150. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1578/2024 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Jaime Brunet Fundazioko presidenteak emana, zeinaren bidez 2024ko Giza Eskubideei eta Garapenerako Lankidetzarako Jaime Brunet Unibertsitate Sariaren deialdia egiten baita.

–Aurrekariak.

Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Saria 1998az geroztik ematen da eta giza eskubideak defendatzen dituzten pertsona eta erakundeen ibilbide aparta saritu du beti.

Izan ere, Jaime Brunetek berak interes handia izan zuen ildo horretako ikerketa lanak nabarmentzeko. Jaime Brunet Fundazioaren Estatutuetan berariaz dago jasota beste sari batzuk emateko aukera, baita testamentugileak ezarritako helburuekin bat datozen beste jarduera batzuk egiteko aukera ere.

Gogoeta horiek eta Fundazioak Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin duen lotura aintzat hartuta, Fundazioaren Patronatuak erabaki zuen urtero sari bat ematea, Ikasketen Amaierako Lanetan (gradukoetan zein masterrekoetan) ondoren aipatzen diren gaiak lantzen dituen unibertsitateko ikasle baten lana saritzeko. Hala, giza eskubideen egoerari buruz jakiteko, horiek babesteko, horien urratzeak salatzeko edo horiek hobetzen laguntzeko interesa sustatzeaz gain, unibertsitateko ikasketak amaitzen dituzten gazteen ahalegina aitortzen du.

–Hautagaiak.

1. Saria lortzen ahalko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan gradu edo masterreko edozein titulazioko ikasleen Ikasketen Amaierako Lanek, baldin eta esparru hauei buruzko gaiak aztergai badauzkate:

1.1. Giza eskubideen defentsa eta babesa.

1.2. Eskubide horien bermea hobetzera bideratutako tresna edo mekanismoen garapena.

1.3. Garapenerako Lankidetzari dagozkion arloetan proposamenak eta aurrerapenak abian jartzea. Horretan biltzen da garapen ekonomiko, sozial global, jasangarri eta ekitatiboa sustatzera bideratutako jarduketa multzoa.

1.4. Egoera ahuletan dauden edo egoteko arriskua duten pertsonen bizimodua aztertzera, ebaluatzera edo hobetzera bideratutako ikerketak. Aipatzekoak izanen dira edozein motatako oinarrizko azpiegituretarako sarbideari buruzko gaiak: teknologikoak, naturalak, osasun arlokoak, etab.

1.5. Oinarrizko eskubideak arriskuan dituzten pertsonen egoera hobetzera bideratutako ikerketak, egoera horiek direla arraza, erlijio edo sexu bereizkeria, haurtzaroan egotea, aukera politiko edo jatorri sozial ezberdina izatea, desgaitasuna izatea, edo gosea, indarkeria, gerra edo gaixotasunen bat pairatzea.

2. Lanen ikuspegiak, beraz, mota askotakoak izaten ahal dira: juridikoa, ekonomikoa, osasun arlokoa, soziala, zientifiko-teknologikoa...

–Prozedura.

1. Sariaren deialdia urtero eginen da. Lanek 2023ko urriaren 1a eta 2024ko irailaren 30a bitartean defendatutakoak izan beharko dute, eta fakultate edo zentro bakoitzean entregatu beharko dira horretarako ezarritako epean. Lanak paperean zein posta elektroniko bidez aurkezten ahalko dira. Zentroak hasierako balorazio eta lehen hautaketa bat eginen du, eta bere ustez saria merezi duten lanak helaraziko dizkio Brunet Fundazioari 2024ko urriaren 31 baino lehen. Fakultate edo zentro bakoitzak gehienez ere 3 lan aurkezten ahalko ditu.

2. Lan bat proposatzen duten ikasleek espresuki justifikatu beharko dute eginiko ikerketa lanak lotura duela sariari dagozkion gaiekin eta horiekiko ekarpen bat egiten duela. Horretarako, aldez aurreko autoebaluazio bat aurkeztu beharko dute idatziz.

–Lanak baloratzea.

1. Lanek GRAL edo MAL bati eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte, eta fakultatean edo zentroan dagokien ebaluazioa gainditua izan, araudiak lan horietarako ezarritako bitartekoen arabera.

2. Fundazioaren Patronatuak izendatutako ebaluazio batzorde batek erabakiko du saria zer lani eman, eta kanpoko ebaluatzaileak hartzeko aukera izanen du.

3. Saria 2.000 euro eta egiaztagiri bat izanen dira (lanaren zuzendari akademikoak ere egiaztagiri bat jasoko du). Saria eman gabe utzi ahal izanen da. Aipatu zenbatekoan arauzko zerga atxikipenak eginen dira.

–Publizitatea eta banaketa.

1. Saria urte bakoitzeko abenduan emanen da jakitera.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako ekitaldi batean emanen da saria. Sariduna ez bada bertaratzen, ez zaio saria emanen.

Informazio gehiago:

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Brunet Fundazioa.

Arrosadiko campusa.

31006 Iruña, Nafarroa (Espainia). Telefonoa: 948169103.

Faxa: 948169004.

Helbide elektronikoa: fundacion.brunet@unavarra.es.

Internet: https://www.unavarra.es/eu/sites/la-upna/fundacion-jaime-brunet.html.

Iruñean, 2024ko uztailaren 2an.–Ramón Gonzalo García, Jaime Brunet Fundazioko presidentea.

Iragarkiaren kodea: F2410729