1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
118/2024 EBAZPENA, ekainaren 19koa, Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez eskuordetzen baita Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legeak arautzen dituen kontratu publiko batzuk sinatzeko eskumena, zehazki, Ondare Zerbitzuari eragiten dioten kontratuak.
Azaroaren 15eko 243/2023 Foru Dekretuaren bidez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Foru dekretu horren bigarren xedapen gehigarrian, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko zuzendari nagusien eta Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren buruaren esku uzten dira, bakoitzaren eskumenen esparruan, indarra duen araudiak Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari kontratazioaren, gastuen baimenaren eta xedapenaren eta ordaintzeko obligazioen aitorpenaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.
Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 101. artikuluak ezartzen duenez, kontratazio organoak administrazio agiri batean formalizatu behar ditu kontratuak 5 egun naturaleko epean, adjudikazioa eteteko epea bukatzen denetik hasita, salbu eta pleguan epe luzeago bat adierazten den kasuetan.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 15. artikuluak ezartzen du organoek, foru lege beraren 11. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan adierazitako mugei lotuta, beren mendeko organoei eskuordetzen ahal dietela kontratu horien sinadura, betiere nagusi hierarkikoak baimena eman badie.
Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiak otsailaren 9an emandako 21/2024 Ebazpenaren bidez, Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legeak arautzen dituen kontratu publiko batzuk sinatzeko eskumena eskuordetu zen, zehazki, Ondare Zerbitzuari eragiten dioten kontratuak.
Gero, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak martxoaren 1ean emandako 294/2024 Foru Aginduaren bidez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, bulegoen mailakoa. Foru agindu horren bidez, Ondare Zerbitzuaren barruan, ezabatu egin zen Planeamendu eta Balorazioen Bulegoa, zeina Ondarearen Kudeaketa Teknikoaren Atalari atxikita baitzegoen, eta haren ordez Proiektu eta Obren Bulegoa sortu zen, atxikipen berbera duena.
Horregatik guztiagatik, bidezkoa da beste ebazpen bat ematea Ondare Zerbitzuari eragiten dioten kontratu publikoak sinatzeko eskumenaren eskuordetzea egokitzearren zerbitzu horretako bulegoen egitura berrira.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 243/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenez baliatuz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 15. artikuluak ezarritakoaren arabera eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren baimenarekin,
EBAZTEN DUT:
1. Ondare Zerbitzuaren eskumeneko obra kontratuak formalizatzeko sinadura eskuordetzea Ondarearen Kudeaketa Teknikoaren Ataleko buruari eta Proiektu eta Obren Bulegoko buruari.
2. Ondare Zerbitzuaren eskumeneko hornidura eta zerbitzu kontratuak formalizatzeko sinadura eskuordetzea Kontratazioaren eta Aseguruen Ataleko buruari, Erosketa Bulegoko buruari eta Laguntza Juridikoaren Bulegoko buruari, lehentasun hurrenkerarik gabe.
3. Sinaduraren eskuordetzearen bidez sinatzen diren ebazpen eta egintzetan inguruabar hori eta jatorrizko agintaritza zehaztuko dira.
4. Indarrik gabe uztea Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusiaren otsailaren 9ko 21/2024 Ebazpena, zeinaren bidez eskuordetu baitzen Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legeak arautzen dituen kontratu publiko batzuk sinatzeko eskumena, zehazki, Ondare Zerbitzuari esleitutako eskumenen esparruari eragiten dioten kontratuak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2024ko ekainaren 19an.–Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusia, Maite Domínguez Muguiro.
Iragarkiaren kodea: F2409929