Iragarkia
148. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
510E/2024 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten baita Rafael Sur sektoreko "El Quinto" magnesita-meatzea zabaltzeko proiektuari buruz. Magnesitas Navarras SA (MAGNA) da sustatzailea.
Espediente hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 2. taldean jasotzen da, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egiteko prozedura aplikatu behar zaio.
Gaur egun, "El Quinto" magnesita-meatzean erauzketa-proiektu hauek daude martxan: "130 mailako ebaketa birsakontzea" eta "130 mailako ebaketako goiko bankuak atzeraematea". Bi proiektuek aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena dute. Lehena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak eman zuen, maiatzaren 13ko 199E/2014 Ebazpenaren bitartez; eta bigarrena Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak, irailaren 6ko 683E/2018 Ebazpenaren bitartez.
Izapidetu den proiektuaren helburua da erauzketa-jarduera zabaltzea gaur egungo ustiategiaren ipar-ekialdeko mugaren ondoan dagoen Rafael Sur izeneko sektore berri batean.
1.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura garatzea.
1.1.–Aldez aurreko kontsultak.
2021eko urtarrilaren 15ean, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismeneko dokumentua eskatu zuen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluaren arabera. 2021eko ekainaren 2an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak irismeneko dokumentu hori igorri zion sustatzaileari, aldez aurreko kontsultetan jasotako erantzunekin batera, ingurumen-inpaktuaren azterketa idaztean aintzat har zezan.
Izapide horretan honako hauen erantzunak jaso ziren: Eugiko Kontzejua, Meatzeen Atala, Lurralde eta Paisaia Zerbitzua eta Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala. Izapidetze horren laburpena ebazpen honen I. eranskinean jaso da.
1.2.–Jendaurrean jartzea.
21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, MAGNA enpresak 2021eko urriaren 28an aurkeztu zizkion bai proiektua, bai ingurumen-inpaktuaren azterketa eta bai lehengoratze-plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 30 egun balioduneko epean, 2022ko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 5ekoan, horren inguruko iragarkia argitaratu ondotik. Izan ere, hala egitea agintzen dute Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak eta Erauzketa-industrietako hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek eragindako eremua babesteari eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuak.
Jendaurreko aldi horretan, honako hauen alegazioak jaso ziren: Eugiko Kontzejua, SEO Birdlife, Mendiaundi Bizirik Koordinakundea eta Nuria Madotz Ekiza. Jendaurreko prozeduran jasotako alegazioak ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen dira.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei, eta honako hauen txostenak jaso zituen: Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia, Ingurumen Eraginaren Atala, Esteribarko Udala eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoa. Txostena eskatu zion, halaber, Kultura Departamentuko Vianako Printzea Erakundeko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, baina ez zuen erantzunik jaso. Ukitutako administrazio publikoei kontsulta egiteko prozeduran jasotako txostenak laburtuta daude ebazpen honen III. eranskinean.
1.3.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera.
2022ko azaroaren 16an, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, eta hark dokumentazio guztia Biodibertsitatearen Zerbitzura igorri zuen, espedientearen azterketa teknikoa egiteko eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko.
1.4.–Egindako beste kontsulta batzuk.
2023ko ekainaren 21ean, kontsultak egin zitzaizkion Akitania Berriko (Frantzia) Pirinio Atlantikoetako Departamenduari, proiektuak mugaz gaindi izan litzakeen eraginei buruz, eta espedientearen dokumentazio teknikoa bidali zitzaion. Ez da erantzunik jaso.
2023ko irailaren 1ean, Ingurumen Eraginaren Atalak argibideak eskatu zizkion Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, administrazio publikoei kontsulta egiteko izapidean egindako txostenean jasotako zenbait alderdiri buruz. Zehazki, maila freatikoaren azpitik ustiatzeko aukerari eta lurpeko urak kutsatzeko arriskuari buruz galdetu zion. 2023ko urriaren 2an, horri buruzko erantzuna jaso zen. Txosten horren edukia laburtua dago ebazpen honen III. eranskinean.
1.5.–Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio osagarria.
Sustatzaileak honako dokumentazio osagarri hau aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, eta Biodibertsitatearen Zerbitzura igorri zen, abian zen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren espedientean sar zezan. Dokumentazio horrek aurretik aurkeztutako dokumentazioa argitzen du, baina edukiak ez du sortzen hasiera batean aurreikusitakoez bestelako ingurumen-ondorio nabarmenik:
–Basoa proaktiboki kudeatzea, okil gibelnabarraren eta okil beltzaren habitataren egitura mantentzeko eta lehengoratzeko. BIOMA, 2023ko ekaina. 2023ko ekainaren 22an aurkeztua.
–Arga ibaiko ingurumen-ukipenen azterlana, "El Quinto" ustiategiaren inguruan muturluzearen kontserbazioari dagokionez. MAGNA, 2022ko iraila. 2023ko ekainaren 22an aurkeztua.
–Azterketa, muturluze piriniotarraren (Galemys pyrenaicus) habitata mantentzeko kudeaketa-eremuan Rafael Sur sektoreko proiektuko isurketa-baldintzak proposatzeko (CRN-CINCLUS, 2023ko urria). 2023ko urriaren 9an aurkeztua.
2.–Proiektuaren deskribapena eta lehengoratze-plana.
Proiektuaren helburua da gaur egungo "El Quinto" magnesita-ustiategiaren erauzketa-jarduera handitzea, haren ipar-ekialdeko mugaren ondoan dagoen Rafael Sur izeneko sektore berri batean. Ustiaketa-eremu berria Esteribarko udal-mugartean dago, Eugitik 4 km iparraldera. Iparraldean Arga ibaiarekin eta NA-138 errepidearekin muga egiten du. Proiektuaren eremuko sarbideak egungo "El Quinto" ustiategian eta haren bide-sisteman daude. Proiektu osoa Esteribarko udalerriko 41. poligonoko B azpilurzatiko 2. lurzatian eginen da. Lurzati horren zati bat indarrean dagoen proiektuak okupatuta dago egun.
Proiektuaren arabera, gaur egungo "El Quinto" ustiategiaren perimetroa 28,77 ha zabalduko da ondoko pagadi batera. Eremu horretan, proiektuak ukitu gabe utziko ditu pagadiaren 10,76 hektarea, hau da, meatze-zuloaren inguruko pantaila-zerrenda bat eta pisten arteko eremu batzuk, aldatu gabeak. Gainerako azalera, 18,01 ha, ustiaketak aldatutako eremuei dagokie (meatze-zuloa eta pistak). Zabalkuntza kontuan hartuta, ustiategiaren perimetro osoak, aurreko proiektuek ukitu duten eremua barne, 179,17 ha hartuko ditu.
2,96 Mt mineral erauztea aurreikusi da, 3,89ko gai antzu/mineral ratioarekin. Ustiategiak bost urteko balio-bizitza izanen duela kalkulatu da, erreserbak, beharrak eta ekoizpen-erritmoa kontuan hartuta, Zubiriko fabrikari ekarpen bakarra eginda (600.000 t mineral urtean). Rafael Sur sektoreko proiektua prestatzeko mugimenduak eta egungo proiektuaren amaierakoak (N130 eta Goi-eremua) aldi berean egitea aurreikusi da, minerala eskura izate aldera.
Ustiaketa aire zabalean eginen da, hegoaldetik iparralderako noranzkoan, eta materialak zulaketa eta leherketa bidez erauziko dira, 5-10 m-ko altuerako lan-bankuetan. Hasieran goiko bankuak landuko dira, hegaleko ustiaketa eginez. Bankuetarako sarbiderako egungo pistak, ipar-ekialdean eraikiko diren pista berriak eta gaur egun dauden sarbideak erabiliko dira.
Meatzea ebaketa-metodoaren bidez ustiatuko da, aurrerantz eta beherantz. Hala, mea hego-ekialdeko ezponda atzeraemanez irekiko da, etapaz etapa. Ebaketaren iparraldean erauzketa-lanak errazteko, maila freatikoaren 10 depresio-zundaketa eginen dira, ebaketatik hurbileko ingurunean eta ukipen-perimetroaren barruan. Ponpaketa-zundaketen bidez ateratako ur guztiak Arga ibaira isuriko dira.
Bai meatze-zuloko bai sarbideetako gai antzuak "El Quinto" ustiategian dagoeneko baimenduta dauden biltegietara eta meatze-zuloetara eramanen dira. Rafael Sur sektorea zabaltzeko materialak tratamendu-instalazioan eta lehendik dauden instalazio osagarrietan tratatuko dira, ez da instalazio berririk beharko. Prestaketarako aldez aurreko etapetan geruza edafikoa kentzean sortutako landare-lurra pilatu eginen da, lehengoratze-lanetan erabili arte.
Lehengoratze-plana bat dator zabalkuntza-eremuarekin, eta, aldi berean, berrikusi eta eguneratu egiten du "El Quinto" ustiategian abian den lehengoratze-plana. Hori, kontuan hartuta, batetik, indarrean dagoen planaren arabera dagoeneko lehengoratu diren eremuak; eta, bestetik, transferentzia-lanak (hutsuneak betetzea eta hondakindegietara eramatea) aldatzeak zenbait eremutan eragin dituen morfologia-aldaketak. Lehengoratze- eta ustiatze-lanak koordinatu eginen dira, ustiatzearekin batera egin ahal izateko, azken azalerak erabilgarri daudenean.
Ponpaketak amaitu eta maila freatikoa berreskuratu ondotik, amaierako egoeran urmael bat sortuko da ebaketaren hondoan, 705 m-ko kotatik behera, gutxi gorabehera. Mantentzen diren pista eta sarbideek arekak izanen dituzte, jariatze-urak ustiategiko drainatze-sarera bideratzeko.
Hondeaketa-eremuko bermak erripatu eta eskarifikatu eginen dira, gutxienez 20 zentimetroko lodierako landare-lurreko geruza bat zabaldu aurretik. Landare-lur hori azaleko desugerketakoa edo kanpotik ekarria izan daiteke. Gero, ongarritu, hidroerein edo purraka ereinen da, eta zuhaiztien landaketa eginen da. Lehen urtean, sail bakoitza bitan ureztatuko da, eta, behar izanez gero, hutsarteak bete eta berriz ereinen dira.
Zabalkuntza-eremuan egin beharreko landaketetan, pagoa (Fagus sylvatica) erabiliko da, batez ere, honako hauekin batera: gorostia (Ilex aquifolium), hagina (Taxus baccata) eta, neurri txikiagoan, haritz kandugabea (Quercus petraea) eta ametz ilaunduna (Quercus humilis). Ezponden goialdean eta oinarrian landare igokariak erabiliko dira. Landaketa-sail guztiek babesgarriak izanen dituzte.
Bi pasalditan hidroereinen dira, 300 kg/ha inguruko dosiarekin. Espezie-nahastea honela osatua egonen da: %70 gramineoak (Lolium perenne, Bromus erectus, Festuca arundinacea, Dactylis glomerata), %29 lekadunak (Anthyllis zauraria, Trifolium pratense, Trifolium repens, Lotus corniculatus) eta %1 zurkarak (Rubus ulmifolius, Ulex europeus eta Erica vagans).
Biodibertsitatea sustatzeko neurri osagarriak txertatu dira planean, hala nola anfibioentzako urmaelak, kiropteroentzako babeslekuak, egur-pilaketak, habia-kutxak eta harrapariek habia egiteko plataformak. Rafael Sur sektoreko ebaketako zuloko urmaelaren sakonera txikiko eremuetan, uharte txikiak sortzea aurreikusi da, hegazti urtarrentzako babesleku izan daitezen.
Sartzeko pistetako bi erabiltzeko moduan geldituko dira, lehengoratze-lanak egin ahal izateko eta urmaelera sartzeko. Pista horiek, gainera, lehendik daudenekin bat eginen dute, eta egokiak izanen dira oihanak ustiatzeko, baina 18 m-tik 7 m-ra estutuko dira. Gainerako pistak lehengoratzeko, landare-lurra jarriko da, hidroereintza erabiliko da eta landaketak eginen dira.
Araztutako euri-urak soilik isuriko dira, eta solido esekiena izanen da inpaktu potentzial nagusia (uhertasuna). Hiru isurgune egonen dira: 1IG gunean, Pedrikeriko errekara isuriko da, eta 2IG eta 3IG guneetan, Pedrikeriko mendebaldeko ibarrera. Isurgune bakoitza euste-, dekantazio- eta iragazte-putzu bati lotuta dago, gutxienez, eta isuri aurreko kontrol-puntu bat dagokio. Putzuak iragazketa-fase batekin osatu dira, euri-urak isuri aurretik partikulei hobeki eusteko. Uren kutsadura lausoa eragozteko, proiektuko elementu guztiak areken edo ildo-bizkarren bidez itxiko dira. Drainatze-egiturak aldian-aldian garbituko dira, eta dekantazio-putzuak urtean bost aldiz. Ekaitzak maiz izaten diren garaian, gehiagotan garbituko dira.
Depresio piezometrikoko zundaketetako lurpeko ponpaketa-ur guztia (kontaktu gabeko ura) Arga ibaira eramanen da, meatze-drainatzearen soberakin gisa, eta ez da ezertarako erabiliko edo aprobetxatuko. Lurpeko hodi baten bidez bideratu, eta Arga ibaira hustuko da, Pedrikeriko errekatik edo ustiategiaren ipar-isurialdeko hegaleko ibarretik. Obra horiek guztiak meatzearen eragin-eremuaren barruan daude.
Proiektuaren arabera, kanpoko euri-ura ukitu gabe jasoko da, babes-areken bidez. Ibarretan bost entrega-puntu egonen dira, proiektuaren ukipen-perimetroaren barruan. Urak Pedrikeriko erreka ukitu ez dezan, erreka bideratu eginen da, pistaren azpiko pasabideen bidez.
3.–Azterketa teknikoa.
Ingurumen-inpaktuaren azterketak (IIA) proiektuaren alternatibak aztertzen ditu, honako hauek barne: jarduerarik ez egitea; ustiategiaren kokapen, metodo eta diseinu aukerak; gai antzuen kudeaketa; sarbideak; materialen tratamendua eta garraio-sistema. Era berean, alternatiba bakoitzean hautatutako konponbidea justifikatu da.
Proiektuaren kokapenari dagokionez, nabarmendu beharra dago hautatutako alternatiba dela egun dagoen meatzea handitzeko bide ematen duen bakarra, sektore berrira meatzetik bertatik sartuz eta Natura 2000 Sareari dagozkion lurrak okupatu gabe. Beste alternatiba batzuk egungo meatzearen ingurunetik kanpo eta Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremuen barruan daude.
Orain, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eragin duten proiektuaren ingurumen-inpaktu garrantzitsuenak aztertuko ditugu:
3.1.–Okil gibelnabarraren (Dendrocopos leucotos lilfordi) gaineko eragina.
Proiektuak 18 ha-ko pagadi azidofilo bati eragiten dio zuzenean; pagadi horrek introgresio basofiloak ditu magnesita eta dolomien gaineko substratuan. Proiektuak zuzenean ukitzen duen pagadian zein inguruko basoetan okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos lilfordi) dagoela badakigu, baso horietako zenbait eremutan ugaltzeko eta elikatzeko baldintza egokiak baitaude (pagadi helduak, lurrean zein tente hildako egurrarekin).
Espezie hori, estatuko zein erkidegoko araudiaren arabera, galzorian dago (otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua, Babes Bereziko Araubidean dauden Basa Espezieen Zerrenda eta Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoa garatzen duena; eta azaroaren 27ko 563/1995 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuarena, basa faunako zenbait ornodun espezie eta subespezie Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan sartzea onesten duena).
Beraz, ukipen hori aztertzea funtsezkoa da proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako. Gai hori hainbat alegaziotan aipatu dute, adibidez, SEO Birdlife-k, Mendiaundi Bizirik Koordinakundeak eta Nuria Madotz Ekizak.
Inpaktu hori aztertzeko, kontuan hartu dira, batetik, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espediente honetan sustatzaileak aurkeztutako azterketak; eta bestetik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak berak espezie horren inguruan egindako erroldak eta segimendu-lanak. Datu berriago gisa, azpimarratu behar da 2023. urtean, proiektuaren mugatik oso gertu, bi txita eme zituen habia bat eta neguko habia aurkitu zirela. Gainera, proiektuaren eremuan zenbait elikadura-gune aurkitu dira, eta bi ale heldu ikusi dira bi gunetan.
IIAn gaur egungo meatzearen inguruko ugalketa-lurraldeetan egindako segimenduan lortutako emaitzen laburpena dago jasoa, eta, laburpen horren arabera, lurralde horietan okil gibelnabarra ugaltzen dela berretsi da. Sustatzaileak emandako dokumentazioan honako agiri hau ere badago: "Baso-kudeaketa proaktiboa, okil gibelnabarraren eta okil beltzaren habitataren egitura mantentzeko eta lehengoratzeko". Azterlan horrek bi eranskin ditu: bata, proiektutik gertuko inguruneak okil gibelnabarra hartzeko duen gaitasunari buruzkoa; eta bestea, hartzeko gaitasun hori hobetze aldera ezar daitezkeen baso-kudeaketako neurriei buruzkoa. IIAk inpaktu hori identifikatu du, eta erakutsi du proiektuak zuzenean eragindako eremuan espeziearentzat kalitate handikoak diren guneak daudela. IIAren eraginaren balorazioaren arabera, neurri zuzentzaile egokia da pagoak eraztuntzea eta zahartze-unadak sortzea, kalitate ertaineko zenbait eremu (proiektuaren perimetrotik kanpo) kalitate handiko bihur daitezen, espezie hori hartzeko.
Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak jakinarazi duenez, sustatzaileak proposatu duen neurri zuzentzaileak, hau da, pagoak eraztunduz habitata hobetzeak, ez du ziurtatzen epe laburrean (10 urte inguru) inguru horretan dagoen okil gibelnabar bikoteak egur hil tente nahikoa izanen duenik. Proiektuaren inguruan zahartze-unadak jartzeko proposamena neurri positiboa da, baina urrunegi dauden eremuetan jarriko lirateke. Eremu horietan, 2022an beste okil gibelnabar bikote bat zegoen kokatua, eta, beraz, harrobia handitzeak ukitutako aleek ez lituzkete eskura izanen.
Proiektuaren inpaktu nagusia okil gibelnabarrak habitata galtzea da, eta espezie katalogatu hori galzorian dago. Beraz, ezinbestekoa da proiektuak uki lezakeen hegazti bikoteak zer habitat-azalera duen baloratzea informazio eguneratuenarekin. Proiektua eta okil gibelnabarraren kontserbazioa bateragarriak izan daitezen, nahitaezkoa da bikote horrentzat kalitate handiko habitat nahikoa dagoela ziurtatzea, nahiz eta txikiagoa izan.
Alderdi hori baloratu ahal izateko, eta espezie horrek habitata nola erabiltzen duen ahalik eta hobekien jakiteko, Interreg POCTEFA Habios (EF A079/15) proiektuko informazioa hartu da kontuan. Proiektu horrek okil gibelnabarrari GPS bidez eginiko irrati-jarraipeneko lanak barne hartu ditu, eta, horri esker, pagadietan nola mugitzen den ikusi eta erregistratu da eta zer presentzia eta ohitura dituen jakin da. Hona hemen okil gibelnabarraren habitataren erabilerari buruzko ondorio nagusiak:
–Lurraldeek 350 ha dituzte, batez beste, baina 700 ha-ra irits daitezke (Campion et al 2020).
–Gertuko lurraldeak ia ez dira gainjartzen; beraz, bakoitza hurrengoa hasten den tokian amaitzen da (Campion et al 2020).
–Lurraldeek hildako egur dentsitate handiko eremuak dituzte, baita kalitate txikiagoko beste batzuk ere, eremu optimoak lotzen dituztenak (Campion eta Elosegi, 2021).
–Habiak ez dira ia inoiz lurraldearen erdian kokatzen, eszentrikoak izaten dira (Campion et al 2020).
–Espezieak bere banaketa-eremuko pagadi guztiak hartzen ditu, etenik gabe, eta barruan dauden kalitatezko eremuak ustiatzen ditu. Hori oso garrantzitsua da espeziea kontserbatzeko, adierazten baitu ez dela nahikoa habiaren ingurunea babestea (20-30 ha, gutxi gorabehera 300 metroko erradioa) (Campion eta Elosegi, 2021).
–Neguko lurraldeen forma eta tamaina ugaltze-aldikoen ia berdinak dira (Campion et al 2020).
Kontuan hartuta, batetik, proiektuaren eremuaren ondoko basoen ezaugarriak, eta, bestetik, inguruko okil gibelnabarraren lurraldeei buruzko ezagutza, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak aztertu du 2023an aurkitutako azken habiaren inguruan espezieak kalitate handiko habitat-azalerarik duen.
Baso horiei dagokienez, ondorioztatu da une honetan badirela okil gibelnabarrak erabiltzeko nahikoa kalitate duten azalerak, beste lurralde batzuetako kokapenetatik (GPS datuak) edo 2024ko martxoan ezagun ziren beste habi batzuetatik urrun; zehazki, "Kintoko hegoaldeko isurialdeko mendiaren antolamendua berrikusteko proiektua-2019" delakoan 94 zenbakiarekin identifikatutakoa (13b unada). Eremu horretan, Dn>50 cm-ko 30 oin/ha baino gehiagoko azalera eta egur hil tente nahikoa duten eremuak daude, bai eta harrobitik hurbil dauden hainbat baso ere, proiektuaren perimetrotik kanpo, Bioma 2023 dokumentuan identifikatuak.
Ebazpen honetako baldintzetan, baso ustiaketa bertan behera utzi beharreko basoak daude jasota, baita proiektuaren inguruan espezieak kalitate handiko habitata duela ziurtatzeko ezinbestekotzat jotzen diren baso-kudeaketako beste neurri batzuk ere.
Hartu beharreko beste neurri zuzentzaile batzuei dagokienez, beharrezkotzat jotzen da meatze-jarduera okil gibelnabarraren ugaltze-garaiaren arabera moldatzea, sentikortasun handiko garai horietan eragozpenik ez sortzeko. Beste neurri zuzentzaile garrantzitsu bat da jarduera-eremuko egur hila ondoko lurretara eramatea.
Ebazpen honetan eskatutako segimendu-planak aukera emanen du proiektuaren ingurunean espezie hori zer egoeratan dagoen monitorizatzeko eta hartutako neurrien eraginkortasuna aztertzeko.
3.2.–Natura 2000 Sarearen gaineko eragina. Arga ibaia eta hari lotutako ingurumen-balioak, bereziki muturluze piriniarra (Galemys pyrenaicus).
Lehenik eta behin, adierazi behar da proiektuaren okupazio-muga fisikoak Natura 2000 Saretik kanpo daudela, baina "Aldude mendia" (ES2200019) Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) mugatik oso hurbil. Muga hori Arga ibaiak eta haren ibaiertzek osatzen dute. Proiektua fisikoki KBEtik kanpo garatzen bada ere, garrantzitsua da ingurumenean izan dezakeen inpaktua aztertzea, gertutasuna eta zenbait faktoreren gaineko zeharkako eragina direla eta. SEO Birdlife-k eta Eugiko Kontzejuak aurkeztutako alegazioak gai horri buruzkoak dira.
Esan bezala, proiektuak "Aldude mendia" KBEko habitatak okupatzeak ez du zuzeneko ukipenik. Hala ere, proiektuaren arabera, hainbat drainatze-egitura egin behar dira, barneko eta kanpoko euri-urak isuri behar dira eta maila piezometrikoaren depresio-zundaketetatik datozen urak itzuli behar dira. Horiek zeharkako inpaktu garrantzitsuak eragin ditzakete Arga ibaian, proiektuaren eremua iparraldetik inguratzen duen zatian, KBEaren barruan.
Proiekturako zehaztutako mugak ibaitik urrun gelditzen badira ere (ezkerraldeko hegalean gora), Arga ibaiaren gaineko zuzeneko ukipena erabat baztertu behar da. Horretarako, funtsezkoa da ibilgua eta hari loturiko landaretza (91E0* lehentasunezko habitata, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior baso alubialak) babesteko distantzia ziurtatzeko neurriak ezartzea, ez soilik meatze-erauzketako eremurako, baita harekin lotutako edozein lanetarako ere (sarbideak, pilaketak, lur-isurketak edo isurguneak). Azken batean, Arga ibaiaren ibilgua, ibaiertzak eta hari lotutako landaretza osorik zaindu behar dira, zuzenean uki dezakeen lanik egin gabe.
Ebazpen honetan proiektua garatzeko ezarritako mugak ziurtatzen du gutxienez 35 metro egonen direla (oinplanoan) Arga ibaiaren ibilguaren ardatzaren eta ustiategiaren mugaren artean. Ibaia meatzearen perimetrotik bereizten duen zerrendan, debekatuta dago edozein meatze-jarduera egitea, eta zerrenda hori osatzen duten ibaiertzeko landaretza eta hegaleko pagadia oso-osorik zaindu behar dira. Horrela, KBEko habitatak babestuko dira eta meatze-jarduera ibilgutik urrunduko da.
Proiektuak sortzen dituen ur-fluxuek Arga ibaian ukipena sortzeko arriskuari dagokionez, proiektua gauzatzeko hainbat zundaketa egin behar dira, maila freatikoa sakontzeko eta, ondotik, ateratako urak ibaian isurtzeko. Gainera, sarbideetako kontaktu-urak isurtzea aurreikusi da, dekantatu ondoren. Bi isurketak ez dira Arga ibaiaren ibilguan zuzenean eginen, ibaira isurtzen diren proiektuaren eremuko ibilgu txiki batzuetan baizik. Ur-isuri edo -itzulera horiek ondorio garrantzitsuak izan ditzakete ibaian eta hari loturiko balio naturaletan.
Kontuan izan behar da ibaiaren zati hori egoera ekologiko ezin hobean dagoela, eta espezie hauek dituela: muturluze piriniarra, amuarraina, uhandre piriniarra, bisoi europarra, igaraba eta ur-zozoa. Aipatzekoa da Arga ibaiaren zati honetan muturluze piriniarra (Galemys pyrenaicus) dagoela, zeina "Aldude mendia" KBEko funtsezko elementua baita. Esan beharra dago gaur egun Arga ibaiaren goi-ibarrean dagoen muturluze-populazioa dela, ziurrenik, isurialde mediterraneoko garrantzitsuena, gainerako populazioak bakartuta edo/eta zatikatuta baitaude. Nolanahi ere, proiektuak zuzenean okupatzen duen eremuan ez dago espezie horren gaineko eraginik, ez baitago ur-ibilgu iraunkorrik.
Ibaiko uraren ezaugarrietan gerta daitezkeen aldaketak (emari-erregimena, solido esekiak, tenperatura, pH-a, materia organikoa...) arriskutsuak izan daitezke aipatutako fauna-komunitatearentzat. Ezinbestekoa da ibaiaren emariaren eta isuritako uren kalitatearen etengabeko kontrola ezartzea, KBEko fauna kontserbatzeko helburuak betetzen direla ziurtatzeko.
Era berean, neurri zuzentzaileak eta jarduera-murrizketak ezarri beharko lirateke umatze-aldietan, zaratek, bibrazioek eta emisioek faunaren gainean zeharkako inpakturik eragin ez dezaten. Prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile horiek hartuz gero, eta proposatutako zaintza-programak egoki funtzionatzen badu, proiektuak Natura 2000 Sarean eraginik ez izatea ziurtatuko litzateke.
3.2.1.–Isurtzeko baldintzak eta uren kalitatearen kontrola (bereziki, solido esekiak).
Proiektuaren eragin hidrogeologikoa ingurumen-inpaktuaren azterketaren IV. eranskinean aztertu da, eta beste bi azterlan hauekin osatu:
–Arga ibaiko ingurumen-ukipenen azterlana, "El Quinto" ustiategiaren inguruan muturluzea kontserbatzeari dagokionez. MAGNA, 2022ko iraila.
–Azterlana, muturluze piriniarraren (Galemys pyrenaicus) habitata mantentzeko kudeaketa-eremuan Rafael Sur proiektuko isurketa-baldintzak proposatzeko. 2023ko urria.
Azken dokumentuan isurtzeko baldintzen proposamen bat eta solido esekien guztizkoan (SEG) oinarritutako zaintza- eta kontrol-programa bat daude jasota. Izan ere, proiektuaren eragin handiena jaso dezakeena uren kalitatearen parametroa da, eta eragin handiena izan dezakeena kaltetu daitekeen ibai-ingurunearen ingurumen-balioetan. Etengabe monitorizatuko dira, batetik, proiektuaren eremuko uretan gorako eta uretan beherako bi kontrol-gune; eta, bestetik, depresio piezometrikoko zundaketetako uren entrega-guneak. Horretarako, isurgune bakoitzaren aurretik zundaketak eginen dira. Gainera, gune horietan tenperatura eta emaria neurtuko dira etengabe.
Euri-urak isurtzeko, SEGaren gehieneko baliotzat 35 mg/l-ko kontzentrazioa hartuko da; eta depresio piezometrikoko zundaketetan ponpatutako emariak isurtzeko, 25 mg/l-ko kontzentrazioa (CHEren administrazio-baimenaren mugak). Isurketetan SEGaren maila hori bermatzeko, zatikatzeko eta 130 mailako zulora ponpatzeko sistema bat ezarriko da; zulo hori Rafael Sur sektorearen mendebaldean dago, "El Quinto" ustiategiaren mugen barruan. Sistema hori martxan jarriko da isurguneko SEGaren balioak gehieneko balioa gainditzen duenean. Informazio hori isurpen-/entrega-puntuak etengabe monitorizatuz lortuko da.
Monitorizazioan ikusten bada proiektuko uretan beherako SEGaren kontzentrazioa proiektuko uretan gorako SEGarena baino handiagoa dela eta, gainera, SEGaren kontzentrazio normalaren 85 pertzentila gainditzen duela, barne-alarmaren maila piztuko da. Era horretan, ikerketa bat jarriko da martxan, kausa zehazteko, neurri berriak ezartzeko, drainatze-kanal, areka eta putzuen aparteko berrikuspena / garbiketa egiteko, zatiketa- eta ponpaketa-sistema berrikusteko eta zaintza areagotzeko.
Proposatutako zaintza-programak, SEGaren kontzentrazioa etengabe monitorizatzeaz gain, barne hartzen du proiektuaren barruko ibaiko uretan gorako eta beherako egoera ekologikoa urtero kontrolatzea, IBMWP indizeak, granulometria eta lotutako parametroak aztertuz.
Proiektuarekin lotutako ibai-zatiko adierazle ekologikoen eta isurguneetako, depresio piezometrikoko zundaketetako itzuleretako eta Arga ibaiko SEGaren etengabeko neurketetako adierazle ekologikoen segimendua aztertuz, baloratzen ahalko da beharrezkoa ote den CHEk administrazio-baimenean adierazitakoa baino SEGaren gehieneko balio txikiagoa ezartzea. Hori, muturluzea garatzeko eta mantentzeko habitat egokiari eusteko, ibaiaren egoera ekologiko ezin hobearen adierazle den espezie nagusia baita.
3.2.2.–Arga ibaiaren emaria kontrolatzea.
Proiektuaren arabera, erauzketa-eremuan akuiferoaren maila piezometrikoa sakonduko da, handik oso hurbil eta Arga ibaiari lotuta dagoen eremu batean, aurkeztutako azterketek agerian utzi duten moduan. Hori dela eta, emariei buruzko informazioa oso garrantzitsua da proiektu honetan, eta, beraz, sustatzaileak aurkeztutako azterketetan jasotakoaz gain, kontrol-sistema gehigarri bat ezarri beharra dago. Sistema horrek gai hauek barne hartu beharko ditu:
–Etorkizuneko ustiategiaren eremuan, uretan behera eta uretan gora emaria neurtzea. Neurketa horiek udazkenean, neguan eta udaberrian behin eginen dira, eta udan, berriz, hilean behin (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila). Neurketak ahalik eta lasterren egiten hasi behar dira, ibaiaren benetako emariak zein diren jakin, gutxieneko emari bat ezarri eta administrazioak emaria horren azpitik dagoenean neurriak ezarri ahal izateko.
–Ustiatzen hasi aurretik, ponpaketa- eta isurketa-probak egitea, ibaiaren emariei eragiten ez zaiela egiaztatzeko, sustatzaileak aurkeztutako azterketetan ziurtatu bezala. Maila freatikoa jaisteko zundaketak zulatu ondotik, agorraldietan, ponpaketen funtzionamendua egiaztatzen ahalko litzateke, aldi berean emaria neurtuz, horrela neurketa horien emaitzak ikusteko.
Neurri horien helburua da ibaiaren emarien inguruan gerta daitekeen edozein gertakariri aurrea hartu ahal izatea. Kontrol-mota horiek eragiketen aurretik eta eragiketek irauten duten bitartean eginen dira, ustiaketan emarien egoera egiaztatzeko ere balioko baitute.
3.3.–Beste inpaktu garrantzitsu batzuk.
Onura publikoko mendien gaineko ukipenari dagokionez, adierazi behar da ezen, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparruan, aplikatzekoa dela Nafarroako oihan-ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea ere, onura publikoko mendien okupazioa arautzen duten artikuluei dagokienez. Ondorioz, 29.3 artikuluan eta Mendien Erregelamendua onesten duen 59/1992 Foru Dekretuaren 50. artikuluan ezarritakoa betez, sustatzaileak onura publikoko mendia okupatzeko baimena lortu beharko du.
Proiektuaren beste inpaktu garrantzitsu bat paisaiari dagokiona da. Izan ere, proiektuaren helburua erauztea da, eta horrek eragin handia du topografian eta landare-estalkian, paisaia-kalitate handiko ingurune batean, nahiz eta aldez aurreko meatze-jarduerak ere partzialki eragin dion.
Espedientearen dokumentazioak paisaia-inpaktuaren eta -integrazioaren azterlana dakar. Azterlan horretan honako hauek sartzen dira: paisaia-unitateen mugaketa eta definizioa, paisaiako elementu berezien identifikazioa, ikus-eremuen kalkulua eta adierazpena, paisaia-simulazioak eta paisaian integratzeko neurriak.
Azterketak ondorioztatu du zabalkuntza, oro har, gutxi ikusiko dela. Izan ere, topografiak eta inguruko landaretzak baldintzatzen du, eta iparraldeko belardi batzuetatik bakarrik ikus daiteke. Zabalkuntza ez da ikusiko ez gertuko herri eta baserrietatik, ezta jendea ibiltzen den lekuetatik ere. Egindako azterlanaren arabera, errepideetatik ere oso gutxi ikusiko da, daukan kokapen topografikoagatik eta landaretzak estaltzen duelako.
Espedientean jasoa dago Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak emandako aldeko ebazpena (142E/2022 Ebazpena, apirilaren 17koa, gero zuzendua Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 1eko 153E/2022 Ebazpenaren bidez); hartan, proiektua baimendu zen, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. eta 117. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
4.–Proposamena.
Espedientearen ingurumen-inpaktuaren azterketa teknikoa egin ondotik, zeinean proiektuaren ingurumen-inpaktuak ebaluatu baitira, barne dela Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak eta Ingurumen Ebaluaziorako Atalak beren eskumenen barruan egindako balorazioa, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela; beraz, proposatu du ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldekoa izatea, ebazpen honetan jasotako baldintzak betez.
Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak–, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea Rafael Sur sektoreko "El Quinto" magnesita-meatzea zabaltzeko proiektuari buruz. Magnesitas Navarras SA (MAGNA) da sustatzailea.
2. Jarduera egiteko, jarraitu beharko zaie idazpuruan azaltzen den espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzei, eta baldintza hauei ere bai:
1.–Proiektuaren mugak: Proiektuaren jarduketa-eremuak perimetro hau izanen du (UTM ETRS89 koordenatuak):
MUGARRIA | X | Y |
1 | 621.527 | 4.763.495 |
2 | 621.574 | 4.763.436 |
3 | 621.601 | 4.763.388 |
4 | 621.627 | 4.763.357 |
5 | 621.656 | 4.763.392 |
6 | 621.733 | 4.763.406 |
7 | 621.816 | 4.763.412 |
8 | 621.867 | 4.763.390 |
9 | 621.912 | 4.763.426 |
10 | 621.964 | 4.763.445 |
11 | 622.039 | 4.763.436 |
12 | 622.099 | 4.763.430 |
13 | 622.178 | 4.763.461 |
14 | 622.218 | 4.763.481 |
15 | 622.252 | 4.763.486 |
16 | 622.285 | 4.763.470 |
17 | 622.325 | 4.763.404 |
18 | 622.349 | 4.763.326 |
19 | 622.364 | 4.763.256 |
20 | 622.384 | 4.763.175 |
21 | 622.344 | 4.763.142 |
22 | 622.255 | 4.763.104 |
23 | 622.219 | 4.763.075 |
24 | 622.199 | 4.763.019 |
25 | 622.145 | 4.762.989 |
26 | 622.053 | 4.763.007 |
27 | 621.971 | 4.763.035 |
28 | 621.884 | 4.763.022 |
29 | 621.727 | 4.763.014 |
30 | 621.580 | 4.763.327 |
Muga hori lurrean mugarri finkoak jarriz seinaleztatu, eta, sasiak garbitu eta lurrak mugitu aurretik, balizatu egin beharko da. Muga horretatik kanpo ezin izanen da inolako meatze-jarduerarik egin (erauztea, sarbide finko edo aldi baterakoak jartzea, pilaketak egitea edo makinak pasatzea), ebazpen honetan habitata hobetzeko ezarritako jarduerak izan ezik. Zabalgunera gaur egun perimetroaren ondoan dagoen ustiategitik sartuko da.
Arga ibaia eta jardueraren muga bereizten dituen hegalean, guztiz debekatuta dago inolako jarduera edo lur-mugimendurik egitea; beraz, arreta berezia jarri beharko da erauzketa-lanen ondorioz mendi-hegalean harriak eta lurrak erori ez daitezen. Alderdi hori funtsezkoa da ustiategiak NA-138 errepidetik ikusizko eraginik izan ez dezan, eta Arga ibaiaren ibilgua eta ibaiertza babesteko distantzia ziurtatzeko, "Aldude mendia" Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) parte baita tarte horretan. Inola ere ez da eginen Arga ibaiaren ibilguari eta ibaiertzari zuzenean eragiten dien obrarik.
2.–Okil gibelnabarraren kontserbaziorako neurriak:
2.1.–Erro-Zilbeti mendiari dagokionez, zerrendatutako lursailak gidalerro hauen arabera kudeatu beharko dira (horretarako, titularraren adostasuna lortu beharko da lanak hasi aurretik):
a) Ezinbestekoa da Bioma 2023 azterketan proiektuaren perimetrotik kanpo identifikatutako kalitate handiko, kalitate ertain-handiko eta kalitate ertain-txikiko 3. eta 5. zenbakiko habitat-azaleretan, basoak ez ustiatzea eta jarduerarik ez egitea, une honetatik aurrera, baso-kudeaketako txanda bati dagokion aldian (120 urte, egungo plangintzaren arabera), espezieen habitata hobetzeko beharrezkoak direnak izan ezik. Baldintza hori mendiaren titularrak eta enpresa sustatzaileak adostuko dute, eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusi honek, Baso Administrazio gisa, mendiaren oraingo eta etorkizuneko baso-plangintzako tresnetan sartuko du.
b) Ezinbestekoa da sustatzaileak habitata hobetzeko proposatutako eraztuntzea ahalik eta azkarren egitea, Bioma 2023 azterketan identifikatutako kalitate ertain-handiko azaleran, gutxienez.
2.2.–Kintoa mendiari dagokionez, ezinbestekoa da "Kintoko hegoaldeko isurialdean mendiaren antolamendua berrikusteko proiektua, 2019" agiri teknikoan identifikatutako 94 zenbakiko basoan (13b unada) baso-aprobetxamendurik ez egitea gutxienez 10 urtez, eta egiaztatu arte sustatzaileak proposatutako neurria, Bioma 2023 azterketan identifikatutako kalitate ertain-handiko eremuak eraztuntzeka alegia, eraginkorra dela (aurrez, Ingurumen Zuzendaritza Nagusian espezie babestuen arloan eskumenak dituen unitateak txosten loteslea egin beharko du); hau da, zona horietako habitataren kalitatea handia izatera pasatu dela egiaztatu arte. Baso-plangintzako dokumentuak aldi horretan berrikusten badira, antolamendu berriak eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusi honek, Baso Administrazioa den aldetik, kontuan hartuko dute inguruabar hori, adierazitako aldian okil gibelnabarraren habitata babestuko dela ziurtatzeko.
2.3.–Ugaltze-aldietan faunari eta, bereziki, okil gibelnabarrari eragozpenik ez sortzeko, ustiategia irekitzeko eta prestatzeko aldian, otsaila eta ekaina bitartean, ez da leherketarik eginen.
Era berean, ustiaketa-fasean ez da leherketarik eginen apirilaren 15etik ekainaren 30era bitartean, non eta ez den egiaztatzen okil gibelnabarrak ez duela habiarik egin gutxienez 500 metroko distantzian. Kasu horretan, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak oniritzia eman beharko du.
2.4.–Zuhaitzak eta sasiak mozteko lanak egin bitartean, lurrean hilda dagoen egurra ustiategiaren perimetroaren ondoko pagadietara eramanen da. Lan horiek ere otsailetik ekainera bitarteko alditik kanpo eginen dira.
2.5.–Ustiategiaren perimetroa ixteko, ez da txarrantxarik erabiliko.
3.–Aurretiazko jarduerak, Arga ibaiaren emariaren azterketari eta segimenduari dagokionez.
Proiektua garatzen den bitartean Arga ibaiak emari egokia izatea funtsezkoa da, kontuan hartuta ustiategiaren ondotik igarotzen den ibai-zatiak ezaugarri ekologiko ezin hobeak dituela eta proiektuaren jarduerekin elkarrekintzak izan ditzakeela (maila freatikoa sakontzea). Hori bermatzeko eta sustatzaileak aurkeztutako azterketetan jasotakoaz gain kontrol-sistema gehigarri bat ezarri ahal izateko, ezinbestekoa da honako lan hauek egitea eta dagozkien azterketa edo txostenak aurkeztea:
–Obrak hasi aurretik, emaria neurtu behar da etorkizuneko ustiategiaren eremuko uretan gora eta behera. Neurketa horiek udazkenean, neguan eta udaberrian behin eginen dira, eta udan, berriz, hilean behin (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila). Neurketak ahalik eta lasterren egiten hasi beharko dira, ibaiaren benetako emariak zein diren jakin, gutxieneko emari bat ezarri eta emaria horren azpitik dagoela neurriak ezarri ahal izateko. Lortutako emaitzekin dokumentu espezifiko bat aurkeztuko da, gai horri buruzko zaintza- eta jarduera-plan bat ezarriko duena.
4.–Lehengoratze-planari dagozkion neurriak.
–Ukituko diren azalera berrien landare-lur guztia desugertu eginen da eta metatu eginen da aurrerago lehengoratzean erabiltzeko. Behar bezala bereizi behar dira gai antzuak eta landare-lurrak. Lurrak ordeztean landare-lurrak erabiliko dira azaleko geruzetan, eta beste gai antzu batzuk betelanetan. Landare-lurren pilak ez dira beste lur batzuekin nahasiko.
–Landaketaren ondoko hiru urteetan hutsarteak beteko dira eta tubex motako babesgailuak izanen dituzte proiektatutako landaketa guztietan.
–Lehengoratzea modu mailakatuan eginen da, ustiapena egiten den aldi berean, proiektuko faseen araberako planari jarraituz.
–Proiektatutako lehengoratze-lanak hobetzeko, kanpotik ekarritako hondeaketa-lur eta -harri garbiak jartzen ahalko dira. Landare-lurra ekartzen bada kanpotik, beste materialetatik bereiz metatuko da, eta betegarriaren azaleko geruzetarako erabiliko da.
Kanpoko hondeaketa-lurrak meatzera garraiatu ahal izateko, enpresak alta emanda egon beharko du hondakin arriskugabeen (hondeaketa material naturalak) kudeatzaile eta garraiatzaile gisa, eta hondeaketa materialen balorizaziorako aurretiazko komunikazioa egin beharko dio, posta elektronikoz, Nafarroako Gobernuko Hondakinen Atalari (residuos@navarra.es).
–Amaierako egoeran ebaketaren hondoan sortuko den urmaelari dagokionez, fauna ez itotzeko neurriak hartu beharko dira.
5.–Ingurumena zaintzeko planari dagozkion neurriak:
–Arga ibaiaren emaria zaintzeari dagokionez, ebazpen honen baldintzen 3. puntua betetzeko ezartzen den zaintza-planari jarraituko zaio.
–Maila piezometrikoaren azpitik ustiatzen hasi aurretik, ponpaketa- eta isurketa-probak eginen dira, ibaiaren emariei eragiten ez zaiela egiaztatzeko, sustatzaileak aurkeztutako azterketetan ziurtatu bezala. Maila piezometrikoaren azpitik ustiatzen hasi aurretik lortutako emaitzen memoria aurkeztuko da.
–Maila piezometrikoa jaisteko zundaketak zulatu ondotik, agorraldietan Arga ibaiaren emaria neurtuko da, ustiaketa-eremuko uretan gora eta behera.
–Ingurumena zaintzeko planean ezarritakoa baino emari txikiagoak antzemanez gero, maila piezometrikoa sakontzeko zundaketak berehala geldiaraziko dira, eta ingurumen-organoari jakinaraziko zaio. Ingurumena zaintzeko planak baldintza horren salbuespenak jasotzen ahalko ditu, ziurtasunez ondorioztatzen bada egoera hori ez duela maila piezometrikoa sakontzeko ponpaketak eragin. Horretarako, sustatzaileak horri buruzko txostena aurkeztu beharko dio ingurumen-organoari.
–Uren eta isurguneen kalitatea zaintzeko proposatutako plana beteko da, solido esekien guztizkoaren kontzentrazioaren etengabeko monitorizazioa eta proiektuaren barruko ibaiko uretan gorako eta beherako (Eugiko urtegiraino) egoera ekologikoaren urteroko kontrolak barne. IBMWP indizeak, granulometria eta lotutako parametroak aztertuz eginen da.
–SEGaren muga-balioa gainditzeagatik 130 mailako zuloko zatiketa-eta ponpaketa-sistema aktibatuz gero, ingurumen-organoari jakinaraziko zaio, ingurumenaren segimenduaren parte gisa.
–Proiektutik uretan behera dagoen SEGaren kontzentrazioa uretan gora dagoena baino handiagoa bada eta, gainera, SEGaren kontzentrazio normalaren 85 pertzentila gainditzen badu, eta, beraz, ezarritako alarma-maila aktibatzen bada, zaintza-planean ezartzen diren neurriak hartzeaz gain, ingurumen-organoari jakinarazi beharko zaio.
–Aztertuta proiektuari lotutako ibai-zatiko adierazle ekologikoen segimendua, batetik, eta bestetik, isurguneetako, sakontze piezometrikoaren zundaketetako itzuleretako eta Arga ibaiko SEGaren etengabeko neurketetako adierazle ekologikoena, baloratzen ahalko da CHEk administrazio-baimenean adierazitakoa baino SEGaren gehieneko balio txikiagoa ezarri beharra, muturluzea garatzeko eta mantentzeko habitat egokiari eusteko, ibaiaren egoera ekologiko ezin hobearen adierazle den espezie nagusia baita.
–Organo eskudunari eta ingurumen-organoari berehala jakinarazi beharko zaie ezarritako muga-balioak gainditu direla, eta egoera hori zuzentzeko beharrezko diren neurriak hartuko dira.
–Drainatze-egiturak aldian-aldian garbituko dira, eta dekantazio-putzuak urtean bost aldiz. Ekaitzak maiz izaten diren garaian, gehiagotan garbituko dira.
–Zaintza- eta segimendu-planean lortutako emaitzen arabera, neurri gehigarriak ezartzen ahalko dira, jarduera geldiaraztea barne, baldin eta Arga ibaiaren edo galzorikotzat katalogatutako espezieen egoeran ukipen adierazgarririk detektatzen bada.
6.–Beste neurri osagarri batzuk.
–Oro har okil gibelnabarra eta, zehazki, harrobiak kaltetu dezakeen bikotea hobeki ezagutzeko, sustatzaileak dagoeneko ingurune horretan pizidoen populazioaz egiten duen segimenduari eusteaz gain, espeziearen urteko segimendua egin beharko da proiektuaren ingurunean, gutxienez harrobiak uki ditzakeen bi aleetako baten irrati-jarraipena eta GPS markatzea barne, ahalik eta eperik laburrenean, eta, betiere, lanak hasi aurretik.
–Halaber, espezieari oro har laguntzeko neurri osagarri gisa, sustatzaileak proposatutako zahartze-unadak ezarriko dira Soromearren.
7.–Onura publikoko mendien gaineko eraginari dagokionez, adierazi behar da ezen, Ingurumen Zuzendaritza Nagusi honen eskumenen esparruan, aplikatzekoa dela Nafarroako oihan-ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea ere, onura publikoko mendien okupazioa arautzen duten artikuluei dagokienez. Ondorioz, 29.3 artikuluan eta Mendien Erregelamendua onesten duen 59/1992 Foru Dekretuaren 50. artikuluan ezarritakoa betez, sustatzaileak onura publikoko mendia okupatzeko baimena lortu beharko du.
8.–Eraginpeko eremuaren perimetroa eta moztu beharreko zuhaitzak aurretiaz zuintzeko/balizatzeko aurretiazko lanetarako, abisua emanen zaio Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Aezkoa-Kintoa eremukoa), lanok gainbegira ditzan lekuan bertan.
9.–Proiektuak Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena behar du, aztarnategi arkeologikorik edo interes kulturaleko ondasunik ez dela ukituko azaltzen duena.
10.–Hautsaren kontrako babes-neurri hauek hartuko dira:
–Ustiategiko eremuaren barnean eta sarbidean ibilgailuen zirkulazioaren abiadura ez da 20 km/h-tik gorakoa izanen.
–Ustiaketa-eremutik kanpo materialak garraiatzen direnean, kamioien kaxak estali eginen dira, partikularik ez aireratzeko.
3. Proiektuaren lehengoratze-planari buruzko aldeko txostena ematen da, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onets dezan, Erauzketa-industrien hondakinak kudeatu eta meategiko jarduerek eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Rafael Sur sektorea zabaltzeko proiekturako zenbatetsitako lehengoratze-aurrekontua 259.921,40 eurokoa da, eta ustiategi osorako lehengoratze-aurrekontu eguneratua 2.070.551,52 eurokoa. Kopuru horiek egokitzat jotzen dira lehengoratze-plana beteko dela bermatzeko eman beharreko abala kalkulatzeko, meatzerako baimen substantiboaren barruan, aipatutako 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
5. Honako hauei ebazpen honen berri ematea, behar diren ondorioak izan ditzan: Energiaren, Enpesen I+G+Baren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritza Nagusia; Basoen eta Ehizaren Zerbitzua; Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldea; eta sustatzailea.
Iruñean, 2024ko ekainaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–ALDEZ AURREKO KONTSULTEN TRAMITEA / IRISMENEKO DOKUMENTUA
1.–Irismeneko dokumentuaren edukia. Biodibertsitatearen Zerbitzua. 2021eko ekainaren 2a.
Eugin (Esteribar) Rafael Sur sektoreko "El Quinto" magnesita-meatzea zabaltzeko proiektuari dagokionez (Magnesitas Navarras SA da sustatzailea), jakinarazten da ezen, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluan ezarritako irismeneko dokumentua egiteko izapidean, honako erantzun-idatzi hauek jaso direla, zeinak ingurumen-inpaktuaren azterketa idaztean kontuan hartzeko igortzen baitira:
–Eugiko Kontzejua.
–Meatzeen Atala.
–Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.
–Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala.
Oro har, ingurumen-inpaktuaren azterketak Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan adierazitako edukia izan beharko du, lege-xedapen horren VI. eranskinean ezarritako moduan. Bereziki, oso garrantzitsua da ingurumen-inpaktuaren azterketak gai hauek jasotzea:
–Proiektuak faunan eta habitatetan izanen dituen inpaktuen azterketari dagokionez, arreta berezia jarriko da Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalaren txostenean aipatzen diren elementu guztien azterketan. Eremuko pizidoen komunitateari eragiten zaion kaltea aztertu behar da bereziki, ukitutako pagadia okil gibelnabarraren (Dendrocopos leucotos lilfordi) eta okil beltzaren (Dryocopus martius) lurraldean baitago. Harrobiaren perimetroaren barruan ukitutako basoa pagadi heldua da, espezie horiek hazten diren habitata, eta baita elikatzeko leku garrantzitsua ere, elikatzeko erabiltzen dituzten zuhaitz hilak baitaude baso horietan. Azterketak egiaztatu beharko du espezie hori eremu horretan ugaltzen dela, habia aurkitu, eta zehaztu zenbateko distantziara dagoen harrobia zabaltzeko eremutik.
–Aukerak aztertzeko berariazko kapitulu bat izan behar du, non kokapen- eta sarbide-aukerak eta ustiaketa-metodoak baloratuko baitira, honako hauek kontuan hartuta:
- Pizidoak hazi eta ugaldu daitezkeen pagadi helduak ez ukitzeko izan daitezkeen alternatibak. Behar bezala justifikatu beharko da, hala badagokio, ez dagoela pagadi horien ukipena saihesteko alternatibarik.
- Intereseko habitat eta landaretzaren gaineko eragina minimizatzeko aukerak, landaretzaren azterketarekin bat.
- Paisaia-inpaktua minimizatzen duten alternatibak, paisaiaren azterketarekin bat.
–Kontuan hartu behar da ezen, okil gibelnabarrak (Dendrocopos leucotos lilfordi) inpaktu nabarmena jasanen duela baieztatuz gero, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak 46.7 artikuluan adierazitako baldintzetan bakarrik gauzatzen ahalko litzatekeela proiektua: "Estatuan edo autonomia-erkidegoan galzorikotzat katalogatutako espezieei dagokienez, II. edo IV. eranskinetan aipatzen diren espezieengan erasan nabarmena izaten ahal duen edozein plan, programa edo proiektu gauzatu edo betearazten ahalko da baina soilik honako kausa hauek betetzen direnean eta bestelako konponbiderik ezean: giza osasunarekin eta segurtasun publikoarekin lotura dutenak, ingurumenerako berebiziko garrantzia duten ondorio positiboei buruzkoak edo lehen mailako interes publikoko premiazko beste arrazoi batzuk". Okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos lilfordi) Galzoriko Espezie gisa katalogatuta dago, eta, gainera, 42/2007 Legearen IV. eranskinean jasota dago.
–Gainera, espezie hori eremutik gertu dagoen "Aldude mendia" Kontserbazio Bereziko Eremuko funtsezko elementuetako bat da. Ingurumen-inpaktuaren azterketak KBE horretako elementuetan izan dezakeen eragina aztertu behar du, KBEtik kanpo egon arren. Esteka honetan kontsultatu daiteke Kudeaketa Plana: https://espaciosnaturales.navarra.es/eu/monte-alduide.
–Beste fauna-espezie batzuetan izan ditzakeen ukipenei dagokienez, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalaren txostenean ezarritako jarraibideak beteko dira. Garrantzitsua da balioespena ez mugatzea proiektuak okupatutako eremuetan dituen zuzeneko ondorioetara. Izan ere, kontuan hartu behar dira aipatutako espezieetan izan ditzakeen zeharkako ondorioak ere, hala nola muturluze piriniarrarengan (Galemys pyrenaicus) eta arrain-komunitatearengan izan ditzakeen ondorioak, proiektutik uretan behera errekek kalitatea galtzeagatik.
–Paisaian izan dezakeen eragina ere garrantzitsua izan daiteke, proiektuak erauzketa-zulo bat irekitzea dakarrelako, egungo meatzekoa ez den beste isurialde batean. Paisaian duen eraginari buruzko berariazko azterketa bat aurkeztu behar da, honako hauek jasotzen dituena:
- Paisaia-unitateak mugatzea eta definitzea.
- Ikus-eremua kalkulatzea eta adieraztea.
- Paisaiaren elementu berezi eta baliotsuak identifikatzea.
- Azterlanaren xede den eremua gehien ikusten den lekuetatik egindako birsorketak (argazki-simulazioak).
- Lehengoratze Planean sartu beharreko neurri zuzentzaileak zehaztea. Alde horretatik, txosten honetan lehenegoratzeari buruzko atalean aipatutako teknika erabilgarri onenen erabilera aztertuko da.
–Proiektuak argi eta zehatz adierazi behar ditu erauzketa-eremuaren eta lur naturalaren okupazio berri guztien mugak, bereziki sarbide berriak hobetu eta irekitzeko eta hondakindegiak ezartzeko okupazioenak. Ukipen-mugaren UTM koordenatuak aurkeztuko dira, elementu horiek guztiak kontuan hartuta.
–Ustiategiari lotutako tratamendu- eta garraio-instalazioen deskribapen zehatza.
–Zaratak, hautsak eta bibrazioek eragindako inpaktuaren ebaluazioa. Ukipen horiek minimizatzeko hartu beharreko neurri zuzentzaileen deskribapena.
–Neurri zuzentzaileen deskribapena, azaleko uren kutsadurari dagokionez. Jariatze-uretan solido esekiak dekantatzeko sistemak.
–Lehengoratze Planari dagokionez, aintzat hartu beharko da honako hau:
- Kronograma, planoak eta ondoz ondoko faseetan egituratutako aurrekontua aurkeztu behar dira.
- Beheranzko ustiaketa lehenetsiko da, behera utzitako bankuak pixkanaka lehengoratzea ahalbidetzen duena.
- Gai antzuen hondakindegiak aktibo ez dauden erauzketa-zuloetara eramatea lehenetsiko da.
- Berriz landareztatzean, bertako espezieak eta inguruneari egokitutakoak erabiliko dira. Eskura dauden teknika onenak erabiltzea aztertuko da, hala nola zotalak aldatzea eta noizean behin bioingeniaritzako teknikak erabiltzea.
- Lursailaren lehengoratze geomorfologikoari dagokionez, eskura dauden teknika onenak erabiltzea aztertuko da, adibidez: hondakindegietarako eta kontsolidatu gabeko materialetarako Geofluv-Natural Regrade metodoa eta ezponda harritsuetarako Talud Royal metodoa.
–Sustatzaileak txostena eskatu beharko dio Vianako Printzea Erakundeko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, eta bertan zehaztuko da aztarnategi katalogatuetan izan dezakeen eragina eta, hala badagokio, balio arkeologiko, historiko edo kulturalen gaineko eraginari buruzko azterlan monografiko berariazkoak egin beharra.
Onura publikoko mendiak okupatzeari dagokionez, Nafarroako oihan-ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz, sustatzaileak kasuan kasuko okupazio-espedientea izapidetu beharko du, kontuan hartuz mendi edo baso-lur baten erabilera aldatzen duen edozein ekintza edo erabakitarako frogatu egin beharko dela erabilera berriaren interesa nagusitzen zaiola onura publikoko erabilerari. Aurkeztutako dokumentuan adierazten denez, proiektua onura publikoko eta interes sozialeko jarduketa bat da, eta behar bezala argudiatu eta justifikatu beharko da, aztertu ahal izateko. Horrenbestez, gatazka sortzen ahal da meatze-emakidak duen onura publikoko izaeraren eta mendi katalogatuaren artean; hala badagokio, Nafarroako Gobernuak ebatzi beharko du, 13/1990 Legearen 9.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
2.–Aldez aurreko kontsulten tramitean jasotako txostenak.
Eugiko Kontzejua.
1.- Alegatzen du proiektua ez dela zabalkuntzatzat hartu behar, harrobi berritzat baizik, egungo perimetroaren eta erauzketa-eremu berriaren arteko distantzia dela eta.
2. Kontzejuaren iritziz, proiektua ez da jasangarria, ez eta enpresak irauteko beharrezkoa ere, egungo proiektuan minerala badagoelako eta, gainera, Artesiagan etorkizunean proiektu bat gauzatzeko asmoa dagoelako.
3. Adierazten du Arga ibaiari eta, zehazki, amuarrainaren ugalketari kalte handia eginen diola.
4. Aldude KBEan eragina izan dezakeela azaltzen du, proiektutik gertu dagoelako. Babes-neurriak behar direla azaldu dute.
5. Adierazten du Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak ez duela txostenik egin, eta Eugiko munizio-fabrika KIOan eta Makurlegiko zubian eragina izan dezakeela. Era berean, konpentsazio-neurrien dokumentu bat aurkeztea eskatzen du, aipatutako KIOarekin zerikusia duten gaiak eta Eugiko herri-basoa hobetzeko neurriak barne hartzen dituena.
6. Adierazten du N130 zuloa betetzeak galarazi egiten duela leku horretan turismo- eta kirol-erabilerako gune heze bat sortzea.
7. Pisten tamaina txikitzea komeni dela adierazten du, mendiari kalte egiten diotelako. Halaber, herritarrek erabiltzeko pista bat ukitzen duela aipatzen du, eta hura kentzea proposatzen.
8. Etengabeko zaintza-sistema bat behar dela adierazten du, hautsak, estali gabeko kamioi-kaxek, errekako harriek eta plastikoek sortzen dituzten arazoak saihesteko. Harrobi berria etengabe zaintzeko sistema bat sortzea eskatzen du, eta, horretarako, ukitutako Erro-Zilbeti mendiaren titularrei informazioa ematea eta parte hartzeko aukera eskaintzea.
9. Berriz ere azpimarratzen du proiektua zabalkuntzatzat jotzen dela, eta horrekin proiektu nagusian ezarritakora jotzen da, ukipenei eta lehengoratzeari dagokienez.
10. Proiektua lurpeko meatzaritza gisa planteatzeko aukera aztertzea eskatzen du.
Meatzeen Atala.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukiari dagokionez, Meatzeen Atalaren iritziz ez dago iradokizunik egin beharrik, azterlanaren beraren ingurumen-izaera dela eta.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak adierazten du, bere eskumenen barrenean, eskatutako jarduera bateragarria dela Esteribarko arau subsidiarioek ezarritako oihan-lurzoruaren babes araubidearekin (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 1995-03-03). Izan ere, babestu beharreko lurzoru urbanizaezina da, non, 35/2002 Foru Legearen 113. artikuluari jarraikiz, jarduera baimendu daitekeen, baina betiere neurriak hartuz erauzketa-jardueraren eta lehengoratze-lanen garapena bateragarriak izan daitezen lurzoru horretan babestu beharreko ingurumen eta paisaia balioekin, eta halaber bermatuz jarduerak ez duela berekin ekarriko lurzoruaren xedea edo izaera aldatzea, ez diela kalte eginen babestu beharreko balioei eta ez duela urratuko legeria sektoriala. Espedientearen ingurumeneko tramitazioan eskumena duen organoak baloratuko ditu alderdi horiek.
Txosten honen edukia ez da loteslea, baizik eta informatiboa bakarrik. Egindako kontsultari erantzuten dio, aurkeztutako dokumentazioa eta indarrean dagoen araudia aztertuta, behar litezkeen txosten sektorialak gorabehera, zeinak, hala badagokio, gaian eskumena duten organoei eskatuko baitzaizkie. Kasua bada, espedientearen tramitazioak dokumentazioa izan beharko du Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117. eta 119. artikuluetan adierazitakoaren arabera.
Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala.
Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak txosten bat egin du ingurumen-inpaktuaren azterketan sartu beharko liratekeen alderdien gainean. Lehenengo eta behin, adierazi du "Aldude mendia" KBEaren kontserbazio- eta osotasun-helburuetan izan litezkeen eraginak eta proiektuaren paisaia-inpaktua aztertu behar direla.
Landaretzari dagokionez, proiektuaren eremuan pagadi basofilo-onbrofilo bat (Carici sylvaticae-Fagetum sylvaticae) eta pagadi atlantiko azidofilo bat (Saxifrago hirsutae-Fagetum sylvaticae) daude; azken hori Batasunaren intereseko habitata da (9120, IKHB).
Adierazten du eremuko pizidoen komunitateari eragiten zaion kaltea bereziki aztertu behar dela, ukitutako pagadia okil gibelnabarraren (Dendrocopos leucotos lilfordi) eta okil beltzaren (Dryocopus martius) lurraldean baitago. Harrobiaren perimetroaren barruan ukitutako basoa pagadi heldua da, espezie horiek hazten diren habitata, eta baita elikatzeko leku garrantzitsua ere, elikatzeko erabiltzen dituzten zuhaitz hilak baitaude baso horietan. Bereziki baloratu behar da proiektua gauzatzeak arriskuan jar dezakeen galzorikotzat katalogatutako espezie horren lurraldearen iraupena.
Bereziki garrantzitsutzat jotzen da harrobiak Arga ibaian izan dezakeen zeharkako inpaktua eta horrek muturluze piriniarrari (Galemys pyrenaicus) zer eragin diezaiokeen aztertzea. Izan ere, eremuko populazioetan joera negatiboa dago. Espezie hori honako hauetan jasoa dago: Habitaten Zuzentarauaren eranskinetan; Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan, "kaltebera" gisa (otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua); eta Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan. Muturluzea, gainera, "Aldude mendia" KBEko funtsezko espeziea da. Horregatik, ezinbestekoa da arreta jartzea, eta aztertzea solido esekiek zer eragin izan dezaketen uren kalitatean, eragina izan baitezakete bai ekoizle primarioetan, bai ornogabe bentikoetan, bai arrainetan. Ibaiko edo habitateko elikadura-baliabideen eskuragarritasunean eta kalitatean gertatzen diren aldaketek eragina izan dezakete habitat horiei lotutako elikadura-kateko beste espezie askorengan, hala nola arrain-komunitatearengan eta igarabarengan.
Ingurumen-inpaktuaren azterketaren xede izan behar duten beste fauna-balio batzuk ere aipatzen ditu, hala nola kiropteroak eta anfibioak, bereziki baso-igel gorria (Rana temporaria), txantxikua (Alytes obstetricans), apo arrunta (Bufo bufo) eta arrabioa (Salamandra salamandra). Harrapariei dagokienez, proiektuak arrano beltzari (Aquila chrysaetos), ugatzari (Gypaeus barbatus) eta miru gorriari (Milvus milvus) eragin diezaieke batez ere. Ornogabe mehatxatuei dagokienez, Rosalia alpina eta Euphydrias aurinia espezieei eragin diezaieke (Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eranskinean daude). Proiektuak espezie horiei zuzenean eta zeharka (leherketak, zaratak, trabak...) nola eragin diezaiekeen aztertu beharko du azterketak.
II. ERANSKINA.–JENDAURREAN JARRI ONDOTIK JASOTAKO ALEGAZIOEN LABURPENA
Eugiko Kontzejua.
Tramite honetan, irismeneko dokumentua zehazteko aldez aurreko kontsulten fasean aurkeztutako dokumentu bera aurkeztu da. Alegazioen laburpena egin da I. eranskinean.
SEO/BirdLife.
1. Proiektuak eragiten duen eremuan okil gibelnabarra dagoela alegatzen du. Azaltzen du espezie hori galzorian dagoela eta Hegaztiei buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasota dagoela. Era berean, aipatzen du Nafarroako populazio horiek garrantzitsuak direla eta ukitutako lurraldea ezin dela lekuz aldatu. Halaber, eremu horretan okil beltza ere badagoela adierazten du, eta kaltebera gisa katalogatuta dagoela. Habitata deuseztatzeaz gain, beste eragin bat ere aipatzen du: zaratak eta bibrazioek sortzen dituzten eragozpenak.
2. Natura 2000 Sareari dagokionez, alegatzen du proiektuak "Aldude mendia" KBEari kalte larria eragiten diola, zehazki funtsezko elementu den "pizidoen komunitateari". Alegatzen du, halaber, proiektua ez dela interes publikokoa, eta proiektuan habitata sortzeko jasotako neurriek ez dutela inpaktua konpontzen. Ukatzea eskatzen du, zuhurtasun-printzipioan oinarrituta.
3. Alegatzen du Hegaztiak eta Biodibertsitatea Zaintzeko Eremu Garrantzitsu bat ukitzen duela proiektuak, "Orreaga - Irati - Abodi mendilerroa" (IBA 85), hain zuzen ere. Adierazten du, bereziki, okil gibelnabarra eta okil beltza daudela. Alegatzailearen iritziz, babes-irudi horrek HBBEen pareko balioa du.
4. Adierazten du ez direla egin 21/2013 Legearen 49. artikuluan aurreikusitako mugaz gaindiko kontsultak. Alegatzailearen iritziz, kontsulta horiek beharrezkoak dira, Aldude mendia garrantzitsua baita hegaztien eta kiropteroentzat Pirinioetan zeharreko migrazio-igarobide gisa.
5. Proiektuaren inpaktuaren azterketa hidrogeologikorik ez dagoela azaltzen du. Adierazten du KBEan ibai-habitatari eustea funtsezkoa dela, eta muturluze piriniarra ere kalitate handiko ibai-habitata behar duen funtsezko elementua dela.
Mendiaundi Bizirik Koordinakundea.
SEO Birdlife-k aurkeztutako alegazioen 1. eta 3. puntuen eduki bera duten alegazioak aurkeztu ditu.
Gainera, aldez aurreko kontsultetan jasotako txostenak eta haietan jasotako ingurumeneko gaiak aipatzen ditu.
Halaber, azaltzen du Biodibertsitateari buruzko Legearen 46.7 artikuluaren arabera lehen mailako interes publikoko arrazoiak behar direla galzorian dagoen espezie bati eragin ahal izateko.
Nuria Madotz Ekiza.
Aurkeztutako alegazioak nabarmentzen du, berriz ere, aurreko alegazioen antzeko edukiarekin, proiektuak okil gibelnabarrari eragiten diola, eta espezie hori galzorian dagoela.
Argudiatzen du onartezina dela espezie horren ugalketa-lurralde urrietako bat desagertzea, bereziki interes biogeografiko handiko eremu batean, espeziearen banaketa-eremuaren hegoaldeko eta mendebaldeko muga baita.
Halaber, adierazten du elikadura-eremuak murrizteak garrantzi handia duela, elikagai bila urrunago joan beharrak energia gehiago gastatzea eta txitak nekezago haztea baitakar. Horrek arriskuan jartzen du ugalketak arrakasta izatea eta, beraz, espezieak epe ertain-luzean bizirautea. Gainera, espezieak lurralde berak erabiltzen ditu behin eta berriz umatzeko, eta horrek egoera txartzen du.
III. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITUTAKO ADMINISTRAZIOEI EGINDAKO KONTSULTEN TRAMITEAN JASOTAKO TXOSTENAK
Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atala.
Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazten du aurkeztutako dokumentazioak irismeneko dokumentuan eskatutako florari, faunari, habitatei eta paisaiari buruzko berariazko azterlanak barne hartzen dituela, eta Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalak horri buruz egindako txostena erantsi du.
Halaber, adierazten du jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko tramitea amaitu eta espedientearen gutxieneko edukia egiaztatu ondotik (proiektuaren dokumentu teknikoa, ingurumen-inpaktuaren azterketa, jendaurrean jartzeko eta kontsultak egiteko tramiteetan jasotako alegazioak eta txostenak, eta, hala badagokie, organo eskudunak egoki iritzitako oharrak), espediente hori igorri beharko dela, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaerarekin batera. Orduan, jasotako txosten eta alegazio guztiak ikusita, espedientearen azterketa teknikoa eginen da, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 40. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko.
Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala.
Jakinarazten du enpresa sustatzaileak egindako azterlanei buruzko dokumentazioa berrikusi dela, eta egiaztatu dela atalak irismeneko dokumentuan adierazitako gaiak aurkeztutako dokumentazioan sartu direla.
Lurralde eta Paisaia Zerbitzua.
Tramite honetan, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak emandako aldeko ebazpena jaso da (142E/2022 ebazpena, apirilaren 17koa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariarena, geroago Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 1eko 153E/2022 ebazpenaren bidez zuzendua). Ebazpen horretan, baimena ematen zaio proiektuari, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 110. eta 117. artikuluetan xedatutakoarekin.
Esteribarko Udala.
1. Proiektuak ukitutako lurzatiak erabilgarri egon behar dutela adierazten du, lur horien jabe den mankomunitatea kontuan hartuta. Herri-basoak eta onura publikoko mendiak okupatzeko izapideak egiteko beharra ere azaltzen du.
2. Ustiatzeko azaleraren mugei buruzko hainbat gai aipatzen ditu, jabari publiko hidraulikoari eta zortasun-eremuari dagokienez. Erreken eta isurguneen ukipenak ere aipatzen ditu.
3. Bibrazioak eta leherketak kontrolatzeari buruzko hainbat ohar egiten ditu.
4. Alegatzailearen iritziz, paisaia hobeki aztertu beharko litzateke, ustiategiaren hainbat faseren ikusizko simulazioak eginez. Lurraldearen eredu digitalak eta argazki gainekoak aurkeztea eskatzea iradokitzen du, jende gehien ibiltzen den eta gehien ikusten diren lekuetatik eginak.
5. Ingurumena zaintzeko planaren dokumentu-sistema Esteribarko Udalarekin partekatzeko prozedura bat ezartzea iradokitzen du.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.
2022ko apirilaren 6an egindako txostenean egiaztatzen da ingurumen-inpaktuaren azterketak barne hartzen dituela ur-ingurunearekin lotutako ingurumen-alderdiak, eta prebentzio-neurri, neurri zuzentzaile eta konpentsazio-neurriak jasotzen dituela, Ingurumena Zaintzeko Planarekin eta Lehengoratze Plan espezifikoarekin batera. Horregatik, oro har, ingurumen-inpaktuaren azterketa egokitzat jotzen da, jasotzen dituen prebentzio-neurri, neurri zuzentzaile eta konpentsazio-neurriak betez gero, eta bermatzen du, batetik, eremuko dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen aldatuko, eta bestetik, azaleko eta lurpeko uren kalitateari eutsiko zaiola une oro.
Isurketak ingurune hartzaileko uraren kalitatean izan dezakeen eragina kontuan hartuta, ohartarazten du zehaztutako jarduerak aukera eman behar duela Arga ibaian adierazle bakoitzaren "egoera onerako" adierazitako helburuak lortzeko, ustiaketa-eremutik gertu.
Horrez gain, txostenak dio une oro bermatu beharko dela ustiaketa ez dela maila freatikoa baino beherago joanen, akuiferoetan ukipenik ez gertatzeko.
Azkenik, ohartarazten du ezen, lurpeko urak kutsatzeko arrisku handia dagoenez, erauzketak iraun bitartean sakonuneak itxita uztea eragotzi behar dela.
Ingurumen Eraginaren Atalak azken bi puntu horiei buruzko txosten argigarria eskatu ondotik, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txosten osagarri bat egin zuen 2023ko urriaren 2an, eta honako hau adierazi zuen:
Sakontze piezometrikoko zundaketek, funtzionatzen hasten direnean, maila freatikoa / piezometrikoa jaisten dela ziurtatu beharko dute, maila horren kotaren azpitik ustiatzen ez dela bermatzeko, eta, hala, lurpeko urak ez kaltetzeko.
"Lurpeko urak kutsatzeko arrisku handia dagoenez, erauzketak iraun bitartean sakonuneak itxita uztea eragotzi behar" horri dagokionez, euri-urak eta ustiategiko bestelako barne-fluxu posibleak babes-areka eta -ubideen sare baten bidez kudeatu beharko dira, ustiategiko guneak ukitu ez ditzaten. Ur horiek putzuetara bideratu eta egoki tratatuko dira (funtsean, dekantatu eta iragazi eginen dira), gero ibilgu publikora eramateko, horretarako ezartzen diren baldintzetan.
Iragarkiaren kodea: F2410049
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
