Iragarkia
150. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 23a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
TAFALLA
Deialdia, erdi mailako enpresa-teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuaz betetzeko
Tafallako Udaleko alkateak 2024ko ekainaren 14an emandako ebazpenaren bidez, deialdi honen oinarriak onetsi ziren: deialdia, erdi mailako enpresa-teknikari izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuaz betetzeko Tafallako Udalean. Hona hemen oinarriok:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Tafallako Udalaren zerbitzuko erdi mailako enpresa-teknikari izateko lanpostu bat, B mailakoa, oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuaz betetzea, Zerbitzu Ekonomikoen eta Garapenaren Arloan.
1.2. Oposizio-lehiaketa honetarako deia egin da bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin.
1.3. Hautapen probak gainditurik, deialdiko lanpostua betetzeko izendatua gertatzen den pertsona B mailan sartuko da, eta maila horren lansariak eta Tafallako Udaleko plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak hartuko ditu, 02.02 kodearekin identifikatzen den erdi mailako enpresa-teknikari lanpostukoak hain zuzen ere.
1.4. Lanposturako izendatzen dena Zerbitzu Ekonomikoen eta Garapenaren Arloari atxikiko zaio eta aurrera eraman beharreko lanak bere mailari eta kategoriari dagozkionak izanen dira, bai eta bere administrazio kategoriarako egokiak izanik esleitzen zaizkionak ere, zerbitzuaren beharren arabera.
1.5. Mailaz igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko lanpostua eskuratzen duenak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa, izan funtzionarioena edo lan-kontratudunena. Halaber, eutsiko dio eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Tafallako Udalaren zerbitzuko funtzionario edo lan-kontratudun finko izatea.
b) Deialdiko lanpostuaren maila bera edo apalagoa izatea.
c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada deialdia egin duen Administrazioko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
d) Bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea Nafarroako Administrazio Publikoetan.
e) Arlo ekonomikoaren, enpresaren, kontabilitatearen edo finantzen arloko gradu tituluaren jabe izatea (Gizarte eta Zuzenbide Zientzien Jakintza Arloa); enpresa zientzietako diplomadun tituluarena edo horren baliokidetzat hartzen den tituluarena; edo Ekonomiako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako, Enpresa Zientzietako, edo Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentziaren lehenengo hiru kurtsoak gainditu izana, urriaren 10eko 1272/2003 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoarekin bat, edo, bestela, titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekina, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez da aplikatuko baldin izangaiek beren lanbide kualifikazioaren aitorpena lortu badute, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean.
2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dira, eta haiei eutsiko zaie hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapenaren unera arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Tafallako Udaleko Erregistroan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotuko zaizkio.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aitzin, data eta zigilua jar ditzaten, eta Tafallako Udalaren Erregistro Orokorrera bidaliko da.
3.2. Behar bezala betetako eskabideari, jarraian adierazten diren agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.
b) Tafallako Udalean funtzionario izendatu zutela edo lan-kontratudun finko gisa kontratatu zutela egiaztatzen duen agiria, lanpostu horretan daukan antzinatasuna zehaztuta eta gaur egun zer administrazio-egoeratan dagoen aipatuta. Agiri hori Udalak aurkeztuko du ofizioz.
c) Deialdiaren 2 e) apartatuan aipatzen den tituluaren kopia.
d) Lehiaketaldian baloratzeko alegatzen diren merezimenduen frogagiriak; horiek emanen dituzte alegatutako merezimendu bakoitzari dagokionez eskumena duten agintari publikoek edo erakunde pribatuetako arduradunek.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Tafallako Udaleko alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
Ezarritako epean ez bada batere eskabiderik aurkezten, alkateak ebazpen bat emanen du deialdiko lanpostua bete gabe uzteko.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Ebazpen horretan bertan zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.4. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio-epaimahaia:
–Epaimahaiburua: Tafallako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Tafallako Udaleko zinegotzi bat, horretarako eskuordetutakoa.
–Epaimahaikidea: Aitor Laparra Navarro, Udaleko kontu-hartzailea.
Ordezkoa: Titularrak izendatzen duena.
–Epaimahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatuko du.
Ordezkoa: Titularrak izendatzen duena.
–Epaimahaikidea: Tafallako Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.
Ordezkoa: Tafallako Udaleko langileen ordezkariek izendatzen dutena.
–Epaimahaikide idazkaria: Marta Pernaut Ojer, Tafallako Udaleko aholkulari juridikoa.
Ordezkoa: Nekane Agreda Arróniz, Tafallako Udaleko idazkaria.
5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, kideen gehiengoa bertan ez bada.
Organo kolegiatuaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
Halaber, oposizio-lehiaketaren azterketa saio guztiak edo horietako bat zuzen egin daitezen, beharrezkotzat jotzen diren barneko funtzionamendu arauak ebazteko ahalmena izanen du, betiere deialdian azaltzen diren oinarriei egokituz.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari, administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako aurreikusitako arrazoiren bat gertatzen denean.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea egoera horietako bat gertatzen denean.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioaldia zein toki, egun eta ordutan izanen den.
7.–Lehiaketaldia.
7.1. Oposizioaldiko probak egin aurretik eginen da lehiaketaldia, eta bertan 10 puntu lortzen ahalko dira, gehienez ere.
Bertan, kalifikazio epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako eta agiri bidez frogatutako merezimenduak, bat etorriz III. eranskinean zehazten den puntuazio-baremoarekin.
Epaimahaiak agiri bidezko argibideak eskatzen ahalko dizkie merezimenduen ziurtagiriak eman dituzten erakunde publiko edo pribatuei, beharrezkotzat jotzen badu. Izangai bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuazioa gehituko zaio oposizioaldian lortutako puntuazioari, eta, horrela, izangai bakoitzaren azken puntuazioa lortuko da.
Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean berariazko balorazioa duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren titulu apalagoak ez dira baloratuko.
7.2. Lehiaketaldia bukaturik, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa jarriko du ikusgai epaimahaiak Tafallako Udaleko iragarki-taulan, eta bost eguneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklama dezaten merezimenduen balorazio horri buruz.
Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, baliabide bera erabiliko da izangaien zerrenda –lehiaketaldian ateratako puntuazioa– jendaurrean agertzeko. Puntuazio hori oposizioaldian ateratzen denari gehituko zaio eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa.
8.–Oposizioaldia.
8.1. Oposizioaldian honako proba hauek izanen dira:
8.1.1. Lehenengo proba. Proba teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 100 galderari erantzun beharko zaie idatziz, ebazpen honen II. eranskinean agertzen den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.
Kalifikazio epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.
Probak egiteko, ez daiteke erabili inolako testurik edo dokumentaziorik, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik nahiz bestelako materialik ere, salbu mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza.
Proba honetan, gehienez ere, 50 puntu lor daitezke.
Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
8.1.2. Bigarren proba. Proba praktikoa: Oinarri hauen II. eranskineko gaiei buruzko kasu praktiko bat edo batzuk azaldu beharko dira idatziz. Probak 30 puntuko balorazioa izanen du gehienez ere, eta bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak. Izangaiek kalkulagailu zientifikoa eramaten ahalko dute probara.
Kalifikazio-epaimahaiak finkatuko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.
8.2. Plika sistemaren bidez eginen dira probak.
Oposizioaldia 2024ko urritik aurrera hasiko dela aurreikusten da.
Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira oposizioko lehen proba egiteko eguna, tokia eta ordua.
Hurrengo proben deialdia epaimahaiak argitaratuko du Udalaren iragarki-taulan eta www.tafalla.es webgunean, enplegu publikoari buruzko atalean, (www.tafalla.es/actualidad/ofertas-de-empleo-publico/). Oposizioko probak egiteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko ditu.
8.3. Oposizioko proba bakoitzaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, Tafallako Udalaren iragarki-taulan eta www.tafalla.es webgunean, enplegu publikoari buruzko atalean, (www.tafalla.es/actualidad/ofertas-de-empleo-publico/), eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
8.4. Proba bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Iragarritako egun, ordu eta tokietan, azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.
9.–Gainditu duten izangaien zerrenda eta izendapen proposamena.
9.1. Oposizioko azken probaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta azken proba egin den tokian ikusgai jarriko du azterketa gainditzen dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenaturik, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuazioak batu ondoren.
9.2. Epaimahaiak puntu gehien erdietsi duen izangaia izendatzeko edo hari lanpostua esleitzeko proposamena igorriko dio organo eskudunari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.3. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero. Horiek aurkezteko epea berariaz ezarriko da:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
d) Zin edo promesa, adierazten duena errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
9.4. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
9.5. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
10.1. Deialdi honetan aipatu hautapen prozesua burututakoan, eta proposatutako izangaiak izendapenerako eskatzen zaizkion agiriak aurkeztu eta gero, Tafallako alkateak, ebazpen baten bidez, epaimahaiak proposatutako izangaia izendatuko du barne igoeran atera den lanpostuan ari dadin.
10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean emanen da argitara eta ondorio ekonomiko eta administratiboak sortuko ditu ebazpenean zehazten den egunetik aitzina.
10.3. Izendatutako izangaiak ebazpenak adierazitako egunean jabetza hartzen ez badu (behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan salbu), deialdiko lanpostua betetzeko eskubide guztiak galduko ditu eta 9.1. oinarriak zehazten duen zerrendan ondo-ondotik heldu den pertsonarekin beteko da baja.
11.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Tafallan, 2024ko ekainaren 14an.–Alkatea, Xabier Alcuaz Andueza.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
2. gaia.–203/2021 Errege Dekretua, martxoaren 30ekoa, Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onartzen duena. Xedapen orokorrak. Interneteko atariak, sarbide puntu elektroniko orokorra eta egoitza elektronikoa. Baliabide elektronikoen bidezko administrazio prozedura. Administrazio-espediente elektronikoa.
3. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua (Udalerria); II. kapitulua (Antolamendua) eta III. kapitulua (Eskumenak).
4.gaia.–2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki-erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena: IV. Titulua (Lurralde mailako toki-erakundeen antolaketa osagarria). I. kapitulua (Organo osagarriak: osaera eta eskudantziak.) eta II. kapitulua (Organo osagarrien funtzionamendua).
5. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.
6. gaia.–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.
7. gaia.–279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, hein batean garatzen duena Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako toki entitateen egintza eta erabakien inpugnazioari dagokionez.
8.gaia.–Ordenantza, eremu publikoan ostalaritzako terrazak paratzea arautzen duena.
9. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa.
10. gaia.–Tafallako Udalaren ordenantza eta arau fiskalak 2024. urterako.
11. gaia.–13/2000 Foru Lege Orokorra, abenduaren 14koa, Nafarroako Tributuei buruzkoa. Printzipio orokorrak. Tributu arauak. Tributuak: tributu motak, zerga-egitatea, zergapekoak, oinarria, tributu-zorra.
12. gaia.–177/2001 Foru Dekretua, uztailaren 2koa, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua onesten duena: premiamendu bidezko diru-bilketaren prozedura.
13. gaia.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoa. Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana.
14. gaia.–8/2022 Foru Legea, martxoaren 22koa, Toki Inbertsioen Plana arautzen duena.
15. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
16. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, onesten duena Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: Administrazioaren esku-hartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina. Udalen lurzoru-ondareak.
17. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Administrazio Publikoek egiten dituzten kontratuen arau berariazkoak. III. titulua. Administrazio Publikoen kontratuen araubide juridikoa.
18. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
19. gaia.–887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena.
20. gaia.–Tafallako Udalaren dirulaguntzen ordenantza orokorra.
21. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Xedapen orokorrak. Dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. Dirulaguntzen itzulketa. Arau-hausteak eta zehapenak.
22. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.
23. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.
24. gaia.–Genero berdintasuna: 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. III. titulua. Berdintasunerako eskubidea bermatzeko tresnak.
25. gaia.–2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontuaren Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa: aplikazio-eremua. Printzipio orokorrak. Aurrekontu-egonkortasuna eta finantza-jasangarritasuna. Aurrekontuen kudeaketa.
26. gaia.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan garatzen duena.
27.gaia.–HAP/2075/2014 Agindua, azaroaren 6koa, toki entitateek ematen dituzten zerbitzuen benetako kostua kalkulatzeko irizpideak ezartzen dituena.
Oharra: Gai guztiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.
III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BALORAZIOA
Epaimahaiak izangaiek alegatu eta behar bezala frogatutako merezimenduak baloratuko ditu, ondotik ematen den baremoari jarraikiz. Merezimenduak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agirien kopiak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira aurkeztutzat hartuko. Epaimahaiak noiznahi eska diezazkieke izangaiei alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.
Merezimenduen baremoa.
Lehiaketaldian, 10 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
7. apartatuan ezarritakoari jarraikiz alegatu eta frogatutako merezimenduak honako baremo honen arabera puntuatuko dira:
a) Administrazio publikoetan, antzeko ezaugarriak dauzkaten lanpostuetan egindako zerbitzuengatik: 0,75 puntu urte bakoitzeko. Laneko eskarmentuagatik, gehienez: 6 puntu.
Zerbitzu-urtea osoa ez bada, kontuan hartuko da zerbitzuak zenbat egunetan egin diren, eta horren arabera esleituko zaie puntuazioa izangaiei.
Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu bada, aldi horiek kontatuko dira egoera horietan sartu aurretik zeukan lanpostuan egin izan balitu bezala.
b) Prestakuntza eta hobekuntza ikastaroengatik, hala zentro ofizial publikoek, funtzionarioendako prestakuntza zentroek eta titulu ofizial aitortua duten unibertsitateek emandako ikastaroengatik, nola etengabeko prestakuntzarako planetan sartuta dauden eta plan horietako entitate, sindikatu edo prestakuntza zentroek ematen dituzten ikastaroengatik, betiere beteko den lanpostuari dagozkion gaien inguruko ikastaroak izanik, gehienez ere 4 puntu.
Ikastaro bakoitzaren balorazioa eginen da prozedura honi jarraituz:
a) 100 ordu edo gehiago: 1,00 puntu.
b) 75 ordu edo gehiago: 0,75 puntu.
c) 50 ordu edo gehiago: 0,50 puntu.
d) 25 ordu edo gehiago: 0,30 puntu.
e) 5 ordu edo gehiago: 0,10 puntu.
Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa, bakoitzak lehiaketaldian eskuraturiko puntuak zehazturik.
Iragarkiaren kodea: L2410054
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
