15. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1053E/2023 EBAZPENA, abenduaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena egiten baita Leringo ahate gizendegi batean (Los Manteles) mindak biometanizatzeko instalazioaren proiektuari, Acción Pauliana SLk sustatutakoari, buruz.

2023ko martxoaren 28an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera bidali du Biodibertsitatearen Zerbitzura.

Acción Pauliana SLk Leringo 4. poligonoko 334 eta 319 lurzatietan (Los Manteles) ahateak gizentzeko duen hegazti ustiategian sortzen diren mindak edo simaurrak kudeatzeko, horretan eskala txikiko biogas instalazio bat instalatzea sustatzen da. Proiektuaren deskribapena txosten honen I. eranskinean jasotzen da.

Ekoitzitako digestatoak nekazaritzako ongarri gisa erabiliko dira, eta ekoitzitako gasa sustatzailearen enpresa taldeak Leringo "El Saso" industrialdean dituen instalazioak hornitzeko erabiliko da (NA-122 errepideko 25. kilometro-puntuaren parean daude instalazioak). Horrela, sortutako minden gaur egungo kudeaketaren ondoriozko metano isuriak saihestuko dira, minda horiek balorizatu eginen dira eta %85 murriztuko da aipatutako hegazti prozesamenduko zentroaren instalazioen kanpoko energia mendekotasuna.

Proposatzen den biometanizazio instalazioa sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoan, e) letran.

Aurrekariak.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren 2006ko urriaren 24ko 1659 Ebazpenaren bidez, Lerín Agropecuaria SLk Leringo 4. poligonoko 320 eta 321 lurzatietan (gaur egungo 334 lurzatia) sustatutako ahate gizendegiak eraikitzeko baimena eman zen. 2019an, 10.000 ahate inguru gizentzeko 10 nabe zituen ustiategiak. Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 15eko 300E/2019 Ebazpenaren bidez, udal ebazpena eman aurretik, jarduera handitzeko jarduera sailkatuaren proiektuaren aldeko txostena eman zen; hartara, ahate gizentzeko 10.400 plazatik 17.760 plazara igaro zen, eta aurreikusi zen lehengoak baino handiagoak ziren 4 nabe gehiago gauzatzea, bai eta simaur idoi berri bat ere. Handitze hori zati batean gauzatu da.

Izapidetzea.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Hala, Hondakinen Atalari kontsulta egin zaio, eta adierazi du aurkeztutako proiektua bateragarria dela 2017-2027 aldirako Nafarroako Hondakinen Planarekin, eta ez duela mugarik haren kokapenerako eta prozesurako. Instalazioaren funtzionamendu baldintza espezifikoak instalazioak lortu behar duen ingurumen baimenarekin zehaztuko dira. Espedientean udalaren aldeko txostena dago jasota.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

Analisia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Biometanizazio instalazioa egungo ustiategiaren barruan kokatuko da, iparraldean dauden nabeen eta hegoaldean dauden idoien artean. Ez da okupatuko nekazaritza- eta baso-erabilerako azalera berririk ustiategiaren barruko ingurumen balio handirik gabeko belardi batean, abeltegia gauzatu ondoren leheneratutakoan. Ustiategia eta, beraz, biometanizazio instalazio berria ez dira Natura 2000 Sarean sartzen, eta ez daude Ega ibaiaren edo eremuko beste ibilgu baten uholde eremuan.

Biometanizazio instalaziotik "El Saso" industrialdeko prozesatze zentrora doan gas hodiak larre ezponda bat zeharkatzen du: ustiategia dagoen terraza eta industrialdea dagoen goiko terraza bereizten ditu ezponda horrek. Era berean, legar hobi bat zeharkatzen du (abandonatuta dago, eta erdi zaharberritua, zuhaixka autoktonoekin basoberritzearen bidez).

Digestatoak banatzeko proposatutako planari dagokionez, "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) barruko eta kanpoko lurzatiak barne hartzen ditu, eta/edo Nafarroako estepako abifauna kontserbatzeko eremu kritikoen barruko lurzatiak, galzorian dauden edo katalogatuta dauden espezieak daudenean (basoilo txikiak, basoilo handiak, mirotzak eta galzoriko espeziea). Ingurumen balio handiko eremu horietako inpaktuak kontrolatzen eta minimizatzen ahal dira, Biodibertsitatearen Zerbitzuak helburu horrekin zehaztutako "Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako protokoloa" aplikatuz digestatoaren banaketan (txosten honen II. eranskinean jaso da).

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proposamenaren ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, zehazten du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dagokiola proiektuari ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea eta proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira, baita hondakinen kudeatzailea izateko baimenaren ebazpenean jasotzen direnak ere; azken agiri horretan, funtzionamendurako behar diren baldintza guztiak bilduko dira, eta horiek proiektuaren funtsezko baimenean txertatuko dira. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Leringo ahate gizendegi batean (Los Manteles) mindak biometanizatzeko instalazioaren proiektuak, Acción Pauliana SLk sustatutakoak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritako moduan, eta, beraz, ez du behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean ezartzen den ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta.

2. Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du honako baldintza hauek betetzea:

–Ustiategiaren barruko biometanizazio instalazioaren ingurunea erregularizatu edo zolatu beharko da, edo horrekin zabalgune naturalizatu bat osatu beharko da, lorategiz hornitzeko edo berez landareztatzeko moduan. Ez da soberako lur kabailoirik utziko luzatu gabe, ez eta ustiategiko bestelako hondakin, zabor edo pilaketarik ere.

–Digestorea eta gasometroa, ahal dela, proiektuaren eremuko agertoki naturaletik nabarmentzen ez den kromatismoarekin eraikiko dira (gris matea, harea kolorea, berde leuna, etab.).

–Biometanizazio instalazioaren esparruaren hegoaldean, ekialdean eta mendebaldean zuhaitz altuak landatuko dira bi lerrotan (makalak, Populus nigra eta/edo makalak, Populus alba), hiruzuloka, bi lerrokaduretan, 3 edo 4 metrora lerrokadura bakoitzeko aleen artean. Adaburu zabaleko (ez italikoa, ez bolearra) barietate naturalak izanen dira. Landaketa tantakako ureztatze sistemaz hornituko da zuhaitzak behar bezala ezarri arte (gutxienez 5 urte).

–Landaketa naturalagoa izan dadin, ahal bada, kanpoko ilara bat gehituko da, adierazitako beste bi espezieak baino txikiagoak diren espezie autoktonoen aleekin, hala nola lizarra (Fraxinus angustifolia) eta tamariza (Tamarix canariensis edo Tamarix africana).

–Ingurumen integrazioko neurriak osatzeko, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren 2006ko urriaren 24ko 1659 Ebazpenean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 30eko 518/2009 Ebazpenean eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 15eko 300E/2019 Ebazpenean jasotako landaketak gauzatu edo birjarriko dira.

–Gas hodiei dagokionez, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostena lortu beharko da, proiektuaren eremuan egon litezkeen aurkikuntza eta aztarnategi arkeologikoak babesteari buruzkoa. Gainera, honako neurri hauek hartuko dira natura ingurunean dituzten eraginak minimizatzeko eta obren ondoren behar bezala lehengoratzea lortzeko:

  • Zanga zuinkatzean, ez da kenduko aurkeztutako trazaduraren ondoko edo inguruko zuhaitzik eta zuhaixkarik.
  • Eroanbideak gora egiten duen Leringo 4. poligonoko 332 lurzatiaren mendebaldean dagoen ezpondako larreen okupazioa minimizatzeko, zanga hondeamakina txiki batekin eginen da. Zangaren zati hori makineriarekin ezponda zeharkatu gabe egin daitekeen baloratuko da, ezpondaren ekialdean eta mendebaldean dauden lurzatietatik lan eginez.
  • Leringo 4. poligonoko 332 lurzatiaren ekialdeko zatiari dagokion zuinketa egitean, "El Saso" legar hobi abandonatutik eta erdi-zaharberritutik igarotzean, larrez estalitako eremuen okupazioa minimizatuko da.
  • Leringo 4. poligonoko 332 lurzatian (araztegiaren hegoaldeko zatia barne) eta Leringo 4. poligonoko 339 eta 121 lurzatietan larre eremu bat zeharkatzen duen tarte txikian zangak itxi ondoren, eraldatutako eremuak medeagarrien bidez egokituko dira eta, ondoren, belarki autoktonoekin ereinen dira.

–Irekitzeko lizentziaren eskaerarekin batera, memoria, argazkiak eta planoak dituen txosten bat aurkeztuko da. Txosten horretan, ustiapenean, biometanizazio instalazioan eta gas hodietan proiektatu eta gauzatu diren integrazio bisualeko eta landareztatzeko neurriak jasoko dira.

–Digestatoak banatzeko kudeaketa planak "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" KBEaren balio naturaletan eta Lerínen dauden estepako hegaztiak dauden eremuetan izanen dituen inpaktuak minimizatzeko, txosten honi erantsitako "Abeltegietako minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa egokirako protokoloa" bete beharko da Planaren lurzatietan digestatoa banatzeko (Leringo 1, 5, 6, 7, 8, 9, 12 eta 13 katastro-poligonoen barruan).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Leringo Udalari, Basozainei (9. mugapea, "Lizarra Hegoa") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abenduaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–PROPOSAMENAREN DESKRIBAPENA

Gaur egun, ahateen gorozkiak barnealdeko kanal batzuetan erortzen dira, eta arrobadera automatizatuen eta garbiketa kateen bidez arrastatzen dira, bereizteko aurrehobira iritsi arte. Bertan, minda homogeneizatu egiten da, eta solidoen eta likidoen bereizgailu bateraino ponpatu. Zati solidoa hormigoizko azalera batean biltegiratzen da; zati likidoa, berriz, edukiera handiko biltegiratze idoira erortzen da, eta bertan geratzen da banatu arte, ustiategiak gaur egun duen simaurra kudeatzeko planaren arabera –nekazaritzako ongarri gisa erabiltzen da Leringo lurzatietan–.

Adierazi den bezala, sustatzaileak hegaztiak prozesatzeko zentro bat du ustiategitik kilometro batera, Leringo "El Saso" industrialdearen hegoaldean (Leringo 4. poligonoko 330 lurzatia). Zentro horrek urtean 2.288 MWh gas natural kontsumitzen ditu.

Gaur egungo proposamena da mindak biometanizatzeko instalazio bat jartzea ustiategiaren barruan, hegazti ustiategiak sortutako mindak hobeki kudeatzeko eta prozesatze zentroak kontsumitzen duen gas natural gehiena hornitzeko. Mindak ustiategian dauden arraste- eta eroate-sistema berberaren bidez bilduko dira, eta ondoren digestore anaerobio batera ponpatuko dira, ponpaketa ekipo lobular baten bidez (32 tona/egun, 6 ponpaketa egunean, digestorea gehiegi elikatzea saihesteko).

Produktua 30 eguneko atxikipen hidraulikoko aldian geratzen da digestorean; denbora hori egokia eta nahikoa da bioegonkortu dadin tenperatura kontrolatuko eta etengabeko irabiatzeko baldintzetan. Digestio anaerobioaren prozesu biokimikoaren etapak hidrolisia, azidogenesia, azetogenesia eta, azkenik, metanogenesia dira, eta azkenean biogasa eta digestatoa edo digeritua sortzen dira.

Digestore anaerobioa nahaste osokoa izanen da, 750 m³-ko edukierakoa, hormigoi prefabrikatu eta postenkatuzkoa, barne berokuntzakoa eta 8 cm-ko lodierako poliestirenozko kanpo estalki baten bidez isolatua. Barrualdean, irabiatze hidraulikoko sistema bat izanen du.

Gasa biltegiratzeko bolumena 1.500 m³-koa izanen da. Horretarako, bi gasometro proiektatu dira: bat, 500 m³-koa, PVCzko mintz bikoitzeko esferaerdi-formakoa, digestorearen gainetik 5 m gora ateratzen dena; bestea esferiko independentea izanen da, 10 m-ko altuera eta 13 m-ko diametro horizontala izanen dituena, hormigoitutako gainazal baten gainean finkatutako PVCzko bi orrirekin eta guztira 1.000 m³ inguruko biltegiratze bolumenarekin.

Biogas instalazioa eta gasmetro esferikoa egungo instalazioen mendebaldean kokatuko dira, nabeen eta minda idoien artean. Ingurune horretan, gainera, 5 x 6 m-ko kontrol etxola bat jarriko da. Bi espazio izanen ditu kontrol- eta babes-koadro elektrikoak eta digestorerako berokuntza galdara jartzeko. Biltegiratze eremu bat ere izanen du.

Digestio anaerobiorako lehengai gisa, ustiategian bertan sortutako minda likidoa bakarrik erabiliko da. Horrek esan nahi du urtean 11.194 tona minda tratatuko direla (ekoizpenaren %100).

Ekoitzitako digestatoa nekazaritzako ongarri gisa erabiliko da, aurkeztutako mindak kudeatzeko plan baten arabera (ustiategiak gaur egun duenaren antzekoa da). Plan horrek lehorreko 140 lurzati jasotzen ditu. Urtero ongarrituko dira, ekoitzitako digestatoen ekarpenaren bidez. Ziurrenik, planeko lurzati batzuk, gaur egun lehorreko sailak direnak, ureztatuak izanen dira epe ertainean, Nafarroako ubidearen 1. fasearen zabalkuntzaren "Ega 2" XXVI sektorean sartuko baitira.

Sortutako biogasa hegazti prozesamenduko zentroraino garraiatuko da, 110 mm-ko diametroko PVCzko lurpeko hodi baten bidez, kilometro batean zehar. Horretarako, 1,4 metro sakon eta 0,6 metro zabal den zanga bat irekiko da, soro landuak, larreak, abandonatutako legar hobi bat (nahiko landareztatua dago: zati handi bat basoberritu da eta gainerakoan landaredi naturala birlandatu da), industrialdeko araztegiko zelaigunea, landabideak eta industrialdearen inguruko lursailak zeharkatuko dira.

Instalaziorako sarbide nagusia hegazti ustiategiarena izanen da; alegia, landabide batetik sartuko da, NA-122tik (23 kilometro-puntua).

II. ERANSKINA.–ABELTEGIETAKO MINDEN, DIGESTATOAREN
EDO/ETA SIMAURREN KUDEAKETA EGOKIRAKO PROTOKOLOA

Abeltzaintzako ustiategi bateko minden, digestatoaren edo/eta simaurren kudeaketa planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua dagoen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak, Natura 2000 sarearen barruko lekuak eta Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztiak zaintzeko eremu kritikoak), bermatu beharko da nekazaritza jarduerak eta lehorreko laborantza txandakatzeak faunaren kontserbazioari mesede egitea, eta ingurumen baldintza hauek bete beharko dira:

–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.

–Debeku da urak kutsatzeko edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekartzen ahal duten hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.

–Ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, lehorreko zereal alorretan martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.

–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, saihestu behar da simaurren planaren ondorioz laborantza areagotzea eta lehendik zegoen lugorri sistema eraldatzea.

–Presio baxuko aspertsio bidezko ureztatze kokatutako banaketa sistema ez da baimenduko (fertirrigazioa). Banaketa kokatua baimenduko da, zisterna bidez espazio horietan esekitako tutuekin, lehenago aipatutako oharrekin: dosifikazioak errespetatu egin beharko du estepako hegaztiak babesteko egutegia eta bermatu egin beharko du intereseko habitatei kalte egiten ahal dien istiltzeak edo jariatzeak ez sortzea.

–Otalur edo alfer-lur iraunkorrez okupatutako lursailetan ez da simaur, minda edo horietatik eratorritako produkturik nekazaritzarako aplikatzen ahalko (bat etorriz Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko 8.5 artikuluarekin). Gainera, otalur edo alfer-lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira (KBEaren barruan zein hortik kanpo egon), ez zaie zeharkako ukipenik eraginen mindak edo horien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo putzuen ondorioz.

–Ez da baimenduko mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur masa iraunkorretatik 50 metroko distantziatik behera, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur masak babesteko ezartzen diren banaketa baldintzetan kontuan hartuko dira estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).

–Ur ibilguen eta hezeguneen gaineko kutsadura saihestuko da, urte sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka zuloak eta haien adarrak ur ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora taxoiak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ez da hustubide edo drainatzeetara bideratutako azaleko ur jariatzerik egiten ahalko.

–Gatz hezegune eta erreka zuloen arro hidrografikoan kontuan hartu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokietarako Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak (kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen).

Iragarkiaren kodea: F2317732