15. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

247E/2023 EBAZPENA, abenduaren 27koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita zenbait eskumen administratibo eskuordetzan ematea Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariari eta Abeltzaintza Zerbitzuko zuzendariari.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 11. artikuluan xedatzen duenarekin bat, Foru Administrazio Publikoko organoek zilegi dute esleituak dituzten eskumenen erabilera eskuordetzea kasuan kasuko administrazioko maila bereko edo baxuagoko beste organo batzuei, hierarkikoki beren menpe ez badaude ere.

Artikulu horrek ezartzen duenez, eskumenen eskuordetza noiznahi egin edo errebokatu daiteke, organo eskuordetzaileak onetsita, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezartzen du, halaber, eskuordetza baten bidez ematen diren administrazio-egintza eta ebazpenetan inguruabar hori azaldu beharko dela berariaz eta, ondorio guztietarako, organo eskuordetzaileak emanak balira bezala hartuko direla.

Departamentuko jarduerak azkarrak eta eraginkorrak izan daitezen, bidezkotzat jo da Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren mendeko zerbitzuetako zuzendarien esku uztea indarreko araudiak zuzendaritza nagusi horretako titularrari esleitzen dizkion eskumen batzuk.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nekazaritza Zerbitzuko titularraren esku uztea nekazaritzaren arloko eskumen administratibo hauek, indarreko araudiaren arabera Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkionak:

–Produktu fitosanitarioen erabiltzaile profesionalak prestatzeko ikastaroak emateko baimena duten entitateak izendatzea.

–Produktu fitosanitarioak erabiltzeko gaikuntza-ikastaroak baliozkotzea eta homologatzea.

–Babes Fitosanitariorako Baliabideen Ekoizle eta Operadoreen Erregistro Ofizialean inskripzioak egitea.

–Establezimendu eta Zerbitzu Plagiziden Erregistro Ofizialean inskripzioak egitea.

–Laborantzako Ongarrien eta Substratuen Fabrikatzaileen Erregistro Ofizialean inskripzioak egitea.

–Lohiak Nekazaritzarako Ustiatzen Dituzten Entitateen Erregistroan inskripzioak egitea.

–Produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipamenduen ikuskapen teknikorako estazioak baimentzea.

–Produktu fitosanitarioak aplikatzeko ekipamenduak ikuskatzeko urteko programa onestea.

–Mintegiko landare eta haziak ekoiztu eta merkaturatzeari aplikatu beharreko araubide juridikoari buruzkoak, dirulaguntzei eta tasei dagozkienak izan ezik.

–Ekoizpen ekologikoko ziurtagiriei aplikatu beharreko araubide juridikoari buruzkoak, dirulaguntzei eta tasei dagozkienak izan ezik.

–Kontrol ofizialeko programak onestea nekazaritzako ekoizpen primarioaren eremuan.

–Kontrol ofizialerako laborategiak izendatzea.

–Landare-osasunaren eta nekazaritzako ekoizpenaren higienearen ikuskatzaileak izendatzea.

–Kontrol ofizialeko programak onestea nekazaritzako ekoizpen primarioaren eremuan.

–Landareen Operadore Profesionalen Erregistroan (LOPE) inskripzioak egitea.

–Produktu fitosanitarioak aplikatzeko aireontzien eta instalazio iraunkorren erregistroa (REGANIP).

–Drone bidezko aireko tratamendu fitosanitarioak baimentzea.

–Produktu fitosanitarioekin saiakuntzak egiten dituzten enpresak baimentzea eta erregistratzea.

–Berrogeialdiko estazioak eta organismo kaltegarriak eta landareak konfinatzeko instalazioak baimentzea, izendatzea eta erregistratzea.

2. Abeltzaintza Zerbitzuko titularraren esku uztea abeltzaintzaren arloko eskumen administratibo hauek, indarreko araudiaren arabera Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko titularrari dagozkionak:

–Albaitariak gaitzea edo gaikuntza ematea abeltzaintzari lotutako jardueretarako.

–Abeltzaintzako ustiategiak baimendu eta erregistroan inskribatzea: altak, bajak eta aldaketak.

–Garraiolariak, abereentzako ibilgailuak eta zaintzaile baimenduak baimentzea eta erregistroan inskribatzea.

–Abereen eta abere-produktuen agente ziurtatzaileak baimendu eta erregistroan inskribatzea.

–Europako Erkidegoaren barreneko trukeetarako merkatariak eta merkataritzako artekariak baimendu eta erregistroan inskribatzea.

–Abereen elikaduraren arloko establezimendu eta operadoreak baimendu eta erregistro ofizialean inskribatzea.

–Albaitaritzako botikekin lotutako establezimenduak baimendu eta erregistro ofizialean inskribatzea.

–Gizakien kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuen operadoreak baimendu eta erregistro ofizialean inskribatzea.

–Abereak garraiatzeko ibilgailuak garbitu eta desinfektatzeko zentroak baimendu eta erregistroan inskribatzea.

–Behi-, ardi-, ahuntz-, txerri- eta zaldi-aziendako material genetikoa jaso, bildu, banatu eta merkaturatzeko operadoreak baimendu eta erregistroan inskribatzea.

–Osasun-defentsarako elkarteen osasun-planak eta horien aldaketak onestea.

–Esperimentaziorako animalien zentroak baimentzea, eta baimen horiek berrestea eta berritzea.

–Animaliekiko esperimentazio-proiektuak baimentzea.

–Esperimentaziorako animaliak erabiltzeko gaikuntza aitortzea.

–Esperimentaziorako animaliei buruzko prestakuntza-ikastaroak aitortzea.

–Animaliekiko esperimentazio proiektuak ebaluatzeko organo gisa jarduteko gaikuntza.

3. Eskuordetza honen bidez ematen diren ebazpen guztietan, horren berri eman beharko da espresuki. Ebazpen horiek Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko titularrak emanak balira bezala hartuko dira ondorio guztietarako.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Nekazaritza Zerbitzuari, Abeltzaintza Zerbitzuari eta departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abenduaren 27an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2400105