Iragarkia
150. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 23a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
81E/2024 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzak emateko deialdia onesten baita. DDBN identifikazioa: 767203.
Nafarroako arraza latxako ardien esnearen ustiategiek gobernu tradizionala egiten dute, larreei lotua, baliabide naturalak modu jasangarrian erabiltzen dituzte, bertako arraza horren zainketan, mantenuan eta hobekuntzan parte hartzen dute eta lurraldea zaintzen eta mantentzen ere laguntzen dute.
Prozesuetan berrikuntzak erabiltzen dituzte, baina aldi berean milurteko jakintza gordetzen dute, eta populazioa landa-eremuan finkatzen laguntzen dute. Ustiategi horiek Nafarroako iparraldean daude, batez ere ipar-mendebaldeko nekazaritza eskualdean; Baztan da latxa arrazako esnetarako artalde gehien duen udalerria, eta ondoren Araitz, Malerreka eta Sakana datoz.
Zaila da errentagarritasun urria duten esnetarako ardien ustiategi horiek mantentzea, belaunaldien arteko erreleboa egitea nekeza delako eta inbertsio handiak egin behar direlako. Horrek landa-eremua abandonatzeko arriskua areagotzen du. Beraz, beharrezkoa da diruzko konpentsazioa ematea, mendialdean ekoizten eta eraldaketa egiten jarraitu ahal izateko eta tokiko jarduera ekonomikoan eta landa-eremuko produkzio-sareari eusten laguntzeko.
Ustiategi horien buruan, gehienetan, pertsona fisiko bat dago, eta haietako gehienek nekazaritza dute ogibide nagusia.
Beste alde batetik, emakumeak funtsezkoak dira ardi latxaren esnearen sektorean, abereak zaintzen dituztelako, esnea eraldatu eta gazta egiten dutelako eta gazta hori merkaturatzen dutelako. Jarduera horiek denek emakumeei lotuta jarraitzen dute. Nahiz eta ardi latxaren sektorean emakumeek duten egitekoa nabarmena izan, beharrezkoa da, oraindik ere, neurriak hartzea beren ikusgaitasuna eta beren lanaren aitortza sustatzeko.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste du beharrezkoa dela esnea ekoitzi eta ustiategian bertan eraldatzen duten ustiategi horiei konpentsazio ekonomiko bat ematea, betiere gutxienez urtean 8.000 litroko salmenta zuzena egiten badute.
Ebazpen honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen menpean daude. Araubide hori ezarri zen Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoan.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzak emateko oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jaso direnak. Laguntza horiek "de minimis" araubidearen menpe daude.
2. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.
3. Onuradunak ebazpen honen bederatzigarren oinarrian aurreikusitako gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du esteka honen bitartez:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
4. Onestea ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzak emateko 2024ko deialdia. Laguntza horiek "de minimis" araubidearen menpe daude.
5. 80.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko Aurrekontu Orokorretako "Ardi latxaren plan estrategikorako laguntzak" izeneko 710004-71300-4700-412202 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastu konpromisoei aurre egiteko.
6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
7. Dirulaguntza deialdi hau eta bere oinarri arautzaileak Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
8. Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Iruñean, 2024ko ekainaren 10ean.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, ARDI LATXAREN ESNEA USTIATEGIAN BERTAN ERALDATZEKO 2024KO LAGUNTZAK EMATEKO. LAGUNTZA HORIEK "DE MINIMIS" ARAUBIDEAREN MENPE DAUDE
Lehena.–Xedea.
Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko 2024ko laguntzak emateko. Laguntzak "de minimis" araubidearen araberakoak izanen dira.
Bigarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Eman beharreko laguntzaren zenbatekoa Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan dauden ugalketarako ardien erroldako datuen arabera zehaztuko da, zeina automatikoki eguneratzen baita abeltzainek egiten dituzten alta, baja eta mugimenduen jakinarazpenekin.
• 4 euro ardi latx bakoitzeko, ustiategiko esnea bertan eraldatzen duten ustiategietan.
• 4,5 euro ardi latx bakoitzeko, ustiategiko esnea bertan eraldatzen duten ustiategietan, titularretako bat emakumea bada.
• 5 euro ardi latx bakoitzeko, ustiategiko esnea bertan eraldatzen duten ustiategietan, titular bakarra edo titular guztiak emakumezkoak badira.
2. Horrez gain, laguntzaren zenbatekoa gehienez 800 euroko osagarri batekin osatzen ahalko da ustiategi bakoitzeko, baldin eta deialdiaren urtean ustiategiak ekoizpenaren kalitatea kudeatzeko eta hobetzeko kanpoko aholkularitzarako kontratu bat sinatua badu.
3. Ustiategiak ez badu bere ekoizpenaren %100 eraldatzen bere gaztandegian edo esne zentroan, koefiziente hau aplikatuko da: salmenta zuzeneko ekoizpena zati ekoizpen osoa (zuzeneko salmenta gehi industriako salmenta).
4. Gehienez ere 6.000 euroko laguntza emanen da ustiategian bertan ardi latxaren esnea eraldatzen duen ustiategi bakoitzeko.
5. Dirulaguntzen deialdi hau "de minimis" araubidearen menpean dago (Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak nekazaritzan "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa). 2023ko L EBAO, abenduaren 15ekoa.
Zenbait laguntzaren zenbatekoa zehazten da nekazaritzaren sektorean merkaturatutako edo erositako produktuen prezioaren edo kantitatearen arabera. Era horretako dirulaguntzei ez zaizkie aplikatu behar ez oinarri arautzaile hauek ezta deialdia ere.
6. Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati gehienez 300.000 euroko "de minimis" laguntza ematen ahal dio hiru urteko epean, hala xedatuta baitago Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. apartatuan; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.
Hirugarrena.–Onuradunak eta laguntza jasotzeko baldintzak.
1. Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izaten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitatean abeltegien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Abeltegi baten titularra izatea 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta abeltegi hori inskribatua izatea Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan, Abeltzaintzako Ustiategien Atalean.
b) Abeltegiaren sailkapen zooteknikoa "esnea ekoizteko ugalketa" edo "ekoizpen mistorako ugalketa" izanen da, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro orokorra arautzen duen martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuak ezartzen duen moduan.
c) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak zehazten dituen osasun eskakizunak betetzea.
2. Onuradunek zuzeneko salmentaren aitorpena egina izan beharko dute AICA-Elikagaien Informazio eta Kontrolerako Agentziaren INFOLAC sisteman (Ardi eta ahuntz esnearen aitorpenak kudeatzeko sistema), gutxienez 8.000 litroko ekoizpenarekin, aurreko urteko datuak hartuta, apirilaren 24ko 319/2015 Errege Dekretuaren 6. artikuluko 5. puntuan ezartzen den bezala. Errege dekretu horren bidez, behi-, ardi-eta ahuntz-esnearen zein behi-, ardi-eta ahuntz-esnekien ekoizleek eta lehen erosleek egin beharreko aitorpenak arautzen dira. Baldintza horretatik salbuesten ahalko dira, soil-soilik, urte horretako ekoizpenean izandako salbuespenezko inguruabarrak edo ezinbesteko arrazoiak behar bezala justifikatzen dituzten ekoizleak.
3. Abeltegiaren titularra eta eraldaketa zentroarena edo esne zentroarena berbera izanen da.
4. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatutako kasuren batean dauden pertsonak nahiz entitateak ezin izanen dira laguntzen onuradun izan.
5. Ezin izanen dute laguntzarik eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez, zehapena edo zigorra jaso duten entitate eskatzaileek.
6. Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura zuzenduko dira, eta, eskatzailea pertsona juridiko bat baldin bada, telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko Tramiteen Katalogoko dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ardi-latxaren-esnea-ustiategian-bertan-eraldatzeko-de-minimis-araubideko-laguntzak (aurrerantzean, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.
Era berean, pertsona fisikoek departamentu horretako erregistroan aurkez dezakete laguntza-eskaera (González Tablas kalea 9, Iruña), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietako batean.
Eskabideak horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko dira, zeina Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroetan eta laguntzen fitxan eskuratzen ahal den.
3. Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Transferentzia bidez kobratzeko eskabidea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten ekoizleen kasuan.
b) Idatzizko edo bitarteko elektronikoen bidezko adierazpen bat, hiru urteko edozein alditan jasotako beste edozein de minimis laguntzei buruzkoa, betiere erregelamendu honi edo beste de minimis erregelamendu batzuei lotuta badaude.
c) Hala badagokio, deialdiaren urterako ekoizpenaren kalitatea kudeatzeko eta hobetzeko aholkularitza-zerbitzua ematen duen erakundearekin sinatutako kontratuaren kopia, bai eta zerbitzu hori ordaindu izanaren azken frogagiria ere.
d) Adierazpen bat, non adieraziko baita eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan.
e) Onuraduna pertsona juridikoa bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.
f) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ...............................k (izena), nire izenean edo ................................................ ordezkatuz, baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari egiazta dezan nik / ordezkatzen dudan entitateak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ditudala / dituela, betiere honako deialdi hau tramitatzeko prozeduraren barruan: ardi latxaren esnea ustiategian bertan eraldatzeko laguntzen deialdia."
f) Baldin f) atalean ezarritakoarekin ados ez badago, pertsonak edo entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzaren gaineko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.
g) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak agiri horietakoren bat baldin badu jadanik, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.
Bosgarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.
2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako diru-muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen arabera banatuko dira, honako lehentasun-ordena honen arabera:
–Lehena.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 4ko 8/2024 Foru Aginduaren bidez goi mendiko eremutzat katalogaturik dauden udalerrietako ustiategien eskaerak. Foru agindu horren bidez honako deialdi hauek egiten dira: 2024ko kanpainarako laguntzen eskaera bakarraren aurkezpena; Landa Garapenerako 2014-tik020 Programaren laguntza jakin batzuk; 2023-tik027ko Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) eskualdeko esku-hartzeak; patataren hazi ziurtatuaren ekoizleentzako laguntzak, natura mugapenak dituzten eskualdeetan nekazaritzako jarduera horri eusteko; eta azukre-erremolatxaren laborantzarako de minimis araubideko estatuaren laguntza.
–Bigarrena.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 4ko 8/2024 Foru Aginduaren bidez mendiko eremutzat katalogaturik dauden udalerrietako ustiategien eskaerak. Foru agindu horren bidez honako deialdi hauek egiten dira: 2024ko kanpainarako laguntzen eskaera bakarraren aurkezpena; Landa Garapenerako 2014-tik020 Programaren laguntza jakin batzuk; 2023-tik027ko Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) eskualdeko esku-hartzeak; patataren hazi ziurtatuaren ekoizleentzako laguntzak, natura mugapenak dituzten eskualdeetan nekazaritzako jarduera horri eusteko; eta azukre-erremolatxaren laborantzarako de minimis araubideko estatuaren laguntza.
–Hirugarrena.–Gainerako eskatzaileak.
3. Aurrekontua ez bada aski lehentasunezko talderen baten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.
Seigarrena.–Ebaluazio organoa.
Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.
Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera jaso ondoren, egiaztatuko da ea hirugarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen eta laugarren oinarrian adierazitako agiriak erantsi dituen. Exijitutako agiriak aurkezten ez baditu, gehienez ere 10 eguneko epean zuzendu dezala errekerituko zaio interesdunari, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, ulertuko dela eskaera bertan behera uzten duela. Horrelakoetan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta jakinaraziko zaio.
Halaber, eskatzen diren betebeharrak betetzen ote diren egiaztatuko du Animalien Ekoizpenaren Atalak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez.
2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen proposamena eginen du.
3. Laguntza eman aurretik, estatu kideak adierazpen bat jasoko du, idatzizkoa edo baliabide elektronikoen bitartez, dagokion enpresarengandik. Adierazpen horretan aipatuko da erregelamendu honen eraginpeko edo "de minimis" motako beste erregelamendu batzuen eraginpeko "de minimis" motako beste laguntzarik jaso den hiru urteko epean.
4. Laguntzak araubide honen arabera eman ahal izanen dira baldin eta egiaztatzen bada onuradun berari emandako "de minimis" laguntzen guztizko zenbatekoak ez duela gainditzen Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 3.2 artikuluan ezarritako muga. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.
5. Dirulaguntzen gaineko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, arrazoiak emanda.
6. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, ezetsitzat joko da eskaera.
Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzen onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
1. Onuradunak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu.
2. Ardi-esnearen ekoizpenaren zuzeneko salmentaren aitorpenak egitea eta ustiategiko abereen zerrenda behar bezala eguneratuta edukitzea.
2. Administrazioko teknikariei erraztasunak ematea ustiategira sartzeko, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez egiazta dezaten.
Bederatzigarrena.–Onuradunaren gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:
https://administracionelectronica.navarra.es/RGE2/gestorinstancia.aspx?idinstancia=2010565
Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:
a) Aurreko urteko negozio zifra.
b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.
Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.
–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.
–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, adierazitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.
Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.
Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.
Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.
Hamargarrena.–Laguntza ordaintzea.
Dirulaguntza ordainketa bakarrean eginen da; aurretik, organo kudeatzaileak egiaztatu beharko du laguntzaren onuradunak dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta gardentasun betebeharra betetzen dituela.
Hamaikagarrena.–Dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak horretarako erabili direla frogatzea.
Dirulaguntzaren helburua da ustiategian ekoizten den ardi latxaren esnea bertan eraldatzea, eta kontrol administratiboak eginen dira xede hori bete dela justifikatzeko. Kontrol horietan egiaztatuko da ustiategiak jarduerari eusten diola laguntza emateko ebazpen proposamena ematen den egunean, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroaren eta INFOLACen datu baseen arabera, eta kasua zein den, ustiategietan bertan kontrolak eta ikuskapenak egiten ahalko dira.
Hamabigarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera ematen diren "de minimis" laguntzak ez dira Estatuko inolako laguntzarekin metatzen ahal, gastu diruz lagungarri berberei dagokienez, ez eta arriskuaren finantzaketa-neurri berberaren Estatuko laguntzekin ere, baldin eta metaketa horrek gainditzen badu laguntzaren intentsitatea edo laguntzaren zenbatekorik handiena (zenbateko hori kasu bakoitzaren inguruabar zehatzen arabera finkatzen da, Batzordeak hartutako erabaki baten edo kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu baten bidez). Badira "de minimis" batzuk kostu diruz lagungarri zehatz batzuetarako ematen ez direnak eta ezin egotz dakizkiekeenak kostu diruz lagungarri zehatz batzuei. Dirulaguntza horiek metatzen ahalko dira Batzordeak hartutako erabaki bat edo Batzordearen kategorien araberako salbuespenezko erregelamendu bat betez Estatuak emandako dirulaguntzekin.
Hamahirugarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
1. Ebazpen honetan eskatutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
3. Salbuespeneko inguruabarrak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dizkio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.
Hamalaugarrena.–Emandako dirulaguntzen jarraipena eta publizitatea.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atariko Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan sartuz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen den moduan.
2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat, Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean ere argitaratuko dira emandako dirulaguntzak, artikulu horretan bertan adierazitako baldintzetan.
3. Batasuneko estatuek, laguntza eman eta hogei egun balioduneko epean, "de minimis" laguntzei buruzko informazioa gordeko dute estatu horretako edozein agintaritzak emandako "de minimis" laguntzen erregistro nagusian.
Estatu kideek neurri egokiak hartuko dituzte erregistro nagusian jasotako datuak zehatzak direla bermatzeko, eta "de minimis" laguntzei buruzko informazioaren erregistroak gordeko dituzte hamar urtez, laguntza ematen den egunetik aurrera.
Batzordeak, idatziz, beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia eskatuko du zehaztu ahal izateko, batetik, erregelamendu honetan ezarritako baldintzak bete diren edo ez eta, bereziki, zein den erregelamendu honetan eta beste "de minimis" erregelamendu batzuetan ezarritakoa betez edozein enpresak jaso duen "de minimis" laguntzaren guztizko zenbatekoa. Kasuan kasuko estatuak eman egin beharko dio informazio hori Batzordeari, hogei egun balioduneko epean, edo, eskaeran hala ezarrita dagoenean, hori baino handiagoa den epean.
4. Onuradun guztiek Nafarroako Gobernuaren finantzaketa aipatu beharko dute erabilera profesionalerako duten webgunean edo egoki diren beste baliabide batzuen bidez. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
Iruñean, 2024ko ekainaren 11n.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
Iragarkiaren kodea: F2409462
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
