden itxiturak.
d) Kimatzea eta eitea emateko inaustea.
2. Basolanetarako arau teknikoak
1. araua. Bakanketa-lanak:
1.1. Dirulaguntzak emanen dira edozein espezietako berezko zuhaiztietako eta koniferoen eta hostozabalen basoberritzeetako bakantzeetarako bakarrik, eta behin bakarrik.
Memoria teknikoan edo proiektuan, basogintzako jarduketaren ezaugarriak zehaztuko dira, proposamena baloratzeko balio dutenak, eta, koniferoen basoberritzeen kasuan, ateratako zuhaiztien batez besteko diametroa adierazi beharko da. Parametro hori 15 cm-tik gorakoa bada, ez da dirulaguntzarik emanen.
1.2. Lanen azkeneko ziurtapenean, toki-erakundeko idazkariak edo, bera ez egonik, toki agintari eskudunak sinatutako agiria aurkeztuko da, ziurtatzen duena ez dela inolako diru-sarrerarik aterako. Ziurtagiri hori aurkeztu ezean, ez da esleitutako dirulaguntza ordainduko. Eragile pribatuen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, inolako diru-sarrerarik ez duela dioena. Adierazpen hori aurkeztu ezean, ez da esleitutako dirulaguntza ordainduko.
1.3. Hala ere, honako hauek ez dira inola ere diruz lagunduko:
(A) Eskatzaileari diruzko edo gauzazko sarrerak sortzen dizkioten bakantzeak.
(B) Auzotarrentzako egur epaitzen aprobetxamenduei lotutako basolanak.
2. araua. Sasi garbiketa:
2.1. Sasiak garbitzeko dirulaguntzak emanen dira baldin honako helburu hauetakoren baterako bada:
(A) Mozketen ondoren egiten diren sasi-garbitzeak, berezko birsortzea errazteko. Horien beharra justifikatuko da. Gai honetan desadostasunik bada eskatzailearen eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren artean, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren erabakia gailenduko da.
(B) Abeltzaintzan erabiltzeari begira egiten diren sasi-garbitzeak, larre naturalak mantentzeko. Leku bererako behin bakarrik emanen da sasiak garbitzeko dirulaguntza, baldin eta:
(B.1) Aurkezten den proiektuan edo memoria teknikoan garbiketa lan horiek egitea beharrezkoa dela justifikatzen bada, zehatz-mehatz adierazita ukitutako eremua, abeltzaintzako karga eta zein hilabetetan egoten den azienda bertan; hori guztia, garbitutako eremua larratuz mantentzen dela bermatzeko.
Informazio hori ezinbestekoa da Europar Batasuneko indarreko araudiaren arabera egiten diren ikuskapenak programatu ahal izateko.
(B.2) Eskatzaileak konpromisoa hartzen badu eremu hori abeltzaintzarako erabiltzen segitzeko.
(B.3) Salbuespenez, beste sasi garbiketa bat egiteko dirulaguntza ematen ahal da, betiere mantentzeko konpromisoa edo erabiltzeko plana betez gero, halakorik bada.
(C) KBE baten Kudeaketa Planean habitatak hobetzeko aurreikusitako sasi-garbitzeei dagokienez, aurkeztutako memoria teknikoak edo proiektu teknikoak espresuki adierazi beharko du zer habitat motatan egin behar den sasi-garbitzea.
(D) Basoak klima-aldaketara hobeki egokitzera bideratutako sasi garbiketak, bereziki helburua denean suteak prebenitzeko dauden azpiegiturak edo suebakiak mantentzea, edo baso plangintzako tresnetan proposatutako leku jakin batzuetan erregai-karga txikiko eremuak sortzea: antolamenduko proiektua, baso-suteen aurrean jarduteko udal plana, edo antzekoa.
3. araua. Basoberritzeei loturik ez dauden itxiturak:
3.1. Itxiturak ezartzeko eta mantentzeko dirulaguntzak honako kasu hauetan emanen dira bakarrik:
(A) Mozketa baten xede den zuhaizti baten berezko birsortzea babestera bideratzen direnean.
(B) Larre naturaletan, bakar-bakarrik aurreko 2. atalean abeltzaintzarako zehaztutako sasi-garbitzeetarako laguntza emateko baldintza berberetan egiten direnean. Eragile pribatuen eskaeren kasuan, horrez gain itxi beharreko eremuak 20 hektareatik gorakoa izan behar du.
(C) Basogintzaren plangintzarako tresna indardun batean aurreikusitakoak, hermendiko erabileren zonifikazioa ezartzera bideratuak. Kasu horretan, salbuespenak ezartzen ahalko zaizkio 3.A/ atal honetako 2. paragrafoan xedatutakoari.
3.2. Orobat, dirulaguntza jasotzen ahal du birsortzeak babesteko ezarritako itxiturak kentzeak, larreetan, edo basoak antolatzeko proiektuetan aurreikusitako jarduketak betetzeko egiten denean.
3.3. Ez da diruz lagunduko hesi elektrikoak ezartzea, mantentzea edo kentzea.
4. araua. Kimatzea eta eitea emateko inaustea:
4.1. Oro har, dirulaguntza eman daiteke kimatzeko eta eitea eman beharrez inausteko, bakar-bakarrik, baldin eta basoberritzeetan egiten badira eta helburu nagusia kalitatezko zura ekoiztea bada. Basoberritzearen ondoko lehenbiziko hogei urtean, bi jarduketetarako baizik ez da emanen dirulaguntza, makaldietan egiten direnak izan ezik (gero zehazten dira).
Dirulaguntza eman daiteke kimatzeko, bakar-bakarrik, basoberritzeetako mantentze-lanak bat etorri direnean arestian aipatutako helburuarekin. Nahitaezkoa izanen da eskaerarekin batera doazen agirietan hauek zehaztea: baso-masaren adina edo adin mota, kimatu beharreko zuhaitzen batez besteko diametroa, eta kimatzeko diren espezieak.
4.2. Koniferoak kimatzean:
(A) Lehenbiziko kimatzea, 2,5 metroko garaiera bitartekoa: hektarea bakoitzeko, gehienez ere, 400 zuhaitzetarako dirulaguntza emanen da.
(B) Garaierako kimatzea, 2,5 metrotik 5 metrora bitartekoa: hektarea bakoitzeko, gehienez ere, 250 zuhaitzetarako dirulaguntza emanen da.
4.3. Hostozabalak kimatzean: Garaierako kimatzea, 2,5 metrotik 5 metrora bitartekoa: hektarea bakoitzeko, gehienez ere, 250 zuhaitzetarako dirulaguntza emanen da.
4.4. Makaldiak kimatzean, dirulaguntza jaso ahal izateko, justifikazio teknikoa aurkeztu beharko da, erakusteko ezen kimatzea beharrezkoa dela azken produktua, egungo merkatuaren arabera, kalitatezkoa izan dadin.
4.5. Nafarroa osoan ez zaie dirulaguntzarik emanen Pinus radiatako basoberritzeetan egindako kimatzeei.
5. araua. Gaztainadiak lehengoratzea:
5.1. Dauden gaztainadiak lehengoratuko dira, eta honako lan hauek eginen dira:
–Lepatu zaharrak gaztetzeko inausketa-lanak, oin berriak lepatzea, patroirako landare gazteak landatzea (C. crenata ahalik eta gutxien erabiliz), landare horien banakako babesgarriak, eta Nafarroako barietate tradizionaletako txertaketak.
5.2. "Gaztainadiak lehengoratzea" ekintzarako, mantentze-plan bat aurkeztu beharko da laguntza eskaeraren memoria teknikoan edo proiektuan. Bertan, lehengoratu beharreko gaztainadian lehen 5 urteetan aurreikus daitezkeen esku-hartzeen programa balioetsi bat zehaztuko da (jarduketen justifikazioa, egutegia eta aurrekontua). Plan hori teknikoki onartuta egonen da, eta onuradunak plana gauzatzeko konpromisoa hartuko du.
6.3. Kudeaketa jasangarria: basoko bideak egin eta hobetzea (6881.4 esku-hartzea):
1. Oro har, honako ekintza hauek jaso dezakete dirulaguntza, geroko epigrafeetan azaltzen diren salbuespenetan izan ezik:
a) Kaxa irekitzea (barnean direla zelaitzea, konpaktazioa, irekitzea eta arekak profilatzea eta itzulia egiteko tokiak egitea).
b) Lur-berdinketa hobetzea (zabalera handitzea, zelaitzea eta konpaktazioa barne).
c) Arekak egitea eta garbitzea eta sasi garbiketak pistetako ertzetan (lur-berdinketaren ondo-ondoan dauden zuhaitzen beheko kimatzea barne).
d) Zeharkako drainadurarako azpiegiturak, lur gainekoak eta lur azpikoak, eta areka gaineko pasabideak eta sakanguneak.
e) Harri-lubetak eta ezpondak egonkortzeko bestelako sistemak.
f) Zabor-legarrekin edo antzekoekin zolatzea.
g) Hormigoizko eta asfaltozko zoladurak egitea, aparteko kasuetan baizik ez, behar bezala arrazoituta, betiere azpiegituraren egonkortasunerako beharrezkoak direnean. Horregatik, kasu guztietan, tarte jakin batzuetan baizik ez dira erabiliko material horiek.
h) Krainer murruak harri-lubeta gisa mendiko pistetan.
2. Azaldutakoez bestelako obrek ez dute dirulaguntzarik jasoko, salbu horiek egitea presakoa eta beharrezkoa bada, eta horien helburuak lekurik baldin badu geroko epigrafeetan aurreikusitakoen artean.
3. Toki-erakundeen kasuan, ez da dirulaguntzarik emanen, eta, hala denean, eskatzen ahalko da itzul daitezela azpiegiturak egiteko edo mantentzeko jasotako dirulaguntzak, baldin eta horiei udal tasak jartzen bazaizkie edo diruz lagundutako azpiegituren erabilera zailtzen edo garestitzen duten beste jarduketa batzuk egiten badira edo halako jarduketak egitea eskatzen bada. Kasu horietan, tasak ezarri, jarduketak eskatu edo jarduketak egin nahi dituen toki-erakundeak, horrekin azpiegituraren erabilera zailtzen bada, eskaera aurkezteko unean jakinarazi beharko du tasa eta jarduketa horiek badaudela edo aurreikusita daudela eta zein diren horiek ezartzeko arrazoiak. Horretan toki-erakundearekin desadostasunik izanez gero, eta ebazpen honen ondorioetarako bakarrik, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da. Aipatu zerbitzuak zainduko du diruz lagundutako edo diruz lagundu beharreko azpiegitura modu eraginkorrean eta egokian erabiltzen dela. Irizpide hori behar bezala arrazoitu behar da, eta ukitutako toki-erakundeek alegazioak aurkezten ahal dituzte. Azpiegiturari emandako erabilerak handiegia edo txikiegia izateagatik baso-kudeaketa zailtzen badu, ez da dirulaguntzaren helburua betetzen.
4. Basoko bideak egiteko eta hobetzeko arau teknikoak:
1. araua.–Basoko bide berriak egitea:
Ez da dirulaguntzarik emanen aldi baterako basoko bideetarako, egurra ateratzeko bidezidorretarako eta baso aprobetxamendua eta lanak egiteko beharrezkoak diren nahitaezko sarbideetarako, baldin lanak bukaturik ez badira nahitaez eta etengabe erabiltzen mendia behar bezala kudeatzeko. Halaber, ez da azpiegituretarako dirulaguntzarik emanen baldin horien helburu nagusia bada baserri, etxebizitza, nabe eta abeltzaintzako azpiegiturei sarbidea ematea.
Basoko bideetarako (nagusiak eta bigarren mailakoak) eta kargaleku iraunkorretarako bakarrik emanen dira dirulaguntzak. Kargaleku iraunkortzat joko da baso aprobetxamenduen ondorioz moztutako zuhaitz edo enborren multzoa biltzen den tokia. Bertan produktu horiek sailkatu edo metatzen dira gero industriara edo beste destino batera eramateko.
Basoko bideen kasuan, bide berrien helburu nagusiak izanen dira zur eta egurretako baliabideak mugitzea, basoko suteen prebentzioa edo itzaltzea eta abeltzaintzako aprobetxamendu estentsiboa. Beste azpiegitura batzuek ez dute dirulaguntzarik jasoko, non eta haien helburu nagusia ez den aurrekoetako bat bederen.
Lehenbiziko kasurako, zur eta egurretako baliabideak mobilizatzeko azpiegitura egiteko edo hobetzeko premia justifikatu beharko da. Azpiegitura berria eraikitzea zer menditan aurreikusirik dagoen, bertan basoko bideen dentsitatea ez da 25 m baino handiagoa izanen baso hektarea bakoitzeko.
Bigarren kasurako, teknikoki justifikatu beharko da azpiegituraren helburu nagusia dela basoko suteei aurrea hartzea edo horiek itzaltzea. Azpiegitura egitean, kontuan hartu beharko da segurtasunerako zer ezaugarri berariazko izan behar dituen basoko suteen itzaltze-lanei loturiko erabilera emateko.
Hirugarren kasurako, teknikoki justifikatuko da obra egiteko beharra, abeltzaintza estentsiboa zuzen kudeatzeko, eta larratzeko eremuak eta dauden Azienda Larriko Unitateak identifikatuko dira, eta garrantzitsutzat jotzen den beste edozein informazio tekniko ere emanen da.
2. araua.–Basoko bideak hobetzea:
Basoko bide nagusi eta bigarren mailakoen eta kargaleku iraunkorren mantentze-lanetarako dirulaguntza emanen da soilik baldin helburu nagusiak badira zur eta egurretako baliabideak mobilizatzea, basoko suteen prebentzioa edo itzaltzea eta abeltzaintzako aprobetxamendu estentsiboa. Beste azpiegitura batzuen mantentze-lanetarako ez da dirulaguntzarik emanen, non eta haien helburu nagusia ez den aurrekoetako bat bederen.
Dirulaguntza ematen ahal da basoko bide iraunkorretako bazterreko sasiak garbitzeko, baldin aurreko 3 urtean toki berean jardun ez bada. Printzipio hori aplikatuko zaie, oro har, bide horiek mantentzeko lanei, hala nola, hodiak edo arekak garbitzeari, non ez dagoen bestela jokatzeko arrazoi teknikorik, konparaziorako, uholdeek edo beste hondamendi natural batzuek sortutako kalteak.
3. araua.–Mantentzeko konpromisoa:
Sustatzaileak konpromisoa hartzen du proposatutako azpiegitura mantentzeko, edo hobekuntza lanak zer azpiegituratarako eskatu diren, hori mantentzeko, eskaeran adierazten den bezala.
Konpromiso hori nahitaez bete behar da, eta geroko kanpainetako laguntzak jaso daitezke horretarako.
Laguntza hauek jaso dituzten azpiegiturak Administrazioaren ikuskapenen mende egonen dira, eta erabakitzen bada azpiegitura ez dagoela egoerarik onenean hura egin zen erabilerarako, eskatzaileak laguntzak itzuli beharko ditu.
6.4. Kudeaketa jasangarria: biodibertsitatearen sustapena (6881.4 esku-hartzea):
Diruz lagundu daitezke, bakar-bakarrik, beste edozein modalitatetan sarturik ez dauden ekintzak, helburu nagusia izanik basoko espezieen habitatak kontserbatzea, aurreikusirik badaude Kontserbazio Bereziko Eremuen Kudeaketa Plan onetsi batean edo mendi horietarako diren basogintzako antolamenduko proiektuetan. Ibarbasoak lehengoratzeko lanei dagokienez, landaketarekin zerikusia duten lanei aplikatuko zaizkien arau teknikoak ur ibilguekin muga egiten duten landaketen lehenbiziko bost metroko tartean aplikatzen diren berberak izanen dira, barnean dela mantentze-lanen plana aurkeztu eta gauzatu beharra.
6.5. Kudeaketa jasangarria: azpiegitura txikiak (6881.4 esku-hartzea):
1. Dirulaguntza jaso dezakete azpiegitura txikiek, osoki baso lurretan badaude eta erabilera publikoaren erregulazioa hobetzen badute:
1.1. Zurezko atakak.
1.2. Mendiaren jostetarako erabilerari lotutako beste batzuk:
(A) Edateko ureko iturriak, bidexkak eta aparkalekuak hobetzea. (kanpoan gelditzen da bidexka edo aparkaleku berriak egitea). Bidexken mantentze-lanen eta hobekuntzen barnean hauek daude: zorua hobetzea, bazterretako sasiak garbitzea eta landaredia kimatzea, eta arekak eta ura husteko sistemak hobetzea.
(B) Eremuaren barnean erabilera publikorako azpiegitura berriak sortzea, kategoria hauetako batean: naturagunearen erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko elementuak; esaterako, pasarelak, balizak edo disuasiorako hesi fisikoak, harmailak, hesiak, etab. ; kanpoko altzariak, argibideetarako panelen euskarriak, naturagunearen barneko seinalizazio-elementuak, baldin eta seinalizaziorako eskuliburu homogeneorik badago gune horretan, toki-erakundeak onetsia. Nolanahi ere, elementu horien gai nagusia zura izanen da, eta, ahal den neurrian, baso-kudeaketa jasangarriko zur ziurtatua.
2. Erabiliko den gai nagusia zura izanen da, modu jasangarrian kudeatutako mendietatik datorrena.
3. Eskatzaileak azpiegitura horien mantentze-lanak egin beharko ditu nahitaez, eta gastu horrek dirulaguntza jaso dezake geroko kanpainetan, baldin eta dagozkion oinarrietan horrela jasotzen bada.
6.6. Aholkularitza, prestaketa eta erregistro telematikoa basolanetarako laguntzen proiektu eta memorien dokumentazio teknikorako eta obra zuzendaritza (6881.4 esku-hartzea):
Dokumentazio teknikoa eta obra zuzendaritza sartuta dago 6881.4 esku-hartzean, eta esku-hartze horretako ekintzak ez ezik, 6881.1 esku-hartzean eskatutakoak ere hartuko ditu barnean.
Laguntza hauen ondorioetarako, entitate laguntzailetzat hartzen dira 46/2023 Foru Agindua aplikatuz hautatutakoak (foru agindu horren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitu eta hautatzeko arauak onetsi ziren).
1. Dokumentazio teknikoa prestatzea:
1.1. Entitate laguntzaileek aurkeztutako espedienteen kasuan, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %6koa izanen da dirulaguntza; diru kopuru horrek ez du gaindituko dokumentazioa prestatzeak izan duen kostu erreala. Entitate ez-laguntzaileek aurkeztutako espedienteen kasuan, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %4koa izanen da dirulaguntza; diru kopuru horrek ez du gaindituko dokumentazioa prestatzeak izan duen kostu erreala.
Dokumentazio teknikoa agiri bakarra izanen da. Hamahirugarren oinarrian zehazten den gutxieneko edukia izanen du, eta espedientean eskatzen diren esku-hartze, eragiketa eta ekintza guztiak jasoko ditu. Kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren barnean sartzen da Administrazioak onartzen duen inbertsioa, gehi industria mozkina eta gastu orokorrak (BEZik gabe).
1.2. Dokumentazio teknikoari dagokion dirulaguntza ordainduko da baldin eta espedientean sartutako ekintza bat, gutxienez, ordaintzen bada.
1.3. Oinarri honetan aipatzen den dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko da, 12. oinarrian (Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria) adierazi bezala.
1.4. Laguntza-eskaera onartzeko modukoa izateko, proiektuek (ezinbesteko agiria da guztira, BEZa gabe, 15.000 eurotik gorako aurrekontu osoa duten eskaeretan) eta memoria teknikoek (ezinbesteko agiria da guztira, BEZa gabe, 15.000 euroko edo hortik beherako aurrekontua duten eskaeretan) honako eduki hau jaso beharko dute.
Proiektuek atal hauek izanen dituzte, gutxienez: (1.a) deskripzio-memoria; (2.a) aurrekontua; (3.a) baldintza-agiriak; (4.a) ingurumen-ukipenen azterlana edo ingurumen-inpaktuaren azterketa (arloko foru araudiak hala eskatzen duenean); (5.a) 1:10.000ko edo eskala handiagoko planoak; eta (6.a) segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterlana, indarreko araudiarekin bat.
Memoria teknikoa eskatzen bada, honakoak hartu beharko ditu barne: deskripzio-memoria, aurrekontua, ingurumen-ukipenen azterlana (arloko foru araudiak hala eskatzen duenean) eta 1:10.000ko edo eskala handiagoko planoak.
Jarduketaren batek KBEetan sartutako lurrak ukitzen dituenean, proiektu edo memoria teknikoak beti jasoko du leku horretako kontserbazio balioei egindako ukipenen ebaluazioa.
–Deskripzio-memoriak zehaztu behar du laguntza zein jarduketatarako eskatzen den, baita jarduketaren aurrekariak eta helburuak ere. Helburuak guztiz garrantzitsuak dira eta behar bezala justifikatu behar dira. Justifikazioa egokitzat jotzen da teknikoki egiaztatzen denean jarduketak mendi horretako helburuak lortzera bideratuta daudela. Helburu horiek behar bezala justifikatzen ez badira, gerta liteke proposatutako ekintzak dirulaguntzarik gabe gelditzea.
Jarduketen erreferentzia geografikoak emanen dira, eta planoetan kokatuko dira. Jarduketak katastroko lurzati bati baino gehiagori eragiten badie, deskripzio-memoria horretan zehaztu beharko dira lurzati horietako bakoitzeko jarduketa-unitate fisikoak. Bat etorriko da guztiz "Eskatutako ekintzak" izeneko inprimakian jasotako datuekin.
Deialdi honetako ekintza bakoitzean zehaztutako informazio guztia sartu beharko da: jarduketak ukitutako espeziea(k), landaketa urtea basoberritze berrietako mantentze-lanetarako, mantentze-lanetarako plan bakuna aurreko oinarrietan zehaztutako ezaugarriekin, inauste eta kimatze lanetarako behar diren datuak, eta abar.
–Baldintza-agiria: Laguntza zein lanetarako eskatu den, lan horiek guztiak aipatu beharko ditu, eta adierazi, gutxienez, obra bakoitzean erabiliko diren baliabideak. Eskatzen ahalko da, bakar-bakarrik, eskaerak proiektua aurkeztea eskatzen duenean, zenbatekoa dela-eta.
–Aurrekontua: guztiz bat etorriko da "Eskatutako ekintzak" izeneko inprimakian jasotako datuekin, eta dokumentu hauek osatuko dute, gutxienez:
- Neurketen taula.
- Prezioen taulak: eskulanaren eta makineriaren prezio xehakatuak eman behar dira, bai eta obra unitate bakoitzerako behar diren prezioak ere.
- Prezio osagarrien taula.
- Guztirako aurrekontua.
–Planoak: laguntza zer jarduketatarako eskatu den, horren erreferentzia geografiko guztiak eman beharko dira, onartzen diren aldaketak barne (horrelakorik badago), kasuan kasuko fitxategi grafikoa daramatela (shape formatua edo antzekoa), baita eremu horietara sartzeko behar den informazio guztia ere (sartzeko pistak), Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko langileek jakin dezaten non dauden. Honako hauek izanen ditu, gutxienez:
- Kokapen planoa.
- Plano zehaztua, 1:10.000 eskalakoa edo eskala handiagokoa, lan berezietarako, hala nola, pistak irekitzeko. Maldarik gabeko topografia duten tokietan ez da sestra-kurbarik beharko.
- Aurrekontuetako eta deskripzio-memoriako unitateek bat etorri beharko dute planoetan ageri direnekin.
–Ingurumen-ukipenen azterlana. Gutxienez datu hauek jasoko ditu:
- Proiektatutako jarduketaren eragina izan dezaketen balio historiko-artistikoen, ekologikoen eta ingurumenekoen deskribapena eta ebaluazioa.
- Aurreko puntuan aipatutako alderdi bakoitzean jarduketek eragin ditzaketen ukipenen deskribapena eta balorazioa.
- Hartu beharreko babes eta zuzenketa neurriak.
–Segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterlana. Agiri hau proiektuetan baizik ez da eskatuko, eta eduki hau izanen du:
- Obren ezaugarrien deskribapena, egiteko epea, aurreikusitako langileak, behin-behineko instalazioak eta osasun laguntza, aurreikusitako makineria eta laguntzarako bitartekoak, arriskuen azterketa orokorra eta prebentzio neurriak.
- Aurrekontua. Espedientean eskatutako aurrekontua oinarritzat harturik zehaztuko da.
C.2. Obra zuzendaritza.
Proiektua eskatzen den guztietan, eskatzaileak lanen zuzendaritza teknikoa izan beharko du, espedientean onartzen diren neurri, azpineurri, eragiketa eta ekintza guztientzat. Zuzendaritza tekniko horrek honako betebehar hauek izanen ditu:
2.1. Justifikatutako kasuetan izan ezik, nahitaezkoa da obra liburu bat izatea adjudikazio-hartzaile den kontratista bakoitzeko.
2.2. Obra zuzendaritza eta proiektua idatziko duen pertsona basogintza arloan eskumena duten unibertsitate-tituludunak izanen dira, indarrean dagoen legeriarekin bat.
2.3. Obra zuzendariak eguneratua eraman beharko du obra liburua.
2.4. Obra liburuak honako hauek bildu beharko ditu, gutxienez: lanen hasierako akta, ziurtagiri bakoitzaren akta, obra aldaketen aktak, horrelakorik badago, prezio kontrajarrien aktak, horrelakorik badago, eta lanen bukaerako ziurtagiriaren akta. Akta guztiak hornitzaileak edo kontratistak eta obra-zuzendariak sinatu beharko dituzte, eta inbertsioa behar bezala gauzatu dela adierazi beharko dute.
2.5. Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak obra liburua aurkezteko eska dezake edozein momentutan.
2.6. Proiektuetan segurtasun eta osasun arloko koordinatzaile bat izanen da, arlo horretako araudi aplikagarrian hala ezartzen bada.
2.7. Ziurtapen motak hala eskatzen badu, obra zuzendaritzarekin batera plano bat erantsi beharko da, erreferentzia geografiko eta guzti, proiektuaren gauzatzea azaltzen duena.
2.8. Obrako zuzendariak ezin izanen ditu gauzatu obra zuzendaritzaren ziurtapen aktan berak ziurtatzen dituen lanak; izan ere, hala eginez gero, zalantzan jarriko lirateke obra horien gauzatze zuzena, kalitatea eta kontrola.
2.9. Obra zuzendaritza diruz laguntzeko, emandako ekintzei eta horien baldintzei jarraitu beharko zaie. Horrez gain, behar bezala azalduko dira obra gauzatzean izandako desbideratzeak, laguntzaren kudeatzaileek baimendu behar dituztenak. Desadostasun teknikorik bada sustatzailearen eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren artean, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuaren irizpidea gailenduko da.
Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak likidatutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %7koa izanen da dirulaguntza entitate laguntzaileek aurkeztutako espedienteetan, eta %5ekoa, aldiz, entitate laguntzaileek aurkezten ez dituzten espedienteetan. Dirulaguntzak ez du inola ere kostu erreala gaindituko.
Obra zuzendaritzak ez du dirulaguntzarik jasoko kontrata bidezko gauzatze aurrekontu onartua (hemendik aurrera, KGA) 2.000 eurotik beherakoa bada.
7. oinarria.–Ekintza bakoitzeko laguntza mota eta zenbatekoa esku-hartze bakoitzaren barruan.
7.1. Deialdi honetako laguntzak prima bakarrekoak izanen dira.
7.2. Honako hauek izanen dira inbertsio diruz lagungarriaren gehieneko eta gutxieneko mugak espediente bakoitzeko (6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeetan eskatutakoaren batura):
7.2.1. Toki-erakundeek sustaturiko basolanen eskaeretarako: 200.000 (berrehun mila) euro gehienez eta 5.000 (bost mila) euro gutxienez espediente oso bakoitzeko (6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeetan eskatutakoaren batura).
Aurreko kanpainetan lurra prestatzeko dirulaguntza jaso duten lurretan landaketa egiteko lanak, basoberritzeak mantentzeko lanak (udako garbiketak, hutsarteak betetzea, kimaketak eta bestelakoak) edo nahitaez bete beharreko bestelako mantentze-lanak baizik sartzen ez duten eskaeren kasuan, lan horiek aurreko kanpainetan dirulaguntza izan badute edo oso-osorik Nafarroako Gobernuak egin baditu, ez da inbertsioetarako gutxieneko muga hori aplikatuko.
7.2.2. Eragile pribatuek sustaturiko basolanen eskaeretarako: 105.000 (ehun eta bost mila) euro gehienez eta 2.000 (bi mila) euro gutxienez espediente oso bakoitzeko (6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeetan eskatutakoaren batura).
Aurreko kanpainetan lurra prestatzeko dirulaguntza jaso duten lurretan landaketa egiteko lanak, basoberritzeak mantentzeko lanak edo nahitaez bete beharreko bertzelako mantentze-lanak baizik sartzen ez duten eskaeren kasuan, lan horiek aurreko kanpainetan dirulaguntza izan badute edo oso-osorik Nafarroako Gobernuak egin baditu, ez da inbertsioetarako gutxieneko muga hori aplikatuko.
Ulertuko da laguntzak jasotzeko baldintza artifizialak sortu direla noiz eta espediente batean baino gehiagotan izaera bereko jarduketa batzuk zatitzen baitira gehieneko zenbatekoei buruz ezarritakoa betetzeko; horretarako baldintza izanen da espedienteen titularrak ahaidetasunagatik lotuta egotea edo lotutako enpresetako partaidetza-organoekin harremana duten pertsona juridikoak izatea. Hori gertatzen bada, bi aldeek galduko dute laguntzak jasotzeko eskubidea.
7.3. Kostuen moderazioaren printzipioa bermatzeko, aurkeztutako gastuei Nafarroako Baso Tarifak aplikatuko zaizkie.
7.4. Inbertsioaren gutxienekoa eta gehienekoa zehazteko, aintzat hartuko da espedientearen kontrata bidezko gauzatze aurrekontu osoa (hau da, esku-hartzeetan eskatutakoaren batura), bai kontzesioan bai Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartutako eta baliozkotutako ordainketan. Aipatutako zerbitzuak Nafarroako Baso Jardueraren Prezioen Tarifak erabiliko ditu erreferentziatzat, aurrekontu hori baliozkotzeko. Aurkeztutako memoria teknikoan edo proiektuan agertzen diren prezioak tarifa horien araberakoak ez badira, hura idatzi duen teknikariak justifikatu beharko du, eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du, hori guztia 5. oinarriko 3. puntuan adierazitako kostuen moderazioa aplikatuz.
7.5. Laguntza kalkulatzeko, ekintza bakoitzean, taula honetan agertzen diren portzentaje hauek aplikatuko zaizkio onartzen den inbertsioaren zenbatekoari, BEZa kenduta. Inbertsioan onartzen den zenbatekoa, BEZa kenduta, bi hauen arteko txikiena izanen da: batetik, onuradunak aurkezten duena, eta bestetik, eskualdeko kudeaketa atalek onartzen dutena, laguntza eskaera ebaluatu eta kontrola aplikatu ondoren, bai laguntza emateko orduan, aurkeztutako inbertsioaren deskribapenaren eta justifikazioaren arabera, bai ordaintzeko orduan, egindako inbertsioaren arabera, eta betiere kostuen moderazioa aplikatuta bi une horietan.
7.6. Onartzen den zenbateko hori, hala laguntza onartzean nola ordaintzean, espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio diruz lagungarriaren zenbatekoa 6881.1 eta 6881.4 esku-hartzeetan eskatutakoaren batura) baino handiagoa izan beharko da (ikus oinarri honen 2. puntua). Bestela, laguntza eman edo ordaintzeko eskaera ukatuko da.
7.7. Hurrengo taulan, jarduketa bakoitzari aplikatu beharreko laguntza-ehunekoak adierazten dira, mendi motaren, haren ezaugarrien eta jabearen tipologiaren arabera sailkatuta.
Katalogatutako mendiak, KBEak eta eragile pribatuen baso batasunak (diruz lagunduko den %) | Mendi katalogatu gabeak, Gainerako jabe pribatuak (diruz lagunduko den %) | ||
Basoberritzeak (6811.1 esku-ha.) Basoberritzeak epe ertaineko espezieekin / makaldiak Basoberritzeak epe luzeko espezieekin Lurra prestatzea landaketarako Landaketa egitea prestaketa lana egina duten lurretan. Itxitura babeslea Hodi babeslea Hondakinak ezabatzea: pilatzea edo/eta erre gabe ezabatzea. Hondakinak erreta ezabatzea Landaketak ilaran, eta heskaiak Basoberritzeen mantentze-lanak | %60 / %50 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 | %60 / %50 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 %60 | |
Basolanak (6881.4 esku-ha.) (*) Bakantzea, kimatzea eta eitea emateko inaustea Sasi garbiketa eta beste lan batzuk, berezko birsortzeari laguntzeko Sasiak garbitzea, abeltzaintzan erabiltzeko KBEetan aurreikusitako habitatak hobetzeko sasi garbiketak Sasiak garbitzea klima-aldaketara egokitzeko Basoberritzeei loturik ez dauden itxiturak Gaztainadiak lehengoratzea | %80 %80 %80 %80 %80 %55 %80 | %60 %50 %45 - %60 %45 %60 | |
Basoko bideak eta kargaleku iraunkorrak eraiki eta mantentzea (6881.4 esku-ha.) Bestelako ekintzak (salbuespenak deialdi honetan) | %55 %40 | %55 %40 | |
Biodibertsitatea (6881.4 esku-ha.)(*) | %80 | ||
Aisiarako azpiegitura txikiak (6881.4 esku-ha.) | %40 | %30 | |
Dokumentazio teknikoa (**) (6881.4 esku-ha.) | %100 | %100 | |
Obra zuzendaritza (**) (6881.4 esku-ha.) | %100 | %100 | |
(*) Basolanak eta biodibertsitatea bultzatzeko neurriak kalteak prebenitzeko jarduerak dira. (**) Dirulaguntzaren portzentajeak 6. oinarrian (6.6 atala) ezarritakoak dira. | |||
7.8. Behean adierazitako igoerak aplikatuko dira, aurreko taulan aurreikusitako ehunekoen gainean, baldin eta laguntza-eskaera aurkezteko unean honako kasu hauetakoren bat edo batzuk gertatzen badira:
7.8.1. Basoberritzeak ekintzako dirulaguntzaren gehieneko muga ehuneko hamabost puntu (%15) igoko da ekintzak Fusarium circinatumagatik mugatutako esparru batean egiten direnean, edozein eskatzaile motatarako.
7.8.2. Ekintzako dirulaguntzaren gehieneko muga. Basolanak eta itxiturak egitea: gehieneko muga bost puntu (%5) igoko da, soilik toki-erakundeak beren hermendien zonifikazio prozesuetan inplikaturik badaude, basoak antolatzeko proiektuan onetsita dutelako.
7.8.3. Basoko bideak eta kargaleku iraunkorrak eraiki eta hobetzeko ekintzetarako dirulaguntzaren gehieneko muga igo eginen da, eskatzaile mota edozein delarik ere, baldin kasu hauetakoren bat gertatzen bada eta eskaeran justifikatzen bada:
(a) Xedeko ekintzak 2023ko abuztuaren 1etik eskaera aurkeztu bitarte azpiegituretan eragina izan duten hondamendi naturalen ondorio direnean: 5 puntu [%5].
(b) Akordio bat egin denean espediente administratibo berean batera saltzeko zurezko produktuak edo egurretarako direnak: 3 puntu [%3]. (Salmentan honako hauen aprobetxamendua sar daiteke: bi toki-erakunde edo gehiago, toki-erakunde bat edo gehiago eragile pribatuekin edo bi eragile pribatu edo gehiago). Gertakari hori ziurtatzen duen toki-erakundeko idazkariaren edo toki agintari eskudunaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, baita eragile pribatuaren erantzukizunpeko adierazpena ere. Hala ere, salmentatik lortutako zenbatekoa hartuko da kontuan, hala badagokio, dirulaguntzatik kentzeko.
(c) Bi toki-erakunderi edo gehiagori ematen zaienean zerbitzua, eta horien arteko akordio idatzia dagoenean erabili ahal izateko: 5 puntu [%5].
(d) Baso aprobetxamenduen administrazio baldintzen agirietan toki-erakundeak atal bat sartzen duenean non baloratzen duen egurketariak bere esku izatea zaintza katea mendia ziurtaturik dagoen sisteman, eta hori frogatzeko idazkariaren edo toki agintari eskudunaren ziurtagiria aurkezten duenean: 2 puntu [%2].
7.9. "Mendi katalogatuak, KBEak eta eragile pribatuen baso batasunak" zutabean ezarritako dirulaguntzen portzentajeak aplikatuko dira toki-erakundeak aurkeztutako jarduketa guztietarako, baldin eta toki-erakundea Onura Publikoko Mendien titularra edo kudeatzailea bada edo bere herri-lur guztiak edo haien zati bat KBE batean badaude, edo baso batasunek aurkeztutako eskaerak direnean, baldin eta lurren jabeen baimena badago.
Baldintza hori betetzen ez duten gainerako eskaerei "Mendi katalogatu gabeak, eta KBEak ez direnak. Gainerako eragile pribatuak" izeneko zutabeko portzentajeak aplikatuko zaizkie.
7.10. Eskaerak jarduketetan eta azpijarduketetan banakatuko dira, taula honetan bezala. Taula honetan jasotako jarduketak baino ez dira diruz lagunduko:
UNITATEA | JARDUKETA | AZPIJARDUKETA | |
1 (6881.1) | HA. | BASOBERRITZEA | MAKALDIAK. LURRA PRESTATZEA |
MAKALDIAK. LANDAKETA | |||
EPE LUZEKO ESPEZIEAK, LURRA PRESTATZEA | |||
EPE LUZEKO ESPEZIEAK, LANDAKETA/EREINTZA | |||
EPE ERTAINEKO BESTE ESPEZIE BATZUK, LURRA PRESTATZEA | |||
EPE ERTAINEKO BESTE ESPEZIE BATZUK, LANDAKETA/EREINTZA | |||
M.L. | ITXITURA BABESLEA | BASOBERRITZE BERRIETAN PARATZEA | |
LEHENAGOKO BASOBERRITZEETATIK KENTZEA | |||
UNIT. | HODI BABESLEA | BASOBERRITZE BERRIETAN PARATZEA EDO BABESTU GABEKO BASA-FAUNAK KALTETURIKO BASOBERRITZEETAN | |
LEHENAGOKO BASOBERRITZEETATIK KENTZEA | |||
HA. | HONDAKINAK EZABATZEA | PILATZEA ETA/EDO EZABATZEA, ERRE GABE | |
ERRETA EZABATZEA | |||
M.L. | ILARAKO LANDAKETAK, ETA HESKAIAK | ILARAKO LANDAKETA | |
HESKAI LANDAKETA | |||
HA. | BASOBERRITZEEN MANTENTZE-LANAK | UDAKO GARBIKETAK | |
HUTSARTEAK BETETZEA | |||
M.L. | ILARAKO LANDAKETEN ETA HESKAIEN MANTENTZE-LANAK | UDAKO GARBIKETAK | |
HUTSARTEAK BETETZEA | |||
2 (6881.4) | HA. | BAKANTZEAK | BEREZKO ZUHAITZ-MASAK |
KONIFEROEN/HOSTOZABALEN BASOBERRITZEAK | |||
HA. | SASI-GARBITZEAK | BEREZKO BIRSORKUNTZARI LAGUNTZEA (beste lan batzuk) | |
ABELTZAINTZARAKOAK | |||
KBEetan AURREIKUSITAKO HABITATAK HOBETZEA | |||
KLIMA-ALDAKETARA EGOKITZEKO | |||
M.L. | BASOBERRITZEEI LOTURIK EZ DAUDEN ITXITURAK | BEREZKO BIRSORTZEA BABESTEA-EZARTZEA | |
LARRE NATURALA EZARTZEA | |||
BEREZKO BIRSORTZEA BABESTEA-MANTENTZEA | |||
LARRE NATURALAK MANTENTZEA | |||
ITXITURAK KENTZEA | |||
UNIT. | HOSTOZABALAK INAUSTEA | EITEA EMATEKO INAUSTEA | |
ALTUERAN INAUSTEA (gehienez 250 zuhaitz/ha) | |||
MAKALDIAK INAUSTEA | |||
UNIT. | KONIFEROAK INAUSTEA | 2,5 m ARTE INAUSTEA (gehienez 400 zuhaitz/ha) | |
2,5 ETA 5 m BITARTE INAUSTEA (gehienez 250 zuhait/ha) | |||
HA | GAZTAINADIAK LEHENGORATZEA | BASO-TRATAMENDUAK | |
INAUSKETA, LEPAKETA | |||
LANDARE PATROIA LANDATZEA ETA BABESGARRIAK JARTZEA | |||
BESTE LAN ESPEZIFIKO BATZUK | |||
3. (6881.4) | KM | KAXA IREKITZEA | |
ZOLATZEA | |||
ZELAITZEA HOBETZEA | |||
AREKAK EGITEA | |||
AREKAK GARBITZEA | |||
SASI-GARBITZEA BASOKO BIDEEN BAZTERRETAN | |||
UNIT. | HODIA (FABRIKA-HODIA BARNE) | ||
AREKA GAINEKO PASABIDEA | |||
AZALEKO DRAIN. ZEHARKAKOA | |||
HODI GARBITZEA | |||
ATAKA | |||
M2 | KARGALEKUA ERAIKITZEA | ||
SAKANGUNEA | |||
ITZULIA EGITEKO TOKIA | |||
M3 | HARRI-LUBETA | ||
UNIT. | BESTELAKO EKINTZAK | DEIALDITIK SALBUETSITAKO EKINTZAK | |
4 (6881.4) | UNIT. | BIODIBERTSITATEA | ONETSITAKO KBEak KUDEATZEKO PLANEAN AURREIKUSITAKO BESTE EKINTZA BATZUK |
IBARBASOA LEHENGORATZEA | |||
5 (6881.4) | UNIT. | AISIARAKO AZPIEGITURA TXIKIAK | JARTZEA (segurtasuneko elementuak, altzariak eta seinaleztatzeko euskarriak eta elementuak). |
MANTENTZE-LANAK (iturriak, bidexkak eta aparkalekuak) | |||
6. (6884.4) | UNIT. | DOKUMENTAZIO TEKNIKOA | |
OBRA ZUZENDARITZA |
7.11. Laguntzaren intentsitatea eta kostu diruz lagungarriak kalkulatzeko, ulertuko da erabiltzen diren zenbateko guztiak ezein kenkari fiskal edo karga aplikatu aurrekoak direla. Kostu diruz lagungarriak abalatzeko, frogagiri argiak, berariazkoak eta eguneratuak aurkeztu beharko dira.
8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.
8.1. Ebazpen honetako laguntzak norgehiagoka bidez emateko prozedurari jarraikiz emanen dira, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.
Ebazpen honen ondorioetarako, mendiaren kudeatzailetzat hartzen da hura erabili eta gozatu dezakeen pertsona oro, dela haren gaineko jabetza eskubidea duelako, dela jabearen baimena edo adostasuna duelako. Honako hauek izan daitezke: errentariak, gozamendunak, zentsu-hartzaileak eta antzekoak.
8.2. Nafarroako Landa Garapeneko NPEPEaren Jarraipen Batzordeak 2024ko apirilaren 22an onetsitako hautapen irizpideen arabera, eskaerak lehenesteko hurrenkera eginen da balorazio irizpideak aplikatuz lortzen diren puntuak batuta. Dirulaguntza emateko ebazpenak eskatzaile guztien balorazio teknikoaren emaitza arrazoituko du, gertakarien nahiz zuzenbide oinarrien aipamen laburra eginda.
8.2.1. Aplikatzeko hautaketa-irizpideak:
ATALA | KONTZEPTUA | PUNTUAZIOA |
1 Kontserbazioa | Toki-erakundearen mugartean badira Onura Publikoko Mendiak/Eskatzailea mendi babesleen jabea da | 20 |
2 Natura 2000 Sarea | Toki-erakundearen mugartean badira Kontserbazio Bereziko Eremuak edo eskatzailea Kontserbazio Bereziko Eremu deklaratuta dauden mendien jabea/kudeatzailea da (1) | 15 |
3 Kudeaketa jasangarria | Toki-erakundearen mugartean badira antolamendu proiektu indardunak dituzten hermendiak, eta Administrazioaren adostasunarekin gauzatzen dira. Eragile pribatuen kasuan, eskatzailea indarrean dagoen plangintza tresna bati lotutako mendien jabea/kudeatzailea da | 10 |
4 Kalitate teknikoa | Aurkeztutako proiektua edo memoria teknikoaren egokitasuna eta bideragarritasun teknikoa (2) | 10 |
5 Basoen gaineko ziurtapena | Toki-erakundea Basoen Kudeaketa Jasangarriaren Ziurtagiria duten hermendien titularra da, edo lanen azken ziurtapen eguna baino lehen ziurtatu asmo diren hermendiena. Eskatzailea baso-kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria duten mendien jabea/kudeatzailea da. | 10 |
6 Osasun baldintzak | Toki-erakundea edo eskatzailea Fusarium circinatuma egoteagatik neurri bereziei loturiko hermendien jabea edo kudeatzailea da | 10 |
7 Baso batasunak (eragile pribatuei aplikatzekoa) | Eskaera baso batasun batek aurkeztu du (3) | 10 |
8 Klima-aldaketara egokitzea | Baso-sistemak klima-aldaketara hobeki egokitzeko ekintzak biltzen dituzten eskaerak (4) | 15 |
9 Baso-azpiegiturak lehengoratzea (toki-erakundeei aplikatzekoa) | Aurreko urtean, laguntza eskatu arte, gertatutako hondamendi naturalek (uholdeak, uraldiak) hondatutako baso-azpiegiturak lehengoratzeko laguntzak eskatzen ditu toki-erakundeak | 10 |
(1) Irizpide honek tarteko puntuazioak ditu: 15 puntu beren lurraldean KBEak dituzten toki-erakundeentzat; 15 puntu, partikularren edo haien taldeen eskaeretan onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %20 gutxienez KBErako bada; 5 puntu, partikularren edo haien taldeen eskaeretan onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %20tik behera KBErako bada.
(2) Irizpide honek tarteko puntuazioak ditu. Gehienez ere 10 punturekin baloratuko dira laguntza-eskaeraren xede diren jarduerak justifikatzen dituzten proiektuak edo memoria tekniko osoak, eskaerak aurkezteko epean aurkezten badira. Eta 5 puntu emanen zaizkie eskaerak aurkezteko epean osorik aurkezten ez diren proiektu edo memoria teknikoei, edo laguntzaren xede diren jarduerak justifikatzen ez dituztenei. Aurreko kanpainan prestaketarako dirulaguntza jaso duen lurra basoberritzea eskatzen duten espedienteetan, gehieneko puntuazioa emanen da irizpide honetan, ekintza estrategikotzat jotzen baita.
(3) Irizpide honek tarteko puntuazioak ditu: 10 puntu emanen dira baso batasunak Baso Administrazioaren adostasunarekin gauzatzen den onartutako kudeaketa plan teknikoa badu, eta 5 puntu, aldiz, batasunak Baso Administrazioaren adostasunarekin gauzatzen den onartutako kudeaketa plan teknikorik ez badu.
(4) Irizpide honek tarteko puntuazioak ditu: 5 puntu, baldin eta bakantze eta basoberritze lanetarako onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontua espediente osorako onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %10etik %20ra artekoa bada. Eta 15 puntu, baldin eta kontrata bidezko gauzatze aurrekontua espediente osorako onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontuaren %20tik gorakoa bada
9. oinarria.–Norgehiagokako prozedura aplikatzeko era.
9.1. Laguntza hauek norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko direnez, eskaeren hurrenkera bat ezarriko da, 9. oinarrian zehaztutako balorazio irizpideak aplikatuz, eta irizpide horiek aplikatuta balorazio handiena lortzen duten eskaerei laguntza emanen zaie, deialdian finkatutako kreditua gainditu gabe, baldin eta Nafarroako Landa Garapenerako NPEPEaren Jarraipen Batzordeak 2024ko apirilaren 22an onetsitako gutxieneko puntuazioa lortzen bada.
9.2. Berdinketarik izanez gero, honela trenkatuko da:
Toki-erakundeen kasuan, berdinketa baldin badago espediente bakoitzeko gehieneko puntuazioan, honako atal hauetan puntuazio handiena lortu dutenei emanen zaie lehentasuna: 1. Kontserbazioa, 2. Natura 2000, 3. Kudeaketa jasangarria, 5. Basoen gaineko ziurtapena, 6. Osasun baldintzak, 8. Klima-aldaketara egokitzea, 9. Azpiegiturak lehengoratzea.
Eragile pribatuen kasuan, berdinketa baldin badago espediente bakoitzeko gehieneko puntuazioan, honako atal hauetan puntuazio handiena lortu dutenei emanen zaie lehentasuna: 1. Kontserbazioa, 2. Natura 2000, 3. Kudeaketa jasangarria, 5. Basoen gaineko ziurtapena, 6. Osasun baldintzak, 7. Baso batasuna eta 8. Klima-aldaketara egokitzea.
Bi kasuetan, aurreko irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, diruz lagungarria ez den inbertsioaren arabera (handienetik txikienera) ordenatuko dira espedienteak. Halakotzat hartuko da onartutako kontrata bidezko gauzatze aurrekontu osoaren eta emandako dirulaguntza osoaren arteko aldea.
Emakida-ebazpenek taula bat izanen dute, jasoko duena eskatzaile bakoitzak irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa, eskatzaile motak (toki-erakundeak eta eragile pribatuak) bereizita.
9.3. Gutxienezko puntuazioa:
Aurrekontu-zuzkidura nahikoa izanda ere, gutxienez 30 puntu lortu beharko dira gehienez lor daitezkeen 100 puntuetatik, eskatzaile mota edozein dela ere.
10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.
10.1. Laguntza hauen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:
1) Dirulaguntzaren onuradunek Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.
2) Toki-erakundeek, orobat, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak kontratazioaren arloan ezarritako arauak bete beharko dituzte.
3) Inbertsioak egin beharko dituzte Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak banatzeko emanen duen ebazpenean ezarritako baldintzei jarraikiz, eta deialdian ezartzen den epearen barrenean. Zilegi da jarduketa berean aldaketa partzialak egitea hasieran emandakoaren gainean, baldin Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko teknikariek aldaketa horiek baimentzen badituzte eta eskatzaileari jakinarazten bazaizkio. Aldaketa partzial horiek obraren zuinketa lanetatik ondorio izan daitezke, eta jarduketen kokapenean aldaketa txikiak eragiten ahalko dituzte, bai eta erabili beharreko materialaren aldaketak ere, baldin eta materiala emakidaren izaera berekoa bada eta aldaketa merkatuko eskuragarritasun egoeren ondorio bada, edo beharrezkoa bada aurreikusi gabeko jarduketak egitera behartzen duen gertakari natural bat gertatu delako.
4) Ordainketa ebatzi arte, 4. oinarrian ezarritako betebeharrei eutsi behar zaie, baita 8. oinarrian jasotako balorazio irizpideen ondoriozkoei ere.
5) Behar diren argibideak eman beharko dituzte inbertsioaren alderdi tekniko eta ekonomikoei buruz, baita neurri hauen esparruan jasotako laguntzei buruz ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.
6) Eskaera zehazten, justifikatzen eta baloratzen duen dokumentazio teknikoa aurkeztea.
7) Eskaerako jarduketak bateragarriak izanen dira naturagunearekin eta naturaguneei eta mendiei buruzko foru legediarekin.
8) Landa eremuko ondarea errespetatzea, sustatzen dituzten jarduketetan.
9) Laguntza ongi eman dela, inbertsioa ongi gauzatu dela eta konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak onartu behar dira.
10) Diruz lagundutako esku-hartzeak finantzatzeko beste dirulaguntza publiko eta laguntza batzuk eskatu edo lortu badira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari horren berri ematea. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Diruz lagundutako gastuak izanen dira onuradunak egiazki ordaindu dituenak. Dirulaguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren kargura ematen direnekin edo Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ematen dituenekin. Dirulaguntza honengatik jasotako zenbatekoen eta, hala badagokio, Toki Administrazioaren Inbertsio Planeko ekarpenen batura ezin izanen da inbertsioaren guztizko kostua baino handiagoa izan.
11) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako egoeretako bakar batean ere, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.
12) Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuko langileei dirulaguntzen xedeko lurzatietan sartzen utzi behar zaie, egindako lanak gainbegiratzeko eta, hala badagokio, inbertsioa amaitu eta ondoko 5 urtean inbertsioei eusteko konpromisoa bete ote den ikuskatzeko.
13) Laguntza jaso duten ekintzak gauzatu gabe utziz gero, horren berri eman beharko zaio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, laguntza eman dela jakinarazi eta bi hilabetean, gehienez ere; horrenbestez, laguntza ematen duen hasierako ebazpena aldatzeko eskatuko da.
14) Gordetzea jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak, agiri elektronikoak barne, egiaztapenen eta kontrolen xede izan daitezkeen artean.
15) Onuradunek bete beharko dituzte 2022/129 (EB) Erregelamenduaren II. eta III. eranskinetan aipatzen diren erantzukizunak, bai eta horretarako ezarritako nazioko eta eskualdeko arauetakoak ere; besteak beste, honako hauek:
–Guztira 10.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen duten eragiketen kasuan, onuradunak gutxienez informazio panel bat ezarri beharko du, eragiketari buruzkoa (gutxienez ere A3 tamainakoa), non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean (esaterako, eraikin baten sarreran).
–Ordainketan guztira 50.000 eurotik gorako laguntza publikoa jasotzen bada NPEPEaren barruko eragiketa batera bideratutako inbertsioetarako, onuradunak gutxienez informazio panel bat (gutxienez ere A3 tamainakoa) edo proiektuari buruzko plaka bat ezarri beharko du, non nabarmenduko baita Europar Batasunaren finantza laguntza jaso dela, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean. Gainera, Europako ikurra agertuko da, helbide honetan dauden arau grafikoen araberakoa: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es, eta horrekin batera, lelo hau: "Europar Batasunak finantzatua" edo "Europar Batasunak kofinantzatua".
16) Jasotako funtsak itzultzea, oinarri arautzaile hauetan ezarritako kasuetan.
17) Onuradunen betebeharra da behar bezala mantentzea jasotako laguntzari esker hobetutako azpiegiturak, instalazioak, ekipamenduak edo lurrak. Laguntza ordaindu eta hurrengo bost urteetan, diruz lagundutako inbertsioen xede diren ondasun horiek egoera egokian mantendu behar dira, eta inbertsioaren bidez lortutako helburuak eta funtzioak eraginkortasunez betetzen jarraitu behar dute. Diruz laguntzen den inbertsioan ezbeharren bat gertatuz gero, onuradunak horren berri eman beharko dio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari, eta ezbeharra eragin duten zergatien berri eman, zerbitzuak behar diren neurriak har ditzan inbertsioei eusten zaiela egiaztatzeko.
18) Onuradunek, eragile pribatuak badira eta, aldi berean, beren enpresa-jarduera jarduketaren xede diren lurretan garatzen badute, ezin izanen dute enpresa deslokalizaziorik egin, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan aurreikusitakoarekin.
11. oinarria.–Gerora bete beharreko konpromisoak.
1. Gerora bete beharreko konpromisoak izanen dira onuradunak bere gain hartzen dituenak, laguntza likidatzen duen ordainketa-ebazpenaren egunetik hasita bost urtez haiei eusteko konpromisoa hartuta.
2. Oro har espediente mota guztientzat, gerora bete beharreko konpromisoa da inbertsioaren izaerari edo gauzatzeko baldintzei eragiten ez dien inolako aldaketa garrantzizkorik ez egitea, eta ez aldatzea nabarmenki eragiketaren izaera, helburuak edo hura gauzatzeko baldintzak, hori guztia jatorrizko helburuak ez kaltetzeko.
12. oinarria.–Laguntza-eskaera eta dokumentazio osagarria.
1.1. Laguntza eskaerak aurkezten ahalko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan onartutako baliabideak erabiliz.
Hala ere, administrazio publikoekin harreman elektronikoa izatera behartuta daudenek, aipatutako legearen 14. artikuluaren arabera, beren eskaerak eta lotutako dokumentazio guztia SGANA aplikazio informatikoaren bidez aurkeztu beharko dituzte, horrexetarako gaitu baitu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak. Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izatera behartuta daudenek eskaera tramitatzen badute beste bide batzuk erabiliz, instrukzioa egiten duen unitateak eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun naturaleko epean egin dezala tramitazioa SGANA aplikazioaren bidez, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpen espresua eman ondoren. Ebazpen hori aipatutako legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan eman beharko da, eta bertan adieraziko dira gertatutako egitateak eta aplikatu beharreko arauak.
Dirulaguntza eskaerek balioko dute Basogintzako Administrazioaren ingurumen baimena ere eskatzeko, eskaeran proposatutako jarduketak egite aldera.
1.2. Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluaren arabera ("pizgarri-efektua duten laguntzei" aplikatzekoa), dirulaguntza eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak ez dira diruz lagungarriak izanen, dirulaguntza honek eragin pizgarria duelako (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 42. artikuluaren aplikazio eremuko neurrien esparruan egindako inbertsio eragiketei dagokienez, dagokion laguntza eskaera eskumeneko agintaritzan aurkeztu aurretik egindako gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak, arau orokorraren salbuespen: ondasun higiezinen hobekuntza gastuei lotutako kostu orokorrak, hala nola arkitektoen, ingeniarien eta aholkularien ordainsariak eta jasangarritasun ekonomiko eta ingurumenekoari buruzko aholkularitzari lotutako ordainsariak, barnean direla bideragarritasun azterlanak; bideragarritasun azterlanek gastu diruz lagungarriak izaten segituko dute, baldin eta eskatutako eta onartutako ekintzetako bat, gutxienez, likidatu bada. Egoera hori justifikaturik geldituko da laguntza eskaeraren 5. inprimakiaren 2. atalean.
1.3. Laguntza eskaera guztiekin batera II. eranskineko dokumentu hauek aurkeztu beharko dira. "Laguntza eskaerak".
a.–Laguntzak eskatzeko inprimaki ofiziala (1. inprimakia), interesdunak aplikazio telematikoan beteta eta sinatuta, laguntza-eskaerak aurkezteko epean, gutxienez onartu ahal izateko eta prozedurarekin jarraitu ahal izateko; bestela, laguntza-eskaera artxibatu eginen da.
b.–"Eskatutako ekintzak" izeneko inprimakia (2. inprimakia). Proiektu edo memoria teknikoari erantsiko zaio, behar bezala betea, zigilatua eta sinatua.
Inprimaki horren datuak eskatutako laguntzaren laburpena izanen dira eta beraz bat etorri beharko dute espedientean sartutako memoria teknikoa edo proiektu teknikoan justifikatutakoekin. Argi gelditu beharko da jarduketarako lekuaren udalerri, poligono eta lurzatiaren katastroko erreferentzia.
c.–Ordezkari teknikoari baimena emateko inprimakia (3. inprimakia), eredu normalizatuaren araberakoa, hirugarrenek ordezkatzea nahi duten eskatzaileentzat, ordezkatuak emandako irismen eta iraupenarekin. Ordezkariaren NANaren fotokopia erantsi beharko da, baina hori ez da beharrezkoa izanen ordezkariak aurreko 3 kanpainetakoren batean aurkeztu baldin badu, edo ordezkaria laguntza hauen kudeaketan departamentuari laguntzen dion kabinete bateko teknikari bat baldin bada eta aurreko batean bere NANa aurkeztu badu; kasu horietan, berariaz adierazi beharko da zer kanpaina eta espedientetan aurkeztu zuen bere NANa ordezkari gisa jardunda, hura aurkitzeko.
Horrela eratutako ordezkaritzak, hala badagokio, laguntzen kanpaina bat baino gehiago har dezake, eta amaituko da kabinete teknikoaren hautaketan aldaketak gertatzen direnean.
d.–Eragile pribatua bada, jarduketa diruz lagungarriak eginen diren tokian dituen eskubideen egiaztagiriak (4. inprimakia).
Laguntzen eskatzaileak egiaztatu beharko du ahalmenak edo eskubideak dituela jarduketa diruz lagungarriak laguntza-eskaeraren xede diren lurretan egiteko, modu hauetako batean:
1. Jabea, errentaria edo gozamenduna dela justifikatuz, Jabetza Erregistroaren ohar soil edo karga-ziurtagiri baten bidez. Katastroko titulartasunak ez du frogatzen lurren jabetza.
2. "Lurzatiaren jabearen baimen-ematea eskatzailearen alde" inprimakia aurkeztuz, lurren jabe bakoitzaren NAN/IFZ/IFK agiriaren fotokopiarekin eta horien jabetza-eskubidea egiaztatzen duen dokumentazioarekin (Jabetza Erregistroak emana) batera.
3. Errentamendu kontratuak, herri-lurretarako udalen baimenak, edo gozamen-eskubidea frogatzen duen edo lur horien benetako edukitza egiaztatzen duen beste edozein agiri, zuzenbidearen araberakoa betiere.
e.–Eskatzailea ez bada eskatutako lurzatien jabea, lurzatiaren jabeak bere jabetzako lurretan jarduketak egiteko emandako baimenaren inprimakia (4. inprimakia). Ez da laguntzarik emanen baldin eta gatazkarik badago lurzatien jabetza dela-eta toki-erakundearen eta partikularren artean edo partikularren artean. Gatazka laguntzak eman ondoren sortzen bada, ez da ordainduko auzitan dauden lurretan gauzatzen diren ekintzen zatia, jabetza argitu arte.
f.–Ziurtagiriaren / erantzukizunpeko adierazpenaren inprimakia (5. inprimakia), kasu guztietan atal hauek beteta: 2. atala, dioena eskaera aurkeztu aurretik jarduketak ez direla hasiko, eta 4. atala, dioena Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen eta deialdi honen 18. oinarriaren ondoriozko betebeharrak betetzen direla.
g.–IFK/IFZaren fotokopia: beharrezkoa izanen da, bakar-bakarrik, eskatzailea erregistraturik agertzen ez denean Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren SGANA kudeaketa-aplikazioan.
h.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, beste banku helbideratze batean kobratu nahi bada eta Administrazioak haren daturik ez badu, edo eskatzailea berria bada. Dokumentu hori Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean entregatuko da. Helbide honetan egonen da eskuragarri:
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak
i.–Ebazpen honetako "Balorazio irizpideak" atalean ezarritako puntuak eskuratzeko beharrezkoa den dokumentazioa, Basogintzako Administrazioaren eskutan ez dagoena. Bereziki, basogintzako jardueretarako laguntzetan, adieraziko da laguntzak eskatzen ote diren 2023ko abuztuaren 1etik, kanpaina honen eskaera aurkeztu arte, gertatutako ezbehar naturalen ondorioz hondaturiko basogintzako azpiegiturak lehengoratzeko.
j.–Eskatutako jarduketak ez badaude Nafarroako baso jardueraren prezioen tarifetan jasorik, proiektua idatzi duen teknikariak justifikatu beharko du desbideratze hori, eta Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartu edo ukatu eginen du, hori guztia 5. oinarriko 3. puntuan adierazitako kostuen moderazioa aplikatuz. Justifikazio gisa onartuko da proformako hiru faktura aurkeztea ere, hiru eskaintza alderatu ahal izateko.
k.–Memoria teknikoa edo proiektu teknikoa (kontrata bidezko gauzatze aurrekontua 15.000 eurokoa edo hortik beheitikoa bada, memoria teknikoa izenekoa aurkeztu behar da, eta 15.000 eurotik goitiko bada, proiektua aurkeztu beharko da, 7. oinarrian ezarritakoari jarraikiz), makaldiak kudeatzeko plana barne. Aski izanen da PDF edo Word formatuko artxibo bat, indarrean dagoen legeriaren arabera basogintza arloan eskumena duen unibertsitateko teknikari eskudun batek elektronikoki sinatua eta oinarri hauetan ezarritako jarraibideen arabera egina. Artxiboetako bakar bat ere ez da zortzi megakoa baino handiagoa izanen. Planoak, gainera, SHP formatuan erantsiko dira. Kartografia digitalak ETRS89 proiekzioan egon beharko du.
l.–Basolanetarako dirulaguntzen deialdian lehenbiziko aldiz parte hartzen duten Mendi Batasunen kasuan, eskaera batasunaren alde izanen da, eta honako dokumentazio osagarri hau erantsiko da:
–Batasunaren estatutuak; batasunaren IFK.
–Ordezkariaren izendapena (3. inprimakia), baldin bera ez bada Batasuneko lehendakaria estatutuen arabera.
–Kudeaketarako plan tekniko onetsia (IDPOMa azaldu behar da laguntza eskaeran).
m.–Baso jabeen batasunek parte-hartzaileen izenen zerrenda aurkeztu behar dute, bertan adierazita haietako bakoitzaren NANa, batasuneko kide dela agertzen duen sinadura eta laguntza eskaeran sartzen dituen bere lurzatiak. Hurrengo kanpainei begira, zerrenda hori ez da eguneratu beharko aldaketarik ez badu.
n.–Eskaera batean ekintzen mantentze-lanak baizik ez bada sartzen, eta aurreko kanpainetan lan horietarako dirulaguntza eman bada, 1. eta 2. (eskatutako ekintzak) inprimakiak bakarrik aurkeztuko dira, honako hauek azalduz: jatorrizko espedientearen erreferentzia, egin nahi diren mantentze-lanen laburpen txiki bat eta ekintza bakoitzeko aurrekontua eta aurrekontu osoa. Kontrataren gauzatze aurrekontua, guztira, 15.000 eurotik gorakoa bada, proiektu tekniko bat ere aurkeztu beharko da.
ñ.–Basoko bideak eta kargaleku iraunkorrak egiteko eta hobetzeko ekintzetan aurreikusitako dirulaguntzaren gehieneko mugak gainditzea eskatzen bada, 7. oinarrian horretarako ezarritako erabaki eta ziurtagiri guztiak aurkeztu beharko dira. Dokumentazio hori ez bada aurkezten eskaera aurkezten denean, gero ezin izanen da zuzendu, eta ulertuko da eskatzaileak ez duela zuzentzeko aukerarik eskatuko.
1.4. Aurrekoaz gain, eta adierazitako subjektuentzat soilik, laguntza-eskaerekin batera III. eranskineko dokumentu hauek aurkeztu beharko dira.
"Laguntza-eskaerak":
(a) Onura publikoko mendien titular diren toki-erakundeak: 5. inprimakian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena, haien baso aprobetxamenduen zenbatekoaren %20ko gutxieneko inbertsioari buruzkoa, 5. oinarriaren e) letran zehazten den bezala, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 67. artikulua betez, barnean sartu gabe suak hartutako lekuetako egurra saltzetik lortutako aparteko diru-sarrerak.
(b) Mendi babesleetan jarduten duten eragile pribatuak: 5. inprimakian aipatutako erantzukizunpeko adierazpena, haien baso aprobetxamenduen zenbatekoaren %20ko gutxieneko inbertsioari buruzkoa, 5. oinarriaren e) letran zehazten den bezala, Nafarroako Baso Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen 67. artikulua betez.
1.5. Eskaerarekin batera aipatutako dokumentazioa aurkeztu ezean, dagokion instrukzio unitateak eskatzaileari eskatuko dio gehienez hamar egun naturaleko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da; ebazpen horrek arrazoitua izan beharko du eta gertakarien nahiz zuzenbide oinarrien aipamen laburra eginen du, aipatutako 39/2015 Legearen 35.1 artikuluko g) letran ezarritakoa betez.
Toki-erakundeentzako eta pertsona juridikoak diren eragile pribatuentzako errekerimendua gaitutako helbide elektronikoaren (hemendik aurrera, GHE) bitartez jakinaraziko da. Pertsona fisikoak diren eragile pribatuei gutun ziurtatuaren bidez jakinaraziko zaie, edo laguntza-eskaeran gaitutako eskatzailearen helbide elektronikoa erabilita, baldin eta horrela aukeratu badute.
1.6. Errekerimenduei elektronikoki erantzutea onartuko da, baldin tramitatzen badira erregistro elektronikoa erabiliz edo SGANA aplikazio informatikoan erregistratuta.
1.7. Onuradunak eskaera bakarra aurkeztu beharko du deialdi bakoitzeko.
1.8. Aurkeztutako eskaerak aldatzea onartuko da, eskaerak aurkezteko epearen barnean soilik.
13. oinarria.–Eskaerak aldatzea.
13.1. Aurkeztutako eskaeren aldaketa ez nabarmenak onartuko dira, baldin eta ebazpen honen 4. puntuan ("Eskaerak aurkezteko epea") aurreikusita dagoen eskaerak aurkezteko epean egiten badira. Proiektua teknikoki hobetzeko aldaketak baizik ez dira onartuko, eskatutakoaren helburua eta izaera aldatzen ez dituztenak. Instrukzio organoaren balorazioaren menpe egonen da laguntza eskaeran aldaketak onestea.
13.2. Ez dira onartuko:
(a) Eskaeretan aldaketa nabarmenak egitea, hala nola jarduketen eremu geografikoa aldatzea, behar bezala justifikatzen denean salbu, ekintzak aldatzea modalitate baten baitan, aurrekontua handitzea eskaeran errakuntza material hutsik izan gabe edo hasieran eskatu ez diren neurriak sartzea.
(b) Aldaketak egitea, baldin eta 8. oinarrian adierazitako balorazio irizpideen aplikazioa aldarazten badute.
14.3. Onartutako aldaketak eskaeraren titularrari jakinaraziko zaizkio eta, betiere, laguntza ematen duen ebazpena baino lehen tramitatuko dira.
14. oinarria.–Instrukzio organoa.
Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak neurri honetan jasotako laguntzak emateko eta ordaintzeko prozedurak instruituko ditu, eta laguntza emateko eta urteko ordainketa egiteko proposamenak ere eginen ditu.
15. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.
Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak eskaerak ofizioz ebaluatuko ditu norgehiagokako prozeduraren arabera eta arau honetan ezarritako balorazio irizpide, modu eta lehentasunen arabera.
Behar diren kontrolak eginen dira eskaerak onartzeko modukoak direla eta eskatutako jarduketak mendiaren beharretara egokitzen direla egiaztatzeko. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza-eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak laguntza emateko proposamena eginen du, neurri bakoitzeko eta eskatzaile mota bakoitzeko, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiari igorriko. Laguntza emateko espedientean jaso beharko da onuradunak laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituela.
Laguntza emateko eta ordainketa egiteko ebazpenen proposamenek arrazoituak izan beharko dute, gertakarien nahiz zuzenbide oinarrien aipamen laburra eginez, eta eskatzaileen zerrenda osoa jasoko dute; zerrendan irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa jasoko da, eskatzaile motak (erakunde publikoak eta eragile pribatuak) bereizita, errazago uler dadin nola ebatzi diren balizko berdinketak.
Finantzatu beharreko azken proiektuaren dirulaguntza-proposamenaren zenbatekoa txikiagoa bada aurkeztutako eskaeran agertzen dena baino, aurrekontuan diru erabilgarririk ez dagoelako, instrukzio-organoak eskaera birformulatzeko eskatzen ahalko du. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Kudeaketa organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko ebazpena eman dezan.
16. oinarria.–Ebazpena.
16.1. Ebazpen proposamenak ikusirik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du.
16.2. Laguntza emateko ebazpenak, neurri bakoitzeko eta eskatzaile mota bakoitzeko, arrazoituak izanen dira, gertakarien nahiz zuzenbide oinarrien aipamena eginez.
16.3. Ebazpen bakoitzak erakunde publiko eskatzaileen eta eragile pribatuen zerrendak izanen ditu, bietan irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa jasota, errazago uler dadin nola ebatzi diren balizko berdinketak.
Ebazpenetan, dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, zein diren aurrekontuko baliabideen mugagatik ezetsitakoak.
16.4. Neurrietako bati dagokion aurrekontuko kreditua nahikoa ez bada deialdi honetako 9. oinarrian jasotako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskaera guztiei laguntza emateko, ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik aintzat hartu ezin diren eskaerak.
16.5. Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira laguntzak emateko ebazpenak, dagozkien eranskinekin batera.
16.6. Prozedura ebazteko sei hilabeteko epea iragaten bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsitzat joko da.
16.7. Laguntza emateko ebazpena GHEren (gaitutako helbide elektronikoa) bitartez jakinaraziko zaie toki-erakundeei eta pertsona juridikoak diren eragile pribatuei; pertsona fisikoak diren eragile pribatuei gutun ziurtatuaren bidez jakinaraziko zaie, edo laguntza-eskaeran gaitutako eskatzailearen helbide elektronikoa erabilita, baldin eta horrela aukeratu badute.
17. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.
17.1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2025eko urriaren 9a izanen da 2024-2025 kanpainako laguntza eskaeretarako. Horrenbestez, fakturen ordainagiriek (transferentziek, kontuan egindako diru-sarrerek edo antzekoek) inbertsio osoa ordaindu dela frogatuko dute, eta 2025eko urriaren 9a baino lehenagokoak izanen dira.
17.2. Onuradunak 2025eko urriaren 17ra arteko epea izanen du hurrengo puntuetan azaltzen den ordainketaren eskaerari buruzko dokumentazio guztia aurkezteko.
17.3. Administrazioarekin harreman elektronikoak izatera behartuta dauden titularren kasuan, ordainketa eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, SGANA aplikazio informatikoa erabiliz, horrexetarako gaitu baitu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak. Kasu horietan, eskaera beste bide batzuk erabiliz tramitatzen bada, dagokion instrukzio unitateak eskatuko dio eskatzaileari gehienez hamar egun naturaleko epean SGANA aplikazioaren bidez aurkez dezala, eta adieraziko dio egin ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da; ebazpen horrek arrazoitua izan beharko du eta gertakarien nahiz zuzenbide oinarrien aipamen laburra eginen du, aipatutako 39/2015 Legearen 35.1 artikuluko g) letran ezarritakoa betez.
Administrazio publikoekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izatera behartuta ez dauden pertsona fisikoek aurreko paragrafoan aipatutako eskaera aurkezten ahalko dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan onartutako edozein bide erabilita, eta goian aipatutako SGANA aplikazioa erabiltzea ere onartuko da; horretarako, sarbidea emanen zaie 2 eguneko epean, eskaera egiten dutenetik zenbatzen hasita.
17.4. Ordainketaren eskaera guztiekin batera II. eranskineko dokumentu hauek aurkeztu beharko dira. "Ordainketaren eskaeran aurkeztu beharreko inprimakiak":
a) Ordainketa eskatzeko inprimakia: 6a inprimakia (4. neurrirako) eta 6b inprimakia (8. neurrirako). Toki-erakundeen kasuan, toki-erakundeko idazkariak sinatu beharko ditu. Eragile pribatuen kasuan, laguntzen onuradunak sinatu beharko du, eta erantsiko da gastuaren (fakturak) eta ordainketaren (banku-karguak) frogagiri guztien fotokopia konpultsatua edo originala.
b) Obra zuzendaritzaren ziurtagiriaren inprimakia (7. inprimakia), deialdi honek bere baitan biltzen dituen laguntza mota guztietako jarduketa guztiak jasoko dituena, behar bezala betea eta obra zuzendariak sinatua, toki-erakundearen oniritzi sinatuarekin edo eragile pribatuarenarekin. Obra zuzendaritzarik ez bada behar, onuradunak berak sinatuko du inprimakia.
c) Basoberritze lanen, basoberritzeen mantentze-lanen edo kimatzeen kasuan, obra zuzendariaren erantzukizunpeko adierazpena (8. inprimakia), honako hauek frogatzeko, behar denean: kalitate osoko eta komertzialeko hazi edo landareak erabili izana, indarreko araudiaren araberakoak eta proiektuan edo memoria teknikoan deskribatutakoaren araberakoak, eta, horrekin batera, ugalketarako baso materialaren jatorriari buruzko ziurtagiria, erabilitako landarearen edo haziaren hornidura egin duen mintegiak emana; udako garbiketen egunak; kimatutako zuhaitz kopurua; eta kimatzearen egunak.
d) Bakantzeen kasuan, toki-erakundearen ziurtagiria edo eragile pribatuaren erantzukizunpeko adierazpena, ekintza hori egiteagatik inolako diru-sarrerarik eskuratu ez duela dioena (9. inprimakia).
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xedeko kostuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina enpresa ez badago edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
Aurreko bi salbuespen horien justifikazioa onuradunaren zinpeko adierazpenaren bidez eginen da, eta bertan adieraziko da hornitzailearen hautaketa efizientzia eta ekonomia irizpideekin egin dela ez egiaztatzearen arrazoia arauak aipatzen dituen bi irizpideetako baten konkurrentzia dela, konkurrentea zein den aipatuz.
Hornitzailearen hautaketa eraginkortasun eta ekonomia irizpideen arabera egin dela egiaztatzeko, honela jokatuko da:
(e.1) Obren kasuan:
–Obra kontrata bidez gauzatzeko aurrekontu lizitatua 30.000 eurotik gorakoa bada, 40.000 euro arte (BEZa kanpo): hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu behar da, 10. inprimakia aurkeztuz.
–Obra kontrata bidez gauzatzeko aurrekontu lizitatua 40.000 eurotik gorakoa bada (BEZa kanpo): hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu behar da (10. inprimakia), eta kontratatzeko erabilitako prozedura frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da (11. inprimakia).
(e.2) Aholkularitza zerbitzuen kasuan (obra zuzendaritza / dokumentazio teknikoa prestatzea):
–Obra zuzendaritzan edo dokumentazio teknikoa prestatzeko aholkularitza zerbitzuko aurrekontua 12.000 euro baino gorakoa bada, 15.000 euro arte (BEZa kanpo): hornitzailea eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu behar da, 10. inprimakia aurkeztuz.
–Obra zuzendaritzan edo dokumentazio teknikoa prestatzeko aholkularitza zerbitzuko aurrekontua 15.000 euro baino gorakoa bada (BEZa kanpo): hornitzailea eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela frogatu behar da (10. inprimakia), eta kontratatzeko erabilitako prozedura frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da (11. inprimakia).
Eragile pribatuek 12. inprimakia aurkeztuko dute, atal honetan jasotako kasu guztietan.
f) Jatorrizko fakturak edo horien kopia konpultsatuak, laguntza eskaeraren dataren ondorengoak, dokumentazio teknikoaren 12. oinarriaren 2. puntuan ezartzen den salbuespena izan ezik. Onuradunari lotutako pertsonek aukera izanen dute emandako ekintzak egin eta fakturatzeko, betiere baso-jarduera ekonomikoaren eremuko profesionalak badira.
g) Ordainagiriak. Bankuko karguak izanen dira, gutxienez datu hauek agertuko dituztenak: transferentziaren jaulkitzailearen izena, onuradunaren izena, zenbatekoa, karguaren data eta kontzeptua, faktura-zenbaki eta guzti. Ordainketa faktura sorta baten bidez egiten bada, horren ordainagiria erantsi beharko da, bai eta horren xehetasuna eta fakturen sortaren eta ordainketaren arteko erlazioa ere. Salbuespenez, enpresa hornitzaileak egindako fakturak onartuko dira ordainketaren egiaztagiri gisa, 1.000 eurotik gorakoak ez badira, eta faktura horietan identifikazio sinadura eta enpresaren zigilua dituen hartu-agiri bat agertzen bada. Gauzatan edo norberaren baliabideak erabiliz egindako ordainketak ez dira onartuko.
h) Obra liburu osoa, ziurtapen guztiak jasoko dituena, obraren exekuzioan parte hartzen duen kontratista bakoitzeko ziurtapen bat, hain zuzen. Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari aurkeztutako ziurtapen bakoitza proiektuko obra unitateei lotua egonen da (edo, zein den kasua, dagozkien aldaketei, baldin eta horiek aurretik onartuak izan badira eta haien gaineko akta baldin bada). Modu berean, aurkeztutako faktura edo gastuen egiaztagiri bakoitza aurkeztutako frogagiriari lotua egonen da.
i) Obra zuzendaritzarik eskatzen ez bada, lanak bukatu izanaren jakinarazpena aurkeztuko du onuradunak, hari fakturak erantsita. Ordainketaren eta gastuaren frogagiriek memoria teknikoan aurreikusitako obra unitateei edo/eta ziurtagiriei buruzkoak izan beharko dute.
17.5. Aurreko dokumentazioa dagokion epean aurkeztu ezean, likidatutako dirulaguntzari %1 kenduko zaio justifikazioa atzeratzen den egun natural bakoitzeko, eta 7 egun naturalez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, dirulaguntza galdutzat emanen da.
17.6. Salbuespen gisa eta arrazoiturik, eta lanak amaitzeko epea bukatu baino lehen, luzapenak eskatzen ahalko dira diruz lagundutako lanak egiteko. Luzapen horiek Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuan espedientearen ardura duen teknikariak berariaz baimendu beharko ditu, eta beste gauzatze epe bat ezarriko du, gehienez ere hilabetekoa. Agiri horiek luzapenean emandako epean aurkezten ez badira, dirulaguntza galduko da.
18. oinarria.–Laguntzen ordainketa.
18.1. Egoki diren dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, behin egiaztatuta horiek ematea eragin zuen inbertsioa burutu dela eta oinarri hauen xedeko laguntzen onuradunak gardentasunari buruzko arauditik eratorritako betebeharrak betetzen dituela.
Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik, harik eta unitate kudeatzaileak inbertsioa amaitu dela eta ordainketa frogagiriak egokiak direla egiaztatu arte.
Onuradunek bete beharko dute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa, bereziki ezarrita dagoena azken horren 4. eta 5. artikuluetan beren kontuei eta gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-organoetako kideei buruzko informazioa jakinaraztearen gainean, osaerari, ordainsariei eta eginkizunei dagokienez.
Informazio hori telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoa erabilita, foru dekretu honetan agertzen diren tramite guztiak egiteko komunikazio-kanala izanen baita. Informazioa dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratibora zuzenduko da. Honako informazio hau aurkeztu beharko da:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.
Entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du aipatutako informazioa.
Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.
Aipatutako arauetan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra konplitzen ez bada, onartutako dirulaguntza ez da ordainduko, eta, hala bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Entitate eta pertsona juridikoek gardentasun betebehar legalak konplitu behar dituzte baldin eta, urte naturalaren barnean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, edo haren organismo publikoek, 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eman badizkie, edo entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren %20tik gorakoak, foru dekretuan bertan xedatutakoari jarraituz.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, 59/2013 Foru Dekretuaren 3. artikuluan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.
Organo kudeatzaileak txosten bat emanen du dirulaguntzaren xedeak betetzen direla egiaztatzeko. Ordaintzeko proposamenari erantsiko zaio, eta berariaz aipatuko du foru dekretu horretan aurreikusten den informaziorako betebeharra betetzen dela.
18.2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak aurkeztu duela gardentasun betebeharrei eta hartutako konpromisoei buruzko dokumentazioa, eta inbertsioa bat datorrela aurkeztutako proiektuarekin edo memoria teknikoarekin. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.
18.3. Ordainketa ebazpen bat emanen da eskatzaile mota bakoitzeko. Ordainketa ebazpenak honela jakinaraziko dira: administrazio publikoekin harreman elektronikoa izatera behartuta dauden onuradunei eta horretara behartuta ez egon arren sistema hori hautatu dutenei GEH (gaitutako helbide elektronikoa) bidez jakinaraziko zaie, eta harremanetarako bitarteko elektronikoak hautatu ez dituzten eragile pribatuei, berriz, gutun ziurtatuaren bidez.
18.4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Administrazioan eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntzak ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.
Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal dira lanak egin diren tokietara eta onuradunentzako laguntzei buruzko dokumentazioa gordetzen den tokietara, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.
18.5. Ezin izanen da emandako zenbatekoen gainetik dagoen ordainketarik egin.
Hala ere, emakida-ebazpena aldatzen ahalko da, emakidaren eta ordainketaren artean gertatutako hondamendi naturalen ondoriozko beharrak gertatzen direnean. Kasu horretan, onuradunak emakida aldatzeko eskaera aurkeztu beharko du, argudiatuta eta bere aurrekontuarekin. Kudeaketa-unitateak onartu beharko du, eta egiaztatuko du ea nahikoa aurrekontu-krediturik dagoen dirulaguntza emateko ebazpena aldatzeko eta, horrela, jarduketa bereziak baimentzeko.
19. oinarria.–Ordainketen murrizketak.
19.1. Murrizketak, ordaintzeko eskaeraren gastuen onargarritasun kontrolak egin ondoren:
Kontrol administratiboak eta tokian berean egitekoak amaitu ondoren:
1.–Inbertsioa 2025eko urriaren 9a baino lehen amaitzeko konpromisoa 17. oinarriko 1. puntuari jarraikiz ez betetzeak berarekin ekarriko du dirulaguntzari %1 kentzea inbertsioaren amaiera atzeratzen den egun natural bakoitzeko, 7 egun naturalez, gehienez ere. Gehiago atzeratuz gero, dirulaguntza galdutzat emanen da.
2.–Kudeaketa organoak egindako kontrolen ondotik onuradunak eskatutako ordainketaren zenbatekoa %10 handiagoa bada onuradunari ordaindu beharrekoa baino, murrizketa bat ezarriko da, eskatutako zenbatekoaren eta zehaztutakoaren arteko aldea adinakoa, eta ez da izanen laguntzatik haragokoa.
Murrizketa hori aplikatzeko, legez ezarritako prozedurari jarraituko zaio, eta kontuan hartuko da, nolanahi ere, zigorra ezarri aurretik onuradunari aukera emanen zaiola frogatzeko bera ez dela onargarri ez den zenbatekoa sartzearen erantzulea.
19.2. Murrizketak, onartzeko irizpide/betebeharrak ez betetzeagatik eta laguntza eta ordainketa eskaeraren konpromisoak eta beste betebehar batzuk ez betetzeagatik:
a) Ez-betetze baztertzaileak:
1.–Inbertsioa gauzatu ondoren, Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuak onartutako zenbatekoa txikiagoa bada espediente bakoitzeko gutxieneko inbertsio lagungarria baino (7. oinarriko 7.2 puntuan ezarria), espediente horri ez zaio laguntzarik ordainduko.
2.–Ordainketak egiteko unean ikusten bada onuradunen batek ez duela betetzen hasierako puntuazioa zehazteko irizpideren bat, eta, horren ondorioz, eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez badu, dirulaguntza baliogabetuko da, horretarako emandako ebazpen arrazoituaren bidez, eta, ondorioz, ez da inolako ordainketarik eginen.
3.–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuz, dagokion espedientearen bidez egiaztatzen bada onuradunak nahita egin duela aitorpen faltsu bat, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, eta eskatuko zaio berandutze-interesa ordaintzea, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabaki arteko tarteari dagokiona (35.2.a artikulua).
Dirulaguntza bat eskuratzea hura lortzeko baldintzak faltsutuz edo eragotzi edo murriztuko zutenak ezkutatuz arau-hauste administratibo oso astuna da, 42.1 artikuluko 1.1 azpiepigrafearen a) letraren arabera, eta 43.1 artikuluko 1.1 azpiepigrafean aurreikusitako zehapenak ezarriko zaizkio. Zehapen horien artean, dagokion isunaz gain, administrazio publikoen edo beste erakunde publiko batzuen dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak lortzeko aukera galtzea dago, bai eta entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea (foru lege horretan araututako dirulaguntzei dagokienez) eta administrazio publikoekin kontratuak egiteko debekua ere. Zehapen horiek guztiak bost urtera arteko epean ezar daitezke, dagokion zehapen prozeduran hautemandako larritasunaren arabera.
b) Ez-betetze oinarrizkoak eta nagusiak:
–Basoberritzeetan eta beste landaketa batzuetan:
Laguntza ordaindu ondoko hirugarren, laugarren edo bosgarren urtean hutsarteak antzematen badira, eta landaketen edo babes sistemen mantentze-lanak behar bezala ez egitearen ondorioa bada:
- Hutsarteak %10-%25 tartean badaude, landaketagatik (babes sistemei dagokiena barne) eta lehenbiziko bi urteetako mantentze-lanengatik jasotako laguntzaren %20 itzuli beharko da. Ez-betetze nagusia.
- Hutsarteak %25etik gorakoak badira, landaketagatik (babes sistemei dagokiena barne) eta lehenbiziko bi urteetako mantentze-lanengatik jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da. Ez-betetze oinarrizkoa.
–Mantentze-lanetan:
Basoberritze produktiboetarako ezinbestekoak diren mantentze-lanak (kimatzeak eta aratzeak) eta eskaeran aurkezten den mantentze-lanen planean deskribatutakoak egiten ez badira, ezinbesteko kasuetan izan ezik, egoera hori detektatu arte jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da. Ez-betetze oinarrizkoa.
–Sasi garbiketan: lurrazala hondatzea eta garbiketaren aurreko egoerara bueltatzea 5 urte baino gutxiagoko epean.
Garbitutako azalera laguntza pagatu ondoko hirugarren, laugarren edo bosgarren urtean hondatzen bada:
- Azalaren %10etik %25era hondatzen bada, jasotako laguntzaren %20 itzuli beharko da. Ez-betetze nagusia.
- Azalaren %25etik gora hondatzen bada, jasotako laguntzaren %100 itzuli beharko da. Ez-betetze oinarrizkoa.
–Mendiko pistetan: hobetutako azpiegituraren baldintzak andeatzea 5 urte baino lehenago (non ez dituen hondamendi natural larriren batek eragin), egindako obraren ezkutuko akatsak agertzen dituela.
- Jasotako laguntzaren %20 itzuliko da diruz lagundutako azpiegiturek funtzionaltasuna galtzen badute edo hondatzen badira, eta ibilgailuak hor barna ibiltzen ahal badira. Ez-betetze nagusia.
- Jasotako laguntzaren %100 itzuliko da, zelaitzea hobetzeko edo basoko bide berriak egiteko direnean, eta ibilgailuak ezin badira hortik ibili. Ez-betetze oinarrizkoa.
–Diruz lagundutako beste inbertsio batzuetan: azpiegituretan egiten diren inbertsioak funtzionalak izanen dira, gutxienez, laguntza ordaindu eta hurrengo bost urteko aldian. Aldi horretan ikusten baldin bada ez dutela beren helburua betetzen, jarduketa horretarako jasotako dirulaguntza osoa itzuliko da, baldin lehenbiziko bi urteetan gertatzen bada erabileraren galera, eta, hirugarrenean, laugarrenean edo bosgarrenean gertatzen bada, erdia. Ez-betetze oinarrizkoa.
c) Bigarren mailako ez-betetzeak:
1.–Kontratazio publikoarekin lotutako arauak betetzen ez badira, dagozkion zehapen prozedurak abiarazten ahalko dira, eta, kasua bada, modu bidegabean jasotakoa itzuli beharko da.
2.–Aipatutako murrizketak ez dira aplikatuko baldin eta onuradunak frogatzen badu ezinbesteko arrazoiengatik gertatu direla, edo gerora sortutako eta onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoien frogagiriak aurkezten baditu. Honako hauek izanen dira ezinbesteko arrazoiak:
a. Hondamendi natural larria, instalazioei (kasu honetan, baso-ustiategiei) edo diruz lagundutako makinei nabarmen eragiten diena.
b. Inbertsioa nahi gabe hondatzea onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik, garaiz eta behar bezala jakinarazten bazaio Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzuari.
20. oinarria.–Laguntzak metatzea.
Emandako dirulaguntza honako laguntza hauetako bati edo batzuei metatzen ahalko zaie, baldin eta dagokion araudia errespetatzen bada:
1. Batasunaren organoek kudeatutako laguntzak eta landa garapenerako estatu-laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, baldin eta gainditzen ez badira Batasunaren Zuzenbidearen arau aplikagarrietan laguntzetarako ezarritako gehieneko intentsitate portzentajeak.
2. Landa garapenerako estatu-laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarriak badituzte) eta estatuko beste laguntza batzuk, baldin eta kostu diruz lagungarriak ezberdinak badira edo, kostu diruz lagungarriak berdinak izanda ere, bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntzetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo laguntzarako gehieneko intentsitate portzentajeak.
3. Estatuak landa garapenerako ematen dituen laguntzak, kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak, eta Estatuko beste edozein laguntza, azken horrek kostu diruz lagungarri identifikagarriak baditu.
4. Landa garapenerako estatu-laguntzak (kostu diruz lagungarri identifikagarririk ez dutenak) eta estatuko beste edozein laguntza, azken horrek ere kostu diruz lagungarri identifikagarriak ez baditu, baldin eta bien artean gainditzen ez badira landa garapenerako estatu-laguntza handienarentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitate portzentajeak.
5. Nekazaritza sektorearentzako landa garapenerako estatu-laguntzak eta LGENFren laguntzak, kostu diruz lagungarri berberetarako direnean, izan LGENFrekin batera finantzatzen ahal direnak, izan finantzaketa nazionala baizik ez dutenak, eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzentzat ezarritako gehieneko laguntza edo gehieneko intentsitatea.
6. Landa garapenerako estatu-laguntzak eta kostu diruz lagungarri berberetarako gutxieneko laguntzak, baldin eta bien artean gainditzen ez bada landa garapenerako estatu-laguntzarako ezarritako gehieneko zenbatekoa edo gehieneko intentsitatea.
21. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
1. Laguntza hauen onuradun diren pertsona fisikoen datuak argitara emanen dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 67.5 eta 99 artikuluetan xedatutakoa betez (erregelamendu hori Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa da eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du), bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin (datu pertsonalen tratamenduari eta haien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena –Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra–).
2. Onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek erabiltzen ahalko dituzte, baldin zerikusirik badute administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako nahiz jarraipen eta ebaluazio betebeharrekin, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 101. artikuluan ezarritakoarekin (erregelamendu hori Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa da eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko urriaren 23ko 2018/1725 (EB) Erregelamenduaren arabera (erregelamendu hori pertsona fisikoen babesari buruzkoa da, Europar Batasuneko instituzio, organo eta organismoek datu pertsonalak tratatzeari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta 45/2001 (EE) Erregelamendua eta 1247/2002/EE Erabakia indargabetzen ditu).
3. Ondorio horietarako, pertsona fisiko diren onuradunek honako hauetan ezarritako eskubideak izanen dituzte: Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (izan ere, erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua, Datuak babesteko erregelamendu orokorra).
II. ERANSKINA.–LAGUNTZAREN ETA ORDAINKETAREN ESKAERETARAKO INPRIMAKIAK
1. inprimakia.–Basolanetarako laguntzen eskaera, 2024-2025 kanpaina
2. inprimakia.–Eskatutako jarduketak.
3. inprimakia.–Ordezkaritza teknikorako baimena.
4. inprimakia.–Lurzatiaren jabeak eskatzaileari emandako baimena.
5. inprimakia.–Ziurtagiria / erantzukizunpeko adierazpena 2024-2025.
ORDAINKETAREN ESKAERAN AURKEZTU BEHARREKO INPRIMAKIAK:
6 a inprimakia toki-erakundeentzat eta eragile pribatuentzat (6881.1 esku-hartzea: Basoberritzeak).–I. ordainketa eskaera: gastuen eta ordainketen ziurtagiria.
6 b inprimakia toki-erakundeentzat eta eragile pribatuentzat (6881.4 esku-hartzea: Kudeaketa jasangarria.–II. ordainketa eskaera: gastuen eta ordainketen ziurtagiria.
Ordainketa eskaerarako 7. inprimakia.–Obra zuzendaritzaren ziurtagiria.
8. inprimakia.–Obra zuzendariaren erantzukizunpeko adierazpena.
9. inprimakia.–Toki-erakundeko idazkariaren ziurtagiria/jabe pribatuaren erantzukizunpeko adierazpena, diru-sarrerak lortzeari buruzkoa.
10. inprimakia.–Ziurtagiria, hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko (toki-erakundeak).
11. inprimakia.–2024-2025 kanpaina.
12. inprimakia.–Erantzukizunpeko adierazpena, hornitzailea aukeratzeko erabakia justifikatzeko (eragile pribatuak). 2024-2025 kanpaina.
Deskargatu eranskin guztiak DOC formatuan.
III. ERANSKINA.–BASO-ESPEZIE DIRUZ LAGUNGARRIEN ZERRENDA
IZENA EUSKARAZ | IZEN ZIENTIFIKOA |
Abies alba | Izei zuria |
Abies pinsapo | Izei espainiarra |
Acer campestre | Astigar arrunta |
Acer monspessulanum | Ihar frantsesa |
Acer opalus | Ihar italiarra |
Acer platanoides | Astigar zorrotza |
Acer pseudoplatanus | Astigar zuria |
Alnus cordata | Haltz italiarra |
Alnus glutinosa | Haltza |
Alter Quercus | Beste "quercus" batzuk |
Amelanchier ovalis | Arangurbe arrunta |
Arbutus unedo | Gurbitza |
Betula pendula | Urki arrunta |
Betula pubescens | Urkia |
Betula spp. | Urkia |
Ibarbasoak | Ibaiertzeko zuhaitzak |
Buxus sempervirens | Ezpela |
Carpinus betulus | Xarma arrunta |
Castanea sativa | Gaztainondoa |
Castanea crenata | Gaztainondo japoniarra |
Castanea x hybrida | Gaztainondo hibridoa |
Cedrus atlantica | Atlasko zedroa |
Cedrus deodara | Himalaiako zedroa |
Cedrus libani | Libanoko zedroa |
Celtis australis | Almeza |
Ceratonia siliqua | Algarroboa |
Chamaecyparis lawsoniana | Lawson altzifrea |
Cornus sanguinea | Zuhandorra |
Corylus avellana | Hurritza |
Crataegus azarolus | Mazpil-elorria |
Crataegus laciniata | Ena |
Crataegus laevigata | Hegoaldeko elorri zuria |
Crataegus monogyna | Iparraldeko elorri zuria |
Crataegus spp. | Elorri zuria |
Cryptomeria japonica | Zedro japoniarra |
Cupressus sempervirens | Altzifre arrunta |
Euonymus europaeus | Basaerramua |
Fagus sylvatica | Pagoa |
Ficus carica | Pikondoa |
Frangula alnus | Zumalakarra |
Fraxinus angustifolia | Lizar hostotxikia |
Fraxinus excelsior | Lizar arrunta |
Fraxinus ornus | Lizar loreduna |
Gleditsia triacanthos | Akazia hiru-arantza |
Heberdenia bahamensis | Adernoa |
Ilex aquifolium | Gorostia |
Juglans nigra | Intxaurrondoa |
Juglans regia | Intxaurrondoa |
Juniperus communis | Ipar-ipurua |
Juniperus oxycedrus | Hego-ipurua |
Juniperus phoenicea | Miter feniziarra |
Juniperus sabina | Sabina arrunta |
Juniperus thurifera | Intsentsu-sabina |
Larix decidua | Alertze europarra |
Larix leptolepis | Alertze japoniarra |
Larix spp. | Alertzea |
Larix x eurolepis | Alertze hibridoa |
Laurus nobilis | Erramua |
Liquidambar styraciflua | Likidanbarra |
Liriodendron tulipifera | Tulipa-arbola |
Malus sylvestris | Sagarrondo makatza |
Morus spp. | Masustondoa |
Myrtus communis | Mirtoa |
Olea europaea | Olibondoa |
Phillyrea latifolia | Gartxu hostozabala |
Picea abies | Izei gorria |
Picea sitchensis | Sitka izeia |
Pinus attenauta | Attenauta pinua |
Pinus canariensis | Pinu kanariarra |
Pinus halepensis | Aleppo pinua |
Pinus nigra | Larizio pinua |
Pinus pinaster | Itsas pinua |
Pinus pinea | Pinazi pinua |
Pinus radiata | Intsinis pinua |
Pinus strobus | Estrobo pinua |
Pinus sylvestris | Ler gorria |
Pinus taeda | Taeda pinua |
Pinus uncinata | Mendi-pinua |
Pistacia lentiscus | Legeltxorra |
Pistacia terebinthus | Ahuntzadarra |
Platanus hispanica | Platanoa |
Platanus orientalis | Ekialdeko platanoa |
Populus alba | Zurzuria |
Populus canadensis | Makal kanadarra |
Populus nigra | Makal beltza |
Populus tremula | Lertxuna |
Prunus avium | Gereziondoa |
Prunus serotina | Gereziondo beltza |
Prunus spinosa | Elorri beltza |
Prunus spp. | Gereziondoa |
Pseudotsuga menziesii | Douglas izeia |
Pyrus spp. | Udareondoa |
Quercus castaneifolia | Gaztainaritza |
Quercus faginea | Erkametza |
Quercus fruticosa | Portugalgo erkametza |
Quercus humilis | Ametz ilaunduna |
Quercus ilex | Artea |
Quercus palustris | Zingira-haritza |
Quercus petraea | Haritz kandugabea |
Quercus pubescens | Ametz ilaunduna |
Quercus pyrenaica | Ametz arrunta |
Quercus robur | Haritz kanduduna |
Quercus rubra | Haritz gorria |
Quercus sp. | Haritzak |
Quercus suber | Artelatza |
Rhamnus alaternus | Karraskila |
Rhamnus lycioides | Ena arrunta |
Rhus coriaria | Zumakea |
Robinia pseudoacacia | Sasiakazia |
Rosmarinus officinalis | Erromeroa |
Salix alba | Zume zuria |
Salix atrocinera | Sahats iluna |
Salix babylonica | Sahats negartia |
Salix cantabrica | Kantauriko zumea |
Salix caprea | Ahuntz-sahatsa |
Salix eleagnos | Zume hostoestua |
Salix fragilis | Zume hauskorra |
Salix purpurea | Zume gorria |
Salix spp. | Sahatsa |
Salvia officinalis | Salbia sendagarria |
Sambucus nigra | Intsusa beltza |
Sambucus racemosa | Intsusa gorria |
Sequoia sempervirens | Sekuoia luzea |
Sequoiadendron giganteum | Sekuoia erraldoia |
Sophora japonica | Sofora japoniarra |
Sorbus aria | Basagurbea |
Sorbus aucuparia | Otsalizarra |
Sorbus chamaemespilus | Hostazuri txikia |
Sorbus domestica | Gurbea |
Sorbus latifolia | Azpil hostozabala |
Sorbus spp. | Gurbea |
Sorbus torminalis | Basagurbea |
Tamarix spp. | Tamariza |
Taxus baccata | Hagina |
Tetraclinis articulata | Alertze afrikarra |
Thuja plicata | Tuia erraldoia |
Tilia cordata | Ezki hostotxikia |
Tilia platyphyllos | Ezkia |
Tilia spp. | Ezkia |
Tsuga heterophylla | Tsuga |
Ulmus glabra | Zumar hostozabala |
Ulmus minor | Zumar hostotxikia |
Ulmus pumila | Siberiako zumarra |
Oharra: zalantza izanez gero, izen zientifikoa nagusi da euskarazko izenaren aurretik.
IV. ERANSKINA.–NAFARROAN FUSARIUM CIRCINATUM PATOGENOAK JOTAKO UDALERRIEN ZERRENDA (2021EAN MUGATUTAKO EREMUAN SARTUAK)
Zk. | TOKI-ERAKUNDEAREN IZENA |
1 | ARANOKO UDALA |
2 | ARANTZAKO UDALA |
3 | BAZTANGO UDALA |
4 | BERAKO UDALA |
5 | BERTIZARANAKO UDALA |
6 | DONAMARIAKO UDALA |
7 | ETXALARKO UDALA |
8 | ELGORRIAGAKO UDALA |
9 | ERATSUNGO UDALA |
10 | EZKURRAKO UDALA |
11 | GOIZUETAKO UDALA |
12 | IGANTZIKO UDALA |
13 | ITURENGO UDALA |
14 | BEINTZA-LABAIENGO UDALA |
15 | LEITZAKO UDALA |
16 | LESAKAKO UDALA |
17 | OIZKO UDALA |
18 | SALDIASKO UDALA |
19 | DONEZTEBEKO UDALA |
20 | SUNBILLAKO UDALA |
21 | URROZKO UDALA |
22 | ZUBIETAKO UDALA |
23 | 86. FAZERIA (ITUREN-URROZ) |
24 | 87. FAZERIA (BIDASOA-BERROARANGO ADMINISTRAZIO BATZORDEA) |
25 | 91. FAZERIA (KOKORIKO MENDIKO ADMINISTRAZIO BATZORDEA) |
Iragarkiaren kodea: F2409936
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
