1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
425E/2024 EBAZPENA, ekainaren 14koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen baimen integratua ematen baitzaio hidrogeno berdea ekoizteko instalazio bati Zangozako udal-mugartean. Accionaplug SL da instalazioaren titularra.
Instalazioa Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren I. eranskineko 4.2.a) kategorian sartzen da (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsitako testu bategina), eta, horrenbestez, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.
Instalazioa, orobat, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako 2010eko azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 4.2.a) epigrafean sartzen da (testu bategina).
Instalazioaren proiektua Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 5. taldeko 2. i) kategorian sartuta dago, eta, horrenbestez, lege horren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du.
Instalazioa sartuta dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremutik beheragoko mailan (errege dekretu horren bidez neurri batzuk onetsi ziren istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako).
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta isurtzea, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko balizko arriskua baloraturik, erabaki da ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoela, eta beraz ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenaren egoerari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.
Baimen honek berekin dakar azaleko uretan zeharkako isuria egiteko baimena, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluan eskatzen dena.
Espedientea honako hauetan xedatutakoaren arabera tramitatu da: Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) eta hura garatzen duen Erregelamendua (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsia), eta Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamenduaren II. tituluko I. kapitulua eta 23. artikulua (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretu bidez onetsi zen). Halaber, prozeduran egin dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ingurumen ebaluazioari dagokionez aurreikusitako jarduketak.
Bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoarekin, proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jarri dira hogeita hamar egunez, eta epe horretan ez da inolako alegaziorik aurkeztu.
Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, jendaurreko informazioaren tramitearekin batera, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta interesdunekin, hogeita hamar egunez. Egindako kontsulten eta jasotako txostenen zerrenda jaso da ebazpen honen eranskinean.
Titularrak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera ematea eskatu zuen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren apirilaren 23ko 318E/2024 Ebazpenaren bidez, proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren adierazpena egin da, aldekoa. Ebazpen honen eranskinean dago ingurumen inpaktuaren adierazpenean jasotako informazioa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Egiaztatu da aurkeztutako dokumentazioak justifikatzen duela Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakian xedatutakoa betetzen dela. Erabaki horretan ezartzen dira sektore kimikoan hondakin ur eta gasen tratamendu eta kudeaketa sistema komunetarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Ingurumen baimen integratua ematea hidrogeno berdea ekoizteko instalazio bati, Zangozako udal-mugartean. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta espediente administratiboaren gainerako agirietan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintza eta neurriak. Instalazioaren titularra Accionaplug SL da.
Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatzea hondakin kaltegarrien sortzaile gisa, 15P01216090752024 zenbakiarekin, jarraikiz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 45. artikuluan ezarritakoari. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Sortzen diren hondakinei dagokien edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.
Hirugarrena.–Hondakin urak udal kolektoreen sarera isurtzeko baimena sartzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsitako Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du eta bost urtetik bost urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.
Laugarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritako inguruabarren bat (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).
Bosgarrena.–Ebazpen hau ematen denetik bost urte igarotzen badira proiektua gauzatzen hasi gabe, funtsezko aldaketarako baimena iraungitzat eta ondoriorik gabekotzat joko da, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Seigarrena.–Jarduera ezin da abian jarri titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu gabe, hala xedatua baitago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen Industriako Isurien Erregelamenduaren 12. artikuluan. Era berean, proiektua oso-osorik gauzatzen ez bada, jarduera hasten ahalko da, baldin eta proiektutik gauzatu den zatiari dagozkion neurri zuzentzaileak eta gainerako baldintzak betetzen baditu. Horretarako, instalazioa partez abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
Zazpigarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.
–Instalazioan ingurumen-kudeaketarako ezarrita dagoen sistema.
–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.
Zortzigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Hamaikagarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Accionaplug SLri, Zangozako Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, NILSAri, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.
Iruñean, 2024ko ekainaren 14an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2409742