143. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

71/2024 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita linea elektrikoen titularrei dirulaguntzak emateko bigarren deialdia, 2024ko eta 2025eko ekitaldietan linea batzuk zuzen ditzaten, bat etorrita abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin, eta Europar Batasunak finantzaturiko Next Generation EU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 769412.

Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen xedea da natura-baliabideak, bereziki naturaguneak, basa flora eta fauna, babestu, leheneratu, zaindu eta hobetzeko arauak ezartzea. Lege horren 54. artikuluak ezartzen du behar diren neurriak hartuko direla basa egoeran bizi den biodibertsitatea zainduko dela bermatzeko. Eta, bere aldetik, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legeak ezartzen du arautzen dituen jarduerak bateragarriak izan behar direla ingurumenaren babesarekin.

Linea elektrikoak dira hegazti-faunaren heriotza ez natural gehien eragiten dituen faktoreetako bat, asko hiltzen baitira elektrokutatuta edo haien aurka talka eginda.

Nafarroan arazo horretaz ohartuta jada 1991. urtean, apirilaren 4ko 129/1991 Foru Dekretua onetsi zen urte hartan, zeinaren bidez instalazio elektrikoetarako arau teknikoak ezarri baitziren, hegazti-fauna babesteko asmoz.

Estatuan, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua onetsi zen; dekretu horren bidez hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren, linea elektrikoek hegaztiei eragiten dieten afekzioa minimizatzeko. Era berean, zenbait betebehar ezarri ziren, linea elektrikoek bete beharreko baldintza tekniko batzuk, hegazti-fauna elektrokutaturik edo talkaz hil ez zedin. Horrez gain, mekanismo eta aurrekontu batzuk gaitu ziren arau horren aurretik jarritako lineak zuzentzearen kostua finantzatzeko.

Betetze aldera abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretu horretako 4. artikuluan ezarritakoa, Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak abenduaren 31ko 1150/2013 Ebazpena eman zuen, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez mugatu baitziren hegaztien espezie mehatxatuak ugaldu, elikatu, hedatu eta elkartzeko lehentasunezko eremuak, eta xedatu baitzen babes-eremuak argitaratzea, aplikatu zedin, Nafarroan, abuztuaren 29ko 1432/08 Errege Dekretua, zeinaren bidez neurri batzuk ezarri baitziren hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko.

Gerora, errege dekretu horretako 5.2 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, martxoaren 8ko 70/2018 Ebazpena eman zuen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak, zeinean zehaztu baitzen Nafarroako babes-eremuetan kokatutako goi-tentsioko zer linea elektrikok ez dituzten betetzen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak jasotako agindu teknikoak (errege dekretu horren bidez ezarri ziren hegazti-fauna goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak). Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta linea horien jabeei jakinarazi zitzaien.

2020ko abenduaren 14an, Europar Batasuneko Kontseiluak 2020/2094 (EB) Erregelamendua onetsi zuen, zeinaren bidez Europar Batasunaren tresna bat ezarri baitzen COVID-19aren krisiaren osteko susperraldia babesteko. Espainiako estatuan, funts horiek azkar eta eraginkortasunez inberti zitezen, abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretua argitaratu zen, zeinaren bidez premiazko neurri batzuk onetsi baitziren Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana exekutatzeko.

2021eko otsailaren 18an, EBAOn argitaratu zen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, zeinaren bidez ezarri baitzen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa. Erregelamendu horrek ezarri zituen Batasunaren helburuak, finantzaketa, finantzaketa-modalitateak, Mekanismoaren esparruan, eta finantzaketa hori emateko arauak.

Finantza baliabide horien betearazpena Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) bidez egiten da. Plan hori Ministroen Kontseiluaren 2021eko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez onetsi zen, Espainiaren Suspertze eta Erresilientzia Planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian (Council Implementing Decision-CID), 2021eko uztailaren 13koan, ezarritakoarekin bat etorriz.

SEEPen barruko hamar palanka-politiken artean dago II. politika, "Azpiegitura eta ekosistema erresilenteak". Horrek, aldi berean, barnean hartzen du Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko 4. osagaiko (Itsasoko eta lehorreko ekosistemak eta horien biodibertsitatea kontserbatzea eta lehengoratzea) 2. inbertsioa (Lehorreko eta itsasoko biodibertsitatea kontserbatzea). Inbertsio hori zuzenean dago lotuta 050 kodeko etiketa klimatikoarekin (Natura eta biodibertsitatea, natura baliabideak eta ondarea, azpiegitura berdeak eta urdinak babestea); %40ko ekarpen klimatikoa du, eta %100eko ingurumen ekarpena. Kudeatzeko printzipio espezifikoekin bat, osagai horretarako ezartzen da CIDeko 69. Helburua (Biodibertsitatea kontserbatzeko jarduketak), zeinaren arabera herrialde osoan jarduketak egin beharko baitira gutxienez ere 50.000 hektareatan, kontserbazio lanak egiteko.

Bestalde, "Gida teknikoa «kalte nabarmenik ez eragitea» printzipioaren aplikazioari buruz" deritzon Batzordearen Komunikazioan (2021/C 58/01) xedatutakoa betetzeko, eta orobat, Kontseiluaren Betearazpen Erabakian eskatutakoa betez, Espainiako Suspertze eta Erresilientzia Planaren eta haren eranskinaren ebaluazioaren onarpenari buruz, eta Akordio Operatiboei buruzko Erabakian eskatutakoa betez, esparru horretan gauzatzen diren jarduketa finantzatu guztiek errespetatu behar dute ingurumena nabarmen ez kaltetzearen printzipioa (ingelesezko siglak DNSH - «Do No Significant Harm»).

Arau horien babesean, 2021eko apirilaren 14ko Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak erabaki bat onetsi zuen, zeinaren bidez formalizatu baitziren kreditu batzuk banatzeko irizpideak eta haien lurralde-banaketa (kreditu horiek linea elektrikoak aldatzeko erabiliko dira, hegazti-faunan kalterik eragin ez dezaten, eta sartuta daude aipatutako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoan). Erabaki horren harira, 1.306.676,95 euro transferitu zitzaizkion Nafarroako Foru Komunitateari. 2022ko ekainaren 20ko Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren erabakiaren bidez aldatu egin zen, puntualki, 2021eko apirilaren 14an hartutako erabakia: exekuzio-epeak handitu ziren, kredituak banatzeko irizpideak eta haien lurralde-banaketa, ordea, ez ziren aldatu.

2023ko urriaren 23tik 31ra bitarte prozedura idatzi bidez izandako Ingurumeneko Konferentzia Sektorialaren saioan onetsi egin zen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 4. osagaiari lotutako zenbait erabaki aldatzea, aplikatzean sortutako premien eta esperientziaren harira. Zehazki, exekuzio epeei buruzko 2. apartatuan, jarduketak hasteko gehieneko epeak eta gastu konpromisoak, baita amaitzeko gehieneko epeak ere, honela geratzen dira: "Finantzatuko diren jarduketa guztiak 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera hasi beharko dira. Egikaritzeko epeak Egikaritzeko Erabakian jasotakoari jarraitu beharko dio, eta bertan ezartzen da 2, 3 eta 4. inbertsioak gehienez ere 2026ko ekainaren 30ean inplementatzen amaituko direla. Oro har, jarduketak amaitzeko datak aukera eman behar du Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan sartzeko errekeritutako frogagiriak eta informazioa osorik bidaltzeko, baita helburuak betetzen direla egiaztatu eta frogatzeko beharrezko dokumentazioa osorik bidali eta sartzeko ere; beraz, kontuan hartu behar da zer epe den beharrezkoa helburua betetzen dela justifikatzeko eta organo eskudunak hori akreditatzeko gaitasuna bermatu dadin".

Eskualde mailan, eta Next Generation funtsak eraginkortasunez eta efizienteki kudeatuko direla bermatze aldera, apirilaren 14ko 4/2021 Foru Lege Dekretua onetsi zen, zeinaren bidez presako neurriak onetsi baitziren kudeatu eta exekutatu zitezen Suspertzerako Europako Bitartekotik etorritako funts europarrekin finantzatzen ahal diren jarduketak.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroaren 2021eko maiatzaren 18ko Ebazpenaren bidez, formalizatu egin ziren autonomia erkidegoekin 2021erako hartutako finantza-konpromisoak, lerro honetakoak: abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua aplikatzeko lerroa, linea elektrikoak aldatzeko. Lerro hori finantzatu da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kargura, eta Nafarroari 1.306.676,95 euro dagozkio. Ordainketa 2021eko maiatzaren 28an egin zen.

Nafarroako Gobernuaren 2022ko apirilaren 27ko Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Ingurumeneko zuzendari nagusiari 1.306.676,95 euroko gastua konprometitzeko.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 1eko 104/2022 Ebazpenaren bidez, "Linea elektrikoak zuzentzeko dirulaguntzak, hegazti-fauna babesteko" jarduketa kudeatzeko plana onetsi zen (jarduketa hori sartzen da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren 4. osagaiaren barruan). Martxoaren 8ko 6/2024 Ebazpen bidez, kudeaketa plan hori aldatu egin da Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak prozedura idatziz 2023ko urriaren 23tik 31ra bitarte izandako saioan sartutako aldaketetara egokitze aldera, aipatu denez.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 128/2022 Ebazpen bidez, onetsi egin zen linea elektrikoen titularrei dirulaguntzak emateko deialdi bat, linea batzuk zuzen ditzaten, bat etorrita abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin, 2022ko, 2023ko eta 2024ko ekitaldietan, eta Europar Batasunak finantzaturiko Next Generation EU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 1.306.676,95 euroko zenbatekoan. Edozelan ere, laguntza eman eta deialdi horretako lehenengo ordainketa egin ostean, 414.148,33 euro geratzen dira konprometitu gabe, eta, beraz, proposatzen da soberan den aurrekontuarekin dirulaguntzaren beste deialdi bat egitea.

Laguntza horiei osotara aplikatuko zaizkie EBren Suspertze eta Erresilientziarako Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa- eta kontrol-mekanismoak, bai eta, batetik, Europar Batasunaren araudia ere, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako ezartzen dena, eta, bestetik, Europar Batasunaren araudiak informazio, publizitate eta egiaztapenaren arloan eta gainerakoetan ezartzen dituen agindu espezifikoak ere, horiek aplikatzea nahitaez bete beharrekoa izanen baita.

Ebazpen honetan aurreikusitako finantzaketa ez da Estatuaren laguntzatzat hartzen; izan ere, ingurumena eta energia babestearen arloko estatuko laguntzei buruzko 2014-2020 aldirako jarraibideen (Batzordearen 2014/C 200/01 Jakinarazpena) 15.e) apartatuaren arabera, haren aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira biodibertsitatea kontserbatzeko laguntzak. Bestalde, Altmark Epaian adierazitako lau irizpideak betetzen direnez, laguntza horiek guztiz bateragarriak dira barne merkatuarekin, betetzen baitira Batzordearen 2011ko abenduaren 20ko 2012/21/EB Erabakian ezarritako baldintzak. Erabaki horretan ezartzen da nola aplikatu behar zaizkien Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 106. artikuluaren 2. apartatuko xedapenak interes ekonomiko orokorreko zerbitzuak kudeatzeaz arduratzen diren zenbait enpresari zerbitzu publikoa emateagatik konpentsazio modura ematen zaizkien dirulaguntzei.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskumenak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Onestea linea elektrikoen titularrei dirulaguntza emateko deialdia, 2024ko eta 2025eko ekitaldietan lineok zuzen ditzaten, bat etorrita abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuarekin. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 69. helburua (Biodibertsitatea kontserbatzeko jarduketak) betetzen laguntzeko da deialdia.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honi erantsi zaizkio.

3. 0,95 euro askatzea 2024ko Gastuen aurrekontuetako 740003 74300 7701 261700 partidatik ("SEM C4. Linea elektrikoak" du izena partida horrek)

4. 414.148,33 euroko gastua baimentzea 2024ko gastuen aurrekontuko "SEM C4. Linea elektrikoak" izeneko 740003 74300 7701 261700 partidaren 2025eko aurrekontuko partida baliokidearen kargura, baldin eta kreditu egoki eta nahikorik badago.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, gastu hori areagotu eginen da, emandako dirulaguntzaren zenbateko txikiagoan, obligazioak likidatu izanaren ondorioz eskuragarri geratzen bada deialdi honetan: Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 128/2022 Ebazpen bidez onetsitako linea elektrikoen titularrei dirulaguntzak emateko deialdia, 2022ko, 2023ko eta 2024ko ekitaldietan linea batzuk zuzen ditzaten, bat etorrita abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin, eta Europar Batasunak finantzaturiko Next Generation EU Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan Aipatutako Dirulaguntzen Legaren artikulu horretan adierazten denez, zenbateko gehigarria eraginkor izanen da baldin eta kreditu gehigarria baimentzen bada aurrez aipatutako inguruabarra egonez gero. Kreditu gehigarria laguntzak emateko deialdia ebatzi aurretik onetsi eta argitaratu beharko da. Gastu gehigarriaren igoera baimendu eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

Proiektu hori PEP E-21/000456-01 elementuan kontabilizatuko da.

5. 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko martxoaren 13ko 2/2024 Foru Legeak 64. artikuluan xedatzen duenez, dirulaguntza horiek emanen dira 2025eko ekitaldiaren kargura. Dirulaguntza horiek emateko, ezinbestekoa izanen da kreditu egoki eta nahikoa egotea laguntzak finantzatu ahal izateko ekitaldi horretako aurrekontuaren kontura.

6. Eskaerak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

8. Deialdi hau erregistratzea Dirulaguntzei buruzko Datu-base Nazionalean.

9. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko ekainaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2409839