152. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 26a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MENDAZA, MIRAFUENTES ETA NAZARKO UDALEN BATASUNA

Deialdia, administrari laguntzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Udalen Batasuneko Burutzaren 2024ko ekainaren 19ko 02/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi da, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko administrari laguntzailearen lanpostu bat. Deialdia gauzatuko da aplikatzekoa den araudiaren arabera eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera.

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1 Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea administrari laguntzailearen lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, Mendaza, Mirafuentes eta Nazarko Udalen Batasunaren zerbitzura jardun dezan.

1.2 Izendapenak Mendaza, Mirafuentes eta Nazarko Udalen Batasuneko funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, hala behar badu, eta hartan alta emanen zaio.

1.3 Lanpostuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen C mailari dagozkion lansariak izanen ditu. Plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere izanen ditu.

1.4 Lanaldi osoa izanen du.

1.5 Egin beharreko lanak bere mailari eta kategoriari dagozkienak izanen dira, jendeari harrera egitea eta Udalaren administrazio zerbitzuei sostengu ematea barne.

1.6 Oporren araubidea udal bulegoetako gainerako langileena izanen da.

2.–Baldintza orokorrak.

2.1 Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

d) Eskola Graduatua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo horien baliokide bat edukitzea, edo eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta inongo administrazio publikotan jardutetik kendua ez izatea.

2.2 Arestiko baldintzak frogatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak deialdi honen zortzigarren oinarriak xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da, gainera, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean, bai eta oposizio prozedura osoan ere izendapen eguna arte.

3.–Eskabideak.

3.1 Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezten ahalko dira Mendazako Udalaren erregistro orokorrean (De Arriba kalea 1, Mendaza), Mendazako Udalaren egoitza elektronikoan, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz, mezu elektroniko bat igorri beharko zaio Mendazako Udalari (aytomendaza@hotmail.com) 24 orduko epean, inguruabar horren berri emanez. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek, data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Baldintza horiek bete ezean ez da iragarki honetan adierazitako epetik kanpo iristen den proposamenik onartuko.

Eskabideak deialdi honen II. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2 Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten edo zer moldaketa behar duten denboretan eta/edo baliabideetan. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte deialdi honen seigarren oinarriaren arabera kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak.

Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.

3.4 Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:

a) NAN nortasun agiri nazionalaren fotokopia edo AIZ atzerritarren identifikazio zenbakiarena.

b) Deialdi honen 2. oinarrian eskatzen diren titulazioen fotokopiak.

c) Izangaiek lehiaketaldirako alegatzen dituzten merezimenduak frogatzeko agiriak, zehazki: egindako zerbitzuen ziurtagiriak, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, I. eranskineko baremoan ezarritakoaren arabera, berariaz adierazita lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzua zer zentro edo unitatetan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

d) Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

e) Azterketa eskubide gisa, Udalaren Diruzaintzan 17,20 euro ordaindu izanaren frogagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Zenbateko hori ordaintzen ahalko da eskudirutan diru-sarrera eginez edo banku-transferentzia bidez, honako kontu honetan: Nafarroako Rural Kutxa: ES73 3008 0052 22 0700581929. Ordainagirian datu hauek adierazi beharko dira nahitaez:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: azterketa, administrari laguntzailea.

Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

3.5 Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.6. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1 Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mendaza, Mirafuentes eta Nazarko Udalen Batasuneko buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Mendazako Udalaren iragarki-taulan eta haren web-orrian. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onesten ahalko da izangai onartuen zerrenda.

4.2 Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute, idazkia aurkezturik Udaleko erregistro orokorrean.

4.3 Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, ebazpen bat emanen da, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta argitaratzeko aginduko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.4 Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1 Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Javier Senosiáin Paternáin, Mendazako Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Víctor Javier Álvarez de Eulate Pérez, Mendazako Udaleko zinegotzia.

–Lehen epaimahaikidea: María Emma Iñigo Huarte, Mirafuentesko Udaleko alkatea.

Lehen epaimahaikidearen ordezkoa: Pedro Adolfo Bujanda Cirauqui, Nazarko Udaleko alkatea.

–Bigarren epaimahaikidea: Joana Eguílaz Fernández, Mendazako Udaleko zinegotzia.

Bigarren epaimahaikidearen ordezkoa: Laura Aramendía Villar, Mendazako Udaleko zinegotzia.

–Hirugarren epaimahaikidea: María Jesús Fernández Díaz, Mendazako Udaleko zinegotzia.

Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Leonor Begoña Monreal Mondragón, Nazarko Udaleko zinegotzia.

–Epaimahaikide idazkaria: José Enrique García Aguado, Mendazako Udaleko idazkaria.

Epaimahaikide idazkariaren ordezkoa: Rafael Hervás Guerrero, Legariako Udaleko idazkaria.

Kalifikazio-epaimahaiko idazkari-lanak epaimahaiko kideren baten eginen ditu, eta dagozkion aktak eginen ditu, epaimahaiko kide guztiek sina ditzaten.

5.2 Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, gutxienez kide guztien gehiengo osoak beharko du elkartu.

5.3 Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.4 Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldia: bi proba eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

Fase hau 60 puntuz baloratuko da, eta baztertzailea izanen da. Gainditzeko, 15na puntu lortu beharko dira oposizioaldiko bi probetan.

b) Lehiaketaldia: izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren I. eranskinean dagoen baremoaren arabera.

Fase hau 40 puntuz baloratuko da, eta ez da baztertzailea izanen.

7.–Oposizioaldia.

7.1 Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertu eginen dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean halakorik eskatu badute.

7.2. Oposizioaldian eginen dira oinarri honetan deskribaturiko bi probak, deialdi honen gai-zerrendan jasotako gaiei buruzkoak.

Proba bat teorikoa izanen da, eta galdera laburren galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, ebazpen honetan jasotako gai-zerrendako gaiei buruz.

Bigarren proban, zenbait administrazio agiri ofizial prestatu beharko dira, oposiziogileei emanen zaizkien datuekin, beteko den lanpostuan egin beharreko zerbitzuekin zerikusia duten gaiei buruzkoak.

Proba teorikoa egiteko ezin izanen da inolako testurik edo dokumentaziorik erabili, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza izan ezik.

Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen probak egiteko.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Proba hauetako bakoitzean gehienez 30 puntu lortzen ahalko dira. Oposizioaldia gainditzeko, gutxienez 15 puntu lortu beharko dira bi proba horietako bakoitzean, eta hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira puntuazio horretara iristen ez direnak.

7.3 Proben kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien puntuazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, telematikoki, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.4 Oposizioaldia burututa, epaimahaiak argitara emanen ditu probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin.

8.–Lehiaketaldia edo merezimenduak baloratzeko fasea.

8.1 Lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren I. eranskinean dagoen baremoaren arabera.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko.

Ezin izanen da inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.

Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

8.2 Merezimenduen balorazioa egin ondoren, argitara emanen dira izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek erreklamazioak egin ditzaten eta beren eskubideen alde komeni zaiena alega dezaten, merezimenduen balorazioaren gainean.

9.–Agiriak aurkeztea.

9.1 Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Mendazako Udalaren erregistro orokorrean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeenik.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat, esaten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Balorazio eta orientazio talde eskudunek emandakoa izan behar du.

d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Baldin eta izangaia Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa bada (ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta beste batekoa), aurrekoez gain, aurkeztu beharko du ziurtagiri bat, zeinak frogatzen baititu aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa eta abar).

9.2 Epe horretan, behar bezala frogaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak indarrik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.

9.3 Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatzen bada, hutsunea beteko da 7.2 oinarrian azaltzen den izangaien zerrendan ondo-ondotik datozen izangaiekin.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1 Burutzaren ebazpen baten bidez, Mendaza, Mirafuentes eta Nazarko Udalen Batasuneko administrari laguntzaile izendatuko da aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.

10.2 Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3 Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Mendaza, Mirafuentes eta Nazarko Udalen Batasuneko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halako kasua gertatzen bada, oposizio-lehiaketako puntuazio-ordenan bigarrena den izangaia izendatuko da.

11.–Datuen babesa.

Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Mendaza, Mirafuentes eta Nazarko Udalen Batasuna da.

–Datuak tratatuko dira xede honekin: langileak hautatzea eta Mendaza, Mirafuentes eta Nazarko Udalen Batasunaren zerbitzura jardunen duen administrari laguntzailearen lanpostu bat betetzea.

–Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa: DBEOren 6.1.c) artikulua (tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua), eta DBEOren 6.1.b) artikulua (kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena).

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Errege Lege Dekretua, urriaren 30ekoa), gardentasunaren atarian argitaratzea barne, bat etorriz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, aurka egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, egoitza elektronikoaren bidez, edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@mendaza.es).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi ondotik.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Udalen Batasuneko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Mendazan, 2024ko ekainaren 20an.–Mendaza, Mirafuentes eta Nazarko Udalen Batasuneko burua, Javier Senosiáin Paternáin.

GAI ZERRENDA

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: atariko titulua. Nafarroaren eskumenak. Erreforma.

3. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

4. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea: I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.

5. gaia.–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea.

6. gaia.–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen Foru Legea.

7. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: Abstentzioa eta errekusazioa. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

8. gaia.–Administrazio-egintzak. Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak. Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.

9. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

10. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

11. gaia.–Pertsonek Foru Administrazio Publikoarekiko harremanetan dituzten eskubideak. Informazioa jasotzeko eskubidea. Informazio motak. Herritarrek Administrazioan parte hartzea. Kexak eta iradokizunak.

12. gaia.–Datu-babesaren printzipioa, eta informazioaren segurtasunarena. Ahozko eta telefono bidezko komunikazioa: arauak, baliabideak eta konfidentzialtasuna; helburuak, erabilera eta mugak. Idatzizko komunikazioa: arauak, baliabideak eta motak. Gutuna: edukia, egitura eta ereduak.

13. gaia.–Foru Administrazio Publikoaren funtzionamendu elektronikoa. Foru Administrazio Publikoaren betebeharrak izapidetze elektronikoaren arloan.

14. gaia.–Informazioa eta dokumentazioa erregistratu eta artxibatzea. Dokumentuak antolatzeko eta sailkatzeko sistemak. Informazioa eta dokumentazioa kontserbatu eta eskuratzea; segurtasuna eta konfidentzialtasuna. Artxiboak: kontzeptuak, motak eta erabiltzeko arau praktikoak. Artxiboaren kontrola.

15. gaia.–Dokumentazio administratiboa. Ofizioa, eskabidea, ziurtagiria, akta, ebazpen administratiboak, foru aginduak. Administrazio espedientea. Administrazio publikoek egindako kopien baliozkotasuna.

16. gaia.–Sistema eragilea: funtsezko kontzeptuak. Windows 10. Mahaigaina eta haren elementuak; atazen administratzailea; Windows arakatzailea; kontrol-panela; gailuak eta inprimagailuak; hasierako menua; tresna-barra; laguntza eta euskarri teknikoa; sarean lan egitea; erabiltzaile-kontuak.

17. gaia.–Testu-tratamenduko programak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word 2010: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orrialdea diseinatu eta konposatzea; estiloak; txantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; lan ingurunea pertsonalizatzea; inprimatzea.

18. gaia.–Kalkulu orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel 2010: oinarrizko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelaxkak; gelaxkak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta estekak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; taula dinamikoak; inprimatzea.

I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

a) Merezimendu profesionalak.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 40 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Nafarroako Toki Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,40 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.2) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 1,80 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

a.3) Edozein administrazio publikotan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,20 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1.–Zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

2.–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

3.–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatuko dira egoera horietan sartzerakoan zeukan lanpostuan aritu balitz bezala.

4.–Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

II. ERANSKINA.–HAUTAPEN PROZESUAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA

Izena: ..........................................................................................................................................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ................................................. (edo balio bereko beste agiriren bat); sorteguna: ..............(e)ko ......................................aren ..........(e)(a)n; sorterria: ............................................................................ (............................................), nazionalitatea: .........................................................; egungo bizitokia: ............................................................................ (..............................................), kalea: ................................................................................, posta kodea: .................., telefonoa: ......................................................... eta posta elektronikoa: .................................................................................................

AZALTZEN DUT:

Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko emandako epea bukatzen den egunean, Mendaza, Mirafuentes eta Nazarko Udalen Batasunean administrari laguntzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, zeina argitaratu baitzen ...................... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun honetan: ...............(e)ko ......................................aren ............(e)(a)n.

–Eransten dudala deialdian parte hartzeko eskatutako dokumentazioa.

–(Hala dagokionean). Desgaitasuna dudala eta, hortaz, behar ditudan egokitzapenak eskatzen ditudala, haietarako arrazoiak adierazita (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).

–(Hala dagokionean). Desgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

–Eskabidearekin batera aurkezten dudala lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.

Horiek horrela, eskatzen dut eskabide hau onartzea eta, beraz, onartua izatea Mendaza, Mirafuentes eta Nazarko Udalen Batasunean administrari laguntzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta funtzionarioen araubidean betetzeko hautaprobetan.

Mendazan, 2024ko ...............................................aren ..................(e)(a)n





(Sinadura)





MENDAZA, MIRAFUENTES ETA NAZARKO UDALEN BATASUNEKO BURUA.

Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Tratamenduaren arduraduna: Mendaza, Mirafuentes eta Nazarko Udalen Batasuna. Helburua: administrari laguntzailearen lanposturako oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea. Eskubideak: datuetan sartzeko eta datuak zuzentzeko eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta beste eskubide batzuk ere, deialdiaren 11. oinarriko informazio gehigarrian azaldutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2410812