152. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IGUZKITZA

Labeagako Kontzejuaren kudeaketa-esleipena, administrazio-kudeaketarako

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.3.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta bi alderdiek 2024ko otsailaren 26an sinatu ondotik, argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean Labeagako Kontzejuaren eta Iguzkitzako Udalaren arteko kudeaketa-esleipenaren hitzarmena, eranskinean agertzen baita.

Iguzkitzan, 2024ko ekainaren 25ean.–Alkatea, Miguel Ábrego Bujanda.–Kontzejuko burua, Lucía Otero Rodríguez.

KUDEAKETA-ESLEIPENAREN HITZARMENA LABEAGAKO KONTZEJUAREN ETA IGUZKITZAKO UDALAREN ARTEAN ADMINISTRAZIO-KUDEAKETARAKO

Iguzkitzan, 2024ko otsailaren 29an.

BILDU DIRA

Alde batetik: Miguel Ábrego Bujanda, Iguzkitzako Barrutiko Udaleko alkate udalburua den aldetik, 2023ko ekainaren 17ko erabakiaren bidez ahaldundua.

Bestetik, Lucía Otero Rodríguez, Labeagako Kontzejua ordezkatuz, P3153800B IFZ duena eta helbidea Labeagan.

Noren izenean ari diren kontuan hartuz, bi alderdiek elkarri aitortzen diote hitzarmen hau sinatzeko gaitasun juridikoa, eta, beraz,

ADIERAZTEN DUTE:

Lehendabizikoa.–Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluak xedatzen duenez, administrazio organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera material edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organo edo zuzenbide publikoko entitate bati esleitu ahal izanen zaizkio, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, dela eraginkorragoak izateko, dela jarduera horietarako baliabide tekniko egokiak ez dituztelako.

Kudeaketa-esleipenak ez dakar eskumenaren titulartasuna lagatzea; eta kudeatzeko esleipena ematen duen entitatearen ardura izanen da esleipenean emandako jarduera material zehatzari oinarria emanen dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

Kudeaketa-esleipena administrazio desberdinetako organoen artean egiten denean, administrazio horien arteko hitzarmena sinatuta formalizatuko da.

Nolanahi ere, kudeaketa-esleipena formalizatzeko tresna eta bere ebazpena dagokion aldizkari ofizialean argitaratu behar dira, eraginkorra izan dadin.

Bigarrena.–Iguzkitzako Udalak bere eskumeneko gaiak kudeatzen ditu Azketan dituen udal bulegoetan eta baliabide informatiko nahikoak eta eguneratuak ditu, baita administrazio kudeaketan espezializatutako langileak ere.

Hirugarrena.–Labeagako Kontzejuak bere eskumeneko gaien administrazioa kudeatu behar du, baina ez dauka bide teknikorik, ezta azpiegiturarik ere, eskumena erabiltzeko.

Horregatik guztiagatik, kudeaketa-esleipenaren hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, lege hauetan ezarritako esparruaren barruan: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/015 Legea, Toki-araubidearen Oinarriei buruzko Foru Legea, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea; klausula hauen arabera.

KLAUSULAK

Lehenbizikoa.–Hitzarmen honen helburua da Labeagako Kontzejuak kudeaketa esleitzea Iguzkitzako Udalari, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen 11. artikuluaren, Toki-araubidearen Oinarriei buruzko Legearen eta Toki Administrazioari buruzko Legearen babespean.

Bigarrena.–Labeagako Kontzejuak Iguzkitzako Udalaren esku uzten du ohiko administrazioren kudeaketa, eta horrek honako jarduketa hauek dakartza:

1. Agiri guztien sarrera-erregistroa eta irteera-erregistroa: posta arrunta eta posta elektronikoa kudeatzea.

2. Telefono bidezko arreta eta aurrez aurrekoa, Iguzkitzako Udalaren bulego ordutegi berean.

3. Kontzejuaren aktak idaztea eta dagozkion erabakien bidalketak kudeatzea.

4. Herri-ondasunak eta ondare-ondasunak kontratatzeko espedienteak egitea.

5. Likidazioak, kobrantzak eta Kontzejuaren ondarearekin zerikusia duen guztia kudeatzea.

6. Obren eta horniduren adjudikazio-espedienteak egitea.

7. Berezko araudia idaztea: ordenantzak, erregelamenduak eta horiek betetzea.

8. Kontzejuaren intereseko gai guztien gaineko informazioa: kartelak prestatzea, zirkularrak, laguntzak eta dirulaguntzak.

Hirugarrena.–Finantzaketa eta ordaintzeko modua: Iguzkitzako Udalari agindutako lan guztien balorazioa 2.662 eurokoa da, gehienez ere, honela banakatuta:

1. Iguzkitzako Udaleko langileei soldata osagarria ordaintzea beren eginkizunak handitu direlako: 2.200 euro.

2. Gizarte Segurantzako enpresa kuota ordaintzea: 462 euro.

3. Diru-kopuru horiek Labeagako Kontzejuak ordainduko dizkio Iguzkitzako Udalari, 9200 22770 aurrekontu partidaren kargura ("Administrazio gastuen konpentsazioa"), banku transferentzia eginez sei hilean behin, hori guztia dagokion likidazioa aurkeztu eta urtero agindutako lanak amaitu ondoren, baita idazkari kontu-hartzaileak aldeko txostena emanda ere.

Laugarrena.–Jarraipen batzordea: Kudeaketa-esleipenaren hitzarmenean aurreikusitako neurriak betetzen diren egiaztatzeko eta horien interpretazioa egiteko, jarraipen batzorde bat eratuko da, honako osaera eta eginkizun hauek izanen dituena:

Osaera: Udaleko alkatea eta Kontzejuko burua.

Eginkizunak: agindutako lanak behar bezala egiten diren berrikustea.

Batzorde honen funtzionamenduari buruz berariaz aurreikusi ez den guztian, aplikatuko dira Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari buruzko Legearen atariko tituluaren II. kapituluaren 3. atalean aurreikusitako arauak (kide anitzeko organoei buruzkoak).

Bosgarrena.–Kudeaketa-esleipen honek ez dakar Labeagako Kontzejuaren titulartasuneko eskumenak lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen lagapena ere.

Seigarrena.–Hitzarmen honetako edozein klausula ez betetzeak hura suntsitzea ekartzen ahalko du.

Zazpigarrena.–Hitzarmen honek gehienez ere lau urteko iraupena izanen du, sinatzen den egunetik, eta orduz geroztik, automatikoki berrituko da lau urtetik lau urtera, salbu alderdietako batek amaiera berariaz iragartzen badu, hitzarmenaren edo haren edozein luzapenen mugaeguna eta hilabete bat lehenago abisatuta.

Zortzigarrena.–Aldaketa: Kudeaketa-esleipenaren hitzarmen hau aldatzen ahalko da, bi alderdiak ados jarrita.

Bederatzigarrena.–Hitzarmen honek izaera administratiboa du, ondorio guztietarako.

Eta ados daudela erakusteko, bi aldeek goian aipatutako tokian eta egunean sinatu dute hitzarmena.

Iragarkiaren kodea: L2410077