Iragarkia
143. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 12a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
175E/2024 FORU AGINDUA, ekainaren 13koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: "Deialdiaren onespena, Zuzenbideko gradua dutenentzako bi prestakuntza beka emateko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko". Dirulaguntzen Datu Base Nazionaleko identifikazioa: 768692.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak uste du interesgarria dela Zuzenbideko gradua duten unibertsitate-tituludunen prestakuntza sustatzea, zuzenean ezagut ditzaten departamentu honetan gauzatzen diren politikak, eta, zehazki, otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan definitutako politika juridikoak (foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzeko Erregelamendua onetsi zen). Ildo horretan, aipatzekoak dira, besteak beste, espedienteen kudeaketarekin lotutako laguntza juridikoa, espedienteen azterketa juridikoa edo araudia aplikatzea, biltzea eta mantentzea.
Beken deialdiaren eta emakidaren bidez, tituludunen prestakuntza sustatu nahi du Idazkaritza Tekniko Nagusiak, bekek aukera emanen baitiete balio handiko lan eskarmentua eskuratzeko.
Beken deialdiaz eta emakidaz oinarri arautzaileetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta, osagarri gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.
Halaber, aplikatuko da Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea. Foru lege horrek adierazten du Nafarroako Administrazio Publikoek deitzen dituzten dirulaguntzen, beken eta beste edozein laguntza publikoren oinarri arautzaileetan berdintasun klausulak sartuko direla genero berdintasuna benetan gauzatzeko jarduketak baloratzeko edo, bestela, jarduketa horiek nahitaez betearazteko.
Horiek guztiak horrela, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Deialdi bat onestea Zuzenbideko gradua dutenentzako bi prestakuntza beka emateko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko. Haren oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean daude.
2. Beken iraupenaren hasierako aldirako (12 hilabete), 23.123,76 euroko guztizko gastua baimentzea, 2024rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Bekak" izeneko 700000 70100 4809 411103 partidaren kargura eta 2025eko aurrekontuetan horretarako gaitzen den partidaren kargura, urteko banaketa honen arabera:
–2024. urtea: 11.531,88 euroko guztizko gastua; horietatik 10.800 euro bi beken hornidurari dagozkio, eta 731,88 euro, aldiz, Gizarte Segurantzaren indarreko enpresa-kuotari.
–2025. urtea: 11.591,88 euroko guztizko gastua; horietatik 10.800 euro bi beken hornidurari dagozkio, eta 791,88 euro, aldiz, Gizarte Segurantzaren indarreko enpresa-kuotari.
Baldin eta 2025erako Gizarte Segurantzaren enpresa-kuota aldatzen bada ministro aginduaren bidez 2024rako onetsitakoaren aldean, baimendutako gastuaren zenbatekoa aldatuko da.
3. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Ekonomia Aferetako Bulegora, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Dirulaguntzen Datu Basera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2024ko ekainaren 13an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.
ERANSKINA.–DEIALDIA, ZUZENBIDEKO GRADUA DUTENENTZAKO BI PRESTAKUNTZA BEKA EMATEKO, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUKO IDAZKARITZA TEKNIKO NAGUSIAN ARITZEKO, HORIETAKO BAT INGURUMENAREN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ATALEAN. OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena.–Xedea.
Deialdiaren xedea da Zuzenbideko gradua dutenentzako bi prestakuntza beka ematea, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian aritzeko.
Beka horietako bat aipatutako idazkaritza nagusi teknikoari atxikita egonen da zuzenean. Bestea Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalari atxikita egonen da, zeina organikoki eta hierarkikoki Idazkaritza Nagusi Teknikoaren mende baitago.
Deialdiaren helburua da unibertsitateko lizentziadunen edo graduatuen prestakuntza bultzatzea, modu praktiko eta zuzenean ezagut ditzaten Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusian egiten diren jarduketak.
Bigarrena.–Aurrekontu-baliabideak.
23.123,76 euroko guztizko gastua baimendu da hamabi hilabeteko aldi baterako, Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Bekak" izeneko 700000 70110 4809 411100 partidaren kargura. Zenbateko horretatik 21.600 euro bekaren zuzkidura ordaintzeko erabiliko dira, eta gainerako zenbatekoa, aldiz, Gizarte Segurantzaren enpresa-kuota ordaintzeko.
Baimendutako gastua eguneratuko da kontuan izanda Gizarte Segurantzaren enpresa-kuotaren zenbatekoak dituen aldaketak, dagokion ministro aginduaren bidez urtero zehazten denari jarraituz.
Hirugarrena.–Beken iraupena.
Bekek 12 hilabete iraunen dute, bekak emateko ebazpenean ageri den egunetik zenbatzen hasita.
Beka urtero luzatzen ahalko da, hiru urte egin arte gehienez, hasierako aldia eta luzapenak barne. Luzapen hori onartuko da aurrekontuetan horretarako behar adina kreditu badago.
Laugarrena.–Beken zenbatekoa eta ordainketa.
Bekek, hilero, 900 euroko zuzkidura izanen dute, gehi Gizarte Segurantzaren enpresa-kuota. Aipatutako diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.
Beken onuradunak besteren konturako araubidean dauden langileen parekoak izanen dira Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala (dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz).
Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko (bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko), eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da onuraduna noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin.
Onuradunei ematen zaien dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.
Deialdi honen babesean emandako bekaren indarraldian, Zuzenbideko gradua dutenentzako beste beka batzuk ematen badira idazkaritza tekniko nagusian aritzeko, organo eskudunak beka horien zenbatekoa goratzeko baimena ematen ahalko du, unitate horretan dauden beken baldintzak parekatzeko.
Bosgarrena.–Bateraezintasunak.
Prestakuntza bekak bateraezinak izanen dira Administrazio beraren eta beste administrazio publiko batzuen bekekin.
Seigarrena.–Betebeharrak.
Dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izaten ahal dira prestakuntza beken onuradun:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaituak ez egotea.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.
e) Zuzenbideko graduaren titulua izatea, Espainiako agintariek luzatua edo baliozkotua.
f) Eskatutako titulua deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.
g) Beharrezkoa bada, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela. Horrekin batera, adierazpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, aditzera emateko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu baten edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu baten beste edozein laguntza publiko, helburu bera duena eta bekarekin bateraezina dena.
h) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galarazten ahal dionik.
Betebehar horiek guztiak bekak irauten duen denbora osoan bete beharko dira.
Zazpigarrena.–Merezimenduak baloratzeko irizpideak.
Beka hauek norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan xedatzen den moduan. Hortaz, aurkezten diren eskaerak alderatuta emanen da beka, baremoko ordenaren arabera, dokumentazio osoa dagoela egiaztatu ondoren.
Eskaerak baloratzeko, honako irizpide hauen arabera kalifikatuko dira merezimenduak, 25 puntu arte, gehienez ere:
a) Ikasketa-espedientea: gehienez ere 8 puntu.
Espedientearen batez besteko nota (graduatuaren osoko kalifikazioa) baloratuko da, honela:
–Nahikoa: 2 puntu.
–Oso ongi: 4 puntu.
–Bikain: 6 puntu.
–Ohorezko matrikula: 8 puntu.
b) Beka emateko eskatzen ez diren beste unibertsitate titulu batzuk, bekaren xede diren arloekin lotura zuzena dutenak; gehienez ere 8 puntu:
–Doktoretza: 2 puntu.
–Masterra: 1 puntu.
–Beste gradu batzuk: 1 puntu.
c) Bekaren xede diren arloekin lotura zuzena duten prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 3 puntu.
Kontuan hartuko dira 20 orduko edo gehiagoko prestakuntza eta hobekuntza ikastaroak, interesdunak jasotakoak zein emandakoak, honela: 0,20 puntu kreditu bakoitzeko edo prestakuntzako 10 orduko.
Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak.
Interesdunak jasotako ikastaroek titulu ofizialak izan beharko dute edo, bestela, ofizialki aitortutako prestakuntza zentroetan jasoak, eta behin besterik ez dira baloratuko, nahiz eta interesdunak ikastaroaren edizio bat baino gehiago jaso edo eman izan.
d) Bekaren xede diren arloekin edo titulazioekin lotutako proiektuetan parte hartzea (beste beka batzuk, curriculumaz kanpoko praktikak eta abar): 0,10 puntu hilabete bakoitzeko, 2 puntura arte gehienez.
Horretarako, hilabete osoak zenbatuko dira, eta ez dira kontuan hartuko hortik beherako aldiak.
Curriculumeko praktikak ez dira kontuan hartuko.
e) Hizkuntzak jakitea: 2 puntu gehienez.
Ingelesa baloratuko da, interes zientifikoko hizkuntza den aldetik, baita euskara ere; hizkuntza eskola ofizialetako tituluak hartuko dira kontuan, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aitortutako erakundeetakoak. Ebazpen horrek baliozkotzeak ezarri zituen euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien artean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.
–A2 maila: 0,20 puntu.
–B1 maila: 0,30 puntu.
–B2 maila: 0,5 puntu.
–C1 maila: 0,75 puntu.
–C2 maila: 1 puntu.
f) Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko aukera berdintasunaren eta generoaren arloko prestakuntza: 1 puntu gehienez. 20 ordutik beherako ikastaroak ez dira kontuan hartuko.
–600 ordutik gorako prestakuntza: 1 puntu.
–400 ordutik 600 ordura bitarteko prestakuntza: 0,75 puntu.
–200 ordutik 400 ordura bitarteko prestakuntza: 0,5 puntu.
–20 ordutik 200 ordura bitarteko prestakuntza: 0,25 puntu.
Puntuazio orokorrean berdinketa gertatuz gero, lehenik, ikasketa espedienteko a) atalean lortutako puntuazioa hartuko da kontuan. Hala ere, berdinketak jarraituz gero, beste ikasketa titulu batzuetan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, balorazio irizpideen zerrendaren ordena berean.
Zortzigarrena.–Eskaerak aurkeztea.
1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.
2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (zerrenda 2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 7an), https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/nafarroako-gobernuaren-erregistro-orokorraren-erregistro-bulegoen-ordutegia-eta-kokapena?destination=node/620 Interneteko helbidean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.
Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko dagokion fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskabidea, eredu normalizatuaren araberakoa, https://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoena.
b) Curriculum vitae-a, non adieraziko baitira egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak.
c) Zuzenbideko graduaren tituluaren fotokopia.
d) Ikasketa espedientearen ziurtagiria (jatorrizkoa edo fotokopia), maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen berariaz aipatzen duena.
e) Aurreko oinarrian adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.
f) Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiri baten kopia.
g) Nafarroako erroldatze-ziurtagiria, antzinatasuna zehazten duena, gehienez bi hilabete lehenago egina.
h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak zuzenak ez badira edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio ezen, hori egiten ez badu, ulertuko dela eskaerari uko egiten diola. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio.
Eskatzaileek helbide elektroniko bat emanen dute, behar diren komunikazioak edo jakinarazpenak egiteko.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.
5. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
Bederatzigarrena.–Ebaluazio batzordea.
1. Ebaluazio batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio-irizpide, -modu eta -lehentasunak kontuan hartuta. Batzordea honako hauek osatuko dute:
–Batzordeburua: Luis Angel García Nicolas, Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.
–Batzordekidea: José Joaquín Medrano Artola, Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).
–Idazkaria: Lorenzo Serena Puig, Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa).
Batzordeko kideak kanpoan edo gaixorik badaude, horien ordez Idazkaritza Tekniko Nagusiko kideak arituko dira, baldin eta deialdi honetan eskatzen den titulazio berdina badute.
Hamargarrena.–Beken tramitazioa eta haiek emateko ebazpena.
1. Eskaerak hartutakoan, ebaluazio batzordeak espedientea aztertu eta ebaluatuko du. Eskaerak ez baditu betetzen nahitaezko dokumentazioari loturik finkatutako baldintzak edo osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio jakinarazten dionetik gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzen duen ebazpena emanen dela.
Eskaera osoa eta behar bezalakoa dela ikusitakoan, 7. oinarrian ezarritakoaren arabera barematuko da espedientea, eta ebaluazio batzordeak lehentasun ordena zehaztuko du ateratzen den baremoaren arabera.
Oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko, eta ez da zuzenduko eskaerarekin batera barematzeko aurkezten ez den merezimenduen dokumentazioa.
2. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).
3. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio beka emateko proposamena, loteslea izanen dena. Aldez aurretik, baremazio-prozesua egin ondoren lehenengo postuan gelditu den pertsonari eskatuko zaio aukeratu dezala idazkari tekniko nagusiari atxikitako beka edo Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Atalari atxikitakoa. Beste beka bigarren postuan gelditu den pertsonari esleituko zaio.
4. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.
5. Ebazpen proposamena ikusita, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak beka nori eman ebatziko du.
Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.
Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunei jakinarazteko nori esleitu zaion beka eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxan ere (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Beka emateari buruzko jakinarazpenean zehaztuko da zer baldintza ezarriko zaizkion onuradunari.
Hamaikagarrena.–Jabetza intelektuala.
Beka jasotzeko hautatu direnek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, bekaldian Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituztenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen eta eskubideen gainean legokiokeen jabetzari.
Hamabigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.
1. Prestakuntza beka jasotzen duenak organo eskudunak agintzen dion egunean hasi beharko du jardunean, edo, bestela, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epearen barruan. Hori egin ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.
2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ematea ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.
Hamahirugarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.
1. Beken onuradunek apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun araubidea eta betebehar orokorrak bete beharko dituzte (foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen).
2. Jarduerak hasten diren unean, onuradunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.
Hamalaugarrena.–Tutoretza eta jarduerak.
1. Idazkari nagusi teknikoak eta Ingurumenaren Araubide Juridikoaren Ataleko buruak zuzenduko eta gainbegiratuko dituzte, hurrenez hurren, bekadunek egiten dituzten jarduerak. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunaren betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.
2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.
3. Bekadunak 2,5 egun naturaleko atsedenaldia izanen du bekaldiaren hilabete bakoitzeko.
4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.
5. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.
Hamabosgarrena.–Kalte-ordainak.
1. Bekadunak eskubidea du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.
Hamaseigarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.
Administrazio Publikoa izanen da bekadunek beren prestakuntza jardueran beste batzuei eragiten dizkieten kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunek dolo, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezaketen erantzukizuna eskatzea.
Hamazazpigarrena.–Bekaren bukaera.
Honako hauek dira bekak bukatzeko arrazoiak:
a) Bekaren epea bukatzea, luzapenik izan gabe.
b) Luzapenaren gehieneko epea bukatzea.
c) Bekari probetxurik ez ateratzea.
d) Bekadunak ez betetzea haren gain utzitako betebehar eta eginkizunak, jarduerak egitean ardurarik ez jartzea, prestakuntzari errendimendu edo probetxu eskasa ateratzea edo prestakuntza batere ez aprobetxatzea, edo lanak kalitate gabekoak izatea.
Hamazortzigarrena.–Araubide juridikoa.
Oinarri hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
Hemeretzigarrena.–Errekurtsoak.
Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F2409832
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
