Iragarkia
150. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BURLATA
Udalaren kirol eskolen funtzionamendua arautzeko udal ordenantzaren behin betiko onespena
Burlatako Udalbatzak, 2024ko apirilaren 25ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Burlatako kirol eskolen funtzionamendua arautzen duen udal-ordenantza. (2024ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 14an).
Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hura behin betiko onesten da eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (foru-lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa), zeina aldatu baitzuen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak.
Burlatan, 2024ko ekainaren 28an. Alkatea, Berta Arizkun González.
UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA BURLATAKO KIROL ESKOLEN FUNTZIONAMENDUA
1.–Ordenantzaren xedea
1.1. Ordenantza honek xedetzat du sistema, egitura eta funtzionamendua ezartzea Burlatako Udalaren kiroletako arloak antolatzen dituen Burlatako Udalaren Kirol Eskoletarako.
2.–Burlatako Udalaren Kirol Eskolen kirol sistema
2.1. Jarduera fisikoa sustatzea da Burlatako Udalaren xedeetako bat; horretarako, Burlatako haur eta gazteentzako sustapen horren plangintzaz, kontrolaz eta ebaluazioaz arduratuko da, bere Udalaren Kirol Eskoletako sistemaren bidez.
2.2. Burlatako Udalak lankidetzarako hitzarmenak formalizatzen ahalko ditu klubekin, federazioekin eta beste kirol erakunde batzuekin Udalaren Kirol Eskolen askotariko modalitateak kontrolatzeko, finantzatzeko, garatzeko, antolatzeko eta zuzendaritza teknikoa egiteko, baita ere erakunde horiei erakunde laguntzailearen kategoria emateko egokitzat jotzen badu Udalaren Kirol Eskolen kudeaketa arintzeko, eta, batez ere, izen emateak. Burlatako Udalak egoki deritzonean bestelako hitzarmenak ere sinatzen ahalko dira, kirol modalitate zehatz baten ezaugarriak eta nondik norakoak kontuan hartuta.
2.3. Lankidetzarako hitzarmenak dirulaguntza izenduntzat hartuko dira, eta indarrean egonen dira kirol denboraldi batez (ekainetik hurrengo urteko maiatzera arte). Burlatako Udalak bestelako indarraldiak ezartzen ahalko ditu Udalaren Kirol Eskoletan, haien federazio baldintzek hori aholkatuz gero.
2.4. Hitzarmena bertan behera utziko da arrazoi hauetakoren bat jasoz gero:
2.4.a. Araudi honetan eta haren ondoko garapenetan ezarritako baldintzak ez betetzea.
2.4.b. Hitzarmenaren erakundeak legezko betebeharrak ez betetzea.
2.4.c. Kirolaren alorreko klub, federazio nahiz entitate izenpetzailea azkentzea edo desegitea.
2,4.d. Burlatako Udalak eraginik gabe uzten ahalko ditu lankidetza hitzarmenak, epemuga baino lehen, interes publikoko arrazoiek hala justifikatzen badute.
2,4.e. Hitzarmena betetzea galarazten duten ezinbesteko arrazoiak izatea eta haiek behar bezala justifikatuta egotea.
2.5. Udalaren Kirol Eskolen esparruan Burlatako Udalarekin lankidetzarako hitzarmen bat indarrean duen erakunde orok, edota bere dirulaguntzen deialdiez baliatzen den orok, araudi hau errespetatuko du eta beronen arabera jardunen, eta ez du kirol egitura paralelorik sortuko Burlatako Udalak aurreikusitakoen kontrakoa edota osagarria denik.
2.6. Araudi honetan berariaz jasotzen ez diren aferak edo Udalaren Kirol Eskola jakin batek izaten ahal dituen berezitasunak behin-behinean ebatziko ditu Udalaren kasuan kasuko organo eskudunak, Udalaren Kirol Koordinazioaren eta inplikatutako Udalaren Kirol Eskolaren arduradunaren aholkuak entzun ondoren.
3.–Burlatako Udalaren Kirol Eskolen Xedeak
Hona hemen Udalaren Kirol Eskolen xede orokorrak, funtzionamenduaren, entrenamenduaren eta lehiaketen gainerako irizpideen orientagarri izanen direnak:
3.1. Kirolaren eta jarduera fisikoaren irakaskuntzaren bidez ikasleen prestakuntza integralean laguntzea, betiere kirolaren errendimendua ulertuta prozesuan laguntzen ahal duen baliabide gisa eta ez xede berariazko gisa.
3.2. Bermatzea erakundeak, ikasleek eta beren senideek errespetatzen dituztela gainerako kirolariak, talde teknikoa, arbitroen taldea, publikoa eta kirol instalazioetako gainerako langileak, eta egokiro erabiltzen dituztela kiroleko materialak, ekipamenduak eta instalazioak.
3.3. Kirolaren eta jarduera fisikoaren irakaskuntzaren prozesua hornitzea ikasleen ongizate pertsonala eta haien harreman sozialen sustapena eta hobekuntza bermatuko dituen giroaz.
3.4. Kirolari eta jarduera fisikoari nahiz garbitasunari lotutako ohiturak sortzea, ikasleak helduak direnerako ongizate fisiko, mental eta sozialaren zutarri izan daitezen.
3.5. Eskura diren baliabideen arabera, ikasle guztiei bermatzea nahieran hautatzen duten kirola ikasteko eta hartan aritzeko aukera, eta haien kirol gaitasunak eta gaitasun fisikoak ingurune osasuntsu eta seguruan garatu ahal izatea.
3.6. Ahalegin- eta ardura-gogoa bultzatzea, besteak errespetatuz eta haiekin lankidetzan.
3.7. Burlatako bizilagunei erraztasunak ematea kirola eta jarduera fisikoa ikasi eta praktikatzeko, bazterkeriarik gabe kirol gaitasuna, sexua, baldintza soziala eta abar direla-eta.
3.8. Ikasleen indibidualtasuna errespetatzea, bereziki adin biologikoari, ezaugarri psikomotorrei, kirol-errendimenduko eta errendimendu fisikoko mailari eta norberaren lehentasunei nahiz kirol-arlokoei dagokienez, aurrerapen logikoari jarraikiz helburuetan eta entrenamenduko nahiz lehiaketako metodo eta edukietan.
3.9. Ikasleak beren adinaren eta garapen mailaren arabera kiroleko kontzeptu tekniko eta taktikoez hornitzea.
3.10. Gorputz hezkuntzak bereak dituen printzipio metodologikoen arabera jardutea, eta azpimarratzea hezkuntza- nahiz jolas-izaera, bai eta kirolaren balioen, berdintasunaren, zainketaren, euskararen erabilera sustatzearen eta aniztasun kulturala eta sexuala errespetatzearen sustapena azpimarratzea ere.
4.–Burlatako Udalaren Kirol Eskolen kirol egitura
4.1. Burlatako Udalak, berorren kiroletako arloko zinegotziaren bidez, udaleko kirol koordinazioaren eta kasu bakoitzean inplikatuta dagoen Udalaren Kirol Eskolaren arduradunaren aholkua entzun ostean, denboraldi bakoitzerako kirol egitura ezarriko du Udalaren Kirol Eskolak osatzen dituzten modalitateetako bakoitzerako. Egitura hori organo eskudunak onesten duen urteroko hitzarmenera eramanen da. Kirol egitura honako hauek aintzat hartuta ezarriko da:
4.1.a. Baliabide espazialak, erabileraren efizientzia eta eskuragarritasuna aintzat hartuta.
4.1.b. Baliabide ekonomikoak, erabileraren efizientzia eta eskuragarritasuna aintzat hartuta.
4.1.c. Baliabide pertsonalak, erabileraren efizientzia eta eskuragarritasuna aintzat hartuta.
4.1.d. Etorkizuneko esku-hartzeak, arestian aipatu baliabideetan.
4.1.e. Jarduera fisikoaren zientziei eta pedagogiari buruzko irizpide formalak.
4.1.f. Federazioen araudiak.
4.1.g. Udalaren Kirol Eskolako ikasle guztien parte-hartze aktibo eta adierazgarria bermatzea entrenamendu eta lehiaketetan.
Kirol egitura eta hari lotutako baliabideak denboraldian zehar aldatzen ahalko dira, inplikatutako Udalaren Kirol Eskolak haiekin egiten duen erabilera eta aprobetxamendu errealaren arabera, baita sortzen ahal diren ezinbesteko beste kausa batzuengatik ere.
4.2. Egitura bat eta bakarra ezarriko da kirol klub, federazio nahiz entitate beraren mendeko kirol modalitate bakoitzeko.
4.3. Prestakuntza etapa eta kirol modalitate bakoitzeko kirol egitura zehaztuko da adierazita kategoriak, taldeak, adinak, taldeko edota kategoriako gutxieneko eta gehieneko plazak, entrenamendu saioen kopurua eta denbora, eta arauotan jasotako irizpide orokorrei egiten ahal zaizkien zehaztapenak eta aldaketak.
4.4. Kirol modalitate bakoitzeko Udalaren Kirol Eskola zatituko da, taldeka, adinaren arabera edota lortutako maila teknikoen arabera, eta hauxe ezarriko da irizpide orokor gisa:
4.4.a. Banakako kirolak: gutxienez zortzi eta gehienez hamabost taldekide.
4.4.b. Kirol kolektiboak: gutxienez zortzi taldekide, kirol modalitatearen arabera kopuru aldakorra, eta gehienez hamabost, aldakorra ere bai kirol modalitatearen arabera.
4.4.c. Talde bakoitzeko gutxienekoak eta gehienekoak urteroko hitzarmen arauemailean aldatzen ahalko dira, kirol modalitate edota prestakuntza etapa bakoitzaren ezaugarri eta premia berariazkoen arabera.
4.5. Behin Udalaren Kirol Eskoletako etapa amaitu ostean, kirol jarduera eta jarduera fisikoa legez eratutako kirol kluben eta erakundeen bitartez gauzatuko dira, eta haiekin egiten ahalko dira jarduera horretan laguntzeko hitzarmenak eta laguntzen deialdiak.
4.6. Udalaren Kirol Eskolen kirol jardueraren eta jarduera fisikoaren egutegia eskola egutegiari egokituko zaio; beraz, oporretan, zubietan eta jaiegunetan pausa eginen du, non Burlatako Udalak ez duen luzapenik nahiz aldaketarik baimentzen arrazoi teknikoengatik nahiz lehiaketengatik.
Arau orokor gisa ezartzen da jarduerak iraunen duela irailaren erdialdetik maiatzaren azken egunera arte, hau da, zortzi hilabete eta erdiko iraupena izanen du. Iraupen hori irizpide gisa erabiliko da kalkulatzeko Burlatako Udalaren dirulaguntzak eta ikasleek nahitaez ordaindu beharreko tarifa.
5.–Hitzarturiko erakundeen betebeharrak
5.1. Ordenantza hau betetzea eta betearaztea, baita kirolaren, lanaren, datuen babesaren eta zerga betebeharren esparruetan indarrean den legedia ere, eta aplikatzekoa zaien beste tankerako legedia ere bai; erakunde laguntzailetzat hartzen badira, indarreko araudian horri buruz ezarrita dauden betebeharrak betetzea.
5.2. Gutxienez ere kirol koordinatzaile izateko arduradun bat izatea, Udalaren Kirol Eskolaren zuzendari izanen dena.
5.3. Udalaren Kirol Eskolen irizpide teknikoak, didaktikoak eta metodologikoak ezartzea eta kontrolatzea, ordenantza honetan jasotako xedeekin eta gainerako arauekin bat. Burlatako Udalak ahalmena du berau urratzen duten alderdiak analizatzeko eta zuzentzeko.
5.4. Monitoreen jarduketak koordinatu eta kontrolatzea eta Udalaren Kirol Eskolako taldeen jarraipena egitea.
5.5. Teknikoki eta gizalegez trebatutako taldea izatea Udalaren Kirol Eskolako askotariko taldeei arreta emateko, errespetatuta, gutxienez ere, Nafarroan Kirol-lanbidean Hasteari eta Jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean ezarritakoa, eta kirol titulazioaren esparruan exijitutako betekizunei jarraikiz, baita ere lehen sorospenetako prestakuntzaren eta sexu-askatasun eta -ukigabetasunaren kontrako delitu bategatik epai irmoz kondenatua ez izatea egiaztatzearen inguruan ezarritakoari jarraikiz.
5.6. Erregistro eguneratua izatea, jasotzen dituena begirale eta zuzendaritzako langile guztiak eta ordenantza honen 5.5 artikuluan aipatutako titulu eta ziurtagiriak. Burlatako Udalak dokumentazio hori eskatzen ahalko du edozein momentutan.
5.7. Prestakuntza planak ezartzea begiraleentzako eta zuzendaritzako langileentzako, bermatzeko errekeritutako titulazioa dutela, eta haien gaikuntza areagotzeko kiroleko eta jarduera fisikoko irakaskuntzan eta berdintasunaren, zainketaren, euskararen eta aniztasun kultural eta sexualaren esparruetan ere bai.
5.8. Burlatako Udalari aholku ematea kirol egitura ezartzean, bai eta Udalaren Kirol Eskolari lotutako beste edozein kirol aferatan ere.
5.9. Aldizkako bilerak izatea Burlatako Udalaren kiroletako arloko zinegotziarekin eta kirol koordinazioarekin.
5.10. Ordenantza honetan espresuki jasotzen ez diren aferen edota, aparteko arrazoiak medio, ordenantzaren salbuespen izaten ahal direnen berri ematea Burlatako Udalari. Mota honetako neurriak hartu ahal izateko, Burlatako Udalaren baimen espresa beharko da.
5.11. Beharrezkotzat jotzen diren inguruabar, kexa eta eskaera guztiak helaraztea Burlatako Udalari.
5.12. Burlatako Udalaren kirol koordinatzaileari berehala komunikatzea kirol-ekipamenduan eta -instalazioetan ikusten diren akatsak, eta haiek erabiltzen ez uztea akats horrek inolako arriskurik eragiten badu ikasleen nahiz begiraleen integritate fisikorako.
5.13. Izen emateak, fitxak eta kuotak ikuskatzea eta gauzatzen direla bermatzea, eta orobat Burlatako Udalak baimendu dituen lehiaketa eta txapelketetan parte hartu ahal izateko Udalaren Kirol Eskolak bete behar duen beste edozein betekizun.
5.14. Esleitzea, Burlatako Udalarekin koordinatuz, Udalaren Kirol Eskolako askotariko taldeen entrenamenduen eta lehiaketen ordutegiak, ezarritako kirol egiturarekin bat.
5.15. Udalaren Kirol Eskolari buruzko alderdi adierazgarririk bada, Burlatako Udalari aurkeztea honako agiri hauek:
5.15.a. Zuzendaritza Batzarraren bileren aktak eta deialdiak.
5.15.b. Ikasleen gurasoek nahiz legezko tutoreek emandako dokumentuen eta informazio esanguratsuaren kopia.
5.16. Burlatako Udalak informazioa eskatzen duenean, eskaerari erantzutea.
5.17. Udalaren Kirol Eskolaren memoria ekonomikoa, kirol memoria eta dokumentazioa aurkeztea, ordenantza honetan markatutako irizpideekin bat. Hitzartutako erakundeak aurkezten dituen informazioak, txostenek eta bestelako balorazioek sexuaren arabera bereizitako datuak izan beharko dituzte.
5.18. Erantzukizun zibileko asegurua kontratatzea, estaltzen duena Udalaren Kirol Eskolako ikasleek, zuzendaritza taldeak, koordinatzaileek nahiz begiraleek egindako jardueran beste batzuei eragiten ahal zaizkien kalteen kalte-ordaina.
5.19. Burlatako Udalarekin batera ezartzea eta aplikatzea ikasleei eragiten dieten sexu-eraso eta -jazarpeneko egoeretan esku hartzeko eta haiek prebenitzeko erakundearen protokoloa.
5.20. Burlatako Udalarekin batera ezartzea eta aplikatzea sexu-jazarpeneko eta sexu-arrazoiengatiko jazarpeneko kasuak prebenitzeko eta jarduteko protokoloa hitzartutako erakundearen zuzendaritza taldearen, kirol koordinatzaileen eta begiraleen jarduketaren esparruan.
5.21. Begiraleei, koordinatzaileei, zuzendaritza taldeari, ikasleei eta haien gurasoei ezagutzera ematea posta elektroniko bidez, eta erakundearen webgunean argitaratzea, gutxienez ere informazio hau:
5.21.a. Udalaren Kirol Eskolen ordenantza.
5.21.b. Kirol instalazioak erabiltzeko araudia.
5.21.c. Ikasleei eragiten dieten sexu-eraso eta -jazarpeneko egoeretan esku hartzeko eta haiek prebenitzeko erakundearen protokoloa.
5.21.d. Sexu-jazarpeneko eta sexu-arrazoiengatiko jazarpeneko kasuak prebenitzeko eta jarduteko protokoloa hitzartutako erakundearen zuzendaritza taldearen, kirol koordinatzaileen eta begiraleen jarduketaren esparruan (soilik jarduera ematen eta kudeatzen dutenei emanen zaie).
5,21.e. Familiak erakundearekin komunikatzeko baliabideak eta sistemak.
5,21.f. Talde bakoitzaren entrenamenduetarako ordutegiak eta instalazioak.
5.21.g. Begiraleek eta familiek ikasleak kirolagatiko lesioa duenean jarduteko protokoloa.
5.21.h. Erakundeak bere funtzionamenduari buruz komunikatu nahi duen beste edozein arau, familiek ezagutza handiagoa izan dezaten eta Udalaren Kirol Eskolaren jarduera hobeki garatu dadin.
5.22. Ikasleen gurasoak nahiz legezko tutoreak informatuta edukitzea, gutxienez ere, ordenantza honetan ezarritakoaren gainean.
5.23. Ikasleen guraso nahiz legezko tutoreei arreta ematea.
5.24. Burlatako Udalaren anagrama eta armarria sartzea Udalaren Kirol Eskolako lehiaketa jantzietan, bai eta karteletan, liburuxketan, webgunean eta zabalkunde publikorako bestelako bitartekoetan ere. Burlatako Kirolen Udal Patronatua desegin ostean, modu progresiboan txertatuko dira jantzi berrietan. Urteroko hitzarmenean derrigortasuna ezartzen ahalko da.
5.25 Ordenantza honetan esleitutako zereginak gauzatzea ikaslea berrien izen emateak egiteari eta berritzeari dagokionez.
5.26 Burlatako udal esparruan euskararen erabilera arautzen duen ordenantzan xedatutakoa betetzea eta errespetatzea.
5.27 Burlatako udal esparruan hizkuntza inklusiboaren erabilera arautzen duen ordenantzan xedatutakoa betetzea eta errespetatzea. Hitzartutako erakundeek kirol jardueren zabalkunderako erabiltzen diren irudien eta hizkuntzaren erabilera berdinzalea egin behar dute, eta, trofeoak nahiz sariak egonez gero, haiek modu berdinzalean banatu behar dituzte gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan.
6.–Begiraleen betebeharrak
6.1 Taldearen jardueraz zuzenean arduratzea, esleituta dituen entrenamendu- eta lehiaketa-orduetan.
6.2 Entrenamendu saioak eta lehiaketakoak garatzea araudi honetan ezarritako helburu eta irizpideekin bat, baita Udalaren Kirol Eskolako koordinatzaileak kasuko taldearentzako ezarritako irizpide tekniko, didaktiko eta metodologikoei jarraikiz ere.
6.3 Erakundeak emandako funtzionamendu sistemak, protokoloak eta arauak ezagutzea, aplikatzea eta haiekiko errespetua eskatzea, ordenantza honetako 5.21 artikuluarekin bat.
6.4 Ikasleen portaera zuzena zaintzea kirol esparruaren barnean eta kanpoan, entrenamendu- eta lehiaketa-orduetan, instalazioan sartzen direnetik eta irten arte.
6.5 Ikasleen portaera zuzena zaintzea aldageletan.
6.6 Kirol instalazioa, ekipamendua eta materiala behar bezala erabili eta zaintzen ote den ikustea.
6.7 Kasu egitea eta errespetatzea, une oro, kirol instalazioetan dauden Burlatako Udaleko langileen jarraibideei.
6.8 Ikasleek kirola modu osasungarrian eta seguruan egin dezaten bermatzea, eta kirol-instalazio, ekipamendu- eta -materialetan antzemandako kalteen berri ematea berehala instalazioan dauden Burlatako Udalaren langileei eta Udalaren Kirol Eskolaren koordinatzaileari. Kirola eta jarduera fisikoa egitea debekatuko da kalte horrek inolako arriskurik badakar ikasleen nahiz begiraleen integritate fisikorako.
6.9 Erakundeak aldian behin deitzen ahal dituen bileretara joatea eta betiere jarraitzea hark finkatutako irizpideak.
6.10 Bere taldeari dagozkion jarraipen fitxak betetzea.
6.11 Egunero kontrolatzea ikasleak entrenamenduetara eta lehiaketetara joaten ote diren, eta Udalaren Kirol Eskolako koordinatzaileari eta ikaslearen gurasoei nahiz legezko tutoreari aurrez jakinarazi gabeko hutsegiteen berri ematea egunero.
6.12. Bere taldeko ikasleen guraso nahiz legezko tutoreei lehenengo arreta ematea. Aurkeztu beharreko informazioa hitzarturiko entitateak zehaztutako jarduketa-eremura mugatuko da.
6.13. Entrenamendua eta lehiaketa bukatutakoan, hamar urtez azpiko ikasleak zaintzea, gurasoek nahiz legezko tutoreek hartu artean. Betebehar hori bertan behera uzten ahal da ikaslearen gurasoen nahiz legezko tutorearen baimen idatzia jasoz gero.
6.14. Une oro erabiltzea hizkera egokia eta errespetuzkoa; iruzkin sexistak, sexualak, homofoboak, transfoboak nahi diskriminaziozkoak eta tankera horretako beste edozein espresio saihestea.
7.–Ikasleen gurasoen nahiz legezko tutoreen betebeharrak
7.1. Erakundeak emandako funtzionamendu ereduak, protokoloak eta arauak ezagutzea eta errespetatzea, ordenantza honetako 5.21 artikuluarekin bat.
7.2. Berritzeen, izen-emateen eta ordainketen epeak betetzea, bai eta dokumentazioa aurkeztekoak ere.
7.3. Informazio bileretara joatea, erakundeak deitzen dituenean.
7.4. Jakinarazpenak egiteko aukera ematen duten harremanetarako bide eskuragarriak erraztea eta eguneratuta edukitzea (telefono finkoa, telefono mugikorra, posta elektronikoa eta beste batzuk).
7.5. Seme-alaba garaiz eramatea entrenamendu eta lehiaketetara, ziurtatzea taldeko ardura duen begiralearen tutoretzapean gelditzen dela, eta seme-alaba garaiz hartzea amaitzean.
7.6. Jantziak garbitzea eta egoera onean mantentzea. Ikasleari entrenatzeko eta lehiaketarako lagatzen zaizkion jantziak entregatu behar dira Udalaren Kirol Eskola bakoitzak zehazten duenean.
7.7. Jokabide eredugarria mantentzea kirol-instalazioetako langileekin, bai eta kirolari, epaile, begirale, koordinatzaile eta ikusleekin ere.
7.8. Ahalik eta lankidetzarik handiena izatea hitzartutako erakundearekin.
7.9. Burlatako Udalari jakinaraztea seme-alabak premia berezirik duen erakundeak ezagutu behar duenik irakaskuntza prozesuan arreta hobea izateko.
7.10. Aldez aurretik eta nahikoa aurrerapenarekin jakinaraztea seme-alabak parte hartzen duen taldeko begiraleei entrenamendu eta lehiaketetara noiz faltako den.
8.–Ikasleak
8.1. Zein hartzen den ikasletzat: Udalaren Kirol Eskoletako ikasletzat hartuko dira behin betiko plaza izanik, eskatzen zaien dokumentazio guztia aurkeztu duten guztiak, baldin eta nahitaezko kuota ordaindu badute horretarako epeetan.
8.2. Ikasle izateari eustea: ikasle-izaerari eutsiko zaio ikaslea sartzen denetik Udalaren Kirol Eskola bakoitzaren adin-mugara iritsi bitartean, alde batera utzita ikaslearen kirol errendimendua eta bestelako inguruabar guztiak. Hona hemen izaera hori galtzeko arrazoiak:
8.2.a. Araudi honetan jasotako zehapen-araubidea eta Udalaren Kirol Eskola bakoitzak gerora eginen dituen araudi garapenak aplikatzea.
8.2.b. Nahitaezko kuota ordaintzeko edota behar den dokumentazioa aurkezteko epeak ez betetzea.
8.2.c. Burlatako Udalak edota hitzartutako entitateak dagokion kategoriaren araberako kirol talderik ezin eratu izatea.
8.2.d. Ondoz ondoko hiru astetan ez agertzea aldez aurretik jakinarazi edota justifikatu barik, edo jardueraren hirugarren hilabetetik aurrera bertaratzea ehuneko berrogeita hamar baino txikiagoa izatea guztira. Burlatako Udala harremanetan jarriko da egoera horretan dagoen pertsonarekin, bere argudioak azaldu ditzan eta jardueran duen parte-hartze baxuaren arrazoia behar bezala arrazoitzeko. Arrazoi horrengatik baja emanez gero, ez da itzuliko izen ematean ordaindutako zenbatekoa.
8.3. Ikasleen eskubideak: ikasle guztiek eskubide eta betebehar berak izanen dituzte Udalaren Kirol Eskolaren barruan, inolako bazterkeriarik gabe. Honako eskubide hauek dituzte:
8.3.a. Entrenamenduetan ikaslearen heldutasunari dagokion mailan aritzeko, betiere Udalaren Kirol Eskolako kirol egiturarekin eta hitzartutako erakundearen irizpide teknikoekin bat.
8.3.b. Burlatako Udalak Udalaren Kirol Eskoletako esparrurako aitortutako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, ikaslearen heldutasunari eta ahalmenei dagokien mailan, eta kirol federazio bakoitzaren araudiarekin, hitzartutako entitatearen irizpidearekin eta ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.
8.3.c. Aski kalifikatutako kirol-begiraleak eta -koordinatzaileak izatea, ahal bada.
8.3.d. Duintasunez lehiatzeko gutxieneko ezinbesteko jantziak izatea.
8.3.e. Duintasunez eta errespetuz hartua izatea.
8.3.f. Aukera berdintasuna izatea.
8.3.g. Ingurumen osasuntsu eta seguruan parte hartzea.
8.4. Ikasleen betebeharrak: Udalaren Kirol Eskoletako ikasle izateak honako betebehar hauek dakartza berekin:
8.4.a. Zuzen jokatzea, une oro, beste kirolariekin, begiraleekin, hitzartutako erakundeko arduradunekin, epaileekin, ikusleekin eta kirol instalazioetako langileekin.
8.4.b. Begiraleak eta hitzartutako erakundeko arduradunek, baita kirol instalazioetako langileek ere ematen dituzten jarraibide teknikoak eta jokaerari lotutakoak errespetatzea.
8.4.c. Burlatako Udalaren instalazioak erabiltzeko araudia betetzea, bai eta jarduera egiteko erabilitako gainerako instalazioena ere.
8.4.d. Hitzartutako erakundeak finkatutako entrenamenduetan parte hartzea, salbu eta aurrez jakinarazi eta behar bezala justifikatutako arrazoirik bada.
8.4.e. Hitzartutako erakundeak zehaztutako lehiaketetan parte hartzea, ordenantza honetan ezarritakoarekin bat.
8.4.f. Agindutako epeetan ordainketak egitea eta nahitaezko dokumentazioa aurkeztea.
9.–Lehiaketa
9.1. Udalaren Kirol Eskolen esparruko lehiaketak irakaskuntza-prozesuko elementu garrantzitsuak dira, baina ez erabakigarriak, eta bitarteko gisa tratatu beharrekoak, eta ez Udalaren Kirol Eskolako begiraleen eta kirol koordinatzailearen jardueraren xede gisa.
9.2. Hitzartutako erakundeak ezarritako irizpide teknikoek errespetatu behar dituzte ordenantza honen 3. artikuluan Burlatako Udalaren Kirol Eskoletarako adierazitako xedeak, eta haiekin koherente izan, bai eta ikasleen eskubide eta betebeharrak (8. artikulua) eta ordenantza honen gainerako artikuluetan jasotako arauak ere. Burlatako Udalak eskubidea izanen du erakundearen irizpide teknikoak berrikusteko eta aldatzeko.
9.3. Udalaren Kirol Eskoletako ikasle izateak araudi honen 20.3 artikuluan aipatutako lehiaketetan parte hartzeko eskubidea ematen du. Salbuespenez, ikasleen segurtasun fisikoa eta behar bezalako aurrerapena eta ikaskuntza bermatzeko, hitzartutako erakundeak aldi baterako mugatzen ahalko du ikasleek lehiaketetan parte hartzeko duten eskubidea.
9.4. Ikasleak bere borondatez uko egiten ahalko dio lehiaketa ofizialetan parte hartzeari, eta soilik entrenamenduetan parte hartu. Halere, horrek ez dakar murrizketarik nahitaezko kuotan. Uko eginez gero, ez da lehiatzeko eskubidea berreskuratzeko eskatzen ahalko, federazio plazarik ez bada.
10.–Gurasoentzako nahiz legezko tutoreentzako informazioa
10.1. Hasierako bilera: hitzartutako erakundeak, denboraldiaren hasieran, gurasoei nahiz legezko tutoreei biltzeko deia eginen die, Udalaren Kirol Eskolako araudiari eta funtzionamenduari buruzko informazioa emateko. Irizpide hauei jarraikiz eginen da bilera hori:
10.1.a. Bertan izanen dira, gutxienez ere, hitzartutako erakundearen aldetik, kirol koordinatzailea eta taldearen ardura duen begiralea.
10.1.b. Denboraldia hasi eta lehenengo lau asteen barruan eginen da.
10.1.c. Informazioa eta dokumentazioa emanen dira, gutxienez, eduki hauen inguruan:
–Udalaren Kirol Eskolaren organigrama eta funtzionamendua.
–Entrenamendu saioetan aplikatu beharreko irizpide tekniko, didaktiko eta metodologikoak.
–Lehiaketetan aplikatu beharreko irizpide tekniko, didaktiko eta metodologikoak.
–Ikaslearen eskubide eta betebeharrak, eta zehapen araubidea.
–Gurasoen nahiz legezko tutoreen eginkizunak eta zehapen araubidea.
–Erakundearen eta gurasoen nahiz legezko tutoreen arteko harremanetarako prozedura eta bideak.
–Osasun-laguntzaren aurrean jokatzeko prozedura.
–Sexu-eraso eta -jazarpeneko egoeretan esku hartzeko eta haiek prebenitzeko erakundearen protokoloa.
–Hurrengo denboraldietarako plazak berritzeko prozedura.
–Borondatezko ekarpenaren (zenbatekoa eta xedeak) azalpena eta justifikazioa, kasua bada.
–5.21 artikuluan jasotako informazioa kontsultatzeko webgunearen esteka.
10.2. Etengabeko komunikazioa: erakundeak ezarriko du zein diren gurasoekin eta legezko tutoreekin harremanetan izateko bideak (posta elektronikoa, WhatsApp-a, testu-mezuak...), lehiaketei, entrenamenduak bertan behera uzteari edota aurrez jakinarazi gabeko hutsegiteei buruzko informazioa helarazteko, nahiz intereseko beste edozein albisteren edo inguruabarren berri emateko. Honako alderdi hauek errespetatuko dira:
10.2.a. Erakundeak eta haren menpeko begiraleek ezin dute komunikabide zuzenik ezarri ikasleekin, hamalau urtez gorako ikasleekin izan ezik, eta gurasoek nahiz legezko tutorek aurrez baimen espresua eman ostean. Komunikazio horrek ez du kanpoan uzten gurasoekin eta legezko tutoreekin beharrez eta derrigorrez izan beharreko etengabeko komunikazioa.
10.2.b. Datuak babesteko araudia errespetatuko da, eta ez da difusio taldeetako gainerako kideen informazio pertsonal nahiz pribaturik edota kontakturik emanen.
10.2.c. Erakundeak kiroleko alderdiei buruz informatuko eta haiek jorratuko ditu soilik; kexak, erreklamazioak eta beste edozein gai partikular bereiz tratatuko ditu.
11.–Zehapen araubidea
11.1. Zehapen araubide hau Udalaren Kirol Eskola guztietan aplikatuko da; halere, hitzartutako erakunde bakoitzak hura garatzen ahalko du, Burlatako Udalak aurrez onespena eman ondoren.
11.2. Burlatako Udalari dagokio zehapen neurriak hartzea, ordenantza honen konplimendua eta udal ondasunak zaintzeko xedez.
Begiraleek, kirol koordinatzaileak eta hitzartutako erakundeko arduradunek ahalmena dute ikasleei ahoz kargu hartzeko eta entrenamendutik nahiz lehiaketatik kanporatzeko ere bai, galarazi gabe arau-hausleari geroago ezartzen ahal zaion zehapena. Kanporatuz gero, ikaslea zaintzapean egonen da saioa amaitu arte.
11.3. Faltak honela sailkatuko dira: falta arinak, astunak eta oso astunak.
11.3.a. Falta arinak:
–Kirol eremu bakoitzeko araudi berariazkoa ez errespetatzea.
–Kirol-instalazioak, -ekipamendua edo -materiala behar bezala ez erabiltzea.
–Kirol instalazioak erabiltzea entrenamendurako orduetatik kanpo.
–Berariaz debekaturiko eremuetan jan-edatekoak, beirazko ontziak eta beste edozein elementu sartzea.
–Begiraleen, kirol koordinatzaileen, hitzartutako erakundeko arduradunen edota instalazioetako langileen jarraibideei kasurik ez egitea.
11.3.b. Falta astunak:
–Hiru falta arin egitea.
–Kirol-instalazioak, -ekipamendua edo -materiala nahita zikintzea edo hondatzea.
–Udalaren Kirol Eskolak lehiaketetarako lagatako jantziak gaizki zaindu edota gaizki garbitzea.
–Beste ikasleen edo arau-hauslearen beraren segurtasunari eragiten ahal dion beste edozein arau-hauste.
–Kirol instalazioen barnean edo Udalaren Kirol Eskolako jardueran parte hartzen ari denean ordena larriki nahastea dakarren edozein egite edo ez-egite.
11.3.c. Falta oso astunak:
–Hiru falta astun egitea.
–Urtebetean hiru falta astun egitea.
–Kirol-materiala edo beste batzuen gauzak ebastea.
–Fisikoki edo ahoz erasotzea, baita beste batzuk ez errespetatzea ere, Udalaren Kirol Eskolako jardueran parte hartzen ari denean edota kirol instalazioaren barruan dagoenean.
–Duten eraginagatik bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari bereziki eragiten dieten jarduketak, Udalaren Kirol Eskolako jardueran parte hartzen ari denean edota kirol instalazioaren barruan dagoenean.
–Portaera arrazistak, sexistak LGTBIQ+ kolektiboaren aurkakoak edota diskriminaziozkoak.
–Udalaren Kirol Eskolaren eta kirol instalazioaren funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.
–Kirol-instalazioak, -ekipamendua edo -materiala nahita zikintzea edo hondatzea, haietan eta zerbitzuan eragin larriak eta esanguratsuak sortuta.
11.4. Ikasleei aplikatzen ahal zaizkien zehapenak:
11.4.a. Falta arinen zehapena hau izanen da: entrenamendu eta lehiaketetan parte hartu ezina hiru eta bost egun arteko tartean. Halaber, eragin diren kalteak konpontzeko sortutako gastuak ordaindu beharko dira.
11.4.b. Falta astunen zehapena hau izanen da: entrenamendu eta lehiaketetan parte hartu ezina hamabost egun eta hilabete arteko tartean. Halaber, eragin diren kalteak konpontzeko sortutako gastuak ordaindu beharko dira.
11.4.c. Falta oso astunen zehapena hau izanen da: entrenamendu eta lehiaketetan parte hartu ezina hilabeteko epean edota behin betiko eta kirol eskolan baja ematea, galarazi gabe Burlatako Udalak arau-hauslearen aurka hasten ahal dituen legezko ekintzak. Halaber, eragin diren kalteak konpontzeko sortutako gastuak ordaindu beharko dira.
11.5. -–Ikasleen guraso nahiz legezko tutoreei aplikatzen ahal zaizkien zehapenak:
11.5.a. Ikasleen guraso nahiz legezko tutoreen falta arinek berekin ekarriko dute udalaren kirol instalazioetara ezin sartzea sei eta hamar egun artean. Halaber, eragin diren kalteak konpontzeko sortutako gastuak ordaindu beharko dira.
11.5.b. Ikasleen guraso nahiz legezko tutoreen falta astunek berekin ekarriko dute udalaren kirol instalazioetara ezin sartzea hilabete eta bi hilabete artean. Halaber, eragin diren kalteak konpontzeko sortutako gastuak ordaindu beharko dira.
11.5.c. Ikasleen guraso nahiz legezko tutoreen falta oso astunek berekin ekarriko dute udalaren kirol instalazioetara ezin sartzea bi hilabetez edota betirako, galarazi gabe Burlatako Udalak arau-hauslearen aurka hasten ahal dituen legezko ekintzak. Halaber, eragin diren kalteak konpontzeko sortutako gastuak ordaindu beharko dira.
11.6. Begiraleei, kirol koordinatzaileei eta hitzartutako erakundearen zuzendaritza taldeari aplikatzen ahal zaizkien zehapenak:
11.6.a. Begiraleen, kirol koordinatzaileen eta hitzartutako erakundearen zuzendaritza taldearen falta arinek berekin ekarriko dute udalaren kirol instalazioetara ezin sartzea sei eta hamar egun artean. Halaber, eragin diren kalteak konpontzeko sortutako gastuak ordaindu beharko dira.
Hitzartutako erakundeak begiraleak eta kirol koordinatzaileak ordeztu beharko ditu zehatuta egon egoten ahal diren aldirako.
11.6.b. Begiraleen, kirol koordinatzaileen eta hitzartutako erakundearen zuzendaritza taldearen falta astunek berekin ekarriko dute udalaren kirol instalazioetara ezin sartzea hilabete eta bi hilabete artean. Halaber, eragin diren kalteak konpontzeko sortutako gastuak ordaindu beharko dira.
Hitzartutako erakundeak begiraleak eta kirol koordinatzaileak ordeztu beharko ditu zehatuta egon egoten ahal diren aldirako.
11.6.c. Begiraleen, kirol koordinatzaileen eta hitzartutako erakundearen zuzendaritza taldearen falta oso astunek berekin ekarriko dute udalaren kirol instalazioetara ezin sartzea bi hilabetez edota betirako, galarazi gabe Burlatako Udalak arau-hauslearen aurka hasten ahal dituen legezko ekintzak. Halaber, eragin diren kalteak konpontzeko sortutako gastuak ordaindu beharko dira.
Hitzartutako erakundeak begiraleak eta kirol koordinatzaileak ordeztu beharko ditu zehatuta egon egoten ahal diren aldirako.
11.7. Preskribatzea. arau-hauste oso astunak hiru urteren buruan iraungiko dira, astunak bi urteren buruan eta arinak sei hilabeteren buruan. Arau-hauste oso astunetan ezartzen diren zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste astunetan ezartzen direnek bi urteren buruan, eta arau-hauste arinetan ezartzen direnek urtebeteren buruan.
11.8. Zehapen prozedura.
11.8.a. Ordenantza honetan ezarritako arauen edozein ez-betetzek ekartzen ahalko du edozein begiralek edo kirol koordinatzaileak edota hitzartutako entitatearen arduradunak nahiz kirol instalazioetako langileek ikaslea Udalaren Kirol Eskolatik prebentzioz kanporatzea.
Kanporatzea aplikatuko da zehapena egiten den egunean bertan, eta ikaslea tutoretzapean izanen da entrenamendu saioa amaitzen den arte, eta berehala jakinaraziko zaio UKEaren kirol koordinatzaileari, bai eta aitari, amari eta/edo legezko tutoreari ere.
11.8.b. UKEko kirol koordinatzaileak izandako gertakariak eta arau-hauslearen datuak jakinaraziko dizkio Burlatako Udalari, bidezko zehapen neurriak har ditzan, araudi honetan ezarritakoari jarraikiz.
11.8.c. Inkulpatuak egitateei buruzko deskargu-plegua aurkezten ahalko du, bere burua defendatzeko:
a) Baldin enplegatuak hasiera batez falta arin gisa tipifikatu badu, 24 orduko epean, zenbatzen hasita enplegatuari arau-haustea behin-behinean tipifikatu dela jakinarazten zaion unetik.
b) Falta astunen eta oso astunen kasuan, gehienez 72 orduko epean, instrukzio-organoaren zehapen-proposamena jakinarazten den unetik aurrera.
11.8.d. Zehapen espedientea ebazteko eskumena duen administrazio organoa honako hau da:
–Arau-hauste arin eta astunen kasuan: Burlatako Udaleko alkatea edo, hala badagokio, zinegotzi ordezkaria. Aldez aurretik, dagokion zehapen espedientea instruituko du kiroletako arloak edo haren ordezkoak.
–Arau-hauste oso astunen kasuan: Burlatako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarra. Aldez aurretik, kiroletako arloak dagokion zehapen espedientea instruituko du.
11.8.e. Kautelazko neurriak.
Arau-hausteak izanez gero, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu ikasleentzako, begiraleentzako edota gurasoentzako.
12.–Plaza berritzea
12.1. Aurreko denboraldian Udalaren Kirol Eskoletan parte hartu zuten ikasleen plaza berrituko da ordenantza honetan ezarritako irizpideei jarraikiz, eta beronen kanpoko edozein plaza-berritze ez da baliozkotzat nahiz Burlatako Udalak diruz laguntzeko modukotzat joko.
12.2. Hauek dira plaza berritzeko prozesuaz arduratuko diren organoak:
12.2.a. Burlatako Udala, hark zuzenean zuzendutako jardueretarako.
12.2.b. Indarreko hitzarmena duten erakundeak, zuzendaritza teknikoaren, antolamenduaren, garapenaren eta kontrolaren zereginak esleituta dituen Udalaren Kirol Eskolarako.
12.3. Datak: maiatzean eginen da, gutxienez ere hamar egun naturalean. Berritzeko prozesua hasi baino gutxienez zazpi egun natural lehenago eman beharko da haren berri.
12.4. Publizitatea: Burlatako Udalak web orriaren, udalaren bulegoetako kartelen, sare sozialen eta udal bandoen bidez emanen du daten eta prozedura orokorraren gaineko informazioa, eta inskripzio organo bakoitza arduratu beharko da 12.5 artikuluan adierazitako informazioa emateaz.
12.5. Prozedura: berritzeko prozesuaren ardura duen organoak emanen dien berritzeko aldi horren hasieraren, amaieraren, araudiaren eta ondorioen berri aita, ama nahiz legezko tutore guztiei. Informazioak datu hauek jasoko ditu gutxienez:
12.5.a. Berritzeko epea.
12.5.b. Eman beharreko datuak.
12.5.c. Derrigorrezko tarifa, udalak onetsia, eta ordaintzeko modua.
12.5.d. Adierazpen espresua, azaltzen duena epearen barruan ordainketa egin edo dokumentazioa aurkeztu ezean, hurrengo denboraldirako plazaren erreserba bertan behera geldituko dela.
12.5.e. Jarraitzeko arriskuaren ohartarazpena: ezin denean bermatu hurrengo denboraldirako taldea osatuko ote den, espresuki emanen da horren berri, berritzeko epearen barruan.
12.5.f. Entrenatzeko aurreikusitako ordua, berariaz adierazita ordutegia aldatzea badagoela.
12.5.g. Tarifa itzultzea onargarria den egoerak eta itzultzekoak diren zenbatekoak.
12.6. Informatzeko bideak: eskura dauden baliabide guztiak erabiliko dira plazak berritzeko prozesuari eta aplikatzekoa zaion araudiari buruzko informazioa emateko, eta eskuragarri egonen dira informazioa igorri dela, eta gurasoek nahiz legezko tutoreek hartu dutela ziurtatzeko bitartekoak. Adibidez:
12.6.a. Guraso nahiz legezko tutoreentzako posta elektronikoa, hartze-agiria eta guzti.
12.6.b. Aita, ama NAHIZ legezko tutorearen hartu-agiria, informazioa hartu dutela adierazten duena.
12.6.c. Beste baliabide batzuk (ziurtatzeko bidetzat jotzen ez direnak): Webgunea, sare sozialak, WhatsApp-a, hartu-agiri gabeko etxerako gutunak eta beste batzuk.
12.7. Bete gabeko plazen berri ematea: Berritzeko epea amaitu eta hamar egun naturalean, gehienez ere, hitzartutako erakundeek ikasle berrientzako plaza hutsen kopurua jakinaraziko diote Burlatako Udalari, eta ikasleen zerrenda helaraziko.
12.8. Berritzeei buruzko beste inguruabar eta argibide batzuk:
12.8.a. Izen ematea behin betikotzat joko da nahitaezko tarifa ordaintzen denean eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten denean.
12.8.b. Ordaintzeko epeak betetzen ez badira edota dokumentazioa aurkezten ez bada, plazaren erreserba bertan behera geldituko da automatikoki. UKEn berriz sartu nahi izanez gero, ikasle berrien inskripzio-faseari heldu beharko dio ikasleak.
12.8.c. Burlatako Udala bahiz hitzartutako erakundea ez dago behartuta berritzea formalizatzeko ordaindutako nahitaezko tarifa itzultzera, salbu eta ordenantza honen 15. artikuluan adierazitako arrazoiren bat badago.
12.8.d. Plaza berritzeko prozesuari buruzko informazioa ikasleen guraso nahiz legezko tutore guztiei jakinaraziko zaie, zeinahi ere diren ikaslearen gaitasuna, errendimendu fisikoa eta kirol errendimendua edota beste inguruabar batzuk. Guztiz debekatuta dago ikasleak plaza berritu dezala eragoztea Udalaren Kirol Eskolen aldian.
12.8.e. Ezin da ikasle berrien inskripziorik egin, eta guztiz debekatuta dago fitxaketak nahiz sarbide-probak egitea, bai eta ordenantza honi kontra egiten dioten bestelako jarduketak gauzatzea ere, salbu eta Burlatako Udalaren kiroletako arloko zinegotzi arduradunak berariaz baimendutako inguruabarretan.
12.8.f. Berritzeko eskaera gehiago bada Burlatako Udalaren nahiz hitzartutako erakundeen kirol egituraren edukiera eta baliabide ekonomikoen aldetik eta kirol instalazioen aldetik dituzten baliabideak baino, irizpide hauek erabiliko dira hurrengo denboraldian plaza eskuratzen ahal duten ikasleak hautatzeko:
–Lehenengoa: Burlatan erroldatuta egotea.
–Bigarrena: erroldatuta egon gabe ikaslea abonatuta egotea.
–Hirugarrena: Udalaren Kirol Eskolan duen antzinatasuna.
–Laugarrena: zozketa:
13.–Ikasle berrien izen-ematea
13.1. Udalaren Kirol Eskoletan parte hartzeko ikasle berriek izena ematen ahalko dute ordenantza honetan adierazitako irizpideekin bat, eta ez dira baliozkotzat joko, ezta Burlatako Udalak diruz laguntzeko modukotzat hartuko ere, beroni jarraitzen ez dioten izen emateak.
13.2. Izena emateko organoa: Burlatako Udalak baimendutako kasuak salbu, Burlatako Udalak berak hartuko du ikasle berrien izen emateak egiteko ardura.
13.3. Datak. maiatzean edota ekainean eginen dira, gutxienez ere zazpi egun naturalean. Berritzeko prozesua hasi baino gutxienez zazpi egun natural lehenago eman beharko da haren berri.
Udalaren Kirol Eskola zehatz batzuen kasuan, aldi horiek aldatzen ahalko dira, Burlatako Udalaren kiroletako arloaren zinegotzi arduradunak horretarako berariazko baimena ematen badu eta antolaketari eta kirolari lotutako arrazoiek hala egitea eskatzen badute.
13.4. Publizitatea:
13.4.a. Burlatako Udalak ezagutzera emanen du informazioa Udalaren Kirol Eskoletan ikasle berriek izena emateko nahitaezko kuotari, hutsik dauden plazei, prozedurari eta datei buruz.
13.4.b. Honako hauek baliatuko dira, gutxienez: Burlatako Udalaren webgunea eta sare sozialak, udal bandoak, udalaren kirol instalazioetako kartelak eta posta elektronikoa kiroletako arloaren aplikazio|aplikazio informatikoaren bitartez. Azken bitarteko hori aplikatzekoa izanen zaie soilik udalaren instalazioetan abonatuta daudenentzako.
13.4.c. Hitzartutako erakundeek bidezkoak iruditzen zaizkien baliabideen bitartez egiten ahalko dute beren kirol modalitatearen publizitatea, begiratzen badituzte Burlatako Udalak eta ordenantza honek finkaturiko irizpideak.
13.5. Webguneko informazioa: Udalaren Kirol Eskolei buruzko informazio osoa Burlatako Udalaren webgunean argitaratuko da eta, gutxienez, apartatu hauek jaso beharko ditu:
13.5.a. Udalaren Kirol Eskola bakoitzeko entrenamendu taldeak, adierazita adinak, egunak, ordutegia, entrenatzeko instalazioa eta plaza hutsak.
13.5.b. Jarduera hasteko eta bukatzeko data.
13.5.c. Nahitaezko tarifa eta tarifa bonifikatu nahiz dirulaguntza posibleei buruzko informazioa.
13.5.d. Izena emateko eta ordaintzeko sistemak eta epeak.
13.5.e. Udalaren Kirol Eskolaren erakunde arduraduna.
13.5.f. Udalaren Kirol Eskolen ordenantza.
13.5.g. Aldez aurreko osasun azterketa egiteko gomendioa.
13.6. Izena emateko prozesua. Ikasle berriek izena emateko bitartekoak:
13.6.a. Burlatako Udalak aplikazio informatiko bat jarriko du Udalaren Kirol Eskoletan izena eman nahi dutenen eskura.
13.6.b. Aurreinskripzioa egiteko eta plaza formalizatzeko gestio guztiak eta prozesu hori lotutako gainerako komunikazioak tresna horren bidez eginen dira.
13.6.c. Salbuespen gisa, modu puntualean, Burlatako Udalak egokitzat jotzen badu eta betiere ezarritako epeen barruan, gestioak presentzialki, telefonoz edo posta elektroniko bidez egiten ahalko dira.
13.7. Izena emateko prozesua. Aurreinskripzio prozesua:
13.7.a. Aurreinskripzioa egiteko epea zazpi egun naturalekoa izanen da gutxienez, eta aldi horretan interesdunek aurreinskripzioa egiten ahalko dute aplikazio informatikoaren bidez.
13.7.b. Aurreinskripzioa ezinbesteko izapidea da plaza baterako aukera izateko, baina egiteak ez du esan nahi plaza esleitzen denik.
13.7.c. Pertsona bakoitzak gehienez ere bost aurreinskripzio egiten ahalko ditu. Kiroletako arloaren kirol koordinatzaileak ezarriko du gehieneko kopuru hori inskripzioak egiteko aldi bakoitzean.
Onartutakoak baino aurreinskripzio gehiago egiten badira, baja emanen zaie ezarritako muga gainditzen duten aurreinskripzioei, aurreinskripzio-ordenari jarraikiz. Lehenak mantenduko dira, eta sobran dauden azkenak ezabatuko dira.
13.7.d. Zenbait aurreinskripzio egiten badira, haietako bakoitzaren lehentasun-ordena adierazi beharko du interesdunak. Lehentasunak zehaztuko du parte hartzeko interesa pertsona berak egindako aurreinskripzioen artean. Plazak esleitzeko garaian, ez du inolako prebalentziarik izanen beste pertsona batzuek zehaztutako lehentasunen aldean.
Zenbait plaza eskuratuz gero, lehentasunak zehaztuko du zer plaza gordeko den eta zein baztertu. Ez bada adierazi lehentasun-ordena edo akatsen bat izan bada, aurreinskripzio-ordenaren arabera esleituko da lehentasuna. "1" lehentasuna emanen zaio lehenengo egindako aurreinskripzioari, "2" lehentasuna bigarrenari, eta abar.
13.7.e. Ezarritako epeetatik kanpoko aurreinskripzioak, Burlatako Udaleko administrariek baimendutako salbuespenetan izan ezik, posta elektroniko bidez eginen dira.
13.8. Izena emateko prozesua. Plazen esleipena:
13.8.a. Burlatako Udalak zozketa eginen du eskaria plaza eskuragarriak baino handiagoa den jardueretan. Zozketa egiten den unean, kirol koordinatzailearen deialdia jaso ondotik, hala nahi badute, udalbatzako talde politiko bakoitzeko ordezkari bat egoten ahalko da.
13.8.b. Plazak esleitzeko eta itxarote-zerrendaren ordena ezartzeko, lehentasunen arabera doituko da zozketaren emaitza (13.8.c artikuluan jasoak daude lehentasunak) eta 13.8.d artikuluan zehaztutakoari jarraikiz aplikatuko dira lehentasunak.
13.8.c. Ikasle berrientzako plazak esleitzeko lehentasun ordena:
–Lehenengoa: Burlatan erroldatuta daudenak, Udalaren Kirol Eskola batean baino gehiagotan parte hartzeko aukerarekin berariaz eskatuz gero eta erroldatutako beste guztiei plazak esleitu ondoren plaza hutsik geratzen bada. Atletismoko eskola mankomunatuaren kasuan, une oro indarreko lankidetzarako hitzarmenean jasota dauden berezitasunei jarraituko zaie.
–Bigarrena: udalaren instalazioetara abonatutakoak, Burlatan erroldatuta ez daudenak.
–Hirugarrena: Burlatan erroldatuta ez dauden eta udalaren instalazioetara abonatuta ez daudenak.
–Laugarrena: itxarote zerrendan daudenak.
–Bosgarrena: Burlatan erroldatuta ez dauden eta Udalaren Kirol Eskolan plaza jadanik dutenak, berariaz eskatzen badute Udalaren Kirol Eskola batean baino gehiagotan parte hartzea.
13.8.d. Lehentasunak aplikatzea: pertsona bakoitzak Udalaren Kirol Eskola bakarrean parte hartzea baimentzen denez, salbuespena izanik gainerako pertsona erroldatuei plazak esleitu ostean plaza hutsak daudenean erroldatuta daudenak, eta erroldatuta ez daudenentzako plaza hutsak egotea salbu, lehentasunak honela aplikatuko dira:
Plaza lortu den Udalaren Kirol Eskolan ezarritakoa baino lehentasun txikiagoa duten aurreinskripzioak baliogabetuko dira, bai dagoeneko plaza esleitu bazen, bai itxarote-zerrendan bazen.
–Itxarote-zerrendan dauden aurreinskripzioak mantenduko dira, betiere plaza lortu den Udalaren Kirol Eskolan markatutakoak baino lehentasun handiagoa bazuten.
13.8.e. Plazen esleipena amaitu ondotik, pertsona bakoitzak bere aurreinskripzio guztien egoera kontsultatzen ahalko du aplikazio informatikoaren bidez; ikusten ahalko du plazarik baduen, baja eman zaion edo itxarote-zerrendako zer postutan dagoen. Aukera izanen da, halaber, presentzialki, telefonoz edo posta elektronikoz artatua izateko, 13.6.c artikuluan jasotakoarekin bat.
Burlatako Udalak plaza esleitu denean soilik jakinaraziko du, aplikazio informatikoaren bidez; eskaera-orria ere erantsiko du, ordaindu ahal izateko.
13.8.f. Burlatako Udalak beretzat gordetzen du edozein unetan plazen esleipena eta itxarote-zerrenda aldatzeko eskubidea, alde batera utzita interesdunak dagoeneko ordaindu duen, baldin eta akatsen bat detektatzen bada aurreinskripzioan, zozketan edo plazen esleipenean.
13.8.g. Burlatako Udalak ez du plazen esleipena edo itxarote-zerrenda aldatzeko betebeharrik interesdunak aurreinskripzioa kudeatzean datuak oker jarri baditu.
13.9. Izena emateko prozesua. Plaza formalizatzea eta ordaintzea:
13.9.a. Burlatako Udalak hamar egun naturaleko epea ezarriko du plaza formalizatzeko. Udalak ezarritako tarifa ordaindu beharko da plaza formalizatzeko.
13.9.b. Ordaintzea funtsezko izapidea da plaza formalizatzeko. Ezarritako epean ez bada tasa ordaintzen, plaza galduko da.
13.10. Izena emateko prozesua. Itxarote-zerrendaren kudeaketa:
13.10.a. Udalaren Kirol Eskola bakoitzeko itxarote-zerrenda osatuko dute epearen barruan egin arren plazarik lortu ez zuten aurreinskripzioek eta epez kanpo egindako aurreinskripzioek.
13.10.b. Itxarote-zerrendako pertsonei eskainiko zaizkie plaza libreak, bertan jasotako ordenari jarraikiz. Burlatako Udalak, kirol-koordinatzailearen iritziaren arabera, beretzat gordetzen du plaza libreak itxarote-zerrendan dauden pertsonei ez eskaintzeko eskubidea, betiere taldearen ezaugarriak, artean egindako saio-kopurua eta beste inguruabar batzuk direla-eta ez bada gomendagarria ikasle berriak sartzea.
13.10.c. Ezarritako epearen barruan aurreinskripzioa egin eta plazarik lortu ez dutenak itxarote-zerrenda batean geratuko dira, zozketan ezarritako ordenari eta plazak esleitzeko prozesuan ezarritakoari jarraikiz.
13.10.d. Epez kanpo izena eman dutenak itxarote-zerrendan sartuko dira eskaera egin duten ordenari jarraikiz, eta aldatuko da lehenik eta behin lehentasuna emateko Burlatan erroldatutakoei, eta, bigarrenik, berriz, udalaren instalazioetako abonatuei eta Burlatan erroldatuta ez daudenei, eta, hirugarrenik Burlatan erroldatuta ez daudenei eta udalaren instalazioetan abonatuta ez daudenei.
13.10.e. Epez kanpo egiten diren aurreinskripzioak ez dira kontuan hartuko zozketarako.
13.10.f. Itxarote-zerrendako pertsonei mezu bat bidaliko zaie aplikazio informatikoaren bidez. Mezu horretan adieraziko zaie Udalaren zer Kirol Eskolatan esleitu zaion plaza, ordaindu beharreko zenbatekoa eta plaza formalizatzeko epea. Horrez gainera, interesdunekin telefonoz harremanetan jartzeko ahalegina eginen da. Gehienez ere hiru saiakera eginen dira ordu desberdinetan, bi eguneko epean, mezua utzita ahots-postontzian, eta WhatsApp aplikazioaren bidez ere bidaliko da mezua.
13.10.g. Plazaren esleipena baliogabetu eta interesduna itxarote-zerrendatik kenduko da kasu hauetan:
–Eskainitako plazari uko egiten badio.
–Plaza ez bada ordaintzen ezarritako epean.
–Erantzunik ez bada jasotzen mezua ahots-postontzian utzi nahiz WhatsApp aplikaziotik bidali eta berrogeita zortzi orduko epean.
–Interesdunak ez postontzirik ez posta elektronikorik ez WhatsApp aplikaziorik ez badu, bi eguneko epean ordu zenbaitetan hiru aldiz deituta pertsona horrekin harremanik ezin bada izan.
13.11. Ikasle berrien izen-emateen gaineko bestelako inguruabarrak eta argibideak: ikasle berriak sartzen ahalko dira plaza libre nahikoa badago eta ordenantza honetan jasotako prozeduraren arabera. Derrigor izanen da sarrera-probak, fitxaketak eta beste edozein jarduketa egitea, salbu eta ezohiko inguruabarretan Burlatako Udalaren kiroletako arloaren zinegotzi arduradunak berariaz baimentzen baditu.
14.–Nahitaezko tarifa
14.1. Burlatako Udalak nahitaezko tarifa ezarriko du, ordaindu beharrekoa Udalaren Kirol Eskoletan parte hartzeko. Nahitaezko tarifa ordaintzean, ikasleak ordenantza honen 8. artikuluan adierazitako eskubideak baliatzen ahalko ditu.
14.2. Nahitaezko tarifa osorik pagatu beharko dute garaiz eta behar bezala ikasle guztiek; ez da inola ere aldatzen ahalko.
Arau honi salbuespenak ezarri edo aldaketak egiteko, hura garatu eta onetsi beharko du Burlatako Udalak.
Burlatan erroldatuta dauden eta nahitaezko tarifa ordaindu ezin duten ikasleek Burlatako Udalari horren berri eman beharko diote egoitza elektronikoaren bitartez, Burlatako Udalaren Gizarte Zerbitzuetako Arloak kasua analizatu eta aztertu dezan. Joko da ikasle eskatzailea behin-behineko alta egoeran dagoela Udalaren Kirol Eskolan Burlatako Udalak kasua ebatzi artean.
14.3. Burlatako Udalak nahitaezko tarifa berbera ezarriko du Udalaren Kirol Eskola guztietarako, zein diren ere entrenamendu- eta lehiaketa-saioen kopurua eta denbora, kirol maila edo bestelako inguruabarrak. Burlatako Udalak bestelako nahitaezko tarifa finkatzen ahalko du kirol modalitate, kirol kategoria edota adin talde jakinetarako, ulertzen bada modalitatearen funtsezko eskakizun tekniko eta ekonomikoek hori justifikatzen dutela.
14.4. Nahitaezko tarifa ordaintzeak ez dakar berez Udalaren Kirol Eskoletan izena emanda egotea; aldiz, izen emateko prozesuko nahitaezko alderdia da, baina ez loteslea.
14.5. Plaza berritzeko eta ikasle berriek izena emateko prozesuan nahitaezko tarifa hitzartutako erakundeak edo udalak ordainduko du, urteroko hitzarmenean zehazten den legez.
14.6. Hitzartutako erakundeak arduratuko badira kobrantzak egiteaz Udalaren Kirol Eskolan ez zaio Burlatako Udalari nahitaezko kuotengatik eskuratutako zenbatekoaren diru-sarrera erreklamatzen ahalko, lapurreten, galeren, ez-ordaintzeen edota bestelako inguruabarren kasuan.
14.7. Ikasle berriek hamar egun natural izanen dituzte, Udalaren Kirol Eskoletako ikaslea dela baieztatzen denetik, nahitaezko tarifa ordaintzeko.
14.8. Denboraldian zehar ikasle berriak sartzeko nahitaezko tarifaren kalkulua: ikasle berriek Udalaren Kirol Eskolan parte hartuko duten hilabete kopuruari dagokion zati proportzionala ordainduko dute berori amaitu artean, gehi Udalaren Kirol Eskolak federazio kontzeptuengatik izaten ahal dituen gastuak eta ikasleari edota parte den taldeari zuzenean aplikagarri zaizkion bestelakoak.
15.–Bajak eta itzulketak
15.1. Udalaren Kirol Eskolan baja eskatzen ahalko da. Eskaera idatziz egin beharko da eskabide orokor bidez eta Burlatako Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez. Eskaeraren sarrera-data hartuko da oinarritzat kalkulu ekonomikoak egiteko, kasua bada. Ordaindutako zenbatekoa itzuliko da soilik ordenantza honetako 15.4, 15.5 eta 15.6 artikuluetan jasotako kasuetarako.
15.2. Ez dira aurreikusten aldi baterako bajak Udalaren Kirol Eskolan; behin betiko bajatzat joko dira kasu guztietan.
15.3. Udalaren Kirol Eskolan baja emateak, zerbitzua behin betiko bertan behera uzten delako egoera salbu, berekin ekarriko du aurreko denboraldiko ikasleei izena emateko prozesuetan plaza berritzeko ematen zaien eskubidea galtzea.
15.4. Baja ematea eta dirua itzultzea aurreikusten da parte hartzailearen borondatezko uko egiteagatik (ez zaio aplikatuko berritzeagatiko ordainketari), entrenamenduaren lehen egunetik hamabost egun naturaleko epean soilik, baldin eta baja- eta itzulketa-eskaera garaiz eta behar bezala aurkezten badira. Federazioaren gastuak kenduta, ordaindutako nahitaezko tarifaren % 75 itzuliko da.
15.5. Baja ematea eta dirua itzultzea aurreikusten da 30 egun natural baino gehiagoan jarduera modu jarraituan egitea galarazten duen edozein kausa medikoren ondorioz egin bazaio uko jarduerari.
Beharrezkoa izanen da egoera hori ziurtatzen duen txosten medikoa aurkeztea. Baja onartu ahal izateko, jarduera egitea galarazten duen osasun-arrazoiak ordainketa egin ondotik sortua izan beharko du. Nahitaezko tarifaren zati proportzionalaren % 70 itzuliko da, behin izandako federazio gastuak kendu ondoren, Udalaren Kirol Eskolan parte hartuko ez den hilabete kopuruaren arabera.
15.6. Baja ematea eta dirua itzultzea aurreikusten da ezagutzera emandako ordutegiak betetzen ez direnean, Burlatako Udalak edo hitzartutako erakundeak ezin duenean bete inskripzioaren unean proposatutako entrenamendurako ordutegia.
15.7. 8.2.d. artikuluak jasotako bertaratzeko gutxiengoak ez betetzearen ondorioz Udalaren Kirol Eskolatik kanporatua izanez gero, edota ordenantza honetako zehapen araubidea aplikatzearen ondorioz, ez da nahitaezko tarifa itzuliko.
16.–Borondatezko ekarpena udalaren kirol eskoletan
16.1. Hitzartutako erakundeek Udalaren Kirol Eskolako ikasleei "borondatezko ekarpena" izeneko borondatezko zenbateko osagarria ordaintzeko eskatzen ahalko diete.
Borondatezko ekarpenak barnean hartzen ditu ikasleek zuzenean egindako diru-ekarpenak, txartelen, askotariko materialen eta abarren salmentatik ateratakoak, bai eta erakundearen diru-sarrerak handitzea dakarten ikasleek gauzatutako beste edozein ekintzatatik eskuratutakoak ere.
16.2. Ordenantza honetan jasotako eta urtero Burlatako Udalaren kirol egituran eta dirulaguntzetan zehaztutako zerbitzuak eta ikasleen eskubideak ez dira inola ere aldatuko, eta ez dute inolako loturarik borondatezko ekarpenaren kontzeptuarekin.
16.3. Hitzartutako erakundeak eskatu beharreko borondatezko ekarpenaren berri emanen die, nahitaez eta idatziz, parte-hartzaileei eta Burlatako Udalari, alderdi hauek argi eta garbi aipaturik:
16.3.a. Ordainketaren borondatezko izaera.
16.3.b. Udalaren Kirol Eskoletako zerbitzu eta eskubideekiko loturarik ez duela.
16.3.c. Zenbateko ekonomikoa, eta nahitaezko tarifarekin duen desberdintasun argia.
16.3.d. Zer denboralditan aplikatuko den.
16.3.e. Ekarpen horietatik lortutako diru-sarreren xedea eta helburua, bakoitzaren aurrekontua zehaztuz.
16.4. Borondatezko ekarpenaren bidez lortutako diru-sarrerak, nahitaez, ordenantza honetan jasotako eta urtero Burlatako Udalaren kirol egituran eta dirulaguntzetan zehaztutako zerbitzu eta eskubideen osagarri diren kirol alorretara bideratuko dira.
16.4.a. Erakundeak antolatutako jarduera bereziak.
16.4.b. Jarduera bereziak, erakundeak haietan parte hartzen badu.
16.4.c. Udalaren Kirol Eskolaren esparrutik kanpoko lehiaketa ofizial batean parte hartzea.
16.4.d. Burlatako Udalak funtsezkotzat hartzen ez dituen jantziak erostea.
16.4.e. Diruz lagundu gabeko kirol material berariazkoa erostea.
16.4.f. Erakundeak antolatzen dituen argitalpen, ikastaro eta mintzaldiak.
16.4.g. Begirale eta koordinatzaileen prestakuntzarako ikastaroak.
16.4.h. Beste zerbitzu osagarri batzuk.
16.5. Burlatako Udala ordenantza honetan jasotakoaz haratago, borondatezko ekarpenaren arautze eta kudeaketatik guztiz bereizia geratzen da, ulertzen baita erakundearen jarduketa eremu pribatuaren barnean dagoela eta ez erakunde bakoitzarekin sinatutako Udalaren Kirol Eskoletako hitzarmenari loturik.
17.–Tarifa hobaridunak eta dirulaguntzak
Burlatako Udalak, bertako biztanleen artean kirol jarduera sustatzeko, tarifa hobaridunak ezartzen ahalko ditu, baita herritarrentzako laguntzen deialdi bat ere, egoera ekonomikoa kontuan hartuta.
18.–Erroldatzearen aldaketa eta ordainketa
18.1. Erabiltzaile batek Udalaren Kirol Eskola batean alta ematen duen unean bete beharko dira ordenantzan jasotako betekizunak. Egoera horiek denboraldian zehar aldatzen badira (adibidez, harpidedun izatea edo Burlatan erroldatzea), ez dute eraginen inolako aldaketarik egiteko eskubiderik.
18.2. Burlatako Udalak aukera izanen du plazaren esleipena, ordaindu beharreko tarifa eta erroldatuta egoteagatiko eta udal instalazioetako harpidedun izateagatiko bestelako edozein abantaila ez aplikatzeko, aldatzeko eta baliogabetzeko, ikusten bada baldintza horien abantailez baliatzeko egin direla erroldako edo harpidetzaren aldaketak.
19.–Asegurua eta osasun-azterketa
19.1. Herritarrek ordenantza honetan araututako Udalaren Kirol Eskoletan parte hartzetik eratorritako osasun-laguntza sektore publikoaren edota herritarrek borondatez izaten ahal duten aseguru pribatuaren aseguru-araubide arrunteko prestazioan sartzen da, eta Burlatako Udalak ez ditu bere gain hartuko osasun-laguntza horrek sortzen ahal dituen balizko gastuak.
19.2. Burlatako Udalak gomendatuko du, informazioa zabalduz, mediku azterketa bat egitea jarduera hasi aurretik.
19.3. Ikasleen guraso eta tutoreek entrenamendu- eta lehiaketa-saioak diseinatzeko garaian kontuan izan beharreko ikasleen gaitz eta patologia guztien berri eman behar diote Burlatako Udalari.
20.–Burlatako Udalaren ekarpenak
20.1. Udalaren Kirol Eskoletako lankidetza hitzarmena indarrean duten erakundeei Burlatako Udalak laguntza eta aholkularitza teknikoa emanen die, bai eta bere kirol instalazioak eta dirulaguntzak doan lagako ere, denboraldi bakoitzean dituen baliabide tekniko eta ekonomikoen nahiz giza baliabideen eskuragarritasunaren arabera, eta bere kirol egiturarekin bat.
Kirol koordinatzaileak txostena aurkeztuko du, eta ondoren Burlatako Udalaren Gobernu Batzordeak onetsiko ditu denboraldi bakoitzerako dirulaguntzaren eta hura kalkulatzeko irizpideak.
20.2. Burlatako Udalak emandako dirulaguntza bateragarria izanen da bestelako entitate publiko zein pribatu batek ematen ahal dituen dirulaguntza eta ekarpenekin.
20.3. Burlatako Udalaren ekarpenak, instalazioak lagatzeko lerroen eta Udalaren Kirol Eskoletako dirulaguntzen bidez, lehiaketa ofizial hauek prestatu eta horietan parte hartzeko jarduketak eta horien ondoriozko gastuak estaltzera mugatzen dira:
20.3.a. Nafarroako Kirol Jokoak.
20.3.b. Herri eta erkidego mailako bestelako lehiaketak, Nafarroako Kirol Jokoetan sartu gabekoak, aurrez Burlatako Udalaren adostasuna izanik.
20.4. Ekarpen horiek jasotzeko, hitzartutako erakundeak ordenantza hau errespetatu eta beharrezko memoriak eta justifikazioak aurkeztu beharko ditu.
20.5. Aurrekontuak egitea: kirol denboraldiaren urrian eta azaroan, Burlatako Udalaren kirol koordinatzaileak bilerak eginen ditu hitzartutako erakunde bakoitzeko arduradunekin, Burlatako Udalak egin beharreko ekarpen ekonomikoa aztertu, baloratu eta erabakitzeko. Bilera horietan, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da idatziz:
20.5.a. Koordinatzaile eta begirale zereginetara bideratutako giza baliabideen zerrenda eta partidan eskuratutako dirulaguntza kudeatzeko irizpideak.
20.5.b. Baliabide materialak kudeatzeko irizpideak.
20.5.c. Lekualdatzeak kudeatzeko irizpideak.
20.5.d. Federazioaren esparruko gastu aurreikuspena.
20.5.e. Erantzukizun zibileko poliza kontratatzeko gastuen aurreikuspena.
20.5.f. Jarduera berezien zerrenda.
20.5.g. Udalaren Kirol Eskolako ikasleen behin betiko zerrenda, entrenamendu- zein lehiaketa-talde edota -kategoria bakoitzaren zerrendak aurkeztuz.
20.6. Giza baliabideetarako dirulaguntza: partida honetan aurreikusten dira Udalaren Kirol Eskolaren koordinaziorako eta begiraleentzako gastuak.
20.6.a. Koordinaziorako dirulaguntza:
–Xede: Udalaren Kirol Eskolaren aholkularitzako, idazkaritzako, kudeaketa eta zuzendaritza tekniko eta kirolekorako gastuak.
–Kalkulurako irizpidea: ekarpen finkoa ikasle kopuruko.
20.6.b. Begiraleentzako dirulaguntza:
–Xedea: entrenamendu eta prestakuntza fisikoko gastuak, bai eta kirol praktikari eta irakaskuntzari zuzenean lotutako bestelakoak ere.
–Kalkulatzeko irizpidea: begirale bat ezarriko da, talde bakoitzeko. Dirulaguntza hori ezartzeko irizpideak honako hauen arabera finkatuko dira:
- Taldeko begirale titularraren titulazioa.
- Asteko entrenamendu-orduak, Burlatako Udalak ezarritako kirol egiturarekin bat etorriz.
20.6.c. Kalkulatzeko dokumentazioa: begiraleen titulazioaren egiaztagiriak aurkeztuko dira. Ez da eskatuko dokumentazio hori hurrengo deialdietan, salbu eta titulazioa aldatzen bada.
20.6.d. Kudeaketa:
–Kalkulatutako dirulaguntza izanen da emanen den gehienekoa; hortaz, Burlatako Udalak ez ditu ordainduko partidan sortzen diren defizitak.
–Gehienez ere, koordinaziorako partidaren % 25 begiraleen partidara bideratzen ahalko da, eta alderantziz; inoiz ez hortik gora.
–Klubari baimena ematen zaio begiraleen partida nahi erara banatzeko, aintzat hartuta arrazoizko irizpideak, hala nola begirale bat baino gehiago izatea talde bakoitzeko, edo espezializatutako begiraleak egotea prestakuntza fisikoan edo kirol postu berariazkoetan. Banatzeko irizpideek arrazoituak eta arrazoizkoak izan beharko dute.
20.7. Baliabide materialetarako dirulaguntza: partida honetan bulegoko materialerako, kirol-materialerako eta kirol-ekipamenduetarako gastuak aurreikusten dira.
20.7.a. Bulegoko materialetarako dirulaguntza: paper-gauzetarako, fotokopietarako, telefonorako, Interneterako eta Udalaren Kirol Eskola kudeatzeko bestelako horniketetarako gastuetarako.
20.7.b. Kirol materialetarako dirulaguntza: kirol materiala erostea Udalaren Kirol Eskolako entrenamenduetarako eta lehiaketetarako.
20.7.c. Kiroletako jantziak erosteko dirulaguntza: lehiaketarako kirol jantziak erostea. Udalaren Kirol Eskola bakoitzak jantzien kudeaketa bereizia egiten ahalko du, Burlatako Udalak aurrez baimena ematen badu, Udalaren Kirol Eskolaren eta kirol diziplinaren ezaugarri partikularren arabera.
20,7.d. Kalkulatzeko irizpidea: dirulaguntza finkoa ikasle kopuruko.
20,7.e. Baztertutako gastuak: ez dira dirulaguntza honen xede izanen lehiaketarako ezinbesteko kirol jantzietarako (txandala, poltsa, berokia...) beharrezko gastuak gainditzen dituztenak; ulertzen da haiek hitzartutako erakundeak edota aitek, amek nahiz legezko tutoreek hartuko dituztela beren gain.
20.7.f. Kalkulatzeko dokumentazioa: ikusirik Udalaren Kirol Eskoletako lehiaketa ezaugarrien aldakortasuna, hitzartutako erakundeak jakinaraziko du zein diren kirol jantzien gastu- eta kudeaketa-irizpideak. Burlatako Udalak baimena ematen ahalko du irizpide orokorrekin bat ez datozen egoeretan, Udalaren Kirol Eskolak aurrez jakinarazita.
20.7.g. Kudeaketa:
–Kalkulatutako dirulaguntza izanen da diruz laguntzeko emanen den gehienekoa; hortaz, Burlatako Udalak ez ditu ordainduko partida honetan sortzen diren defizitak. Baliabide materialetarako guztizko dirulaguntza nahi erara banatzen ahalko da eta partiden arteko aldaketa egin, baldin eta zerbitzuaren kalitatea bermatzen bada.
20.8. Desplazamenduetarako dirulaguntza: partida honetan sartzen dira Udalaren Kirol Eskolak behar bezala funtzionatzeko beharrezko joan-etorriek eragindako gastuak.
20.8.a. Xedea: Hauek dira gastu diruz lagungarriak:
–Begiraleen, koordinatzaileen eta zuzendaritzako kideen joan-etorriak Udalaren Kirol Eskolek aitortutako lehiaketetara, eta Udalaren Kirol Eskolaren jarduerarekin lotutako bilera eta prestakuntza ikastaroetara.
–Taldeen joan-etorriak Nafarroako Kirol Jokoen azken faseetara.
–Taldeen joan-etorriak Burlatako Udalak aldez aurretik baimendutako lehiaketa zehatzetara. Baimen hori emanen du, hain zuzen, lehiaketa beraren edo Udalaren Kirol Eskolaren aparteko ezaugarriak direla medio.
20.8.b. Kalkulatzeko irizpidea: dirulaguntza finkoa ikasle kopuruko.
20.8.c. Kontuan hartuko ez diren gastuak: irizpide orokor gisa, Burlatako Udalaren baimen espresua izan ezik, ez da dirulaguntza honen xede izanen Udalaren Kirol Eskoletako ikasleek lehiaketan parte hartzeko egin beharreko joan-etorrien gastua, ulertzen baita aiten, amen edota legezko tutoreen nahiz lehiaketaren antolatzailearen erantzukizuna dela.
20.8.d. Kudeaketa:
–Kalkulatutako dirulaguntza izanen da diruz laguntzeko emanen den gehienekoa; hortaz, Burlatako Udalak ez ditu ordainduko partida honetan sortzen diren defizitak.
–Ikasleen joan-etorriak, aurrez baimendutako kasuetan, garraio publikoaren bidez edo garraio enpresen bidez eginen da. Burlatako Udalak eta hitzartutako erakundeak ez dute inolako erantzukizunik hartuko ikasleen garraioaren gainean.
20.9. Federazio gastuengatiko dirulaguntza: partida honetan sartzen dira ordenantza honen 20.3. artikuluan aipatutako lehiaketetan parte hartu ahal izateko gastuak.
20.9.a. Xedea: Hauek dira gastu diruz lagungarriak:
–Udalaren Kirol Eskolako ikasle eta begiraleen lizentziak.
–Mutualitateak.
–Taldeen izen-emateak lehiaketetan.
–Federazioaren isunak, erantzukizuna Burlatako Udalari egozten ahal zaionean.
–Lehiaketa ofizialetako epaileak.
–Parte hartu ahal izateko ezinbesteko beste federazio kontzeptu batzuk.
20.9.b. Kalkulatzeko irizpidea: erakundearen aurreikuspenaren arabera eta Burlatako Udalaren kirol koordinatzaileak baimenduta:
20.9.c. Baztertutako gastuak: honako hauek ez dira gastu diruz lagungarriak:
–Baimenak eta mutualitateak, baldin eta 20.3 artikuluan aipatutako lehiaketetan parte hartu ahal izateko beharrezkoak baino gehiago badira.
–Osasun azterketak (ikasleen kontura).
–Fidantzak, abalak eta antzekoak.
–Klubaren federazio altak.
–Federazioaren isunak, erantzukizuna Burlatako Udalari ezin egozten ahal zaionean.
–Lagunarteko partidetako epaileak.
20.9.d. Kudeaketa: kalkulatutako dirulaguntza gastu aurrekontutzat jotzen da, handitzen ahalko dena gastuak justifikatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera. Burlatako Udalak kontzeptu honetan egoten ahal den defizita konpentsatuko du.
20.10. Erantzukizun zibileko aseguru poliza kontratatzeko dirulaguntza: partida honetan, erantzukizun zibileko polizak kontratatzeko gastuak sartzen dira.
20.10.a. Xedea: erantzukizun zibileko aseguru polizak kontratatzea, estaltzen duena Udalaren Kirol Eskolako ikasleek, zuzendaritza taldeak, koordinatzaileek nahiz begiraleek egindako jardueran beste batzuei eragiten ahal zaizkien kalteen kalte-ordaina.
20.10.b. Kalkulatzeko irizpidea: Burlatako Udalak jarriko du polizen guztizko zenbatekoa.
20.10.c. Kudeaketa: kalkulatutako dirulaguntza gastu aurrekontutzat jotzen da, handitzen ahalko dena gastuak justifikatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera. Burlatako Udalak kontzeptu honetan egoten ahal den defizita konpentsatuko du.
20.11. Jarduera berezietarako dirulaguntza: partida honetan sartzen dira Udalaren Kirol Eskolek jarduera bereziak antolatzeko nahiz haietan parte hartzeko gastuak.
20.11.a. Xedea: ordenantza honen 20.3 artikuluan aitortutako lehiaketen barnean ez dauden kirol jarduera bereziak antolatzeak edo haietan parte hartzeak sortutako gastuak. Hauek dira gastu diruz lagungarriak:
–Joan-etorriak, mantenua eta ostatua.
–Kirol materiala.
–Inskripzioak.
–Entrenatzaileak, gidak, animatzaileak eta abar.
–Antolamenduko gastuak.
–Garaikurrak, diplomak.
Dirulaguntza hau jasotzeak berarekin dakar jarduera bera ezin aurkeztu izatea Burlatako Udalaren bestelako dirulaguntzen deialdietara.
20.11.b. Kalkulatzeko irizpidea:
–Antolamendurako dirulaguntza: dirulaguntza finkoa ikasle kopuruko.
–Parte hartzeko dirulaguntza: dirulaguntza finkoa ikasle kopuruko.
20.11.c. Baztertutako gastuak: honako hauek ez dira gastu diruz lagungarriak:
–Jarduerak onurarik ez dienean eragiten Udalaren Kirol Eskolaren ikasleen % 25i gutxienez.
–Ordenantza honen helburuak eta gainerako xedapenak errespetatzen ez dituzten jarduerak.
–Udalak berak jadanik antolatu, sustatu eta diruz laguntzen dituen jarduerak.
–Partikulartzat edo interes pribatukotzat jotzen diren jarduerak.
–Erakundearen eguneroko eta berezko lanaren parte jotzen diren jarduerak.
–Elitistatzat jotako jarduerak.
–Kirol izaerarik ez duten jarduerak.
–Erakundearen gastuak ohiko erabilerarako materialetan, ez direnean berariaz eskuratu jarduerarako.
–Udalak beste deialdi batzuen bidez honezkero diruz lagundu dituen gastuak.
–Ezinbestekoak ez diren gastuak edo jarduera egin ahal izateko gastuen gainetik daudenak.
20.11.d. Kudeaketa: kalkulatutako dirulaguntza izanen da emanen den gehienekoa; hortaz, Burlatako Udalak ez ditu ordainduko partida honetan sortzen diren defizitak.
20.12. Prestakuntzarako dirulaguntza: Burlatako Udalak laguntza ekonomikoa emanen die hitzartutako erakundeei Udalaren Kirol Eskoletako begiraleak eta koordinatzaileak prestatzeko horretarako deialdi espezifiko baten bidez.
20.13. Udalaren Kirol Eskolek Espainiako txapelketetan parte hartzeko dirulaguntza: Burlatako Udalak laguntza ekonomikoa emanen die hitzartutako erakundeei Udalaren Kirol Eskoletako ikasleek Espainiako txapelketetan parte har dezaten horretarako deialdi espezifiko baten bidez.
21.–Dirulaguntzaren ordainketa
21.1. Ez da ezartzen bermearen banku abala eskatu beharrik dirulaguntza eman baino lehen, tokiko jarduketak eginen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako baitira dirulaguntzok, eta deialdi honek dirulaguntzak kontrolatzeko eta justifikatzeko eta jasotako zenbatekoak itzultzeko mekanismoak ezartzen dituelako.
21.2. Dirulaguntzak epe hauetan ordainduko dira:
21.2.a. Lehenengo epea. Aurrerakina: % 70 konturako ordainketaren kontzeptuan, hilabeteko epean hitzarmenaren eranskin ekonomikoa sinatzen denetik, oinarrituta behin betiko datuetan izena emateko eta taldeak sortzeko aldiaren ostean eta indarreko aurrekontuko partida egotearen arabera.
21.2.b. Bigarren epea: Gainerako %30, behin egiaztatuta ordenantza honetan jasotzen diren baldintzak betetzen direla. Ordainketa eginen da inplikatutako kirol denboraldia amaitzen den urteko abenduaren 31 baino lehenago, betiere errekurtsorik jarri ez bada edo jarritakoak ebatzi badira.
22.–Dirulaguntzaren justifikazioa
Erakunde onuradunak justifikatu beharko du betetzen dituela hitzarmen honetako baldintzak eta bete dituela aurreikusitako helburuak. Horretarako, justifikazioko kontu bat aurkeztuko du bat etorriz Dirulaguntzen Ordenantza Orokorraren 35. artikuluarekin eta dirulaguntzei buruzko Estatuko erregelamenduaren 72. artikuluarekin, eta dokumentazio hau sartuko du:
22.1. Kirol Memoria: honako datu hauek jasoko ditu gutxienez:
22.1.a. Udalaren Kirol Eskolaren funtzionamendu orokorra.
22.1.b. Partaidetza eta emaitzarik esanguratsuenak.
22.1.c. Funtzionamenduari, instalazioei eta kirol materialei lotutako gabezia nagusiak.
22.1.d. Hobetzeko proposamenak.
22.1.e. Hurrengo denboraldirako beharko diren materialak.
22.1.f. Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.
22.2. Memoria ekonomikoa: egindako jarduerak justifikatzeko memoria ekonomikoa, nola laguntza jaso dutenak hala jaso ez dutenak adierazita, eta egindako gastuaren eta proiektuko diru-sarreren justifikazioa, honako hau jasota:
22.2.a. Diruz lagundu den jardueraren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda xehatua eta sinatua, adierazita kontzeptua, zenbatekoa eta jatorria.
22.2.b. Gastuen zerrenda sailkatua, zenbakitua eta izenpetua Burlatako Udalak emanen duen ereduaren arabera, identifikatuta hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, bidaltzeko data eta laguntzaren xede izandako kontzeptuak ordaintzeko data.
22.2.c. Merkataritzako trafiko juridikoan frogarako pareko balioa duten fakturak edo agiriak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurreko paragrafoko zerrendan agertzen direnak.
22.2.d. Faktura horiek ordaindu izanaren frogagiriak. Ordaindu izana egiaztatu behar da banku zordunketa bidez, behar bezala sinaturiko hartze-agiri baten bidez edo, bestela, beste frogagiri bat aurkeztuz.
Jardueran zehar egindako gastuen originalak nahiz kopia konpultsatuak izan behar dute. Balioa izanen dute soilik fakturak eta frogatarako baliokide diren gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa edo eraginkortasun administratiboa dutenak.
22.3. Erantzukizunpeko adierazpena, Estatuko, foruko eta tokiko ogasunekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharrak eguneratuta dituela frogatzen duena. Elkarte sinatzailea ez badago behartuta aipatutako adierazpenak aurkeztera, egiaztagiri hori erantzukizunpeko adierazpena izanen da, esaten duena ez duela betebeharrik zerga-aitorpenak eta Gizarte Segurantzakoak aurkeztera eta haiek badituela eguneratuta.
22.4. Jarduera berbera finantzatzeko beste baliabide, diru-sarrera, laguntza eta dirulaguntza batzuen zinpeko deklarazioa, zeinahi ere den ematen dituen administrazioa edo erakunde pribatua, nola eskatutakoak hala emandakoak, diruz lagundutako proiektu bererako eta adierazita zer zenbateko eskatu den eta zer eman.
22.5. Ikasleengandik prezio publikoen kontzeptuan jasotako diru-sarreren zerrenda xehatuaren (nahitaezko tarifa) erantzukizunpeko adierazpena urteroko hitzarmenean jasotako moduan, adierazita izen-abizenak eta zenbatekoa.
Justifikatzeko orduan kontuan izan beharko dira Burlatako Udalaren dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza orokorreko xehetasun guztiak, baita Dirulaguntzei buruzko 38/2023 Lege Orokorra eta aplikatzekoa den gainerako araudia ere.
Dokumentazioa aurkezteko mugaeguna izanen da inplikatutako kirol denboraldi bakoitzerako izenpetzen den lankidetzarako hitzarmenean zehaztutakoa, eta, ahal dela, egun hori iraileko lehenengo hamabostaldian izanen da.
L2410440
Iragarkiaren kodea:
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
