1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
241E/2024 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez iraungitzen baita eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bildu eta aukeratzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Oltza Zendeako udal-mugartean dago, eta haren titularra Contenedores Iruña SL da.
Instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 2A eranskineko 14 epigrafean jasota zegoen. Beraz, ingurumen baimen integratuaren araubidea bete behar zuen instalazioak. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
Arrazoi horregatik, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 19ko 01687/2009 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eman zitzaion, hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak kudeatzeko jarduerarako.
2022ko martxoaren 23an, instalazioaren titularrak jarduerari zegokion aldaketa baten berri eman zuen, hondakin arriskutsuak biltzeko gaitasuna txikitzeari zegokionez, eta 2022ko apirilaren 27an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak irizpena eman zuen adierazteko hori aldaketa ez-funtsezkoa zela, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluarekin (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena) eta urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14. artikuluarekin (errege dekretu horren bidez, industriako isurpenen Erregelamendua onetsi, eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu zen). Hori horrela, eta aurreikusitako aldaketaren ondorioz, instalazioak, biltegiratzeko ahalmen berria duenez, ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe egoteari utziko dio, eta ingurumen baimen bateratuaren araubidea bete beharko du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean araututakoa alegia. Instalazioa foru lege horren 1. eranskineko 5.2 taldean sailkatuko da.
2022ko maiatzaren 3an, titularrak aldaketa egin izanaren inguruko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zuen, eta, beraz, instalazioa abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 5.2 taldean sailkatuta geratzen da.
Espedientea izapidetu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko erregelamenduan (martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsia) xedatutakoaren arabera.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Iraungitzea eraispeneko hondakinak bildu eta aukeratzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua, eta abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean ezarritako ingurumen baimen bateratua ematea. Instalazioa Oltza Zendeako udal-mugartean dago, eta titularra Contenedores Iruña SL da.
Bigarrena.–Jarduera ingurumenaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadin agintzea, eta espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen eranskinetan azaltzen diren baldintzak ere bete beharko dira.
Hirugarrena.–Instalazioaren baimena mantentzea hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile gisa (15G05193016532015 erregistroko zenbakia Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan), biltegi gisa; hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile izateko baimena ematea (15G04193016532024 erregistroko zenbakia), aurretratamendu-zentro gisa; eta zentroaren baimena mantentzea hondakin arriskutsuen kudeatzaile gisa, (15G02193016532009 erregistroko zenbakia Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan), biltegi gisa. Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ingurumen Kalitatearen eta Aldaketa Klimatikoaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua aplikatuta (Hondakinak bildu eta tratatzeko eragiketen baimenei buruzkoa). Instalazioaren ustiatzaileak baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimen hori eman beharko dio instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak.
Laugarrena.–Jardueraren inguruko edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinaraziko dio Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariari, bat etorriz martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 36. artikuluan ezarritakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen erregelamendua).
Bosgarrena.–Titularrak, ebazpen hau jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoan aurkeztutako isurketa-baimenaren eskaeraren kopia aurkeztu beharko dio Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuari.
Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Contenedores Iruña SLri, Oltza Zendeako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko ekainaren 10ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2409460