15. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

18E/2024 FORU AGINDUA, urtarrilaren 4koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, zeinaren bidez Edurne Vitas Elizari andrea izendatzen baita Langileen Prozeduren Bultzada Digitalaren eta Modernizazioaren Ataleko buru bitarte baterako. Atal hori dago Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusian; zehazki, Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko, Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzuan.

Hala ezartzen baitu hirugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duenak, ataletako eta bulegoetako burutzak bitarte baterako bete daitezke, organo eskudunak egindako izendapenaren bidez; burutza horiek betetzen dituztenek nahitaez Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak edo hari atxikiak izan beharko dute.

Bestalde, hala ezartzen baitu bosgarren xedapen gehigarrian martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoak, kasuan kasuko unitate organikoa atxikita duen departamentuko titularrak eginen du atalburuen eta bulegoburuen bitarte baterako izendapena, beharrezkoak diren txostenak eman ondoren. Horri dagokionez, espedientean badago Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak emandako aldeko txostena.

Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoei langileen arloan dagozkien eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Edurne Vitas Elizari andrea izendatzea, bitarte baterako, Langileen Prozeduren Bultzada Digitalaren eta Modernizazioaren Ataleko buru. Atal hori Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuan dago; hain zuzen, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiko Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko, Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzuan. Izendapenak 2024ko urtarrilaren 9tik aurrera izanen ditu ondorioak, eta egun hori izanen du lehenbizikoa burutza betetzen.

2. Foru agindu hau jakinaraztea interesdunari, Administrazio Elektronikoko, Ogasuneko, Giza Baliabideetako eta SITNAko Zerbitzuari, Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Sarrigurenen, 2024ko urtarrilaren 4an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Patricia Fanlo Mateo.

Iragarkiaren kodea: F2400308