3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
GARRAIOETAKO, MUGIKORTASUNEKO ETA HIRI AGENDAKO MINISTERIOA
Ezetsi egiten da Enerfín Renovables II SLU enpresaren eskaera, Alto del Fraile haize-parkeari (44 MW-eko potentzia instalatua) eta haren ebakuazio-azpiegiturari aurretiazko administrazio-baimena emateari buruzkoa, eta PEol-555 espedientea artxibatu egiten da. Aipatu haize-parkea eta azpiegiturak Zaragoza eta Nafarroa probintzietan daude
1955/2000 Errege Dekretuaren bidez arautu egin ziren energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak. Bat etorrita errege dekretu horretan eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan ezarritakoarekin, Energia Politikako eta Meatzeetako zuzendari nagusiak honako hauek hartu ditu kontuan:
I.–AURREKARIAK
Lehena.–Aurretiazko administrazio-baimena eskatzea.
2021eko maiatzaren 13an, Enerfín Renovables II SLUk aurretiazko administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatu zituen Alto del Fraile haize-parkerako (44 MW-ekoa) eta haren ebakuazio-azpiegiturarako, Tarazonako udal-mugartean –Zaragoza probintzian– eta Cascanteko, Murchanteko eta Tuterako udal-mugarteetan –Nafarroa probintzian– (proiektua, aurrerantzean).
Bigarrena.–Izapidetzeko onartzea.
Zuzendaritza nagusi honek egiaztatu zuen ezen aurkeztua zegoela, eta izapidetzekoonartua, Zaragoza eta Nafarroa probintzietan Alto del Fraile haize-parkea eta haren ebakuazio-azpiegitura egiteko aurretiazko administrazio-baimena emateko eskaera.
Hirugarrena.–Eskaera izapidetzea, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren arabera.
Zuzendaritza nagusi honek Gobernuaren Aragoiko Ordezkaritzako eta Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloei helarazi zien espedientea, organo horiek eskumena baitute, bat etorrita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 113. artikuluan xedatutakoarekin, baimena emateko espedientea izapidetzeko.
Bat etorrita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin, jendaurrean jarri ziren aurretiazko administrazio-baimena emateko eskaera, proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta ukitutako probintzietako aldizkari ofizialetan behar bezala argitaratuta. Era berean, instalazioak haien ardurapeko ondasunen eta eskubideen gain eragina izan dezakeen zatian, dagozkion txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei, zerbitzu publikoko enpresei edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, baita abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera txostena aurkeztu behar duten erakundeei ere.
2022ko otsailaren 18an, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren Industria eta Energia Arloaren txostena eta izapidetze-espedientea jaso ziren; 2023ko urtarrilaren 5ean, berriz, Gobernuaren Aragoiko Ordezkaritzarena. Gerora osatu ziren, biak ere.
Laugarrena.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.
2023ko urtarrilaren 16an, aipatu espediente hori Ingurumen Ebaluazioaren Zuzendariordetza Nagusira (SGEA) bidali zen, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, bat etorrita Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoarekin.
Bosgarrena.–Sartzeko eta konektatzeko baimenak.
Proiektuak garraio-sarera sartzeko baimena lortu zuen, txosten hauek jaso baitzituen Red Eléctrica de España SAUren jabetzako "Tudela" 220 kV-eko azpiestazioak: Sarera Sartzeko Bideragarritasun Txostena (SBT), Konexio Baldintza Teknikoak Betetzeari buruzko Txostena (KBTBT) eta Konexio Baldintza Teknikoak Egiaztatzeko Txostena (KBTET).
2023ko urriaren 9an, Red Eléctrica de España SAUren idazki bat sartu zen ministerio honen erregistroan, zeinaren bidez iraungitzat deklaratu baitziren ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuan xedatutakoa aplikatuz emandako sarbide- eta konexio-baimenak (23/2020 Errege Lege Dekretua, ekainaren 23koa, Energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako neurriak onesten dituena).
Seigarrena.–Entzunaldiaren izapidea.
2023ko azaroaren 2an, entzunaldiaren izapidea jakinarazi zen, proiektuaren aurretiazko administrazio-baimenaren eskaera ezesteko ebazpen-proposamenaren harira.
2023ko azaroaren 20an, sustatzaileak erantzun zuen, eta zenbait alegazio aurkeztu zituen haren aurka.
Jasotako dokumentazioa aztertuta, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek ebazpen-proposamen hau eman du.
II.–OINARRI JURIDIKOAK
Lehena.–Aplikatu beharreko araudia.
Honako hauetan guztietan xedatutakoa kontuan hartu da: abenduaren 26ko 24/2013 Legea, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, Ingurumen-inpaktuaren Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretua.
Bigarrena.–Energia elektrikoa sortzeko instalazioak baimentzea.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak honako hau xedatzen du 21. artikuluan, energia elektrikoa ekoizteko jarduerei buruzkoan: "Energia elektrikoa ekoizteko instalazioak martxan jartzeko, aldatzeko, aldi batez ixteko, eskualdatzeko eta behin betiko ixteko, 53. artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako baimen-araubidea bete beharko da aldez aurretik".
53. artikuluak arautzen du nola jarri behar diren martxan energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko eta ekoizteko instalazio berriak, bai eta zuzeneko lineak ere. Ezartzen du, honako administrazio-baimen hauek lortu behar direla horretarako: aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta ustiatzeko baimena.
Bat etorrita abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 3.13 artikuluarekin, Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkio, lege horretan ezarritako baldintzetan, honako eskumen hauek:
"Honako instalazio elektriko hauek baimentzea:
a) Energia elektrikoa ekoizteko penintsulako instalazioak –huste-azpiegiturak ere barnean hartuta–, 50 MW elektrikotik gorako potentzia elektrikoa instalatuta dutenak; penintsulako lehen mailako garraio-instalazioak eta 380 kV-eko edo gehiagoko tentsio-hartuneak".
[... ] b) Ekoizpen-instalazioak –huste-azpiegiturak ere barnean hartuta– [...] autonomia erkidego baten lurralde-eremua gainditzen dutenak, bai eta Estatuaren eskumeneko sortze-instalazioetara konektatutako linea zuzenak ere.
Aurretiazko administrazio-baimenari dagokionez, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan xedatzen da ezen instalazioaren aurreproiektuarekin batera izapidetuko dela dokumentu tekniko gisa, eta, behar izatera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioarekin batera, bat etorriz abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin, eta baimendutako enpresari eskubidea emanen dio instalazio jakin bat baldintza zehatz batzuetan egiteko. Elektrizitatea sortzeko instalazioen administrazio-baimena ezin izanen da eman baldin eta titularrak ez baditu aldez aurretik lortu kasuan kasuko garraio edo banaketa sareetarako sarbide eta konexio baimenak. Halaber, baimen-eskaerak bete beharko ditu urriaren 1eko 39/2015 Legean oro har jasotako administrazio-baldintza orokorrak, baita aplikatzekoa den araudi sektorialean jasotako baldintza orokor teknikoak ere.
Bestalde, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak, 121., 122., 123. eta 124. artikuluetan, arautzen ditu, oro har, administrazio-baimenaren eskaerarekin lotutako zenbait kontu. Zehazki, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. artikuluak ezartzen du ezen energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko instalazioen proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eginen zaiela, arlo horretan aplikatu beharreko legeriak hala exijitzen duenean.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, organo substantibo horrek behar bezala hartu beharko du kontuan, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.
Hirugarrena.–Ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen proiektuei aplikatu beharreko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak bere aplikazio-eremuaren barruko proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa arautzen du –obrak eta instalazioak egiteko proiektuak barne–. Hala, hartan xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa prozesu bat da, zeinaren bitartez aztertzen baita, baimena eman aurretik, zer ondorio esanguratsu duten edo izan dezaketen proiektuek ingurumenaren gainean, barnean direla populazioa, giza osasuna, flora, fauna, biodibertsitatea, geodibertsitatea, lurra, lurzorua, lurpea, airea, ura, klima, klima-aldaketa, paisaia, ondasun materialak –kultur ondarea barnean dela– eta aipatutako faktore guztien arteko interakzioa. Lege horrek Europar Batasuneko arlo horretako zuzenbidearen transposizioa egiten du.
II. tituluko lehen atalean ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura arautzen da, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko.
Hala, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluak xedatzen du zer proiekturi eginen zaien ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, eta, horien artean, I. eranskinean jasotakoak, bai eta, zatikatuta aurkeztuta ere, kontuan hartutako proiektu bakoitzaren magnitudeak edo dimentsioak metatuta I. eranskineko atalaseetara iristen direnak ere.
Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio Estatuaren eskumeneko proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedurak ebaztea, bat etorrita apirilaren 28ko 500/2020 Errege Dekretuaren 7.1 c) artikuluarekin. Errege Dekretu horrek, batetik, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen du eta, bestetik, urtarrilaren 28ko 139/2020 Errege Dekretua aldatzen du, ministerioetako departamentuen oinarrizko egitura organikoa ezartzen duena.
Prozedura horren esparruan, ingurumen-organoak ingurumen-ebaluazioaren espedientearen azterketa teknikoa eginen du, baita azterketa formala ere proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzeari buruz, eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteari buruz, nahitaezko txostenak eginda horietako bakoitzean.
Behin ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientearen azterketa teknikoa amaituta, ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren adierazpena eginen du. Eta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluaren 2. apartatuaren arabera:
"Ingurumen-inpaktuaren adierazpena nahitaezko txosten erabakigarria izanen da, eta, ingurumen-ondorioei dagokienez, proiektua gauzatzea egokia den ala ez erabakiko du. Halaber, egitekotan, zer baldintzatan egin daitekeen ezarriko du, behar bezala babes daitezen 35.1 c) artikuluan zerrendatutako faktoreak, proiektua gauzatzean eta ustiatzean, eta, hala badagokio, hura bertan behera uztean, desegitean edo eraistean, bai eta, beharrezkoa denean, prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak ezartzean ere".
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluaren 3. eta 4. apartatuen arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, formulatzen denetik hamar egun balioduneko epean, eta adierazpen horren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri. Hala ere, proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak diren errekurtsoak paratzen ahalko dira administrazio-bidetik eta bide judizialetik.
Aipatu legearen 5. artikuluan adierazten den moduan, ingurumen-ebaluazioa ingurumen-organoaren nahitaezko txosten erabakigarria da, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta amaitzen duena.
Jarraian, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluaren 1. apartatuak honako hau xedatzen du:
"Organo substantiboak, proiektuari baimena emateko prozeduran, kontuan izan beharko du, behar bezala izan ere, arrazoizko epe batean ebatzi beharko duela egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa, kontsulten emaitzak barne".
Bestalde, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak honako hau dio zioen azalpenean, horri buruzko jurisprudentzia dagoela aipatzen duenean:
"Ingurumen-erabakien izaera erabakigarria bi alderditan adierazten da; alegia, alde formalean eta alde materialean. Ikuspegi formala edo prozedura kontuan hartuta, ingurumen-erabakien izaera erabakigarriak berekin dakar prozedura substantiboaren izapideetan aurrera egiteko ezintasuna, hura egiten ez den bitartean".
Ondorioz, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen araberako ingurumen-ebaluazioaren prozedura amaitu ondoren, proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena lortzea ezinbestean bete beharreko baldintza da proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena emateko, halaxe xedatu baitu, behin eta berriz, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak; apirilaren 5eko 1347/2017 Epaian adibidez:
"Ezin da alde batera utzi ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren izaera berezia; izan ere, ingurumen-organoaren nahitaezko txosten erabakigarria da, eta harekin amaitzen da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura, zeinak ebaluatzen baitu ingurumen-alderdien integrazioa, halako moldez non hura deuseztatzeak berekin baitakar, kasu honetan bezala, hain larria eta hain garrantzitsua izateagatik, baimena ere deuseztatzea".
Laugarrena.–Elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko sareetara sartzeko eta konektatzeko administrazio-pausuak betetzea.
Ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuak, zeinaren bidez onesten baitira energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste eremu batzuetako zenbait neurri, 1. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen du ezen energia elektrikoa sortzeko instalazioetarako sarbide-baimenen titularrek, baldin eta baimen horiek eskuratu badituzte 2017ko abenduaren 31ren ondoren eta errege lege-dekretu hori indarrean jarri aurretik, ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena lortu beharko dutela 31 hilabeteko epean, eta aurretiazko administrazio-baimena 34 hilabeteko epean.
Aurrekoa abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin lotu behar da; haren arabera, energia sortzeko instalazioen administrazio-baimena ezin izanen da eman baldin titularrak ez baditu lortu, aldez aurretik lortu ere, dagozkion garraio- edo banaketa-sareetara sartzeko eta konektatzeko baimenak.
Jarraian, honako hau gehitzen da ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluaren 2. apartatuan:
"Administrazio-pausu horiek behar den moduan eta epean bete direla frogatzen ez bazaio sarearen kudeatzaileari, besterik gabe iraungiko dira emandako sarbide-baimenak, bai eta, hala badagokio, sarbide- eta konexio-baimenak ere, eta administrazio-baimenak emateko eskumena duen organoak berehala betearaziko ditu berme ekonomikoak, garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-eskaera tramitatzeko aurkeztutakoak. Hala ere, sustatzaileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldekoa ez bada, berme horiek ez dira exekutatuko".
Bosgarrena.–Garraio-sarera sartzeko eta konektatzeko eskaerei aplikatu beharreko berme ekonomikoa.
Abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuak, Energia elektrikoa garraiatu eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzkoak, 23. artikuluan arautzen du zer berme ekonomiko behar diren elektrizitatea sortzeko instalazioen sarbide- eta konexio-prozedurak izapidetzeko. Zehazki, artikulu horren 1. apartatuan honako hau xedatu da: "Elektrizitatea sortzeko instalazioen kasuan, eskatzaileak, garraio-sarera edo, hala badagokio, banaketa-sarera sartzeko eta konektatzeko eskaera egin aurretik, aurkeztu beharko du, instalazioa baimentzeko eskumena duen organoaren aurrean, berme ekonomiko bat (40 euro, instalatutako kW bakoitzeko) jarri duela egiaztatzen duen frogagiria".
Era berean, 23. artikulu horren 6. apartatuak honako hau ezartzen du: "Baldin sartzeko eta konektatzeko baimenak iraungitzen badira errege dekretu honen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, administrazio-baimenak emateko eskumena duen organoak berehala exekutatuko ditu garraio- edo, kasua zein den, banaketa-sarera sartzeko eskaera izapidetzean aurkeztutako berme ekonomikoak.
Nolanahi ere, instalazioa baimentzeko eskumena duen organoak jarritako bermea exekutatu behar izatetik salbuetsi ahal izanen du, baldin eta sartzeko eta konektatzeko baimenak iraungi badira administrazio publiko baten txosten edo ebazpen batek eraikuntza hori eragotzi duelako, eta hark hala eskatzen badu".
Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, egindako izapideak kontuan hartuta, eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluarekin bat etorrita, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuak esleitzen dizkion eskumenak baliatuz (errege dekretu horren bidez arautu egin ziren energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak), honako hau,
EBAZTEN DU:
Bakarra.–Enerfín Renovables II SLUk egindako eskaera ezestea, aurretiazko administrazio-baimena emateko eskatu baitu Alto del Fraile haize-parke fotovoltaikorako eta haren ebakuazio-azpiegiturarako; eta SGEE/PEol-555 espedientea artxibatzea.
Halaxe xedatu baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan, ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Energiaren Estatu Idazkaritzako titularrari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Hilabetekako epeak zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.
2023ko azaroaren 24a.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.
Iragarkiaren kodea: E2316877