Iragarkia
153. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 29a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza
2478/2024 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako teknikarien (berdintasuna) 10 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia onesten duena.
Abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez (293. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 30ekoa) onetsi zen 2021eko lan publikoaren eskaintza partzial bat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako. Lan publikoaren eskaintza partzial hori dagokio Estatuaren 2021erako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean ezarritako ordezte-tasari. Eskaintza hartan, besteak beste, erdi mailako teknikarien (berdintasuna) lanpostu batzuk sartu ziren, B mailakoak.
Era berean, abenduaren 14ko 114/2022 Foru Dekretuaren bidez (261. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 29koan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2022ko lan publikoaren eskaintza onetsi zen. Eskaintza hartan, besteak beste, erdi mailako teknikarien (berdintasuna) lanpostu huts bat sartu zen, funtzionario araubidekoa eta B mailakoa.
Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak maiatzaren 13an emandako 1845/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako teknikarien (berdintasuna) lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko. Gero, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 2426/2024 Ebazpenaren bidez, bete gabe deklaratu da lekualdatze-lehiaketa hori.
Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako teknikarien (berdintasuna) 10 lanpostu sarrera-prozedurari jarraikiz eta oposizio bidez betetzeko deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.
Horrenbestez, eta erabiliz otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako teknikarien (berdintasuna) 10 lanpostu sarrera-prozedurari jarraikiz eta oposizio sistema erabiliz betetzeko deialdia, baita haren oinarriak ere.
2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, honako hauei: Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Prozedurak Kudeatzeko Zerbitzuari, Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetako Zerbitzuari eta Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzuari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta izendatutako epaimahaikideei.
Iruñean, 2024ko ekainaren 24an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.
DEIALDIA, ERDI MAILAKO TEKNIKARIEN (BERDINTASUNA) 10 LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO
Honako hauek dira deialdiaren,
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea erdi mailako teknikarien (berdintasuna) 10 lanpostu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuan aritzeko; lanpostu horiek B mailakoak eta funtzionarioen araubidekoak dira, eta ebazpen honen II. eranskinean zehazten dira horien zenbakiak, betebeharrak eta destinoak.
1.2. Hamar lanpostu hutsak txanda hauetan banatuko dira:
–4 lanpostu txanda irekian.
–5 lanpostu igoera txandan.
–1 lanpostu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan.
1.3. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.
Era berean, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandako lanpostu hutsa bete gabe geldituz gero, izangaiek hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako, egoki den txandakoei gehituko zaio, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarritako hurrenkeraren arabera.
Bestetik, igoera txandan edota genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan, eskaintzen diren lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badute prozesua, txanda horietan lanpostua eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta eskuratutako azken puntuazioaren arabera.
Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.
2.–Betebeharrak.
2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Graduko, diplomako, ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko titulu unibertsitarioa izatea, edo lizentzia edo ingeniaritza bateko edo arkitekturako lehenengo hiru ikasmailak osorik gaindituak izatea, edo horien baliokidetzat hartutako beste titulu bat. Edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako horietako bat erdiesteko moduan izatea.
Tituluak atzerrian lortu badira, eduki beharko dira baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:
Txanda honetako izangaiek, honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:
a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.
Aplikatuz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarria, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte har dezakete txanda horretan, baldin betetzen badituzte igoera txandan parte hartzeko gainerako betebeharrak.
b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.
c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.
2.1.3. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandako izangaien berariazko betebeharrak:
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartu nahi duten emakumeek, 2.1 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, genero-indarkeriaren biktima izan behar dute.
2.1.4. Euskarazko C1 jakite-maila ezarrita duen lanpostu elebidun bat eskuratu nahi izanez gero, beharrezkoa izanen da aipatu maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagirietako bat izatea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean zehaztu dira), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.
3.–Eskabideak, tasak eta dokumentazioa.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, nabigazio bide honi jarraituz: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa, "Enplegu publikoko deialdiak", deialdi honen fitxan sartuta.
Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Tasak.
Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 41,60 euroko tasa ordaindu beharko da.
Telematikoki ordaindu behar da tasa hori, eskabidea formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.
Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:
a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortuta duten pertsonak.
b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu, egiaztatzeko aurreko paragrafoan adierazitako salbuespena (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.
Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.
3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabidea online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:
Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.
Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek deialdi honen 2.1.2 atalean jasotzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskabideari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak badira.
Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:
–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.
Bost.–Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako erreserba txandan parte hartzen duten emakume izangaiek izaera hori egiaztatu beharko dute, hauetakoren bat aurkeztuz: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial, edo, bestela, Fiskaltzaren txostena, izangaia genero-indarkeriaren biktima delako zantzuak daudela adierazten duena. Genero-indarkeriaren egoerak egiaztatzeko, halaber, gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen ziurtagiria eta txostena aurkezten ahalko dira.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
Izangaien zerrenda horietan, bai eta hautapen prozeduraren barruko ondorengo jarduketetan ere, genero-indarkeriaren biktimentzat erreserbatutako txandan parte hartu nahi duten emakumeak identifikatzeko, gezurrezko izen bat erabiliko da, bakoitzari modu pertsonalean esleituko zaiona, deusetan galarazi gabe publikotasun- eta gardentasun-printzipioak aplikatzea.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.
4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak baztertzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Batzordeburua: Cristina García Ustarroz andrea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren Ataleko burua.
–Ordezko epaimahaiburua: Genoveva Ochando Ortiz andrea, Osasun Departamentuko Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria.
–Epaimahaikidea: Nerea Álvarez Arruti andrea, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren institutuko Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko burua.
–Ordezko epaimahaikidea: Isabel Akerreta Larraz andrea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Laguntza Juridikoaren Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Jose Antonio Gómez Manrique jauna, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Programen Ataleko burua.
–Ordezko epaimahaikidea: Maider Marquínez Marañon andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen aurkako Indarkeriaren Ataleko burua.
–Epaimahaikidea: Ainara Elarre Belzunegui andrea, Langileria Batzordearen ordezkaria.
–Ordezkoa: Iker Iriarte Ariztimuño jauna, Langileria Batzordearen ordezkaria.
–Idazkaria: Marina Malvido Goñi andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren zuzendariordea.
–Ordezko idazkaria: María Begoña Alfaro Oricáin andrea, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
5.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, bertan egon behar dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizioa nola eginen den.
6.1. Oposizioa 2025eko martxotik aurrera hasiko da.
Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.
Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.
Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:
6.3.1. Lehenbiziko proba.
Proba teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 80 galderari erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.
Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba egiteko.
Proba honi dagokion puntuazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere.
Bazterturik geldituko dira proban gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Proba egiteko ezin izanen da inolako testurik edo dokumentaziorik erabili, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.
6.3.2. Bigarren proba:
Proba praktiko-teorikoa izanen da. Zenbait kasu praktiko ebatzi beharko dira epaimahaiak proposatutako galdera laburrei idatziz erantzunez, ebazpen honen I. eranskineko zati espezifikoan agertzen den gai-zerrendako edukiei eta lanpostuaren berezko funtzioak garatzeko beharrezko ezagutzei buruz.
Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba egiteko.
Proba honi dagokion puntuazioa 50 puntukoa izanen da gehienez ere.
Bazterturik geldituko dira proban gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Epaimahaiak zehaztuko du zer material behar diren probak egiteko, eta nahikoa denborarekin iragarriko du deialdiari dagokion web-fitxan.
Plika sistemaren bidez eginen da ariketa.
6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak www.nafarroa.eus webgunean (deialdiaren fitxan) argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematikoki.
7.–Gainditzen duten izangaien zerrenda.
7.1. Hautaprobak bukaturik, oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio epaimahaiak, lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera banatuta eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak egiaztatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egin daitezen.
7.2. Puntu-berdinketarik gertatuz gero, lehenengo proban puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, bigarren proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan.
Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.
8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.
8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du oposizioa gainditu duten izangaiek (zehaztuko da zenbatek) betebehar hau betetzen dutela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten horretarako ezartzen den bidea erabiliz:
–Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.
–C1 euskara maila finkatua duen lanpostu elebidunen bat eskuratu nahi duten pertsonek eskatutako maila hori egiaztatzen duten titulu edo ziurtagirietako bat aurkeztu beharko dute. Titulua edo ziurtagiria bat etorri beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuarekin, eta agertu beharko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean jasotako tituluen zerrendan, edo, bestela, ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa izan beharko da, deialdi honen 2.1.4 atalean xedatutakoaren arabera.
8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer epe duten lanpostu hutsak hautatzeko.
Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute lanpostuak eskuratzeko duten lehentasun-ordena.
8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.
Balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz, ziurtagiri bat, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio.
Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuen hautaketa hasi aurretik, desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostuak hautatzeko, txanda irekiko izangaien aldean, alde batera utzita desgaitasuna duten izangaien salbuespena.
Hautaproba genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat erreserbatutako txandaren arabera gainditzen duten izangaiek gainerako izangaiekin batera aukeratuko dituzte lanpostu hutsak, puntuazio-ordenaren arabera eta aurreko paragrafoetan aipatutako pertsonen lehentasuna errespetatuz.
9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopuruan sartzen direnak.
Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.
9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:
A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragozten dion gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko adierazpena edo adierazpen solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zin edo promesa, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
B) Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, baldin eta igoera txandan parte hartzen badute, ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, jatorrizko administrazioan jarduneko zerbitzuan daudela frogatzeko, edo borondatezko eszedentzian eta lanean ari direla deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu finko edo aldi baterakoren batean.
9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan –7. eta 8. oinarrietan aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, baldin eta hutsik geratu den lanpostuaren betebeharrak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.
9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko besteren baten beharra izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatuko dio, eta horrek deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.
9.6. Izangai batek ez badu lanpostua hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen prozesuari uko egiten badio, edo betetzen ez baditu lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio-organo eskudunak haren baja beteko du, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.
Aurreko ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren izangai berriei zuzenean adjudikatuko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostu hutsak.
10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.
10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostu hutsen esleipena ere eginen da.
10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak bihurtuko dira nominako eta plantillako funtzionario, eta izanen dituzte indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko dira, eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.
10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio publikoen administrazio prozedura erkideari buruzkoak.
Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.
Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, jarraituko zaio deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari.
10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie, jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den lanpostua beteko da, era berean, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.
10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautapena. Beraz, funtzionario berriei zuzenean adjudikatuko zaie egoera horien ondoriozko lanpostuak.
10.6. Euskaraz jakin beharra duten lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.
Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.
11.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.
12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.
12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:
a) Hautaprobak gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.
b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.
12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko dira, alde batetik, probak gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, eta, bestetik, proba guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda. Hori dena, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.
Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.
12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.
Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila egiaztatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.
13.–Errekurtsoak.
Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori dena, jarraikiz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legea) eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).
I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Zati orokorra.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.
3. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.
4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.
6. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.
7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.
8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio publikoetako organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.
9. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".
10. gaia.–Administrazio egintzak: Administrazio egintzen betebeharrak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.
11. gaia.–Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Exekuzioa.
12. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
13. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio-eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.
14. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.
15. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Xedapen orokorrak eta laguntzak emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzultzea.
16. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio Elektronikoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.
17. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
18. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
Zati espezifikoa.
1. gaia.–Berdintasun-printzipioa giza eskubideei buruzko nazioarteko itunetan. Emakumeen kontrako diskriminazio era guztiak ezabatzeko konbentzioa (CEDAW).
2. gaia.–Berdintasun printzipioa Europar Batasunean. Printzipioaren konfigurazioa tratatuetan, zuzenbide eratorrian eta jurisprudentzian.
3. gaia.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoa.
4. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
5. gaia.–22/2012 Foru Dekretua, maiatzaren 9koa, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautzen dituena.
6. gaia.–Genero Berdintasunerako Europako Estrategia (2020-2025).
7. gaia.–Genero berdintasuna Garapen Jasangarrirako Agenda 2030ean.
8. gaia.–Estatu egiturak: Berdintasun Ministerioa, Emakumeen Institutua.
9. gaia.–Emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan estrategikoa (2022-2027).
10. gaia.–Genero berdintasuna Nafarroako toki erakundeetan: plangintza, kudeaketa eta ebaluazioa.
11. gaia.–Europako Kontseiluaren Hitzarmena, emakumeen kontrako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitu eta borrokatzeko (Istanbulgo Hitzarmena): 1. artikulutik 42.era.
12. gaia.–1/2004 Lege Organikoa, Genero indarkeriaren aurka oso-osoko babesa ematekoa: printzipio gidariak. Atariko titulua, I. titulua eta II. titulua.
13. gaia.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
14. gaia.–234/2015 Foru Agindua, apirilaren 13koa, genero indarkeriaren biktimaren egiaztapena arautzen duena, etxebizitza babestuen erreserban sartzeko eta etxebizitza arloan babes daitezkeen beste jarduketen ondorioetarako.
15. gaia.–297/2009 Foru Agindua, irailaren 15ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, baliabide ekonomikorik eza eta lanpostu bat erdiesteko zailtasun bereziak dituztela frogatzen duten genero-indarkeriaren biktimentzako dirulaguntzen araubidea ezartzen duena.
16. gaia.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, Sexu Askatasunaren Berme Osoarena.
17. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa.
18. gaia.–Gizarte zerbitzu orokorren zorroa Nafarroan: Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako laguntza arloa.
19. gaia.–Emakumeen kontrako indarkeriaren arloko estatu egiturak: Genero indarkeriaren aurkako Gobernuaren Ordezkaritza, Emakumeen kontrako indarkeriaren Estatuko Behatokia, Emakumeen kontrako indarkeriaren Koordinazio Unitateak.
20. gaia.–Genero indarkeriaren aurkako estatu ituna. Aurrekariak: ituna prestatzeko prozesua. Akordioak egiteko beharra. Ituna artikulatzea: jarduketa ardatzak.
21. gaia.–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko Nafarroako erakunde arteko III. akordioa. Nafarroako egoera eta eskuragarri dauden baliabideak.
22. gaia.–Profesionalendako gidaliburua. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean batera jarduteko protokoloa (2018).
23. gaia.–Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida (2018).
24. gaia.–Emakumeen mutilazio genitalari aurre egiteko prebentzio eta jarduketarako protokoloa Nafarroan (2013).
25. gaia.–Sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima diren emakume eta neskatxekin koordinatzeko eta jarduteko protokoloa (2016).
26. gaia.–4/2023 Legea, otsailaren 28koa, trans pertsonen benetako berdintasun efektiborako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa.
27. gaia.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa.
28. gaia.–34/2019 Foru Dekretua, martxoaren 27koa, Nafarroako LGTBI+ Kontseilua sortu eta haren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu araubidea arautzen dituena.
29. gaia.–901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta lan-akordio kolektiboak erregistratzeari eta gordetzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena: I., II., III. eta IV. kapituluak.
30. gaia.–902/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, Emakumeen eta Gizonen Ordainsarien Berdintasunari buruzkoa: I., II., III. eta IV. kapituluak.
31. gaia.–Enpresetan genero berdintasuna integratzea: prozedura eta metodologia.
32. gaia.–260/2019 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.
33. gaia.–Sexu-genero-sexualitate sistema eraikitzea eta horrek duen eragina identitatea eta gizarte antolaketa eraikitzerakoan.
34. gaia.–Lanaren banaketa sexuaren arabera. Emakumeen eta gizonen arteko bereizkeria egoerak lan produktibo eta erreproduktiboetan.
35. gaia.–Pertsonak zaintzea eta horren eragina genero desberdinkerian.
36. gaia.–Feminismoaren historia: mugarri nagusiak. Olatu feministak.
37. gaia.–Emakumeen Nazioarteko Konferentziak. Emakumeen IV. Nazioarteko Konferentzia: Beijingeko Ekintza Plataforma.
38. gaia.–Diskriminazio anizkoitza eta intersekzionalitatea.
39. gaia.–Emakumeen parte-hartze soziala. Nafarroako mugimendu feminista.
40. gaia.–Emakumeen eta gizonen egungo egoera Foru Komunitatean. Demografia eta populazioa.
41. gaia.–Emakumeen eta gizonen egungo egoera Foru Komunitatean. Lana eta bizitzaren jasangarritasuna.
42. gaia.–Emakumeen eta gizonen egungo egoera Foru Komunitatean. Ahalduntzea, parte-hartze sozial eta politikoa.
43. gaia.–Emakumeen eta gizonen egungo egoera Foru Komunitatean. Jakintza: hezkuntza, I+G eta informazioaren gizartea.
44. gaia.–Emakumeen eta gizonen egungo egoera Foru Komunitatean. Aisialdiaren eta espazioaren erabilerak.
45. gaia.–Emakumeen eta gizonen egungo egoera Foru Komunitatean. Emakumeen kontrako indarkeria.
46. gaia.–Zainketen aldeko Itunak Nafarroan.
47. gaia.–Genero ikuspegia txertatzea hiritartasun aktiboari, ahalduntzeari, parte-hartze sozialari, parte-hartze politikoari, informazioaren teknologiari eta digitalizazioari buruzko politika publikoetan.
48. gaia.–Genero ikuspegia txertatzea hezkuntzari, kulturari eta hedabideei buruzko politika publikoetan.
49. gaia.–Genero ikuspegia txertatzea lan produktibo eta erreproduktiboari, zainketei, osasunari eta gizarte inklusioari buruzko politika publikoetan.
50. gaia.–Genero ikuspegia txertatzea mugikortasunari, lurralde-antolamenduari, hirigintzari eta ingurumenari buruzko politika publikoetan.
51. gaia.–Berdintasun politiken planak eta programak kudeatzea: proiektu baten definizioa, plangintza estrategikoa eta programazioa. Jarraipena, kontrola eta ebaluazioa.
52. gaia.–Inpaktuaren aldez aurreko ebaluazioa generoaren arabera. Kontzeptu esparrua, araudia, metodologia eta aplikazio eremua.
53. gaia.–Sexuaren arabera banandutako informazioa eta genero adierazleak. Genero Berdintasunerako Europako Institutuaren Genero Berdintasunaren Europako Indizea. Metodologiak eta emaitzak.
54. gaia.–Genero ikuspegia duten aurrekontu publikoak Nafarroan: kontzeptu esparrua, araudia, tresnak eta metodologia.
55. gaia.–Kontratuetan, dirulaguntzetan eta hitzarmen publikoetan genero berdintasuna bermatzeko klausulak jasotzea.
56. gaia.–Komunikazioa eta hizkera inklusiboa. Hizkuntzaren garrantzia identitate pertsonala eta soziala eraikitzean. Hizkuntzaren erabilera ez sexista. Gomendio orokorrak eta erabiltzeko jarraibideak.
57. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana (2023-2026).
58. gaia.–Genero zeharkakotasunerako beste tresna batzuk: ordezkaritza orekatua eta prestakuntza.
59. gaia.–27/2024 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko berdintasun unitateen eginkizunak eta horien koordinazio egiturak arautzen dituena.
60. gaia.–44/2024 Foru Dekretua, apirilaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea sortzen duena eta haren funtzioak, osaera eta funtzionamendu araubidea arautzen dituena.
II. ERANSKINA.–ERDI MAILAKO TEKNIKARIAREN (BERDINTASUNA) LANPOSTU HUTSAK
LANPOSTUA | DEPARTAMENTUA | ATXIKIPEN ESPARRUA | ARAUBIDE JURIDIKOA | HERRIA | EREMUA | HIZKUNTZAK |
LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEP. | NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INST. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | MISTOA | ||
LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEP. | NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INST. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | MISTOA | EUSKARA, C1 | |
LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEP. | NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INST. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | MISTOA | ||
LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEP. | NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INST. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | MISTOA | ||
LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEP. | NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INST. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | MISTOA | ||
LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEP. | NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INST. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | MISTOA | ||
LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEP. | NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INST. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | MISTOA | ||
LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEP. | NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INST. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | MISTOA | ||
LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEP. | NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INST. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | MISTOA | ||
LEHENDAKARITZA ETA BERDINTASUN DEP. | NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INST. | FUNTZIONARIOA | IRUÑA | MISTOA |
Iragarkiaren kodea: F2410282
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
