145. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

16E/2024 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, "GIB-HIESaren infekzioari loturiko programa komunitarioetarako dirulaguntzak" emateko deialdia ebazten duena. DDBN identifikazioa: 725321.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 26ko 5E/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era arte GIB-HIESaren infekzioarekin lotutako programa komunitarioak egiteko dirulaguntzak emateko, eta laguntza horiek emateko prozedura arautzeko oinarriak ezarri ziren.

Ebazpen horren bidez, 150.406 euro egotzi zaizkio 520000-51200-4819-313902 partidari ("Programa komunitarioetarako dirulaguntzak GIB-HIESarengatiko infekzioari loturik").

Deialdian ezarritakoarekin bat etorriz, hiru entitatetako bi proiektu jaso dira.

Instrukzio-organoak eskabideak aztertu eta baloratu ditu deialdiaren oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

–Egiaztatu da elkarteek bete egiten dituztela deialdian ezarritako baldintzak.

–Egiaztatu da aurkeztutako zenbatekoak bat datozela deialdian ezarritako moduluekin.

–Deialdian ezarritako irizpideak betetzen direla baloratu da, eta bakoitzari dagozkion puntuak eman zaizkio.

Egiaztatu da diruz lagunduko diren programek 30 puntu baino gehiago lortu dituztela, eta horietako 15 kalitatearen atalari dagozkiola. Izan ere, puntu horiek gutxienez lortu behar dira balorazioa gainditzeko, hala xedatutako baitago 3. eranskinean.

Onartutako zenbatekoak haztatu dira, aurkeztutako proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera.

Azkenik, erabaki da bi elkartetako bi programari ematea dirulaguntza. Proposatuta dirulaguntza, guztira, 150.406 eurokoa izanen da. Bi programek betetzen dituzte ezarritako baldintzak, eta programa bakoitzak lortutako puntuazioen arabera dagozkien dirulaguntzen baturak gainditu egiten duenez kreditu erabilgarria, hainbanaketa-koefiziente bat aplikatu da: 0,88koa, zehazki.

Nafarroako GIB/Hiesaren koordinatzaileak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuak proposatutako dirulaguntzak ematearen aldeko txostena egin dute.

Hortaz, azaldutakoarekin bat, NOPLOIren Estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 248/2023 Foru Dekretuaren 10. g) artikuluak eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntzak ematea honako entitate hauei:

Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzorde Hiritarrari (IFZ: V31194939), 78.738,00 euro, programa hau aurrera eraman dezan: "Prebentzio- eta arreta-programa, berariazko kanpainak eta laguntza emozionala zaurgarritasun handieneko kolektiboentzat".

SARE elkarteari (IFZ: G31471386), 71.668,00 euro, "GIB/HIESaz infektatuentzako jarduera programa".

2. Guztizko gastua –150.406 euro– egoztea Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako 520000-51200-4819-313902 partidari ("Programa komunitarioetarako dirulaguntzak GIB-HIESarengatiko infekzioari loturik").

3. Deialdiaren 11. puntuan ezarritakoarekin bat, honako zenbateko hauek ordaintzea aldez aurretik:

Nafarroako Hiesaren Aurkako Batzorde Hiritarrari (IFZ: V31194939) guztizko zenbatekoa ordainduko zaio aldez aurretik.

SARE elkarteari (IFZ: G31471386) guztizko zenbatekoa ordainduko zaio aldez aurretik.

4. Ebazpen hau igortzea Nafarroako GIB/hiesaren koordinatzaileari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie, eranskin batekin batera, non adieraziko baitira emandako laguntzaren zenbatekoa eta gainerako ezaugarriak. Laguntza ukatzen bada, zergatik ukatu den azaldu beharko da.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2024ko ekainaren 11n.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Ángeles Nuin Villanueva.

Iragarkiaren kodea: F2409763