145. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

493/2024 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2025eko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena.

Urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren testu bateginaren 37.2 artikuluak, uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. artikuluari buruz ari dela (azaroaren 3ko 1346/1989 Errege Dekretuak eman zion idazketa), zeinak indarra izaten jarraitzen baitu irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarraren arabera, estatu osorako jaiegunak finkatzen ditu, urtero-urtero lan egutegian sartzen direnak egun baliogabe gisa.

Autonomia erkidegoek tradizioz bere dituzten jaiegunak erabakitzen ahal dituzte, urtean hamalau gehienez, eta horietako bi tokian tokiko jaiegunak izanen dira.

Azaldutakoaren ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko 2025. urteko jaiegunak ezartzen dira. Zerrenda honi beste jaiegun bat gehituko zaio, tokian tokikoa, herri bakoitzeko udalak egiten duen proposamenaren arabera.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Honako hauek izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2025. urteko jaiegunak:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Apirilaren 17a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 18a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 21a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

–Uztailaren 25a: Santiago eguna.

–Abuztuaren 15a: Ama Birjinaren Jasokundea.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

–Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

–Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

2. Tokiko beste jaieguna udalek proposatuta ezarriko da, nork berea. Beraz, udalei eskatzen zaie 2024ko azaroaren 15a baino lehen bidali dezatela tokiko jaiegunaren proposamena, data eta ospakizuna adierazita. Proposamena Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusira bidali behar da. Udalaren barruan kontzejurik baldin badago, haietako jaiegunak zein diren ere esan beharko da.

Aipatu epean herriko jaieguna zein den esan ezean, departamentu honek erabakiko du, eta, hain zuzen ere, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 168/2023 Ebazpenaren eta urtarrilaren 30eko 36/2024 Ebazpenaren bidez finkatutakoak izanen dira, honako hauetan argitaratu zirenak, hurrenez hurren: 2023ko 265. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 26koa; eta 2024ko 32. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 13koa. Nolanahi ere, data hori edo udalak adierazten duena igandea edo jaieguna bada, jaia hurrengo lanegunera aldatuko da.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau igortzea Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministeriora, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko ekainaren 12an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Ignacio Mendióroz Casallo.

Iragarkiaren kodea: F2409719