144. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 15a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALESBES
–VIRGEN DEL PORTAL ZAHAR-ETXEA–

Deialdia, laguntzako teknikari koordinatzailearen lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketaren bidez

Alesbesko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2024ko ekainaren 7an egin ohiko bilkuran, honako deialdi honen oinarriak onetsi zituen: deialdia, laguntzako teknikari koordinatzailearen lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketaren bidez, Virgen del Portal zahar-etxean aritzeko, Alesbesko Udalaren erakunde autonomoa baita. Orobat, oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindu zuen.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alesbesen, 2024ko ekainaren 13an.–Alkatea, M. Carmen Segura Moreno.

DEIALDIA, LAGUNTZAKO TEKNIKARI KOORDINATZAILEAREN LANPOSTU BAT BETETZEKO, OPOSIZIO-LEHIAKETAREN BIDEZ

1. oinarria. Arau orokorrak.

Deialdi honen xedea da laguntzako teknikari koordinatzailearen lanpostu bat betetzea, oposizio-lehiaketaren bidez eta lan-kontratu finkoarekin, Alesbesko Virgen del Portal zahar-etxean aritzeko.

Lan-poltsa bat sortuko da hautapen-prozesua gainditzen duten gainerako pertsonekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz. Indarrean izanen da 5 urtez eta erabiliko da sinatuko den errelebo-kontratuaren eremuan. Lan-poltsa egiteko kontuan hartuko da ezartzen dena Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean.

Laguntzako teknikari koordinatzailearen lanpostua zuzenean zahar-etxeko Gobernu Batzordearen mende dago.

Lanaldi osoko araubidea izanen du, zerbitzuko beharrei egokitua. Araubide hori noiznahi alda dezake zahar-etxeko Gobernu Batzordeak.

Deialdiaren lan-baldintzak dira Virgen del Portal zahar-etxeko hitzarmen kolektiboan eta bertako plantilla organikoan araututakoak.

Kontratatzen den langilearen soldata-maila izanen da aipatu hitzarmenean A taldeari dagokiona, gehi plusa, 32.662,68 euro egin arte.

Hiru hilabeteko probaldia ezartzen da. Bitarte horretan, erakunde kontratugileak kontratu-harremana suntsiarazi edo hutsaltzen ahalko du, zehar-etxeari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.

2. oinarria. Bete beharreko lanpostuaren eginkizunak.

Kontratatzen den pertsonak honako eginkizun hauek beteko ditu, besteak beste:

–Laguntzako proiektuaren buru izatea.

–Laguntza- eta gizarte-helburuak finkatzea urte bakoitzerako, eta kontrol-sistemak ezartzea, Gobernu Batzordeari helburu horien betetze-mailaren berri emateko.

–Egoiliarrei instalazio egokia ematea.

–Adinekoentzako zerbitzu integraleko arlo guztien programazioa diseinatzea, eta haren kontrola eta jarraipena egitea.

–Laguntzako arloen arteko kontrol eta komunikaziorako zirkuituak ezartzea.

–Programazio horiek gauzatzeko behar diren langileen kudeaketa gainbegiratzea; horretarako, banakako lan-planak eta laguntza-ordutegiak antolatuko ditu, eta horien jarraipena eginen du, arreta egokia bermatzeko erabiltzaileek une bakoitzean behar dutenaren arabera.

–Egoiliarrei une bakoitzean behar duten laguntza ematea, bere lanbide-eskumenen barnean.

–Egoiliarrei –bai eta haien familiakoei ere– informazioa ematea zahar-etxeko zerbitzu eta instalazioen gainean eta zahar-etxean gorde beharreko bizikidetza-arauen eta bizimoduen gainean.

–Ebaluatzea erabiltzaileen urritasunak eta mendekotasun-mailak. Zehaztu beharko du zein alditan berrikusi behar diren halakoak, egoiliar-talde bakoitzaren ezaugarrien arabera, eta, ondorioz, ezarri beharko ditu erabiltzaile guztien banakako helburuak.

–Baimena edukita, gaua zahar-etxetik kanpo eman edo kanpoan bazkaldu behar duten egoiliarren kontrol idatziaz arduratzea.

–Jarduera Programa Orokorra prestatzea, eta horren kontrola eta jarraipena egitea, barne direla estimulazioa, aisialdia, terapia okupazionala eta jarduera fisikoa, eta bultzatzea kidekoen taldeak sor daitezen, aintzat harturik zaletasunak, joerak, aukerak, etab.

–Egoiliarren eskaera, kontsulta eta gatazken berri jasotzea eta haietaz arduratzea. Aholkua emanen die, eta saiatuko da konponbidea ematen. Zahar-etxeko buruarengana eta Gobernu Batzordearengana joko du, baldin eta konponbide zaila badute edo zahar-etxearen funtzionamenduari eragiten badiote.

–Egoiliarren familiakoekin harremanetan jarri eta komunikazioei eustea, haien arteko harreman pertsonala sustatzearren.

–Posta, mandatuak eta telefono bidezko edo idatzizko komunikazioak jasotzea eta interesdunei ahalik eta lasterren helaraztea.

–Elikaduraren programazioan laguntzea eta haren kalitatea eta itxura begiratzea.

–Egoiliarrak, enplegatuak eta, oro har, zahar-etxean dauden guztiak, behar bezalako begirunez, adeitasunez eta arretaz tratatzea.

–Aldian behin bilerak egitea zahar-etxeko Partaidetza Kontseiluarekin, harremanak sustatzeko eta bizipen-dinamika bultzatzeko zahar-etxean harremanetan dauden guztien artean.

–Betetzea eta betearaztea lan arloko nahiz gizarte-zerbitzuen arloko legedia eta zahar-etxearen estatutuak eta barne-araudiak, une bakoitzean indarrean daudenak.

–Arduratzea zahar-etxeko zerbitzu guztien antolaketaz, kontrolaz, funtzionamenduaz, koordinazioak eta jarraipenaz.

–Langileen etengabeko prestakuntzarako programak diseinatu eta gauzatzea. Langileei aholku emanen zaie nola eraman aurrera beren harremana erabiltzaileekin, horretarako baliatuta zahar-etxeko laguntza- eta bizipen-dinamiketako parte-hartze aktiboa.

–Zahar-etxeari atxikitako langileen antolamenduan laguntzea, honako hauetan zehazki:

–Asistentziaren kontrola.

–Ordutegiak.

–Oporrak.

–Baimenak.

–Lizentziak

–Laneko bajak.

–Ordezkapenak eta lan-poltsa.

–Lan-egutegia.

–Negoziazio kolektiboko ordezkaritza.

–Osasun azterketak.

–Laneko arriskuen prebentzioa.

–Absentismoa eta Ikuskaritza Medikoko Zerbitzuen esku-hartzea.

–Laneko istripuen parteak.

–Giza baliabideen dimentsio egokia ezartzea, erabiltzaileen laguntza-beharrei eta lanpostu guztien lanbide-profilei erantzuteko adinakoa.

–Kasu egitea Administrazioko ikuskapen zerbitzuen eta erakundeetako ordezkarien bisitei.

–Datu pertsonalak babesteko legedia betetzea eta betearaztea.

–Zahar-etxeko buruari eta Gobernu Batzordeari eskatzen dituzten txostenak ematea, bai eta bere esperientzien eta behaketen emaitzak ere, egoiliarren mesederako badira; halaber, haien erabakiak izapidetu eta gauzatzea.

–Zahar-etxeko buruak edo Gobernu Batzordeak erabakitzen dituen beste eginkizun batzuk betetzea, zuzendaritzako lanarekin bat etorrita.

–Bere lanbide-gaitasunarekin zuzeneko lotura duten beste jarduera batzuk egitea.

3. oinarria. Izangaiek bete beharrekoak.

Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europako Erkidegoko edozein estatutakoa, edo nazioarteko tratatuen bidez bidezkoa den estatuetakoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 7. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

c) Graduko unibertsitate-titulu hauetako bat edukitzea: Fisioterapia, Erizaintza, Terapia Okupazionala edo Gizarte Lana.

d) Langabezian eta/edo enplegu bulegoan izena emanda egotea, enplegu eskatzaile gisa edo lana hobetzeko egoeran (kontratazioaren unean).

e) B motako gidabaimena izatea.

f) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

g) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

4. oinarria. Eskabideak aurkeztea.

Deialdian parte hartzeko eskabidea Alesbesko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko da, edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskabidea 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz aurkezten bada, 24 orduko epean posta elektronikoa igorri beharko da ayuntamiento@villafranca.es helbidera, horren berri emateko. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Deialdi honen II. eranskineko ereduari egokituko zaio eskabidea.

Interesdunek hamabost egun balioduneko epean aurkezten ahalko dituzte eskabideak, deialdia argitaratzen denetik hasita.

Oinarriak argitara emanen dira, orobat, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian.

Eskabidearekin batera, izangaiek honako hauen fotokopiak aurkeztu beharko dituzte: nortasun agiri nazionala, edo izangaiaren identitatea frogatzen duen agiri bat; langabeziako txartela edo lana hobetzeko eskatzailearen txartela; eskatzen den titulua –edo, bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako hura erdiesteko moduan izanen direla frogatzen duen agiria–; eta baloratzeko alegatutako merezimenduak.

5. oinarria. Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea iraganik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Udalaren web-orrian, eta 5 egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko edo aurkeztutako eskabideen akatsak zuzentzeko.

Izangai bazterturik ez badago, zuzenean argitaratuko da behin betiko zerrenda.

6. oinarria. Behin betiko zerrendak.

Aipatu epean alegazioak aurkezten badira, alegazio horiek ebatzi ondoren, Alkatetzak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta argitara emanen da Udalaren web-orrian, adierazita hautaproba egiteko tokia, eguna eta ordua.

7. oinarria. Kalifikazio-epaimahaia.

7.1 Honako hauek osatuko dute epaimahaia:

1. Epaimahaiburua: M.ª Carmen Segura Moreno, Udaleko alkatea eta zahar-etxeko burua.

2. Epaimahaikidea: Laura Lafraya Segura, Alesbesko Udaleko zinegotzia.

3. Epaimahaikidea: Delia Linzoáin Pinillo, Alesbesko Udaleko zinegotzia.

4. Epaimahaikidea: Anyuri Gorjon Lizarbe, Cortesko Fundación Carmen Bellido zahar-etxeko laguntzako zuzendaria.

5. Epaimahaikidea: Raquel Lacabe, Erriberriko La Milagrosa zahar-etxeko laguntzako koordinatzailea.

6. Epaimahaikidea: Miguel Pajares, Iniciativa para la Tercera Edad enpresaren ordezkaria.

7. Epaimahaikide idazkaria: Alvaro Marcén Echandi, Alesbesko Udaleko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

Ezin badira joan bilkuraren batera, epaimahaikideek ordezko bat izendatzen ahalko dute.

7.2 Epaimahaia hautaproba baino lehen eratu beharko da, eta haren eraketa baliozkoa izateko beharrezkoa izanen da bertan kideen gehiengo osoa egotea.

7.3 Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak eta, berdinketa suertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

7.4 Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

8. oinarria. Hautapena nola eginen den.

8.1 Honako fase hauek izanen dira: oposizioaldia, lehiaketaldia eta buruz buruko elkarrizketa.

8.2 Lehiaketaldia.

8.2.1. Izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dituzte baloratzeko dituzten merezimenduak, eta epaimahaiak I. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu horiek.

8.2.2. Epaimahaiak ez du inola ere kontuan hartuko alegatu ez den edo agiri bidez frogatu ez den merezimendurik.

8.2.3. Gehieneko puntuazioa: 30 puntu.

8.3 Oposizioaldia.

8.3.1. Proba teorikoa: test motako 30 galderari erantzun beharko zaie, izangaiek bete beharreko lanpostuaz zer ezagutza duten egiaztatzeko.

Galdera zuzen bakoitzeko puntu bat emanen da, eta akats bakoitzeko 0,25 puntu kenduko dira. Ariketa gainditzeko, gutxienez 15 puntu lortu beharko dira.

8.3.2. Proba teorikoa: garatzekoa; galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz, izangaiek bete beharreko lanpostuaz zer ezagutza duten egiaztatzeko.

–Proba bakoitzaren gehieneko puntuazioa: 30 puntu.

–Bi proben gehieneko puntuazioa: 60 puntu.

Bazterturik geldituko dira bi proba teorikoetan, osotara, gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

8.3.3. Proba egiteko deialdi bakarra eginen zaie izangaiei. Izangaiek agertu beharko dute nortasun agiri nazionala aldean daukatela, edo identifikaziorako beste agiri administratibo publiko ofizial bat.

8.3.4. Izangaien kopurua kontuan hartua, iragarritako egun eta tokian aurkeztu direlarik, epaimahaiburuak aldatzen ahalko du probak egiteko tokia, bai eta proben ordena eta horiek egiteko egunak ere. Hala gertatuz gero, horren berri emanen da Udalaren iragarki-taulan, Alesbesko udaletxean (Espainia plaza 1).

8.4 Elkarrizketaren fasea.

8.4.1. Gero, epaimahaiak buruz buruko elkarrizketa bat eginen du aurreko faseetan, osotara, puntuazio handienak lortu dituzten bost izangaiekin.

8.4.2. Gehieneko puntuazioa: 10 puntu.

9. oinarria. Puntuazioen zerrenda eta agiriak aurkeztea.

9.1 Hautapen-prozesua bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du izangaien zerrenda, lortutako puntuazio-ordenari jarraikiz, Alesbesko Udalaren eta zahar-etxearen iragarki-tauletan, eta puntu gehien lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio zahar-etxeko buruari, hark onets dezan.

9.2 Hautatutako izangaiek, kontratatuak izateko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo frogagiri baliokideren batena.

b) Eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.

c) Gizarte Segurantzako afiliazio-zenbakia.

10. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen, beronen oinarrien eta berau aplikatzeko egintzen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, zuzenean, Nafarroako Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratzen denetik edo errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita, edo, aurretik eta nahi bada, honako errekurtso hauetako bat:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, zahar-etxeko buruari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, zahar-etxeko buruari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–BAREMOA

A) Laneko esperientzia (20 puntu gehienez).

A1) Esperientzia laguntzako zuzendari edo laguntza teknikari koordinatzaile gisa, egoitza geriatrikoetan edo antzeko laguntza zentroetan, titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan, behar bezalako kontratu harremanarekin.

0,5 puntu hilabete bakoitzeko, eta gehienez ere 15 puntu.

A2) Esperientzia erizain, gizarte-langile, terapeuta okupazional edo fisioterapeuta gisa.

0,1 puntu hilabete bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu lanbide-esperientzia mota bakoitzean.

Egin diren zerbitzuak frogatuko dira soilik administrazio publikoak edo dagokion enpresak emandako ziurtagirien bidez.

Hilabetetik beherako aldiak proportzioan baloratuko dira.

B) Ikasketa gehigarriak eta prestakuntza-ikastaroak.

Goi-mailako ikasketa gehigarriak edo lanpostuarekin zerikusia duten hobekuntza-ikastaroak, behar bezala frogatuak jatorrizko tituluaren edo fotokopia konpultsatuaren bidez. Puntuazioa honela eginen da:

–Geriatriako masterra. 2,5 puntu.

–Zentro Geriatrikoen Kudeaketako masterra edo graduondokoa. 5 puntu.

–Pertsonarengan Zentratutako Arretako masterra edo graduondokoa. Gehienez ere 2,5 puntu.

–Beste ikastaro batzuk, lanpostuaren eginkizunei lotutako edukiak dauzkatenak: 0,01 puntu prestakuntza-ordu bakoitzeko.

II. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Iragarkiaren kodea: L2409942