Iragarkia
140. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
372/2024 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako toki entitateek Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egiteko 2024. urteko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 768373.
Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoak, oinarrizko xede ditu animalien babes eta ongizate maila ahalik eta handiena lortzea, animalientzako tratu egokia bermatzea eta animalien edukitze arduratsua sustatzea abandonuari aurre egiteko, eta orobat, animalien babesari buruzko prestakuntza, zabalkunde eta informazio jarduerak sustatzea.
2019ko uztailaren 11n indarra hartzearekin batera, indargabetuta gelditu zen animalien babeserako aurreko legea, 1994koa. Luze igaro den arren, zakur eta katuen abandonua eta horren kudeaketa oraindik arazo handia dira gure lurraldean; izan ere, ez dago lagun egiteko animalia abandonatuei, galduei, konfiskatuei edo babesgabeei ostatu emateko azpiegitura nahikorik. Egiaztatuta dago Nafarroako udalerri askotan aske baina giza ingurune baten menpe bizi diren katuen populazioak gero eta ugariagoak direla; gainera ez da populazio horien tamaina eta osasun egoeraren gaineko inolako kontrolik egiten, eta horrek, sarritan, gatazkak eragiten ditu bizilagunen artean. Gizarteak gertaera hauen gaineko gero eta kontzientzia handiagoa du eta jarduketa zehatzak eskatzen ditu arloko organismo eskudunen aldetik.
Horri loturik, Foru Legearen atarikoan funtsezko bi estrategia aipatzen dira lagun egiteko animalien abandonua prebenitu eta murrizteko bide gisa: esterilizazioa eta identifikazioa. Legearen V. tituluan, lagun egiteko animalia abandonatuen edo galduen arloan jarduteko eskumenak ezartzen dira, eta abegi-zentroak eta katu-koloniak jotzen dira animalia horien kudeaketa etikorako biderik egokientzat. Zehazki, aipatu legearen 15., 17. eta 22. artikuluetan xedatzen da udalei, udalez gaindiko entitateei edo eskualdeei dagokiela abandonatutako edo galdutako animaliak jaso, ostatatu eta mantentzeko jarduerak egitea, bai eta katu-koloniak ezarri eta kudeatzea ere, eta gainera, aurreikusten da animaliak jasotzeko edo haiei abegi-zentrorik ez badute kanpoko beste erakunde batzuekin hitzartzen ahalko dutela zerbitzu horiek egitea.
Urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuak –azaroaren 30ean jarri zen indarrean–, aipatutako legea garatzeko erregelamendua onetsi zuen, eta toki entitateek foru legeak emandako eskumenak garatzeko zenbait alderdi garrantzitsu zehaztu zituen, hala nola lagun egiteko animalien zentroek edo katu-koloniek bete beharreko baldintzak eta betekizunak. Toki entitateek kontuan hartu behar dituzten beste alderdi batzuk ere arautzen ditu, hala nola zakurrak eta katuak, katu-kolonia batekoak barne, identifikatzeko prozedura eta betebeharra.
Berriki, indarra hartu du Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legeak, zeinak berresten baitu udalek animaliak jasotzeko eskumena dutela, eta zeinak ezartzen baitu nahitaezkoa dela animalia horiek jasotzeko eta albaitaritza arreta emateko larrialdietako zerbitzu bat edukitzea, eguneko 24 orduetan martxan, bai eta animalia horiek kudeatzeko eta zaintzeko zerbitzu propio, mankomunatu edo itundu bat edukitzea ere. Beren eskumena gauzatzeko baliabide propiorik ez izateagatik zentro mankomunatuekin lankidetza hitzarmenak sinatzen dituzten herriei dagokienez, arauak ezartzen du aldi baterako udal instalazio bat izan behar dutela, dagokion zerbitzuak hartzen dituen arte animalia horiek bertan edukitzeko. Halaber, aipatu legeak ezartzen duenez, udalek komunitateko katuen populazioa kontrolatzeko eskumena dute, eta horretarako katu-koloniak sortu eta kudeatu behar dituztela.
Toki entitate gehienek oraindik ez dute eginbehar horiek betetzeko beharko luketen azpiegiturarik edo bitarteko materialik, eta dituztenek beren zentroen etengabeko saturazioari aurre egin behar diote. Zailtasunak zailtasun, udal batzuk lagun egiteko animaliak babesteko ardura beren gain hartzeko alternatiben bila dabiltza. Hori horrela, Abeltzaintza Zerbitzuaren ustez funtsezkoa da toki entitateek ildo horretan lanean jarraitzea, horrela arreta egokia ematen ahalko baitzaie bai animalia abandonatuei, konfiskatuei edo babesgabeei, bai haien udalerrietan aske bizi diren katuei, hori bai, ahaztu gabe abegi-zentroetako zakur eta katuak identifikatzeak eta esterilizatzeak, eta katu-koloniak ezartzeak berebiziko garrantzia dutela populazioak kontrolatzeko, abandonua prebenitzeko eta animalien eta pertsonen arteko bizikidetza errazteko neurri eraginkor gisa.
Arazo honi erantzun bat eman beharrez, eta arestian zehaztutako jarduketak gauzatze aldera, ezinbestekotzat jotzen da zuzeneko laguntza lerroak ezartzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuaren 2024rako gastuen aurrekontuetan, toki entitateentzako dirulaguntzen bi partida aurreikusi dira, guztira 375.000 eurokoak, animaliak babesteko ekintzak sustatzeko. Horrela bada, administrazioak laguntzak emanen dizkie toki entitateei Animalien Eskubideak eta Ongizatea Babesteko martxoaren 28ko 7/2023 Legeak zein 19/2019 Foru Legeak eta hura garatzen duen araudiak animalia abandonatuak, konfiskatuak, babesgabeak edo galduak jaso eta mantentzeari buruz ezarritako betebeharrak betetzen laguntzeko, bai eta haien udalerrietan aske bizi diren katuen kudeaketari begira ezartzen dizkieten betebeharrak ere. Betebehar horiek bi legeek animalien babesaren eta ongizatearen arloan ematen dizkieten eskumenak gauzatzearen ondorio dira.
Ebazpen honen xedea honako hau da: Nafarroan lagun egiteko animalien babesa sustatzeko laguntza zehatz batzuen oinarri arautzaileak ezartzea. Horretarako, toki entitateentzako zenbait laguntza lerro ezarri dira: zakur eta katuak identifikatu, esterilizatu, amorruaren aurka txertatu eta larrialdiko albaitaritza tratamenduak emateko laguntzak batetik, eta bestetik, haien udalerrietan aske bizi diren katu populazioak babestu eta kontrolatzeko jardueretarako laguntzak. Bestalde, harrera zentroak dituzten toki entitateek inbertsio etengabeak egin behar dituzte bertan dauden animalien ongizatea hobetzeko edo plaza kopurua handitzeko, zentro horiek bete ez daitezen. Hori dela eta, beste laguntza ildo bat ezarri da horrelako jarduketetarako. Azkenik, toki entitateek animalia abandonatuak, galduak, babesgabeak, konfiskatuak edo katu-kolonietatik datozen kumeak urgentziaz hartzeko aldi baterako instalazioak eduki behar dituzte, beste leku batzuetan kokatu arte animalia horiek aldi baterako zaindu ahal izateko. Horregatik, gune horiek sortzeko edo lehendik daudenak hobetzeko berariazko laguntza lerro bat ere ezartzen da.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horretarako eskumena du, Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren arabera. 25. artikuluak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumen materialen esparruan sartzen du animalien ongizatea babestea. Zehazki, Abeltzaintza Zerbitzuaren mende dagoen Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari dagozkio aipatutako foru dekretuan lagun egiteko animalien ongizateari eta babesari buruz aurreikusten diren eskudantziak.
Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura oinarrizkoa onartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Toki entitateek Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egiteko 2024. urteko dirulaguntzen deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasoak, onestea, eta II. eranskina onestea, ebazpen honetan jasotzen den moduan.
3. 200.000 euroko gastua baimentzea, 710004-71300-4609-412202 partidaren kargura ("Toki-erakundeentzako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako"), eta 175.000 euroko gastua, 710004-71300-7609-412200 partidaren kargura ("Toki-erakundeentzako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako"), 2024ko Aurrekontu Orokorretakoak bi partidak, deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko.
4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari (DDBN) jakinaraztea.
5. Ebazpen honen eta beronen oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko ekainaren 12an.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–NAFARROAKO TOKI ENTITATEEK LAGUN EGITEKO ANIMALIAK BABESTEKO JARDUKETAK EGITEKO 2024. URTEKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da 2024. urteko dirulaguntzen araubidea ezartzea, lagun egiteko animalien babesa eta ongizatea sustatzearren, Nafarroako toki entitateek animalia abandonatuekin, galduekin, konfiskatuekin edo babesgabeekin eta katu-koloniak kudeatzearekin lotutako jarduerak egiteko.
2. oinarria. Entitate onuradunak eta dirulaguntza modalitateak.
2.1. Nafarroako toki entitateak aurkezten ahalko dira deialdi honetara, baldin izaera hori aitortua badute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen arabera, eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
Halaber, taldean elkartutako toki entitateak ere aurkezten ahalko dira deialdira, eskabidean berariaz adierazten bada entitate bakoitzak zer gauzatze konpromiso hartzen duen bere gain, eta ordezkari bakar bat izendatzen bada, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluak ezartzen duenarekin bat.
2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:
2.2.1. 1. modalitatea: toki entitate baten titulartasunekoak diren lagun egiteko animalien harrera zentroetan egindako inbertsioak eta jarduketak. Zentro horiek Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan baimenduta eta erregistratuta egon behar dute.
2.2.2. 2. modalitatea: toki entitateek, lagun egiteko animaliak dagokion zerbitzuak jasotzen dituen arte edukitzeko udal titulartasuneko larrialdiko aldi baterako instalazioak sortzeko, egokitzeko edo hobetzeko egindako inbertsioak eta jarduketak, eta animaliekin egindako albaitaritza jarduketak.
2.2.3. 3. modalitatea: laguntza eskabidea aurkezten den egunean lagun egiteko animaliak babesteko eta defendatzeko elkarte batekin edo enpresa batekin lagun egiteko animalia abandonatuak, konfiskatuak, babesgabeak edo galduak jaso eta aldi baterako ostatatzera zuzendutako zerbitzu bat itunduta edo kontratatuta duten toki entitateen jarduketak –zerbitzu hori jabeari eman, adopzioan laga edo lagun egiteko animalien abegi-zentro batera eraman artekoa izango da–.
2.2.4. 4. modalitatea: katu-koloniak sortzeko eta/edo mantentzeko jarduerak.
3. oinarria. Baldintzak.
3.1. Nafarroako toki entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko unean:
a) 1. modalitatea: Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan baimendu eta erregistratutako lagun egiteko animalien abegi-zentro bat edukitzea.
b) 3. modalitatea: animaliak babesteko eta defendatzeko elkarte batekin edo enpresa batekin lagun egiteko animalia abandonatuak, konfiskatuak, babesgabeak edo galduak jaso eta aldi baterako ostatatzeko instalazioak barne dituen zerbitzu itundu edo kontratatu bat edukitzea.
c) 4. modalitatea: toki entitateak ez baditu katu-koloniak zuzenean kudeatzen, animaliak babesteko eta defendatzeko elkarte batekin edo enpresa batekin katu-koloniak sortzeko eta/edo mantentzeko zerbitzu itundu edo kontratatu bat edukitzea.
3.2. 3. eta 4. modalitateei dagokienez, diruz lagungarriak diren jarduketak animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteekin lankidetza hitzarmen eta/edo akordioen bitartez garatzen dituzten toki entitateek modu fidagarrian egiaztatu beharko dituzte honako hauek guztiak: alderdien arteko harremana, hitzartutako lankidetzaren/zerbitzu prestazioaren edukia (elkarteari esleitzen zaizkion eginkizunak, elkarteak eman beharreko zerbitzuak, eman beharreko zerbitzuen finantzaketa, justifikatzeko modua eta lankidetza/kudeaketaren irismena ezagutzeko beste edozein datu), hitzarmenaren iraupena, jarduketak justifikatzeko modua, eta lankidetza indarrean egonen dela diruz lagun daitezkeen jarduketak gauzatzeko epean. Era berean, animaliak edukiko dituzten instalazioen titulartasuna eta/edo erabileraren lagapena dutela egiaztatu beharko dute.
3.3. Diruz lagungarria den edozein jarduketa entitate pribatu batekiko kontratuen bitartez zeharka kudeatuko dituzten toki entitateek honako hauek egiaztatu beharko dituzte: sinatutako kontratuaren baldintzak, lizitazio modua –kasua bada–, eman beharreko zerbitzuak, kontratatutako zerbitzuen kostua –kontzeptuen arabera banakatuta– merkatura egokitzen dela, animaliak ostatatuko dituzten instalazioen titulartasuna eta/edo erabileraren lagapena, kontratuaren iraupena, jarduketak justifikatzeko modua, eta kontratua indarrean egonen dela diruz lagundu daitezkeen jarduketak gauzatzeko epean.
4. oinarria. Jarduketak gauzatzeko epea eta gastu diruz lagungarriak.
4.1. 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean gauzatutako jarduketak lagundu daitezke diruz, justifikazioa aurkezteko azken eguna baino lehen ordaindutakoak, 11. oinarrian aurreikusitakoaren arabera.
4.2. Honako jarduketa hauek jaso dezakete dirulaguntza, deialdian adierazitako modalitateen arabera:
4.2.1. 1. modalitatea: Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan baimendu eta erregistratutako lagun egiteko animalien abegi-zentroetan egiten diren jarduketa hauek:
a) Zentroaren edukiera handitzeko, aplikatu beharreko araudira egokitzeko edo hartutako animalien ongizatea handitzeko inbertsioak.
b) Diruz lagundu daitezkeen beste jarduketa batzuk: animalien zaintzarekin eta ongizatearekin zuzenean lotutako ekipamendu ondasunak erostea, eta zentroan sartutako animaliei egindako jarduketak: identifikazioa, esterilizazioa, amorruaren aurkako txertaketa eta larrialdiko albaitaritza tratamenduak, baldin eta jabeek ordaindu behar ez badituzte, galera kasuetan, eta adoptatzaileari jasanaraziko ez bazaizkio.
4.2.2. 2. modalitatea: larrialdiko aldi baterako instalazioak sortzeko, egokitzeko edo hobetzeko jarduketa hauek:
a) Lagun egiteko animaliak aldi baterako edukitzeko instalazioak sortzeko, egokitzeko edo hobetzeko inbertsioak.
b) Diruz lagundu daitezkeen beste jarduketa batzuk: animalien zaintzarekin eta ongizatearekin zuzenean lotutako ekipamendu ondasunak erostea, eta instalazioetan jasotako animaliei egindako jarduketak: identifikazioa, esterilizazioa, amorruaren aurkako txertaketa eta larrialdiko albaitaritza tratamenduak, baldin eta jabeek ordaindu behar ez badituzte, galera kasuetan, eta adoptatzaileari jasanaraziko ez bazaizkio.
4.2.3. 3. modalitatea: lagun egiteko animalia abandonatuak, konfiskatuak, galduak edo babesgabeak jasotzeko eta mantentzeko hitzarmen, akordio edo kontratu bat sinatuta daukaten toki entitateen jarduketa hauek: animaliak identifikatzea, esterilizatzea, amorruaren aurka txertatzea eta larrialdiko albaitaritza tratamenduak ematea, baldin eta jabeek ordaindu behar ez badituzte, galera kasuetan, eta adoptatzaileari jasanaraziko ez bazaizkio.
4.2.4. 4. modalitatea: baliabide propioekin edo hirugarren batekin zerbitzua hitzartuz edo kontratatuz katu-koloniak sortu eta/edo mantentzeko jarduketa hauek:
a) Katu-kolonietako katuak aldi baterako edukitzeko instalazioak sortu, hobetu eta/edo handitzeko eta ekipatzeko inbertsioak.
b) Diruz lagungarriak diren beste jarduketa batzuk: koloniako katuen zaintzarako eta ongizaterako beharrezkoak diren ekipamendu ondasunak eskuratzea, aurreko a) atalean sartu gabekoak, sortu edo mantendu nahi den katu-koloniako katuak identifikatzeko, esterilizatzeko, amorruaren aurka txertatzeko eta larrialdiko albaitaritza tratamenduak emateko jarduketak eta pentsua eta harea eskuratzea.
4.3. Honako inbertsio gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:
–Igeltserotza, iturgintza, elektrizitate, klimatizazio, argiztapen, isolamendu, energia hobekuntza eta lorezaintza obrak, zentroa handitzearekin, instalazioak hobetzearekin edo horiek zentroan ostatu hartzen duten animalien ongizatea areagotzeko egokitzearekin zuzenean lotutakoak, bai eta animaliak jaso eta aldi baterako mantentzeko zerbitzu bat kudeatzeko larrialdiko aldi baterako instalazioak sortu, hobetu edo egokitzearekin edo katu-koloniekin lotutakoak ere.
–Arkitekturako edo ingeniaritzako enpresen ordainsariak, egindako proiektuekin lotuak.
–Boxak, etxolak edo antzekoak eraikitzea, erostea eta instalatzea.
–Instalazioak garbitzeko, desinfektatzeko edo mantentzeko ekipoak eskuratzea, hala nola hidrogarbigailua, belarra mozteko makina, sasi-garbitzeko makina edo antzekoak.
–Zentroko animaliak artatzeko beharrezkoa den ekipamendu espezifikoa eskuratzea, hala nola hilotzak mantentzeko izozkailua edo ekipo ondasunak eta ebakuntza gelako tresneria. Ez dira hemen sartzen atzemandako animaliak garraiatzeko erabilitako ibilgailuak.
–Toki entitateek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.
4.4. Animalien zainketa eta ongizatearekin zerikusi zuzena duten honako ekipamendu ondasunak erostearen gastuak izanen dira diruz lagungarriak:
–Mikrotxip irakurgailuak.
–Animaliak harrapatzeko lakioak edo kaiola moduko tranpak.
–Animaliak garraiatzeko behar den materiala, hala nola garraiatzaileak, arnesak edo sareak.
–Katu-koloniak sortzearen kasuan, janlekuak, edontziak, etxolak, oheak, katuentzako plataforma edo kutxa goratuak, gorotzetarako erretiluak edo hondartegiak, atzamarka egiteko objektuak, animaliari erosotasuna eta aterpea emanen dioten elementuak, babeslekuak.
–Jolasa bultzatzeko materialak, hala nola sokak, pilotak, arrapalak, eta abar.
–Uhalak edo arnesak.
–Animaliak zaintzeko edo mantentzeko box eramangarriak.
–Toki entitateek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.
4.5. Honako hauek hartuko dira identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txertatze eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduetarako gastu diruz lagungarritzat:
–Mikrotxip homologatuak erosi eta jartzea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.
–Amorruaren aurkako txertoak erosi eta ematea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.
–Animalia bat esterilizatzea edo hari albaitaritzako larrialdiko arreta ematea, barne direla albaitarien jardun profesionalak eragindako gastuak.
Gastu horiek animalia jakin bati lotuta egon beharko dute, eta albaitari batek ziurtatu beharko du hori, animaliaren banakako identifikazio zenbakia edo indibidualizatu ahal izateko datuak eta animaliaren inguruan egindako jarduketak adierazita.
Albaitaritzako larrialdiko tratamendutzat hartuko da lagun egiteko animalia abandonatu, galdu edo konfiskatu bati ematen zaion tratamendua, zaurituta egoteagatik, istripua izan duelako edo beste edozein arrazoi larrirengatik, alde batera utzita gaixotasun kronikoen tratamenduak.
4.6. Esterilizatu, identifikatu, amorruaren aurka txertatu eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduak ematearen gastuari dagokionez, gehieneko zenbateko hauek lagunduko dira diruz (BEZa barne):
–Zakurrak esterilizatzea: 120 euro eme bakoitzeko eta 80 euro ar bakoitzeko.
–Katuak esterilizatzea: 85 euro eme bakoitzeko eta 35 euro ar bakoitzeko.
–Identifikazioa: 25 euro.
–Amorruaren kontrako txertaketa: 15 euro.
–Albaitaritzako larrialdiko tratamenduak: 300 euro gehienez ere.
4.7. Balio erantsiaren gaineko zerga gastu diruz lagungarritzat hartuko da, bakar-bakarrik, onuradunak berreskuratu edo konpentsatzerik ez duenean.
4.8. Toki entitateak edo zerbitzua kudeatzen duen entitateak diruz lagundu daitezkeen albaitaritza jarduketak zuzenean eginen dituzten albaitariak plantillan baditu, 4.6 apartatuan aurreikusitako jarduketengatiko gehieneko zenbatekoak ordainduko dira, albaitaritzako larrialdiko jarduketei dagozkienak izan ezik, horiek albaitaritza zerbitzuarengatik aurreikusitako kostuaren arabera ordainduko baitira; nolanahi ere, kostuak ezin izanen du inola ere jarduketa horietarako ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditu.
5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.1. Modalitate bakoitzean aurreikusitako dirulaguntza zenbatekoak honako hauek dira:
a) 1. modalitatea:
–a) apartatua, inbertsioak: 75.000 euro.
–b) apartatua, beste jarduketa diruz lagungarri batzuk: 20.000 euro.
b) 2. modalitatea:
–a) apartatua, inbertsioak: 75.000 euro.
–b) apartatua, beste jarduketa diruz lagungarri batzuk: 40.000 euro.
c) 3. modalitatea: 30.000 euro.
d) 4. modalitatea:
–a) apartatua, inbertsioak: 25.000 euro.
–b) apartatua, beste jarduketa diruz lagungarri batzuk: 110.000 euro.
5.2. Inbertsioei dagozkien zenbatekoak 2024ko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-7609-412200 partidaren kontura ordainduko dira ("Toki-erakundeentzako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako"). 175.000 euroko zuzkidura dauka partidak.
5.3. Beste jarduketa diruz lagungarri batzuei eta 3. modalitateari dagozkien zenbatekoak 2024ko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-4609-412202 partidaren kontura ordainduko dira ("Toki-erakundeentzako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako"). 200.000 euroko zuzkidura dauka partidak.
5.4. 3. eta 4. modalitateetan, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, modalitate bakoitzean diruz lagundu daitekeen zenbateko osoari ehuneko hauek aplikatuko zaizkio, diruz lagundu daitekeen jarduna kudeatzeko moduaren arabera:
KUDEATZEKO MODUA | LAGUNTZAREN INTENTSITATEA (%) |
Toki entitateak zuzenean | %100 |
Zeharka, entitate laguntzaile aitortu batekin egindako hitzarmenen bidez | %100 |
Zeharka, 1. sekzioan inskribatutako Animaliak Babesteko Elkarte batekin egindako akordio baten bidez | %40 |
Zeharka, entitate pribatu batekiko kontratu baten bidez (1. sekzioan inskribatuta ez dauden animaliak babesteko elkarteak barne hartzen dira) | %20 |
Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du Nafarroako Gobernuaren animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteen eta erakunde laguntzaileen erregistroan entitate laguntzaile gisa aitortuta dagoela edo 1. sekzioan inskribatutako elkartea dela, laguntzaren intentsitate ehunekoak aplikatzeko.
5.5. Laguntza modalitatearen arabera, honako gehieneko zenbateko hauek ezartzen dira eskatzaile bakoitzeko:
a) 1. modalitatea:
–a apartatua: 50.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.
–b apartatua: 12.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.
b) 2. modalitatea:
–a apartatua: 30.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.
–b apartatua: 10.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.
c) 3. modalitatea:
–Entitate laguntzaileen bidezko kudeaketa: gehienez ere 6.000 euro eskatzaile bakoitzeko.
–1. sekzioan inskribatutako animaliak babesteko elkarteen bidezko kudeaketa: 2.400 euro eskatzaile bakoitzeko.
–Entitate pribatu baten bidezko kudeaketa: 1.200 euro eskatzaile bakoitzeko.
d) 4. modalitatea:
–a apartatua:
- Entitate laguntzaileen bidezko kudeaketa: gehienez ere 15.000 euro eskatzaile bakoitzeko.
- 1. sekzioan inskribatutako animaliak babesteko elkarteen bidezko kudeaketa: 6.000 euro eskatzaile bakoitzeko.
- Entitate pribatu baten bidezko kudeaketa: 3.000 euro eskatzaile bakoitzeko.
–b apartatua:
- Entitate laguntzaileen bidezko kudeaketa: gehienez ere 12.000 euro eskatzaile bakoitzeko.
- 1. sekzioan inskribatutako animaliak babesteko elkarteen bidezko kudeaketa: 4.800 euro eskatzaile bakoitzeko.
- Entitate pribatu baten bidezko kudeaketa: 2.400 euro eskatzaile bakoitzeko.
5.6. Toki entitateak zerbitzuak hirugarren batekin kontratatuta edo itunduta baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da izan toki entitateak entitate kudeatzaileari dirulaguntzaren xede diren jarduketak egiteagatik ordaindu dion kopurua baino handiagoa.
5.7. 9. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau.
6. oinarria. Eskabideak aurkezteko modua eta epea, eskatzen diren agiriak eta baldintzak betetzearen egiaztagiriak.
6.1. Epea:
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.2. Aurkezteko modua:
Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (https://www.navarra.es/eu) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).
Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
Eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Abeltzaintza Zerbitzuari atxikitako Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari zuzenduko zaizkio.
6.3. Aurkeztu beharreko agiriak:
Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek jarraian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, honako atal hauei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik egonez gero (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskargatzen ahalko dira):
a) Eskabidea: laguntzaren fitxan agertzen den eskabide eredua aurkeztu beharko da nahitaez.
b) Memoria: diruz laguntzekoak diren jarduketak deskribatuko ditu, eskatutako laguntza modalitatearen eta jarduketa motaren arabera (inbertsioak edo beste jarduketa batzuk), bai eta jarduketa horiei dagokien aurrekontu banakatua ere, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen plantillaren arabera.
Inbertsioak badira, egin beharreko inbertsioen zerrenda xehatuaz gain, ase nahi diren beharrak ere jasoko dira.
Obra zibila edo instalazioak diren jarduketekin batera, inbertsioa gauzatzeko aurrekontua egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera arlo horretan eskumena duten teknikariek idatzi eta sinatuak, bai eta memoria bat ere. Memoria horretan, laguntza eskabidearen xede diren jarduketak deskribatu beharko dira, jarduketaren aurrekari eta helburu batzuekin.
2. modalitateari dagokionez, larrialdiko aldi baterako instalazioen (berriak edo egokitu beharrekoak) kokapenaren planoa edo krokisa aurkeztu beharko da, bai eta eraikinen, bulegoen eta sarbideen banaketa ere, edukieraren eta xedearen arabera.
Zakurren eta katuen identifikazioari, esterilizazioari, amorruaren aurkako txertoari eta albaitaritzako larrialdiko tratamenduei dagokienez, memoriak adieraziko du diruz lagundutako aldian zenbat zakur eta katu identifikatu, esterilizatu edo amorruaren aurka txertatzea edo albaitaritzako larrialdiko tratamenduak zenbati egitea aurreikusten den, bai eta kalkulua egiteko erabilitako irizpidea ere, aurreko bi urteetako jarduketak aipatuta.
4. modalitateari dagokionez (katu-koloniak), memoriak honako hau adieraziko du: sortutako katu-kolonia bakoitzeko edo dagoen katu multzo bakoitzeko zenbat katu identifikatu, esterilizatu (arren eta emeen arabera banakatuta) edo amorruaren aurka txertatzea edo larrialdiko albaitaritza tratamenduak zenbati egitea aurreikusten den, bai eta kalkulua egiteko erabilitako irizpidea ere, aurreko bi urteetako jarduketak aipatuta.
c) Hirugarrenekin sinatutako lankidetza hitzarmen edo kontratuaren kopia, hala badagokio. Kontratu bat egin bada: Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete izanaren justifikazioa, kontratatutako entitatearen hautaketari eta kontratatutako zerbitzuen kostua merkatuko prezioetara egokitzeari dagokienez.
Entitatearekin sinatutako hitzarmen edo kontratuak behar adina informazio izan beharko du honako hauek zehazteko: itundutako jarduera, alderdi bakoitzari esleitzen zaizkion funtzioak, eman beharreko zerbitzuen finantzaketa, zerbitzuen finantzaketa justifikatzeko modua eta sinatutako hitzarmen edo kontratuaren indarraldia. Era berean, animaliak ostatatuko dituzten instalazioen titulartasuna egiaztatu beharko da eta/edo, kasua bada, erabileraren lagapena duela (alokairu-kontratua, doako lagapena, eta abar).
Hala badagokio, animalien identifikazio, esterilizazio, amorruaren aurkako txertaketa eta larrialdiko albaitaritza tratamenduak emateko jarduketak aipatu beharko dira, bai eta pentsuaren eta harearen eskuratzea ere, katu-kolonien kudeaketaren kasuan, jarduketen kostua eta bere gain nork hartuko duen argi gera dadin.
d) Toki entitateko Idazkaritzaren ziurtagiria, 3. oinarriko baldintza guztiak eta 13. oinarrian jasotako betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duena.
e) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak lehen aldiz eskatzen dizkioten toki entitateek Kontuak eta Ordainketak fitxa bete beharko dute (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta).
6.4. Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du Nafarroako Gobernuaren animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteen eta erakunde laguntzaileen erregistroan entitate laguntzaile gisa aitortuta dagoela edo inskribatutako elkartea dela, toki entitateek animaliak babesteko elkarte batekin hitzarmen, akordio edo kontratu bat sinatu duten kasuetan.
6.5. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada edo aurkeztutako hitzarmen edo kontratuetatik ez bada ondorioztatzen alderdien eta zerbitzuen finantzazioaren arteko loturarik, toki entitateari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
6.6. Eskabideak onartzeko balorazio irizpideak betetzen diren erabakitzeko –9. oinarrian ezarrita daude eta II. eranskinean xehatuta–, entitate eskatzaileak toki entitateko Idazkaritzaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du. Ziurtagiriak honako hau adierazi beharko du:
a) Modalitate guztietarako:
–2024. urtean animaliak babestearen arloko jarduketak egiteko partidak daudela edo aurrekontu esleipena egin dela, partidak, horien zenbatekoa eta toki entitatearen indarreko aurrekontu osoarekiko ehunekoa zehaztuta.
–Toki entitateak azken bi urteetan lagun egiteko animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta abandonuari buruz eginiko zabalkunde, prestakuntza eta informazio jarduerak, tokia, data eta iraupena adierazita. 4. modalitatea eskatuz gero (katu-koloniak), jarduerak katu populazioak babestearekin eta kontrolatzearekin lotutakoak izanen dira.
b) 1. modalitaterako:
–Azken bi urteetan instalazioak handitzeko, hobetzeko edo egokitzeko eginiko obrak, honako hauek adierazita: noiz egin diren, egindako jarduketen deskribapena, jarduketaren kostua, gauzatzeaz arduratu den entitatea.
–Azken bi urteetan adopzioan eman diren animalien kopurua, urteka bilduta.
c) 2., 3. eta 4. modalitateetarako: Toki entitate eskatzaileko biztanle kopurua.
d) 2. eta 3. modalitateetarako: Azken bi urteetan jaso eta animalien abegi-zentroetara bideratutako animalien kopurua, urteka bilduta.
e) 3. eta 4. modalitateetarako: Azken bi urteetan animaliak babesteko elkarteekin sinatutako lankidetza hitzarmen eta/edo akordioen kopurua, elkartearen izena eta IFKa, data, indarraldia eta xedea adierazita.
Organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du Nafarroako Gobernuaren animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteen eta erakunde laguntzaileen erregistroan entitate laguntzaile gisa aitortuta dagoela edo 1. sekzioan inskribatutako elkartea dela, dagokion puntuazioa emateko.
f) 4. modalitaterako: Toki entitate eskatzailean aske bizi diren katu multzoen kopurua.
Ez badira aurkezten apartatu honetan adierazitako agiriak, ezin izanen da hori zuzendu, eta hortaz, ezin izanen dira lortu 9. oinarriko irizpideen araberako puntuak.
6.7. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz, ez da beharrezkoa izanen edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztea, baldin eta interesduna haiek kontsultatzearen aurka agertu ez bada.
7. oinarria. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duen organoa.
7.1. Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Abeltzaintza Zerbitzuko Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari esleitu zaizkio.
7.2. Prozedura ebazteko eskumena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari dagokio.
8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.
8.1. Eskabideak II. eranskinean aipatutako irizpideen arabera baloratuko dira.
8.2. Laguntza jaso ahal izateko, entitate eskatzaileak gutxienez honako puntuazio hau lortu beharko du modalitatearen arabera:
a) 1. modalitatea: 7 puntu.
b) 2. modalitatea: 5 puntu.
c) 3. modalitatea: 6 puntu.
d) 4. modalitatea: 8 puntu.
8.3. Ebazpen honetan araututako laguntzak norgehiagoka prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, ezarritako balorazio irizpideekin bat.
8.4. Laguntzaren 1. eta 2. modalitateetan, dagokien aurrekontu partida agortzen bada oinarri honetako 2. puntuan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskabide guztiak ase gabe, modalitate eta jarduketa mota diruz lagungarri horietako bakoitzera bideratutako zenbateko osoa aurkeztutako eskabideen artean hainbanatuko da, onartutako proportzioaren arabera.
8.5. Laguntzaren 3. eta 4. modalitateak lortutako puntuazioaren ordenaren arabera emanen dira, oinarri honetan ezarritako irizpideei jarraituz. Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskabideei 5.6 oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie, erabilgarri dagoen kreditua agortu arte. Aurrekontua aski ez izateagatik ezin bete diren eskabideak ezetsi eginen dira.
8.6. Lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, honako hauek hartuko dira kontuan berdinketa hausteko:
a) Animaliak babesteko toki entitateentzako laguntzen azken deialdian laguntzarik jaso ez izana.
b) Ondoko irizpideetan puntuazio handiagoa lortu izana:
1. Inbertsio ahalegina: animaliak babesteko jarduketetara bideratutako aurrekontu partidaren zenbatekoa handiagoa izatea, toki entitatearen gastu aurrekontuaren arabera.
2. Udal erroldan biztanle gutxiago izatea.
c) Eskabidea aurkeztu den eguna.
8.7. Modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiliko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan. Horretarako, kontuan hartuko da modalitateak eta jarduketa diruz lagungarri mota zein aurrekontu partidari esleituta dauden. Hala, honako hauek bateragarriak izanen dira:
a) 1. modalitatea, a apartatua, 2. modalitatea, a apartatua, eta 4. modalitatea, a apartatua, elkarren artean.
b) 1. modalitatea, b apartatua, 2. modalitatea, b apartatua, eta 3. eta 4. modalitateak, b apartatua, elkarren artean.
9. oinarria. Dirulaguntza emateko ebazpena.
9.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpen hori toki entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.
9.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean entitate eskatzaileen zerrenda eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta gainerako eskabideen ezespena, kasua bada.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, entitate onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.
10. oinarria. Jarduketak gauzatzea.
Dirulaguntza eskabidearen xede diren jarduketak deialdi honetan ezarritako epeen barruan gauzatu beharko dira, eskabidearekin eta dirulaguntza emateko ebazpenarekin bat etorriz.
11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
11.1. Diruz lagundu daitezkeen jarduketak amaitutakoan ordainduko da onartutako dirulaguntza, justifikaziorako dokumentazio tekniko-ekonomikoa aurkeztu ondoren.
11.2. Dirulaguntza justifikatzeko, entitate onuradunek jarraian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, horretarako azken eguna 2024ko azaroaren 15a izanik, honako apartatu hauei dagozkien dokumentu bereizietan, eta eskuragarri dauden eranskinetara egokituta, halakorik egonez gero (eranskin horiek dirulaguntzaren fitxatik deskargatzen ahalko dira):
11.2.1. Jarduketak justifikatzeko memoria: eskatutako modalitatearen eta egindako jarduketen arabera, honako informazio hau eman beharko du:
a) 1. modalitatea:
–Gauzatutako inbertsioak: teknikari eskudun batek sinatutako obra amaierako ziurtagiria barne, hala badagokio. Instalazioetan gehitutako plazak eta/edo egindako hobekuntzak zehaztu beharko dira, erabilera eta lortu nahi den animalien ongizate helburua berariaz adierazita.
–Erositako ekipamenduaren zerrenda, bai instalazioekin lotua, bai animalien ongizatea hobetzearekin lotua.
–Dirulaguntzaren aldian identifikatu, esterilizatu (arren eta emeen arabera multzokatuta), amorruaren aurka txertatu edo albaitaritzako larrialdiko tratamendua emandako zakurrak eta katuak, animalia espeziearen eta jarduketa diruz lagungarri motaren arabera banakatuta. Informazio horrekin batera, jasotze zentroarentzat lan egiten duten albaitari fakultatiboen ziurtagiria aurkeztuko da, laguntzen fitxan horretarako eskuragarri dagoen plantillaren arabera, animalia bakoitza identifikatzeko eta bakoitzari egindako jarduketen berri emateko informazioa barne hartuta.
Animalia bakoitzarekin egindako jarduketek jarduketa bakoitzaren benetako kostua eta ordaintzeko modua zehaztu beharko dituzte. Ordainketa zuzenean entitate laguntzaileak, elkarteak edo enpresak egin badu, hala jaso beharko da memorian, eta toki entitatearen ardura izanen da gastu horren egiazkotasuna eta ordainketa ziurtatzea.
b) 2. modalitatea:
–Gauzatutako inbertsioak, instalazioetan sortu edo gehitutako plazak eta/edo egindako hobekuntzak xehatuta eta horien erabilera zein lortu nahi den animalia ongizatearen helburua berariaz adierazita. Obra amaierako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua, hala badagokio.
–Erositako ekipamenduaren zerrenda, bai instalazioekin lotua, bai animalien ongizatea hobetzearekin lotua.
–Identifikatu, esterilizatu (arren eta emeen arabera multzokatuta), amorruaren aurka txertatu edo albaitaritzako larrialdiko tratamenduak jaso dituzten zakurrak eta katuak, espeziearen eta egindako jarduketa motaren arabera banakatuta. Informazio horrekin batera, albaitari fakultatiboen ziurtagiria aurkeztuko da, laguntzen fitxan horretarako eskuragarri dagoen plantillaren arabera, animalia bakoitza identifikatzeko eta bakoitzari zentroa martxan jarri denetik 2024ko urriaren 31ra bitartean egindako jarduketa diruz lagungarrien berri emateko informazioa barne hartuta.
Animalia bakoitzarekin egindako jarduketek jarduketa bakoitzaren benetako kostua eta ordaintzeko modua zehaztu beharko dituzte. Ordainketa zuzenean entitate laguntzaileak, elkarteak edo enpresak egin badu, hala jaso beharko da memorian, eta toki entitatearen ardura izanen da gastu horren egiazkotasuna eta ordainketa ziurtatzea.
c) 3. modalitatea:
–Udalerrian jasotako zakurrak eta katuak, jasotzearen arrazoia, egindako jarduketak eta animaliaren azken helmuga barne. Bakoitzari dagokionez, egindako jarduketa diruz lagungarriak sartu beharko dira: identifikazioa, esterilizazioa, amorruaren aurkako txertaketa eta larrialdiko tratamenduak. Informazio horrekin batera, albaitari fakultatiboen ziurtagiria aurkeztuko da, laguntzen fitxan horretarako eskuragarri dagoen plantillaren arabera. Ziurtagiri horretan, animalia bakoitzari egindako jarduketa diruz lagungarriak zehaztuko dira.
Animalia bakoitzarekin egindako jarduketek jarduketa bakoitzaren benetako kostua eta ordaintzeko modua zehaztu beharko dituzte. Ordainketa zuzenean entitate laguntzaileak, elkarteak edo enpresak egin badu, hala jaso beharko da memorian, eta toki entitatearen ardura izanen da gastu horren egiazkotasuna eta ordainketa ziurtatzea.
d) 4. modalitatea:
–Gauzatutako inbertsioak, teknikari eskudun batek sinatutako obra amaierako ziurtagiria barne hartuta, hala badagokio, eta egindako obrak zehaztuta.
–Erositako ekipamenduaren zerrenda, bai instalazioekin lotua, bai animalien ongizatea hobetzearekin lotua.
–Identifikatu, esterilizatu (arren eta emeen arabera banakatuta) edo amorruaren aurka txertatu diren edo albaitaritzako larrialdiko tratamenduak jaso dituzten katuak, egindako jarduketa motaren arabera banakatuta. Informazio horrekin batera, albaitari fakultatiboen ziurtagiria aurkeztuko da, laguntzen fitxan horretarako eskuragarri dagoen plantillaren arabera. Ziurtagiri horretan, animalia bakoitzari egindako jarduketa diruz lagungarriak zehaztuko dira.
Animalia bakoitzarekin egindako jarduketek jarduketa bakoitzaren benetako kostua eta ordaintzeko modua zehaztu beharko dituzte. Ordainketa zuzenean entitate laguntzaileak, elkarteak edo enpresak egin badu, hala jaso beharko da memorian, eta toki entitatearen ardura izanen da gastu horren egiazkotasuna eta ordainketa ziurtatzea.
11.2.2. Erreferentziako aldian jarduketa diruz lagungarriak egiteko beharrezkoak izan diren gastuen fakturak, eta horien ordainagiriak. Faktura elektronikoen bidez frogatzen ahalko dira gastuak, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.
Diruz lagundutako jarduketen gastu osoa toki entitateko Idazkaritzak emandako ziurtagiria aurkeztuta justifikatu ahalko da; bertan, diruz lagundutako jarduketak eta haien kostua aitortuko dira, eta haiek garatzean izan diren gastuak zehaztuko dira. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketa egiaztatzeko balioko du.
Ziurtagiriarekin batera, fakturen zerrenda xehatua aurkeztuko da, fakturak kontzeptu diruz lagungarrien arabera taldekatuta, dataren arabera ordenatuta eta zenbakituta, eta honako hauek adierazita: hornitzailea, IFK, faktura zenbakia, jaulkipen data, BEZik gabeko zenbatekoa, guztira ordaindutakoa, ordainketa data eta ordaintzeko modua, laguntzen fitxan horretarako dagoen Excel txantiloiari jarraituz. Toki entitateak dirulaguntzaren xede diren jarduketak hirugarren baten bitartez egiten baditu eta gastuak hirugarren horrek ordaintzen baditu, toki entitateak hirugarrenari diruz lagundutako jarduketengatik egindako ordainketen justifikazioa aurkeztu beharko du.
Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, edo 30.000 eurotik gorakoa obrak egiteagatik, toki entitateak frogatu beharko du enpresa efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.
12. oinarria. Bateragarritasuna.
Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Gobernuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.
Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun diren entitateek bestelako edozein administrazio, entitate eta organismo publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako jarduketen kostuaren %100 baino handiagoa.
13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.
Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:
a) Ekintzak oinarri hauetan xedatzen denarekin bat gauzatzea, eta oinarrietan jasotzen diren konpromisoak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritakoa betetzea.
b) Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita hartutako funtsak aplikatuz zer gastu egin diren ere.
c) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako jarduketak onartzea.
d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.
e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, erakunde onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.
f) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.
g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.
h) Nafarroako Gobernuak parte hartzen duela dioen testua agertzea dirulaguntza ematen denetik aurrera diruz lagundutako jarduerei buruz idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan edo diruz lagundutako proiektuko jardueretan.
i) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.
14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.
14.1. Entitate onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, kasua bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.
14.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6. artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.
Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.
16. oinarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz APAPELen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
17. oinarria. Araudi gehigarria.
Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
II. ERANSKINA.–ESKABIDEAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK
Eskabideak honako irizpide hauen arabera baloratuko dira, eskatzen den laguntza modalitatearen arabera:
1. 1. modalitatea: lagun egiteko animaliak edukitzeko zentroak, Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan baimenduak eta erregistratuak (Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroaren barnean dago):
1.1. Abegi-zentroko inbertsioak finantzatzera edo lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako diru partidaren bat edo aurrekontuko diru izendapenen bat izatea 2024. urterako: 5 puntu.
1.2. Azken bi urteetan animalien babesaren arloan eginiko zabalkunde, prestakuntza eta informazio jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.
1.3. Aurreko bi urteetan instalazioak hobetzeko, handitzeko edo egokitzeko eginiko obrak: 2 puntu eginiko obra bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.
1.4. Urte bakoitzean adopzioan eman diren animaliak, aurreko bi urteetako datuen batezbestekoa hartuta:
–10 animalia baino gutxiago: 1 puntu.
–10 edo gehiago eta 20 baino gutxiago: 2 puntu.
–20 edo gehiago eta 30 baino gutxiago: 3 puntu.
–30 edo gehiago eta 40 baino gutxiago: 4 puntu.
–40 edo gehiago eta 50 baino gutxiago: 5 puntu.
–50 edo gehiago eta 60 baino gutxiago: 6 puntu.
–60 animalia baino gehiago: 7 puntu.
2. 2. modalitatea: lagun egiteko animalia abandonatu, konfiskatu edo galduekin zerikusia duten jarduketak:
2.1. Lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako partidaren bat edo aurrekontuko diru izendapenen bat izatea 2024. urterako: 5 puntu.
2.2. Azken bi urteetan lagun egiteko animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta abandonuari buruz eginiko zabalkunde, prestakuntza eta informazio jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.
2.3. Azken bi urteetan entitate eskatzailearen udalerrian jaso eta abegi-zentro batean sartu diren animaliak, aurreko bi urteetako datuen batez bestekoa hartuta:
–0 animalia baino gehiago eta 3 baino gutxiago: 1 puntu.
–3 animalia edo gehiago eta 6 baino gutxiago: 2 puntu.
–6 animalia edo gehiago eta 10 baino gutxiago: 3 puntu.
–10 animalia edo gehiago: 4 puntu.
2.4. Toki entitate eskatzailean erroldatutako biztanle kopurua:
a) 1.000 biztanle baino gutxiago: 4 puntu.
b) 1.000 biztanle edo gehiago eta 2.500 baino gutxiago: 3 puntu.
c) 2.500 biztanle edo gehiago eta 5.000 baino gutxiago: 2 puntu.
d) 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 1 puntu.
e) 10.000 biztanle baino gehiago: 0 puntu.
3. 3. modalitatea:
3.1. Lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako partidaren bat edo aurrekontuko diru izendapenen bat izatea 2024. urterako: 5 puntu.
3.2. Azken 2 urteetan animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteekin animalia abandonatuak, konfiskatuak, babesgabeak edo galduak jasotzeko eta ostatatzeko lankidetza hitzarmen eta/edo akordioak sinatu izana: 3 puntu, entitate laguntzaileekin sinatutako hitzarmen bakoitzeko, 1 puntu, babes elkarte batek sinatutako hitzarmen bakoitzeko; gehienez ere, 6 puntu.
3.3. Azken bi urteetan lagun egiteko animalien edukitze arduratsuari, identifikazioari, kontrolik gabeko ugalkortasuna saihesteko neurriei eta abandonuari buruz eginiko zabalkunde, prestakuntza eta informazio jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.
3.4. Azken bi urteetan entitate eskatzailearen udalerrian jaso eta abegi-zentro batean sartu diren animaliak, aurreko bi urteetako datuen batez bestekoa hartuta:
–0 animalia baino gehiago eta 3 baino gutxiago: 1 puntu.
–3 animalia edo gehiago eta 6 baino gutxiago: 2 puntu.
–6 animalia edo gehiago eta 10 baino gutxiago: 3 puntu.
–10 animalia edo gehiago: 4 puntu.
3.4. Toki entitate eskatzailean erroldatutako biztanle kopurua:
a) 1.000 biztanle baino gutxiago: 4 puntu.
b) 1.000 biztanle edo gehiago eta 2.500 baino gutxiago: 3 puntu.
c) 2.500 biztanle edo gehiago eta 5.000 baino gutxiago: 2 puntu.
d) 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 1 puntu.
e) 10.000 biztanle baino gehiago: 0 puntu.
4. 4. modalitatea. Katu-koloniak sortzea:
4.1. Lagun egiteko animalien babeserako jardueretara bideratutako partidaren bat edo aurrekontuko diru izendapenen bat izatea 2024. urterako: 5 puntu.
4.2. Katu-koloniak edo udalerrian aske bizi diren katu multzoak: 1 puntu, kolonia edo multzo bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.
4.3. Azken 2 urteetan animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteekin animalia abandonatuak, konfiskatuak, babesgabeak edo galduak jasotzeko eta ostatatzeko lankidetza hitzarmen eta/edo akordioak sinatu izana: 3 puntu, entitate laguntzaileekin sinatutako hitzarmen bakoitzeko, 1 puntu, babes elkarte batek sinatutako hitzarmen bakoitzeko; gehienez ere, 6 puntu.
4.4. Azken bi urteetan giza ingurunearen mende bizi diren katu populazioen babes eta kontrolari buruz eginiko zabalkunde, prestakuntza eta informazio jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 4 puntu.
4.5. Toki entitate eskatzailean erroldatutako biztanle kopurua:
a) 1.000 biztanle baino gutxiago: 4 puntu.
b) 1.000 biztanle edo gehiago eta 2.500 baino gutxiago: 3 puntu.
c) 2.500 biztanle edo gehiago eta 5.000 baino gutxiago: 2 puntu.
d) 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 1 puntu.
e) 10.000 biztanle baino gehiago: 0 puntu.
Iragarkiaren kodea: F2409700
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
