1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
8E/2024 FORU AGINDUA, urtarrilaren 4koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, zeinaren bidez izendatzen eta errebokatzen baitira departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala eduki behar duten funtzionario batzuk.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak indarra hartzeak egoera berria ekarri du administrazio publiko guztien funtzionamenduan; izan ere, administrazio erabat elektronikoa ezarri da.
39/2015 Legeak azpimarratzen duen alderdietako bat da jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egitea, nahitaezko baita pertsona juridikoei egiten zaizkien jakinarazpenetarako. Egia da 40/2015 Legean jasotako bide eta aplikazio telematikoen bitartez komunikatu behar dutela administrazio publikoek, eta gainerako pertsona juridikoen aldean tratamendu berezia izan behar dutela, kontuan hartuta izaera juridiko desberdina dutela. Nolanahi ere, praktikotasunaren aldetik, komeni da departamentu bakoitzaren eta haien menpeko erakunde autonomoen ordezkariek sinadura elektronikoa izatea.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak 2017ko martxoaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, kontseilariei baimena eman zitzaien izenda ditzaten, foru agindu baten bidez, beren departamentu eta erakunde autonomoen ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki behar duten pertsonak.
Orobat, xedatu zen ezen hala egindako izendapenak noiznahi ere errebokatu daitezkeela.
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren urtarrilaren 13ko 5E/2023 Foru Aginduaren bidez, departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala eduki behar duten funtzionario batzuk izendatu ziren, eta beste baten izendapena errebokatu.
Departamentuaren ordezkariaren ziurtagiri digitala edukitzeko izendaturiko pertsona bat jada ez dagoenez, bidezko da bere izendapena errebokatzea eta beste pertsona bat izendatzea haren ordez.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko buru Gurutze Ubeda Echarri andrea izendatzea Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren ordezkari gisa aritzeko ziurtagiri digitala eduki dezan.
2. Itziar San Martín Erice andrearen izendapena errebokatzea. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren urtarrilaren 13ko 5E/2023 Foru Aginduaren bidez egin zen izendapen hori.
3. Foru agindu hau igortzea Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusira eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta interesdunei jakinaraztea.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Sarrigurenen, 2024ko urtarrilaren 4an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Patricia Fanlo Mateo.
Iragarkiaren kodea: F2400314