1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
78/2024 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzen dituena.
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen, Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaz, Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiaz eta Idazkaritza Tekniko Nagusiaz osatua.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 16.2 artikuluak xedatzen du ezen departamentu bakoitzaren titularrak foru agindu bidez izendatuko dituela zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren ordez aldi baterako arituko direnak, kasuan kasuko kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean, ezintasun pertsonalen bat duenean edo haren abstentzioa edo errekusazioa deklaratzen den kasuetan. Artikulu horren 6. apartatuaren arabera, ordezkoen izendapena baliozkoa izateko, ez da nahitaezkoa izanen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, salbu eta baldintza hori ezarrita duten kasu zehatzetan.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiaren kargua hutsik gelditzen denean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, haren aldi baterako ordezkoak honako hauek izanen dira, hurrenez hurren:
a) Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarte Inklusioaren Zerbitzuko zuzendaria.
b) Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuko zuzendaria.
2. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren kargua hutsik gelditzen denean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, haren aldi baterako ordezkoa honako hau izanen da:
a) Lan Zerbitzuko zuzendaria.
3. Idazkari tekniko nagusiaren kargua hutsik gelditzen denean, titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean edo ezintasun pertsonalen bat duenean, haren aldi baterako ordezkoak honako hauek izanen dira, hurrenez hurren:
a) Mendekotasunaren Arretaren Araubide Juridikoaren, Gizarte-inklusioaren eta Garapenerako Lankidetzaren Ataleko burua.
b) Adingabeen Araubide Juridikoaren, Familiaren eta Diru-sarreren Bermearen Ataleko burua.
c) Ikuskapen Ataleko burua.
d) Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko burua.
4. Indarrik gabe uzten da Eskubide Sozialetako kontseilariaren ekainaren 25eko 214/2020 Foru Agindua, Eskubide Sozialetako Departamentuko zuzendari nagusien eta idazkari tekniko nagusiaren aldi baterako ordezkoak izendatzen dituena.
5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko martxoaren 14an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2410056