150. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ODERIZKO KONTZEJUA

Alderdi hauek arautzeko ordenantzak: ur-horniduraren tasak eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzuak, auzolana eta mendiko pista eta bideen erabilera. Behin betiko onespena

Oderizko (Larraun) Kontzejuko Batzarrak, 2024ko otsailaren 6an egin bilkuran, behin betiko onetsi zituen honako ordenantza hauek:

–Ordenantza fiskala, ur-horniduraren tasak eta uraren ziklo integralarekin zerikusia duten gainerako zerbitzu eta jardueren tasak arautzen dituena.

–Ordenantza, auzolana edo prestazio pertsonala eta garraio-prestazioa arautzen dituena.

–Ordenantza, mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duena.

Iragarkia 2024ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 27an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, Oderizko Kontzejuko Batzarrak, 2024ko maiatzaren 15ean egin bilkuran, erabaki du ordenantza horiek behin betikoz onestea eta haien testu osoa argitara ematea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Oderitzen, 2024ko ekainaren 12an.–Kontzejuko burua, Joseba García Oderiz.

ORDENANTZA FISKALA, UR-HORNIDURAREN TASAK ETA URAREN ZIKLO INTEGRALAREKIN ZERIKUSIA DUTEN GAINERAKO ZERBITZU ETA JARDUEREN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Larraungo Udalak eskuordetza eman dio arlo honetan Oderizko Kontzejuari, eta kontzejuak onartu egin du; hala bada, azken honi dagokio edateko uraren zerbitzua ematea, bai etxeetan kontsumitzeko, bai industrian, hirugarren sektorean, abeltzaintzan eta nekazaritzan erabiltzeko.

Zerbitzua egiteko tasen kobrantza, gainera, ordenantza baten bidez arautu behar da, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluarekin.

I. TITULUA.–ODERIZKO KONTZEJUAREN TASAK, URAREN ZIKLO INTEGRALARI DAGOKIONEZ

I. KAPITULUA.–OINARRIAK

1. artikulua. Ordenantza fiskalaren titulu honetan ezartzen diren tasak bat datoz aplikatu beharreko araudi fiskalak Nafarroako toki-erakundeei ematen dizkien ahalmenekin, eta horien babespean daude.

II. KAPITULUA.–ORDAINARAZPENAREN IZAERA

2. artikulua. Titulu honen xedeko tasen oinarria da edateko uraren hornidura zerbitzua ematea eta aurrekoarekin zerikusia duten gainerako jarduera eta zerbitzuak egitea.

Beraz, ezartzen diren ordainarazpenak, izaera fiskalaren ikuspegitik, tasak dira, zerbitzu eta jarduera jakin batzuk egiteari dagozkionak, hain zuzen ere, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan jasotako zerbitzu eta jarduerak (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

III. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA

3. artikulua. Ordenantza hau Oderizko udal-mugarte osoan aplikatuko da.

IV. KAPITULUA.–ZERGA-EGITATEA

4. artikulua. Zerga-egitatea da eskura izatea –benetan edo aukeran– edo erabiltzea –benetan edo aukeran– ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak edo jarduerak, zeinek tasak sortzen baitituzte; hona hemen zerbitzu eta jarduera horien zerrenda:

a) Edateko urez hornitzeko zerbitzua eskura izatea eta horren mantentze-lanak.

b) Behar diren zerbitzu teknikoak eta administratiboak egitea, edateko uraren hornidura behin betiko kontratatzeko beharrezkoak diren jarduketetarako (lotune kuota).

c) Behin-behineko horniduretarako altak.

Lurzoru urbanizaezineko jarduera ekonomikoek eta familia bakarreko etxebizitzek ez dute eskubiderik sare orokorra beren lurzatiraino izateko; zerbitzu hori jabeek konpondu beharko dute autonomoki eta banaka, hala ezartzen baitu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 116.4 artikuluak. Aldez aurretik, Kontzejuak baimena eman beharko du, eta jabeek haren jarraibideei segitu beharko diete, kontagailuak ezartzeari dagokionez.

Gaur egun zerbitzu hori duten horrelako etxebizitzen kasuan, honako zehaztapen hauek aplikatuko dira:

a) Baldin sare orokorrera lotzeko obren jatorria pribatua bada, ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, zerbitzuaren onuradun den etxebizitzaren jabearen kargura izanen da mantentzea ordenantzan "sare orokor" gisa definitutakotik kanpo gelditzen den hornidura sarearen zatia, eta udal betebeharra izanen da, bakar-bakarrik, egoera onean mantentzea sare orokorra, Kontzejuak etxebizitza horretarako ezarritako lotuneraino.

b) Etxebizitza horien kontsumoak ongi kontrolatzeko, Kontzejuak, behin ordenantza honek indarra hartzen duenetik aurrera, kontagailuak lekuz alda ditzake, sare orokorrarekin lotzeko tokira, eta zerbitzuaren onuradunak ezin izanen dio kontra egin.

c) Baldin sare orokorrera lotzeko obren jatorria publikoa bada, ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera, sare hori pasatuko da sare orokorrekoa izatera, sare orokorraren ezaugarri berberekin.

5. artikulua. Kontzejuak behar diren tasak ezarriko ditu harguneak egiteko lanak finantzatzeko, bai edateko uraren banaketa sareetako, bai kontagailuak zigilatzeko, egiaztatzeko, ezartzeko eta berritzeko, lan horiek Kontzejuak berak egiten dituenean. Baldin Kontzejuak aurretiaz baimendutako kontagailuen kokapena aldatu behar bada, Kontzejuaren kontura izanen da.

V. KAPITULUA.–SUBJEKTU PASIBOAK

6. artikulua. Subjektu pasiboak.

Ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera beharturik dauden subjektu pasiboen izaera izanen dute, zergadun gisa, pertsona fisikoek edo juridikoek, bai eta bestelako entitateek ere, izaera juridikorik ez izan arren, baldin zergapegarria izan daitekeen entitate ekonomiko bat edo ondare bereizia eratzen badute, eta jasotzen badituzte ordenantza honen xedeko zerbitzu eta jardueren onura erreal edo potentzialak edo haiek ukituak gertatzen badira.

Zehazki, honako hauek dira ordaintzera beharturik dauden subjektu pasiboak:

a) Aurreko 4. artikuluaren a) eta b) apartatuetan ezarritako tasetarako, hornidura-kontratuaren titularra.

b) Aurreko 4. artikuluaren c) apartatuan zehaztutako tasarako, subjektu pasiboa izanen da behin-behineko zerbitzuaren eskatzailea.

6.2. Zerbitzua zer finka edo eraikinetan egiten den, haren jabeak izanen dira zergadunaren ordezko. Zerbitzuaren onuradunak beste batzuk badira, jabeek haiei jasanarazten ahalko dizkiete kuotak.

6.3. Pertsona fisikoek edo juridikoek ustiategi bat baldin badute edo ekonomia jarduera batean ari badira, eta horren ondorioz zorrik badute, zorra eskatzen ahal zaie titulartasunean edo jardueran ondorengo direnei, edozein kontzepturengatik izanik ere ondorengo. Borondatez ordaintzeko epea bukatuta, eskuratzailea eta eskualdatzailea zorraren erantzule solidarioak izanen dira.

Ustiapenaren edota ekonomia jardueraren titulartasunaz jabetu nahi duenak, aldez aurretik titular denaren onespena izanik, eskubidea izanen du kontzejuari eskatzeko jarduerak edo ustiapenak sorrarazitako tributu-zorren ziurtagiri zehaztua.

VI. KAPITULUA.–ZERGA-OINARRIA

7. artikulua. Aurreko 4. artikuluaren zerrendan aipatutako zerga-egitateetan, hauek dira bakoitzaren karga-oinarriak:

a) Aurreko 4. artikuluaren a) eta b) apartatuetan ezarritako zerga-egitateetarako: ur kantitate kontsumitua, metro kubikotan, kontagailuaren arabera edo teknikoki onargarriak diren beste bide batzuen bidez zenbatetsirik.

b) Aurreko 4. artikuluaren c) apartatuan ezarritako zerga-egitaterako: ezarri beharreko kontagailu kopurua.

VII. KAPITULUA.–TARIFAK

8. artikulua. Tributu-kuota kalkulatzeko, Oderizko Kontzejuak ekitaldi bakoitzean ezarriko du zer tarifa aplikatu tasa bakoitzaren zerga-oinarriari.

VIII. KAPITULUA.–TRIBUTU-KUOTAK

9. artikulua. Tasa bakoitzaren tributu-kuota izanen da zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza.

10. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek une bakoitzean ezartzen dituzten zeharkako zergak, lege horiek xedatutako moduan eta baldintzetan.

IX. KAPITULUA.–SALBUESPENAK

11. artikulua. Soilik onartuko dira Nafarroako Parlamentuan onetsitako foru legeetan espresuki jasorik dauden salbuespenak, eta indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Gobernuak edo beste edozein entitate edo erakunde publikok hartutako bestelako erabaki edo egindako jarduketetatik sortzen diren guztiak.

X. KAPITULUA.–SORTZAPENA

12. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak sortuko dira uraren kontsumoa egiten den unean, edo zerbitzua behin betiko kontratatzen den unean, Oderizko Kontzejuak onesten duen aldien arabera. Hilabetean, hiru hilean edo urtean behingo tasak izan daitezke 4. artikuluko a) eta c) letretako zerga-egitateetarako.

Artikuluko b) letrako zerga-egitatean, kontagailua jartzearekin batera sortuko da tasa.

XI. KAPITULUA.–ORDAINARAZPENA

13. artikulua. Sortzen diren unean ordainaraziko dira ordenantza honetan araututako tasak.

XII. KAPITULUA.–DIRU-BILKETA

14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasak aplikatzeagatik sortzen diren tributu-zorrak "jakinarazpen gabekotzat" hartuko dira, jarraituz 2/1995 Foru Legearen 82. artikuluari eta hurrengoei (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Aurreko 4. artikuluaren a) eta c) apartatuetako tasek sortutako tributu-zorrak, behin ordainarazirik daudela 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, modu orokorrean jakinaraziko dira, behar den iragarkia edo ediktua Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratuz, eta argitalpen horretatik aurrera hogeita hamar egun balioduneko epea hasiko da zenbatzen borondatez ordaintzeko, errekargurik gabe.

Ordenantzaren 4. artikuluko b) apartatuan ezarritako tasak ordaindu beharko dira sortzen diren unean berean.

15. artikulua. Borondatezko epean ordaintzen ez diren tributu-zorrak –aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, hain zuzen– luzapen aldian ordaintzen ahalko dira, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 90. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Epe hori iragan eta zorrak ordaindu ez badira, premiamendu-bideari ekinen zaio, salbu eta Kontzejuak baimena eman badu haiek atzeratzeko edo zatika ordaintzeko.

16. artikulua. Tributu-zorrak honela ordaindu daitezke:

a) Zorren ordainketa helbideratu dutenendako, haiek seinalatutako banku edo aurrezki entitatean eta kontuan kargatuz.

b) Zorren ordainketa helbideratu ez dutenendako, horretarako gaitutako banku edo aurrezki kutxen bulegoetan.

XIII. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

17. artikulua. Ordenantza honetan ezarririk ez dagoen guztian, aplikatzekoa izanen da 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean jartzen denetik indargabetu egiten dira, eta inolako baliorik eta ondoriorik gabe uzten, maila bereko edo apalagoko xedapen, erregelamendu edo ordenantza guztiak, ordenantzaren aurkakoak badira.

I. ERANSKINA.–2024. URTEKO TARIFAK

I.–2024. urteko tarifak.

Tarifa bakarra ezartzen da; honako hau: 0,70 euro kontsumitutako m³ bakoitzeko.

II.–Tarifak indarrean jartzea.

Tarifa hau indarrean jarriko da 2024an bertan, zehazki, ordenantzaren behin betiko onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera, eta aplikatuko da hura ordezten duen beste bat modu eraginkor eta baliozkoan ematen denera arte.

ORDENANTZA, ODERIZKO KONTZEJUKO (LARRAUN) AUZOLANA EDO PRESTAZIO PERTSONALA ETA GARRAIO-PRESTAZIOA ARAUTZEN DITUENA

Oderizko Kontzejuak ordenantza baten bidez arautu behar ditu auzolanak (prestazio pertsonala eta garraio-prestazioa), bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53. artikuluarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

1. artikulua. Ordenantza honek auzolana arautzea du xede, hau da, bizilagunen lana eta bidelana, Oderizko Kontzejuaren eskumena dena, herriko obra eta zerbitzuak egiteko.

2. artikulua. Ordenantza honek, lehenik eta behin, herri honetan auzolanaren inguruan dagoen ohitura historikoa du arau eta oinarri, bai eta, era berean, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 53., 54. eta 55. artikuluetan xedaturikoa ere (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea). Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren eta harekin bat datozenen babesean onetsi da (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

3. artikulua. Auzolanaren prestazioa eman behar dute herrian bizilekua duten familia-unitateek, bertan aldi baterako zein etengabe bizi badira ere, eta Oderitzen erroldaturik egon zein ez.

Horren ondorioetarako, aldi baterako bizilekutzat hartzen da familia-unitatea bizileku horretan aldian behin bizi izaten bada, egun batzuetan, asteburuetan edo oporraldietan, bizileku horren jabe izanik.

Halaber, auzolanean parte hartu beharko dute etxebizitza-errentariek, herrian etengabe bizi badira, bertan erroldaturik egon zein ez.

Azken kasu horretan, alegia, etxebizitzan etengabe bizi den errentari bat badago, jabeak salbuetsirik egonen dira auzolanean parte hartzetik.

Etxebizitzak aldi baterako lagatzen badira apartamentu turistiko gisa, landetxe gisa edo antzeko turismo-baliabide gisa, jabeek egin beharko dute auzolana.

Bizilagunen batek bere burua udal erroldatik kentzen badu auzolana ez egiteko eta herrian bizi dela frogatzen bada, sartuko da auzolanaren ordenantza bete behar dutenen zerrendan.

4. artikulua. Biztanleen Udal Erroldako orri berean ageri diren pertsonek eratzen dute familia-unitatea, auzolana egiteari dagokionez, jabea izan zein ez; alabaina, auzolanerako deia egiten den bakoitzean, haietako bakar batek du egin beharra.

Printzipio horrek balio du, orobat, herrian erroldaturik ez dauden familia-unitateentzat, prestazio pertsonala edo garraio-prestazioa egiteko deia egiten bazaie, bertan ohiko edo aldi baterako bizilekua izateagatik, ordenantza honen 3. artikuluarekin bat.

5. artikulua. Prestazio pertsonalak eta/edo garraio-prestazioak urtean hamar egunetan eginen dira, gehienez, eta ez dira elkarren segidan hiru egunetik gora eginen.

Prestazioak egiteko egunak izaten ahalko dira asteko guztiak, parte hartzeko aukerak zabaltzearren.

Oderizko Kontzejuak, bandoen bidez eta/edo horretarako erabakitzen diren beste bitarteko teknologiko batzuk erabiliz, auzolanerako deia eginen du, egin beharreko lanak ezarrita, eta, lanak nolakoak diren, familia-unitateen kopurua zehaztuko du.

6. artikulua. Beste familia bateko pertsona egoki batek ordezko gisa egiten ahalko du auzolana, edo, bestela, ez egiteko ordaindu ahalko da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 54. artikuluari jarraikiz (libratzea).

7. artikulua. Edozein inguruabar dela eta, familia-unitate batek uste badu ezin duela auzolana egin, eskabidea aurkeztuko dio Kontzejuari, eta hark, inguruabarrak azterturik, eginbehar horretatik hein batean edo erabat salbuesten ahalko du familia-unitatea.

8. artikulua. Makinak ekartzeak lanaldi edo egun baten balioa izanen du gehienez, urte osoko kopuruari begira.

Oderizko Kontzejuak, kasu bakoitzean kalkulatuko du makinak ekartzearen balioa, kontuan hartuz aurreko paragrafoan ezarritako gehieneko muga.

Baten batek kamioia, traktorea, sasi-garbitzeko makina, soropil-ebakitzekoa, motozerra edo antzekoa badakar, halakoen egoeraren eta erabileraren erantzukizuna izanen du bere gain, eta une oro bermatu beharko du egoki erabiltzen direla tresna eta/edo makina horiek, eta ongi mantenduta daudela; horren guztiaren barnean sartzen da indarrean egotea haiek erabiltzeko legez behar diren baimenak. Bestela, horiek erabiltzearen ondorioak jabearen erantzukizunekoak izanen dira, soil-soilik.

9. artikulua. Familia-unitate batek ez badu parte hartzen auzolanean, ez badu ordezkorik aurkezten edo libratzeko behar den tarifa ez badu ordaintzen, ezin izanen dio Kontzejuari eskatu inolako zerbitzu gehigarririk, indarreko legediaren arabera nahitaez eman behar diren zerbitzuez gain.

Nahitaez eman behar ez diren beste zerbitzu batzuei dagokienez, bada, Kontzejuko organo eskudunak erabakitzen ahalko du halako zerbitzurik ez ematea auzolanaren betebeharra bete ez duten, ordezkaririk izendatu ez duten edo libratzeko tarifa ordaindu ez duten familia-unitateei, hamabi hilabeteko epean, ez-betetzea gertatzen denetik zenbatzen hasita.

10. artikulua. Oderizko Kontzejuak aseguru-poliza bat eginen du, istripu-arriskuak estaltzeko auzolana egiten duten bizilagunentzat.

11. artikulua. Oderizko Kontzejuko organo eskudunak urtero ezarriko du zenbat ordaindu beharko den prestazio pertsonala edo garraio-prestazioa egiteagatik. Hainbat tarifa ezartzen ahalko ditu, aintzat hartuta lana zein den, zein eremutan eginen den edo zer garraio behar den.

Libratzea aukeratzen dutenentzako tarifa, bestalde, indarreko legedian ezarritakoa izanen da.

12. artikulua. Ordenantza honetan xedatu ez den orotan, jarraikiko zaio xedaturik dagoenari uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean (Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa) eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean (Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa).

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA ODERIZKO KONTZEJUKO MENDIKO PISTEN ETA BIDEEN ERABILERA

Oderizko (Larraun) landabide publikoen sarea ibarreko bizilagun guztien ondarearen parte da, eta funtsezko elementua da udal-mugarteko mendi eta landen aberastasuna zaintzeko eta haietarako sarbidea izateko.

Aipatutako sarea, gainera, funtsezkoa da herritarren arteko komunikaziorako eta harat-honatak errazteko bisitariei nahiz bidezkoei.

Hitz batez, ongi zaindurik egoteak bizilagun guztiei egiten die on.

Gero eta gehiago erabiltzen baitira Oderizko herri-basoko pista eta bide publikoak, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak lau dira: Oderizko natura ondarea zaintzea; erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek orekaz erabiltzea; erabiltzeko egoera onean mantentzea; eta paseatzaileen eta, oro har, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea.

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honek arautzen du, indarrean dagoen araudiarekin bat, Oderizko mugarteko landabide publikoen sarearen erabilera.

2. artikulua. Landabideen kategoriak.

Erabilera nagusiaren arabera, Oderizko landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:

1.–2 metro zabal edo zabalagoak diren bideak.

a) Auzo-bideak: gehienbat bizilagunek erabiltzen dituzte, beren etxeetara joateko edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategietara joateko.

b) Baserri-bideak: gehienetan aurreko horien adar izaten dira, eta bizilagun batek edo gutxi batzuek erabiltzen dituzte, baserrietara eta haien inguruko ustiategietara joateko.

c) Pista nagusiak: batez ere herri-basoko mugarrien lerrotik kanpora egoten dira, eta erabiltzen dira mendiko eremu zabaletara iristeko eta inguruko herriekin komunikatzeko. Erabilera asko izaten dituzte, hala nola basogintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza eta abar.

d) Bigarren mailako pistak: herri-basoetan egoten dira, sare nagusiaren osagarri, eta aukera ematen dute iristeko mendietara, basoberritze-eremuetara, belardietara eta bestetara.

e) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute: oro har, baso-erabilera edo norbanakoen lurzatietan sartzea.

2.–Bi metro zabal baino meharragoak diren bideak: orgabide zaharrak eta bidexkak, era askotako erabilerak dituztenak, barnean direla lasterbideak eta/edo turismorako bidexkak.

3. artikulua. Kontserbazioa.

Oderizko Kontzejuak zainduko du erabilgarri egon daitezen beti 2.1.a), b), c) eta d) apartatuetako landabide publikoak. Orobat, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren interes publikoko bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).

4. artikulua. Ibilgailu motordunez zirkulatzeko debeku orokorra.

Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunetan ibiltzea, baita bi metro zabal baino estuago diren pistetan barna ere, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo behar bezala baimendutako bestelako jarduera batzuekin.

Debeku da, baita ere, ibilgailua aparkatzea pistetatik kanpo eta behar bezala seinalatutako tokietatik kanpo.

5. artikulua. Baimen orokorra, zirkulatzeko auzo-bideetan eta baserrietarako sarbideetan edo nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioetarako sarbideetan.

Aipatutako lehen bi pista motetan –2.1 artikuluko a) eta b) letrak–, baimentzen da libre ibiltzea motozikletak eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunak.

Kontzejuaren baimenarekin ibil daitezke 3,5 tonatik gorako ibilgailuak, salbu espresuki debekatuta badago, behar den seinalearekin, ezaugarri bereziengatik (zubiak, bide-estutzeak, etab.).

6. artikulua. Gainerako pistetan ibiltzeko debekua.

Oderizko gainerako pistetan debeku da ibilgailu motordunak baimenik gabe ibiltzea, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo baimendutako bestelako jarduera batzuekin.

7. artikulua. Baimena, motozikletentzat eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunentzat, pista jakin batzuetan barna ibiltzeko.

Aurreko 2.1 kapituluko c), d) eta e) letretan aipatutako bideei dagokienez, Kontzejuak onets dezake zerrenda bat, jasoko duena zer pista nagusitan ibil daitezkeen libre motozikletak eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunak.

Kontzejuak berak aldatzen ahal du zerrenda hori, kontuan hartuz momentu bakoitzeko gorabeherak, pisten egoera edo berak ikusten duen beste arrazoiren bat, eta, horretarako, ez da beharrezkoa izanen ordenantza hau aldatzea.

8. artikulua. Ibilgailu motordunak salbuespenez pistetan ibiltzea baimentzeko eskumena.

Kontzejuko buruak emanen du baimena Oderizko pistetan barna aurreikusitako kasuetatik kanpo ibiltzeko.

Baimena eskatzen ahalko dute Oderizko bizilagunek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta beste pertsona batzuek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.

Baimenak izaten ahal dira orokorrak eta urtebeterako, edo denbora-tarte baterako eta bide-tarte jakin batzuetarako.

9. artikulua. 3,5 tonatik goragoko ibilgailuentzako baimena.

3,5 tonatik gorako ibilgailu guztiek baimena beharko dute Oderizko landabide publiko guztietan barna zirkulatzeko.

Kontzejuko buruak emanen du baimen hori.

Baimen puntualak edo koiunturalak eskatzen direnean (esaterako, basoko jardueretarako, obrak egiteko lurzoru urbanizaezinean, etab.), eta ikusirik aurreikusitako erabileraren intentsitatea eta iraupena, Kontzejuak erabiltzaileari eskatzen ahal dio abal bat aurkez dezala, bermatuko duena erabili ondoren pista ongi geldituko dela.

10. artikulua. Egur-aprobetxamendu pribatuen garraioa.

Galarazi gabe aurreko klausulan xedatutakoa, mendi pribatuetako egur-aprobetxamenduen kasuan, Kontzejuak ezar dezake kanon bat ateratzen den egur tona bakoitzeko, pistak egoera onean mantentzeko.

Kanon hori ordaintzearekin ez dira kitatuko egurra ateratzean eragiten diren neurriz kanpoko kalteak. Kalte horiek aparteko espediente batean exijitu daitezke, indarreko legeen arabera.

11. artikulua. Baimenetik salbuestea.

Ez dute baimenik behar erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek, beren eginkizunetan ari direnean, ez eta Oderizko mendietan ehizatzeko baimen indarduna daukaten ehiztariek ere.

12. artikulua. Ibiltzeko gehieneko abiadura.

Oderizko mendiko pista guztietan gehieneko abiadura izanen da 15 kilometro orduko.

13. artikulua. Abiadura egokia, pisten egoeraren eta inguruabarren arabera.

Aurreko artikuluan xedaturikoa gorabehera, istripu arriskuak apaltzeko, eta ez eragozteko oinezkoei, txirrindulariei eta animaliei, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, behar adina mantsotuz maldetan eta toki arriskutsuetan, bai eta libre dabiltzan azienden inguruan eta oinezkoak daudenean ere, edo idorteetan, pistetan hautsa pilatzen baita.

14. artikulua. Jarduera debekatuak.

Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta gidatzeko muturreko modu guztiak ere, arriskugarri gerta daitezkeenak paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat.

Salbuespen gisa, Kontzejuak baimena ematen ahalko du egin daitezen ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak.

15. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.

Erabiltzaileek beren gain izanen dute pistetan egiten dituzten gehiegizko kalteen erantzukizuna, ordenantza honetan aipatzen diren arauak ez betetzeagatik.

16. artikulua. Pisten inbentarioa.

Oderizko Kontzejuak pista guztien eta dagozkien kategorien inbentarioa eta planoa eginen ditu; nolanahi ere, oraindik ere egin gabe badago, arau-hausleak ezin izanen du hori erabili ordenantza honetatik salbuesteko arrazoitzat.

17. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat joko da ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar edo debeku ez betetzea.

18. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen, 100 eta 300 euro artekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluari jarraikiz.

Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.

Iragarkiaren kodea: L2410050