15. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1085E/2023 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita Iberfruta-Muerza SAk Azagrako industrialdean sustatutako proiektu honen ingurumen eraginaren txostena: fruta- eta landare-produktuak egitea ontziratze aseptikoan.

Iberfruta-Muerza SAk frutak eta barazkiak prozesatzen ditu azken produktu erdilandu bat lortzeko. Produktu hori atmosfera aseptikoan ontziratzen da (210 kg-ko bidoietan nagusiki), eta bezeroek azken kontsumitzaileari zuzendutako produktu bihurtzen dute. Instalazioa Azagrako industrialdeko A hiri lurzatiaren eta 1.142 landa lurzatiaren artean banatuta dago. Horien ondoan, industrialdetik kanpo, La Rota inguruan, industriako hondakin uren araztegia dago.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskinaren barnean sartzen da proiektua. Beraz, Legean ezarritakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura bete behar du.

Jarduerak, gaur egun, ingurumen baimen bateratua du, Ingurumen Eragina duten Jarduerak arautzen dituen 17/2020 Foru Legearen arabera, produktu bukatuak egunean 100 tona baino gehiago eta egunean 300 tona edo gutxiago ekoizteko ahalmenerako.

Ohiko jarraipenean ikusi denez, jarduerak, batzuetan, nabarmen gainditzen du eguneko 300 tonako atalasea, eta atalase hori Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskineko 9. taldeko b) ii kategorian sartzen da. Beraz, instalazioetan edo prozesuetan aldaketarik sartu gabe, ingurumen baimen integratua lortu behar da.

Administrazio jarduera berri gisa, lohiak biltegiratzeko biltegi altu bat (silo bat) eta ibilgailuak silora sartzeko zolarri zolatu bat erregularizatzen dira, 500 urteko errepikatze-denborako uholde eremuaren barruan, araztegiaren eremuan. Halaber, hozte dorre berri baten jabari publiko hidraulikora isurtzeko puntu berri bat gehituko zaio egungo instalazioari.

Dituen ezaugarriak direla eta, ur kantitate esanguratsuak kontsumitzen ditu jarduerak (berotzeko eta hozteko beroa trukatzeko prozesuan, produktuaren tratamenduan, ekoizpenean eta ekoizpeneko eta mantentze lanetako garbiketan). Era berean, energia kantitate handiak behar dira (gasa eta elektrizitatea) eta, neurri txikiagoan, ibilgailuak mugitzeko erregaiak. Modu esanguratsuan, jarduerak errekuntza gasak (BEGak) isurtzen ditu galdaren fokuetatik eta kogenerazioko elektrizitate ekoizpeneko motorretan.

Era berean, egiaztatu denez, ekoizpen lerroko hondakin urak –OEB karga handia dute– industriako hondakin uren araztegira bideratzen dira, Ebro ibaira egiten den azken isurketa zuzentzeko formula gisa, (industrialdetik kanpo, El Juncalillo inguruan, ibilgutik 400 metrora. Egiaztatu denez, orobat, hozte sistemen purgaketako urak eta euri urak zuzenean ibilgura isurtzen da.

Espedientean jasota dago eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako erantzuna. Horren preskripzioak txosten honetan jaso dira ibilgu publikora isurtzeari, hornidura uraren emakidari eta jabari publiko hidraulikoa babesteari dagokienez. Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako erantzunaren laburpena I. eranskinean jaso da.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua egikaritzearen, ustiatzearen eta bertan behera uztearen ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Ingurumen Eraginaren Atalak uste du, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako determinazioak betetzen badira, baita ingurumen baimen integratuan jasotzen direnak ere (horrek barne hartuko ditu proiektuaren funtsezko baimenari dagozkion behar diren funtzionamendu baldintza guztiak).

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Azagrako industrialdean ontziratze aseptikoan fruta- eta landare-produktuak egiteko proiektuak, zeina Iberfruta-Muerza SAk sustatu baitu, ez du eragin garrantzizkorik ingurumenean, ingurumen eraginari buruzko txosten honetan esandakoa kontuan hartuta, eta ez da egin behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusitako ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta.

2. Nolanahi ere, proiektuan barne hartzen diren eta funtsezko baimenean ezartzen diren neurri guztiak hartuko dira jarduera egiteko, bai eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak 2023ko urriaren 2ko txostenean jasotako honako baldintza hauek ere:

–"Behar diren neurri guztiak hartuko dira proiektatutako jarduketak ahalik eta eragin txikiena izan dezan jarduketa eremuko ur ingurunean. Halaber bermatuko da ez dela aldaketa nabarmenik eraginen inguruko dinamika hidrologikoan eta une oro zainduko dela azaleko uren eta lurpeko uren kalitatea".

–Urteko eta eguneko gehieneko ekoizpen ahalmenak ezartzeko orduan, honako hau hartuko da kontuan: "Emandako urteko gehieneko bolumena baino gehiago kontsumitzen bada, bai Azagrako Udalak erabilera horretarako, bai enpresak putzuaren kasuan, gogorarazten da Udalak edo enpresa sustatzaileak, hurrenez hurren, eskatu beharko diola emakida honen ezaugarriak aldatzea arroko erakunde honen Ur Komisariotzari".

–Isurtzeko baimenari dagokionez: "Ontziratze aseptikoan fruta eta barazki erdilanduak ekoizteko instalazioaren jarduera zabaltzeko, aldez aurretik jabari publiko hidraulikora isurtzearen onargarritasunari buruzko aldeko txostena lortu behar da. Gaur egun, konfederazio honetako Ur Komisariotzan izapidetzen ari dira txosten hori 2023-S-568 [...] erreferentziako espedientean, eta bertan ezartzen diren baldintzak bete beharko ditu sustatzaileak".

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia Zirkular eta Berrikuntza Zerbitzuari eta Basozainei (Lizarra Hegoa mugapea).

Iruñean, 2023ko abenduaren 18an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–UKITURIKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOENTZAT ETA INTERESDUNENTZAT IREKITAKO KONTSULTA IZAPIDEAREN EMAITZA

Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua

Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ingurumen txostena eman du, ingurune hidrikoan izaten ahal diren eraginei buruz, eta, halaber, identifikatu du ezarpen eremua, gainazaleko hidrologiari dagokionez, Ebro ibaiaren isurtze arroarekin, Cidacos ibaitik Aragoi ibaira (kodea: ES091416). Haren ibilgu nagusia (Ebro ibaia) instalaziotik 400 ingurura igarotzen da. Lurpeko hidrologiari dagokionez, ustiategiak eragina izanen luke "Ebro-Aragoi alubiala: Lodosa-Tutera" deituriko lurpeko ur masan (kodea: ES091MSBT049).

Jakinarazten denez, industria hornitzen duen putzuak ur publikoaren aprobetxamendurako emakida du hornidura industrialerako. 1997ko maiatzaren 29ko Ebazpenaren bidez eman zen, emandako puntako emariekin eta urteko gehieneko bolumenarekin.

Isurketei dagokienez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena du jarduerak, 2021eko urtarrilaren 11ko Ebazpenaren arabera, gaur egun kudeatzen dituen efluenteetarako. Isurketen onargarritasunari buruzko nahitaezko txosten loteslearen eskaera, bere aldetik, hasierako izapidetze fasean dago, txostenaren hizpide den espedienterako.

Ur masen kalitate helburuak kontuan hartuta, Ebroko Plan Hidrologikoaren 2022-2027 aldirako plangintza zikloak, besteak beste, honako helburu hau ezarri du: egoera ona lortzeko epeak 2027ra eta 2039ra luzatzea azaleko ur masan eta lurpeko ur masan, hurrenez hurren. Presioen eta inpaktuen ebaluazioaren arabera, kutsadura organiko eta kimikoa dela eta, arrisku handia dago kalitate helburuak ez betetzeko masa horietarako. Lurpeko uren kasuan, gainera, maila piezometrikoa jaisteko arriskua dago.

Jakinarazten denez, Uholde Eremuen Espainiako Kartografia Sistemaren azterlanak kontsultatu ondoren, egiaztatu da jarduketa eremua Ebro ibaiaren lehentasunezko fluxu eremuaren barruan eta uholde arriskuko eremuan dagoela, eta arroko erakundeak uholdeen aurrean kalteberak ez diren eta bide horren husteko ahalmena nabarmen murrizten ez duten jarduerak soilik baimentzen ahalko dituela.

Azkenik, ondorioztatzen denez, oro har, hondakin uren araztegia eta proiektuan jasotako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak berrikusi ondoren, ingurumen eraginaren azterketa egokia da, hargatik eragotzi gabe jarduerak, batetik, behar diren neurri guztiak hartzea ezarpen eremuko ingurune hidrikoaren gaineko eragina murrizteko, bestetik, dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen aldatuko bermatzea eta, azkenik, uren kalitatea ziurtatzea.

Era berean, ezartzen denez, arroko erakundeak emandako baimenak kontuan hartu behar ditu jarduketak, isurtzeko baimenari eta hornidura emakidaren emariei dagokienez.

Iragarkiaren kodea: F2317979