Iragarkia
153. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
57E/2024 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Soziologiako edo Soziologia Aplikatuko lizentzia edo graduko unibertsitate titulua duten pertsonentzako prestakuntza beka baten deialdia onesten duena, Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 767566.
Nafarroako Gazteriaren Institutuak proposatu du beka bat sortzea eta, ondoren, hura emateko deialdia egitea, Soziologiako edo Soziologia Aplikatuko lizentzia edo graduko unibertsitate titulua duten pertsonentzako. Beka Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko da, eta, hasiera batean, urtebeteko iraupena du, hiru urte bete arte luzatzen ahal bada ere.
Bekaren deialdiarekin eta hura emanez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bi helburu lortu nahi ditu: alde batetik, ordenamendu juridikoak esleitu dizkion eginkizunak hobeki betetzea, zehazki, haren onetsi zituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitutakoak; eta, bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea, ezagutza teoriko eta praktiko hobea eta zuzenagoa lor dezaten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bitartez, gazteriaren arloan egiten den lanari buruz.
Prestakuntza bekaren onuradunak gazteen sektoreari lotutako prestakuntza lanak eginen ditu; Gazteriaren Behatokiak egiten dituen lanetan eta ekintzetan lagunduko du, eta parte hartuko du institutuaren helburuak lortzen laguntzeko asmoz gazte jardueren programazioari eta exekuzioari buruz egiten diren azterketetan.
Bekaren deialdian eta hura ematean, oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.
Bekaren zenbateko ekonomikoa Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz ezarriko da, foru agindu horren bidez eguneratu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa.
Prestakuntza bekaren onuradunak hilean 1.250 euro gordin jasoko du. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona atxikiko da. Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak 58,09 euro ordainduko ditu hilero, bekadunaren Gizarte Segurantzako kotizazio kuotari dagozkionak.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko prestakuntza beka bat emateko deialdia, Soziologiako edo Soziologia Aplikatuko lizentzia edo graduko unibertsitate titulua duten pertsonei zuzendua, ebazpen honen I. eranskinean jaso diren oinarrien arabera. Bekak 2024ko irailaren 1etik 2025eko abuztuaren 31ra arte iraunen du, eta hurrengo bi urteetan luzatzen ahalko da, 2027ko abuztuaren 31ra arte. Horrela, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuak baimentzen dituen hiru urteak beteko lirateke (foru dekretu hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena da).
2. 15.697,08 euroko gastua baimentzea, bekaren hamabi hilabeteri dagokiona, honela banakatua:
2024. urtean, guztizko gastua 5.174,27 eurokoa izanen da. Kopuru hori 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren kargura egotziko da, honela banakatua:
• 5.000,00 euro 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko partidaren kargura egotziko dira, 4 hileko ordaintzeko (2024ko irailetik abendura arte).
• 174,27 euro Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren 3 hileko ordaintzeko izanen dira, hilean 58,09 euro, 2024ko irailetik azarora.
2024ko abenduko 58,09 euroko kuota 2025eko urtarrilean ordainduko da, eta, 2024ko gastu-aurrekontuko "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren baliokidea izanda, 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontu-partidari egotziko zaio.
2025. urtean, guztira, 10.522,81 euroko gastua izanen da, kreditu egokia eta nahikoa izateko baldintzarekin, eta, 2024ko gastu-aurrekontuko "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren baliokidea izanda, 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontu-partidari egotziko zaio, honela banakatua:
• 10.000,00 euro, 2025eko urtarriletik abuztura bitarteko hilekoak ordaintzeko.
• 522,81 euro, 9 hilabetez Gizarte Segurantzako kuota ordaintzeko, 2024ko abendutik 2025eko abuztura arte.
Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.250,00 euro gordin hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 58,09 euro hilean.
2025-2026 eta 2026-2027 urteetan luzatutako beken gastua egotziko zaio, betiere kreditu egokia eta nahikoa izateko baldintzarekin, 2024ko gastu-aurrekontuko "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren baliokidea izanda, urte horietan Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontu-partidari.
Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada 2024. urterako edo ondoko 2025., 2026. edo 2027. urteetan, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratuko dira.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Nafarroako Gazteriaren Institutura, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Kontu-hartzailetza Delegatura, baita Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere.
Iruñean, 2024ko ekainaren 11n.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.
I. ERANSKINA.-PRESTAKUNTZA BEKA BATEN DEIALDIAREN OINARRIAK, NAFARROAKO GAZTERIAREN INSTITUTUAN ARITZEKO
1. Xedea.
Deialdi honen xedea da ezartzea nola eman, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Soziologiako edo Soziologia Aplikatuko lizentzia edo graduko unibertsitate titulua duten pertsonentzako prestakuntza beka bat, Nafarroako Gazteriaren Institutuan (NGI) aritzeko.
Bekaren helburua da haren onuradunaren prestakuntza bultzatzea, NGIk gazteriaren arloan antolatzen dituen jarduerak zuzenean ezagut ditzan.
2. Aurrekontu erabilgarria.
Beka honen urteko kostua 15.697,08 eurokoa da, kreditu egokia eta nahikoa egoteko baldintzarekin. Horietatik:
2024. urtean, guztizko gastua 5.174,27 eurokoa izanen da, eta 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren kargura egotziko da. Diru kopuru hori horrela banatuko da:
• 5.000 euro 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko partidaren kargura egotziko dira, 4 hileko ordaintzeko, 2024ko irailetik abendura arteko hilabeteetarako.
• 174,27 euro Gizarte Segurantzako enpresa kuotaren 3 hileko ordaintzeko izanen dira, hilean 58,09 euro, 2024ko irailetik azarora.
2024ko abenduko 58,09 euroko kuota 2025eko urtarrilean ordainduko da, eta, 2024ko gastu-aurrekontuko "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren baliokidea izanda, 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontu-partidari egotziko zaio.
2025. urtean, guztira, 10.522,81 euroko gastua izanen da, kreditu egokia eta nahikoa izateko baldintzarekin, eta, 2024ko gastu-aurrekontuko "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren baliokidea izanda, 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontu-partidari egotziko zaio, honela banakatua:
• 10.000 euro, 2025eko urtarriletik abuztura bitarteko hilekoak ordaintzeko.
• 522,81 euro, 9 hilabetez Gizarte Segurantzako kuota ordaintzeko, 2024ko abendutik 2025eko abuztura arte.
Hurrengo urteetan, beka luzatzen bada, zenbatekoak berberak izanen dira: 1.250,00 euro gordin hilean, gehi Gizarte Segurantzako kuotari dagozkion 58,09 euro hilean.
Beka 2025-2026 eta 2026-27 urteetarako luzatuz gero, egotziko zaio, 2024ko gastu-aurrekontuko "Praktiketako teknikarientzako prestakuntza bekak" izeneko 340002 34100 4809 232100 partidaren baliokidea izanda, urte horietan Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako gaitzen den aurrekontu-partidari, betiere kreditu egokia eta nahikoa izateko baldintzarekin.
Gizarte Segurantzako kuota eguneratzen bada 2024. urterako edo ondoko 2025., 2026. edo 2027. urteetan, erreserbatutako eta baimendutako kopuruak ere eguneratuko dira.
3. Iraupena.
Bekak hamabi hilabete iraunen du. Beka emateko ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da, inola ere ez 2024ko irailaren 1a baino lehen, eta 2025eko abuztuaren 31n bukatuko. Beka beste bi urtez luzatzen ahalko da, 2025eko irailaren 1etik 2027ko abuztuaren 31ra arte, bat etorriz apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenarekin, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra.
4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
Bekak 15.697,08 euroko zuzkidura izanen du urtean, hau da, hilean 1.250,00 euroko 12 hileko, gehi hilean 58,09 euro Gizarte Segurantza ordaintzeko.
Beka lortu duen pertsonari ordaindu beharreko zenbatekoa hilabeteka ordainduko zaio, hilabetea bukatutakoan, edo zati proportzionalean, hala badagokio. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona atxikiko da. Gainera, NGIk, hilero, bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ordainduko du.
Hileko 1.250,00 euro gordineko kopuru hori bekaren iraunaldi osoan mantenduko da, eta ez da soldata edo ordainsaritzat hartuko, baizik eta laguntza ekonomiko publikotzat.
5. Bateraezintasunak.
Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.
6. Eskatzaileak.
Soil-soilik, betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dute prestakuntza beka:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estatu batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estatu batekoa. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.
d) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.
e) 1. oinarrian aipatzen den unibertsitateko titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua.
f) Eskatutako titulua deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.
g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak, eta, orobat, bekaldiak irauten duen bitartean mantendu.
7. Eskaerak.
7.1. Prestakuntza beka hau eskuratzeko interesa dutenek honako leku hauetan aurkezten ahalko dute eskaera: NGIko Erregistroan (Yanguas y Miranda kalea 27, behea, 31003 Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein tokitan.
Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko 21 egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
7.2. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira eskabide orokorrarekin batera:
a) Eskaera-orria, II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa.
b) Nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
c) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.
d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.
e) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, haren batez besteko nota adierazita eta espresuki aipatuta ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioak eta zein deialditan gainditu zituen.
f) Nafarroan erroldatua egotearen ziurtagiria, erroldatzearen antzinatasuna zehaztuta.
g) Alegatutako merezimenduen gaineko ziurtagiriak eta fotokopiak, 9. oinarriaren arabera baloratuak izateko.
h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera (III. eranskina).
i) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez dira agiri horiek aurkeztu beharko, baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egin dezan Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (IV. eranskina).
j) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez ere aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egina, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Eskatzaileak ziurtagiri hori aurkeztu beharko du baldintza hori frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka agertzen bada, arrazoituta, IV. eranskineko ereduaren arabera. Aldiz, eskatzaileak ez du dokumentazio hori aurkeztu beharko Gizarte Segurantzako datuak kontsultatzearen aurka agertzen ez bada, IV. eranskinaren arabera.
k) Erantzukizunpeko adierazpen bat, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin (III. eranskina).
7.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek 7.2 oinarrian finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio gehienez hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
7.4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
8. Ebaluazio batzordearen osaera. Prozeduraren instrukzioa.
8.1. Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko dira.
Honako hauek egonen dira ebaluazio batzordean:
Epaimahaiburua: Carlos Amatriain Busto jauna, Gazteriako zuzendariordea.
Ordezkoa: Iñigo Artázcoz Guereñu jauna, Administrazio eta Kudeaketa Ataleko burua.
Idazkaria: Jesús Laguardia Hontañón jauna, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko burua.
Ordezkoa: Lucía Andía García de Olalla andrea, Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Ataleko burua.
Epaimahaikidea: Mikel Subiza Jiménez jauna, soziologoa.
Ordezkoa: Aniana Alfaro Nicolás andrea, Parte-hartzearen eta Sormenaren Bulegoko burua.
Epaimahaikidea: Rosa Horcada Baztán andrea, erdi mailako teknikaria.
Ordezkoa: Ana Redín Pascual andrea, Argibide eta Prestakuntza Bulegoko burua.
8.2. Ebaluazio batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.
Aldez aurretik, aktan jasoko da eskatzaileek laguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.
8.3. Ebaluazio batzordeak aztertu eta baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, onartutako pertsona bakoitzari emandako puntuazio osoarekin. Nolanahi ere, proposamen hori loteslea izanen da.
9. Balorazio baremoa.
Eskaerak baloratzeko, merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira, eta gehienez 14 puntu lortzen ahalko dira:
a) Ikasketa espedientea. Gehienez ere: 3 puntu.
Ikasketa espediente osoaren batez besteko nota baloratuko da, bat etorrita unibertsitateko irakaskuntzen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuarekin.
Nahiko: 1 puntu.
Oso ongi: 1,5 puntu.
Bikain: 2 puntu.
Ohorezko matrikula: 3 puntu.
b) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa, frantsesa eta Europar Batasuneko beste hizkuntza batzuk.
Gehienez ere: 2 puntu.
C1 mailaren baliokidea den titulua edo ziurtagiria izatea. Horri begira kontuan hartuko diren baliokidetasunak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean bildutakoak dira. Izan ere, ebazpen horren bidez ezarri ziren euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliozkotzeak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Hala, euskara titulua izanez gero, puntu 1 emanen da, ingeles edo frantses titulua izanez gero, 0,50 puntu, eta Europar Batasuneko beste hizkuntza batzuetakoak, 0,25 puntu.
B2 mailako titulazioak edo ofizialki baliokidetzat jotzen direnak izanez gero, euskararen kasuan 0,50 puntu emanen dira, eta ingelesaren edo frantsesaren kasuan, 0,25 puntu. B2 mailatik beherako titulazioei ez zaie punturik emanen.
c) Beka emateko baldintza denaz kanpo, beste unibertsitate titulu batzuk izatea, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak. 2 puntu gehienez.
Doktoregoa: 1,5 puntu.
Masterra: 1 puntu.
Beste gradu batzuk: 0,5 puntu.
d) Soziologiarekin zerikusia duten baina lizentziaren curriculumean sarturik ez dauden gaietan langile edo boluntario gisa izandako esperientzia: Gehienez ere: 1 puntu.
0,25 puntu emanen dira boluntariotza edo lanbide esperientziako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude agiri sinesgarrien bidez (ziurtagiria, nomina, erakundearen arduradunaren adierazpena, etab.).
e) Elkarrizketa pertsonala. Kalifikazio onenak lortzen dituzten lehenbiziko 6 pertsonei aurrez aurreko elkarrizketa bat eginen zaie. Elkarrizketari 6 puntu arteko balorazioa emanen zaio, honako hauek aintzat hartuz: gazteekin zerikusia duten lanei buruzko ezagutza, araudi administratiboa ezagutzea, bereziki gazteriaren arlokoa; motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, gaiak beren artean lotzeko gaitasuna, lantaldean aritzeko gaitasuna eta bestelako trebetasun sozialak.
Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 72 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketara joatea nahitaezkoa da. Hortaz, elkarrizketara agertzen ez diren izangaien eskaerak artxibatu eginen dira.
10. Beka ematea.
10.1. NGIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen da beka, instrukzio organoak proposamena egin ondoren. Ebazpenean, gutxienez, beka eskuratzen duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.
Halaber, ebazpen hori eta hautagaien lehentasun ordena, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera finkatua, NGIren web-orrian argitaratuko dira, informazio gisa.
Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.
10.2. Beka jasotzeko hautatzen den pertsonak, beka emateko ebazpena jakinarazten denetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean, prestakuntza beka eskatzerakoan alegatu zituen merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. (NGIren egoitzan konpultsatzen ahal dira: Yanguas y Miranda kalea 27, behea, 31003 Iruña). Dokumentazioa aurkeztu ezean, puntu-sailkapenean bigarren denari esleituko zaio beka, eta modu berean jokatuko da hurrengoekin ere.
11. Tutoretzak.
11.1. NGIko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko buruak koordinatuko ditu bekaren onuradunak egin beharreko jarduerak.
11.2. Orobat, Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Ataleko buruak beteko ditu prestakuntza honetako tutoretza eginkizunak (plangintza, koordinatzea eta gainbegiratzea), NGIko soziologo lanpostuan ari den profesionalaren aholkularitzarekin. Tutoretza horretan aginduta, bekadunak prestakuntza ekintzak egin beharko ditu Gazteriaren Behatokiaren garapenean, zentzurik zabalenean ulertuta, eta, orobat, parte hartu beharko du 2025-2028ko Gazteriaren Foru Estrategia prestatzeko, segimendua egiteko eta ebaluatzeko batzordean eta IV. Gazteriaren Foru Planean. Eskatutako titulazioarekin zerikusia duten beste prestakuntza ekintza batzuetan ere laguntzen ahalko du. Prestakuntza osatzeko, NGIk interesgarritzat jotzen dituen gazteei buruzko azterlan, inkesta eta analisietan parte hartuko du. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu (gehienetan 08:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera), eta begiratuko du ea bekadunak bere betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituen.
12. Justifikatzeko epea eta modua.
Onuradunak txosten edo memoria bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerei buruz eta deialdian ezarritako helburuen betetzeari buruz. Txosten hori tutoreak baloratuko du. Txostena 2025eko abuztua baino lehen aurkeztuko da, eta bekaldia luzatuz gero, urte bakoitzeko abuztua baino lehen.
Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.
13. Onuradunaren betebeharrak.
Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra. Besteak beste, betebehar hauek izanen ditu:
a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.
b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan den jarduera egin duela eta helburua bete dela.
c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.
e) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Dena dela, eskaera-orrian hala adieraziz, baimena ematen ahalko dio Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari jarduerak hasten direnean bere zerga betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko behar diren datuak kontsulta ditzan.
Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.
f) Bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak.
g) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari berariaz uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
h) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.
i) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean jakiten duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.
j) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.
14. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.
Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du jarduera. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola, non ez dituen organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten.
Bekari berariaz uko eginez gero, NGIko Kudeaketako Zuzendaritzari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.
Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da utzitako beka instrukzio organoak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.
15. Prestakuntza jarduera egitea.
Bekaren xede diren jarduerak NGIren instalazioetan eginen dira, astean gehienez ere 30 orduz.
Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio bekadunari.
16. Jabetza intelektuala.
Bekaren onuradunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
17. Lan edo administrazio harremanik eza.
17.1. Beka gozatzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, harreman administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
17.2. Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak NGIko langileek –funtzionario nahiz kontratudunek– gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
17.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek arautzen du nola eta zein baldintzatan sartzen diren prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, garatzeko Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.
18. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
19. Ez-betetzeak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zilegi izanen da jasotako dirua itzultzeko eskatzea. Zehazki, honako egoeretan itzuli beharko da dirua:
a) Bekadunak ez betetzea haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.
b) Prestakuntza beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea horrekin bateragarria ez den beste beka edo dirulaguntza bat.
Azken hilekoa itzuli beharko da amaierako memoria ez aurkezteagatik edo tutorearen adostasuna ez lortzeagatik.
20. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
21. Aplikatzekoa den legedia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
II. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA BEKARAKO DEIALDIA NAFARROAKO GAZTERIAREN INSTITUTUAN - 2024
Soziologiako edo Soziologia Aplikatuko gradudunentzako beka
Datu pertsonalak:
Lehen deitura: .................................................... Bigarren deitura: ....................................................
Izena: ........................................................................ NANa: ...............................................................
Jaioteguna: ....................................... Lekua: .....................................................................................
Helbidea: (kalea, zenbakia, solairua) .......................................................................................................
Herria: .............................................. PKa: ......................... Probintzia: ..............................................
Telefonoa: ............................................................. Faxa: ......................................................................
Helbide elektronikoa: ...............................................................................................................................
Ikasketei buruzko datuak:
Titulazioa: ...............................................................................................................................................
Karrera hasi zuen urtea: ....................................... Karrera bukatu zuen urtea: .......................................
Espedientearen batez besteko nota: .......................................................................................................
Fakultatea edo eskola: ..................................................... Unibertsitatea: ...............................................
Beste unibertsitate titulu akademiko batzuk:
Izena:
................................................................................................................................................................
................................................................................................................................................................
................................................................................................................................................................
................................................................................................................................................................
Soziologiarekin zerikusia duten baina lizentziaren curriculumean sarturik ez dauden gaietan langile edo boluntario gisa izandako esperientzia:
ERAKUNDEA EDO ENTITATEA | LANPOSTUA | ALDIA |
Euskara maila | Ingeles maila |
Frantses maila | Europar Batasuneko beste hizkuntza batzuetako maila (adierazi zeinetakoa): |
Iruñean, 2024ko ................................................aren ........................(e)(a)n
Eskatzailearen sinadura
Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:
Arduraduna: | Nafarroako Gazteriaren Institutua. |
Xedea: | Beka emateko, kudeatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko prozesuak egitea. |
Legitimazioa: | Botere publikoen erabilera. |
Hartzaileak: | Ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela. |
Eskubideak: | Datuen tratamendua mugatzeko, deuseztatzeko, zuzentzeko eta haietara iristekoak, eta beste eskubide batzuk, argibide gehigarrian azaltzen den gisan. |
Informazio gehigarria: | Argibide gehigarria https://www.juventudnavarra.es/eu webgunean kontsulta daiteke, datu pertsonalen babeserako atalean. |
III. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
Nik, ................................................................................................................................ jaunak/andreak, Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko prestakuntza beka baten deialdia dela eta (Soziologiaren arlokoa), erantzukizunez aitortzen dut:
–Deialdiaren 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ditudala.
–Ez nagoela dirulaguntza publikoen onuradun izatea galarazten duten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz.
–Ez dudala kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ........(e)(a)n.
IV. ERANSKINA.–ZERGEN ETA GIZARTE SEGURANTZAREN DATUAK KONTSULTATZEA
ZERGEN DATUAK KONTSULTATZEA:
Nik, ................................................................................................................................. jaunak/andreak (NANa/AIZa: ................................................), Nafarroako Gazteriaren Institutuan aritzeko prestakuntza beka baten deialdia dela eta (Soziologiaren arlokoa),
BAIMENA EMATEN DIOT Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari, deialdi honen esparruan, ZUZENEAN ESKA DIEZAION Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zerga betebeharrak egunean ditudala frogatzen duen ziurtagiria, datu horiek beharrezkoak baitira eskaera ebazteko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2.e art.).
EZ DIOT BAIMENA EMATEN Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari, deialdi honen esparruan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari zuzenean eskatzeko zerga betebeharrak eguneratuak ditudala frogatzen duen ziurtagiria, eta nik neuk, eskatzailea bainaiz, aurkezten dut eskaera ebazteko behar den agiria.
GIZARTE SEGURANTZAREN DATUAK KONTSULTATZEA:
Aditzera ematen da ezen Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak datu pertsonalak eskuratzen ahalko dituela edozein erakunde edo administrazio publikori eskatuta, zuzenean edo bide telematikoak erabiliz datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez, informazio pertsonal hori beka emateko beharrezkoa bada; zehazki, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak bete dituela frogatzen duten datuak. Interesdunak aurka egiten ahalko dio Gizarte Segurantzaren datu horiek kontsultatzeari, arrazoiak emanda, honela, eta hala bada berak aurkeztu beharko ditu datu horiek eskaera izapidetu ahal izateko.
Ni, ……………………………………………………………………… jauna/andrea, (NANa/AIZa: ................................................), Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ditudala (eskatzailea bainaiz) frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka nago, arrazoi hauek direla eta:
Data eta sinadura
Iragarkiaren kodea: F2409721
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
