Iragarkia
150. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
SAKANAKO MANKOMUNITATEA
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko berdintasun teknikariaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, eta euskarako C1 mailako nahitaezko hizkuntza-eskakizunarekin
Mankomunitateko buruak, 2023ko abenduaren 29ko 403/2023 Ebazpenaren bidez, Sakanako Mankomunitatearen lan publikoaren eskaintza onetsi zuen 2024ko ekitaldirako, eta 2024ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 18an.
Mankomunitateko buruak, 2024ko ekainaren 25eko 318/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi du, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko berdintasun teknikariaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa, eta euskarako C1 mailako nahitaezko hizkuntza-eskakizunarekin, Sakanako Mankomunitatearen zerbitzura jarduteko.
Hautapen-prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatu estatutua garatu eta gauzatzeko Sartzeko Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen oinarriak.
Lakuntzan, 2024ko ekainaren 25ean.–Mankomunitateko burua, Aitor Larraza Carrera.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1. oinarria.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Sakanako Mankomunitateko berdintasun teknikariaren lanpostua betetzea oposizio-lehiaketaren bidez eta funtzionarioen araubidean. Halaber, hautaketa-prozesua baliatuz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat eratu nahi da, sortzen diren beharrei erantzuteko.
1.2. Deitzen den lanpostu hutsak 13 zenbakia du plantilla organikoan.
1.3. Hautaprobak gainditu ondoan, deialdi honetako lanpostua betetzeko izendatzen den langilea B mailan edo taldean sartuko da, eta jasoko ditu Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarritako ordainsariak (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua) eta Mankomunitate honetan aplikatzeko diren gainerako xedapenetan ezarritako ordainsariak, bai eta udalaren plantilla organikoan ezarritakoak eta aplikatu beharreko araudiaren arabera dagozkienak ere.
1.4. Plaza lortzen duen izangaia funtzionario bihurtuko da, izanen ditu langileen arloan indarrean dauden xedapenek adierazten dituzten eskubide eta betebehar guztiak, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean afiliatuko da, eta alta emanen zaio, araubide horrek Sakanako Mankomunitatearentzat ezartzen duen babesaren pean.
1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, beharrezkoa baldin bada.
1.6. Oposizio-lehiaketa bidez eginen da hautapena, izan ere, horixe da sistemarik egokiena, deialdiko lanpostuarengatik eta bete beharreko eginkizunengatik, zeren, berdintasun teknikariaren lanpostua izanik, hobeki aplikatzen baitira izangaien merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioak, ez baitira soilik kontuan hartuko haien ezagutza teorikoak, honako hauek ere baloratuko baitira: lan esperientzia eta bete beharreko eginkizunekin lotutako prestakuntza espezifikoa.
1.7. Egin beharreko lanak berdintasun teknikari bati dagozkionak izanen dira.
2. oinarria.–Baldintzak.
2.1. Hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Izatea Espainiako nazionalitatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, unibertsitateko gradudun edo diplomadun titulua edo balio bereko beste bat izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazioa edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta lanpostuaren jabetza hartu arte.
2.3. Izangaiek baldintza horiek frogatu beharko dituzte deialdi honen oinarriek ezartzen duten unean.
3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
3.1. Parte hartzeko eskabideak Sakanako Mankomunitatearen erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dira, Mankomunitatearen egoitza elektronikoan: https://sedeelectronica.sakana-mank.com, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 30 egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.
Eskabidea aurkezten bada 39/2015 Legean ezarritako beste erregistroren batean, eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen barnean, idazkaria@sakana-mank.eus helbide elektronikora igorriko da deialdian parte hartzeko eskabidea, eta adieraziko da zer erregistrotan aurkeztu den dokumentazio osagarria.
Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, ziurtatu aurretik.
Eskabideak aurkeztuko dira deialdi honen I. eranskineko ereduari jarraikiz. Eskabidean izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatzen diren baldintza guzti-guztiak hautapen-prozesuan parte hartzeko. Sakanako Mankomunitatearen egoitza elektronikoan ere eskuratzen ahalko da eskabide-eredua.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.
Denborak eta baliabideak egokitu daitezela eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, agiri hauetako baten kopiaren bidez:
–Organo eskudunak emandako ziurtagiria.
–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.
Desgaitasuna duten izangaiek epeak eta baliabideak egokitzeko eskatzen ahalko dute ariketak egiteko, hala behar izanez gero. Kasu horietan, eskabidean, beste orrialde batean, adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.2. Parte hartzeko I. eranskineko eskabidearekin batera, izangaiek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
–Indarreko NANaren edo pasaportearen kopia.
Europar Batasuneko beste estatu kideetako izangaien kasuan, jatorrizko herrialdeko nortasun agiri balioduna, indarrean dagoena, non agertuko baita titularraren nazionalitatea, edo pasaportea.
Espainiako herritarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko herritarren ezkontide direnek, herritar horien ondorengoek eta –zuzenbidez bananduta ez badaude– ezkontidearen ondorengoek, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, baldin haien kontura bizi badira, pasaportea eta Europar Batasunean bizi den baten ahaide izatearen txartela; betiere, ez badira Europar Batasuneko estatu bateko herritarrak (izanez gero, aurreko apartatuan azaldutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute).
–2.1.c) oinarriko baldintza frogatzen duen tituluaren kopia.
–II. eranskinaren arabera alegatutako merezimenduen frogagirien kopia.
–Hala badagokio, desgaitasuna duten izangaien probak egiteko denbora eta baliabide egokitzapenei buruzko dokumentazioa eta desgaitasuna frogatzen duen ziurtagiria.
3.3. Izangaiek helbide elektroniko bat adieraziko dute eskabidean, jakinarazpenak jasotzeko.
4. oinarria.–Izangaien onarpena. Behin-behineko zerrendak.
Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda hori Sakanako Mankomunitatearen egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta adieraziko da ezen, hurrengo hamar egun balioduneko epean, baztertutako izangaiek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta egindako akatsak zuzendu, halakorik egin badute.
5. oinarria.–Izangaien onarpena. Behin betiko zerrendak.
5.1. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, Mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, aditzera emanik, orobat, deialdi honetan ezarritako hautaprobak egiteko lekua, eguna eta ordua. Ebazpen hori Sakanako Mankomunitatearen egoitza elektronikoan argitaratuko da.
5.2. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztela. Kontratazioa egiteko deia egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertu eta gero, ikusten bada baldintzaren bat ez dela betetzen denborari edo formari dagokionez, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.
6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
1.–Epaimahaiburua: Aitor Larraza Carrera, Sakanako Mankomunitateko burua.
Epaimahaiburuaren ordezkoa: Oihana Olaberria Jaka, Sakanako Mankomunitateko buruordea.
2.–Lehen epaimahaikidea: Nafarroako Berdintasunerako Institutuak izendatutako berdintasun teknikari bat.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
3.–Bigarren epaimahaikidea: María Balda Galán, Sakanako Mankomunitateko gerentea.
Ordezkoa: Iker Manterola Matxain, Sakana Garapen Agentziako gerentea.
4.–Hirugarren epaimahaikidea: Ana Jesús Carrillo Simón, sindikatuen ordezkaria Sakanako Mankomunitatean.
Ordezkoa: Sakanako Mankomunitateko langileen ordezkariek izendatzen dutena.
5.–Epaimahaikide idazkaria: Ana Leache Arrese, Sakanako Mankomunitateko idazkaria.
Ordezkoa: Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako baten udal idazkaria.
6.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.
6.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
7. oinarria.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.
Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
7.1. Lehiaketaldia. Merezimenduak.
Eskabideak aurkezteko epean aurkeztuko dira 3. oinarrian adierazitako merezimenduak.
Aurkeztutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
Lehiaketaldian 30 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman ezarritako gehieneko puntuazioa baino, baremoko atal bakoitzaren arabera.
Izangaiek guztira lortzen dituzten puntuetan berdinketarik bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan antzinatasunik handiena dutenen alde joko da. Hala ere berdinduta segitzen badute, lehiakide zaharrenari emanen zaio lehentasuna.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Sakanako Mankomunitatearen egoitza elektronikoan izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta bost egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
Egiten diren erreklamazioak kalifikazio-epaimahaiak ebatzi ondoren, epaimahaiak Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko ditu parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak.
7.2. Oposizioaldia.
Oposizioaldian 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez.
Oposizioa 2024ko azarotik aitzina hasiko da.
Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute NANa, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertu eginen dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko III. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.
Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen araudiaren arabera exijituko dira gai guztiak.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:
a) Lehen ariketa. Teorikoa: gehienez 40 puntu.
Proba teorikoa izanen da; test motako hainbat galderari erantzun beharko zaie, idatziz, epaimahaiak proba hasi baino lehen ezarriko duen gehieneko denboran. Galdera bakoitzak zenbait erantzun-aukera izanen ditu, deialdi honen III. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak.
Proba hasi baino lehen, zehaztuko dira proba baloratzeko irizpidea eta erantzun okerren penalizazioa, zenbait erantzun-aukera dituzten galderetarako.
Prozesutik kanpo geratuko dira gutxieneko 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak, eta, beraz, ezin izanen dira hurrengo probara aurkeztu.
Probak egiteko, ez daiteke erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik nahiz bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.
Halakorik bada, epaimahaiak hurrengo probetarako deialdiak argitaratuko ditu 48 orduko aurrerapenarekin; bertan adieraziko du proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda, bai eta oposizioaldiko proba non, noiz eta zer ordutan eginen den ere.
b) Bigarren ariketa. Proba teoriko-praktikoa: gehienez 30 puntu.
Ariketa teoriko-praktikoa izanen da; III. eranskineko gai-zerrendako zati espezifikoko gaiei buruz epaimahaiak proposatuko dituen kasu praktiko batzuk garatu eta ebatzi beharko dira, idatziz.
Baztertu eginen dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Ariketa honen iraupena zehaztuko da ekitaldiaren hasieran.
Gutun-azal itxien sistemaren bidez eginen da ariketa.
Epaimahaiak Sakanako Mankomunitatearen egoitza elektronikoan argitaratuko ditu ariketaren behin-behineko emaitzak, gutun-azal itxien zenbakiekin, eta adieraziko ditu gutun-azalak irekitzeko eguna eta ordua. Gutun-azal itxiak ireki ondoren, bost egun naturaleko epea emanen zaie izangaiei alegazioak aurkez ditzaten.
8. oinarria.–Epaimahaiaren proposamena.
Izangaien kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak prozesua gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du Mankomunitatearen egoitza elektronikoan, lortutako puntuazioaren arabera, eta Mankomunitateko buruari helaraziko dio hautaketa-prozesuan puntuazio handiena lortu duen pertsona izendatzeko proposamena.
Epaimahaiak, halaber, hautapen prozesuan plazarik gabe gainditu duten izangaien zerrenda aurkeztuko dio buruari, aldi baterako kontratazioak egin ahal izateko zerrenda bat osatzeko. Zerrenda horretan sartuko dira, oposizio-fasea gainditu ez arren, hautaketa-prozesuaren lehen ariketa gainditu duten hautagaiak.
Prozesua gainditu duten izangaien zerrendan, izangaien ordena erabakiko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera.
Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinketak iraunen balu, lehen ariketan lorturiko puntuazioa hartuko litzateke kontuan. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.
Epaimahaiak proposamena eginen dio Mankomunitateko buruari puntuaziorik handiena lortu duen izangaia funtzionario izendatzeko, eta hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Epaimahaiak egindako izendapen-proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen Mankomunitatearentzat, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9. oinarria.–Agiriak aurkeztea. Izendapena eta karguaz jabetzea.
9.1. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Sakanako Mankomunitatearen erregistro orokorraren bidez:
a) NANaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen agiri baliokidearena.
b) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
c) Izangaiari hitzordu bat emanen zaio, lanpostua betetzeko gaitasun psikofisikoa duela egiaztatzeko; hori guztia, deialdi honetako 2. apartatutako d) letran ezarritakoari jarraituz. Sakanako Mankomunitatearen Prebentzio Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa hori.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (8. oinarrian aipatutako zerrenda), eta aurreko apartatuetan ezarri bezala jokatuko da.
9.2. Izendapena.
Eskatzen zaizkion agiriak aurkeztu ondoren, buruaren ebazpen baten bidez, Sakanako Mankomunitateko funtzionario izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.3. Jabetza hartzea.
Izendapen ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz izangaiak.
Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak eskubide guztiak galduko ditu Sakanako Mankomunitatean funtzionario sartzeko.
10. oinarria.–Datuen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna: Sakanako Mankomunitatea.
Datuak babesteko ordezkaria: idazkaria@sakana-mank.eus.
Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea botere publikoen jardunean.
Oinarri juridikoa: DBEO, 6-1-e art., interes publikoaren izenean edo botere publikoen izenean egindako eginkizun bat betetzeko tratamendua.
251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatutako helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira harik eta Mankomunitateak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izateari utzi arte. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak epaile eta auzitegiei laga dakizkieke, prozeduran interesa duten pertsonei, indarreko legedia betez, eta argitaratuko dira toki-erakundearen egoitza elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute datuak babestearen arloko eskubideak baliatzeko, erregistrora edo egoitza elektronikora joz.
Interesdunek, orobat, erreklamazioa jar dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Mankomunitateko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen Legea), bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA.–BERDINTASUN TEKNIKARIAREN DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKAERA-ORRIA
IZEN-DEITURAK | NAN/AIZ | |
HERRIA (PK) | HELBIDEA | |
TELEFONO MUGIKORRA | HELBIDE ELEKT. | |
Desgaitasunaren frogagiriak (bidezko denean, bakarrik):
Desgaitasuna dut eta eskabidearekin batera frogatzen dut.
Desgaitasuna dut eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dut, adierazten ditudan arrazoiengatik.
AZALTZEN DUT:
Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik, eta indarrean dauden xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan eta ez naizela desgaitua ez eta gabetua ere eginkizun publikoak betetzeko. Baditudala deialdian eskatzen diren tituluak eta bertako baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Eskabidearekin batera aurkezten ditudala lehiaketaldirako merezimenduen fotokopia.
ESKATZEN DUT:
Deialdian onartua izatea, berdintasun teknikariaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.
Eguna eta sinadura
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA. 30 PUNTU GEHIENEZ
1. Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 20 puntu gehienez.
i. Administrazio publikoan berdintasun teknikari edo agente lanpostuetan lan egindako urteak: 2 puntu urte bakoitzeko.
Egindako zerbitzuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako inguruabar hauek:
a) Urte kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.
b) Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
c) Beste zerbitzu batzuekin aldi berean egindako zerbitzuen kasuan, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
d) Baloratzeko, sei hilabete baino gehiago iraun duten lan-kontratuak bakarrik hartuko dira kontuan.
e) Lan egindako denbora baloratzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira: lan-bizitza, kontratuak eta zerbitzuak egin dituen administrazioaren ziurtagiria, frogatzen dituena egindako eginkizunak, lanposturako eskatutako titulazioa eta mailaketa.
f) Deialdia argitaratu ondotik egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.
g) Administrazio publikoetako langileen kasuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horietako zerbitzuak kontatzeari dagokionez, egoera horietan sartzean zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.
2. Prestakuntza: 10 puntu gehienez.
Deialdiko lanpostuaren edukiarekin lotutako prestakuntza jarduerak edo titulazioak baloratuko dira:
–Unibertsitateko graduondoko ikasketa amaituak, lotura dutenak teknikari lanpostuarekin: 2 puntu emanen dira (eta 8 puntu gehienez) prestakuntzako 200 orduko; prestakuntza horrek sartua egon behar du unibertsitateko goi mailako hezkuntza sisteman. Ez da baloratuko 200 ordu baino gutxiagoko prestakuntza-ikasketarik. Gutxieneko prestakuntza hori gainditurik, 200 ordutik beherako zatiei esleituko zaie dagokien puntuazio proportzionala.
–Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko ikastaro amaituak. 0,1 puntu emanen da 10 orduko, eta 2 puntu gehienez.
Ez dira baloratuko iraupen orduak zehaztuta ez dauzkaten ikastaroak.
Lehiaketan ez dira baloratuko deialdian sartzeko aukera ematen duten titulazioak.
III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. zatia.–Araudi orokorra.
1. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia.
2. gaia.–Europar Batasuneko zuzenbidea: haren iturriak. Sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Tratatuak. Erregelamenduak, zuzentarauak eta erabakiak. Europar Batasuneko zuzenbidearen eta estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko loturak. Politika erkideak.
3. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Ekonomia eta Ogasuna. Estatuaren lurralde-antolamendua. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
4. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.
5. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.
6. gaia.–Nafarroako Gobernua: Eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.
7. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.
8. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Urriaren 1eko 40/2015 Legea: xedapen orokorrak; sektore publikoaren funtzionamendua eta jarduteko printzipioak; administrazio publikoetako organoak; hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak.
9. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Egintza administratiboak: Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.
10. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak: Prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.
11. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
12. gaia.–Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio Elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.
13. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
14. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
15. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua "Nafarroako toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa"; III. titulua " Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea"; V. titulua "Jarduerak, zerbitzuak eta obrak"; VI. titulua "Kontratazioa"; VII. titulua "Nafarroako toki-erakundeen zerbitzuko langileak".
16. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua; I. titulua "Xedapen orokorrak".
17. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua "Xedapen orokorrak"; I. titulua "Dirulaguntzak eman eta kudeatzeko prozedurak".
18. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: Aplikazio-eremua. Dirulaguntza publikoei buruzko xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzen itzulketa. Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.
2. zatia.–Zati espezifikoa.
1. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa.
2. gaia.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
3. gaia.–1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzkoa.
4. gaia.–9/2018 Errege Lege Dekretua, abuztuaren 3koa, Genero indarkeriaren aurkako Estatu Hitzarmena garatzeko premiazko neurriei buruzkoa.
5. gaia.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari aurre egitekoa.
6. gaia.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.
7. gaia.–Erabakia, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 22an hartua, "LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen ekintza plana" onesten duena.
8. gaia.–Genero berdintasuna Nafarroako toki entitateetan. Udalaren berdintasun alorretako lana planifikatu, kudeatu eta ebaluatzeko ibilbidea.
9. gaia.–Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen ekintza plana.
10. gaia.–10/2022 Lege Organikoa, irailaren 6koa, sexu askatasunaren berme osoarena. Atariko titulua. II. titulua. IV. titulua eta VII. titulua.
11. gaia.–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatzeko Nafarroako erakunde arteko III. akordioa.
12. gaia.–Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean batera jarduteko protokoloa. Profesionalentzako gidaliburua. Nafarroako Berdintasunerako Institutua.
13. gaia.–Emakumeen aurkako indarkeria, jarduteko eta koordinatzeko tokiko protokoloak prestatzeko gida. Nafarroako Berdintasunerako Institutua.
14. gaia.–Sexuaren eta generoaren arteko harremanaren alderdi orokorrak. Zuzeneko eta zeharkako diskriminazioa (esanahia, zer eremutan gertatzen diren, horiek hautemateko estrategiak). Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa txertatzeko "estrategia duala". Ekintza positiboa eta genero zeharkakotasuna (lege esparrua, definizioa, filosofia).
15. gaia.–Genero berdintasuneko planak: diseinua. Helburuak ezartzea. Garatzeko prozedura. Horien ebaluazioa.
16. gaia.–Politika publikoetara aplikatutako genero teoria eta genero ikuspegia. Genero zeharkakotasuna administrazioan.
17.–Sakanako Mankomunitateko emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana: http://sakana-mank.eus/es/berdintasuna/.
18. gaia.–Komunikazio eta hizkuntza inkluskoa: gomendioak eta erabiltzeko jarraibideak. Sakanako Mankomunitatearen komunikazioan hizkuntza inklusiboa eta ez-sexista erabiltzeko Ordenantza (2024ko martxoaren 4ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen).
19. gaia.–Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Nafarroako plan estrategikoa 2022-2027 aldirako.
20. gaia.–260/2019 Foru Dekretua, irailaren 30ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena.
21. gaia.–Estatuko egiturak: Berdintasun Ministerioa. Emakumeen Institutua. Genero indarkeriaren aurkako gobernu-ordezkaritza. Emakumeen aurkako indarkeriaren arloko Estatuko behatokia.
22. gaia.–Genero berdintasunaren aldeko Europako estrategia 2020-2025 aldirako.
23. gaia.–Genero Berdintasunerako Europako Institutuaren Genero Berdintasunaren Europako Indizea.
24. gaia.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean osorik babestekoa.
25. gaia.–4/2023 Legea, otsailaren 28koa, trans pertsonen benetako berdintasun efektiborako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzekoa. (baldin eta erabakitzen bada deialdiko probetan egitea LGTBI+ arloari buruzko galderak; 6. eta 7. gaiak ikusita, hala izanen dela ematen du).
26. gaia.–Genero arrazoiengatiko eraginari buruzko txostenak prestatzea. Metodologia. Araudia eta aplikazio eremua.
27. gaia.–Zainketen aldeko itunak Nafarroan. Zainketen aldeko tokiko itunak.
28. gaia.–Genero berdintasunari buruzko klausulak kontratu, dirulaguntza eta hitzarmen publikoetan.
29. gaia.–27/2024 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko berdintasun unitateen eginkizunak eta horien koordinazio egiturak arautzen dituena.
30. gaia.–44/2024 Foru Dekretua, apirilaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki-erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan koordinatzeko batzordea sortzen duena eta haren funtzioak, osaera eta funtzionamendu-araubidea arautzen dituena.
31. gaia.–Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduna koordinatzeko Sakanako lurralde protokoloa.
Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediarekin.
Iragarkiaren kodea: L2410268
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
