140. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

6731E EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Barneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ikuskizun publikoetan eta aisiako jardueretan sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza eskuratzeko gaitasun-proben 2024ko deialdia onestekoa.

Maiatzaren 2ko 33/2011 Foru Dekretuaren bidez, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dira, eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza-irizpideak eta eginkizunak ezartzen dira.

Arau horren 15. artikuluan, sarrerako kontroleko langileen gaikuntza-baldintzak arautzen dira; ondorio horietarako, zehazten da ezen, sarrerako kontrolean aritu ahal izateko, foru-dekretu horren 11. artikuluko a), b) eta c) apartatuetan ezarritako baldintzak bete beharko direla eta artikulu bereko d) apartatuan aurreikusitako probak gainditu izanaren ziurtagiria eduki beharko dela, Nafarroako Foru Komunitateko Segurtasun Eskolan edo hark baimendutako entitate batean jasoa.

Xedapen horiek betez, bidezkoa da ikuskizun publikoetan eta aisiako jardueretan sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza eskuratzeko gaitasun-proben deialdia onestea eta baldintzak ezartzea, interesdunek aukera izan dezaten frogatzeko dagokion administrazio-gaikuntza eskuratu aurretik behar diren eskakizunak betetzen dituztela eta ezagutzak badituztela.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko ikuskizun publikoetan eta aisiako jardueretan sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza eskuratzeko gaitasun-proben 2024ko deialdia onestea.

2.a Deialdi hori arautuko duten oinarriak eta baldintzak onestea, ebazpen honen eranskinean ageri direnak.

3.a Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta honen aurka eta beronen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko ekainaren 15ean.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.

ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKUSKIZUN PUBLIKOETAN ETA AISIAKO JARDUERETAN SARRERA KONTROLATZEN DUTEN LANGILEEN GAIKUNTZA ESKURATZEKO GAITASUN-PROBEN 2024KO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da ikuskizun publikoetan eta aisiako jardueretan sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza, dagokion ziurtagiriaren bidez, lortzeko gaitasun-probetarako oinarriak ezartzea.

1.2. Kontroleko langileek maiatzaren 2ko 33/2011 Foru Dekretuaren 12. artikuluan ezarritako eginkizunak egin ahal izanen dituzte; arau horren bidez, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dira eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza-irizpideak eta eginkizunak ezartzen dira.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Probetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europako Erkidegoak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, edo bertan bizitzeko eta lan egiteko baimen egokia izatea.

c) Ez izatea aurrekari penalik giza hilketagatik, sexu-askatasunaren aurka eta osasun publikoaren aurka egindako delituengatik eta lesio-delitu astunak eta ez hain astunak egiteagatik, askatasunaren, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituengatik eta faltsutasunei dagozkien delituengatik.

2.2. Baldintza horiek bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta ziurtagiria egin arte, eta eutsi beharko zaie sarreren eta egonaldiaren kontroleko langileen eginkizunetan jardun bitartean.

2.3. Izangaiek deialdi honen 7. oinarrian ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

3. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskaerak telematika bidez aurkeztu beharko dituzte ahal dela, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko tramiteen katalogoko fitxa erabiliz https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/habilitacion-del-personal-de-control-de-acceso-a-espectaculos-publicos-y-actividades-recreativas; identifikatzeko, beharrezkoa da ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve.

Halaber, eskaerak aurkezten ahalko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistroko gainerako bulegoetako edozeinetan (haien zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean dago: https://www.navarra.es/eu/herritarren-arreta/bulegoetako-arreta), eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz. Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuari zuzendu beharko zaizkio, eta deialdi honen izena adierazi beharko da.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar diezaioten eskabideari, ziurtatu aurretik.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa gehitu dezake, eskaera aurkeztean, 3.3 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Izena emateko orria, deialdi honen II. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Dagokionean, desgaitasunen bat izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

4. oinarria.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori https://www.navarra.es/eu/hasiera helbidean argitaratzeko aginduko du, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan, deialdi honi dagokion aipamenean.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, baztertutako pertsonek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondotik, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (https://www.navarra.es/eu/hasiera) tramiteen katalogoko fitxan argitaratzeko aginduko du.

4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Probak gainditu ondotik izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik dagozkien eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsutasuna dela eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Jesús Carrascosa Martínez jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Ataleko arduraduna.

–Ordezko epaimahaiburua: Javier Ojer Alonso jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Xabier García Burcio jauna, Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa-ESTNA ikastetxe bateratuko irakaslea.

–Ordezko epaimahaikidea: Elisabet Venzala Basco andrea, Langileriaren eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa-ESTNA ikastetxe bateratuko irakaslea.

–Epaimahaikidea: Javier Moreno Zudaire jauna, Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Olga López Vera andrea, Barneko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko Zehapen Prozeduraren Ataleko burua.

–Epaimahaikidea: Cristina Lorente Gracia andrea, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko SOS Nafarroa Ataleko burua.

–Ordezko epaimahaikidea: Pablo Cabañas Martínez jauna, Larrialdietako, Prebentzioko eta Babes Zibileko Zerbitzuko segurtasun arloko goi-mailako teknikaria.

–Epaimahaikide idazkaria: Carlos Echávarri Arbilla jauna, Barne Zuzendaritza Nagusiko Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Ataleko administraria.

–Ordezko epaimahaikide idazkaria: Gabriel García Rodríguez jauna, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako Laguntza Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko burua.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da kalifikazio-epaimahaia. Kalifikazio-epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Kalifikazio-epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Kalifikazio-epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza kalifikazio-epaimahaiari.

6. oinarria.–Proben nondik norakoa.

6.1. Probak 2024ko urritik aurrera hasiko dira.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 5 egun balioduneko aurrerapenarekin eta deialdi honen 10. oinarrian ezartzen den moduan emanen du argitara bigarren probarako deia; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, eta proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko du.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo izangaiaren nortasuna ziurtatzen duen agiri baliokideren bat eraman beharko dute. Baztertu eginen dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oinarri honetan adierazten diren probak eginen dira. Ezagutza teorikoari dagokion proba oinarri arautzaile hauen I. eranskinean adierazitako gaiei buruzkoa izanen da. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (https://www.navarra.es/eu/hasiera) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan, gaitegia jasotzen duen erreferentziazko dosier bat dago.

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean den araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak. Probak egiteko denboretan eta bitartekoetan beharrezko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasuna aitortuta duten pertsonentzat, betiere hala eskatu badute eskabidean.

6.3. Gaikuntza lortzeko, beharrezkoa izanen da bi proba baztertzaile gainditzea: ezagutza-test bat eta test psikologiko bat.

6.3.1. Lehenbiziko proba: Ezagutza-testa.

Proba teorikoa izanen da. Test motako 50 galderari erantzun beharko zaie idatziz, deialdi honen I. eranskinean ageri diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko, lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Dena dela, erantzun zuzen bat baino gehiago badago eta horietako batek guztiak biltzen baditu, erantzun zuzen guztiak biltzen dituen hori joko da balekotzat.

Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat emanen da, eta okerreko erantzun bakoitzeko, erantzun zuzenak balio duenaren heren bat kenduko da.

Era berean, zuriz utzitako erantzunek eta erantzun bat baino gehiago dutenek ez dute punturik jasoko eta ez dute punturik kenduko. Proba hau egiteko denbora ordu bat eta 30 minutu izanen da gehienez.

Lehen proba honen gehieneko puntuazioa 50 puntukoa izanen da, eta baztertuta geldituko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Azterketa egitean ezin izanen da inolako testurik eta dokumentaziorik kontsultatu, eta ezin izanen da erabili kalkulagailurik, telefono mugikorrik, smartwatch gailurik edo beste material edo gailurik, ez bada tinta beltz edo urdineko boligrafoa. Baztertuta geldituko dira kopiatzen dutenak, beste izangai batzuekin hitz egiten dutenak, gailu elektronikoak erabiltzen dituztenak eta ematen zaien edozein jarraibide betetzen ez dutenak.

6.3.2. Bigarren proba: Test psikologikoa.

Izangaiek nortasun orokorrari, lan-gaitasunei eta/edo -trebeziei buruzko galdetegiak eginen dituzte, lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko; proba egin aurretik argitaratuko da profil hori.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak eginen du proba hori; talde berak eginen dizkie probak izangai guztiei, halako moduan non bermatuta egonen baita diskrezioa. Talde horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Bigarren proba honetan onartuko dira lehen proba gainditu duten pertsonak bakarrik.

Proba honetan, "Gai" edo "Ez gai" kalifikazioak emanen dira. Baztertu eginen dira "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak.

6.4. Proba bakoitza bukatu ondotik, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak, Nafarroako Gobernuaren atariko (https://www.navarra.es/eu/hasiera) tramiteen katalogoan, deialdiaren fitxan, eta bost egun balioduneko epea ezarriko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten. Epe hori igarotakoan, behin betiko puntuazioak argitaratuko dira.

7. oinarria.–Baldintzak betetzen direla frogatzea.

Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuak 10 egun balioduneko epea irekiko du bi probak gainditu dituzten izangaiek baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, ezartzen den bidea erabiliz:

–Nortasun-agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

–Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizi eta lan egiteko baimena, legeek ezarritako kasuetan.

–Presidentetzako, Justiziako eta Gorteekiko Harremanetako Ministerioko Zigortuen Erregistro Zentralaren ziurtagiria, izangaiak Espainian zigor-aurrekarik ez duela ziurtatzen duena, 2.1.c. oinarrian adierazten diren delituei dagokienez, edo Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuarentzako baimena, hark eska dezan ziurtagiria.

–Atzerrian zigor-aurrekaririk ez izatearen erantzukizunpeko adierazpena, 2.1.c. oinarrian adierazitako delituei dagokienez.

–Aurrekoaz gainera, izangai atzerritarrek edo Espainiakoaz gainera beste nazionalitate bat dutenek beren jatorriko herrialdeko edo nazionalitatea duten herrialdeko ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, herrialde hartan zigor-aurrekaririk ez dutela frogatzen duena. Ziurtagiri horrek itzulita eta legezkotuta egon beharko du nazioarteko hitzarmenen arabera, eta izangaiak zigor-aurrekaririk ez duela ziurtatu beharko du, 2.1.c. oinarrian adierazitako delituei dagokienez.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintzetakoren bat betetzen dutela frogatzen ez dutenak ezin izanen dira gaitu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsutasuna dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

8. oinarria.–Ziurtagiria.

Aurreko izapidea bete ondotik, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolako zuzendariak ebazpen bat emanen du gai gisa kalifikatutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, dagokion ziurtagiria igortzearen ondorioetarako.

Hilabeteko epean, artikulu honen lehenbiziko apartatuan adierazitako ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilabetetik zenbatzen hasita, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak dagozkion ziurtagiri indibidualak luzatuko ditu.

9. oinarria.–Ziurtagiriaren baliozkotasuna.

Ziurtagiri horrek bost urteko indarraldia izanen du, egiten den unetik hasita, eta hura berritzeko, berriro ere frogatu beharko da 2.1. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla edo, dagokionean, indarrean dagoen araudian ezartzen direnak.

Kontrol-langileek, beren jardunean, identifikatuko duen ikur bat eramanen dute (Jokoaren eta Ikuskizun Publikoen Atalak emana), ikusteko moduan eta une oro.

Kontrol-langile gisa aritzeko gaikuntza amaitu eginen da titularrak berariaz uko egiten badio edo, interesdunari entzun ondotik, gaikuntza errebokatzen bada, hura emateko baldintzetako baten bat betetzeari utzi zaiolako.

10. oinarria.–Jarduketen publizitatea.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (https://www.navarra.es/eu/hasiera) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan argitaratuko da.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdiaren eta haren oinarrien kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin bat eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa. I. titulua. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak: 10. artikulua; lehen kapitulua, espainiarrak eta atzerritarrak; bigarren kapitulua, eskubideak eta askatasunak.

2.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena. I. kapitulua: xedapen orokorrak. III. kapitulua: ikuskizunak eta aisiako jarduerak egitea. IV. kapitulua: administrazio-agintaritzen ahalmenak. V. kapitulua: zehapen-araubidea.

3.–33/2011 Foru Dekretua, maiatzaren 2koa, aisiako jardueretan sartzeko eta haietan egoteko baldintzak arautzen dituena eta sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza-irizpideak eta -eginkizunak ezartzen dituena.

4.–201/2002 Foru Dekretua, irailaren 23koa, ikuskizun publikoen eta josteta-jardueren ordutegi orokorra arautzen duena.

5.–34/2022 Foru Legea, abenduaren 12koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua arautzen duena. 11. artikulua. Diskriminaziorik ezaren eta eskuragarritasun unibertsalaren printzipioak kontsumo-harremanetan.

6.–10/1991 Foru Legea, martxoaren 16koa, Adin txikikoei edari alkoholdunak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzkoa. I. kapitulua: salmentaren mugak; eta II. kapitulua: edari alkoholdunei buruzko publizitatearen mugak.

7.–28/2005 Legea, abenduaren 26koa, Tabakismoaren aurkako osasun-neurriei buruzkoa dena eta tabako produktuen salmenta, horniketa, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena. I. kapitulua: xedapen orokorrak; eta II. kapitulua: tabako-produktuen salmentaren, horniketaren eta kontsumoaren mugak.

8.–137/1993 Errege Dekretua, urtarrilaren 29koa, Armen Erregelamendua onesten duena. 3. artikulua, arauzko armen sailkapena; eta 146. artikulua.

9.–8/2021 Lege Organikoa, ekainaren 4koa, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren aurrean Osorik Babestekoa. 48. artikulua. Adingabeekin kirol- edo aisia-jarduerak egin ohi dituzten entitateak.

10.–8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa. 49. artikulua. Sarrera ukatzeko eskubidea.

11.–Datu pertsonalen babesari buruzko oinarrizko informazioa. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO). I. kapitulua: xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa. II. titulua, datuen babesari buruzko printzipioak; eta III. titulua, pertsonen eskubideak.

12.–Establezimendu publikoetako segurtasun-neurriei buruzko oinarrizko ezagutza: Segurtasun-planak, suteen kontrako segurtasuna, larrialdietako irteerak eta ebakuazioa.

13.–Berehalako osasun-laguntza emateko lehen sorospenen inguruko oinarrizko kontzeptuak: Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren 1062. ohar teknikoa. Lehen sorospenak: oinarrizko bizi-euskarria helduentzat.

14.–Giza jokabidea larrialdi-egoeretan: jokabide indibidualaren prozesu-azterketa. Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren 390. ohar teknikoa. Sarrera. Larrialdi-egoera batean jokabideari eragiten dioten faktoreak. Jokabide ohikoenen edo portaera tipoaren deskribapena. Prebentzio-irizpideak eta gomendioak.

II. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IKUSKIZUN PUBLIKOETAN ETA AISIAKO JARDUERETAN SARRERA KONTROLATZEN DUTEN LANGILEEN GAIKUNTZARAKO AZTERKETA EGITEKO ONARPEN-ESKAERA. 2024ko DEIALDIA

NANa: ........................................................................ JAIOTEGUNA: .................................................

DEITURAK: ..........................................................................................................................................

IZENA: ..............................................................................................................................................

HELBIDEA: ...........................................................................................................................................

UDALERRIA: .................................................................................. POSTA K.: ................................

TEL. FINKOA: ................................................. TEL. MUGIKORRA: .................................................

HELBIDE ELEKTRONIKOA: ...................................................................................................................

NIRE ERANTZUKIZUNPEAN, HAU ADIERAZTEN DUT:

–Betetzen ditut Nafarroako Foru Komunitateko ikuskizun publikoetan eta aisiako jardueretan sarrera kontrolatzen duten langileen gaikuntza eskuratzeko gaitasun-proben 2024ko deialdiaren 2.1 oinarrian eskatutako baldintzak.

–Eskaera honetan adierazten diren datu guztiak egiazkoak eta zehatzak dira.

DATA

ESKATZAILEAREN SINADURA

DATUEN BABESARI BURUZKO INFORMAZIOA

DATUEN TRATAMENDUAREN ARDURADUNA.

Identitatea: Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentua.

Helbidea: Karlos III.aren etorbidea 2, 31002 Iruña.

Helbide elektronikoa: dginterior@navarra.es.

Datuak babesteko ordezkaria: dpd@navarra.es.

DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN HELBURUA.

Datu pertsonalak tratatuko dira, deialdi honekin lotutako izapideak egiteko. Datu pertsonalak prozedura izapidetzeko eta ebazteko behar den denboran gordeko dira.

DATU PERTSONALEN TRATAMENDUAREN LEGITIMAZIOA.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 6.1.a) artikulua: interesduna ados da bere datu pertsonalak tratatzeko berariazko helburu baterako edo gehiagotarako.

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

DATUEN NAZIOARTEKO LAGAPEN EDO TRANSFERENTZIEN HARTZAILEAK.

Datu pertsonalak ez dira lagako eta ez dira transferituko, lege betebeharra egon ezean.

INTERESDUNEN ESKUBIDEAK.

Interesdunak eskubidea du datu pertsonaletan sartzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera igorri behar dio Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuari, goian adierazitako helbidera edo politicasdeseguridad@navarra.es helbide elektronikora, eta bere NANaren edo identifikazio agiri baliokidearen kopia erantsi beharko du. Halaber, interesdunek Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jo dezakete erreklamazio bat aurkezteko, uste badute ez zaiola behar bezala erantzun beren eskaerari.

DATUEN JATORRIA, INTERESDUNAK BERAK EMAN EZ DITUENEAN.

Zure eskaerarako beharrezkoa bada, administrazio publikoaren eskuan dagoen informazioa egiaztatuko da.

INFORMAZIO OSAGARRIA.

Honako web-orri honen bidez: www.gobiernoabierto.navarra.es/eu.

Iragarkiaren kodea: F2409752