Iragarkia
150. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TULEBRAS
Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat bete dadin oposizio-lehiaketa bidez
Tulebrasko Udaleko alkateak 2024ko ekainaren 25ean emandako dekretu baten bidez, deialdi bat onetsi da, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat.
Hona hemen deialdiaren
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea eta arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, D mailakoa, lan-kontratudun finkoen araubidean aritzeko Tulebrasko Udalaran zerbitzura.
1.2. Era berean, deialdi honen xedea da hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, 9. apartatuan ezarritakoarekin bat, izangaien zerrenda bat eratzea, zerbitzuan sortzen diren beharren arabera lanpostuak aldi baterako betetzeko.
1.3. Lanpostuak D mailarako ezarritako ordainsariak izanen ditu, bai eta lanpostuko ordainsari osagarri bat ere, %16,35ekoa; hori guztia, bat etorriz xedatuta dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamendua onesten duen 158/1984 Foru Dekretuan. Horrez gain, ordainsari osagarriak jasotzen ahal dira, baldin halakorik ezartzen bada aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan eta hala jasota badago Tulebrasko Udalaren urteko plantilla organikoan.
1.4. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Lanaldiaren araubidea eta ordutegia zerbitzuaren beharretara egokituko dira une oro, eta organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dituzte, beharrezkoa baldin bada. Oro har, astelehenetik ostiralera lan eginen da, baina behar diren jaiegunetan ere lan egin beharko da. Orobat, lanpostuari berez dagozkion eginkizunak bete beharko dira Udalak antolatzen dituen edo laguntzen dituen ekitaldi guztietan, herriko jaiak barne, urte osoan zehar.
1.5. Lanpostuaren titular izendatzen denak zerbitzu anitzetako berezko jarduerak eginen ditu obra lantaldean. Hona hemen horietariko batzuk, aipatzearren eta bestelakoak baztertu gabe:
–Azpiegitura publikoak mantentzeko lanak, hala nola hilerria, bideen konponketa, plaza publikoak, parkeak eta lorategiak, udaletxea eta udalaren gainerako higiezinak.
–Kaleak eta bide publikoak garbitzeko lanak.
–Berdeguneak, zuhaiztiak, loreak eta zuhaixkak mantentzeko lanak (kimatzea, soropila moztea, landatzea, ereitea, ongarria botatzea...), udalerriko ureztaketak kudeatzea barne. Izurrite arruntei aurre egiteko bitartekoak ere kudeatuko ditu eta beharrezkoak diren tratamenduak aplikatuko ditu, metodo jasangarriak, ekologikoak eta ingurumena errespetatzen dutenak baliatuta.
–Azpiegituren, parkeen, lorategien, berdeguneen eta udal-eraikinen ohiko mantentze-lanek eskatzen dituzten igeltserotzako, iturgintzako, oinarrizko elektrizitateko, soldadurako, zurgintzako pinturako eta lorezaintzako lanak. Beharrezkoa bada, konponketak eta obra txikiak ere eginen ditu.
–Toki batetik bestera mugitzea eta instalatzea hiri barneko altzariak eta objektuak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak, eta abar.
–Bere jardun-eremuarekin lotutako makineria, ibilgailu, erreminta eta lanabesak kontrolatzea, maneiatzea, mantentzea eta konpontzea, bai eta erreminten eta makinen behar posibleak proposatzea eta justifikatzea ere. Udal-ibilgailuaren oinarrizko mantentze- eta zaintze-lanak ere egin beharko ditu.
–Basolanak eta ingurumena zaintzera bideratutakoak, bai eta ibaiak eta ezpondak zaintzekoak ere; hori guztia udalaren eskumenen esparruan.
–Herritarrek hirigintzaren arloan egiten dituzten jarduketak ikuskatzea eta kontrolatzea.
–Eremu publikoak prestatzea ospakizunetarako eta haietan behar diren gauzak jartzea. –Jai eta ekitaldi publikoetan agertokiak eta bestelako altzariak muntatzea eta desmuntatzea.
–Udaletxea eta gainerako ekipamendu publikoak garbitzea.
–Medikuaren kontsultategia irekitzea, ixtea eta garbitzea.
–Udalaren iragarkiak, bandoak eta publizitatea banatzea eta paratzea, eta udalaren jakinarazpenak bideratzea. Orobat, posta arrunta bidali beharko du La Socarrada urbanizaziora.
–Hilerriko zerbitzu integraleko lanak. Hobitik ateratzeak eta ehorzketak.
–Bere maila eta kategoriaren barnean agintzen zaizkion gainerako lanak.
2.–Baldintzak.
Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
–Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
–Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa.
Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura biziz gero.
–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko eginkizunetan aritzeko.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Izangaiek alegatzen badute eskatutako kategorian aritzea ahalbidetzen dieten ikasketa baliokideak badituztela, baliokidetasun hori onartzen duen lege edo erregelamenduzko xedapena aipatu beharko dute edo, bestela, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandako ziurtagiria aurkeztu.
Atzerrian lortutako tituluak baldin badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.
Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea, ezta diziplinako kaleratze bidez bidalia ere.
–B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.
–Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek aurkeztu beharko dute zinpeko deklarazio bat edo hitzemate bat, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, galarazten dienik beren estatuko funtzio publikoan sartzea.
Baldintza horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko ditu bai plaza betetzeko izendatutakoak, bai aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen dutenek, deialdi honen 7. oinarrian adierazitako epean eta moduan.
Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak edo Udalari baimena ematen ez diotenak horiek kontsultatzeko, plaza bete behar badute, ezin izanen dira kontratatu. Ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautaketa-prozesuak, izendapenak eta kontratazioak iraun bitartean ere.
3.–Eskaerak aurkeztea.
3.1. Eskabideak aurkezteko epea.
Deialdian parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.
Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu behar dute bide telematikoz (https://tulebras.sedelectronica.com); presentzialki, udalaren erregistro orokorrean, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), I. eranskinean jasotzen den eskabide ereduari jarraikiz.
3.3. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Behar bezala betetako eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
Nortasun agiri nazionalaren kopia edo atzerritarraren identifikazio-zenbakiaren (AIZ) kopia.
B kategoriako gidabaimenaren kopia.
II. eranskineko zinpeko deklarazioa, non izangaiak adieraziko duen deialdian parte hartzeko baldintzak betetzen dituela.
Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira, noiznahi.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratzeko aginduko du.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hurrengo hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzita, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du hura argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.
Behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko dira 6. puntuan jasotako probak hasteko tokia, eguna eta ordua. Edonola ere, 2024. urteko bigarren seihilekoan izanen dira.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozedura gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Cristina Díaz Soria, Tulebrasko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Paula Val Naval, Tulebrasko Udaleko zinegotzia.
Lehen epaimahaikidea: Santos Jiménez Royo, Monteagudoko Udaleko arduraduna.
Ordezkoa: Monteagudoko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua daukan funtzionario bat.
Bigarren epaimahaikidea: José Antonio Martínez Zueco, Ablitasko Udaleko arduraduna.
Ordezkoa: Ablitasko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua daukan funtzionario bat.
Hirugarren epaimahaikidea: Arantza Ayensa Gómara, Tulebrasko Udaleko alkateordea.
Ordezkoa: Esther Jiménez Pellejero, Tulebrasko Udaleko kontu-hartzailea.
Laugarren epaimahaikidea, eta idazkaria: M.º Izaskun Zozaya Yunta, Tulebrasko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Ablitasko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta Tulebrasko Udalari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako ezarrita dauden arrazoiak (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiaren konposizioa aldatzen bada abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren apartatuen interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
5.6. Epaimahaiak erabakiak hartzeko behar dituen txosten tekniko eta juridikoak eskatu ahal izanen ditu.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
Hautaketa-prozesua ondoz ondoko bi aldietan gauzatuko da: lehenbizikoa, oposizioaldia, eta, bigarrena, lehiaketaldia. Hortaz, soilik baloratuko dira oposizioaldia gainditu duten izangaiek aurkeztutako merezimenduak. Oposizio-lehiaketan, guztira, 100 puntu lortzen ahal dira.
6.1. Oposizioaldia.
6.1.1. Alkatetzak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta ebazpen horretan zehaztuko dira oposizioko lehenbiziko proba egiteko tokia, eguna eta ordua.
Oposizioaldiko proba bakoitza zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, eta, halaber, hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.
Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek aldean eraman beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena, edo, bestela, epaimahaiak nortasuna frogatzeko nahikoa irizten dion beste identifikazio agiri bat.
Oposiziotik baztertu eginen dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
6.1.2. Oposizioaldiko probak honako apartatu honetan zehaztutakoak izanen dira, deialdiko II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak, eta gai-zerrendako ordena berean eginen dira.
6.1.3. Oposizioan 90 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ariketa hauek izanen ditu:
6.1.3.1. Lehen ariketa.
Proba teorikoa izanen da, eta hartan idatziz erantzun beharko zaie test motako 80 galderari, gehienez ere, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Hiru aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Ongi erantzundako galdera bakoitzari puntu bat emanen zaio, eta erantzun oker bakoitzagatik 0,25 puntu kenduko dira. Erantzun gabe utzitako galderak ez dira puntuatuko, eta haiengatik ez da punturik kenduko.
Kalifikazioa: ariketan gehienez ere 40 puntu lor daitezke.
Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 20 puntu lortzen ez dituztenak.
6.1.3.2. Bigarren ariketa.
Lanpostuarekin zerikusia duten bi proba eta/edo kasu praktiko egin beharko dira, II. eranskinean jasotako gaiei buruzkoak.
Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira. Proba bakoitzean, 10, puntu, gutxienez, erdietsi behar dira.
6.1.3.3. Elkarrizketa pertsonala.
Probak gainditzen dituzten guztiei eginen zaie elkarrizketa pertsonala.
Elkarrizketa ez da baztertzailea izanen, eta hura aurrera eramateko arlo horretan espezializatuta dauden pertsonen edo enpresen aholkularitza izanen du Udalak.
Apartatu honetan, gehienez, 10 puntu lor daitezke.
6.1.4. Ariketak plika-sistemaren bidez eginen dira, salbu eta proba praktikoak egiten badira eta ez kasu praktikoak.
6.1.5. Epaimahaiak ezarriko du zenbat denbora izanen duten izangaiek proba bakoitza egiteko. Edonola ere, probak zer egunetan eginen diren adierazten duenean iragarriko du hori.
6.1.6. Proben edukiari buruzko alegazioak jartzeko hiru egun baliodun izanen dira, ariketa egin den egunaren biharamunetik, edo, test motako ariketaren kasuan, erantzun zuzenen plantilla argitaratzen den egunaren biharamunetik. Test motako ariketari buruzko alegazioei dagokienez, epaimahaiak aztertu eginen ditu, eta ebatzitzat eta erantzuntzat joko dira aldatutako erantzunen txantiloia argitaratzearekin bat edo, hala badagokio, probaren kalifikaziotik ondorioztatzen den erabakiarekin.
6.1.7. Soilik hiru egun balioduneko epean onartuko dira azterketak berrikusteko eskabideak, ariketako kalifikazioak argitaratu eta biharamunetik.
6.1.8. Berdinketarik gertatuz gero, joko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiena lortu dutenen alde. Berdinduta jarraituz gero, deialdi honen 6. apartatuko bigarren ariketan, elkarrizketa pertsonalean eta lehen ariketan –ordena horretan– ateratako puntuazioa hartuko da kontuan eta, azkenik, berdin jarraituz gero, jendaurreko zozketa eginen da.
6.2. Lehiaketaldia.
6.2.1. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzean, 15 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten hautagaiei, aurkez ditzaten hurrengo paragrafoetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen dituzten merezimendu guztien egiaztagiriak.
Lehiaketa fasea baloratzeko, oposizio fasea gainditu duten izangaiek soilik aurkeztu beharko dituzte merezimenduak.
Merezimendu guztiak alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek. Horretarako, aurkeztu beharko dira jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak, bestela ez baitira kontuan hartuko.
Egindako zerbitzuen apartatuan alegaturiko merezimenduak dagokion administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira, eta lan egindako denbora, kategoria profesionala eta lanaldiaren iraupena jaso beharko da ziurtagiri horietan.
6.2.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdiko baremoaren arabera kalifikatuko eta puntuatuko ditu kalifikazio-epaimahaiak.
6.2.3. Agiriek eduki beharko dute aipatutako baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak.
Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiakideek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak.
6.2.4. Lehiaketaldiak 10 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Honela banatuko dira puntuak:
–Izangaiaren laneko eskarmentua deialdi honen bidez beteko den lanpostuaren antzeko eginkizunetan tokiko administrazio publikoan, Foru Komunitateko Administrazioan edo haien mendeko enpresa publikoetan (eginkizun horien artean daude honako hauek: zerbitzu anitzak, lorezaintza, naturgune publikoen mantentze-lanak eta natura-erreserbak eta ingurumena zaintzea eta mantentzea): 2 puntu urte bakoitzeko. Gehienez ere, 4 puntu eskuratzen ahalko dira.
–Laneko arriskuen prebentzioarekin, lorategi edo naturguneetako kimatze- landatze eta mantentze-lanekin, lehen laguntzekin, tratamendu fitosanitarioekin, suteen prebentzioarekin, babes zibilarekin eta ingurumenaren babesarekin lotutako ikastaroak, tailerrak eta jardunaldiak, gutxienez 6 ordu ikastaro, jardunaldi edo tailer bakoitzeko, zentro ofizialek edo erakunde publikoek homologatutakoak edo emandakoak.
Titulua edo ikastaroa egin izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta zenbat ordu eman dituen adierazi beharko da bertan. Iraupena zehazten ez bada, 0 puntu emanen dira, eta ikastaro batzuen eta besteen orduak ezin izanen dira metatu, gutxienekoa erdiesteko. 0,5 puntu emanen dira, bakoitzeko; gehienez ere 2 puntu.
–Erakunde ofizialek edo gaituek behar bezala homologatutako eta emandako Laneko Arriskuen Prebentzioko oinarrizko ikastaroa gainditzeagatik lortutako titulazioa izatea, gutxienez 50 ordukoa, 39/1997 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Honela puntuatuko da: puntu bat.
–Gradu ertaineko titulua edo goi mailakoa edukitzea natur eta paisaia baliabideen kudeaketan, ingurumenaren aprobetxamendu eta zaintzan eta basoaren eta naturaren kudeaketan, edo paisajismo eta landa inguruneko goi mailako teknikari titulua edukitzea. Gehienez ere 3 puntu emanen dira; 1,5 puntu gradu ertaineko tituluagatik eta 3 puntu goi mailakoagatik.
6.2.5. Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik.
6.2.6. Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak argitara emanen dira udaletxeko iragarki-taulan, eta Interneten ere kontsultatzen ahalko dira, web-orrian.
7.–Gainditu dutenen zerrenda eta izendapen proposamena.
7.1. Hautaprobak bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian jarriko du probak gainditzen dituztenen zerrenda, oposizio-lehiaketan lortutako kalifikazioekin, eta lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik. Gero, zerrenda hori Alkatetzari igorriko dio, probak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko –eta, beraz, kontratatzeko– proposamenarekin eta espediente osoarekin batera.
Halaber, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda igorriko dio, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda eratzeko. Izan ere, zerrenda hori erabiliko da, indarrean dagoen bitartean, egitekoak diren kontratazioetarako. Indarraldia urtebetekoa izanen da, eta 4 urtez luzatzen ahalko da gehienez.
Izendatzeko proposamen hori argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta Udalaren webgunean.
7.2. Proposatzen den izangaiak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu, izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 10 egun naturaleko epearen barnean:
–NANaren fotokopia edo horren baliokidea den agiriarena.
–Deialdi honen 2. puntuan eskatutako titulazioaren fotokopia arrunta, edo parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako hura lortzeko moduan egotea egiaztatzen duen ziurtagiria.
–B motako gidabaimena edo haren baliokidea duela egiaztatzen duen fotokopia.
–Txosten medikoa, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea.
–Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.
7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituena ezin izanen da kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.
7.4. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja Alkatetzak, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
7.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Alkatetzak besteren bat eskatu nahi izanez gero, proposatzen den izangaiari eskatu beharko dio, eta horrek deialdi honetan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.
8.–Izendapena, lanpostu hutsaren esleipena eta jabetza hartzea.
8.1. Alkateak Tulebrasko Udaleko lan-kontratudun langile finko izendatuko du aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta kontratua sinatuko du bete dezan zerbitzu anitzeko lanpostua.
8.2. Kontratua sinatzearen eta lanpostuaren jabetza hartzearen ondorioz, izendatua nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko da, indarra duten xedapenek Tulebrasko Udalaren zerbitzuko langile horiendako ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.
8.3. Izendatutako izangaiak 30 eguneko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena egiten den egunetik zenbatzen hasita.
Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, Tulebrasko Udaleko enplegatu izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatuz gero, jarraituko zaio deialdiaren 7.4 atalean ezarritakoari.
Kontratatutako izangaiak bi hilabeteko probaldia egin beharko du, eta kontratuak berariaz adieraziko du hori. Epe horretan, langileak betetzen duen lanpostuari dagozkion eskubide eta betebehar berberak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala, eta lan-harremana desegin ahal izanen da probaldia amaitutakoan, alderdietako edozeinek hala nahi badu, inolako arrazoirik alegatu gabe eta aurreabisurik eman gabe.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda bat eratuko da, osatuko dutena hautaketa-prozesuan parte hartu eta gainditu bai baina plazarik eskuratu ez dutenek. Horiek honako hau osatuko dute:
9.2. Alkatetzaren ebazpen bidez onartuko dira bi zerrendak eta zerrenda horiek kudeatzeko arauak.
9.3. Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, jokatuko da bat etorriz xedatzen denarekin abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina).
9.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuz.
9.5. Exijitutako baldintzak bete beharko dira sarrera prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.
9.6. Eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.
9.7. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, horiek frogatu beharko dituzte apartatu honetan adierazten den moduan.
10.–Errekurtsoak.
10.1. Deialdiaren eta hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat jar daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
10.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
11.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
–Tulebrasko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez (datuen babesari buruzko izapideak), edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@tulebras.org).
–www.tulebras.org webgunean dago datuen babesari buruzko informazio gehiago, pribatutasun-politikaren atalean.
–Datuak zenbat denboraz gordeko diren: Datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Tulebrasen, 2024ko ekainaren 25ean.–Alkatea, Cristina Díaz Soria.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, HONAKO HONETAN PARTE HARTZEKO: DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETE DADIN ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUAREN PLAZA BAT, TULEBRASKO UDALAREN ZERBITZUKOA
I.–HAUTAPEN-PROZESUA: |
Deialdia egiten duen erakundea: Tulebrasko Udala Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialaren .......... zenbakian argitaratu zen, ...............................aren .............(e)an. |
II.–DATU PERTSONALAK: |
Deiturak eta izena: ........................................................................................................................................................... Nortasun-agiri nazionala (NANa): ..................................................................................................................................... Helbidea: .......................................................................................................................................................................... 1. telefonoa: ...................................................................... 2. telefonoa: .......................................................................... Helbide elektronikoa: ........................................................................................................................................................ |
III.-ADITZERA EMATEN DUT |
DESGAITASUNA: Desgaitasuna aitortua dudala, %...................(e)koa, eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkezten dudala. |
IV.-ADIERAZTEN DUT |
1. Betetzen ditudala deialdiaren oinarrietan hautapen-prozesuan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak guztiak. 2. Ez nagoela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko. 3. Ez dudala indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasun edo bateraezintasunerako berariazko kausarik. 4. Alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak errealitatearen isla zehatza direla. |
ESKATZEN DUT eskabide honetan aipatzen den deialdian onar nazatela.
Eguna eta sinadura
.............................................(e)n, 2024ko .....................................aren ...................(e)(a)n.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–Tulebras: herria eta geografia. Udalerriko kale, auzo eta bideak. Zerbitzu publikoak. Instalazio eta ekipamendu publikoak. Lorategi eta parke publikoak.
2.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa; Nafarroako toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea; toki-erakundeen ondasunak; kontratazioa.
3.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.
4.–297/2001 Foru Dekretua, Hileta-osasunari buruzko erregelamendua. 2021/11/26ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 772/2011 Foru Agindua, Hilotzak Lurpetik Ateratzeko Protokoloa onesten duena. 2011-11-18ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
5.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.
6.–Ureztaketa sarea mantentzeko lanak: Ureztaketa instalazioaren mantentze-lan prebentiboa. Aspertsoreak, difusoreak, tantakako sistema eta uholdeak. Ukondoak, t-ak, paso-giltza eta mozteko giltza. Elektrobalbulak. Iragazkiak. Euri sentsoreak.
7.–Belardietako eta belar-soroetako zainketa lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak; belardia segatzea; eskarifikatzea; aireatzea; profilatzea; berrereitea. Zohien bidez berritzea). Zuhaitzak eta zuhaixkak zaintzeko lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak. Zuloak egitea eta jorratzea; inausketak; zurkaitza paratzea). Landare loredunak eta landare erraboildunak zaintzeko lanak (ureztaketak eta ureztaketa motak; substratua ematea; lurra prestatzea; garbitzea eta kentzea).
8.–Sortze eta berriztatze lanak lorezaintzan. Belardiak berriztatzea eta ereitea (helburua, berrereintza motak, horiek egiteko sasoia, drainatzeak eta drainatze motak). Zuhaitzak, zuhaixkak eta landare loredunak berriztatzea (zuhaitzak, urteroko landareak, biurteko landareak, landare erraboildunak, landare bizikorrak). Lurra prestatzea. Drainatzeak. Drainatze motak. Landaketa motak. Espezieak landatzea eta hautatzea. Lorezaintza, lorezaintzaren printzipioak, plangintza eta diseinua, landareen hautaketa, ureztatze efizientea, lurzoruaren estaldurak, mantentze-lan egokiak.
9.–Arbolak kimatzea. Kimatu beharra espezie bakoitzean. Kimatzearen oinarriak (helburuak, motak, sasoia eta maiztasuna, mozketak egiteko manera). Zuhaixkak, muluak eta heskaiak kimatzea (kimatzeko beharrak espezie bakoitzean, kontuan hartu beharreko faktoreak, motak).
10.–Zurgintzako oinarrizko lanabesak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, daratulu elektrikoa eta beste batzuk, hala nola lixak, kolak...). Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa. Segurtasun neurriak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Matxura eta konponketa ohikoenak.
11.–Igeltserotza: kontzeptu orokorrak; materialak; erremintak; zolatzeak; alikatatzeak; kofratzeak; murruak egitea; egiturak konpontzea; hiri-altzariak eta eraikinak pintatzea; hiri-altzarien eta eraikinen mantentze-lanak. Matxura eta konponketa ohikoenak.
12.–Oinarrizko elektrizitatea: elektrikariaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (bihurkinak, guraizeak, aliketak eta abar). Eraikinetako banaketa koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailuak, magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (sakagailuak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lur-konexiodunak zein gabekoak, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak). Segurtasun neurriak. Konpontze lanetan hartu beharreko arreta-neurriak. Matxura eta konponketa ohikoenak.
13.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien berezko elementuak. Hornidura eta saneamendua: sailkapena, materialak eta sareen elementuak. Matxura eta konponketa ohikoenak.
14.–Soldadura: kontzeptu orokorrak eta oinarrizko lanak: ezaugarriak, tipologiak, ekipoak, teknikak, prozesuak.
15.–Arlo hauetako ezagutzak: kudeaketa energetikoa, kontsumo energetikoen neurketa, datu bilketa, energia aurrezpenen kalkulua, hobekuntzen planteamendua, ingurumen irizpideak erabiltzea ekipo eta instalazioen erosketan.
16.–Mekanika: udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea. Biltegiaren kontrola.
17.–Laneko arriskuen prebentzioa, arau-esparrua: 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak.
18.–Bide-segurtasuna: lehen sorospenak. Metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak modu seguruan erabiltzea. Obren seinaleak eta balizak.
Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdiaren iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legediarekin.
Iragarkiaren kodea: L2410105
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
