Iragarkia
148. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 19a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
FUNES
Udal ordenantza, salaketen kanala arautzen duena. Behin betiko onespena
Funesko Udalak, 2024ko apirilaren 24an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Funesko Udalaren Salaketen kanala arautzen duen udal ordenantza.
Ordenantza jendaurrean paratu zen, iragarkia argitaratuta 2024ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 14an, eta Funesko Udaleko iragarki taulan. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu. Beraz, eta jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), hasierako onespenaren erabakia behin betiko bilakatu da, eta argitara ematen da ordenantza, behar diren ondorioak izan ditzan.
Eta hori jakinarazten da. Behin betiko onespen honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, edo, bestela, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan, bi hilabeteko epean, argitalpen honen biharamunetik hasita, edo, aitzinetik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
Funesen, 2024ko ekainaren 27an.–Alkatea, Ignacio Felipe Domínguez Martínez.
FUNESKO UDALAREN ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA UDALAREN SALAKETEN KANALA
Zioen azalpena
Behin onetsita otsailaren 20ko 2/2023 Legea, arautzen duena nola babestu arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak, Espainiako zuzenbidean txertatzen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko urriaren 23ko 2019/1937 Zuzentaraua.
Zuzentarau horrek gutxieneko alderdi batzuk arautzen ditu, informazio bideek bete behar dituztenak, pertsona fisiko batek bide horiek erabiltzen dituenean komunikatzeko Europar Batasuneko zuzenbidearen arau-hausteak, lanaren testuinguruan. Zehazki, enpresa eta erakunde publiko anitz behartzen ditu barne kanalak izatera, horien bidez informazioa emateko. Izan ere, uste da –eta hala jaso da Europako testua egiteko bildutako txostenetan eta estatistiketan ere– hobe dela erakundeak berak ezagutzea jardunbide irregularrei buruzko informazioa, kalteak ahalik eta azkarren zuzentzeko edo konpontzeko.
Zuzentarauak, barne kanal horiez gain, eskatzen du beste informazio kanal batzuk ere ezartzea, «kanpokoak» izenekoak, horien bidez herritarrei eskain dakien agintari publiko espezializatu batekiko komunikazioa. Horrek konfiantza handiagoa sortzen ahal die, uxatuko baitie beren inguruan errepresaliaren bat jasateko beldurra. 2019/1937 Europako Zuzentarauak, "Whistleblower" izenekoak (hizpide du nola babestu Europar Batasuneko zuzenbidearen arau-hausteei buruzko informazioa ematen duten pertsonak), ezartzen du ezen, sektore publiko eta pribatuetako erakunde juridikoek, baldin 50 langile baino gehiago badituzte, salaketen kanal bat izan behar dutela, beren erakundeetan erabat txertatua.
Ildo horretan, otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 13.1.a) artikuluak (lege horrek arautzen du nola babestu arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak), behartzen ditu sektore publikoa osatzen duten erakunde guztiak informaziorako barne sistema bat edukitzera, legean bertan aurreikusitako baldintzetan. Toki administrazioa osatzen duten erakundeak sektore publikoko kidetzat hartzen dira.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Aplikazio esparru materiala.
Iruzurraren aurkako informazioko barne sistema da barne kanal bat, pertsonak babestu behar dituena, baldin komunikatzen badituzte Europar Batasuneko zuzenbidearen arau-hausteak izan litezkeen ekintza edo omisioak, bai eta arau-hauste penal edo administratibo astunak edo oso astunak izan litezkeen ekintza edo omisioak ere, jarraikiz otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2. artikuluari (lege horrek arautzen du nola babestu arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak).
Funesko Udalaren salaketen kanalaren bidez izapidetutako kontsultek edo salaketek hizpide izanen dituzte Europar Batasuneko zuzenbidearen arau-hausteak izan litezkeen ekintzak edo omisioak, bai eta arau-hauste penal edo administratibo astunak edo oso astunak izan litezkeen ekintzak edo omisioak ere, jarraikiz otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2. artikuluari (lege horrek arautzen du nola babestu arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak).
2. artikulua. Aplikazio eremu pertsonala.
Funesko Udalean lan egiten duten informatzaileek erabiltzen ahalko dute iruzurraren aurkako informazioko barne sistema, baldin eta lortu badute arau-hausteei buruzko informazioa, laneko edo lanbideko testuinguruan, eta, betiere, baldin badira langile publikoak edo besteren konturako langileak, edo Udaleko kontratisten, azpikontratisten eta hornitzaileen ikuskaritzapean edo zuzendaritzapean lan egiten duen edozein pertsona.
Era berean, sistema hori erabiltzen ahalko dute arau-hausteei buruzko informazioa jendaurrean jakinarazten edo ezagutarazten duten informatzaileek, boluntarioek, bekadunek, prestakuntza aldietako langileek (ordainsaria jasotzen duten edo ez kontuan hartu gabe), informazio hori lortu dutenean lan-harreman baten edo bukatutako estatutu-harreman baten esparruan, bai eta lan harremana oraindik hasi gabe duten langileek ere, arau-hausteei buruzko informazioa lortu dutenean hautaketako edo kontratu aitzineko negoziazio prozesuan.
3. artikulua. Arduradunak.
Funesko Udaleko idazkariaren ardura izanen da salaketen kanala.
Cristina Cerdán Gratacós izanen da datuen babeserako ordezkaria, edo, egungo titularrak uko egiten badio, haren ordezkoa.
Sistemaren erantzukizuna duenak bere eginkizunak independenteki eta autonomoki gauzatu beharko ditu erakundeko edo organismoko gainerako organoekiko, ezin izanen du inolako jarraibiderik jaso bere jardunean, eta izan beharko ditu horiek gauzatzeko behar diren giza baliabide eta baliabide material guztiak.
II. TITULUA.–SALAKETAK
4. artikulua. Salaketa egiteko bitartekoak.
1. Salaketak idatziz edo ahoz egiten ahalko dira. Informazioa ematen ahalko da idatziz, posta arruntez edo horretarako prestatutako edozein bitarteko elektronikoz, edo ahoz, telefonoz edo ahots mezularitzako sistemaren bidez.
Hala badagokio, informatzaileari ohartaraziko zaio komunikazioa grabatu eginen dela, eta haren datuen tratamenduaren berri emanen zaio, jarraikiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduari.
Gainera, komunikazioa barne kanalen bidez egiten dutenei argi eta erraz jakinaraziko zaie zein diren kanpoko informazio kanalak, informazioa emateko agintari eskudunei eta, hala badagokio, Europar Batasuneko instituzio, organo edo organismoei.
Komunikatzean, informatzaileak adierazten ahalko du helbide, posta elektroniko edo leku seguru bat, jakinarazpenak jasotzeko.
2. Ahozko komunikazioak, barnean direla telefonoz edo ahots mezularitzako sistemaren bidez egindakoak, modu hauetako batean dokumentatu beharko dira, informatzailearen aitzineko baimenarekin:
a) Elkarrizketa grabatuz formatu seguru, iraunkor eta eskuragarrian, edo
b) Tratamenduaz arduratzen denak elkarrizketaren transkripzio osoa eta zehatza eginez.
Galarazi gabe datuen babesari buruzko araudiaren arabera dagozkion eskubideak, informatzaileari aukera emanen zaio elkarrizketaren transkripzioa egiaztatu, zuzendu eta sinatzeko.
3. Barneko informazio kanalek aukera ere emanen dute komunikazio anonimoak aurkezteko eta ondotik izapidetzeko.
4. Barneko informazio kanala Funesko Udalak gaituko du, helbide elektroniko honetan: https://funes.sedelectronica.es/complaints-channel.1.
5. Barneko informazio kanalak jasotzen ahalko du ordenantza honetako 1. eta 2. artikuluetan ezarritako eremuetatik kanpoko beste edozein komunikazio edo informazio, baina ordenantza honek emandako babes-eremutik kanpo geldituko dira komunikazioak eta haien bidaltzaileak.
6. Informatzailea, arau-hauste penal edo administratibo bat dagoela jakinarazte hutsagatik, ez da izanen interesduna, baizik administrazioaren kolaboratzailea. Horregatik, Funesko Udalaren informazioko barne sistemaren esparruan egiten diren ikerketak beti hasiko dira ofizioz eta administrazio prozedura komunaren araudian ezarritako prozeduraren arabera.
5. artikulua. Informazioa kudeatzeko prozedura.
Salaketak kudeatzeko prozesua salaketa jasotzean hasiko da, eta, bukatu, aldiz, salaketa ebatzitakoan eta, hala badagokio, dagozkion neurriak aplikatutakoan.
Ordenantza honetako 4. artikuluan ezarritako edozein modutara aurkeztu beharko dira salaketak, Funesko Udalaren web orrian dagoen salaketen kanalaren bidez.
Salaketek elementu hauek izan beharko dituzte:
–Hala badagokio, salatzailearen identifikazioa: izen-abizenak eta harremanetarako modua, posta elektronikoa zein telefonoa.
Hala ere, salaketak modu anonimoan egiten ahalko dira; hala denean, egindako jakinarazpenen xehetasun mailak behar bezain zehatza izan beharko, du izapidetzeko onar dadin. Nolanahi ere, salaketen kanalaren arduradunak bermatu beharko du salatzailearen nortasuna konfidentzialtasun osoz tratatuko dela, hura identifikatzen bada.
–Salatuaren nortasuna: nortasuna jakinez gero, izen-abizenak, eta ezagutzen diren eta ustezko arau-hauslea identifikatzeko garrantzitsutzat jotzen diren bestelako datuak.
–Salaketaren arrazoia: Salatzailearen iritziz otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2. artikuluan aurreikusitako arau-hausteen artean dauden gertakari edo inguruabarren deskribapena.
–Salaketaren oinarri diren ebidentzia zehatzak: Salatutako gertakaria babesten duen dokumentu eskuragarri oro.
Salaketa jasotakoan, salaketen kanalak kode bat sortuko du automatikoki, eta, kode horretatik abiatuta, salatzaileak bere salaketaren izapidetze egoera ezagutzen ahalko du.
Salaketa erregistratu ondotik, kanalaren arduradunak aztertu eta ebaluatu egin beharko du, izapidetzeko onartzeko edo ez onartzeko, kontuan hartuta jarraian azalduko diren irizpideak:
–Izapidetzeko onartzea: Izapidetzeko onartuko diren salaketek argi eta garbi azaldu behar dituzte Europar Batasuneko zuzenbidea urratzea dakarten gertakariak eta arau-hauste penal edo administratibo astunak edo oso astunak izan litezkeen jarduerak edo omisioak.
–Izapidetzeko ez onartzea: Ez dira izapidetzeko onartuko eskatutako informazio guztia ez duten salaketak, eta, orobat, ez dira onartuko baldin gertakariek betetzen ez badituzte otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2. artikuluan eskatzen diren baldintzak.
Kasu bi-bietan, salaketa onartu edo ez onartu, salatzaileari komunikatuko zaio.
Salaketa onartzen ez bada, salatzaileak salaketa birformulatzen ahalko du, edo egokitzat jotzen dituen legezko beste bide batzuk erabili.
Jasotako salaketa izapidetzeko onartuz gero, salaketen kanalaren arduradunak ikerketa prozedura bat irekiko du, eta salaketaren ikerketan parte hartuko duten pertsonen zerrenda eginen du, salaketaren izaeraren arabera.
Ikerketaren garapenean parte hartzen duen kide orok isilpean gorde beharko du jasotako informazioa, eta arreta berezia jarri beharko die prozesuan parte hartzen duten aldeengandik jasotako datuei. Horretarako, ikerketa prozesuan parte hartuko dutenek konfidentzialtasun konpromiso espezifiko eta indartua sinatu beharko dute.
Ikerketari buruzko dokumentazioa sarbide mugatukoa izanen da.
Salaketen kanalaren arduradunak beharrezkotzat jotzen dituen instrukzio jarduketa guztiak eginen ditu, jasotako informazioaren zehaztasuna eta egiazkotasuna ikertzeko eta gertakariak argitzeko.
Ekintzen eta kontsulten barruan sartuko da, beharrezkotzat jotzen denean, egoki iritzitako pertsonekin bilerak eta elkarrizketak egitea, eta bilera bukatzean bileraren akta eginen da, prozesuaren jarraipena egiteko. Aukera egonen da, orobat, kanpoko iturrietatik informazioa lortzeko eta datuak aztertzeko, bai eta barneko edo kanpoko profesionalei aditu-frogak eskatzeko ere.
Aldi horretan, salatuari salaketaren berri emanen zaio, bai eta abian den instrukzio prozesuaren berri ere, salbu eta jakinarazpen horrek berekin badakar ikerketarako arrisku nabarmena eta garrantzitsua; orduan, atzeratu egin beharko da jakinarazpen hori, arriskua desagertu arte.
Une oro bermatuko da salatuaren datuen tratamendua indarrean dagoen legediaren arabera egiten dela.
Behin salatuari salaketaren eta instrukzio prozeduraren berri eman ondotik, eta alegazioak idatziz aurkezteko aukera alde batera utzi gabe, salaketen kanalaren arduradunak salatuari elkarrizketa egiten ahalko dio, errugabetasun presuntzioa erabat errespetatuz betiere, gertakarien bere bertsioa azal dezan eta apropos eta egokitzat jotzen dituen frogabide guztiak aurkez ditzan.
Elkarrizketa bukatzean, bileraren akta eginen da. Zuzenean erabakitzen ahalko da beharrezko kautela neurriak hartzea, jarduketak bermatzeko eta barne ikerketa behar bezala egiten dela bermatzeko.
Prozesu osoan erabateko konfidentzialtasuna gordeko da. Salbuespen gisa, konfidentzialtasun betebeharra ez da aplikatuko, baldin eta salaketen kanalaren arduradunak bere jarduerei buruzko informazioa eta/edo dokumentazioa jakinarazi eta/edo eskura jarri behar badu, tartean diren alderdien nortasuna barne, eskumena duen agintaritza judizialak edo administratiboak hala eskatuta.
Salaketen kanalaren arduraduna arduratuko da egindako ekintzen euskarri diren froga guztiak gordetzeaz, ikertu diren salaketa guztietarako, betiere datuen babesaren arloan indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera.
Instrukzio prozesua bukatzean, salaketen kanalaren arduradunak egindako jarduketa guztiei buruzko txostena eginen du. Txosten horrek honako hauek jasoko ditu gutxienez:
–Txostenerako eta espediente zenbakirako sarbide mugatua.
Salatutako gertakarien azalpena, salaketaren identifikazio kodearekin batera eta salaketa jaso den datarekin batera.
Egindako ikerketa eginbideen deskribapena, bai eta horien emaitza ere.
Instrukzioen ondorioak eta, hala badagokio, jarduketa planaren proposamena formulatzea.
–Ikerketaren ebazpena.
Organo eskudunaren ardura izanen da egokitzat jotzen dituen neurriak hartzea, besteak beste:
–Espedientea artxibatzea: Iritziz gero salatuak ez duela inolako arau-hausterik egin edo ez dagoela nahikoa froga dokumentalik.
–Gertakariak arau-hauste penalak izan balitezke, Fiskaltzari igorriko zaizkio jarduketak. Eta gertakariek Europar Batasunaren finantza interesei eragiten badiete, Europako fiskaltzari igorriko zaizkio.
–Gertakariak izan balitezke administrazio publikoko langile batek egindako arau-hauste astunak edo oso astunak, aginduko da dagokion zehapen espedientea irekitzeko, eta dagokion organoak izapidetu behar du.
Ikerketa jarduerei erantzuteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da, komunikazioa jasotzen denetik zenbatzen hasita, edo, informatzaileari hartu izanaren agiririk bidali ez bazaio, hiru hilabetekoa, jakinarazpena egin eta zazpi eguneko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita, salbu epea luzatzea eskatzen duten konplexutasun bereziko kasuetan; kasu horretan, epea beste hiru hilabetez luzatzen ahalko da gehienez.
Hartzen den ebazpenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, ez administrazio errekurtsorik, ez jurisdikzio errekurtsorik, galarazi gabe aurkaratu ahal izatea egindako ikerketen ondorioz hasten den zehapen prozedurari bukaera ematen dion ebazpena.
Informazioak kudeatzeko prozeduraren izapideak printzipio hauei erantzunen die: kontraesana, ukitutako alderdien defentsa, ukitutako pertsonen errugabetasun presuntzioa eta ohorea errespetatzea, eta datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dauden xedapenak errespetatzea.
Espedientea izapidetzen den bitartean, komunikazioak ukitutako pertsonek eskubidea izanen dute errugabetasun presuntziorako, bai eta defentsa eskubidea eta espedientea eskuratzeko eskubidea ere, otsailaren 20ko 2/2023 Legean araututakoaren arabera, bai eta informatzaileentzat ezarritako babes bera izateko ere, haien nortasuna zainduz eta gertakarien eta prozedurako datuen konfidentzialtasuna bermatuz.
6. artikulua. Informatzailearen konfidentzialtasuna.
1. Komunikazio bat aurkezten duenak edo ezagutarazte publiko bat egiten duenak eskubidea du bere nortasuna hirugarrenei ez jakinarazteko.
2. Informazioko barne sistemek eta ezagutarazte publikoak jasotzen dituztenek ez dute lortuko informatzailea identifikatzea ahalbidetzen duen daturik, eta neurri tekniko eta antolaketa neurri egokiak izan beharko dituzte, nortasuna babesteko eta ukitutako pertsonei eta emandako informazioan aipatzen den edozein hirugarreni dagozkien datuen konfidentzialtasuna bermatzeko, bereziki informatzailearen nortasuna, identifikatu bada.
3. Informatzailearen nortasuna agintaritza judizialari, fiskaltzari edo administrazio agintaritza eskudunari soilik jakinarazten ahalko zaio, ikerketa penal, diziplinazko edo zehatzaile baten esparruan.
Nolanahi ere, ezagutarazitakoak egonen dira aplikatu beharreko araudian ezarritako babesen mende. Bereziki, informatzaileari helaraziko zaio bere nortasuna jakinarazi aitzinetik, salbu eta informazio horrek ikerketa edo prozedura judiziala arriskuan jar balezake.
Agintari eskudunak informatzaileari jakinaraztean, idazki bat bidaliko dio, datu konfidentzialak emateko arrazoiak azalduta.
7. artikulua. Informazio publikoa.
Udalak informazio egokia emanen du, argi eta erraz eskuratzeko moduan, barne informazio kanalaren erabilerari buruz, bai eta kudeaketa prozeduraren funtsezko printzipioei buruz ere. Horretarako, atal bereizi bat izanen du bere webgunearen hasierako orrian, erraz identifikatzeko modukoa.
Era berean, egoitza elektronikotik erraz identifikatzeko moduko atal bereizi batean, gutxienez, honako informazio hau argitaratuko du:
a) Lege honi jarraikiz babesa jasotzeko baldintzak.
b) Kanpoko informazio kanaletarako harremanetarako datuak, bereziki, helbide elektronikoak eta postalak eta kanal horiei lotutako telefono zenbakiak, adierazita telefono elkarrizketak grabatzen diren.
c) Kudeaketa prozedurak, agintari eskudunak informatzaileari jakinarazitako informazioari edo informazio gehigarria ematen duenari buruzko argibideak eskatzeko modua, informatzaileari erantzuteko epea, hala badagokio, eta erantzun horren mota eta edukia barne.
d) Komunikazioei aplikatu beharreko konfidentzialtasun araubidea eta, bereziki, datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa, jarraikiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduari eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari.
e) Errepresalietatik babesteko errekurtso bideak eta prozedurak, eta aholkularitza konfidentzialaren eskuragarritasuna.
f) Informatzailea Babesteko Agintaritza Independentearen edo dagokion agintaritzaren edo erakundearen harremanetarako datuak.
8. artikulua. Informazioaren erregistroa.
Udalak erregistro liburu bat izanen du, jasotako informazioei eta barne ikerketei buruzkoa, eta otsailaren 20ko 2/2023 Legean ezarritako konfidentzialtasun baldintzak bermatuko ditu.
Erregistro hori ez da publikoa izanen, eta agintaritza judizial eskudunak, auto bidez eta prozedura judizial baten esparruan eta haren babespean, arrazoitutako eskariz bakarrik eskuratzen ahalko da aipatutako erregistroaren edukia, osorik edo partez.
Jasotako informazioei eta barne ikerketei buruzko datu pertsonalak lege hau betetzeko beharrezkoa eta egokia den aldian baino ez dira gordeko. Bereziki, kontuan hartuko da otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 32. artikuluaren 3. eta 4. paragrafoetan (lege horrek arautzen du nola babestu arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak). Datuak ezin izanen dira inola ere hamar urte baino gehiago gorde.
9. artikulua. Datu pertsonalen tratamendua.
Lege hau aplikatzearen ondoriozko datu pertsonalak tratatuko dira honako hauen arabera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua; abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, hizpide duena datu pertsonalak babestea eta eskubide digitalak bermatzea; maiatzaren 26ko 7/2021 Lege Organikoa, hizpide duena nola babestu arau-hauste penalak prebenitu, antzeman, ikertu eta epaitzeko eta zehapen penalak betearazteko xedez tratatutako datu pertsonalak; eta titulu hau.
Ez da bilduko informazio espezifiko bat tratatzeko egokia ez den datu pertsonalik, edo, nahigabe biltzen badira, bidegabeko atzerapenik gabe ezabatuko dira.
Legezkotzat joko dira otsailaren 20ko 2/2023 Legea aplikatzeko behar diren datu pertsonalen tratamenduak. Barne komunikazio kanalen kasuan, ulertuko da datu pertsonalak tratatzea zilegi dela jarraikiz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduari (zehazki 6.1.c) artikuluari), abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 8. artikuluari, eta maiatzaren 26ko 7/2021 Lege Organikoaren 11. artikuluari.
Kanpo komunikazio kanalen kasuan, ulertuko da datu pertsonalak tratatzea zilegi dela jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.c) artikuluari, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 8. artikuluari eta maiatzaren 26ko 7/2021 Lege Organikoaren 11. artikuluari.
Ezagutarazte publiko baten ondoriozko datu pertsonalak tratatzea ulertuko da dagoela honako hauen babesean: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (zehazki 6.1.e) artikuluai) eta maiatzaren 26ko 7/2021 Lege Organikoaren 11. artikulua.
Funtsezko interes publikoko arrazoiengatik datu pertsonalen kategoria bereziak tratatzeko, bete beharko da 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 9.2.g) artikulua.
Interesdunengandik zuzenean eskuratzen direnean haien datu pertsonalak, emanen zaie honako hauetan aipatutako informazioa: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (zehazki 13. artikulua) eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 11. artikulua. Informatzaileei eta jendaurrean ezagutarazteak publikoki egiten dituztenei, gainera, espresuki jakinaraziko zaie beren identitatea beti isilpekoa izanen dela, eta ez zaiela jakinaraziko ez kontatutako gertakariak aipatzen dituzten pertsonei, ez hirugarrenei.
Kontatutako gertakarien xede den pertsonari ez zaio inola ere emanen informatzailearen nortasunaren berri edo jendaurreko adierazpena egin duenaren nortasunaren berri.
Interesdunek baliatzen ahalko dituzte honako hauetan aipatutako eskubideak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (zehazki 15. artikulutik 22. artikulura aipatzen direnak).
Komunikazioan azaldutako gertakarien xede den pertsonak edo jendaurrean egindako ezagutaraztearen xede den pertsonak aurka egiteko eskubidea baliatzen badu, ulertuko da, kontrako frogarik ezean, badirela datu pertsonalen tratamendua legitimatzen duten premiazko arrazoi legitimoak.
Otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 32.1 artikuluan adierazitako pertsonek soilik izanen dute, beren eskumenen eta eginkizunen esparruan, informazioko barne sisteman jasotako datu pertsonaletarako sarbidea.
Zilegi izanen da beste pertsona batzuek datuak tratatzea, baita hirugarrenei jakinaraztea ere, beharrezkoa denean erakundean neurri zuzentzaileak hartzeko edo, hala badagokio, bidezko diren zehapen edo zigor prozedurak izapidetzeko.
Otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2. artikuluan aipatzen diren ekintzak edo omisioak ezagutzeko eta ikertzeko beharrezkoak ez diren datu pertsonalak ez dira inola ere tratatuko, eta, hala badagokio, berehala ezabatuko dira. Halaber, jakinarazitako datu pertsonal guztiak ezabatuko dira, baldin eta ez badira legearen aplikazio eremuaren baitan dauden jokabideei buruzkoak.
Jasotako informazioak baldin baditu datuen kategoria berezien barnean jasotako datu pertsonalak, berehala ezabatuko dira, eta ez dira ez erregistratuko, ez tratatuko.
Tratatu beharreko datuak informazioko sisteman gordetzen ahalko dira, soilik, jakinarazitako gertakariei buruzko ikerketa hastea bidezkoa den erabakitzeko ezinbesteko denboran.
Egiaztatzen bada emandako informazioa edo informazio horren zati bat ez dela egiazkoa, berehala ezabatu beharko da, inguruabar horren berri izaten den unetik aitzinera, salbu eta egiazkotasun falta hori bidegabetasun penala izan baliteke; kasu horretan, prozedura judiziala izapidetu bitartean gordeko da informazioa.
Nolanahi ere, jakinarazpena jaso eta hiru hilabete igaro eta ikerketa jarduerarik hasi ez bada, ezabatu egin beharko da, salbu eta gordetzearen helburua bada sistemaren funtzionamenduaren ebidentzia uztea. Bide eman ez zaien jakinarazpenak modu harmonizatuan baino ezin izanen dira jaso, eta ez da aplikatuko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 32. artikuluan ezarritako blokeo betebeharra.
Langileei eta hirugarrenei datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa eman beharko zaie, artikulu honetan aipatzen diren informazio sistemen esparruan.
10. artikulua. Informatzailearen eta kaltetutako pertsonen nortasuna zaintzea.
Komunikazio bat aurkezten duenak edo ezagutarazte publiko bat egiten duenak eskubidea du bere nortasuna hirugarrenei ez jakinarazteko.
Informazioko barne eta kanpo sistemek eta ezagutaratze publikoak jasotzen dituztenek ez dute lortuko informatzailea identifikatzea ahalbidetzen duen daturik, eta neurri tekniko eta antolaketa neurri egokiak izan beharko dituzte, nortasuna babesteko, eta bermatzeko konfidentzialak izanen direla eragindako pertsonei eta emandako informazioan aipatzen den edozein hirugarreni dagozkien datuak, bereziki informatzailearen nortasuna, identifikatu bada.
Informatzailearen nortasuna agintaritza judizialari, fiskaltzari edo administrazio agintaritza eskudunari soilik jakinarazten ahalko zaio, ikerketa penal, diziplinazko edo zehatzaile baten esparruan. Atal honen arabera egindako jakinarazpenek araudi aplikagarrian ezarritako babesak bete beharko dituzte. Bereziki, informatzaileari helaraziko zaio bere nortasuna jakinarazi aitzinetik, salbu eta informazio horrek ikerketa edo prozedura judiziala arriskuan jar balezake. Agintari eskudunak informatzaileari jakinaraztean, idazki bat bidaliko dio, datu konfidentzialak emateko arrazoiak azalduta.
11. artikulua. Arau-hausteak jakinarazten edo ezagutarazten dituzten pertsonen babesa.
Aurreko 2. artikuluan aurreikusitako arau-hausteak jakinarazten edo ezagutarazten dituzten pertsonek babesa jasotzeko eskubidea izanen dute, jarraikiz otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 35. artikuluari.
Arau-hausteak jakinarazten edo ezagutarazten dituzten pertsonak ezin izanen dira errepresaliaren xede izan, barnean direla errepresalia mehatxuak eta errepresalia saiakerak. Errepresaliatzat hartzen da legeak debekatzen dituen egintza edo omisio oro, edo, zuzenean edo zeharka, tratu kaltegarria dakartenak, baldin eta horiek jasaten dituzten pertsonak beste pertsona batekiko desabantailan jartzen badituzte lan edo lanbide testuinguruan, informatzaileak direlako soilik edo jendaurrean jakinarazpen bat egin dutelako.
Jakinarazpenaren edo ezagutaraztearen ondorioz bere eskubideak kaltetuta ikusten dituen pertsonak, bi urteko epea igaro ondotik, agintaritza eskudunaren babesa eskatzen ahalko du, eta hark, salbuespen gisa eta modu justifikatuan, babes aldia luzatzen ahalko du, eraginpean egon litezkeen pertsonei edo organoei entzun ondotik. Babes aldiaren luzapena ukatuz gero, horretarako arrazoiak eman beharko dira.
Otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 2. artikuluan aurreikusitako arau-hausteak jakinarazten edo ezagutarazten dituztenek, lege horretan bertan ezarritako prozeduren bidez, honako laguntza neurri hauek jasoko dituzte gutxienez:
a) Informazio eta aholkularitza osoa eta independentea, herritarrendako erraz eskuratzeko modukoak eta doakoak, honako hauei buruzkoak: eskuragarri dauden prozedura eta baliabideak, errepresalien aurkako babesa eta eragindako pertsonaren eskubideak.
b) Agintari eskudunek laguntza eraginkorra ematea errepresalien aurka babesa ematen duen edozein agintariren aitzinean.
c) Laguntza juridikoa prozesu penaletan eta mugaz gaindiko prozesu zibiletan, Europar Batasuneko araudiari jarraikiz.
Hori guztia, alde batera utzita doako laguntza juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen babesean legokiokeen laguntza, komunikazio edo errebelazio publikoa aurkeztearen ondoriozko prozedura judizialetan ordezkatzeko eta defendatzeko.
Otsailaren 20ko 2/2023 Legean jasotako ekintzei edo omisioei buruzko informazioa jakinarazten duten pertsonek, edo lege beraren arabera jendaurrean jakinarazten dutenek, ez dute informazioaren berri emateko inolako murrizketarik urratu, eta pertsona horiek ez dute inolako erantzukizunik izanen komunikazio edo errebelazio publiko horri dagokionez, baldin eta arrazoizko arrazoiak badituzte pentsatzeko informazio horren komunikazio edo errebelazio publikoa beharrezkoa zela 2/2023 Legearen arabera ekintza edo omisio baten berri emateko, betiere 2.3 artikuluan xedatutakoa alde batera utzi gabe. Neurri horrek ez du eraginik izanen erantzukizun penaletan. Paragrafo honetan aurreikusitakoa langileen ordezkariek egindako informazioen jakinarazpenera hedatzen da, nahiz eta isilpeko legezko betebeharren pean egon edo isilpeko informaziorik ez emateko legezko betebeharren pean egon. Hori guztia, galarazi gabe laneko araudiaren arabera aplikatu beharreko babes arau espezifikoak.
Informatzaileek ez dute erantzukizunik izanen jendaurrean jakinarazten edo ezagutarazten den informazioa lortzeari edo eskuratzeari dagokionez, betiere lortze edo eskuratze hori delitua ez bada.
Jakinarazpen edo ezagutarazte publikoarekin zerikusirik ez duten edo lege honen arabera arau-hauste bat jakinarazteko beharrezkoak ez diren ekintzetatik edo omisioetatik eratorritako informatzaileen beste edozein erantzukizun exijitzen ahalko da, aplikatzekoa den araudiaren arabera.
Prozesu judizialetan, barnean direla difamazioari buruzkoak, egile eskubideak urratzeari buruzkoak, sekretua urratzeari buruzkoak, datuak babesteko arauak urratzeari buruzkoak, enpresa sekretuak ezagutarazteari buruzkoak edo lan edo estatutu zuzenbidean oinarritutako kalte-ordainen eskaerei buruzkoak, otsailaren 20ko 2/2023 Legearen 3. artikuluan aipatzen diren pertsonek ez dute inolako erantzukizunik izanen, lege horrek babestutako komunikazio edo errebelazio publikoen ondorioz.
Pertsona horiek eskubidea izanen dute, beren deskarguan eta aipatutako prozesu judizialen esparruan, jendaurrean jakinarazi edo ezagutarazi izana alegatzeko, baldin eta arrazoizko arrazoiak badituzte pentsatzeko komunikazio edo agerpen publikoa beharrezkoa zela lege honen araberako arau-hauste bat agerian jartzeko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordenantza honek indargabetu egiten du indarrean dagoen beste edozein udal arau, baldin bertan xedatutakoaren aurka badoa.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.–Ordenantza honetan ezarritakoak ez ditu alde batera utziko gai honetan eskumena duten gainerako administrazio publikoei legez esleitutako eskumenak.
Bigarrena.–Ordenantza hau eta bere aldaketak indarrean jarriko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hurrengo egunean, honako hauetan ezarritakoaren arabera: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 eta 70.2 artikuluak (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Foru Legea), eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Ordenantzak indarrean jarraituko du espresuki aldatu edo indargabetu arte.
Iragarkiaren kodea: L2410271
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
