1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1052E/2023 EBAZPENA, abenduaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena egiten baita Tafallako "La Celada" legar hobia handitzeko proiektuari buruz. Excavaciones Cañuca SL da sustatzailea.
Proiektua sartua dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldean, eta, beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete behar du.
"La Celada" legar hobia ustiatzeko egun abian dagoen proiektuak ingurumen eraginaren aldeko adierazpena dauka, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak otsailaren 19ko 130/2013 Ebazpenaren bidez emanda. Proiektu horrek Tafallako 32. poligonoko egungo 843 lurzatiaren barruko erauzketa eremuaren muga ezartzen zuen. Izapidetzen ari den proiektuaren xedea da erauzketa eremua aldameneko lurzati batera zabaltzea, indarrean dagoen proiektuko erreserbak agortu dira eta.
21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Excavaciones Cañuca SLk 2022ko abenduaren 16an aurkeztu zizkion proiektua, ingurumen eraginaren azterketa eta lehengoratze plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 19. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2023ko urtarrilaren 27koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, 30 egun balioduneko epean, honako hauetan ezarritako ondorioetarako: Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea eta Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua. Jendaurrean egoteko epe horretan ez da alegaziorik jaso.
Proiektuak eragiten dien administrazioei kontsultak egiteko izapidean (21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutako izapidea), Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostenak jaso ditu, Biodibertsitatearen Zerbitzuak eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak igorritakoak. Tafallako Udalari eta Ondare Historikoaren Zerbitzuari kontsulta egin zaie, baina ez dute txostenik egin izapide honetan.
Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du aurkeztutako dokumentazioak 21/2013 Legearen 35. artikuluan adierazitako edukia jasotzen duela eta, jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapidea amaitu eta ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera aurkeztu ondoren, espedientearen azterketa teknikoa eginen dela 21/2013 Legearen 40. artikuluari jarraituz, ingurumen eraginaren adierazpena egite aldera. Era berean, adierazten da Vianako Printzea erakundearen Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txosten eguneratu bat erantsi behar dela, handitzeko proiektuaren lurzati zehatzetako aztarnategi arkeologikoetan izan dezakeen eraginari buruzkoa.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren apirilaren 3ko 140E/2023 Ebazpenaren bidez, Tafallako 32. poligonoko 844 lurzatian legar hobia handitzeko baimena eman zen, lurzoru urbanizaezinaren ondorioetarako, eta hirigintza baldintza batzuk ezarri ziren horretarako. Baimen horrek ez du babesten 7. poligonoko 239 lurzatian egiten den erauzketa jarduera, Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalak egindako txostenaren arabera. Txosten horretan ondorioztatzen denez, lursail horretan egiten den jarduketa bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Ureztalurren Planean eremu horretarako aurreikusitako balio eta erabilerekin.
2023ko ekainaren 29an, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta, gero, Biodibertsitatearen Zerbitzura igorri zen espedienteko dokumentazio guztiarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz. Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 3ko 140E/2023 Ebazpenean jasotakoa betez, azkenean aurkeztutako proiektuak 32. poligonoko 844 lursailera mugatzen du erauzketa jarduera.
Proiektuaren laburpena ebazpen honen I. eranskinean jaso da. Ingurumen eraginaren azterketan (II. eranskinean laburturik ageri da), proiektuak ingurumenean izanen dituen eragin nagusiak egoki aztertzen dira, eta ingurumenean inpaktu nabarmenik ez sortzea bermatzeko behar diren neurri zuzentzaileak ezartzen dira.
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostena dago. Bertan adierazten denez, Brontze Aroa kokaleku bat katalogatuta dago eremu horretan, Ceda izenekoa (kodea: 09312270075). Aztarnategiaren perimetroaren koordenatuak adierazi dira, eta sustatzaileari jakinarazi zaio 455 kotatik gora dauden proiektuko jarduketek jarraipen arkeologikoa izan beharko dutela.
Proiektuak antzinako mahasti bati dagokion labore lurzati batean baino ez du eraginik (gaur egun lugorria da) eta ez du eraginik ez Natura 2000 Sarean ez Nafarroako gune babestuen sarean. Abelbideetan, habitatetan, landaredia interesgarrian eta estepako hegaztientzat garrantzitsuak diren eremuetan ere ez du ukipenik eragiten. Ingurumen Eraginaren Atalak bere txostenean adierazi du izapidetu den dokumentazioan jarduketak behar bezala zehaztuta daudela, eta proposatu du proiektuaren aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egitea, ingurumen ondorioetarako soilik, aurkeztutako proposamena bideragarritzat jotzen baitu ingurumenaren aldetik, ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez gero.
Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Tafallako "La Celada" legar hobia handitzeko proiektuaren, Excavaciones Cañuca SLk sustatu duenaren, ingurumen eraginaren aldeko adierazpena ematea. Aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzekin bat etorriz eginen da jarduera eta, horrez gain, honako hauek ere beteko dira:
A) Handitzeko eremua Tafallako 32. poligonoko 844 lurzatira mugatuko da. Erauzketa perimetroa puntu hauek definituko dute (UTM ETRS 89 koordenatuak):
| UTMX | UTMY |
1 | 606.758 | 4.707.766 |
2 | 606.770 | 4.707.734 |
3 | 606.777 | 4.707.686 |
4 | 606.782 | 4.707.639 |
5 | 606.737 | 4.707.632 |
6 | 606.678 | 4.707.625 |
7 | 606.683 | 4.707.657 |
8 | 606.658 | 4.707.667 |
9 | 606.634 | 4.707.704 |
10 | 606.643 | 4.707.747 |
11 | 606.673 | 4.707.737 |
12 | 606.682 | 4.707.786 |
13 | 606.733 | 4.707.772 |
B) Puntu horiek lurrean finko paratuko diren mugarrien bidez seinalatuko dira. Legar hobiarekin lotutako pistak zabaltzea, materialak biltzea eta beste edozein jarduera perimetro horretara mugatuko da. Beheko erauzketa kota 437 m izanen da eta 3 m-ko distantzia utziko da lurzatiekiko eta bide mugakideekiko.
C) Legarra ateratzen hasi baino lehen, azaleko landare lurra kenduko da, gutxienez 40 cm-ko geruza. Beste materialetatik bereiz metatuko da, eta gero, den-dena, lehengoratze lanetarako erabiliko da. Lur horiek, ahal dela, kabailoi perimetraletan jarriko dira, inguruko bideetatik ustiategia ezkutatzeko.
D) Legar hobiaren azken ezponda perimetralak 3H-1V-ko malda izanen du; erauzketa fasean eginen da, perimetroko legarrak ustiatu gabe utziz, geroago morfologia hori lortzeko betelanik egin behar izan gabe. Ezponda perimetralean hidroereintza eginen da belarkiekin (%90) eta zurezko espezieekin (%10), eta baso landaketa eginen da, proiektuan jasotako baldintzetan.
E) Proiektatutako lehengoratze lanak hobetzeko, zuloa betetzen ahalko da osorik edo zati batean, eta ezponden malda leundu, kanpotik ekarritako hondeaketa lur eta harri garbiekin. Laborantzarako egokia den landare lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta betelanaren azaleko geruzetarako erabiliko da.
F) Kanpoko hondeaketa lurrak legar hobira garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalak kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).
G) Lurraren azaleko geruzak erauzteko lanetan, jarraipen arkeologikoa eginen da. Edozein aurkikuntza eginez gero, indusketa gelditu eginen da, eta Vianako Printzea erakundearen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari jakinaraziko zaio. Hark erabakiko du zer egin.
H) Hautsaren kontrako babes neurri hauek hartuko dira:
–Bai materialak, bai makinen eta ibilgailuen zirkulaziorako pistak, behar den guztietan ureztatuko dira, batez ere udan.
–Ustiategiko eremuaren barnean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.
–Materialak garraiatzen direnean kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.
2. Proiektuaren lehengoratze planari buruzko aldeko txostena ematen da, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onar dezan, Erauzketa industrien hondakinak kudeatu eta meategiko jarduerek eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Egokitzat jotzen da 31.319 euroko abala jarri behar izatea lehengoratze plana beteko dela bermatzeko, legar hobirako baimen substantiboaren barruan, aipatutako 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Basozainei (Tafalla-Zangoza mugapekoak), Tafallako Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko abenduaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Tafallako 32. poligonoko 843 lurzatian legar hobia handitzea proiektatzen da. Handitzeak zati batean eraginen dio poligono bereko 844 lurzatiari –ustiategiaren ondoan dago–. Labore lurzati bat da, gaur egun lugorria, eta Tafallako herrigunetik 2 km mendebaldera dagoen mahasti zahar bati dagokio. Handitzearen azalera 16.474 m²-koa da guztira. Hasierako proiektuak eragindako eremua 47.434 m²-koa da. Beraz, eragindako azalera 63.908 m²-koa da guztira. Proiektuaren balio-bizitza 10 urtekoa da gutxi gorabehera, gehi beste urte bat, lehengoratzea burutzeko.
Lehenik eta behin, landare-lurreko azaleko geruza kenduko da (0,40 m); bolumena 6.590 m³ izanen dela kalkulatu da, eta hori gorde eginen da, lehengoratze lanen azken faseetan jartzeko. Lur horiek batez ere perimetroan metatuko dira; hala, itxiera eta hesi bisual gisa ere funtzionatuko du.
Lur erauzketaren bolumena 103.922 m³-koa da guztira eta horietatik 97.332 m³ aprobetxatzen ahal den materialari dagozkio (legarrak eta buztinak). Erauzketa mekaniko hutsa da, hondeamakina hidraulikoa eta/edo pala kargatzailea erabiliz. Materiala metatuko da, edo palarekin kargatuko da kamioira. Ez da legarrak tratatzeko instalaziorik jarriko.
Lurzatiaren egungo topografiak malda jarraitua du: gehienez 450 metroko kota iparraldeko mugan eta 445 metrokoa hegoaldekoan. Lehenik eta behin, 445 kotan erauzketa plataforma bat sortuko da eta, kota horretatik aurrera, beheranzko beste bi banku: bat 440 kotaraino eta beste bat 437 kotaraino –hots, legar hobia erauzteko beheko kota–. Ustiapeneko ezpondak 1H-1V-ko malda du, eta bankuen artean gutxienez 5 metroko zabalera duen berma aurreikusten da. Lehengoratzeko azken ezpondak 3H-1V-ko malda izanen du bermarik gabe.
II. ERANSKINA.–INGURUMEN ERAGINAREN AZTERKETAREN LABURPENA ETA LEHENGORATZE PLANA
Ingurumen eraginaren azterketan ingurune hauen inbentarioa egin da: fisikoa, biotikoa, pertzeptuala, sozioekonomikoa eta kulturala, barne direla geologia, klimatologia, edafologia, topografia, airearen kalitatea, inpaktu akustikoa, lur azaleko zein azpiko hidrologia, landaredia, fauna, garraioa, paisaia, kultura ondarea, azpiegiturak eta ingurune sozioekonomikoa.
Handitzeko proiektua labore lurzatian garatuko da, eta ez du eraginik izanen Natura 2000 Sarean, ez eta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. Abelbideak, estepako hegaztientzako habitatak edo garrantzizko eremuak eta intereseko landaredia ere ez dira ukituko.
Proiektuaren eremuak hartuko duen ingurunea azterturik, ingurumen eraginaren ebaluazioak (IIE) analizatu eta baloratu egiten du proiektatutako ustiategiak ingurunean izanen duen eragina. Laburbilduz, 8 inpaktu adierazgarri identifikatu dira, eta neurrizkotzat baloratu dira. Inpaktu orokorra bateragarritzat jotzen da. Proiektuan, ez da inpaktu kritikoko ekintzarik identifikatzen.
Ingurumen eraginaren azterketak beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko plana jaso ditu; horiek aurrera eraman beharko dira, ebazpen honetan eskatzen denarekin batera.
Lehengoratze Planaren abiapuntua azken egoera topografiko bat da: 437 m-ko kotan dagoen plataforma bat eta 3H-1V-ko malda duten ezponda perimetralak. Egoera horren gainean planteatzen da ustiategiko alfer-lurrak jartzea eta aurrez desugertutako landare lurrak lehengoratzea. Lursaila prestatu ondoren, landareztatze lanak eginen dira: nekazaritza laborea lehengoratuko da plataforman, eta basokoa ez den erabilera eginen da ezpondetan. Belar eta zuhaixka espezieen hidroereintza eginen da, eta Prunus spinosa, Rhamnus alaternus eta Quercus coccifera landatuko dira.
Era berean, materialak eskuragarri izanez gero (hondeatzeko lurrak eta harriak), sortutako hutsunea erabat betetzeko aukera planteatzen da, eta gutxi gorabehera egungo kotan nibelatutako azalera bat uztea, %15 inguruko maldarekin.
Iragarkiaren kodea: F2317731