150. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ALLO

La Bodega kirol-zentroaren erabilera arautzen duen udal-ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespena

Alloko Udalak, 2024ko maiatzaren 15eko osoko bilkuran, hasierako onespena eman zion La Bodega kirol-zentroaren pilotalekuaren erabilera arautzen duen udal-ordenantzari.

Onespenaren erabakia 2024ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 20an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; beraz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Allon, 2024ko ekainaren 27an.–Alkatea, Susana Castanera Gómez.

LA BODEGA KIROL-ZENTROKO INSTALAZIOEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da La Bodega kirol-zentroko udal-instalazioak erabiltzeko arauak eta erabilera egokia zehaztea, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak mugatzea eta errespetuan oinarritutako funtsezko bizikidetza-arau batzuk zehaztea, hala erabilera asebetegarriagoa izateko, mantentze-lanen kostua aurrezteko eta instalazioen bizitza baliagarria luzatzeko, betiere haien kirol-izaerari eutsiz. Gainera, erabiltzaileen eta Alloko Udalaren arteko harremanak arautzen ditu eta udalaren ondare-erantzukizuna eta zehapen-araubidea mugatzen ditu.

2. artikulua. Eskumena eta aplikazio-eremua.

Alloko Udalak ordenantza honetan jasotako kirol-instalazioak kudeatzeko eskumen propioa du, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz; eta, 1955eko ekainaren 17ko Toki Korporazioen Zerbitzu Araudiaren 30. artikuluaren arabera, udalek erabateko ahala dute beren eskumeneko zerbitzuak eratzeko, antolatzeko, aldatzeko eta ezabatzeko.

Ordenantza hau La Bodega kirol-zentroko instalazioei aplikatuko zaie (gimnasioa, padel-zelaia, jarduera-gela, aldagelak, pilotalekua eta bizikleta-estazioa), bai eta zentro horrek etorkizunean barne hartzen dituen instalazio edo espazioei ere. Udalak kirol-jarduera eta -espazio bakoitzerako araudi espezifikoak zehazten ahalko ditu, eta lehendik daudenak aldatu, betiere indarreko xedapenekin bat badatoz. Alloko Udalaren esku gelditzen dira erregelamendu honen interpretazioa eta aplikazioa.

Instalazioetan sartzeak berekin dakar udal-ordenantza honetan jasotako arauak onartzea; ordenantza udalaren webgunean egonen da, guztien eskura.

II. KAPITULUA.–LA BODEGA KIROL-ZENTROKO INSTALAZIOEN ERABILTZAILEAK

3. artikulua. Erabiltzaile-izaera.

Ordenantza honen ondorioetarako, La Bodega kirol-zentroko udal-instalazioen "erabiltzailetzat" joko da aldez aurretik baimena izanik zentro hori erabiltzen duen edo hartan sartzen den pertsona fisiko edo juridiko, talde, elkarte eta erakunde oro.

4. artikulua. Erabiltzaile-motak, sarbide- eta erabilera-moduen arabera.

Sarbide- eta erabilera-moduaren arabera, ordenantza honen ondorioetarako, "erabiltzaileak" izan daitezke "indibidualak" edo "kolektiboak".

4.1. Erabiltzaile indibiduala.

"Erabiltzaile indibidualak" dira instalazioetan beren izenean eta partikularki sartzen diren eta instalazioak modu horretan erabiltzen dituzten pertsona fisikoak.

4.2. Erabiltzaile kolektiboak.

"Erabiltzaile kolektiboak" izanen dira, bai publikoak, bai pribatuak, aurreko apartatuan azaldu den moduaz —beren izenean eta pertsona fisiko indibidual gisa— bestela instalazioetan sartzen direnak eta instalazioak erabiltzen dituztenak, berezko nortasun juridikoa duten entitateen parte gisa edo berezko nortasun juridikorik gabeko taldeen, kolektiboen eta elkarteen parte gisa.

5. artikulua. Prezioak.

Udalaren kirol-instalazioetan sartzeko, aldez aurretik dagokion jarduerarako ezarritako prezioak ordaindu behar dira. Ordainketa-sistema bat ezartzen ahalko da, eskuratzaileentzat abantailak dituena. Justifikatutako arrazoiak daudenean, abonatu-kopurua mugatzen ahalko da, instalazioen erabilera optimoa bermatzeko.

6. artikulua. Baldintza bereziak.

Alloko Udalak baldintza bereziak ezartzen ahalko ditu edota ordainketatik salbuesteko, ordainketak murrizteko eta hobariak jasotzeko egoerak kontuan hartzen ahalko ditu hauentzat:

–Kirol-klubentzat, eliteko kirolarientzat eta, sarbide berezia ziurtatzen eta baimentzen den kasuetan, lehiatzaileentzat, ikusleentzat, teknikarientzat, zuzendarientzat, federazioetako kideentzat, osasun-langileentzat, laguntzaileentzat, ordezkarientzat, arbitroentzat, sustatzaileentzat, prentsarentzat eta antzekoentzat.

–Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, premia-egoeran daudenentzat eta egokitzat eta justifikatutzat jotzen den bestelako biztanleria-sektore batzuentzat.

7. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

Jarraian zerrendatzen diren eskubideak izanen dituzte ordenantza honen arabera izaera hori duten pertsonek:

1. Instalazioak, altzariak, kirol-ekipamendua eta Udalak, zuzenean edo zeharka, eskaintzen dituen zerbitzu guztiak (edozein dela ere kudeatzeko modua) kondizio onenetan erabiltzea, erabilera-arauak betez.

2. Zentroko instalazioetan eskainitako kirol-ikastaroei, -jarduerei eta -programei buruzko informazioa jasotzea.

3. Aldez aurretik erreserbatutako edo baimendutako egunetan eta orduetan sartzea eta instalazioak erabiltzea. Hala ere, Alloko Udalak, programazioaren premiak, ezinbesteko arrazoiak eta antzeko kausa justifikatuak direla eta, ezarritako baldintzak baliogabetzen edo aldatzen ahalko ditu; egoera horren berri eman beharko die ukitutako erabiltzaileei, ahalik eta lasterren.

4. La Bodega kirol-zentroan, zuzenean edo zeharka, zerbitzuak ematen dituzten, ardurak dituzten, ahalmenak dituzten eta zentroaz arduratzen diren langile guztiengandik gizabidezko tratu atsegina jasotzea.

4. Instalazioetan sartzen diren eta haiek erabiltzen dituzten gainerako pertsonek errespetuz tratatuak izatea.

8. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

a) Besteak beste, kirolari buruzko abenduaren 30eko 39/2022 Legea, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea, kirol-instalazioak arautzen dituzten xedapenak eta haiek ordeztu edo aldatu ditzaketen geroagoko arauak betetzeaz gainera, jarraian zehazten diren betebeharrak aplikatuko eta exijituko zaizkie erabiltzaileei:

1. Erabilera-arauak ezagutzea eta betetzea, eta egoki erabiltzea La Bodega kirol-zentroko instalazioak, ekipamendua, materiala eta altzariak, materialei, norberari eta gainerako erabiltzaileei kalterik ez eragiteko.

2. Behar bezala erreserbatzea erabili nahi den zerbitzua edo egin nahi den jarduera, eta dagokion prezioa ordaintzea, ezarritako epeak, arauak eta baliabideak betez; edozein unetan frogatzea, instalazioaren arduradunak, horretarako izendatu denak edo horretarako baimena duenak eskatzen badio, eta espazio bakoitzerako aurreikusitako gehieneko pertsona-kopurua ez gainditzea.

3. Une oro betetzea udal-langileen, langile baimenduen eta jardueren arduradunen indikazioak, bai eta ordenantza hauetan jasotzen diren eta Udalaren komunikabideetan (sare sozialak, taulak eta antzekoak) jartzen diren oharrak, gomendioak, ohartarazpenak eta antzekoak ere.

4. Behar adinako errespetua izatea gainerako erabiltzaileekiko; bereziki, kirola egiteko unean, lehiaketan nahiz lehiatu gabe.

5. Jarduera eginen den instalaziora zoladura bakoitzerako eta kirol-modalitate bakoitzerako egokiak diren oinetakoekin joatea. Ezin da kirol-jarduerarik egin txankletekin edo antzekoekin. Padel-pistan ezin da sartu kalean erabilitako oinetakoekin.

6. Instalazioetatik joatea egindako jarduera edo izena emanda dagoen jarduera amaitzean, eta erreserban ezarritako ordutegia eta instalazioen ordutegia betetzea. Oro har, eta espazio edo jarduera bakoitzerako espezifikoki ezarritakoa alde batera utzita, aldageletan sartzen ahalko da jarduera hasteko erreserbatutako edo baimendutako ordua baino 10 minutu lehenago, eta ordu hori igaro eta gehienez ere 30 minutu geroago irten beharko da.

7. Ez uztea objekturik aldageletako armairuetatik kanpo, eta ez okupatzea espazio komunak (bankuak, korridoreak, dutxak eta erabiltzaileek erabiltzeko gainerako espazioak) arroparekin edo norberaren gauzekin. Espazio indibidualak jarduera egiteko unean eta erreserbaren aurreko eta ondoko denbora-tartean bakarrik okupatzen ahalko dira. Agintaritza-langileek edo horretarako izendatutako eta baimendutako langileek espazio indibidual horiek irekitzen eta ikuskatzen ahalko dituzte, dagokionean, legeak eta araudiak betez. Erreserba-ordutik edo baimendutako ordutegitik kanpo, norberaren ondasunak bertan behera utzita daudela joko da, eta galdutako objektu gisa gordeko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera ezarritako denboran. Galdutako edo bertan behera utzitako objektu bat aurkitzen duenak ez du beretzat hartzen ahalko, eta udal-bulegoetan utzi beharko du ahalik eta lasterren.

8. Garbi-garbi uztea erabilitako eremuak, inguruak eta ekipamendua; zakarrontziak behar bezala erabiltzea eta birziklatzeari, uraren erabilera efizienteari, baliabideei eta energiari buruzko arauak betetzea, eta, hala badagokio, Ekitaldi Publikoei eta Jasangarritasunari buruzko apirilaren 17ko 36/2024 Foru Dekretuan eta hari lotutako araudian xedatutakoa betetzea.

9. Tabakismoari, edari alkoholikoei, substantzia estupefazienteei, apustuei eta dopinari buruz indarrean dagoen legedia eta araudia betetzea. Udalaren kirol-instalazioetan, debekatuta dago erretzea. Udalaren kirol-instalazioetan, erabat debekatuta dago edari alkoholikoak saltzea eta kontsumitzea. Debekatuta dago edari alkoholdunei eta tabakoari buruzko publizitatea, publizitate sexista eta apustuei buruzkoa. Debekatuta dago beste entitate baten edo Alloko Udalarena ez den erakunderen baten publizitate estatikoa jartzea baimenik gabe.

b) Gimnasioa erabiltzeari dagokionez, erregelamendu honetan ezarritako arauak eta debekuak aplikatuko dira, eta, bereziki, hauek:

–Oro har, 16 urtetik gorakoak baino ezin dira aretoan sartu eta gimnasioa eta hango ekipamendua erabili.

–Udalak edo zuzenean nahiz zeharka jarduera kudeatzen duenak uko egiten dio gimnasioan eta oro har La Bodega kirol-zentroko instalazioetan gerta daitezkeen lesioen gaineko erantzukizun orori.

–Higiene-arrazoiak direla eta, nahitaezkoa da toalla bat edo antzeko elementu bat eramatea ekipamendua erabili ondotik izerdi-arrastoak edo zikinkeriak utzi badira haiek garbitzeko, eta, hartara, beste norbaitek erabiltzeko kondizio egokietan uzteko berehala.

–Aretoko aparatuek eta tresnek kalteak eragiten ahal dizkiete hirugarrenei eta instalazioei, bai eta oker erabiltzen dituen pertsonari berari ere; kalte hori larria izatera irits daiteke. Elementu astunak manipulatzen direlako bereziki, arreta handia jarri behar da gimnasioko ekipamendu guztia modu egokian eta kontu handiz erabiltzen, lesioak, kolpeak, zaratak eta besteei traba egitea saihesteko.

–Gimnasio-aretoa txikia denez, gimnasioko erabiltzaileek, pisu libreekin aritzen direnean, horretarako mugatutako eremuan erabili beharko dituzte, eta dagokien tokian utzi, aretoa txukun edukitzeko, gainerako pertsonen ariketa ez baldintzatzeko eta pasabideak ez oztopatzeko, irisgarritasun-arauetan ezarritako gutxieneko tarteak errespetatuz. Pisu horiek ezin dira erabili elementu hauetatik gertu: ispiluak, kristalak, leihoak, ateak, aparatu elektronikoak...

–Debekatuta dago materialak tokiz aldatzea, makinak eta ekipamendua mugitzea eta aparatuen, gailuen eta makinen konfigurazio fisikoa eta elektronikoa aldatzea, aurretiaz berariazko baimenik izan gabe.

–"Serieak" egiten badira, serie arteko atseden-denboran, haiek erabili nahi dituzten gainerako pertsonen eskura utzi beharko da makina edo materiala. Debekatuta dago ekipamendua edo eremuak "erreserbatzea", bai norberarentzat, bai gainerakoentzat.

–Ekipamendua, erabili ondotik, hasierako posizioan utzi behar da, mugimendurik gabe eta itzalita —bereziki, "korrika egiteko zintak"—; hurrengo erabiltzaileak inolako arriskurik gabe erabili ahal izateko moduan utzi behar da.

9. artikulua. Instalazioetan sartzen diren pertsonen erantzukizuna.

La Bodega kirol-instalazioetan sartu eta kalte materialak eragiten dituenak zuzeneko erantzukizuna izanen du, eta eragindako kaltearen gastuez arduratu beharko du; administrazio-bidetik eskatzen ahalko dira gastuok, dagozkion gainordain eta guzti. Instalazioetan, beste pertsona batzuei edo haien ondasunei eragindako arriskuen eta kalteen arduradunak ordenantza honetan zehazten den bezala zigortuko dira. Horrez gainera, arrisku eta kalte horiek arau-haustetzat jotzen ahalko dira, eta dagokien zigorra ezarri.

10. artikulua. Erabiltzaile kolektiboen erantzukizuna.

Legez eratutako erabiltzaile kolektiboak direnean, haien erantzukizuna izanen dira osatzen dituzten pertsona fisikoek pertsonei edo ondasunei eragindako kalte oro, entitate horiei aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.

Berezko nortasun juridikorik gabeko taldeak edo kolektiboak direnean, erantzukizuna kideetako bakoitzari exijitzen ahal zaio, eta bereziki erantzuletzat joko da aurkeztutako eskabide administratiboan edo erreserban agertzen den pertsona fisikoa.

Arazoak baldin badaude pertsona fisiko bat talde, elkarte, entitate, kolektibo edo antzeko egituraren bateko kidea den ala ez, joko da hartako kide dela baldin eta gertaeren egunean pertsona horrek instalazioa talde horretako gainerako kideekin batera erabili bazuen edo haren parte bazen kirolari, teknikari, zuzendari, jarraitzaile, ikusle edo laguntzaile gisa nahiz antzeko bestelako harremanarekin. Pertsona horien zerrenda bat eskatzen ahalko da, aurretik edo ondotik.

11. artikulua. Adingabeak.

a) Adingabeen erantzukizuna.

–"Erabilera indibidualaren" kasuan, gurasoek, tutoreek edo haien zaintzaren arduradunek hartuko dute adingabeek edo ardurapean edo zaintzapean dituztenek pertsonei edo ondasunei eragindako kalteen ardura.

–"Erabilera kolektiboaren" kasuan, entitate titularra izanen da erreserbatutako instalazioa erabiltzen duten edo pertsona juridikoak antolatutako jardueran parte hartzen duten adingabeek kirol-instalazioetan pertsonei eta ondasunei eragindako kalteen arduraduna, eta, subsidiarioki, haien guraso edo tutoreak.

–Berezko nortasun juridikoa duten taldeen edo kolektiboen kasuan, kalteak adingabe batek eragiten baditu, erantzule nagusiak adingabearen gurasoak edo tutoreak izanen dira, eta, subsidiarioki, taldeko gainerako kideak, adin nagusikoak badira, edo haien gurasoak edo tutoreak, adingabeak badira, modu solidarioan.

b) Adingabeak sartzeko debekua.

Oro har debekatuta dago 16 urtetik beherakoak gimnasioan sartzea eta hura eta hango ekipamendua erabiltzea, nahiz eta adin nagusikoekin batera egon, betiere ez badute aldez aurretik Udalaren berariazko baimen arrazoiturik. Baimen hori berehala erakutsi beharko da, langile baimenduek, arduradunek edo Udalak izendatuek eskatzen badute.

16 urtetik beherako pertsonek, haien gurasoen, tutoreen eta oro har haien arduradunen erantzukizunpean, La Bodega kirol-zentroko gainerako instalazioak eta padel-pistak erabiltzen ahalko dituzte, gainerako erabiltzaileen baldintza berdinetan, eta, hala dagokionean, haien eskubide eta betebehar berdinekin, ordenantza honetan ezartzen denez. Adingabe horien adina eta ezagutzak direla eta, ez badituzte ulertzen arau horiek, askatzen ahalko da aldez aurretik hizkuntza egokian azaltzeko; horretarako aukera izanen dute, halaber, edozein arrazoi dela medio, horretarako beharra duten pertsonek.

12. artikulua. Udalaren erantzukizunaren mugak.

Alloko Udalak kirol-instalazio egokiak, seguruak eta ikuskatuak jartzen ditu herritarren eskura; erabiltzaileen betebeharra da haien erabilerak eragindako inpaktua minimizatzea, instalazioen kondizio egokiak mantentzeko, geroago beste pertsona batzuek erabili ahal izateko eta arrisku oro saihesteko, bai norberarena, bai hirugarrenena, eta instalazioen eta ondasunen kalteak saihesteko.

Bereziki hartu behar da kontuan, geroago kudeaketa aldatzen ez bada, instalazioan ez dela izaten udal-langilerik modu jarraituan, eta erabiltzaile bakoitza dela bere ondasunen eta segurtasun pertsonalaren arduraduna.

Udala ez da erantzule izanen arau hauek ez betetzeak istripuak edo kalteak eragiten baditu, erabiltzaileak zabarkeriaz, zuhurtziarik gabe, modu arduragabean edo gezurtian jokatzen badu, aldez aurretik informatu ez bada edo instalazioak, ekipamenduak eta zerbitzuak gaizki erabili baditu. Halaber, Udala ez da erantzule izanen baldin eta eragindako kaltea arrazionalki aurreikusteko modukoa bazen, egoerak kontuan hartuta.

Alloko Udala ez da erantzule izanen erabiltzaileen objektuak galtzen, hondatzen edo ebasten badira. Udalak ez du bere gain hartzen La Bodega kirol-zentroaren eremuan sartzen diten pertsonen ondasunen, ekipamenduen eta objektuen —baliotsuak eta ez-baliotsuak— erantzukizunik, aldageletako armairuetan badaude ere ez; eta erabiltzaileei eskatzen zaie instalazioetara ez eramateko objektu baliotsurik edo eginen duten jarduerarekin zerikusirik ez duenik.

–Lesionatzeko arriskua.

Jakina denez, kirola egiteak lesio fisikoak eragin ditzake, eta batzuetan larriak izan daitezke. Onartu behar da arrisku hori kirolak berak dakarrela, eta beti izanen dela arriskua, zuhurtzia guztiz jokatuta ere. Hain zuzen, arrisku hori dela-eta, ohiko bizimoduan egiten diren ohiko jardueretan eta espazioetan eska daitekeena baino kontu handiagoarekin egin behar dira kirol-jarduerak, bai eta instalazioak erabili ere. Ondorioz, ardura izan behar da erabiltzaile guztiei eta instalazioetan sartzen diren pertsona guztiei eragiten dieten betebeharrak zorrotz betetzeko, ordenantza honetan jasoak izan edo ez.

Gomendatzen da osasun-azterketak egitea La Bodega kirol-zentroko instalazioetan edozein jarduera hasi aurretik. Ariketa fisikoaren bizitasuna eta maiztasuna ezin dira alderatu beste pertsona batzuek egiten dutenarekin, desberdinak baitira pertsona bakoitzaren egoerak, arriskuak eta onurak. Erabiltzaile bakoitzaren erantzukizuna da instalazio hauetan edozein jarduera segurtasunik handienarekin egiteko informazio egokia eta nahikoa lortzea.

Oro har, ez Alloko Udala, ez zerbitzua zuzenean edo zeharka kudeatzen duen entitatea, ez dira erabiltzaileak izan ditzakeen lesioen erantzule izanen. Erabiltzaile bakoitzaren erantzukizuna da edozein jarduera ez egitea kondizio pertsonalak eta kanpokoak ez badira egokiak. Erabiltzaileak, bere kabuz, berehala utzi beharko dio jarduera egiteari, eta ahalik eta lasterren jakinarazi beharko die udal-langileei, jarduera kondizio optimoetan eta arriskurik txikienarekin egitea zaildu dezakeen edozein inguruabar edo kalte badago. Baldintza ez-egoki horietan aritzea erabiltzaileen erantzukizuna bakarrik izanen da.

III. KAPITULUA.–INSTALAZIOEN ERABILERA

13. artikulua. Kirol-instalazioen helburua.

Erregelamenduzko ordenantza honetan aurreikusten denez, La Bodega kirol-zentroko udal-instalazioen helburua jarduera fisikoa eta kirol-jarduera dira, izan aisialdikoa, denbora librekoak, profesionala, irakaskuntzakoa, entrenamendukoa, lehiaketakoa edo erakustaldietakoa, betiere diseinatuak izan ziren modalitate eta kiroletakoak edo, Udalak ondorio horietarako emandako baimena lortuta, beste ezaugarri batzuk izanik ere, instalazioekin bateragarriak direnak.

14. artikulua. –Ohiko erabilera.

Udalaren kirol-instalazio hauek, edozein kudeaketa-mota dutela ere, "sarbide librekoak" dira herritar guztientzat, betiere erreserba edo baimena izanik aldez aurretik; muga bakarrak legeetan eta erregelamendu honetan ezarritakoak eta duten erabilerari dagozkionak dira. Lehentasuna izanen du zentroko instalazioen ohiko helbururako "erabilera publiko", ireki eta orokorrak.

15. artikulua. Erabilera pribatua.

La Bodega kirol-zentroa "erabilera publikokoa" da. Beraz, aldez aurretik eta zehazten diren baldintzetan idatzizko eskaera bat aurkeztu eta Udalak ez badu baimentzen, ezin da egin "irabazizko erabilera pribaturik", eta erabat debekatuta dago udal-zentroa erabiltzea irabazi-asmoko ikastaroak, lantegiak eta antzekoak egiteko. Irabazizko jarduerak egiteagatik zenbateko bat ordaintzeko beharra ezartzen ahalko da. Eskaerarekin batera, dokumentu bidez ziurtatu beharko dira egin nahi den jardueraren aseguramendu egokia, arauzko titulazioa eta aplikatu beharreko gainerako arauzko eskakizunak. Eskaera ukatutzat joko da baldin eta Udalak ez badu berariazko baimenik ematen 10 egun balioduneko epean.

16. artikulua. Erabilera programatua eta federazio-erabilera.

1. Ohiko erabilera programaturako, aurretiazko eta berariazko baimena beharko da, eta, hala badagokio, erabilera-mota horretarako baldintzak zehazten dituen hitzarmen bat sinatu beharko da Udalarekin.

2. Alloko Udalak zentroko instalazioak Nafarroako Kirolaren Institutuari utzi beharra dauka, hark erabil ditzan, zentroa eraikitzeko hartu ziren konpromisoekin bat etorriz. Horrek eragina izan dezake instalazioen ohiko ordutegian eta erabilgarritasunean. Kirol-federazioek Alloko Udalarekin hitzartutako baldintzetan erreserbatzen ahal dituzte instalazioak.

3. Udalak espazioak erreserbatzen ahalko ditu jarduerak egiteko, udal-taldeen edo talde hitzartuen entrenamenduetarako eta partidetarako, eliteko kirolerako eta txapelketak eta torneoak egiteko. Udalaren ohiko bideetan eman beharko da horren berri ahalik eta lasterren, erabiltzaileek ahalik eta hobekien antola ditzaten beren jarduerak.

17. artikulua. Jardueren erantzuleak.

Baimendutako jardueren arduradunek ordenantza hau bete eta betearazi beharko dute, eta legezko titulazioa eta gainerako eskakizunak eduki beharko dituzte; dagokion dokumentazioa udalean edo bestelako erakunde publiko batzuetan aurkeztu beharko dute jardueraren aurretik. Gainera, jarduera horietan adingaberen batek parte hartu behar badu, erantzuleek aldez aurretik aurkeztu beharko dituzte gaiari dagokionez aplikatu beharreko araudiak eskatzen dituen ziurtagiriak eta dokumentuak.

Programaturiko jardueraren bat egiten duten erabiltzaileek kasu eginen diete langile baimenduek, antolatzaileek, arduradunek edo monitoreek jarduerei buruz eta instalazioak erabiltzeko moduaz emandako aholku eta aginduei, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarrean dagoen araudia.

18. artikulua. Berariaz debekatutako jarduerak.

1. Instalazioek sortu zirenean zuten erabilera errespetatu behar da, eta berariazko baimenarekin baino ezin dira egin bestelako jarduerak, kirolekoak edo ez.

2. Kirol-instalazioak beste pertsona batzuekin batera kirola egiteko toki mugatuak dira, baina ez dira elkartzeko tokia, eta ez dira toki egokia altu hitz egiteko eta mugikorrarekin hitz egiteko, musika entzuteko, bozgorailuak erabiltzeko..., ez bada modu pribatuan egiten, entzungailuak erabiliz; instalazioan beste norbait dagoen guztietan, lasaitasuna eta isiltasuna lehenetsiko dira partekatzen diren espazioetan, bizikidetza hobea bultzatzeko. Langile baimenduek baino ez dituzte manipulatzen eta konfiguratzen ahalko instalazioetako soinu-erreproduzitzaileak eta erreproduzitzaile elektrikoak.

3. Higiene arrazoiengatik, eta ez direnez kirol-jarduera baten parte, erabat debekatuta dago instalazioko edozein eremutan bizarra kentzea, depilatzea eta manikura, pedikura eta antzeko tratamenduak egitea. Dutxen aldean txankletak erabili beharko dira.

4. Debekatuta dago edozein modu edo bitartekoz adieraztea eta erakustea zeinahi pertsona edo talde jakin edo zehaztu gabeko helburu dituzten esaldiak, iruzkinak, logotipoak, estanpatuak, kartelak, pegatinak eta antzeko eragina dutenak, baldin eta, zuzenean edo zeharka, errespetu falta, mehatxua eta gutxiespena adierazten badituzte.

5. Irudiak hartzea.

Beste pertsona batzuen irudia eta aurpegia datu babestuak dira, eta haien irudia hartzea zehatuta dago, Datuen Babeserako Legean araututakoa ez betetzeagatik eta, egoeraren arabera, Zigor Kodeko delitu gisa. Horregatik, Udalaren berariazko eta aurretiazko baimenik izan ezean hitzartutako baldintzetan:

–Aldageletan, dutxetan eta komunetan erabat debekatuta dago bideoak grabatzea, soinuak, irudiak eta argazkiak hartzea eta egitea edozein formatutan, edozein baliabiderekin eta edozein modutan, baimena izanda ere; erabilera pribatu eta pertsonalerako izanda ere, ez da halakorik egiten ahalko.

–Norbera gimnasioan jardueraren bat egiten ari dela norbere irudi bat hartzeko, areto horretan dauden edo sartzen diren pertsonek hori onartu beharko dute aldez aurretik, baiezkoa emanez, berariaz eta modu publiko, argi eta nabarmenean, eta inola ere ez da hartzen ahalko hirugarrenen irudirik, ez zuzenean, ez zeharka.

–Taldeko jarduera baten edo pertsona-talde baten soinuak edo irudiak hartzeko (gimnasioa eta aldagelak ez diren tokietan), irudia edo soinua edozein baliabide erabiliz hartu nahi zaien pertsonen baimen positiboa eta berariazkoa beharko da aldez aurretik, aurreko apartatuan bezala.

–Padel-pistetan, irabazi-asmorik gabe grabatzen ahalko dira norberaren partidak edo besteren partidak, betiere partaide guztien berariazko baimena izanez gero eta irudiak hartzeko azpiegitura erabiltzearen ondorioz ez badira arriskuan jartzen instalazioak, ondasunak eta hirugarrenak.

–Zentroan dauden pertsonen irudiak instalazioen kanpoaldetik hartzeko (kristaletatik, airetik, droneekin nahiz beste edozein modutan eta beste edozein teknologia erabiliz, antzeko helburuarekin), idatziz eskatu beharko da aldez aurretik, eta Udalaren baimena beharko da; ezartzen diren mugak bete beharko dira, eta, dagokionean, aplikatu beharreko araudia bete eta erabiltzaileen baimen egokiak aurkeztu. Baimena ez bada 10 egunetan ematen, ukatutzat joko da.

6. Ez dago baimenduta animaliak kirol-instalazioetan sartzea Udalaren berariazko baimenik gabe; ikusmen-urritasunen bat duten erabiltzaileen kasuan, indarrean dagoen araudiaren arabera jokatuko da.

7. Ez da baimentzen patinekin, monopatinekin, bizikletekin eta antzekoekin sartzea, ez eta instalazioetan erabiltzea ere.

8. Debekatuta dago La Bodega kirol-zentroan sartzea edo sartzen ahalegintzea indarrean dagoen araudian adierazitako edozein objektu, eta, bereziki, adierazitako kirolari buruzko foru-legearen 76. artikuluan edo haren ordez ezartzen diren antzeko xedapenetan eta osagarrietan zerrendatzen direnak. Ez da baimentzen kirol-esparruetan hauek sartzea: beirazko baxera (platerak, edalontziak, botila...), material arriskutsuak eta arriskutsu izan daitezkeenak eta txinpartak, kea eta antzekoak sortzen dituzten gailu pirotekniko eta lehergarriak, hala nola bengalak, su artifizialak eta bonbetak. Ezin da sartu musika-tresnarik eta zarata edo musika egin dezakeen gailurik.

Arduradunek edo langile baimenduek konfiskatzen ahalko dituzte arriskutsutzat jotzen dituzten objektuak eta materialak eta nolabait pertsonei eta ondasunei arriskuak eragiten ahal dizkietenak, haien egoeren eta ezaugarrien arabera, eta haien egitura, funtzionamendua edo materialak direla-eta egoera kaltegarria edo desatsegina eragin dezaketenak; halaber, objektu horiek instalazioetan sartzea ukatzen ahalko dute. Jokabide horiek zehatzen ahalko dira, arriskuagatik beragatik, eragozpenik, kalterik eta lesiorik eragin ez badute ere.

9. Ez da jakirik eta edaririk kontsumitzen ahalko, salbu eta aldez aurretik baimenduak edo eginen den jardueran kontsumitu ohi direnak, hala nola ura, edari isotonikoak, barra energetikoak eta antzekoak; ez zikintzeko eta likidorik ez isurtzeko moduan egon beharko dute.

19. artikulua. Instalazioak aldi baterako ixtea eta larrialdietako ebakuazioa.

1. Udalak bere gain hartzen du zentroaren erabilera publikoa eteteko aukera, kirol-intereseko eta ezinbesteko arrazoiak eta arrazoi teknikoak, mantentze-lanei dagozkienak eta antzekoak direla eta, bai eta erreserba egin bada ere. Horren berri emanen da publikoki, ahalik eta lasterren.

2. Erabiltzaileek ezagutu beharko dituzte larrialdi-egoerako ebakuazioa ahalik eta denbora laburrenean egiteko aurreikusitako arauak, eta berehala bete beharko dituzte langile baimenduek eta arduradunek emandako aginduak; beharrezkoa bada, zentroan utzi beharko dituzte beren ondasun pertsonalak. Larrialdi-egoerako irteera hori halako moldez eginen da non garbi entzun beharko baitira langile arduradunen jarraibideak.

3. Langile baimenduek, arduradunek eta Udalak izendatuek aldez aurretik jakinarazi gabe ixten ahalko dituzte instalazioak edo ebakuatzen ahalko dute edozein unetan, horretarako arrazoi justifikatuak daudenean. Horretarako, kontuan hartuko dituzte segurtasun-, osasun- eta klima-arrazoiak; gauza bera egiten ahalko dute haien ustez pertsonei kalte fisikoak eta instalazioetan kalteak eragin ditzaketen inguruabarrak daudenean (aurreikusiak edo aurreikusi gabeak). Kasu horietan, behar bezala baloratu eta aurkakoa ezartzen ez bada, ez da izanen instalazioan sartzeko edo jarduerak egiteko ordaindutako dirua itzultzeko eskubiderik.

IV. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA

20. artikulua. Araubide juridikoa eta prozedura.

1. Ordenantzan jasotzen diren arauak ez betetzea eragiten duen edozein ekintza arau-haustea izanen da, eta dagokion prozedura hastea ekarriko du; eta, hala badagokio, aurreikusitako zehapenak ekarriko ditu, gertaera horiek beste erakunde batzuen eskumeneko bestelako arau batzuen (federazioenak, lanaren arlokoak, penalak, etab.) arau-hauste gisa zehatzen badira ere.

2. Zehapen ahalmena erabili baino lehen, arauen araberako administrazio-prozedura tramitatu beharko da, zeina Udalak bideratu eta ebatziko baitu. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko, egiaztatzeko unean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean aitortutako zehapen-ahalmenaren printzipioak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako zehapen-prozedura beteko dira, edota haiek ordezten eta aldatzen dituen estatuko arauetan edo foru-arauetan ezarritakoak.

3. Zehapen-prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak izaten ahal direla, arau-hauste administratibo ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio hori, eta geldiarazi eginen du zehapen-prozedura administratiboa —hasita badago—, harik eta agintari judizialak erabakia hartzen duen arte. Zehapen-prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio-epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.

4. Arduradunak. Instalazioen barreneko presako neurriak.

4.1. Langile baimenduek, arduradunek edo Udalak izendatuek eskumena dute, egoeraren arabera, ordenantza hau edo aplikatu beharreko araudia hautsiz zentroan sartzen direnei edo sartzen saiatzen direnei hitzez kargu hartzeko, eta/edo dagozkion neurriak hartzeko; horrez gainera, intzidentzia edo erabaki horiek Udalari jakinarazten ahalko zaizkio ahalik eta lasterren, eta hartutako erabakia dagokion zehapen-prozeduran berresten ahalko da, eta legezko berme guztiekin ebatzi.

4.2. Instalazioan dagoen norbaitek, erabiltzailea izan nahiz ez, aplikatu beharreko araudiaren kontra modu nabarmenean jokatzen badu, arriskua eragin badiezaieke pertsonei eta ondasunei edo ez badie kasurik egiten egiten zaizkion eskaerei, oharrei, aginduei edo hitzezko kargu-hartzeei, langile horiek ahalmena izanen dute pertsona horri noiznahi eskatzeko berehala utz ditzan instalazioak eta/edo zentroko instalazioetarako sarbidea blokeatzeko. Kanporatzeko eta instalazioak uzteko hitzezko aginduak berehala ez betetzeari uko egitea, bereziki larrialdi-kasuetan, zehatzeko moduko beste arau-hauste bat izan daiteke.

4.3. Adierazitako arduradunek, arau-hauste izan daitekeenari eta inguruabarrei dagozkien bestelako jarduketa posibleen artean, hauek errekisatzen ahalko dituzte: xedapen arautzaileen arabera debekatuta daudela jotzen dituen objektuak, materialak eta ondasunak, eta ustez arriskuren bat dutenak edo eragozpenen bat edo kalteren bat eragin dezaketenak, edo arau-hauste posible batean erabili direnak, edo legezko jabeari itzuli behar zaizkionak, edo geroago edo behin eta berriz erabil daitezen saihestekoak, edo geroago aztertu behar direnak zehapen bat ezartzeko edo udal-bulegoetan deskribatzeko; hala dagokionean, elementu horien zaintza-katea zaindu beharko da, hirugarrenek ez ditzaten manipulatu edo aldatu. Horren guztiaren berri eman beharko da, udal-espedientean jasota geldi dadin.

5. Behin-behineko neurriak.

5.1. Administrazio-prozedurari buruzko araudiaren testuinguruan, zehapen-prozedura hasi ondotik edo hasi aurretik ere, organo eskudunak, modu arrazoituan, behin-behineko neurri edo kautelazko neurri egokiak hartzen ahalko ditu, izan daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna eta prozeduraren amaiera egokia bermatzeko, arau-haustearen ondorioek eragina izaten jarraitzea saihesteko eta arau-hauste gehiago saihesteko, eta, kasu guztietan, kalte oro saihesteko eta legea betetzen dela bermatzeko.

5.2. Behin-behineko neurriak ez dira zehatzekoak izanen; hauek izan daitezke:

a) Fidantza ematea.

b) Jarduera etetea aldi baterako.

c) Prozedura sorrarazten duten gertaerei zuzenean lotutako objektuak konfiskatzea eta gordailutzea; hala dagokionean, suntsitzen ahalko dira, konpentsaziorik gabe, aldez aurretik inguruabar guztien berri espedientean jasota.

d) Beharrezkoak iruditzen zaizkion bestelako behin-behineko edo kautelazko neurriak.

6. Udalak zaintza-kamerak edo helburu bereko sistemak eta teknologiak instalatuko ditu eta haiek jarrita daudela jakinaraziko du. Grabazioak aztertzen ahalko dira ustez arau-hausteren bat izan dela jakinez gero, froga gisa balio dezan indarrean dagoen araudiari jarraikiz; besteak beste, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta gainerako xedapen arautzaileak eta une jakin batean araudia aldatzen edo ordezten dutenak.

21. artikulua. Arau-hausteen eremua eta sailkapena.

Arau-hauste administratiboak dira hurrengo artikuluetan tipifikatutako egiteak eta ez-egiteak, erabiltzaile-izaera duen edo ez duen pertsona bati egotz dakizkiokeenak, zentroko instalazioetan eginak edo haietatik kanpo baina alderdietakoren batekin lotura dagoela; zuzeneko lotura izan daiteke, edo La Bodega kirol-zentroko kide-izaeratik edo han sartzetik eratorritako lotura edo zentroan egiten diren jardueretan parte hartzearekiko lotura.

Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izanen dira, jarraian zehazten denaren arabera:

A) Arau-hauste arinak:

–Ordenantza honetako arau orokorren edo espezifikoen ez-betetze arina.

–Iruzurrez sartzea instalazioetan eta/edo Udalaren baimenik gabe erabiltzea instalazioak, edo sartzeko eskakizunak eta baldintzak bete gabe, ezarritako prezioa ordaindu gabe, erreserba egin gabe edo abonatua izan gabe. Instalazioetan sartzeko asmoz kalteak eragiten badira, larri gisa penalizatuko da.

–Beste pertsona bat abonu edo baimen besterenezin bat uztea, instalazioetan sartzen eta/edo haiek erabiltzen saiatzeko.

–Jaramonik ez egitea arduradunek eta langile baimenduek edo izendatuek emandako jarraibideei eta ohartarazpenei (ahozkoak nahiz idatziak), ondasunei eta pertsonei kalterik eragin gabe. Jokabide hori astun gisa tipifikatzen edo zehatzen ahalko da arrisku posibleren bat hautematen bada edo larrialdi-egoera batean gertatu bada, eta oso astuntzat joko da pertsonei edo ondasunei kalteak eragin bazaizkie.

–Instalazioa erabiltzen ari diren pertsonak edo bertako langileak modu desegokian eta errespetu falta nabarmenez tratatzea.

–Instalazioetan ordena nabarmen asaldatzea edo liskar edo borroka batean parte hartzea, kalte pertsonalik eta materialik eragin gabe. Jokabide horiek astun gisa tipifikatzen edo zehatzen ahalko dira, ondasunetarako edo pertsonentzat arrisku posibleren bat hautematen bada, eta oso astuntzat joko dira pertsonei edo ondasunei kalteak eragin bazaizkie.

–Kiroltasunik gabeko jarrerak eta ekintzak, egoerak kontuan hartuta ez badira astuntzat edo oso astuntzat jotzen.

–Axolagabekeria nabarmenez jokatzea, edo egoeraren arabera beharko litzatekeen zuhurtziarik gabe, halako moldez non, zabarkeria izatera iritsi gabe, pertsonei eta ondasunei kalteak eragiteko arriskua sorraraz baitezakete ekintza horiek.

–Horretarako ez diren eremuetan jolastea eta kirolean aritzea, eta instalazioak haien kirol-erabilerarekin bat ez datozen jardueretarako erabiltzea, pertsonei eta ondasunei kalterik eragin gabe. Arau-hauste astuna izanen da ondasunei eta pertsonei kalte egiteko arriskua eragin bada, eta oso astuna izanen da ondasunei eta pertsonei kalte egiten bazaie.

–Ez erabiltzea oinetako egokirik jardueretan, arriskurik, kalterik eta oztoporik eragin gabe, eta padelean jokatzeko eremuetan kalean erabilitako oinetakoak jantzita sartzea.

–Behar ez bezala edo neurriz kanpo erabiltzea armairuak, aldagelak, komunak, eremu komunak, ekipamendua, hornidurak eta instalazioak, hirugarrenen kaltetan.

–Baimenik gabe manipulatzea gailu fisikoak eta elektronikoak eta ekipamendua mugitzea, esleitutako tokitik aldatzea edo haren egoera aldatzea, aurretiazko baimenik gabe. Arau-hauste astuntzat joko da eragozpenak eragin badira edo pertsonei eta ondasunei arriskuren bat eragin bazaie, eta oso astuntzat pertsonei eta ondasunei kalteak eragin bazaizkie.

–Ekipamendua edo erabilitako espazioa ez uztea egoera egokian, berehala beste pertsona batek erabil dezan. Udal-zerbitzuek esku hartu behar badute material, ekipamendu edo espazio hori berrezartzeko, garbitzeko, leheneratzeko edo konpontzeko, gertaerak astuntzat tipifikatzen eta zehatzen ahalko dira, eta, oso astuntzat, ezin bada egun bat baino gehiagoan erabili.

–Ekipamendua erabiltzen den bakoitzean izerdia lehortzeko toallarik izan gabe edo erabili gabe erabiltzea gimnasioa.

–Gimnasioko eta zentroko beste instalazio eta eremu batzuetako ekipamendua betetzea jarduerarik egin gabe, areto horietan beste pertsona batzuk daudenean.

–Jardueran araututakoa edo erreserbatutakoa baino denbora gehiago ematea, beste pertsona batzuk kaltetuz, edo prezioa ordaindu gabe aritzea; instalazioetan ezarritako ordutegietatik kanpo sartzea, haiek erabiltzea edo haietatik irtetea, edo ondorio horietarako ezarritako baliabideak erabili gabe, edo baimenik gabe eta behar bezala justifikatu gabe egitea.

–Arintzat tipifika daitezkeen gertaeren ondorioz astebetean bi ohartarazpen zehatzaile edo hitzezko kargu-hartze jasotzea, izaera ezberdineko arau-hausteak izanik ere.

–Instalazioetako eta inguruko espazioetako bakea etetea, erabiltzaileei eragozpenak sor diezazkieketen jokabideekin (adibidez, arrazoirik gabe ozenegi hitz egitea, oihukatzea, mugikorretik hitz egitea, musika entzutea entzungailurik gabe, bozgorailu erreproduzitzaileak eta ahotsa, soinua, zarata edo musika kanpora igortzen duten bestelako tresnak erabiltzea), instalazioetako espazio berean gutxienez eragozpenak jasan ditzakeen beste pertsona bat dagoenean; ekintza hau zehatzeko, ez da beharrezkoa izanen kalteak jasaten dituen pertsonak berariaz salatzea gertaera.

–Edozein motatako grabazioak egitea edo irudiak, argazkiak eta soinuak hartzea zentroko instalazioetan edo kanpotik, pertsonarik agertzen ez dela, baina aldez aurretik baimenik eskatu gabe edo ordenantza honetan gaiari dagokionez zehaztu diren gainerako eskakizunak eta betebeharrak edo legez eta arauz aplikatu beharrekoak bete gabe.

–Aurreko jarduketa horiek egitea edo egiten saiatzea instalazioen gainetik hegan egiten duten teknologiak, gailuak edo aparatuak erabiliz, zentroaren barrualdetik edo kanpoaldetik, beste pertsonen irudirik agertu gabe eta arriskurik eragin gabe. Jokabide hori arau-hauste astuntzat tipifikatzen edo zehatzen ahalko da balizko arriskuren bat izan bada, beste pertsona batzuen irudiak agertu badira edo eragozpenak eragin badira, eta oso astuntzat joko da kalteak eragiten bazaizkie pertsonei edo ondasunei.

–Edozein baliabide erabiliz arau-hauste arinak izan daitezkeen egitateak, parte hartzen dutenek edo zuzenean nahiz zeharka horren berri dutenek eginak, zabaltzea, edo parte hartu gabe ere arau-hausteak izan daitezkeela nabarmena den gertaerak zabaltzea, zabaltzeko ekintza hori bera inguruabar larrigarritzat jotzen ez bada. Jokabide hori astuntzat tipifikatzen eta zehatzen ahalko da, zabaldutako gertaerak arau-hauste astunak izan badaitezke, eta oso astuntzat joko dira arau-hauste oso astunak izan badaitezke.

–Ordenantza honetan eta araudian baimentzen ez diren objektuak, elementuak edo materialak instalazioetan sartzea edo horretan saiatzea, betiere ez badira arriskutsuak pertsonentzat eta ondasunentzat. Jokabide hori arau-hauste astuntzat tipifikatzen eta zehatzen ahalko da arrisku posibleren bat izan bada edo eragozpenak eragin badira, eta oso astuntzat jotzen ahalko da pertsonei eta ondasunei kalteak eragin bazaizkie.

–Beste pertsona batzuentzat, premia bereziak dituzten pertsonentzat edo talde eta kolektibo jakinentzat esleitutako edo erreserbatutako eremuak, zerbitzuak, ekipamendua, aldagelak edo komunak erabiltzea, pertsona horiek erabiltzea eragotzi gabe. Jokabide hori arau-hauste astuntzat tipifikatzen eta zehatzen ahalko da eragozpenak sortu badira, eta oso astuntzat, pertsonei edo ondasunei kalteak eragin bazaizkie.

–Ordenantza honetan xedatutakoa urratzea, 16 urtetik beherakoak berariaz haientzat debekatutako eremuetan sartzeari edo debekatuta dauzkaten ekipamenduak erabiltzeari dagokionez. Jokabide hori arau-hauste astuntzat tipifikatzen eta zehatzen ahalko da eragozpenak sortu badira eta ekintza horiek behin baino gehiagotan egiten badira, eta oso astuntzat, pertsonei edo ondasunei kalteak eragin bazaizkie. Arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan, zehapen gehigarri gisa, zentroan sartzea ukatuko zaie adingabeari eta haren arduradunari, ordenantza honetan zehazten den gehieneko denboran, gehienez ere.

–Ordenantzan edo zentroari aplikatu beharreko araudian ezartzen diren gainerako betebeharrak, debekuak eta mugak, astuntzat edo oso astuntzat jotzen ez direnak, ez betetzea; bereziki, 8. eta 18. artikuluetan zehaztutakoari buruzko arau-hausteei dagokienez.

B) Arau-hauste astunak:

–Ezarritako zehapen bat haustea, edozein motatako arau-haustearen ondoriozkoa dela ere.

—Instalazioak, ekipamenduak, kirol-materiala eta beste pertsona batzuen gauzak eta instalazioetako objektuak ebastea, lapurtzea edo nahita hondatzea.

–Behin eta berriz kasurik ez egitea arduradunek eta langile baimendu edo izendatuek instalazioen funtzionamendu egokirako eta pertsonei eta ondasunei arriskuak saihesteko ezartzen dituzten jarraibideei; edo kasurik ez egitea langile horiek instalazioetatik joateko agintzen diotenean.

–18.4 artikulua urratzea, betiere garrantzia, eragin diezaiokeen pertsona-kopurua, emaitza eta adierazgarritasuna kontuan hartuta ez bada arintzat edo astuntzat jotzen.

–Instalazioen barrualdean ordena modu esanguratsuan asaldatzea eta arintzat jotzen ez diren irainak, mespretxuak, laidoak, hitzezko indarkeria eta mehatxuak egitea instalazioetan dauden pertsonei, edo beharrezko errespetuaren falta larria diren jokabideak, edo langile baimenduen eta arduradunen aginpidea gutxiestea, edo kirol-arbitrajeaz arduratzen direnena. Inguruabar larrigarritzat joko da kirol-lehiaketen testuinguruan egiten badira, izan amateurrak edo bestelakoak.

–Zuhurtziagabetasun larriagatik edo zabarkeriagatik pertsonak eta ondasunak kaltetzen dituzten edo kaltetzeko arriskua eragin dezaketen ekintzak egitea.

–Kiroleko indarkeria eta kiroltasunik gabeko jokabideak eta ekintzak zabaltzea, erabiltzea, eragitea eta bultzatzea kirol-jardueretan.

–Instalazioetan sartzen den pertsonari ez dagozkion aldageletan, komunetan eta eremuetan bidegabe sartzea.

–Premia bereziak dituzten pertsonentzako edo talde eta kolektibo jakinentzat gordetako eremuak, zerbitzuak eta ekipamendua erabiltzea, eta pertsona horiek erabili ahal izatea eragoztea.

–Ordenantza honen eta gainerako araudiaren arabera beharrezkoa den kasuetan baimenik lortu gabe edo baimena eman duen agintaritzak ezarritako eskakizunak, baldintzak edo mugak bete gabe jarduerak egitea, irabazizkoak eta ez-irabazizkoak.

–Arau-hauste astuna diren egitateetan parte hartu dutenek edo zuzenean edo zeharka haien berri dutenek edozein baliabideren bidez zabaltzea, baldin eta ez bada inguruabar larrigarritzat hartzen.

–Erretzea, alkohola edatea, drogak kontsumitzea, edari alkoholdunak, substantzia dopatzaileak eta drogak instalazioetan sartzea edo horretan saiatzea eta beste pertsona batzuei haietako edozein eskaintzea zentroko instalazioetan.

–Ordenantza honetan eta araudian baimentzen ez diren edo debekatzen diren objektuak, elementuak edo materialak edo haien antzekoak instalazioetan sartzea, sartzen saiatzea eta erakustea, arriskua dutenak pertsonentzat eta ondasunentzat, kalterik, eragozpenik eta kalterik eta lesiorik eragin gabe; arau-hauste oso astuna izanen da eragozpenak sortzen badira eta pertsonei eta ondasunei kalteak eragiten bazaizkie.

–Gailu piroteknikoak, sukoiak edo lehergaiak sartzea edo horretan saiatzea, edo haien mekanismoen parteak eta osagaiak (karkasak, erregaia, detonagailuak, metxak eta antzekoak), kalterik, eragozpenik eta lesiorik eragin gabe; arau-hauste oso astuna izanen da eragozpenak sortzen badira eta pertsonei eta ondasunei kalteak eragiten bazaizkie.

–Apustu antolatuak egitea, parte hartzea edo bultzatzea, aldez aurretik baimenik izan gabe.

–Erreserbatutako kirol-espazioak hirugarrenei lagatzea edo alokatzea.

–Larria izan gabe instalazioen ohiko funtzionamendua oztopatzen duen eragozpena, ez duena eragiten instalazioak aldi baterako ixtea.

–Urtebeteko epean hiru arau-hauste arin egitea.

C) Arau-hauste oso astunak:

–Pertsonei eta ondasunei kalteak eragiten dizkieten jokabide eta ekintza bortitzak, edo kalte horiek sor daitezkeela ikusarazten duten arriskua eragiten dutenak.

–Instalazioak haien kirol-erabilerarekin bat ez datozen jardueretarako erabiltzea, pertsonei eta ondasunei kaltea eragiteko benetako arriskua sortzen dela.

–Pertsonei eta ondasunei kalteak nahita eragitea edo modu larrian zabarrak edo modu larrian arduragabeak.

–Instalazioaren erabiltzaileei, ikusleei eta bertako langileei fisikoki erasotzea.

–Hitz bidezko indarkeria oso larria arduradunen eta udalak baimendutako eta izendatutako langileen aurka.

–Instalazioen funtzionamendu arrunta modu larrian galarazten duen edo aldi baterako ixtea eragiten duen eragozpena.

–Zentroko instalazioetan dauden pertsonei eskaintzea, preziorik gabe bada ere, alkohola, drogak, substantzia dopatzaileak eta legeei, arauei eta kirol-erregelamenduari jarraikiz debekatuta edo baimendu gabe dagoen beste edozein produktu.

–Aldageletan, dutxetan eta komunetan grabazioak egitea eta irudiak eta soinuak hartzea edozein formatutan eta edozein modutan, bai eta beste pertsona batzuen baimena izanik ere.

–Arau-hauste oso astuna diren egitateetan parte hartu dutenek edo zuzenean edo zeharka haien berri dutenek edozein baliabideren bidez zabaltzea, baldin eta ez bada baloratzen inguruabar larrigarritzat.

–Ordenantza honetan eta araudian baimentzen ez diren edo debekatzen diren objektuak, elementuak edo materialak edo haien antzekoak instalazioetan sartzea, sartzen saiatzea eta erakustea, arriskua dutenak pertsonentzat eta ondasunentzat, kaltea, eragozpenak eta lesioak eragiten direla.

–Gailu piroteknikoak, sukoiak edo lehergaiak erabiltzea eta manipulatzea, edo haien mekanismoen parteak eta osagaiak (karkasak, erregaia, detonagailuak, metxak eta antzekoak), pertsonentzat eta ondasunentzat arriskua izan dezakeen egoera bat sortzeko moduan, edo eragozpenak sortzen badira edo pertsonei edo ondasunei kalteak eragiten bazaizkie.

–Bi urteko epean bi arau-hauste astun egitea.

22. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste diren ekintzak artikulu honetan zehazten den moduan zehatuko dira. Isuna zehapen gehigarria izaten ahalko da.

22.1. Proportzionaltasun-irizpideak.

A. Zehapenak ezartzean, kontuan izanen dira arau-haustea gertatu zenean izandako inguruabarrak. Bereziki, zigorrak mailakatzeko, kontuan hartzen ahalko dira hauetako proportzionaltasun-irizpideetako guztiak edo batzuk:

a) Zenbat jenderi erasan dion arau-hausteak eta zenbateko arriskuak sortu dituen.

b) Arau-haustearen oihartzun soziala.

c) Irudia eta interes publikoei zenbateko kaltea egin dien.

d) Aurrez ohartarazpenik egin ote zitzaion.

e) Nahita egitea.

f) Erantzuleak teknikoki zenbateraino zuen jokabideko xehetasunen berri, bere lanbidearen arabera edo kirol-jardueren arloarekin duen loturaren arabera.

g) Erabilitako indarkeria.

h) Adingaberik ba ote dagoen.

i) Egitateetan parte hartu dutenek edo zuzenean edo zeharka haien berri dutenek edozein baliabideren bidez zabaltzea, baldin eta zabaltzea bera ez bada arau-hauste zigorgarria.

B. Hauek hartuko dira betiere eta beste batzuen artean inguruabar larrigarritzat:

a) Behin baino gehiagotan egin den, hau da, berrerortzea den.

b) Ekintzak preziopean, agintzaripean edo edozein motatako ordainsaripean egitea.

c) Aurrez pentsatzea.

Berrerortzea izanen da, ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteen erantzuleak lehenago zehapen irmoa izan badute administrazio-bidean, larritasun-maila bereko edo handiagoko edozein arau-hauste dela eta, edo larritasun-maila txikiagoko bi arau-hauste edo gehiago direla eta. Berrerortzea izanen da urtebete baino gutxiago igaro bada lehenbiziko arau-haustetik.

C. Inguruabar aringarritzat jotzen ahalko dira, besteak beste, berez damutzea, egindako ekintzaren ondorioak minimizatzeko gerora egindako egintzak eta kalte-ordainak eta konponketak aurretiaz ordaintzea.

22.2 Arau-hausteen zehapena zehaztea.

A) Arau-hauste arinen ondorioz, zehapen hauek ezartzen ahal dira: hitzez kargu hartzea, idatziz ohartaraztea, erabiltzaile-izaera galtzea gehienez ere hilabetez, epe horretan instalazioetan sartzeko debekua eta/edo 300 euro bitarteko isuna.

B) Arau-hauste astunen ondorioz, zehapen hauek ezartzen ahal dira: erabiltzaile-izaera galtzea gehienez ere urtebetez, edo epe horretan instalazioetan sartzeko debekua eta/edo 301 eurotik 1.000 euro bitarteko isuna.

C) Arau-hauste oso astunen ondorioz, zehapen hauek ezartzen ahal dira: erabiltzaile-izaera galtzea gehienez ere hiru urtez, edo epe horretan instalazioetan sartzeko debekua eta/edo 1.001 eurotik 3.000 euro bitarteko isuna.

Zehapen baten ondorioz erabiltzaile-izaera galtzeak berekin ekarriko du instalazioa erabiltzeko ordaindu zen prezioa galtzea, dirurik itzuli gabe.

Astuntzat edo oso astuntzat sailkatutako ekintzengatik zehatzeak berekin ekartzen ahalko du Udalak taldearekin edo entitatearekin duen harremana amaitzea, adostutako abantailak galtzea edo sinatutako hitzarmena iraungitzea.

Ordenantza ez bada betetzen, eta alde batera utzita arau-hauste baten ondorioz hala badagokio aplikatu beharreko zehapena, eragindako kalteak konpondu, berrezarri eta/edo ordaindu beharko ditu erabiltzaileak; eta, hala badagokio, dagozkion interesak ordaindu beharko ditu. Udalak, ordenamendu juridikoan xedatutakoarekin bat, betebeharra duen pertsonaren kontura eginen ditu gauzak arau-haustearen aurretik zeuden egoerara itzultzeko egin beharrekoak.

23. artikulua. Arau hausteen eta zehapenen preskripzioa.

1 Ordenantza honetan arautzen diren arau-hauste eta zehapenek honako preskripzio-epe hauek izanen dituzte:

a) Arau-hauste arinek eta haiei dagozkien zehapenek, 6 hilabeteren buruan.

b) Arau-hauste astunek eta haiei dagozkien zehapenek, 2 urteren buruan.

c) Arau-hauste oso astunek eta haiei dagozkien zehapenek, 3 urteren buruan.

2. Arau-hausteen preskripzio-epea zenbatzen arau-haustea egin zen egunean hasiko da, salbu eta jarduera jarraitu batetik eratorritako arau-hausteen kasuan; haietan, preskripzioa zenbatzen hasteko data hau izanen da, zer dagokion: modu fede-emailean jakin zenekoa, jarduera amaitu zenekoa edo arau-haustea gauzatzen duen azken ekintza egin zenekoa.

3. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio-epea.

4. Preskripzio-epea eten eginen du zehapen-prozedura hasteak; baina hilabetez aurrera egin gabe jarraitzen badu prozedura horri lotutako pertsonari edo entitateari egotzi ezin zaion kausaren batengatik, preskripzio-epeak zenbatzen jarraituko du.

24. artikulua. Errekurtsoak.

Ematen diren ebazpenen aurka, indarreko legedian oro har ezarritako errekurtsoak aurkezten ahalko dira. Errekurtso horiek ebatzi arte, ez da instalaziora sartzen ahalko hura erabiltzeko aukera aldi baterako edo behin betiko galdu duen pertsona, betiere ez bada aurkakorik zehazten.

XEDAPENAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Erregelamendu honek indarra hartutakoan, indargabetuta geldituko da gai honi aplikatu beharreko maila bereko edo apalagoko udal-araudia.

Azken xedapena.–Indarrean sartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du eta ezagutu eta bete beharrekoa izanen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratzen denean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako hamabost egun balioduneko epea bukatzen denean.

Iragarkiaren kodea: L2410508