150. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORKOIEN

Udal Musika Eskolaren Erregelamenduaren testu bategina

Orkoiengo Udalak, 2024ko maiatzaren 22ko bilkuran, Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako Araudi Organikoaren aldaketa handi bat onartu zuen. Erregelamendua eskuragarri egon dadin eta edukia ezagutaraz dadin, jarraian eransten da haren testu bategina, zeinak behin betiko testua jasotzen duen onetsitako aldaketak sartuta.

Orkoienen, 2024ko ekainaren 26an.–Alkatea, Alejandro López Orejuela.

ORKOIEN MUSIKA ESKOLAKO JOSE MIGUEL HUARTE MUSIKA ESKOLAKO ARAUDI ORGANIKOA

ZIOEN AZALPENA

Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolaren gaur egungo plan pedagogikoa Orkoiengo Udalaren eta Oltza Zendeako Udalaren udalbatzek onetsi zuten 2004an, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilariak urriaren 10ean emandako 443/2002 Foru Aginduan oinarrituta, Foru Agindu horretan baimendu baitzen Musika Eskola irekitzea eta martxan jartzea orduan indarrean zen 1/1990 Lege Organikoaren 39.5 artikuluaren eta 421/1992 Foru Dekretuaren babespean. Plan pedagogikoa idaztean, hezkuntza kalitatea hartu zen aintzat bereziki, uste baita musika eskolen zeregina arrunt garrantzitsua dela musikaren eta kulturaren garapen osasungarrirako eta, horregatik, botere publikoek bermatu behar dutela ikastetxe horien behar bezalako funtzionamendua.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak indarrik gabe utzi zuen Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko 1/1990 Lege Organikoa. Hala ere, Lege berriaren 48.3 artikuluak ia-ia hitzez hitz errepikatzen du Hezkuntzari buruzko 1/1990 Lege Organikoaren 39.5 artikuluan bildutakoa; hor, musika eskola berariazkoak aipatzen dira, eta, beraz, ikastetxe horiei dagokienez ez dago inolako arau-aldaketarik.

Hala ere, Udalaren Musika Eskola abiatu zenetik zenbait ikasturte iragan direla, nabarmen gelditu da indarra duen plan pedagogikoan jasotzen diren alderdi batzuk biltzeko beharra eta haiei araudi izaera osoa ematea, hala nola irakaskuntzen antolaketa eta ikasleak mailaz igotzeko eta ikaspostua galtzeko irizpideak, baita funtsezko beste alderdi batzuk arautzeko premia ere, hala nola hauei dagozkienak: ikastetxearen gobernua, zuzendariaren hautapena publikotasun, berdintasun, gaitasun eta merezimendu printzipioei heldurik, hezkuntza komunitateko kide guztien eskubide eta betebeharrak, eta faltak eta aplikatzen ahal diren zehapenak horiek oker jokatuz gero.

Horrenbestez, eta Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolaren xedeen lorpenari lagun egin nahirik, herritarrei kultur eta hezkuntza zerbitzu kalitatezkoa emanez, ondotik heldu da erregelamendu organiko honen garapena.

I. KAPITULUA.–SARRERA

1. artikulua. Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskola "musika eskola" da, aplikatzekoak izanik indarra duten xedapenei jarraikiz.

2. artikulua. Hauek dira Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolaren helburu nagusiak.

–Musika hezkuntza egokia ematea ikasleen gehiengoari, etorkizunerako asmo profesionalik gabe, musika heziketa praktikoa eta kalitatezkoa eskuratu nahi baitu, bere garapen pertsonalari funtsezko ekarpena eman diezaion.

–Musikaren etorkizuneko profesionalei bere musika heziketaren oinarria ematea.

–Orkoiengo gizarte eta kultur jarduera bulkatzea musika hezkuntzaren bitartez.

II. KAPITULUA.–IRAKASKUNTZEN ANTOLAKETA

3. artikulua. Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolan ematen diren ikasgaiak, eta haien antolaketa mailaka, maila eta ikasgai bakoitzaren xede pedagogikoak, irakastorduak, metodologia, etab., ikastetxean indarra duen plan pedagogikora biltzen dira, deusetan ukatu gabe erregelamendu honetan udalaren eskolako irakaskuntzen antolaketaz eta garapenaz ezartzen dena.

4. artikulua. Prestakuntza mailak.

4.1. Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolan ematen diren irakaskuntzak prestakuntza mailen arabera antolatuko dira. Prestakuntza maila bakoitzaren barnean, zenbait ikasgai sartuko dira, eta ikasgai bakoitza zenbait kurtsotan antolatuko da.

4.2. Honela deituko dira prestakuntza mailak: I. maila (musika lantegia), II. maila (bi urteko hiru ziklo), III. maila (12 urtetik goitiko helduak). Ikasle gehienek horiexek ikasiko dituzte, eta halako parekotasun bat izanen dute, hurrenez hurren, araubide orokorreko irakaskuntzen etapekin: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzatik aitzinerakoa.

4.3. Arestian aipatutako prestakuntza maila horiez gain, honako hauek ere izanen dira: maila neurtzeko sarbide-probak eta Musika taldeak ikasgaia bakarrik ikasteko aukera.

4.4. I. maila delako prestakuntza maila abenduaren 31n 5 eta 6 urte bitartean dituzten haurrendako izanen da. Bi ikasturte iraunen du eta, haietan, ikasgai bakarra emanen da, Musika Hastapena/Musika Lantegia (Musika eta mugimendua).

4.5. II. maila delako prestakuntza maila ikasturte bakoitzaren hasierako urteko abenduaren 31n 7 urtetik gora dituzten haurrendako izanen da. Sei ikasturte iraunen du, eta, horietan, nahitaez emanen dira Instrumentua eta Musika Hizkuntza ikasgaiak, baita Koroa (1. eta 2. mailan), Klase Kolektiboa (3. eta 4. mailan) eta Instrumentu taldea (5. eta 6. mailan) ere.

4.6. III. maila, pertsona helduak, izeneko prestakuntza maila, II. maila behar bezala gainditu dutela egiaztatzen duten musika eskoletako ikasleentzat edo abenduaren 31n 13 urtetik aurrerako ikasle berrientzat izanen da, eta adin-mugarik gabe. Ikasle bakoitzak nahi adina ikasturte egiten ahalko ditu, eta ez da nahitaezkoa den ikasgairik izanen, eta honako hauek ere izanen ditu aukeran: musika hizkuntza, klase kolektiboa, instrumentu taldea/konboa, eskusoinu eta gitarra taldea, banda...

4.7. I. mailako edozein ikastarotan sartzeko, ikaspostua lortu beharko da musika eskolan, matrikula egiteko ezarritako epeetan, eta adina izanen da irizpide bakarra: 5 urte 1. kurtsorako edo 6 urte 2.erako; izan ere, kurtso horiek haurraren bilakaeraren garapenari emanen diote lehentasuna eta ez bestelako irizpideei (salbu eta desgaitasunen bat badute, edo agiri bidez egiaztatzen den ezinbesteko kasuren bat).

4.8. II. mailako lehen kurtsoan sartzeko, 7 urte beterik izan beharko dira ikasturte bakoitza hasten den urteko abenduaren 31n eta musika eskolan ikaspostua erdietsi matrikulazio epearen ondoan. Izena eman ahala onartuko dira ikasleak, salbu eta I. maila eskola horretan egin badute, haiek zuzenean sartuko baitira II. mailan. Lehentasuna emanen zaie II. mailako matrikulazio berriei III. mailakoen aurrean, iritsiera-ordena kontuan hartu gabe.

Ez da beharrezkoa izanen I. maila egina izatea II. mailako lehen kurtsoan hasteko.

4.9. II. Mailako bigarren kurtsoa eta hurrengoak ikasteko, gainditurik izan behar da maila horren aitzineko kurtsoa edo, bestenaz, dagokion mailarako neurtze proba. Maila neurtzeko probarako, aurretiko musika ezagutzak eta izangaiaren adina hartuko dira kontuan.

4.10. Aipatu hiru prestakuntza mailetako bakoitza buruturik, ikastetxeak behar diren egiaztagiriak banatuko ditu, baina horiek ez dira nahasiko balio akademiko edo profesionala duten tituluekin.

4.11. II. mailan posible izanen da ikasgai batean kurtsoa errepikatzea eta besteetan aitzina egitea, nahiz eta, maila burutzeko eta behar den egiaztagiria eskuratzeko, beharrezkoa izanen den ikasgai eta kurtso guztiak buruturik izatea, 4.5. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.

4.12. Musikarako gaitasun nabarmenak dituzten ikasleek, ahalegina eta etekina erakutsiz gero, Kontserbatorioan sartzeko kurtsoa ikasten ahalko dute irakaskuntza indartuko aukera berezi batean, eta horren xedea izanen da kontserbatorioan sartzeko probak prestatzea egokien irizten diren irakaskuntza profesionalen kurtsoetarako.

4.13. Maila neurtzeko probak II. mailako edozein kurtsotan sartu nahi duten ikasleendako izanen dira (8 urte beteak izan behar dituzte, gutxienez, abenduaren 31n), baldin eta aitzinetik musikari buruzko ezagutza badute. Proba horiek Instrumentua eta Musika hizkuntza ikasgaiak ere izanen dituzte.

Bigarren tresna: II. mailako 3a gainditu duten edo III. mailan dauden ikasleak bigarren instrumentu batean matrikulatzen ahalko dira, beti ere instrumentu horretako irakasleek ez badute lanaldi osoa gainditzen. Eskaria urteko eskaintza baino handiagoa bada, lehentasuna izanen dute tresna nagusiaren matrikula berriek bigarren tresna berri baten matrikulen aurrean. Oraindik ere eskaria eskaintza baino handiagoa bada, II. mailako ikasleek lehentasuna izanen dute III. mailakoen aurrean. II. mailako ikasleen artean, goi-kurtsoetako ikasleek izanen dute lehentasuna, 6. kurtsotik hasita eta, gero, 5. eta 4. kurtsokoek, hurrenez hurren. III. mailako ikasleen artean, ikasle zaharrenak izanen du lehentasuna. Berdinketarik gertatuz gero, matrikularen eguna eta ordua hartuko dira kontuan.

5. artikulua. Irakasle-ikasle ratioa eta irakas denbora.

5.1. Musika tresnen irakaskuntzan, ikasle guztiek irakaslearen arreta jasoko dute, bai banakako eskoletan bai taldeendako eskoletan. Lehenagoko ezagupenek, adinak edo bestelako inguruabar pedagogikoek komenigarri egiten dutenean, ikasleak banakako eskoletan baizik ez du jasoko irakaslearen arreta, baina ahaleginak eginen dira ikasleak musika instrumentuen taldeetan parte hartzeko, bere instrumentuarekiko praktika ez dadin mugatu soilik instrumentua jotzera.

5.2. Musika hastapena ikasgaian, ikasleen gehieneko kopurua talde bakoitzean 10 izanen da kasu guztietan. Talde bakoitzean, gutienez ere 3 lagun izanen dira.

5.3. Musika hizkuntza ikasgaian eta III. mailako osaera libreko ikasgaietan, ikasleen gehieneko kopurua talde bakoitzean 10 izanen da, eta gutienekoa, 3. Kontserbatoriora sartzeko ikasgaian ez da ez gutieneko ez gehieneko ikasle kopururik izanen.

5.4. II. mailan, 1. eta 2. kurtsoetan, irakasleak astean 30 minutuko instrumentu eskola izanen du ikasle bakoitzarekin. II. mailan, 3. eta 4. kurtsoetan, irakasleak astean 35 minutuko instrumentu eskola izanen du ikasle bakoitzarekin, eta, azkenik, II. mailan, 5. eta 6. kurtsoetan, irakasleak astean 40 minutuko instrumentu eskola izanen du ikasle bakoitzarekin. III. mailan, Musika hizkuntza ikasgaian, astean, ordubeteko bi saio eginen dira, III. mailako Musika hizkuntza ikasgaian izan ezik, maila horretan astean ordubeteko saio bakarra eginen baita.

5.5. Eskola kolektiboko irakasgaia astean 30 minutuko saio batean emanen da, baldin eta musika tresna bereko 3-5 ikasle badaude. 6 ikasle edo gehiago baldin badaude, astean 30 minutuko 2 talde eginen dira, edo ordu bateko talde bakarra. Ikasle bat edo bi baino ez daudenean, tresna ezberdinen artean bilduko dira 3 ikasleko edo gehiagoko taldeak sortzeko.

5.6. Instrumentu talde ikasgaiak astean bi saio izanen ditu, ordubetekoak. Matrikulazio epea amaitzean, zuzendaritza taldeak eginen du taldeen banaketa, irakasleen klaustroaren aholkularitzarekin.

5.7. Korua irakasgaia ordubeteko saio batean emanen da astean, 1. eta 2. kurtsoetan. Antolamendu hori aldatzen ahalko da, Eskola Kontseiluak hala erabakitzen badu.

6. artikulua. Ikasgai bakoitzaren curriculuma eta ebaluazioa.

6.1. Ikastetxean ematen den ikasgai bakoitzerako curriculuma izanen da, baita ikasle bakoitzak ikasgai horretan kurtsoa gainditzeko eta hurrengo kurtsora igo ahal izateko gutxienez bete behar dituen eskakizunen zerrenda ere.

6.2. Aitzineko puntuan esanagatik ere, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleendako egokitzapenak eginen dira curriculumean.

6.3. Irakasleek ebaluazio jarraitua erabiliko dute ikasle bakoitzarekin, eta, gainera, ikasturte bakoitzean, hiru ebaluazio saio eginen dira, eta, haien bidez, hiruhileko bakoitzean, hiru kalifikazio emanen zaizkie ikasleei eta beste bat, azkenekoa, ikasgai eta kurtso bakoitzeko. Adin handieneko ikasleek ez dute idatzizko kalifikaziorik jasoko. Kalifikazioetan, errendimendu akademikoak, jarrerak, ahaleginak eta ikasteak izanen dute eragina. Gainera, kalifikatua izan ahal izateko, ikasle batek edozein mailatako irakas saioen % 80ra joan beharko du, gutienez, I. mailan izan ezik, hartan saioen % 75era joan beharko baitu. Bestalde, puntualtasun faltek ere asistentziakoak metatzea ekarriko dute, halako moldez non eskoletara berandu iritsiz gero atzerapena bada haren iraupenaren %25 baino gehiago, hiru puntualtasun falta asistentziako bat izan balitz bezala kontatuko dira.

6.4. Musika eskolako jende aitzineko ekitaldiei dagokienez, espezialitate bakoitzaren curriculumaren parte izanen da instrumentu taldean aritzea eta jende aitzinean ekitaldiak egitea; bi alderdi horien balioespenak eragina izanen du ikasle bakoitzaren kalifikazioan. Ikasleak ikasturtea gainditzeko, nahitaezko baldintza izanen da bi kontzertutan parte hartzea interprete gisa, bai banakako entzuteetan bai eskolako instrumentu talde batean. Arau horretatik kanpo geldituko dira III. maila ikasten ari direnak.

7. artikulua. Eskola egutegia.

7.1. Ikasturte bakoitzeko eskola egutegia finkatzeko, Hezkuntza departamentuak bere ikastetxeetarako emandako jarraibideei segituko zaie. Nolanahi ere, eskola egunen kopuru osoa ez da ez gehiago ez gutiago izanen foru administrazioaren menpeko ikastetxeena baino.

7.2. Musika eskolako zuzendaritzak gainbegirattuta eta baimenduta, entsegu eta kontzertuetarako edo ikasleekin egiten den edozein hezkuntza jarduerarako erabiltzen diren orduak eskolarik gabeko ordutzat hartuko dira.

III. KAPITULUA.–GOBERNU ORGANOAK

8. artikulua. Hauek dira Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolaren gobernu organoak:

–Eskola Kontseilua, Orkoiengo Udalaren eskumen esklusibokoak direnei kalterik egin gabe: alkatea, eskolaren ardura duen zinegotzia edo batzordea, zuzendaritza taldea eta irakasleen klaustroa.

–Honako hauek osatuko dute Eskola Kontseilua:

  • Zuzendaritza taldeko bi ordezkari (zuzendaria edo ikasketaburua).
  • Irakasleen ordezkari bat (jardunean egon behar du).
  • Ikasleen gurasoen eta/edo tutoreen ordezkari bat.
  • Ikasleen ordezkari bat (18 urtetik goitikoa).
  • Orkoiengo Udaleko bi ordezkari.

Eskola Kontseiluak honako eskumen hauek izanen ditu:

a) Proiektuak eta arauak onetsi eta ebaluatzea.

b) Musika eskolako urteko programazio orokorra onetsi eta ebaluatzea, irakaskuntzaren planifikazioari eta antolamenduari dagokienez Irakasleen Klaustroak dituen eskumenak ukatu gabe.

c) Izangaiek zuzendaritzarako aurkezten dituzten hautagaitzen eta zuzendaritza proiektuen berri izatea.

d) Musika eskolako zuzendariaren hautaketan parte hartzea, ezarritako baldintzen arabera. Zuzendaritza taldeko gainerako kideen izendapenen eta kargu-uzteen berri izatea. Hala badagokio, eta kideek hala erabaki eta gero, zuzendariaren izendapena atzera botatzea bi hereneko gehiengoz onetsita.

e) Ikasleen onarpenari buruz erabakitzea, ezarritako arauei eta hura garatzeko xedapenei jarraikiz.

f) Diziplina gatazkak nola konpondu diren ezagutzea, eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak izan daitezela begiratzea. Eskolako zuzendaritzak diziplina neurriak hartzen dituenean ikasleek ikastetxeko bizikidetza nabarmen kaltetzen duten portaerak izan dituztelako, Eskola Kontseiluak, gurasoek edo tutoreek hala eskatuta, egoera aztertzen ahalko du, eta hala badagokio, neurri egokiak proposatu.

g) Honako alderdi hauek bultzatzeko neurriak eta ekimenak proposatzea: bizikidetza ikastetxean; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, eta gatazkak modu baketsuan konpontzea norberaren bizitzan, familian eta gizartean.

h) Ikastetxeko instalazioak eta hornikuntza kontserbatu eta berritzea sustatzea, eta baliabide osagarriak eskuratzea onestea, ezarritakoarekin bat etorriz.

i) Hezkuntza eta kultura helburuetarako lankidetza irizpideak finkatzea toki administrazioekin, beste musika eskola batzuekin, eta bestelako erakunde eta entitateekin.

j) Aztertzea eta baloratzea ikastetxearen funtzionamendu orokorra, ikasleen errendimenduaren bilakaera eta barne nahiz kanpo ebaluazioen emaitzak, ikastetxeak haietan parte hartzen badu.

k) Bere ekimenez edo dagokion administrazioak aginduta, proposamenak eta txostenak egitea, ikastetxearen funtzionamenduari eta kudeaketaren hobekuntzari buruzkoak, baita kudeaketaren kalitatearekin lotutako beste alderdi batzuei buruzkoak ere.

l) Hezkuntza arloko Administrazioak eta indarrean dauden xedapenek eta legeek ematen dizkioten gainerako guztiak.

Eskola Kontseilua hiru hilean behin bederen bilduko da, eta Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako zuzendaritzak deitu edo gutienez kideen herenak eskatzen duen guztietan. Nolanahi ere, bilkura bat ere egin beharko du, nahitaez, ikasturtearen hasieran, eta beste bat, bukaeran. Eskola Kontseiluko bileretara joatea nahitaezkoa izanen da kide guztiendako.

Eskola Kontseiluak gehiengo soilez hartuko ditu bere erabakiak, hezkuntza proiektuari, barne araubidearen erregelamendu organikoari eta haren ondoko aldaketei dagozkienak izan ezik, azken horiek bi hereneko gehiengoz onetsiko baitira. Gero, Orkoiengo Udalaren Udalbatzara igorriko ditu, hura baita azken organo eskuduna.

Eratu ondoren, agintaldia udal legegintzaldi batekoa izanen da.

9. artikulua. Musika eskolaren titularra udala denez, Orkoiengo Udaleko Udalbatza izanen da erabakiak hartzeko organo gorena, deusetan ukatu gabe alkateak, zinegotzi arduradunak edo dagokion batzordeak udalaren antolaketaren barnean dituzten eskumenak, ezta zuzendaritza taldeari eta irakasleen klaustroari edo sortzen ahal diren beste organo batzuei esleitu zaizkien eskumenak ere.

10. artikulua. Zuzendaritza taldea.

10.1. Zuzendaritza taldea ikastetxeko gobernu organo betearazlea izanen da, eta zuzendaritzak eta ikasketa burutzak osatuko dute.

10.2. Zuzendaritza taldeak koordinazioan lan eginen du bere eginkizunak betetzerakoan, zuzendariaren jarraibideekin eta legez ezarritako eginkizun berariazkoekin bat eginez.

10.3. Zuzendaritza taldeak zaindu beharko du ikastetxeak ongi funtzionatzen duela, eta bideak emanen ditu eskola komunitate guztiak musika eskolako bizitzan modu koordinatuan parte hartzeko.

10.4. Horren gaineko araudi berariazkorik ez dagoen bitartean, zuzendaritza taldeak musika eskolaren barne antolaketarako sistema ezarriko du, irakaskuntzaren koordinazioari, bilkura sistemari, bilkuretako lan planari eta abarrei dagozkienetan.

10.5. a) Zuzendaritzak irakastorduak murriztuta izanen ditu, astean 8 orduan, lanaldi osoa badute. Lanaldi partziala izanez gero, berriz, astean 8 ordu gehiago izanen dituzte.

b) Ikasketaburuari astean 5 ordu gutxituko zaizkio irakastorduak, lanaldi osoa baduen, edo, bestela, lanaldi partziala badu, astean 5 ordu erantsiko zaizkio lanaldiari.

11. artikulua. Zuzendaritza eta ikasketa-burutza.

11.1. Zuzendaritzaren eskumenak. Hauek dira zuzendaritzaren eskumenak:

a) Musika eskolaren ordezkaritza eramatea, udala eskolan ordezkatzea eta udalari ailegaraztea hezkuntza komunitatearen ikusmoldeak, xedeak eta premiak.

b) Ikastetxearen jarduera guztiak zuzendu eta koordinatzea, ezertan galarazi gabe irakasleen klaustroari edo gainerako organoei esleitutako eskumenak.

c) Zuzendaritza pedagogikoa eramatea, hezkuntzaren berrikuntza bulkatzea eta plan pedagogikoan biltzen diren helburuak erdiesteko planak sustatzea.

d) Legeak eta indarra duten gainerako xedapenak betetzen direla bermatzea.

e) Ikastetxeari atxikitako langile guztien buru aritzea.

f) Ikastetxean bizikidetzaren alde egitea, gatazken konponketan bitartekotza bermatzea eta behar diren diziplina neurriak ezartzea indarra duen araudia betetzeko, beste organo batzuen eskuetan uzten diren eskumenak deusetan ukatu gabe.

g) Familiekiko, erakundeekiko eta eskolaren eta ingurunearen arteko harremana erraztuko duten organismoekiko lankidetza sustatzea, eta eskolan giro ona sustatzea, bai ikasteko bai ikasleen ezagupen eta balioetan prestakuntza osoa lortzeko jarduketa guztiak egiteko.

h) Ikastetxearen barne ebaluazioak bulkatzea eta kanpo ebaluazioei eta irakasleen ebaluazioei lankidetza ematea.

i) Egintza akademikoen eta irakasleen klaustroaren bilkuren deialdiak egitea, haien buru izatea eta hark bere eskumenen esparruan hartzen dituen erabakiak betearaztea.

j) Obra, zerbitzu eta horniduren kontratazioak aitzina eramatea, udal aurrekontuek musika eskolari atxikitzen dizkion kontu-sailekin bat, eta musika eskolaren urteko aurrekontuko ordainketak agintzea.

k) Ikastetxearen ziurtagiri eta agiri ofizialak ikus-onestea, udalak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ezartzen duenari jarraikiz.

l) Udalari zuzendaritza taldeko kideen izendapena eta kargu uztea proposatzea, irakasleen klaustroari eta gainerako gobernu organoei aitzinetik horren berri emanda.

m) Zuzendaritza taldeko gainerako kideekin, bakoitzaren eskumenak adostea.

n) Irakasleen ordezkoen zerrenda edo Nafarroako Enpleguko Zerbitzuaren zerrenda bat izatea, bajak izanez gero ordezkapenak izan ahal izateko.

o) Udalak manatzen dizkion gainerako guztiak.

11.2. Ikasketa-burutzaren eginkizunak.

Ikasketaburuak, irakaskuntza lanak egiteaz gain, irakaskuntza araubidearekin lotutako gai guztiak zuzentzen ditu musika eskolaren zuzendaritzaren agindupean; hau da, eskolako hezkuntza zerbitzuak koordinatzen ditu, irakasleei laguntza ematen die, prestakuntza planifikatzen du eta abar.

Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako zuzendari izan daiteke titularra ez dagoenean.

Ikasketaburuak honako eskumen hauek izanen ditu:

a) Zuzendariak eskuordetuta eta haren agindupean, irakasleen burua izatea irakaskuntza araubideari dagozkion arlo guztietan.

b) Irakasleen eta ikasleen hezkuntza- eta orientazio-jarduerak eta jarduera osagarriak koordinatzea hezkuntza-proiektuarekin, maila bakoitzeko curriculum proiektuekin eta urteko programazio orokorrarekin lotuta, baita dokumentu horietan ezarritakoa betetzen dela begiratzea ere.

c) Ikasleen eta irakasleen ordutegiak prestatzea, zuzendaritza taldeko gainerako kideekin batera eta klaustroak onetsitako irizpideekin eta urteroko programazio orokorrean sartutako ordutegi orokorrarekin bat etorriz, baita horiek hertsiki betetzen direla begiratzea ere.

d) Irakasleen eta tutoreen lana koordinatu eta zuzentzea kurtso bakoitzaren proiektuetan ageri den orientaziorako eta tutoretza ekintzarako planarekin bat etorriz.

e) Klaustroko ordezkariaren laguntzaz, irakasleen hobekuntzarako jarduerak koordinatzea, eta irakasleen prestakuntza jarduerak planifikatu eta antolatzea.

f) Egintza akademikoak antolatzea.

g) Hezkuntza komunitateko sektore guztiek musika eskolako bizitzan parte har dezatela sustatzea.

h) Hezkuntza proiektuaren eta urteko programazio orokorraren proposamenaren prestaketan parte hartzea, zuzendaritza taldeko gainerako kideekin batera.

i) Musika eskolako bizikidetza erraztea, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz, baita barne araubideko erregelamendu organikoan xedatutakoarekin eta eskola kontseiluak ezarritako irizpideekin ere.

j) Eskolako zuzendaritzak bere jarduketaren eremuan agintzen ahal dion beste edozein eginkizun.

12. artikulua. Zuzendaritza hautatu eta izendatzea.

12.1. Zuzendariaren hautapena berdintasun, publikotasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraikiz eginen da.

12.2. Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako irakasle aktibo oro izan daiteke hautagai.

12.3. Klaustroak hautatu eta izendatuko du zuzendaria.

Zuzendaritza posturako hautagaitza bat baino gehiago aurkezten bada, Udalak hautapen prozesua jendaurrean emanen du, eta 12.2 artikuluko baldintza betetzen duten interesdunek beren hautagaitza aurkeztuko dute eta zuzendaritza proiektu bat prestatuko dute, honako hauek bilduko dituena: ikastetxearen egoeraren azterketa, etorkizunerako xedeak eta ikuspegiak, jarduketa ildoak eta ebaluaziorako irizpide orokorrak. Hautagaitzarekin eta zuzendaritza proiektuarekin batera, curriculuma aurkeztu beharko da, hautagaiaren merezimendu akademiko eta profesionalak egiaztaturik.

13. artikulua. Izendapen berezia.

Hautagaitzarik ez badago, eskola kontseiluak izendatuko du zuzenean zuzendaria, eta, bestela, udalak, gehienez ere lau urterako.

14. artikulua. Zuzendariaren ikastetxearekiko arduraldia.

Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako zuzendari den pertsonak astean 8 ordu emanen ditu zuzendaritzarako. Irakaskuntza eta zuzendaritza uztartuko ditu, irakastorduak murriztuz, baldin eta lanaldi osoa badu, edo lanaldia handituz, lanaldi partziala badu, zuzendaritza lanetan aritzeko.

15. artikulua. Zuzendaritzaren kargu uztea.

Zuzendariak honelakoetan utziko du kargua:

a) Zer epetarako izendatu duten, hura iragatean.

b) Modu arrazoituan uko egin eta udalak onartzean.

c) Gerora sortutako ezintasun fisikoa edo psikikoa.

d) Udalak, modu arrazoituan, kargutik kentzen duenean, dela bere ekimenez, dela klaustroak edo bestelako gobernu organo batek modu arrazoituan proposaturik, bere karguari berez dagozkion eginkizunak modu larrian ez betetzeagatik. Nolanahi ere, kargutik kentzeko ebazpena behar den espedientea izapidetu ondotik emanen da, interesdunari aitzinetik entzunaldia emanda eta klaustroari eta gainerako gobernu organoei entzun ondoren.

16. artikulua. Zuzendaritza lanaren aitormena.

16.1. Zuzendaritza karguak eta, bereziki, zuzendaritza kargua betetzeko zeregina bereiz ordainduko da, eskatzen diren erantzukizuna eta dedikazioa kontuan hartuta, Orkoiengo Udalaren plantilla organikoan ezarritako osagarriekin bat.

17. artikulua. Irakasleen klaustroa.

17.1. Irakasleen Klaustroa irakasleek ikastetxeko gobernuan parte hartzeko duten organoa da. Hezkuntzari dagozkion alderdi guztiak planifikatu eta koordinatzen ditu, horren gainean argibideak ematen eta, hala behar badu, baita erabakiak hartzen ere.

17.2. Klaustroan, eskolako zuzendariak eginen du buru, eta eskolan zerbitzua ematen duten irakasle guztiek osatuko dute, eta deitzen diren bilkura guztietara joan beharko dute.

18. artikulua. Irakasleen Klaustroaren eskumenak.

Klaustroak eskumen hauek ditu:

a) Zuzendaritza taldeari proposamenak egitea urteko programazio orokorra prestatzeko eta plan pedagogikoa eguneratzeko.

b) Ikasgai bakoitzaren curriculumak onestea eta ebaluatzea, baita ikasgai bakoitzaren kurtso bakoitza gainditzeko ikasle guztiek konplitu behar dituzten gutieneko eskakizunak ere.

c) Irizpideak finkatzea ikasleen orientazioaz, tutoretzaz, ebaluazioaz eta errekuperazioez.

d) Ekimenak sustatzea esperimentazioaren eta ikerketa pedagogikoaren arloan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzarenean.

e) Zuzendariaren hautapenean parte hartzea, erregelamendu honetan ezarritako moduan.

f) Zuzendaritzarako hautagaitzen eta horiek aurkeztutako zuzendaritza proiektuen berri izatea.

g) Honako hauek aztertzea eta baloratzea: ikastetxearen jardun orokorra, eskola-errendimenduaren bilakaera, eta ikastetxearen parte-hartzea izan duten barne eta kanpo ebaluazioen emaitzak.

h) Ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauen gaineko txostenak egitea.

i) Diziplina gatazkak nola konpondu diren eta ezarri diren zehapenak ezagutzea, eta indarreko araudiaren araberakoak izan daitezela begiratzea.

j) Ikastetxean bizikidetza errazten duten neurriak eta ekimenak proposatzea.

k) Udalak edo kasuan kasuko antolaketa eta funtzionamendu arauek ematen dizkioten gainerako guztiak.

Klaustroa hilean behin bilduko da, eta zuzendariak deitzen duen edo gutienez kideen herenak eskatzen duen guztietan. Nolanahi ere, klaustroak bilkura bat egin beharko du, nahitaez, ikasturtearen hasieran, eta beste bat, bukaeran.

Irakasle guztiek nahitaez joan behar dute klaustroaren bilerara. Beraz, justifikatutako arrazoiak beharko dituzte deitzen diren klaustroaren bileretara ez joateko.

Musika eskolako lanera (eskolak, klaustroak, ebaluazio saioak eta koordinazio saioak...) joateak lehentasuna izanen du beste edozein jardueraren aitzinetik, prestakuntza barne. Medikurako hitzorduak ez dira ez joatea automatikoki justifikatzeko arrazoiak; izan ere, horiek eskola orduetatik kanpo eskatzen ahal dira edo aitzinetik bilerarik ezarri ez den goizetan edo arratsaldeetan (kontuan hartu behar da ohiz kanpoko bilerak ere deitzen ahal direla, aurrerapen ttikiz emanda horren berri). Horietaz aparte, bestelako ohiz kanpoko arrazoiak gertatuz gero, ikasketaburuari jakinaraziko zaio zuzenean, behar adinako aurrerapenarekin, behar diren aldaketak egin eta inguruabar posible guztiak bateratu ahal izateko; horrelako kasuetan, hitzordurako behar den denbora justifikatuko da, baina ez jardunaldi osoa. Medikurako hitzorduen ziurtagirietan, eguna eta ordua agertuko dira. Hitzordurako behar den baino denbora gehiago behar dela justifikatzen bada, medikuak idatziz adierazi beharko du zenbat denbora behar den atseden hartzeko. Edozein arrazoirengatik lanera huts egiten bada, agirien bidez justifikatu behar da etorri ez izana, eta modu ofizialean edo ziurtatuta.

Joan-etorrietan arazoak gertatzeagatik edo jardunaldi oso batez lanera ez joateagatik irakasle bat gibeleratzen bada, aitzinetik eta/edo gertaeraren unean berean jakinaraziko dio, telefonoz, musika eskolako ikasketaburuari edo musika eskolari berari.

IV. KAPITULUA.–ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

19. artikulua. Irakasleen eskubideak.

Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako irakasleei eskubide hauek aitortzen zaizkie:

a) Orkoiengo Udaleko langile guztiei onartzen zaizkien lan eskubideak, eta Udalaren Musika Eskolako irakasleek dituzten eskubide berariazkoak lanaldiari eta eskola egutegiari dagokienez.

b) Klaustroan modu eraginkorrean parte hartzea, eta klaustroa deitu dadin eskatzea, baldin eta eskaera irakasleen herenak egiten badu.

c) Hezkuntza komunitateko kide guztien begirunea izatea, eta orobat begiratuak izatea haien kontzientzia askatasuna, sineste ideologiko, etiko, erlijioso eta moralak, eta haien intimitatea, duintasuna eta osotasun pertsonala.

d) Katedra askatasuna, berariazko curriculuma koordinaturik, zenbait irakasleren artean ematen diren irakasgaietan.

e) Ikastetxean eskolarik eman gabe lanean aritzeko astean nahikoa denbora izatea, eskolak prestatzeko, material didaktikoak prestatzeko, beste irakasleekin koordinatzeko bilerak edo zuzendaritza taldearekin bilerak izateko, klaustroan parte hartzeko, ikasleen familiei eta tutoreei arreta emateko, ebaluazioak egiteko eta abarretarako.

f) Ikastetxean egon gabe eta eskolarik eman gabe lanean aritzeko astean zenbait denbora izatea, prestakuntza eta eguneratze jarraituan aritzeko, ikerketan eta hezkuntzaren berrikuntzan aritzeko, musika jotzeko eta bere kalitate profesionala hobetzea dakarten ekintza guztiak egiteko.

g) Gobernu organoei komenigarri iruditzen zaizkien iradokizun, ideia, goiti-beheiti eta arazoak adieraztea.

h) Ikastetxeko instalazio eta materialak erabiltzea, ezarritako ordutegiak eta arauak begiratuta.

i) Ikasleen familiekin eta tutoreekin harremanak izatea, eta komenigarri iruditzen zaienean tutoretzetara deitzea, zuzendaritza taldeari horren berri emanda.

j) Nahi gabeko istripuak direla-eta erantzukizun zibil guztiengatik babesturik egotea.

k) Adierazpen ofizialen eta Udalaren Musika Eskolari dagozkion kontu guztien berri izatea.

l) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako eskubide guztiak.

20. artikulua. Irakasleen eginbeharrak.

Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako irakasleek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskola saio bakoitza prestatzea eta ahalegintzea ikasleek kalitatezko musika heziketa har dezaten.

b) Modu jarraituan prestatzea eta musika aldetik nork bere burua jardunean edukitzea.

c) c) Ikastetxera puntualtasunez etortzea eta ikasturte bakoitzaren hasieran irakasle bakoitzarendako bertan egoteko ezarritako ordutegia betetzea, eta eskolak puntualtasunez hasi eta bukatzea.

d) Eskola egutegia betetzea.

e) Bertan egoteko ordutegiaren barnean ikastetxetik ez ateratzea zuzendaritza taldearen baimenik gabe.

f) Arrazoi justifikatu eta aitorturen bat izanik eskolara joan behar ez badute, zuzendaritza taldeari jakinaraztea, eta behar diren jarraibideak ematea beren ordez ariko den irakasleari.

g) Gobernu organoen erabakiak eta haiek beren eskumenak erabiltzean ematen dituzten aginduak begiratu eta betetzea.

h) Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolaren filosofia egituratzen duten xede, printzipio eta alderdi guztiak (ikastetxeko plan pedagogikoan biltzen direnak) begiratu eta betetzea.

i) Indarra duen legeria eta hura aplikatzeko arau guztiak begiratzea.

j) Ikasleak begiratzea eta entzutea, haiekin hizketatzea eta haien iritzi eta proposamenak biltzea, eta gobernu organoetara helaraztea musika eskolaren funtzionamendu orokorrari eragiten dioten kontuak direnean.

k) Hezkuntza komunitatea osatzen duten guztiak begiratzea.

l) Klaustroan aktiboki parte hartzea.

m) Zuzendaritza taldeari edozein gorabeheraren berri ematea, baita behin eta berriro gertatzen diren hutsegiteen berri ere.

n) Gatazkak konpontzen laguntzea.

o) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako eskubide guztiak.

21. artikulua. Ikasleen eskubideak.

Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako ikasleei eskubide hauek aitortzen zaizkie:

a) Bere nortasunaren garapen osoa indartuko duen kalitatezko musika heziketa jasotzea.

b) Beren kontzientzia askatasuna eta beren sineste ideologiko, etiko, erlijioso eta moralak begiratuak izatea.

c) Beren intimitatea, duintasuna eta osotasun pertsonala begiratuak izatea.

d) Musika eskolaren funtzionamenduan parte hartzea.

e) Eskola orientazioa edo orientazio profesionala jasotzea.

f) Bere eskola errendimenduaren balorazio objektiboa izatea.

g) Legearekin bat elkarteetako kide egitea eta erakundeak sortzea.

h) Batzartzea, indarra duen legeriarekin bat eta eskola jardueren ohiko bilakaera trabatu gabe.

22. artikulua. Ikaslearen eginbeharrak.

Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako ikasleek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Hartutako irakaskuntzen eta beren musika heziketaren zerbitzuan jarritako baliabideen aprobetxamendu egokia erakustea eta, hartara, ikasgai eta kurtso bakoitzerako ezarritako gutieneko eskakizunak betiere betetzea.

b) Eskoletara erregulartasunez, puntualtasunez, garbi eta txukun joatea, eta hartara adierazitako materiala (musika instrumentua, partiturak, liburua, koadernoa, arkatza, borragoma, etab.) ekartzea.

c) Eskoletan erne egotea, horietan lehiaz parte hartzea eta ordena begiratzea.

d) Irakaslearen orientazio pedagogiko nahiz musika arlokoei segitzea eta hari begiramena eta errespetua izatea.

e) Etxean ikastea eta etxeko lanak egitea, eskolak behar bezain ongi prestatu eta probesteko.

f) Eskolako arauak eta hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsona guztien osotasuna, duintasuna, eginbeharrak eta ondasun pertsonalak begiratzea.

g) Musika eskolako instalazioak, altzariak, ekipamenduak, musika tresnak, etab. begiratzea eta haietan kalte eginez gero hura ordaintzea.

h) Musika eskolako barneetan garbitasuna eta ordena mantentzen laguntzea.

i) Edozein unetan jokaera egokia izatea, eskolako araudiarekin bat etorriz.

j) Ordezkaritza karguetara hautatuak izan badira eta horiek beren borondatez onartu, horietan aritzea.

k) Urteko programazio orokorrean jasotzen diren emanaldi eta heziketa jarduera osagarrietan parte hartzea.

l) Adinez nagusi izanik diruz beren familien eta tutoreen mende ez dauden ikasleei dagokienez, tasa ekonomikoen ordainketa eguneraturik izatea.

23. artikulua. Ikasleen familien eta/edo ikasleen ardura duten pertsonen eskubideak.

Honako eskubide hauek aitortuko zaizkie Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako ikasleen familiei edo ikasleen ardura duten pertsonei:

a) Ikastetxearen funtzionamendua, plan pedagogikoa aplikatzeko modua eta beren seme-alabek ikasi behar dituzten ikasgai eta kurtso bakoitzeko curriculum eta gutieneko eskakizunak jakitea.

b) Beren seme-alabei eskola ematen dieten irakasleekin eta ikastetxeko zuzendaritza taldearekin harremana izatea.

c) Beren seme-alabek musikan duten aurrerapenen berri aldian-aldian jakitea, baita musika eskolaren inguruko bizikidetzari buruzko beste kontu batzuen berri ere.

d) Beren seme-alabekin ikusteko duten goiti-beheiti guztien berri jakitea.

e) Musika eskolako bizitzan parte hartzea.

f) Beren kontzientzia askatasuna eta beren sineste ideologiko, etiko, erlijioso eta moralak begiratuak izatea.

g) Beren intimitatea, duintasuna eta osotasun pertsonala begiratuak izatea.

h) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako eskubide guztiak.

24. artikulua. Ikasleen familien edo ikasleen ardura duten pertsonen betebeharrak.

Honako betebehar hauek aitortuko zaizkie Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako ikasleen familiei edo ikasleen ardura duten pertsonei:

a) Beren seme-alabek jasotako irakaskuntzen aprobetxamendua zaintzea.

b) Beren seme-alabek ikasle diren aldetik dituzten betebeharrak betetzen oro har laguntzea eta irakasleei sostengu ematea beren heziketa prozesuan.

c) Irakasleei edo zuzendaritza taldeari beren seme-alabei buruzko kontu aipagarri guztien berri ematea, beren hezkuntza prestakuntza nahiz prestakuntza pertsonala hobetzeko interesgarritzat jotzen dituzten gaietan.

d) Ikastetxearen hezkuntza eredua, plan pedagogikoan dagoen hori, jakin eta begiratzea, baita funtzionamendu arau guztiak ere.

e) Hezkuntza komunitatea osatzen duten guztien osotasuna, duintasuna, eginbeharrak eta ondasun pertsonalak begiratzea.

f) Edozein unetan jokaera egokia izatea, eskolako araudiarekin bat etorriz.

g) Ordezkaritza karguetara hautatuak izan badira eta karguak beren borondatez onartu, horietan aritzea.

h) Tasa ekonomikoen ordainketa eguneraturik izatea.

i) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako eskubide guztiak.

25. artikulua. irakaskuntzaz kanpoko langileen eskubideak (halakorik badago).

Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako irakaskuntzaz kanpoko langileei (halakorik balego) eskubide hauek aitortzen zaizkie:

a) Orkoiengo Udaleko langile guztiei aitortzen zaizkien lan eskubideak.

b) Hezkuntza komunitateko kide guztien begirunea izatea, eta honako hauek berdin begiratuak izatea: haien kontzientzia askatasuna, haien sineste ideologiko, etiko, erlijioso eta moralak, eta haien intimitatea, duintasuna eta osotasun pertsonala.

c) Gobernu organoei komenigarri iruditzen zaizkien iradokizun, ideia, goiti-beheiti eta arazoak adieraztea.

d) Nahi gabeko istripuak direla-eta erantzukizun zibil guztiengatik babesturik egotea.

e) Adierazpen ofizialen eta Udalaren Musika Eskolari dagozkion kontu guztien berri izatea.

f) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako guztiak.

26. artikulua. Irakaskuntzaz kanpoko langileen betebeharrak (halakorik badago).

Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolako irakaskuntzaz kanpoko langileek (halakorik badago) betebehar hauek izanen dituzte:

a) Hezkuntza komunitateko kide guztiei zerbitzu eraginkorra egitera eta arreta egoki eta atsegina ematera ahalegintzea.

b) Ikastetxera puntualtasunez etortzea.

c) Ikastetxetik ez ateratzea zuzendaritza taldearen baimenik gabe.

d) Gobernu organoen erabakiak eta haiek beren eskumenak erabiltzean ematen dituzten aginduak begiratu eta betetzea.

e) Indarra duen legeria eta hura aplikatzeko arau guztiak begiratzea.

f) Hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsona guztiak begiratzea.

g) Zuzendaritza taldeari goiti-beheiti guztien berri ematea.

h) Gatazkak konpontzen laguntzea.

i) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dituzten gainerako guztiak.

V. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

27. artikulua. Ikastetxeko ikasleek, gurasoek eta tutoreek arau-hauste arin, larri edo oso larriak egiten badituzte, zehapenak biltzen ahalko dituzte erregelamendu honetan ezartzen denari jarraikiz.

28. artikulua. Falta oso astunak. Hauek falta oso astuntzat joko dira:

a) Ikasleen, gurasoen edo tutoreen betebeharrak oso modu larrian urratzen duten guztiak, arrisku berezia edo ikastetxearen funtzionamendua larriki nahastea eragiten badute, edo berebiziko ondorio moral edo materialak eta/edo hezkuntza komunitateko edozein kiderendako kalte fisiko edo psikikoak ekartzen badituzte. Hartara, arau-hauste oso larritzat joko dira, besteak beste, irakasleei, ikasleei edo musika eskolako komunitatea osatzen duten beste pertsona batzuei irain eta erasoak egitea edo, behin eta berriz, eskolak normaltasunez ematea trabatzen edo eragozten duten egintzak egitea edo gisa horretako portaerak agertzea.

b) Musika eskola edo hango edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak.

c) Hiru arau-hauste larri egitea ikasturte berean.

d) Besteen ondasunak ebastea edo lapurtzea, edo haiei kalte egitea.

29. artikulua. Falta astunak. Hauek arau-hauste larritzat joko dira:

a) Ikasleen, gurasoen eta tutoreen betebeharrak modu larrian urratzen dituzten guztiak. Hartara, arau-hauste larritzat joko dira, besteak beste, hezkuntza komunitateko edozein kideren duintasunari begirunea galtzea, edo, noizbehinka, eskolak normaltasunez ematea trabatzen edo eragozten duten egintzak egitea edo gisa horretako portaerak agertzea.

b) Eskoletan eta heziketa jarduera osagarrietan behin eta berriz pasibitatea eta interes falta agertzea.

c) Instalazio, altzari eta baliabide materialei kalte egitea, baina ez modu larrian. Besteak beste: nolanahiko pintadak egitea musika eskolako instalazio edo altzarietako edozeinetan behar den baimenik gabe, horretarako dauden baliabideetan izan ezik (arbelak eta abar); musika eskolako instalazioetan zaborrak nahita botatzea horretarako dauden tokietatik kanpo (paperontziak eta abar).

d) Noizbehinka nahasmenduak piztea.

e) Arau-hauste arinak behin eta berriz eta modu sistematikoan egitea.

30. artikulua. Falta arinak.

Ikasleen, ikasleen, gurasoen eta tutoreen betebeharrak modu arinean urratzen dituzten guztiak arau-hauste arintzat hartuko dira.

31. artikulua. Zehapenak arau-hauste oso larrietan:

31.1. Ikasle batek arau-hauste oso larria egiten badu, organo eskudunak erabakitzen duen denboran ikastetxetik bidaltzen ahalko da, baita behin betikoz bidali ere.

31.2. Ikasle baten aitak, amak edo tutoreak arau-hauste oso larria eginez gero, organo eskudunak erabakitzen duen denboran zehar edo betiko sartzea debekatzen ahalko zaio musika eskolako instalazioetan eta instalazio horietan egiten diren egintzetan.

32. artikulua. Arau-hauste larrien zehapenak.

32.1. Ikasle batek arau-hauste larria egiten badu, organo eskudunak erabakitzen duen denboran ikastetxetik bidaltzen ahalko da, eta gehienez ere bortz eskola egunez.

32.2. Ikasle baten familiek edo arduradunek arau-hauste larria eginez gero, debekua ekartzen ahalko die sartzeko musika eskolako instalazioetan eta instalazio horietan egiten diren egintzetan sartzeko, organo eskudunak erabakitzen duen denboran eta gehienez ere bi hilabetez.

33. artikulua. Arau-hauste arinen zehapenak.

Arau-hauste arin bat egiteak zehapen hauek ekarriko ditu:

a) Ohartarazpena.

b) Idatzizko kargu hartzea.

34. artikulua. Zehapen prozedura.

34.1. Arau-hauste arinak kasuan kasuko irakasleak zehatuko ditu, eta zuzendaritzari emanen dio ezarpenaren berri.

34.2. Arau-hauste larriak ikastetxeko zuzendaritza taldeak zehatuko ditu.

Ikasleek egindako arau-hausteak larriak direnean, honela jokatuko da:

1. Irakasleak edo irakaskuntzaz kanpoko langileak (baldin badago) arau-haustearen berri emanen dio zuzendaritza taldeari.

2. Zuzendaritza taldeak ikasleen familiei eta tutoreei jakinaraziko die zer gertatu den, espedientea ireki egin dela eta gertaerak zer-nolako zehapenak ekartzen ahal dituen. Familiei edo arduradunei aukera emanen zaie egokitzat jotzen dutena alegatzeko.

3. Zuzendaritza taldeak, espedientea egin eta alderdi guztiak entzun eta gero, ebazpena emanen du gehienez ere hamar eskola eguneko epean.

Ikasleen arduradunek (gurasoak eta tutoreak) egindako arau-hausteak larriak direnean, honela jokatuko da:

1. Irakasleak edo irakaskuntzaz kanpoko langileak (baldin badago) arau-haustearen berri emanen dio zuzendaritza taldeari.

2. Zuzendaritza taldeak ikasleen familiei eta tutoreei jakinaraziko die zer gertatu den, espedientea ireki egin dela eta gertaerak zer-nolako zehapenak ekartzen ahal dituen. Familiei edo arduradunei aukera emanen zaie egokitzat jotzen dutena alegatzeko.

3. Zuzendaritza taldeak, espedientea egin eta alderdi guztiak entzun eta gero, ebazpena emanen du gehienez ere hamar eskola eguneko epean.

Arau-hauste oso larriak Orkoiengo Udaleko Alkatetzak zehatuko ditu.

Ikasleek egindako arau-hausteak oso larriak direnean, honela jokatuko da:

1. Irakasleak edo irakaskuntzaz kanpoko langileak (baldin badago) arau-haustearen berri emanen dio zuzendaritza taldeari. Zuzendaritza taldeak Orkoiengo Udalari jakinaraziko dio, eta hark pertsona bat izendatuko du espedientearen instrukzioa egiteko; horretarako, gertaerari buruzko informazio beharrezkoa eta egiazkoa bilduko du.

2. Gehienez ere hamar eskola eguneko epean, instrukzioa egiten ari den pertsonak, informazioa bildu eta alderdi guztiak entzun eta gero, Orkoiengo Alkatetzari aurkeztuko dizkio espedientea eta ebazpen proposamena, ebazpena eman eta dagokion zehapena ezar dezan.

Ikasleek egindako arau-hausteak oso larriak direnean, honela jokatuko da:

1. Irakasleak edo irakaskuntzaz kanpoko langileak (baldin badago) arau-haustearen berri emanen dio zuzendaritza taldeari. Zuzendaritza taldeak Orkoiengo Udalari jakinaraziko dio, eta hark pertsona bat izendatuko du espedientearen instrukzioa egiteko; horretarako, gertaerari buruzko informazio beharrezkoa eta egiazkoa bilduko du.

2. Gehienez ere hamar eskola eguneko epean, instrukzioa egiten ari den pertsonak, informazioa bildu eta alderdi guztiak entzun eta gero, Orkoiengo Alkatetzari aurkeztuko dizkio espedientea eta ebazpen proposamena, ebazpena eman eta dagokion zehapena ezar dezan.

35. artikulua. Ordaina ematea eta kalte-ordaina.

Aitzineko artikuluei jarraikiz ezartzen diren zehapenak goiti-beheiti, zehatutako jokamoldeek kalte egin badute musika eskolan edo haren instalazio eta/edo altzarietan, musika instrumentuetan eta/edo gainerako ekipamenduetan, edo hezkuntza komunitateko kideei, prozeduraren ebazpenak honako hauek ere deklaratzen ahalko ditu:

a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.

b) Egindako kalte-galeren ordaina.

36. artikulua. Irakasleen edo irakaskuntzaz kanpoko langileen (halakorik badago) betebeharrak ez betetzeari dagokionez, aplikatzeko diren araudietan ezartzen denari eta/edo Orkoiengo Udalak osoko bilkuran eta/edo Alkatetzak diotenari jarraituko zaio.

37. artikulua. Erregelamendu honetan zehapenaz den bezainbatean jasotzen ez den orotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

VI.–IKASPOSTUA GALTZEA

38. artikulua. Erregelamendu honen V. kapituluan ezarritakoa goiti-beheiti, II. mailako ikasle batek bere ikaspostua galduko du musika eskolan, gutieneko eskola aprobetxamendua erakusten ez badu. Ildo horretan, halako ikasgai batean kurtsoa errepikatu ondoan kurtso horretan edo maila bereko beste kurtso batean ikasgai bera gainditzen ez duenak bere postua galduko musika eskolan. Nolanahi ere, zuzendaritza taldeak horren berri emanen dio Eskola Kontseiluari, eta hark berretsi eginen du ikaspostua galtzea zuzendaritza taldearen txostena jaso eta gero.

Ikaspostuaren galerak ekarriko du delako ikasleak ez duela segitzen ahalko ikastetxean bere musika ikasketekin ikaspostua galdu ondoko ikasturtean, baina ondoko ikasturteetan itzultzen ahalko da ikastetxera, matrikula berri gisa, matrikulazio prozesuaren ondotik ikaspostua lortuko balu.

Halaber, ikasturtea egiteko ezarri diren tasak ez ordaintzeak ikaspostua galtzea ekarriko du, Orkoien Musika Eskolako Jose Miguel Huarte Musika Eskolarako indarrean dagoen tasen ordenantzan ezarritakoaren arabera.

39. artikulua. Errekurtsoak.

Erregelamendu honetan jasotzen denari jarraikiz aplikaturiko zehapen arin edo larrien kontra, edo irakasleen, klaustroaren edo zuzendaritza taldearen egintza edo ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Orkoiengo Udalari zuzendurik, hilabeteko epean jakinarazpena jaso edo kasuan kasuko egintzaren biharamunetik hasita.

Orkoiengo Udaleko Alkatetzaren erabakien kontra, errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Orkoiengo Udalari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabetetako epean, erabakia jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Azken xedapenetako lehenengoa.–Erregelamendu honek Orkoiengo Udalak osoko bilkuran onetsitakoan hartuko du indarra.

Azken xedapenetako bigarrena.–Erregelamendu honetan jasotzen ez den orotan Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan aplikatzen denak balioko du eredutako.

Iragarkiaren kodea: L2410158