1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
238E/2024 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onesten baita ibilgailu motordunentzako pieza zati eta osagarri ez-elektrikoak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarrita dauden funtzionamendu baldintzetan eskatutako aldaketa. Instalazioa Orkoiengo udal-mugartean dago, eta haren titularra Faurecia Emissions Control Technologies Pamplona SL da.
Egun jardunean dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 2.9 taldean.
2022ko abuztuaren 19an, instalazioaren titularrak eskaera egin zuen ingurumen baimen bateratuan ezarrita dauden funtzionamendu baldintzak aldatzeko. Hain zuzen, 39 zenbakiko fokua berriz sartu nahi du atmosferara isurtze-fokuen zerrendan (ingurumen baimen bateratuan dago zerrenda hori), akats baten ondorioz baja eman baitzitzaion Ingurumenaren Kalitateko zuzendariaren martxoaren 13ko 67E/2020 Ebazpenaren bidez.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea ibilgailu motordunentzako pieza-zati eta osagarri ez-elektrikoak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarrita dauden funtzionamendu baldintzetan eskatutako aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Orkoiengo udal-mugartean dago, eta titularra Faurecia Emissions Control Technologies Pamplona SL da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen honen berri ematea Faurecia Emissions Control Technologies Pamplona SLri eta Orkoiengo Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko ekainaren 10ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2409457