Iragarkia
150. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARELLANO
Ordenantza, bideen eta espazio publikoen garbiketa arautzen duena. Behin betiko onespena
Arellanoko Udalak, 2024ko otsailaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Bideen eta espazio publikoen garbiketa arautzen duen ordenantza.
Inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan da jendaurreko aldia, hura gaitu baitzen iragarkia argitaratuta 2024ko 88. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 30ean; hala bada, behin betiko onetsita gelditzen da aldaketa hori, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Horrenbestez, aldaketa argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
ORDENANTZA, BIDEEN ETA ESPAZIO PUBLIKOEN GARBIKETA ARAUTZEN DUENA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
1. Ordenantza honek helburu du Arellanoko udal-mugartean bideen eta espazio publikoen garbiketarekin ikustekoa duen oro arautzea, bizilagunek bideak eta espazio publikoak erabiltzen baitituzte, eta prebenitzeko, zuzentzeko eta/edo konpontzeko neurriak hartzea, horiek zikin ez daitezen.
2. Berariaz araututa ez dauden kasuetan, ordenantza honetako arauak analogiaz aplikatuko dira, baldin, haien izaeragatik, ordenantzaren aplikazio-eremuaren barnean badaude.
3. Ordenantza honen edukia ez jakitea ez da aitzakiatzat hartuko, hura betetzen ez bada.
2. artikulua. Bide publikoaren kontzeptua. Udal eskumenak.
1. Honako hauek hartzen dira bide publikotzat eta, hortaz, Udalaren erantzukizunekotzat: Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean edo hura garatzeko behin betiko onetsi diren tresnetan halakotzat joak direnak (esaterako, pasealekuak, kaleak, plazak, espaloiak, bideak, lorategiak eta lurguneak, zubiak), eta, halaber, jabari publikoko gainerako ondasunak, herri-lurrak edo ondare-lurrak, erabilera edo zerbitzu publikoari atxikiak daudenak, bai eta jabeek Udalari aldi baterako lagatako lur partikularrak ere.
2. Barneko patioak, orubeak eta gisa horretakoak salbuespenak dira, ez baitira publikoak; izan ere, partikularrei dagokie haiek garbitzea, jabetza bakarra, partekatua edo jabetza horizontalaren araubidekoa izan.
3. Bide publikoek izen edo zenbaki bat izanen dute bereizgarri eta identifikagarri, desberdina bakoitzerako, eta hura Udalak onetsi beharko du. Hirian ez da bi bide publiko izaten ahalko izen bera edo zenbaki bera dutenak, ezta desberdinak izanda ere, beren antzekotasun grafiko edo fonetikoak nahasmendurik ekartzen ahal badu.
3. artikulua. Herritarren laguntza.
1. Arellanoko pertsona fisikoak zein juridikoak beharturik daude, hiriaren garbiketari dagokionez, zikinkeria saihesteko eta prebenitzeko jarrera izatera.
2. Bestalde, agintaritza eskudunari gaztigua egiten ahalko diote garbiketa publikoaren arloan arau-hauste bat ikusten duten aldiro edo ziurtasunez horren berri duten aldiro, udaletxean horretarako dagoen postontzian.
3. Udal zerbitzuek sistema bat ezarriko dute aitortza publikoa egiteko hiri garbiagoaren eta biziagoaren alde jarduteagatik nabarmentzen diren pertsona fisiko, enpresa, jabeen elkarte eta abarrei.
4. artikulua. Zerbitzu ematea.
1. Udalak, bide publikoak garbitzeko eta horko hondakinak biltzeko zerbitzuak ematerakoan, unean-unean hiriaren intereserako bidezkotzat jotzen dituen prozedura teknikoak eta kudeaketa bideak erabiliko ditu.
2. Udalak zilegi izanen du subsidiarioki egitea ordenantza honen arabera zuzenean pertsona fisikoei edo juridikoei dagokien garbiketa, eta, halakoetan, garbiketaren kostua egotziko zaie, ezertan galarazi gabe kasu bakoitzean ezar daitezkeen zehapenak.
3. Aurreko apartatuko baldintza berberetan, Udalak zilegi izanen du subidiarioki egitea mantentze, konpontze eta garbitze lanak higiezinetako kanpoko elementu eta aldeetan, eta abandonatutako hondakinak kargatu, kendu, garraiatu eta deuseztatzea; berdin jokatuko da, ordenantza hau ez betetzea dakartzan jarduketa guztietan.
4. Udal Administrazioaren eskumenekoa da bide publikoetako egiturazko nahiz apaindurazko elementuen kontserbazio egokirako lan eta obrak egitea. Bide publikoen kontserbazio egoera hobetzeko izanik ere, inork ez du elementu horiek berritzeko edo konpontzeko lanik egiten ahalko, aurretik Udalaren lizentziarik ez badu.
5. artikulua. Udalarenak ez diren zerbitzuetako elementuen garbiketa.
Herritarren zerbitzurako izanik ere Udalaren ardurapean ez dauden elementuen garbiketa zerbitzu bakoitzaren titular administratiboei dagokie.
II. KAPITULUA.–GARBIKETAREN ANTOLAKETA
Debeku da:
a) Bide publikoa erabiltzea auto edo motoak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko, edo ibilgailuak nahiz animaliak garbitzeko.
b) Ibilgailuak abandonaturik uztea, jendearen higiene, osasun eta segurtasunerako arriskutsuak izaten ahal badira.
c) Bide publikoan pixa egitea edo hura gorotzez zikintzea.
d) Futbolean, pilotan edo beste edozein kiroletan aritzea jendearen, bidaiarien eta abarren atsedena eragozten ahal den tokietan, hala nola adinekoen egoitzetan eta erromesen aterpeetan, 22:00etatik aurrera.
e) Zoladuraren gainean, inolako babesik gabe, materialak uztea ebaketak eta zuloak egiteko, margoa emateko, etab., hala bide publikoko zoladura kaltetu edo zikintzeko modurik badago.
f) Kotak, neurketak edo markak egitea zoladuraren gainean espraiarekin edo pinturarekin, gai kimikoak erabili behar badira ezabatzeko.
6. artikulua. Kaleak, patioak eta jabetza partikularreko elementuak.
1. Jabeen betebeharra izanen da barneko patioak eta orube partikularrak garbitzea.
2. Partikularrek patioak, atariak, higiezinetako eskailerak eta abar garbitzen dituztenean, saiatuko dira bide publikoa ez zikintzen. Behar bezain maiz eginen da garbiketa, oinezkoei eragozpenik sortzen ez dien orduetan.
3. Finken, etxebizitzen eta establezimenduen jabeak beharturik daude garbi mantentzera bide publikotik ikusten diren higiezinetako parteak.
4. Artikulu honetako garbiketa lanetan sortzen diren hondakinak, zer hondakin klase diren kontuan hartuta, horretarako dauden edukiontzietan utziko dira, baita garbigunean ere, horretarako ezarritako orduetan.
5. Hiri finketan dauden zuhaitzetako adarrak finketatik irteten direnean, horien jabeek edo errentariek neurri egokiak hartu behar dituzte bide publikora eror ez daitezen fruituak, adarrak edo hostoak.
7. artikulua. Espaloi eta galtzaden garbiketa.
1. Udalak aldez aurretik adierazten ahal du zein kaletan ezin den aparkatu, haien egoera dela-eta halako egunetan bete-beteko garbiketa egin behar delako. Horretarako, gaztiguak utziko ditu ibilgailuetan edo mugitzeko moduko seinaleak jarriko ditu, "garbiketa publikoa" zein egun eta ordutan eginen den adierazita.
8. artikulua. Zakurren gaineko arau berariazkoak.
Aplikatuko da xedatuta dagoena Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean.
9. artikulua. Elurra garbitzea.
1. Elurteetan, eraikinen jabeak, negozioen titularrak, eraikin publikoen titular administratiboak, orubeen jabeak, eta, subsidiarioki, horien arduradunak, beharturik daude agindu hauek betetzera:
1.1. Fatxadaren aurreko elurra eta izotza garbitu behar dute, oinezkoek toki librea izan dezaten igarotzeko.
1.2. Honelako utzi behar dute elurra edo izotza bide publikoa garbitu behar dutenek (hala nola, eraikinen eta negozioen jabeak):
ura zintarrietatik pasatzea ez eragozteko moduan, ezta ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorriak ere, eta libre utzita estolderiako hustubide edo erregistro-estalki hurbilena.
2. Elurteak irauten duen bitartean, herritarrek oro har, eta higiezinen, negozioen, orubeen, ibilgailuen eta abarren jabeek bete behar dituzte udal agintaritza eskudunak une oro ematen dituen jarraibideak.
3. Inola ere ez da bide publikora botako terraza, balkoi, estalki eta eraikinen bestelako ataletan pilatu den elurra, udal agintaritza eskudunak kontrako xedapenik eman ezean.
10. artikulua. Balkoi eta leihoetan astintzea.
Arropak, alfonbrak, erratzak eta erratz handiak astintzean bide publikoaren gainean, ahaleginak eginen dira inori eta ezeri kalterik edo eragozpenik ez egiteko.
11. artikulua. Obra-hondakinak kentzea.
Garbigunean bolumenaz, ordutegiaz eta egunez ezarritakoa bete beharko da.
12. artikulua. Lurrak, obra-hondakinak edo bestelako materialak garraiatzea.
1. Lurrak, zerealak, hondakinak, erregaia, hormigoia, hautsak, kartoiak, paperak edo, isuriz gero, bide publikoa zikintzeko modua duen, eta, hortaz, hirugarrenei kalteak sor diezazkiekeen beste edozein material garraiatzen duten ibilgailuen jabeek eta gidariek hertsiki beteko dute Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 14. artikuluan xedatutakoa, eta karga ez erortzeko moduan egokituko dute, horretarako behar diren neurri guztiak hartuz.
2. Ibilgailuaren jabea eta gidaria izanen dira aurreko apartatuan xedatutakoa ez betetzearen arduradunak, eta isuritako materiala nahiz ukitutako bide publikoa garbitzera beharturik egonen dira, ezertan ukatu gabe legozkiekeen zehapenak.
3. Istripua edo iraulketa gertatuz gero edo karga bide publikora isuri edo erorita bide segurtasunean arriskuak sortzeko aukera izanez gero, kasuan kasuko gidariek horren berri eman beharko diote agintaritza eskudunari, ahalik eta lasterren.
4. Lurrak eta hondakinak bildu, garraiatu eta isurtzeari dagokionez, martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuak araututako indarreko araudian xedatutakoari jarraituko zaio (2011ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 8koa).
13. artikulua. Obrak bide publikoan.
1. Obra batek (esaterako, eraikuntzak egitea, zaharberritzea, berritzea edo eraistea) arrazoia edozein dela ere bide publikoa ukitzen duenean, finkaren jabeak eta, subsidiarioki, obrak egiten dituenak, kontrolatu beharko du ez dela zikinkeriarik sortzen, Eraikuntzari buruzko Ordenantza Orokorrean aurreikusitako segurtasun eta prebentzio elementuak paratuz, materialik zabaldu eta isur ez dadin (konparazio baterako, eraispenak, lurrak eta obretatik soberan gelditzen diren beste material batzuk) lanek ukitutako eremutik kanpo, eta estolderiako hustubideak buxatu ez daitezen.
2. Bereziki, bide publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta abarren lanen inguruak garbi eduki beharko dira beti, galtzadan inolako hondakinik ez dagoela, bide publikoko erabiltzaileei arriskurik ez sortzeko.
3. Eraikinak eraisteko eta hondakinak ateratzeko lanetan, behar adinako presioko urez baliatu beharko da, lan horiek sortzen duten hautsari eusteko.
4. Obra lizentzia ematean, erabilera zein den, zilegi izan daiteke bankuko gordailua edo abala eratzeko eskatzea, helburua izanik aipatutako betebeharrak konplitzea eta Udalari dagokion kalte-ordaina pagatzea, bide publikoko hirigintza elementuetan, zuhaitzetan barne, baimendutako erabileraren ondorioz sor litezkeen kalteengatik.
5. Zerbitzu teknikoek txostena egin ondoan likidatuko da berme hori, lizentzia argitaratu eta gero, baldin eta egiaztatzen bada ez dela kalterik egin edo, egin bada, ordaina pagatu dela, dela borondatez, dela bermearen kargura. Udalak eginen du konponketa betearazpen subsdiarioaren bidez eta interesdunaren kargura.
6. Bide publikoan obrak eta instalazioak planifikatu eta gauzatzen direnean elektrizitatearen, gasaren eta uraren hodiak eta loturak, linea telegrafikoak, telefonikoak eta antzekoak ezarri, mantendu eta konpontzeko, eraikitzaileak eta Udaleko departamentu teknikoak bisita bat eginen dute kanalizazioak ukitzen duen eremura. Aldez aurreko bisita bat eginen da, ikusteko nola dagoen obra hasi aurretik. Horren ondoren, beste bisita bat eginen da, ikusteko baldintzak bete diren, eta aldeak konparatuko dira, alderik balego.
7. Kanalizazioa estalitakoan, obran erabilitako materialetatik udal zerbitzuek zehazten dutena aplikatuko da kanalizazioak ukitutako eremu osoan.
8. Lan horietarako, bankuko gordailu edo abal bat ezarriko da, lanen azaleraren araberako zenbatekoa izanen duena.
14. artikulua. Ibilgailuen garbiketa.
1. 13. artikuluan zehazten diren lanetarako erabiltzen diren ibilgailuek eta hondeaketa lanetan, eraikuntzak egitekoetan eta antzekoetan erabiltzen direnek gurpilak garbitu beharko dituzte obretatik edo lan eremutik ateratzerakoan, lokatzik eror ez dadin bide publikoan.
2. Neurri hori, halaber, eraikuntzak eraisteko obretan hartuko da, hautsa sortzea saihesteko behar diren neurriekin batera.
15. artikulua. Zirkuak, antzerkiak eta atrakzio ibiltariak.
Zirkuen, antzerki ibiltarien eta zaldiko-maldikoen gisako jarduerek eta beren ezaugarri bereziak direla-eta bide publikoa erabiltzen duten beste batzuek berme bat utzi behar dute, beren jardueraren ondoriozko erantzukizunei heltzeko. Udalak garbiketa bat egin behar badu, fidantza horrekin ordainduko dira kostuak, eta horiek fidantza baino handiagoak badira, jardueraren titularrek ordaindu beharko dute aldea.
III. KAPITULUA.–DEBEKUAK
16. artikulua. Hondakinak, zaborra eta ur zikinak.
1. Debeku da hondakinak, hondarrak eta, oro har, edozein zabor botatzea edo uztea bide publiko eta pribatuetan, eta orobat haien sarbideetan eta hesitutako edo hesitu gabeko orube edo finketan. Horretarako paratutako edukiontziak erabili beharko dira beti.
2. Debeku da ur zikina isurtzea bide publikoan, baita beste edozein gauza botatzea ere bide publikoan diren hustubideetara.
17. artikulua. Paperontzien erabilera.
1. Debeku da bide publikoan botatzea zigarrokinak, paperak, fruitu lehorren azalak, txikleak, latak, botilatxoak, bilgarriak eta gisako edozein hondakin. Horretarako instalatutako edukiontzietan bota beharko dira.
2. Debeku da paperontzietan zigarroak, puruak, zigarrokinak edo beste zernahi botatzea, piztuta egonez gero. Itzalita bota behar dira paperontzietara kasu guztietan.
3. Paperontzien xedea da paperak eta hondakin txikiak biltzea. Debeku da haietan etxeko hondakinak edo xedekoak ez diren beste gauza edo produktu batzuk botatzea.
18. artikulua. Ibilgailuak garbitzea, askotariko isurketak eta hondakinak manipulatzea.
1. Debeku da bide publikoa zikintzen ahal duen edozein lan egitea, batik bat ibilgailuak garbitzea, olioa aldatzea, garbitu ondoko ura isurtzea eta hiri hondakin edo hondar solidoak hautatu edo manipulatzea.
2. Orobat, debeku da edozein hondakin mota botatzea eraikin, etxebizitza edo establezimenduetako leihoetatik, balkoietatik, kanpoko irekiduretatik eta abarretatik.
3. Debeku da ibilgailuak konpontzea edo muntaketak egitea bide publikoan, edo hura erabiltzea materialak edo zernahi produktu gordetzeko.
4. Debeku da, halaber, edozein hondakin botatzea ibilgailuetatik, abian nahiz geldirik egon.
5. Debeku da udal-mugarteko ibaietako ertzeetan eta ibilguetan, parkeetan eta espazio publikoetan egitea aurreko ataletan aipatutako lanak.
19. artikulua. Landareak ureztatzea.
Balkoietako eta terrazetako landareak ureztatzean saihestuko da ura bide publikora isurtzea. Oinezkoei trabarik egiten ez zaien orduetan egin behar da ureztaketa.
20. artikulua. Gorozkiak eta pertsona eta animalien beste jariakin batzuk.
1. Debeku da listu, pixa eta kaka egitea bide publikoan edo erabilera publikoko nahiz pribatuko eremuetan.
2. Zakurren eta lagun egiteko beste animalien jabeak beharrezko neurriak hartzen saiatuko dira, gorozkiak kalean geldi ez daitezen.
3. Zaldien jabe edo gidariek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte bide publikoa ez zikintzeko; bestela, berehala kenduko dituzte gorozkiak, horretarako tresna eta materialak aldean dituztela.
4. Debeku da animaliak bide publikoan garbitzea.
IV. KAPITULUA.–BETEBEHARRAK
21. artikulua. Fatxaden estetika eta mantentze-lanak.
1. Bide publikora begirako fatxadak dituzten higiezinen jabeek edo arduradunek saihestu behar dute bide publikoaren estetikaren kontrako edozein gauza erakustea leihoetan, balkoietan, terrazetan edo antzekoetan. Era berean, ezin dute arropa zabaldu bide publikotik ikusten den fatxadako aldean, salbu eta fisikoki bestelakorik egin ezin duten etxebizitzetan. Halakoetan, edonola ere, kaletik gutxien ikusten den aldean zabalduko dute, bizilagunei eragozpenik egin gabe. Hori ez betetzearen erantzulea etxebizitzako maizterra izanen da.
2. Eraikinen jabeen erkidegoak zein finka, etxebizitza eta establezimenduen jabeak behartuak daude garbi edukitzera fatxadak, karrikako zenbakien errotuluak, ageriko mehelinak, sarrerak eta sarbideko eskailerak eta, orokorrean, bide publikotik ikus daitezkeen eraikinen zati guztiak.
V. KAPITULUA.–PUBLIZITATEA
22. artikulua. Ekitaldi publikoak.
1. Bide publikoan edo eraikin publikoetan egiten diren ekitaldi publikoen, ezkontzen edo ospakizun pribatuen antolatzaileak dira horietan sortzen den zikinkeriaren erantzuleak, eta Udalari jakinarazi behar diote zein den egin gogo den ekitaldiaren ibilbidea, ordutegia eta tokia.
2. Udalak fidantza bat eska diezaieke, ekitaldi hori egitearen ondoriozko garbiketa lanetarako aurreikusten den zenbatekoaren adinakoa. Okupatutako eremu publikoa eta inguruak behar bezain garbi geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.
3. Ekitaldi publiko baten ondorioz, kalterik egiten bada bide publikoan edo altzarietan, horren erantzuleak antolatzaileak edo sustatzaileak izanen dira eta konponketa gastuak ordaindu beharko dituzte izan daitezkeen zehapenak gorabehera.
23. artikulua. Publizitaterako elementuak.
1. Bide publikotik ikusgai dauden kartelak paratzeko lizentziak, baldin eta lokal itxietan ez badaude, ekarriko du ekintzaren titularrek kartela paratzeko erabili den bide publikoko espazioak garbitzeko betebeharra, eta, behar denean, publizitaterako elementuak eta kasuan kasuko osagarriak kentzekoa, kasua bada.
2. Kasuan kasuko lizentzia beharko da kartelak eta publizitaterako hesiak paratzeko, margotzeko, mural artistikoak pintatzeko, etab.
24. artikulua. Kartelak, pankartak eta itsasgarriak paratzea.
1. Baimendutako tokietan baino ez dira kartelak, pankartak eta itsasgarriak paratuko. Edonola ere, eskaerarekin eta lizentzia ematearekin bat zehaztuko da paratzeko tokia. Zinta itsaskorra erabiliko da, kolak, lekedak edo antzekoak erabiltzea baztertzen baita.
2. Debeku da kartelak, iragarkiak edo pankartak urratzea, erauztea edo bide publikora botatzea.
3. Haiek paratzen dituzten enpresa edo pertsonak izanen dira erantzuleak, edo, horiek identifikatu ezin badira, iragartzen den enpresa.
25. artikulua. Esku-paperak.
Esku-paperak edo antzekoak banatuz gero, hori egiten duen enpresak eskura entregatu beharko ditu, edo haizetakoetan zein gisakoetan paratu, baina inolaz ere ez ditu bide publikora botako, ez oinez doala ez eta ibilgailuetan joanda ere.
26. artikulua. Pintadak.
1. Debeku da bide publikoan pintadak egitea egiturazko elementuen, galtzaden, hiri altzarien, murru eta pareten gainean.
2. Salbuespenak:
a) Jabearen baimenarekin pintatzen diren muralak.
b) Udal agintaritzak baimendutakoak.
VI. KAPITULUA.–HIRI-ALTZARIEN GARBIKETA ETA KONTSERBAZIOA
27. artikulua. Arau orokorrak.
Zainduta eta behar bezain garbi eta txukun edukiko dira parke, lorategi, berdegune eta bide publikoetako hiri altzariak (besteak beste, eserlekuak, umeentzako jolasak, paperontziak, iturriak, seinaleak eta kaleko argien gisako apaindura elementuak).
28. artikulua. Mugak.
a) Bankuak.
Ezin dira eserlekuak desegoki erabili, ezta horiek edozein modutan kaltetu edo hondatu ere. Batik bat, ezin dira finkatutakoak deslotu, lurrera finkatuta ez daudenak bi metrotik gora lekualdatu, ordenarik gabe elkartu, horietan inskripzioak egin edo margotu.
Haurrak zaintzeaz arduratzen diren pertsonen betebeharra da horiek eserlekuen gainean utz ez dezaten harearik, urik, lokatzik edo eserlekuak zikintzen ahal dituenik, edo horien erabiltzaileak zikindu edo kaltetzen ahal duenik.
b) Haur-jolasak.
Haurrek erabiliko dituzte. Debeku da helduek erabiltzea. Jolas bakoitza erabiltzeko dauden jarraibideak errespetatuko dira.
c) Paperontziak.
Hondarrak edo paperak horretarako edukiontzietan utzi beharko dira. Debeku da paperontziak manipulatzea (lekuz aldatzea, su ematea, iraultzea, tokitik kentzea), inskripzioak egitea edo haietan itsasgarriak eranstea, Udalaren baimenarekin izan ezik, baita horien itxura hondatzea edo erabilera arrunta eragozten duten beste ekintza batzuk egitea ere.
d) Iturriak.
Debekatuta dago edozein manipulazio egitea hoditerian eta iturrietako elementuetan, ez badira erabilera arruntarenak.
Honako hauek ezin dira iturrietan egin:
a) Jolasean aritzea.
b) Arropa garbitzea.
c) Bainatzea, eta txakurrak eta bestelako animaliak garbitzea.
d) Etxeko animaliei giza kontsumorako diren iturrietatik zuzenean edaten uztea.
e) Ibilgailu mota oro garbitzea.
f) Edaten ematea zaldiei eta bestelako abereei.
g) Seinaleak, kale-argiak eta apainketako elementuak.
Debeku da haietara igotzea, gora egitea, kulunkatzea edo erabilera arrunta eta funtzionamendua eragotzi, hondatu, kaltetu edo zikintzen duen edozein gauza egitea.
29. artikulua. Saltokiak.
1. Debeku da kalez kaleko salmenta egitea parkeetan eta haien sarbideetan, Alkatetzak ez badu espresuki baimentzen kalez kaleko salmentari buruzko araudian aurreikusitako moduan eta baldintzak betez. Horretan xedatutakoa bete beharko da une oro jarduera horiei dagokienez.
2. Parke publikoetan kokatzen diren saltokiek Udalak propio eskatzen dien diseinura egokitu beharko dute instalazioa, haien kokalekuaren inguruaren arabera, eta begiratuko dute estetikak bat egiten duela kokalekuaren hiri multzoarekin. Horretarako, saltokiek bete beharreko arauak ezarriko ditu Udalak.
3. Saltokien titularrak izanen dira ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteen erantzuleak, haien menpeko langileek edo saltoki horietan aritzen direnek egiten badituzte ere.
30. artikulua. Zaratak.
Bide publikoan zaratarik sortuz gero, ez dira gaindituko herritarren bizikidetzak behar dituen mugak. Eraikin eta jardueretan zaratak eginez gero begiratu beharko diren arauak izanen dira jarduera sailkatuei buruzko foru araudia eta zaratak eta bibrazioak eragiten dituzten jarduerek bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen foru dekretua.
1. Debeku da:
a) Patio, etxabe edo galerietan, beren asots eta oihuekin auzoaren atsedenari traba egiten dioten animaliak edukitzea.
b) Petardo klase guztiak saltzea eta erabiltzea, eta suziriak jaurtitzea Udalaren baimenik gabe.
c) Obrak gauez egitea.
31. artikulua. Parkeak eta lorategiak.
Debeku da:
a) Kanpoko seinaleen bidez mugatutako berdeguneak zapaltzea.
b) Zuhaitzetara igotzea.
c) Txoriak harrapatzea eta hiltzea.
d) Banku publikoetan etzatea eta gauez haietan lo egitea.
e) Berdeguneetan hondakinak botatzea, eta ez erabiltzea paperontziak edo edukiontziak.
f) Lorategietan sua piztea edo piztua edukitzea.
g) Kanpin-dendak jartzea.
h) Txakurrak aske eramatea.
i) Soropilean nolanahiko ibilgailuetan ibiltzea (autoak, motozikletak, bizikletak etab.).
j) Bonbillak eta kale-argiak apurtzea.
k) Zaldi-azienda edo beste animalia batzuk sartzea bazkatzera.
VII. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA
32. artikulua. Arau-hausteak.
Ordenantza honek arautzen dituen gaiei dagokienez, arau-hauste administratiboak dira ordenantza osatzen duten arauetan ezarritakoa hausten duten egiteak edo ez-egiteak.
33. artikulua. Zehapenak.
Alkateak berretsiko ditu arau-hausteak, aplikatu beharreko araudiak baimentzen dituen mugen barrenean, ezertan ukatu gabe kasu bakoitzean egon litezkeen erantzukizun zibilak edo penalak.
34. artikulua. Erantzukizunak.
1. Ordenantza honetan adierazitako betebeharrak ez betetzeagatik sortzen diren erantzukizunak eskatuko dira, ez bakarrik egindakoarengatik baizik eta izan daitezkeen beste erantzule batzuengatik, bai eta animalien jabeengatik ere.
2. Betebehar kolektiboen kasuan, hala nola elementu komunen garbiketan, erantzukizuna kasuan kasuko jabeen erkidegoari egotziko zaio, edo, hura eraturik ez badago, higiezinaren okupatzaileei edo bizilagunei.
35. artikulua. Mailaketa. Kalifikazioa.
Arau-hausteen berrerortzearen arabera mailakatuko dira zehapenak. Ondorio horietarako, aurreko 6 hilabetean kontzeptu beragatik behin edo gehiagotan zehapena jaso duen titularra edo partikularra joko da berrerorletzat.
Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izanen dira, osasunaren arriskuaren, intentzionaliate mailaren, sortutako kaltearen larritasunaren eta berrerortzearen arabera.
Lehenago ezarritakoaren ondorioetarako, denboran edo espazioan aparte dauden eta ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten jarduketa guztiak joko dira zehatzeko moduko ekintza independentetzat, eta ordenantza hausten duten egiteen edo ez-egiteen arduradunei egotziko zaizkie arau-hausteak, pertsona fisikoak edo juridikoak izan.
36. artikulua. Neurri osagarriak.
Edozein kasutan, ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, jabari publikoko ondasunetan egindako kalteek beren ordaina izan behar dute, Udalaren zerbitzu eskudunek horiek ebaluatu ondoan.
37. artikulua. Arau-hauste arinak.
1. Hondakinak, hondarrak eta zaborrak botatzea edo uztea bide publikoetan, haien sarbideetan eta orubeetan, edo hesiturik edo hesi gabe dauden finketan.
2. Ibilgailuak garbitu eta manipulatzea bide publikoan.
3. Gomendatutako ordutegitik kanpo ureztatzea landareak, baldin eta bide publikoan kalteak edo herritarrei eragozpenak sortzerik badago.
4. Garbiketarik eza kale partikularretan edo izaera bereko beste espazio batzuetan.
5. Bide publikotik ikus daitezkeen higiezinen zatiak une oro garbi ez mantentzea.
6. Baimendutako tokietan dauden kartelak edo iragarkiak kendu, urratu edo zikintzea.
7. Ordenantza honetan jasotako xedapenetan ezarritako beste edozein ez-betetze, espresuki arau-hauste astun edo oso astun modura tipifikatuta ez badago.
38. artikulua. Arau-hauste astunak.
1. Elurra edo izotza kentzeko betebeharra ez konplitzea, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.
2. Ibilgailuen olioa eta beste likido batzuk aldatzea bide publikoan edo espazio publiko libreetan.
3. Ibilgailuen zamalanak egin ondoren behar den garbiketa ez egitea.
4. Obretarako sarbide eta aterabideetan bide publikoa ez garbitzea.
5. Agintaritzen berariazko errekerimenduak ez betetzea, lehenbiziko aldiz egiten direnean.
6. Arau-hauste arinetan berrerortzea.
39. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Falta astunetan berrerortzea.
40. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinek 60tik 150 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; astunek 151tik 300 eurora bitartekoak, eta oso astunek 301etik 1.500 eurora bitartekoak.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta haren aldaketetan ezarritako izapideak bete ondoren hartuko du indarra.
Arellanon, 2024ko ekainaren 14an.–Alkatea, Fernando Jesús Busto Méndez.
Iragarkiaren kodea: L2410052
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
