15. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1081E/2023 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez formulatzen baita Iturengo udal plan orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa. Sustatzailea Iturengo Udala da.

Iturengo Udal Plan Orokorrari buruzko ingurumen ebaluazio estrategikoa Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2020ko urtarrilaren 8an egindako Iturengo Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduari buruzko (LOEE) txostenarekin abiatu zen. Txosten horretan, adierazi zen zeintzuk ziren Hirigintzako Udal Plana eta ingurumen azterketa estrategikoa prestatzerakoan kontuan hartu beharreko ingurumen arloko alderdi garrantzitsuenak. Bereziki azpimarratu ziren ingurumen balioa duten eremuak eta lurralde konektagarritasuna dutenak, eta hirigintza ereduan aplikatu beharreko inguruneko irizpideak. Alderdi horiek Biodibertsitatearen Zerbitzuaren 2020ko maiatzaren 18ko txostenean zehaztu ziren, aurreko itunean kontuan har zitzaten.

Hirigintzako Udal Plana 2023ko apirilaren 3an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean jartzeko epe bat ireki zen, eta iragarki bat argitaratu 2023ko apirilaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (88. zk.).

Udal Plan Orokorrak 1992tik indarrean zeuden arau subsidiarioak ordezkatu ditu, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren helburuak betetzen ditu: hiri sarea mantentzen eta hobetzen dela eta kultur ondarea babesten dela ziurtatzea, bizitegietarako eta jarduera ekonomikoetarako lurzoruaren beharrak bideratzea, eta sistema orokorrak aurreikustea.

Planeamenduko analisi, diagnostiko eta proposamenek udal-mugarte osoa ukitzen dute, hau da, 15,4 km²-ko azalera guztira. Hirigintzako Udal Planaren eta ingurumen azterketa estrategikoaren laburpena eranskin gisa atxiki da.

Iturengo lurralde-ereduak elkarrengandik bereizita dauden hiru gune ditu: Ituren, Latsaga eta Aurtitz. Ezkurra ibaiaren korridorean daude, eta hegoaldean, Amezti auzoa dago. Bertan, eguzkialdiaren eta erliebearen baldintzek eraginda, baserri sakabanatuak daude, zeinak nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako erabilerei lotuta baitaude.

Hirigintza Planak LOEE egiteko fasean aldez aurretik hautatu eta balioetsitako alternatiba garatzen du, eta eredu kontinuista baten alde egiten du, neurrizko hazkundeekin. Horrek honakoak egitera garamatza: eraikuntzarako egokiak diren espazio libreak betetzea; eremu berriak antolatzea aldapa gutxiko lursailetan, egituretarako sarbidearekin; familia bakarreko eta biko etxebizitzak, baratzearekin; oinezkoen eta ibilgailuen mugikortasuna hobetzea; eta zuzkidura berriak.

Bizitegi proposamena lurzoru urbanizagarriko 6 sektoretara mugatzen da, eta guztira 21 etxebizitza egitea aurreikusten da, Aurtitzen (17) eta Iturenen (4) artean banatuta. Aurreikusitako bizitegi horiek ez dute ingurumeneko eragin berririk sortzen, eta hiriguneen mugakide diren lursailetako belardietan eta lur landuetan planteatzen dira. Aurtitz auzoan, soilki, zabalkuntza mendebalderantz hedatzen da, Lakesateko erreka eta Mendaurrera eta NA-170 errepidearen hegoaldera sartzeko bidea zeharkatuz.

Latsagan, bizitegi lurzoruaren aurreikuspenak Ezkurra ibaira bideratzen dira, baina ez dira uholde arriskuko eremuak hartzen. Belardi horien alderdirik nagusienetako bat da sasoiko ubide txikiak (Xelaittoko erreka eta Zurtzaiko erreka). Ibilgu horiek Lertxundi mendiaren hegalak drainatzen dituzte, eta beharrezkoa da ibilgu ireki gisa duten funtzionaltasuna mantentzea. Ildo horretan, Planak proposatzen du, ingurumenaren aldeko neurri gisa, ibilgu horien mugakide diren hiri barneko unitateetan lurzatien itxiturak atzeraematea, zortasun-eremutik at geratzeko. Hori gertatzen da, besteak beste, Iturengo EU-11n, Iturrarango errekaren muga egiten duenarekin; Latsagako EE-14, EU-14 eta 15ekin; eta Aurtizko EU-1arekin, Lakesateko errekaren ezkerraldean.

Planak jarduera ekonomikoak kokatzeko eremua finkatzen du, NA-170 eta Ezkurra ibaiaren artean dagoena, eta mendebalderantz zabaltzea proposatzen du, ibaiaren eragin eremutik at dauden lursailetara.

Hiri barneko zerbitzuak eta azpiegiturak nahikoak dira, eta bermatuta daude Planean jasotako aurreikuspen berrietarako. Horniduraren kasuan, "Mendaur irtenbidea" gauzatuta, eta saneamenduaren kasuan, Doneztebeko araztegiarekin. Beraz, ez da aurreikusten ingurumenean eragina izanen ahal duen azpiegiturekiko konexio berririk.

Planak udalerriaren soinu-eremuen banaketa jasotzen du, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan ezartzen den moduan (horren bidez Hotsari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatu zen soinu-eremuen banaketari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez).

Landa lurzoruaren antolamendua egiteko, udalerriaren natur, ingurumen, paisaia, kultur, nekazaritza eta abeltzaintza balioak identifikatu dira, lurzoru urbanizaezina kategorizatu da eta erabileren araubidea garatu. Iturenek ez du naturagune babesturik, baina ingurumen garrantzi handieneko guneak behar bezala hartzen ditu, lurralde konektagarritasunaren funtzioa betetzen dutelako, hala nola Ezkurra ibaiaren ibai-sistema eta Mendaur eta Ekaitza-Elordi gailurreriak. Azpimarratzekoa da Mendaurko zohikaztegien berezitasun ekologikoa, Bustitzako lepoaren eta gailurreko harkaizti hezeen artean banatzen direnak. Mendaurko paisaia bereziarekin batera, Planak 2. LAPeko Babes Bereziko Eremuak hartzen ditu barne.

Uholde arriskuek erasandako lurzoruen mugaketak eta zehaztapenak Kantaurialdeko Konfederazio Hidrografikoaren lehentasunezko fluxu-eremuak eta uholde-arrisku handiko eremuak hartzen ditu, bai eta 2. LAPen arriskuaren zonifikazioa ere.

Lurzoru urbanizaezinaren azpikategoria bakoitzerako ezarritako erabilera araubidea bat dator zaindu nahi diren balioekin. Udal-mugarte osoan aplikatzen ahal diren neurriak barne hartzen ditu, eta prebentziozko izaera dute paisaiaren ikuspegitik; besteak beste, debekatuta dago hormigoizko hormak jartzea, tuia erraldoien heskaiak landatzea eta gainetan edo muinoetan eraikitzea. Ingurumen azterketa estrategikoak, 7. kapituluan, prebentziozko neurri batzuk jasotzen ditu, honako hauetara bideratuta daudenak: hiri lurzorura, lurzoru urbanizagarrira eta lurzoru urbanizaezinera. Ingurumen azterketa estrategiko horrek ingurumenaren integrazioa hobetzen laguntzen du, geroko faseetan garatu eta exekutatzen den bitartean.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Iturengo Udalak sustatutako Iturengo Udal Plan Orokorraren aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egitea, ingurumenari ez diola nabarmen eragiten iritzita. Hirigintzako udal plana garatu eta gauzatzean, ingurumen azterketa estrategikoan bildutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak aplikatuko dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Iturengo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abenduaren 18an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA–HIRIGINTZAKO UDAL PLANAREN ETA INGURUMEN ONDORIOEN AZTERKETAREN LABURPENA

Planeamenduko analisi, diagnostiko eta proposamenek udal-mugarte osoa ukitzen dute, hau da, 15,4 km²-ko azalera guztira.

Iturengo udalerria Malerreka eskualdearen eta Ezkurra ibaiaren korridorearen parte da. Hala, Mendaurko hareharri gorrien eta Belateko kareharrizko mendien artean kokatuta dagoen den udalerria da. Ekialdetik mendebaldera, eskualdeko NA-170 Doneztebe-Areso errepideak zeharkatzen du, bai eta Ezkurra ibaiak ere, gutxi gorabehera haren paraleloan igarotzen denak. Udalerria, fisikoki, bitan banatzen dute errepideak eta ibaiak.

Iturengo lurralde-ereduak elkarrengandik bereizten diren hiru gune ditu: Ituren, Latsaga eta Aurtitz; hirurak Ezkurra ibaiaren korridorean daude, eta Ameztia auzo tradizionala hegoalderantz hedatzen da.

Udalaren helburuak honako hauek dira: 2015ean Iturengo ipar-ekialderako onartutako hiri-ereduari eustea, eta Aurtitzen eta Latsagan eredu kontinuista bat ezartzea; Ameztia auzo tradizional gisa onartzea; borden erabilera arautzea; abeltzaintzako jarduerak babesteko eremu bat ezartzea; bideen sistema eta udal ekipamenduak osatzea; eta Planaren kudeaketa erraztea, unitate txikiak diseinatuta.

Planak lurraldearen okupazio eredua aztertu eta definitzen du, eta elementu nagusi gisa identifikatzen ditu hiru hiriguneak, Ameztia auzoa, Ezkurra ibaia eta uholde eremuak, eta NA-170.

Hirigintza Planak Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua (LOEE) egiteko fasean aldez aurretik hautatu eta balioetsitako alternatiba garatzen du, eta eredu kontinuisten eta neurrizko hazkundeen alde egiten du. Horrek honakoak egitera garamatza: eraikitzeko egokiak diren espazio libreak betetzea; eremu berriak antolatzea aldapa gutxiko lursailetan, egituretarako sarbidearekin; familia bakarreko eta biko etxebizitzak, baratzearekin; oinezkoen eta ibilgailuen mugikortasuna hobetzea; zuzkidura berriak; eta abeltzaintzako jardueren instalazioaren guneak babestea.

Iturenen proposatutako antolamendua Landako bidetik abiatuta zabaltzen da, Latsagan, iparralderantz, sarbideetatik abiatuta, eta, Aurtitzen, egungo hiri lurzorua osatzen da eta NA-170 errepidearen mendebalderantz eta hegoalderantz zabaltzeko eremu berriak planteatzen dira. Bizitegi proposamena lurzoru urbanizagarriko 6 sektoretara mugatzen da, eta 21 etxebizitza egitea aurreikusten da, Aurtitzen (17) eta Iturenen (4) artean banatuta.

Hiri lurzoruen mugakide diren eta pixkanaka hiri lurzoru bihurtzeko baldintza egokiak dituzten eremuak, proposatutako eredua aldatu gabe, garapen ereduko gorde beharreko lurzoru urbanizaezin izatera igaro dira. Hirigune horien inguruan, Planak 100 metroko perimetro bat proposatzen du, abeltzaintzako instalazioak ezartzeko.

NA-170 errepidearen eta Ezkurra ibaiaren arteko pabiloietara eta jarduera ekonomikoetara bideratutako eremuari dagokionez, daudenak finkatu eta eremua handitu da.

Lehendik zeuden sistema orokorrak sartu dira, hala nola eskola, aparkalekua eta biltegia, eta bi berri planifikatzen dira: Aurtizko aparkalekua eta autobus geltokia, eta Latsagako bidearen azken zatia handitzea eta hobetzea.

Hiri zerbitzuak eta azpiegiturak aski dira Planaren aurreikuspenak kontuan harturik, bai eta hornidura ere, "Mendaur konponbidea"ri esker.

Landa lurzoruaren antolamenduak landa lurraldearen zati guztiak hartu ditu kontuan, eta zaindu eta babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren kategorietara eta dagozkion azpikategorietara egokitu ditu: paisaia balioa, ingurumen balioa, ustiapen naturalerako balioa, kultura balioa, garapen ereduaren babesa, arriskuen prebentzioa, azpiegituretara bideratutakoa eta jarduera berezietara bideratutakoa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan eta 2. LAP Lurralde Antolamenduko Planean zehazten den moduan. Hauek nabarmentzen dira:

–Ingurumen balioagatik Babes Bereziko Eremu direnak, hala nola Ezkurra ibaiaren ibai sistema, Ekaitza-Elordi lurralde konektagarritasuna eta Mendaurko zohikaztegiak, bai eta pagadien, hariztien, ameztien, gaztainondoen eta iralekuen zuhaitz formazioak ere, zeinak udalerriko ingurumen balioen parte baitira.

–Haran hondoko eta mendi magal ertainetako belardiak eta laboreak, eta basoko landaketak eta erabilera publikoko mendiak [Asurdi, Armaurri eta Xoko (503 OPM) eta Ameztia (504 OPM)], ustiapen naturaleko lurzoru gisa.

–Paisaia balio gisa, honako hauek nabarmentzen dira: Mendaurko paisaia berezia eta Irakurri-Ekaitza gailurrerietako arreta bereziko paisaia.

–Kultura balioei dagokienez, arkeologiako aztarnategiak, bide tradizionalak eta ibilbide kulturalak daude, hala nola uraren bidea eta San Martin elizaren, hilerriaren eta Mendaurko Trinitate ermitaren inguruak. Aztarnategi arkeologikoetan 100 m-ko babes-erradioa ezartzen da, eta bertan debekatuta dago eraikitzea.

–Jarduera berezien lurzoruari dagokionez, Mendaurko urtegia barne hartzen da.

Ingurumen ondorioen azterketaren laburpena.

Ingurumen ondorioen azterketak hirigintza planaren helburuak eta udal mugarte osorako egindako proposamenak identifikatzen ditu, bai eta okupazio eredua definitzean kontuan hartu diren bi alternatibak ere.

Udalerriko ingurumen azterketan ingurune fisikoaren datuak agertzen dira, informazio klimatologikoari eta lurrazaleko sare hidrografikoari buruzkoak. Sare horren barrenean Ezkurra ibaia eta sakan eta erreka multzo handi bat daude. Azterketa bioklimatikoan eta geobotanikoan oinarriturik, Nafarroa Atlantikoko eremu horretan berezkoa den landarediaren serieak identifikatu dira. Udalerriaren ezaugarri fisiografikoak direla kausa, espazio bereiziak daude, pendizaren eta topografiaren arabera. Malda txikiko eremuetan, alhatzeko eta ebakitzeko belardiak daude, eta %30etik gorako maldetan, irasailak, larreak eta basoak. Horrek nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jardueretan oinarritu izan den garapena baldintzatzen du.

Udalerriko paisaia motei eta unitateei buruzko informazioa biltzen du, eta paisaiaren kalitatearen helburuekin lotzen ditu. Arreta bereziko paisaiei buruzko (Irakurri-Ekaitza gailurreriak, Ezkurra eta hareharri gorriko herriak eta Erreka-Guriko Harria-Mendibila) eta Mendaurko paisaia bereziari buruzko informazioa ere jasotzen du.

Landa lurzoruaren erabilerek eta bertan gauzatutako jarduerek eragindako inpaktuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: alhatzeko eta ebakitzeko belardien artean dagoen heskaien eskasia, nekazaritzako nahiz abeltzaintzako paisaia sinplifikatzea eragiten duena; abeltzaintzaren kargak duen desberdintasuna, Bustitzako lepoan dagoen presio handia nabarmenduz; urtegian Illecebrum verticillatum gisa katalogatutako espezieari eragindako kalteak; eta Ezkurraren ibaiertzeko landarediaren egitura sinplifikatzea.

Azterketa horretatik abiatuta, ingurumena babesteko eta kontserbatzeko helburuak eta lehentasunak ezartzen dira, eta hori da lurzoru urbanizaezina antolatzeko oinarria. Lurzoru urbanizaezinaren tratamenduari dagokionez, naturaren, produkzioaren eta paisaiaren aberastasunaren euskarri gisa, arau batzuk garatzen dira, udalerriko natur balioak zaintzeko eta udalerriko berezko jarduerekin (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza) bateragarria izateko.

Azterketak Planaren proposamenetatik eratorritako eraginak baloratzen ditu, eta ondorioztatzen du plangintzak hiri ingurunean duen eragina txikia dela eta ez dela aipagarria, ez dela zuzeneko eraginik hautematen landareen komunitateen egituretan, ez eta Batasunaren intereseko habitatetan edo katalogatutako espezieetan ere. Prebenitzeko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak aplikatu aurretik sortuko diren eraginen balorazio orokorra positiboa izanen da gizartearen eta ondare kulturalaren ikuspegitik; aldiz, negatiboa izanen da natur ingurunerako (baina neurri apalean).

7. kapituluan, Plana garatu eta exekutatzeko garaian aplikatu beharreko prebentziozko eta zuzentzeko neurriak azaltzen dira, hiri lurzorua, lurzoru urbanizagarria edo urbanizaezina izan.

Iragarkiaren kodea: F2317980