140. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

371/2024 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, 2024an Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egiten dituzten erakunde laguntzaile gisa aitortutako animaliak babesteko elkarteentzako laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 768381.

Apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legeak, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoak, oinarrizko xede ditu animalien babes eta ongizate maila ahalik eta handiena lortzea, animalientzako tratu egokia eta higiene eta osasun baldintza ezin hobeak bermatzea, eta orobat, animalien babesari buruzko prestakuntza, zabalkunde eta informazio jarduerak sustatzea.

2019ko uztailaren 11n indarra hartzearekin batera, indargabetuta gelditu zen animalien babeserako aurreko legea, 1994koa. Denbora asko igaro den arren, gure lurraldean oraindik arazo handia dago txakurrak eta katuak abandonatzeari eta abandonu horiek kudeatzeari dagokionez; izan ere, ez dago azpiegitura nahikorik abandonatuta, galduta, konfiskatuta edo babesgabe dauden lagun egiteko animaliak ostatatzeko. Katuak abandonatzen direnean, sarritan, aske baina giza ingurunearen mende bizitzen dira, horien populazioa edo osasun egoera kontrolatu gabe. Gizarteak gertaera horien gaineko gero eta kontzientzia handiagoa du eta jarduketa zehatzak eskatzen ditu arloko erakunde eskudunen aldetik.

19/2019 Foru Legearen V. tituluan, abandonatutzat edo galdutzat jo diren lagun egiteko animalien arloan jarduteko eskumenak ezartzen dira, eta harrera zentroak eta katu koloniak jotzen dira animalia horien kudeaketa etikorako biderik egokientzat. Zehazki, lege horren 15., 17. eta 22. artikuluetan xedatzen da udalei, udalez gaindiko erakundeei edo eskualdeei dagokiela abandonatutako edo galdutako animaliak jaso, ostatatu eta mantentzeko jarduerak egitea, bai eta katu koloniak ezarri eta kudeatzea ere, eta gainera, aurreikusten da animaliak jasotzeko edo haiei harrera egiteko zentrorik ez badute kanpoko beste erakunde batzuekin hitzartzen ahalko dutela zerbitzu horiek egitea.

Lagun egiteko animalien harrera zentroak apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legearen 5.17 artikuluan honela definitzen dira: lagun egiteko animalien zentroa, titulartasun publiko zein pribatukoa, animalien defentsarako elkarteenak barne, animalia abandonatu edo galduen harrera egiten duena, eta gune zoologiko gisa baimendu eta erregistratutakoak.

Urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuak, 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duenak, 39. artikuluan ezartzen du zer baldintza bete behar dituzten harrera zentro horiek baimenduak izateko, eta horien sailkapena egiten du. Horietan, harrera egin zaien animalien adopzioa edo jabeei itzultzea kudeatzen da.

Katu koloniei dagokienez, horiek ezartzea metodo eraginkorra izan da udalerrietan ibiltzen diren katuen populazioak kudeatzeko. Katu kolonia bateko aleak esterilizatu, osasunaren aldetik kontrolatu eta behar bezala elikatzen badira, animaliek eragozpen gutxiago sortuko dituzte, eta katuen populazioaren hazkunde esponentziala saihestuko da; hala, arrisku higieniko-sanitarioak minimizatzen dira, hala nola pertsonei edo beste animalia batzuei gaixotasun infektokutsakorrak transmititzea. Foru Legearen 17.3 artikuluak ezartzen du katu kolonien kudeaketa udalek eginen dutela, ahal dela, animaliak babesteko erakunde edo elkarteekin lankidetzan.

Toki erakundeek lagun egiteko animaliak babesteko dituzten erantzukizunak beren gain har ditzaten bultzatzeko, 2021az geroztik, eremu horretako jarduketa zehatzetarako laguntzak deitu dira, besteak beste, katu koloniak eta abandonatutako, galdutako, konfiskatutako edo babesik gabeko animaliak kudeatzeko laguntzak. Bereziki, laguntzak eman dira lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentroak sortzeko edo egokitzeko, zentroetan dauden animaliei ongizate handiagoa ekarriko dieten ondasunak erosteko edo katu koloniak ezartzeko beharrezkoak direnak erosteko, eta animalia horiek identifikatzeko, esterilizatzeko edo larrialdiko albaitaritza-tratamenduak egiteko gastuak ordaintzeko.

Deialdi horien oinarri arautzaileetan jasotzen denez, jarduketak toki erakundeak berak egin behar ditu zuzenean, edo toki erakundeak zerbitzu kontratatu edo itundu bat izan behar du; izan ere, ohikoa da enpresa, elkarte edo erakunde laguntzaile aitortuen laguntza edo lankidetza izatea zeregin horiek burutze aldera.

Erakunde laguntzaile aitortuak animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteak dira, zeinei toki erakundeekin hitzarmenak egiteko aukera ematen baitzaie, animaliak babesteko jarduketak egiteko helburuarekin. Zehazki, honetarako eskumena ematen zaie: animaliak babestea eta lagun egiteko animaliak edukitzean ardura izatea sustatzeko prestakuntza eta dibulgazio programetan aktiboki parte hartzeko, lagun egiteko animaliak hartzeko eta adoptatzeko programetan parte hartzeko, eta abandonatutako animaliak mantentzen edo adopzio programetan laguntzeko, animaliei aldi baterako ostatu emanez harrera zentroetan.

Erakunde laguntzaile gisa aitortutako animalien babeserako eta defentsarako elkarteek 94/2022 Foru Dekretuaren 72. artikuluan zehazten diren zenbait eskumen dituzte. Horien artean, besteak beste, hitzarmenak adostea toki erakundeekin beren zereginak garatzeko eta Nafarroako Gobernuaren edo toki erakundeen dirulaguntzak jasotzeko, animalien babesaren eta defentsaren inguruan burutzen dituzten jardueretarako, bereziki lankidetza hitzarmenen ondorioz egiten direnak.

Gero eta udal gehiago ari dira lankidetzan erakunde laguntzaile aitortuekin, animalien babesaren arloan dituzten eskumenak gauzatze aldera. Hala ere, nabarmendu behar da erakunde laguntzaileek toki erakundeentzako laguntzen deialdian diruz lagungarritzat hartzen ez diren jarduketak egiten dituztela, bai eta halakotzat jotzen ez diren gastuak beren gain hartu ere; esaterako, lagun egiteko animaliak aldi baterako ostatatzeko zentro propioak sortzea edo hobetzea, zentro horien mantentze gastuak, albaitaritza tratamendu jakin batzuen gastuak eta amorruaren kontrakoak ez diren txertaketenak. Jarduketa horiek, normalean, ez ditu ordaintzen haiekin lankidetzan aritzen den toki erakundeak.

19/2019 Foru Legeak, zeinak lagun egiteko animaliak babesteko erakunde laguntzaileak dibulgazio eta informazio lanetarako oinarrizko tresna gisa aitortzen baititu, eta haren garapen erregelamenduak eskumena ematen die erakunde horiei herritarren artean informazio eta dibulgazio jarduketak egiteko; katu koloniak ezartzeak dakartzan onurei buruzko informazioa emanen dute, eta animaliak babestea eta animaliak edukitzean ardura izatea sustatuko dute.

Aipatutako jarduketek kostu ekonomiko handia eragiten diete erakunde laguntzaileei, eta ahal duten neurrian ordaintzen dituzte; izan ere, haien diru sarrerak udalaren ekarpenetatik, bazkideen kuotetatik eta partikularren dohaintzetatik datoz, eta ez dira nahikoak hartzen dituzten animaliak zaintzeak dakartzan gastu guztiak estaltzeko.

Abeltzaintza Zerbitzuaren ustez, erakunde laguntzaile aitortuei emandako laguntzak, toki erakundeak abian jartzen ari diren jarduketekin batera, lagun egiteko animaliak edukitzean ardura izatearen garrantzia herritarren artean hobeto zabaltzen lagunduko du. Aldi berean, lagun egiteko animalien eta udalerrietan aske bizi diren katuen abandonuen kudeaketari arreta egokia ematen lagunduko du, eta, horrela, adopzioak eta animalien eta pertsonen arteko bizikidetza sustatuko du.

Nafarroako Gobernuaren 2024rako gastuen aurrekontuetan bi partida aurreikusi dira animaliak babesteko erakunde laguntzaileei dirulaguntzak emateko: bata, lagun egiteko animalia abandonatuak hartzeko zentroak sortzeko inbertsioetarako, eta bestea, animaliak babesteko jarduketen gastuak ordaintzeko.

Ebazpen honen xedea da Nafarroan lagun egiteko animaliak babestearekin zerikusia duten jarduketak garatzen dituzten erakunde laguntzaileentzako laguntzen oinarri arautzaileak onestea. Horretarako, erakunde laguntzaile aitortuei laguntzeko bi ildo ezartzen dira. Lehenaren helburua inbertsioak egitea da lagun egiteko animalia abandonatu, galdu, konfiskatu edo babesik gabeak aldi baterako ostatatzeko zentro propioak sortzeko, hobetzeko edo erregularizatzeko, edo katu kolonia batera eraman edo adopzioan laga aurretik aske baina giza ingurunearen mende bizi diren katuak aldi baterako ostatatzeko. Bigarren ildoaren jomuga zentro propioaren mantentze gastuak eta albaitaritza tratamenduak estaltzea da. Horien artean sartzen dira baita ere katu kolonien kudeaketarekin zerikusia dutenak, eta dibulgazio eta informazio jarduerak, abandonuarekin, lagun egiteko animaliak edukitzean ardura izatearekin eta katu koloniekin zerikusia dutenak, betiere toki erakundeek zuzenean edo zeharka finantzatzen ez badituzte edo beste erakunde publiko batzuek diruz laguntzen ez badituzte.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horretarako eskumena du, Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuaren arabera. 25. artikuluak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiaren eskumen materialen esparruan sartzen du animalien ongizatea. Zehazki, Abeltzaintza Zerbitzuaren mende dagoen Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari dagozkio aipatu foru dekretuan lagun egiteko animalien ongizateari eta babesari buruz aurreikusten diren eskudantziak.

Ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaio.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako lagun egiteko animaliak babestu eta defendatzeko elkarteen eta erakunde laguntzaileen erregistroan erakunde laguntzaile gisa inskribatuta eta aitortuta dauden animaliak babesteko elkarteei dirulaguntzak emateko deialdia, Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteko jarduketak egin ditzaten 2024. urtean.

2. Onestea ebazpen honen I. eranskinean jasotzen diren deialdiaren oinarri arautzaileak, eta onestea II. eranskina, ebazpen honetan jasotzen den moduan.

3. Baimentzea 100.000 euroko gastua, 710004-71300-4819-412206 partidaren kargura ("Erakunde laguntzaile aitortuentzako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako"), eta 100.000 euroko gastua, 710004-71300-7609-412202 partidaren kargura ("Erakunde laguntzaile aitortuentzako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako"), 2024ko Aurrekontu Orokorretakoak bi partidak, deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari (DDBN) jakinaraztea.

5. Ebazpen honen eta haren oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko ekainaren 12an.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–NAFARROAN 2024an LAGUN EGITEKO ANIMALIAK BABESTEKO JARDUKETAK EGITEN DITUZTEN ERAKUNDE LAGUNTZAILE GISA AITORTUTAKO ANIMALIAK BABESTEKO ELKARTEENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

1.1. Deialdi honen xedea da arauak ezartzea 2024an animaliak babesteko irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, baldin eta Nafarroako animaliak babesteko elkarte eta erakunde laguntzaileen erregistroan erakunde laguntzaile gisa inskribatuta badaude. Laguntza horiek honetara daude bideratuta: erakunde laguntzaileen titulartasunekoak diren lagun egiteko animaliak hartzeko zentroak sortu, hobetu edo erregularizatzera, haien ekipamendura, zentro horien mantentze gastuak ordaintzera eta identifikazioaz, esterilizazioaz, amorruaren aurkako txertaketaz eta larrialdiko tratamenduez bestelako albaitaritza tratamenduetatik eratorritako gastuak ordaintzera, baldin eta zentro horietan ostatu hartzen duten animaliei egiten bazaizkie tratamendu horiek.

Halaber, diruz lagunduko dira katu koloniak kudeatzeko gastuak eta herritarrei animaliak babesteko eta lagun egiteko animaliak edukitzean ardura izateko zabalkunde eta sentsibilizazio jarduerak egiteko gastuak.

1.2. Diruz lagundutako jardueraren onura publikoaren helburuari jarraikiz, lagun egiteko animaliak edukitzean ardura izatea eta animaliak babestea sustatu behar da, hainbat neurriren bidez, hala nola harrera zentroetan aldi baterako ostatu hartzea, adopzioak kudeatzea eta katu populazioak zaintzea, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

2. oinarria. Onuradunak.

2.1. Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzen ahalko dituzte Nafarroako animaliak babesteko elkarteek, baldin eta deialdi hau argitaratzen den egunean Nafarroako Gobernuaren animaliak babesteko elkarteen eta erakunde laguntzaileen erregistroan erakunde laguntzaile gisa aitortuta eta inskribatuta badaude.

2.2. Era berean, onuradun izaten ahalko dira legez eratutako eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako animaliak babesteko elkarteak, baldin eta Animaliak Babesteko Elkarteen eta Erakunde Laguntzaileen Erregistroan erakunde laguntzaile gisa inskribatzeko eta aitortzeko eskaera aurkeztu badute eta deialdia argitaratzen denean oraindik ebatzi gabe badago eskaera, betiere aitorpena jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea amaitu baino lehen lortzen badute.

Aitorpena lortzen ez bada, emandako laguntzak kobratzeko eskubidea galduko da.

3. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak eta horiek gauzatzeko epea.

3.1. Erakunde laguntzaileek lagun egiteko animalia abandonatu, galdu, konfiskatu edo babesgabeei dagokienez egiten dituzten jarduketak laguntzen ahalko dira diruz, bai eta katu basatiekin eta katu koloniekin egiten dituztenak ere (jarraian jasotako apartatuetan definituko dira).

Oinarri hauen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:

a) Lagun egiteko animalia abandonatuk: identifikatuta egon edo ez, inoren laguntzarik edo ikuskapenik gabe alderrai ibiltzen direnak, baldin eta haien galera edo desagerketa agintari eskudunei jakinarazi ez bazaie araudian ezarritako gehieneko epean, eta lagun egiteko animalien zentro batean ostatu hartu arren jabeak edota edukitzaileak adostutako epean jaso ez dituenak. Kategoria horretatik kanpo geratzen dira katu kolonietako katu komunitarioak.

b) Lagun egiteko animalia galduak: identifikatuta nahiz identifikatu gabe egon eta kontrolik gabe alderrai ibiltzen direnak, baldin eta jabeak edo edukitzaileak edozein agintari eskuduni komunikatu badio galera edo desagerketa.

c) Lagun egiteko animalia babesgabeak: babesgabetasun egoeran daudenak, jabeek edo edukitzaileek ezin dutelako haien kargu egin, gizarte zaurgarritasunaren edo gizarte gatazkaren ondoriozko ezinbesteko arrazoiengatik.

d) Lagun egiteko animalia konfiskatuak: agintaritza eskudunaren kautelazko neurri baten pean daudenak, animalia horien babesa eta ongizatea ziurtatzeko.

e) Katu kolonietako katuak: aske bizi diren katuak, baina giza ingurunearen mendekoak, gizakiek erraz harrapatu edo mantendu ezin dituztenak, sozializazio maila txikia edo nulua dutelako, eta espazio publikoetan finkatzen direnak, udalen edo udalaz gaindiko erakundeen baimenarekin eta haien kontrolpean.

3.2. Animalia horiei dagokienez, lau dirulaguntza modalitate ezartzen dira eta horietako bakoitzerako jarduketa diruz lagungarriak:

3.2.1. 1. modalitatea. Erakunde laguntzailearen titulartasunaren pean lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentroak sortu, hobetu edo egokitzeko inbertsioak. Obra zibileko gastuak edo instalazioak egokitzeko behar den ekipamendua erosteko gastuak lagunduko dira diruz.

3.2.2. 2. modalitatea. Zentroa eta erakunde laguntzailearen titulartasunaren pean etxeko animalien zentroetan ostatatutako animaliak mantentzeko jarduketak. Jarduketa hauek sartzen dira:

a) Animalien zainketa eta ongizatearekin zerikusi zuzena duen ekipamendua eskuratzea.

b) Animalien barruko eta kanpoko parasitoak kentzea, amorruaren aurkako txertaketaz bestelako txertaketak eta larrialdikotzat jotzen ez diren albaitaritza tratamenduak.

c) Aldi baterako harrera zentroaren mantentze gastuak (elektrizitatea, ura, gasa, erantzukizun zibileko aseguruak, garbiketa eta desinfekzioa, hondakinen kudeaketa, hilotzak barne).

3.2.3. 3. modalitatea. Katu koloniekin zerikusia duten jarduketak. Hauek sartzen dira:

a) Instalazioak eta espazioak garbitzea eta desinfektatzea.

b) Erantzukizun zibileko aseguruak kontratatzea, deialdi honekin lotutako erakunde laguntzaileak gauzatzen duen jarduera estaltzeko.

c) Barruko eta kanpoko parasitoak kentzea katu koloniako aleei, amorruaren aurkako txertaketaz bestelako txertaketak eta larrialdikotzat jotzen ez diren albaitaritza tratamenduak.

3.2.4. 4. modalitatea. Lagun egiteko animaliak babestearen arloko informazio, sustapen edo hedapen jarduerak: herritarrei, toki erakundeei edo ikastetxeei zuzendutako dibulgazio eta informazio jarduerak, honako hauekin zerikusia dutenak: lagun egiteko animaliak modu arduratsuan edukitzea, animalien adopzioak sustatzea, animalien babesa sustatzea eta katu koloniak.

3.3. Ez dira diruz lagunduko, aurreko puntuetan aipatutakoen artean egon arren, beren jarduketa eremuan abandonatuta, galduta, konfiskatuta edo babesik gabe dauden lagun egiteko animaliak eta katu koloniak kudeatzeko eskumena duten toki erakundeek edo beste edozein erakunde publikok zuzenean edo zeharka finantzatzen dituzten jarduketak. Hala badagokio, finantzatu edo diruz lagundu ez den gastuaren zatia bakarrik hartuko da diruz laguntzeko modukotzat, eta hori behar bezala egiaztatu beharko da.

3.4. Laguntza horiek bateragarriak izanen dira beste administrazio publiko batek kontzeptu berberetarako deitu dituen beste batzuekin, baina jasotako guztizko zenbatekoa ez da inola ere izanen diruz laguntzen ahal diren jarduketen kostua baino handiagoa.

4. oinarria. Baldintzak.

4.1. Oinarri hauetan araututako laguntzak jasotzen ahalko dituzte legez eratutako eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatutako animalien babeserako elkarteek, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Deialdia argitaratzen den egunean Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Elkarteen eta Erakunde Laguntzaileen Erregistroan erakunde laguntzaile gisa aitortuta egotea, edo, erakunde laguntzaile gisa aitortzeko eskabidea egun hori baino lehen aurkeztuta, ebazpenaren zain egotea eta aitorpen hori lortzea diruz laguntzen ahal diren jarduerak gauzatzeko epea amaitu baino lehen.

b) 1., 2. eta/edo 3. modalitateetarako laguntza eskatuz gero, erakunde laguntzaileak lankidetza hitzarmen bat izan beharko du toki erakunde batekin edo toki erakundeen talde batekin, lagun egiteko animalia abandonatu, konfiskatu, babesgabe edo galduak biltzeko, ostatatzeko eta aldi baterako mantentzeko jardueretako bat kudeatzeko, udal-eskumenekoak badira, edo udalerriko edo udalerrietako katu koloniak kudeatzeko.

c) 1. eta/edo 2. modalitateetarako laguntzak eskatzen dituzten erakunde laguntzaileek lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro baten titularrak izan beharko dute. Zentro hori baimenduta eta erregistratuta egonen da Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan deialdia argitaratzen den egunean, edo baimen eta erregistro hori 5. oinarrian adierazitako epeetan lortu beharko dute. Halaber, 1. eta 2. modalitateetako edozeinetan jasotako zenbateko guztiak itzultzeko arrazoia izanen da zentroaren baimenik eta erregistrorik ez lortzea.

4.2. Gainera, erakunde eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

b) Ez egotea dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan eta, bereziki, 3. apartatuan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.

c) Animalien babesari buruzko araudian xedatutakoa betetzea, eta, bereziki, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Legean eta 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren 73. artikuluaren a), e), f), g) eta i) apartatuetan xedatutakoa betetzea.

Baldintza horiek guztiak beteta egin beharko dira laguntza eskaera aurkezten den egunean, eta diruz lagundutako jarduera gauzatzen den aldi osoan mantendu beharko dira.

4.3. Toki erakundeekin egindako hitzarmenen, kontratuen eta/edo lankidetza akordioen bidez diruz lagundu daitezkeen jarduketetako edozein garatzen duten erakunde laguntzaileek modu fidagarrian egiaztatu beharko dute alderdien arteko harremana eta hitzartutako edo kontratatutako lankidetza/zerbitzu prestazioaren edukia (erakunde laguntzaileari esleitzen zaizkion funtzioak, hark eman beharreko zerbitzuak, eman beharreko zerbitzuen finantzaketa, justifikatzeko modua eta lankidetzaren/kudeaketaren irismena ezagutzea ahalbidetzen duen beste edozein datu). Modu berean, animaliak ostatatuko diren instalazioen titulartasuna, sinatutako hitzarmenaren edo kontratuaren iraupena eta lankidetza edo kontratuaren indarraldia egiaztatu beharko dituzte, diruz lagundu daitezkeen jarduketak gauzatzeko epean.

Akordio edo hitzarmenetako zehaztapenak ez badira nahikoak edo argiak, eta alderdi bakoitzak zer jarduera egin behar duen eta jarduera bakoitzak zer finantzaketa izanen duen zehaztea eragozten badute, erakunde laguntzaileari 10 eguneko epea emanen zaio argibideak emateko. Epe hori igaro eta behar beste agiri edo argibide aurkeztu ezean, eskaera ezetsi eginen da.

4.4. Zentroko aldi baterako harrera zerbitzuak eta katu koloniak kudeatzeko jarduerari dagokionez, erakunde laguntzaileak ezin izanen du azpikontratatu, ez osorik, ez partzialki, dirulaguntzaren xede den jarduera, albaitaritza jarduketak izan ezik. Azpikontrataziotzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan jasotako kasuak.

5. oinarria. Jarduketa diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

5.1. Diruz laguntzen ahal dira erakunde laguntzaile aitortuek 2024ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako jarduketak, justifikazioa aurkezteko azken eguna baino lehen ordaindutakoak, 11. oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

5.2. Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

5.2.1. 1. modalitatea. Erakunde laguntzailearen titulartasunaren pean lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentroak sortzeko, egokitzeko, egokitzeko edo hobetzeko inbertsioak:

a) Lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko instalazioak sortzeko, egokitzeko, moldatzeko edo hobetzeko behar diren obra zibilak, azpiegiturak eta instalazioak gauzatzeko gastuak, bai eta aurreko apartatuan aurreikusitako inbertsioei lotutako gastuak ere, hala nola arkitektura edo ingeniaritza enpresen ordainsariak.

Obrak egin ondoren sortzen diren instalazioek urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren III. tituluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, sortutako zentro motaren arabera (egonaldi laburra edo egonaldi luzea).

Instalazioak ez badaude lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro gisa baimenduta eta inskribatuta Gune Zoologikoen Erregistroan, baimena eta erregistroa lortu beharko dituzte bederatzi hilabeteko gehieneko epean, dirulaguntza ordaindu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, salbu eta obrak amaitzeko aurreikusitako data geroagokoa bada eta aurkeztutako proiektuan hala jasota geratzen bada. Kasu horretan, lagun egiteko animalien zentro gisa baimena eta erregistroa lortzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, obrak amaitzeko aurreikusitako dataren biharamunetik zenbatzen hasita, baldin eta data hori aurkeztutako obra proiektuan jaso bada.

b) Instalazioak mantentzeko eta kudeatzeko beharrezkoak diren ondasunak eta ekipamenduak erosteko gastuak.

5.2.2. 2. modalitatea. Zentroa eta erakunde laguntzailearen titulartasunaren pean etxeko animalien zentroetan ostatatutako animaliak mantentzeko jarduketak.

a) Animalien zainketa eta ongizatearekin zerikusi zuzena duen ekipamendua eskuratzeko gastuak; sortutako edo egokitutako zentrorako eskuratuko dira horiek.

b) Zentroa garbitzeko eta desinfektatzeko materialen gastuak.

c) Zentroaren hornidura gastuak: komunikazioak, ura, elektrizitatea, gasa eta hondakinak, hilotzen kudeaketa barne.

d) Erantzukizun zibileko aseguruak kontratatzea, deialdi honekin lotutako erakunde laguntzaileak gauzatzen duen jarduera estaltzeko.

e) Zentroan dauden animalien barruko eta kanpoko parasitoak kentzeko gastuak, amorruaren aurkako txertaketaz bestelako txertaketenak eta larrialdikotzat jotzen ez diren albaitaritza tratamenduenak. Gastu horiek animalia zehatz bati lotu beharko zaizkio; kasuan kasu esku hartu duen albaitariak ziurtatu beharko du hori. Gehienez 300 euro emanen dira animalia bakoitzeko.

5.2.3. 3. modalitatea. Katu koloniak kudeatzeko erakunde laguntzaileen jarduketak:

a) Katu koloniak dauden lekuak garbitzeko eta desinfektatzeko gastuak.

b) Erantzukizun zibileko aseguruak kontratatzea, laguntza ildo honekin lotutako erakunde laguntzaileak gauzatzen duen jarduera estaltzeko.

c) Katu koloniako katuen barruko eta kanpoko parasitoak kentzeko gastuak, amorruaren aurkako txertaketaz bestelako txertaketenak eta larrialdikotzat jotzen ez diren albaitaritza tratamenduenak. Gastu horiek animalia zehatz bati lotu beharko zaizkio; kasuan kasu esku hartu duen albaitariak ziurtatu beharko du hori. Gehienez 300 euro emanen dira animalia bakoitzeko.

5.2.4. 4. modalitatea. Lagun egiteko animalien babesa, horiek edukitzean ardura izatea eta horien adopzioak sustatzeko informazio eta dibulgazio jarduerak, bai eta katu koloniekin zerikusia dutenak ere:

a) Aretoak edo espazioak, ekipamenduak eta jarduketa gauzatzeko beharrezkoak diren bitartekoak alokatzea.

b) Hitzaldietan, tailerretan, erakustaldietan edo topaketetan erabilitako liburuxkak, kartelak edo bestelako informazio eta dibulgazio materialak editatu, inprimatu eta zabaltzeko gastuak.

5.3. Honako hauek izanen dira diruz lagungarriak diren inbertsioetako kontzeptuak:

a) Igeltserotza, iturgintza, elektrizitate, girotze, argiztapen, isolamendu, energia-hobekuntza eta lorezaintza obrak, zuzenean lotuta daudenak lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko instalazioak sortzearekin edo egokitzearekin, lehendik dauden instalazioak hobetzearekin edo instalazio horiek egokitzearekin, zentroan dauden animalien ongizatea areagotze aldera.

b) Arkitekturako edo ingeniaritzako enpresen ordainsariak, egindako proiektuen harira.

c) Boxak, etxolak edo antzekoak eraikitzea, erostea eta instalatzea.

d) Instalazioak garbitzeko, desinfektatzeko edo mantentzeko ekipoak eskuratzea, hala nola hidrogarbigailua, belarra mozteko makina, sasi-garbitzeko makina edo antzekoak.

e) Zentroko animaliak artatzeko beharrezkoa den ekipamendu espezifikoa eskuratzea, hala nola hilotzak mantentzeko izozkailua edo ekipo ondasunak eta ebakuntza gelako tresneria. Ez dira hemen sartzen atzemandako animaliak garraiatzeko erabilitako ibilgailuak.

f) Erakunde laguntzaileek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.

5.4. Honako hauek hartuko dira animalien zainketa eta ongizatearekin zerikusi zuzena duen ekipamendua eskuratzeko kontzeptu diruz lagungarritzat:

a) Mikrotxip irakurgailuak.

b) Animaliak atzemateko lakioak edo kaiola moduko tranpak.

c) Animaliak garraiatzeko behar den materiala, hala nola garraiatzaileak, arnesak edo sareak.

d) Katu kolonien ezarpenaren kasuan, janlekuak, edanlekuak, etxolak, oheak, katuentzako plataforma edo kutxa goratuak, gorotzetarako erretiluak edo hondartegiak, atzamarka egiteko objektuak, animaliari erosotasuna eta aterpea emanen dioten elementuak.

e) Jolasa bultzatzeko materialak, hala nola sokak, pilotak, arrapalak eta abar.

f) Uhalak edo arnesak.

g) Animaliak zaintzeko edo mantentzeko box eramangarriak erostea.

h) Erakunde laguntzaileek, diruz laguntzen ahal diren jarduketekin zerikusi zuzena dutela iritzita, aurrekoetan sartzen ez den beste edozein gastu aurkezten badute, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak baloratu eginen du eta haiek ere babestea erabakitzen ahalko du.

5.5. Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da onuradunak berreskuratu edo konpentsatu ezin duenean.

5.6. Ezin izanen da diruz lagundu zerbitzuak ematen dituen toki erakundeak finantzatutako jarduerarik, finantzatu gabeko zatian izan ezik. Hori behar bezala egiaztatu beharko da alderdien artean sinatutako hitzarmenaren bidez edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein dokumenturen bidez. Horrekin batera, erakunde laguntzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, eta, bertan, toki erakundeak jardueren zein zati finantzatzen duen zehaztuko du.

6. oinarria. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

6.1. Laguntzak emateko aurreikusitako zenbatekoak honako hauek dira:

6.1.1. 1. modalitatea. Aldi baterako harrera zentroetarako inbertsioak: 100.000 euro.

6.1.2. 2. modalitatea. Zentroen eta ostatu hartutako animalien mantentze lanak: 25.000 euro.

6.1.3. 3. modalitatea. Katu koloniak: 50.000 euro.

6.1.4. 4. modalitatea. Informazioa, prestakuntza, sentsibilizazioa eta zabalkundea: 25.000 euro.

6.2. Inbertsioei dagozkien zenbatekoak 2024ko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-7609-412202 partidaren kontura ordainduko dira ("Erakunde laguntzaile aitortuentzako laguntzak, animaliak babesteko ekintzetarako"). 100.000 euroko zuzkidura dauka partidak.

6.3. Beste jarduketa diruz lagungarri batzuei dagozkien zenbatekoak 2024ko Aurrekontu Orokorretako 710004-71300-4819-412206 partidaren kontura ordainduko dira ("Erakunde laguntzaile aitortuentzako laguntzak animaliak babesteko ekintzetarako"). 100.000 euroko zuzkidura dauka partidak.

6.4. Modalitate eta jarduketa diruz lagungarri bakoitzerako gaitutako aurrekontuko diru-izendapena agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

6.5. 2., 3. eta 4. modalitateetako batean deialdia hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiliko da gerakina, modalitate bakoitzean aurreikusitako zenbatekoaren proportzioan.

6.6. Laguntza modalitatearen arabera, honako gehieneko zenbateko hauek ezartzen dira eskatzaile bakoitzeko:

a) 1. modalitataea: 50.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.

b) 2. modalitataea: 10.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.

c) 3. modalitataea: 10.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.

d) 4. modalitataea: 10.000 euroko dirulaguntza, gehienez ere, eskatzaile bakoitzeko.

6.7. Eskabideak 9. oinarrian ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira.

7. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

7.1. Aurkezteko epea:

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Aurkezteko modua:

Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. eta 16. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez arautua), edo Nafarroako Gobernuaren Atariko zerbitzuen katalogoan (www.nafarroa.eus) deialdi honi buruzko fitxan dagoen esteka erabiliz (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Eskaerak Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalera bideratuko dira.

Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori laguntzaren fitxan lor daiteke, eta erakunde interesdunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du.

Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

7.3. Aurkeztu beharreko agiriak:

Ezarritako ereduaren arabera aurkeztutako laguntza eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak. Ziurtagiri horien ordez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzeko baimena ematen ahalko da, deialdiaren fitxako ereduaren arabera.

b) Erakundearen berariazko erantzukizunpeko adierazpena, deialdiaren fitxako ereduaren arabera, non adierazten baitu betetzen duela animalien babesari buruzko araudi erregulatzailea eta, bereziki, Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legean eta 19/2019 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duen urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuaren 73. artikuluaren a), e), f), g) eta i) apartatuetan xedatutakoa.

c) Erakundearen berariazko erantzukizunpeko adierazpena, deialdiaren fitxako ereduaren araberakoa, esaten duena ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku egoera batean ere.

d) Jarduera bererako eskatu diren beste laguntza guztien zerrenda, deialdiaren fitxako ereduaren araberakoa, adierazita eskatutako kopurua, zer administrazio edo erakunde publikori zein pribaturi eskatu zaien eta laguntza horien egoera (ukatuak, ebazteko zain, emanak eta haien zenbatekoak). Bestela, erakundeek erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, beste laguntzarik eskatu ez dutela adierazita.

e) Dirulaguntzaren ordainketaren aurrerakina eskatzen bada, deialdiaren 11.3 oinarrian xedatutakoari jarraikiz, erakunde eskatzaileak eskabidea aurkeztu beharko du, laguntzaren fitxan jasoko den ereduaren arabera.

f) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak emateko eskabidea lehen aldiz aurkezten dutenek eta banku kontuaren zenbakia aldatu dutenek bakarrik bete beharko dute kontuen eta ordainketen fitxa (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta).

Instrukzio-organoak ofizioz egiaztatuko du eskatzailea erakunde laguntzaile gisa inskribatuta dagoela Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Elkarteen eta Erakunde Laguntzaileen Erregistroan, bai eta laguntza deialdia argitaratzean oraindik ebatzi gabe dauden aitorpen eskaerak ere.

Dokumentazio horrekin batera, erakunde eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskatutako laguntza modalitatearen arabera:

7.3.1. 1. modalitatea:

a) Toki erakunde bati edo batzuei zerbitzuak hitzarmen edo kontratu baten bidez ematen bazaizkie, toki erakundeekin sinatutako lankidetza hitzarmenen edo kontratuen kopia, honako hauek zehaztuz: hitzartutako jarduera, erakunde laguntzaileari esleitzen zaizkion funtzioak, eman beharreko zerbitzuak finantzatzeko modua (zer jarduera finantzatuko diren eta nork finantzatuko dituen, argi eta garbi zehaztuta zeintzuk ordaintzen dituen toki erakundeak eta zeintzuk erakunde laguntzaileak), zerbitzuen finantzaketa justifikatzeko modua eta sinatutako hitzarmenaren edo kontratuaren indarraldia.

b) Diruz lagungarriak diren jarduketen justifikazio memoria. Bertan, kasua bada, honako hauek jasoko dira: egin beharreko obren deskribapena, eskuratu nahi den ekipamenduaren zerrenda xehatua, banakako kostuarekin batera, eta ase nahi diren premien justifikazioa, eta zentroaren gehieneko edukiera animalia motaren arabera. Memoriarekin batera, aurreikusitako jarduketen aurrekontu xehatua aurkeztuko da, deialdiaren fitxan eskura dagoen txantiloiaren arabera.

Zentroaren kokapenaren planoa edo krokisa aurkeztu beharko da, bai eta eraikuntzen, bulegoen eta sarbideen banaketa ere, edukieraren eta xedearen arabera. Zentroaren titulartasuna edo instalazioak erakunde laguntzailearen alde lagata daudela egiaztatu beharko da, jabetza tituluaren edo haren aldeko lagapen agiriaren bidez, kostu bidez edo doan.

7.3.2. 2. modalitatea:

a) Toki erakunde bati edo batzuei zerbitzuak hitzarmen edo kontratu baten bidez ematen bazaizkie, toki erakundeekin sinatutako lankidetza hitzarmenen edo kontratuen kopia, honako hauek zehaztuz: hitzartutako jarduera, erakunde laguntzaileari esleitzen zaizkion funtzioak, eman beharreko zerbitzuak finantzatzeko modua (zer jarduera finantzatuko diren eta nork finantzatuko dituen, argi eta garbi zehaztuta zeintzuk ordaintzen dituen toki erakundeak eta zeintzuk erakunde laguntzaileak), zerbitzuen finantzaketa justifikatzeko modua eta sinatutako hitzarmenaren edo kontratuaren indarraldia.

b) Diruz lagungarriak diren jarduketen justifikazio memoria. Horrekin batera, eskuratu nahi den ekipamenduaren zerrenda xehatua, horietako bakoitzaren banakako kostua, eta ase nahi diren beharren azalpena. Albaitaritza gastuak zenbatesteko, memorian jasoko da, zerbitzua ematen zaion toki erakunde bakoitzeko, zenbat txakur eta katu biltzea eta mantentzea aurreikusten den diruz lagundu daitekeen aldian, bai eta kalkulua egiteko erabilitako irizpidea ere. Horrez gain, albaitaritza tratamenduen kostua azalduko da animalia bakoitzeko. Zentroaren mantentze gastuen ildotik, diruz lagungarriak diren kontzeptuetarako aurreikusitako gastuen zenbatekoa, horiek zehazteko erabilitako irizpideak eta, hala badagokio, aurrekontuak adieraziko dira memorian. Memoriarekin batera, aurreikusitako jarduketen aurrekontu xehatua aurkeztuko da, deialdiaren fitxan eskura dagoen txantiloiaren arabera.

Zentroaren titulartasuna edo instalazioak erakunde laguntzailearen alde lagata daudela egiaztatu beharko da, jabetza tituluaren edo haren aldeko lagapen agiriaren bidez, kostu bidez edo doan.

7.3.3. 3. modalitatea:

a) Toki erakunde bati edo batzuei zerbitzuak hitzarmen edo kontratu baten bidez ematen bazaizkie, toki erakundeekin sinatutako lankidetza hitzarmenen edo kontratuen kopia, honako hauek zehaztuz: hitzartutako jarduera, erakunde laguntzaileari esleitzen zaizkion funtzioak, eman beharreko zerbitzuak finantzatzeko modua (zer jarduera finantzatuko diren eta nork finantzatuko dituen, argi eta garbi zehaztuta zeintzuk ordaintzen dituen toki erakundeak eta zeintzuk erakunde laguntzaileak), zerbitzuen finantzaketa justifikatzeko modua eta sinatutako hitzarmenaren edo kontratuaren indarraldia.

b) Diruz lagungarriak diren jarduketen justifikazio memoria. Diruz lagungarriak diren kontzeptuetarako aurreikusitako gastuen zenbatekoa eta horiek zehazteko erabilitako irizpideak eta, hala badagokio, aurrekontuak bilduko ditu. Albaitaritza gastuak zenbatesteko, memoriak jasoko da, zerbitzua ematen zaion toki erakunde bakoitzeko, zenbat katu biltzea eta zenbat albaitaritza tratamendu egitea aurreikusten den diruz lagundu daitekeen aldian, bai eta kalkulua egiteko erabilitako irizpidea ere. Horrez gain, albaitaritza tratamenduen kostua azalduko da animalia bakoitzeko, erakunde laguntzaileak bere gain hartzen dituen gastuak kontuan hartuta, toki erakunde bakoitzarekin sinatutako hitzarmenaren arabera. Memoriarekin batera, aurreikusitako jarduketen aurrekontu xehatua aurkeztuko da, deialdiaren fitxan eskura dagoen txantiloiaren arabera.

7.3.4. 4. modalitatea:

Gauzatu nahi diren informazio eta hedapen ekintzen justifikazio memoria, eta ekintza bakoitzaren gastuak, diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen eta lortu nahi diren helburuen arabera banakatuta. Memorian honako hauek zehaztuko dira: jarduketa bakoitza non eginen den, zein publikori zuzendu nahi zaion, gastuen aurrekontu zehatza eta zabaldu nahi den informazioa biltzen duen eduki osoa, erabiliko diren liburuxkak, kartelak, aurkezpenak eta abar barne. Memoriarekin batera, aurreikusitako jarduketen aurrekontu xehatua aurkeztuko da, deialdiaren fitxan eskura dagoen txantiloiaren arabera.

Diruz lagungarriak diren jarduketen edukiek bat etorri beharko dute animaliak babesteko araudiarekin. Itzulketa kausa izanen da betebehar hori ez betetzea.

7.4. Obra zibila edo instalazioak diren jarduketekin batera, inbertsioa gauzatzeko aurrekontua egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira, indarrean dagoen legeriaren arabera arlo horretan eskumena duten teknikariek idatzi eta sinatuak, bai eta memoria bat ere. Memoria horretan, laguntzaren xede diren jarduketak deskribatu beharko dira, jarduketaren aurrekari eta helburu batzuekin.

7.5. Instrukzio organoak uste badu aurkeztutako dokumentazioa osatu gabe dagoela edo argibide osagarriak behar dituela, eskatzaileari jakinaraziko dio, 10 eguneko epean argibideak eman edo beharrezko dokumentazioa aurkez dezan. Errekerimenduari erantzuten ez bazaio, edo dokumentazioa eta/edo argibideak nahikoak ez badira instrukzio organoaren iritziz, eskabidean atzera eginen da.

7.6. Eskaerak emateko 9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideak zehazte aldera, erakunde eskatzaileak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) 1. modalitatea:

–Dibulgazio eta informazio jarduerak, animaliak babestearen eta lagun egiteko animaliak modu arduratsuan edukitzearen ingurukoak, azken bi urteetan egindakoak: jarduketen kopurua, gauzatze data, lekua, erakunde betearazlea eta ekintzaren deskribapena.

–Azken bi urteetan toki erakundeekin egindako lankidetza akordioak, abandonatutako, galdutako, konfiskatutako edo babesik gabeko animaliak hartzearekin eta mantentzearekin lotutako zerbitzuak emateko: sinatutako akordioen kopurua, data, indarraldia eta zein toki erakunderekin sinatu den.

b) 2. modalitatea:

–Egindako dibulgazio eta informazio jarduerak, animaliak babestearen eta lagun egiteko animaliak modu arduratsuan edukitzearen ingurukoak: jarduketen kopurua, gauzatze data, lekua, erakunde betearazlea eta ekintzaren deskribapena.

–Azken bi urteetan toki erakundeekin egindako lankidetza akordioak, abandonatutako, galdutako, konfiskatutako edo babesik gabeko animaliak hartzearekin eta mantentzearekin lotutako zerbitzuak emateko: sinatutako akordioen kopurua, data, indarraldia eta zein toki erakunderekin sinatu den.

c) 3. modalitatea:

–Erantzukizunpeko adierazpena, non 2023an kudeatu diren katu kolonien kopurua zehaztuko den, baita zerbitzuak zein toki erakunderi eman zizkion eta kolonien izena eta/edo erregistro zenbakia ere.

–Azken bi urteetan katu kolonien arloan egindako dibulgazio eta informazio jardueren kopurua: jarduketen kopurua, gauzatze data, lekua, erakunde betearazlea eta ekintzaren deskribapena.

–Azken bi urteetan toki erakundeekin egindako lankidetza akordioak, aske baina giza ingurunearen mende bizi diren katuak kudeatzeko: sinatutako akordioen kopurua, data, indarraldia eta zein toki erakunderekin sinatu den.

d) 4. modalitatea:

–Azken bi urteetan lagun egiteko animaliak babestearen eta horiek modu arduratsuan edukitzearen, adopzioaren sustapenaren eta giza ingurunearen mendeko katu kolonien arloan egindako dibulgazio eta informazio jardueren kopurua: jarduketen kopurua, gauzatze data, lekua, erakunde betearazlea eta ekintzaren deskribapena.

–Azken bi urteetan toki erakundeekin konpainiako animaliak babesteko egindako lankidetza akordioak: sinatutako akordioen kopurua, data, indarraldia eta zein toki erakunderekin sinatu den.

Instrukzio organoak ofizioz esleituko du eskatzaileak erakunde laguntzaile gisa duen antzinatasunari dagokion puntuazioa, kontuan edukita Nafarroako Gobernuaren Animaliak Babesteko Elkarteen eta Erakunde Laguntzaileen Erregistroko inskripzio data.

8. oinarria. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duen organoa.

8.1. Deialdi honen ondorioetarako, laguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko funtzioak Abeltzaintza Zerbitzuko Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari esleitu zaizkio.

8.2. Prozedura ebazteko eskumena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiari dagokio.

9. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

9.1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutako baldintzetan; horretarako, aurkeztutako eskaerak II. eranskinean ezarritako balorazio irizpideen arabera baloratu eta alderatuko dira, haien hurrenkera ezartze aldera.

9.2. Laguntza jaso ahal izateko, erakunde eskatzaileak honako puntuazio hau lortu beharko du gutxienez modalitatearen arabera:

9.3.1. 1. modalitatea: 4 puntu.

9.3.2. 2. modalitatea: 4 puntu.

9.3.3. 3. modalitatea: 6 puntu.

9.3.4. 4. modalitatea: 4 puntu.

9.3. Eskabideei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, kontuan harturik 6.6 oinarrian finkatutako mugak:

a) Unitate kudeatzaileak lehentasun hurrenkerari jarraikiz banatuko du modalitate bakoitzari dagokion laguntza eskabideen artean, bakoitzak lortzen duen puntuazioaren arabera, partidako diru erabilgarria agortu arte.

c) 2., 3. edo 4. modalitateetako bat hutsik geratzen bada edo aurreikusitako aurrekontua agortzen ez bada, aurrekontu nahikoa ez duten programen aurrekontua handitzeko erabiliko da gerakina, 6.5 oinarrian adierazitakoaren arabera.

c) Eskabide bati ezin bazaio eskatutako kopuru osoa eman aurrekontu eskasiagatik, erakundeari eskatzen ahalko zaio eskabidea berregiteko, betiere eskabidearen xedea eta ezaugarriak errespetatuta, haren konpromisoak eta baldintzak eman ahal den dirulaguntzara egokitzeko, Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 20. bis artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

10. oinarria. Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, gehienez ere. Ebazpen hori erakunde laguntzaile eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntza honen fitxan. Hiru hilabeteko epea bukatuta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Dirulaguntzak emateari buruzko ebazpenean erakunde laguntzaile eskatzaileen zerrenda eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira, eta gainerako eskaeren ezespena, kasua bada.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

11. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

11.1. Oro har, diruz lagungarriak diren jarduketak amaitutakoan ordainduko da emandako dirulaguntza, frogagiriak aurkeztu ondoren.

11.2. Dirulaguntza justifikatzeko, erakunde onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2024ko azaroaren 15ean, beranduenez:

11.2.1. Jarduketak justifikatzeko memoria; eskatutako modalitatearen eta egindako jarduketen arabera, honako informazio hau eman beharko du:

a) 1. modalitatea: obra zuzendariak sinatutako obra amaierako ziurtagiria, hala badagokio, eta diruz lagundu daitekeen aldian egindako jarduketen justifikazio memoria, honako hauek zehaztuta: egindako jarduketak, zentroak inbertsioa egin ondoren duen edukiera animalia motaren arabera, instalazioak eta eskuratutako ekipamendua.

b) 2. modalitatea: animalien zainketarekin eta ongizatearekin zuzenean lotuta erositako ekipamendu ondasunen deskribapena, eta dirulaguntzaren xede den zentroaren mantentze gastuen banakapena, diruz laguntzen ahal den kontzeptu bakoitzari dagokion kostua barne. Animaliekin egindako jarduketen kasuan, animalia jakinekin lotutako albaitaritza gastuen banakapena, identifikazioa zehaztuta (animalia bakoitzarekin egindako albaitaritza jarduketa diruz lagungarriak eta jarduketen kostua) eta zerbitzua hitzartu duen toki erakundearen arabera multzokatuta. Horrekin batera, harrera zentrorako zerbitzuak ematen dituzten albaitarien ziurtagiria aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen txantiloiaren araberakoa. Ziurtagiri horretan, parasitoak kendu zaizkien, amorruaren aurkako txertoa ez den beste txerto bat jarri zaien edo diruz lagundu daitekeen aldian larrialdikotzat jotzen ez diren tratamenduak egin zaizkien animalien espeziea, arraza, sexua eta mikrotxip zenbakia adierazten dituen zerrenda jaso beharko da.

c) 3. modalitatea: garbiketa gastuen eta aseguruen banakapena, eta, zerbitzua hitzartu duen toki erakunde bakoitzerako, artatutako katu kolonien deskribapena, jarduketaren xede diren katuen kopurua, animalia bakoitzarekin egindako albaitaritza jarduketa, identifikazioa zehaztuta (animalia jakinen arabera banakatu behar dira diruz lagundu daitekeen albaitaritza jarduketa eta jarduketaren kostua). Horrekin batera, erakunderako zerbitzuak ematen dituzten albaitarien ziurtagiria aurkeztu beharko da, laguntzen fitxan eskura dagoen txantiloiaren araberakoa. Ziurtagiri horretan, parasitoak kendu zaizkien, amorruaren aurkako txertoa ez den beste txerto bat jarri zaien edo diruz lagundu daitekeen aldian larrialdikotzat jotzen ez diren tratamenduak egin zaizkien katuen mikrotxip zenbakia adierazten duen zerrenda jaso beharko da.

d) 4. modalitatea: egindako hedapen eta sentsibilizazio ekintzen justifikazio memoria, honako hauek adierazita: egindako jardueren deskribapena, zein publikori zuzentzen zaizkion, partaideen kopurua, jarduera bakoitzerako erabilitako eta sortutako materialak. Jarduketa motaren arabera, jarduketaren ebaluazio txostena eta jarduketaren eragina aurkeztu beharko dira.

11.2.2. Jarduketa diruz lagungarriak erreferentziako aldian egiteko beharrezkoak izan diren gastuen fakturak, eta horien ordainagiriak. Faktura elektronikoen bidez frogatzen ahalko dira gastuak, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

Horrekin batera, zerrenda bat aurkeztuko da, non jasoko baita laguntza modalitatearen eta kontzeptu diruz lagungarrien arabera taldekatutako fakturen zerrenda xehatua, dataren arabera ordenatuta eta zenbakituta, eta honako hauek adierazita: hornitzailea, IFK, faktura zenbakia, jaulkipen data, jarduketa diruz lagungarrien zenbatekoa, guztira ordaindutakoa, ordainketa data eta ordaintzeko modua, laguntzen fitxan horretarako dagoen Excel txantiloiari jarraituz.

Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, edo 40.000 eurotik gorakoa obrak egiteagatik, toki erakundeak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

11.3. Ordainketa aurreratua: salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, aurrerakin gisa, emandako dirulaguntzaren %50eko mugarekin, betiere 15.000 eurotik gorako ordainketa aurreraturik egin behar ez bada; kasu horretan, gehieneko muga hori aplikatuko da.

Erakunde laguntzaileak bi laguntza modalitate edo gehiagotan eskatzen badu laguntza, modalitateen multzoagatik emandako guztizko zenbatekoaren mugak aplikatuko dira.

Horretarako, erakundeak Lagun Egiteko eta Esperimentaziorako Animalien Atalari egin beharko dio eskaera, eta adierazi zer ordainketa mota eskatzen den (aurrerakina), eta zer zenbateko.

Aurrerakina laguntza eskaera aurkeztean eskatu behar da.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Gobernuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen elkarte onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako jarduketen kostuaren %100 baino handiagoa.

13. oinarria. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten erakunde laguntzaileek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Erakunde laguntzailearen aitorpena lortzea, deialdia argitaratzen den egunean hala aitortuta ez dauden erakundeentzat.

b) 1 eta 2 modalitatean aurreikusitako jarduketetarako laguntza eskatu bada eta lagun egiteko animalien zentroa ez badago baimenduta eta Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan erregistratuta laguntza eskatzeko unean, erakunde laguntzaileak baimena lortu beharko du eta Gune Zoologikoen Erregistroan inskribatu beharko du, inbertsioak egin dituzten lagun egiteko animalia zentro motari dagokionez. Horretarako, gehienez ere bederatzi hilabeteko epea izanen du, dirulaguntza ordaintzen den egunetik hasita, edo hiru hilabeteko epea, diruz lagundutako obrak amaitzen diren egunetik hasita, baldin eta proiektuan ageri den amaiera data geroagokoa bada.

c) Laguntza emateko oinarri diren jarduerak gauzatzea, oinarri hauetan xedatutakoaren arabera, bai eta horietan eta dirulaguntzaren ebazpenean aurreikusitako konpromisoak eta baldintzak betetzea ere. Funtsak ezin dira dirulaguntzarenak ez diren helburuetarako erabili.

d) Deialdiaren oinarrietan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

e) Hartutako funtsak dirulaguntzak emateko oinarri izan zen helbururako eta ezarritako moduan eta epeetan erabili direla frogatzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, baita zer gastu egin diren ere hartutako funtsak aplikatuz.

f) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako jarduketak onartzea.

g) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

h) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, egiaztapen eta kontrol eskumenak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

i) Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuetan jasotzea.

j) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

k) Nafarroako Gobernuak parte hartzen duela dioen testua agertzea dirulaguntza ematen denetik aurrera, diruz lagundutako jarduerei buruz idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan.

l) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

m) Oinarri arautzaile hauen ondoriozko edozein ekintzaren berri ematea eskabide orokorraren bidez.

n) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

o) Gardentasun betebeharra betetzea: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako erakundeak behartuta daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko beren sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf

Aurreko apartatuan ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez denen batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Behar denean, dirulaguntza ematen den ekitaldian erakundearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharrak dituzten erakunde onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita:

–Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Erakundeak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren erakundeen kasuan, haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa izanen da informazioa.

–Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza funtzioetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion_cas_eus.pdf

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas_eus.pdf

Erakundeak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, erakundeak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen informazioa, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

Dirulaguntza ordaindu baino lehen, erakunde onuradunek gardentasunaren gainean ezarritako informazio betebehar eta xedapenak bete beharko dituzte, hain zuzen, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoak. Horretarako, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen betebeharrei buruzko agiria bete beharko dute, VI. eranskinean dagoena. Foru dekretu honen 3. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, 7. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen dira.

14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Erakunde onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, eta, hala badagokio, jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze interesak ordaindu ere, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eskatzen ahal diren erantzukizunak.

Nolanahi ere, erakunde onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

14.2. Dirua itzultzeko berariazko kausa izanen da laguntza 1. eta 2. modalitateetan lortu duen erakunde laguntzaileak Nafarroako Gune Zoologikoen Erregistroan lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro gisa inskribatzeko eta baimena lortzeko duen betebeharra ez betetzea, dirulaguntza ordaindu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita bederatzi hilabeteko epean gehienez, edo, hala badagokio, obra amaitu eta hurrengo hiru hilabeteko epean, aurkeztutako obra proiektuan hala zehaztu bada.

14.3. Dirua itzultzeko berariazko kausa izanen da laguntza 4. modalitatean lortu duen erakunde laguntzaileak dibulgazio eta informazio jardueren edukia animalien babesaren arloan indarrean dagoen araudian xedatutakora egokitzeko betebeharra ez betetzea.

14.4. Halaber, dirua itzuli egin beharko da, baldin eta erakunde laguntzaileak dirulaguntzaren ordainketa aurreratua jaso badu eta azken ordainketa hori azkenean justifikatutako jarduketen zenbatekoa baino handiagoa izan bada; kasu horretan, dagokion berandutze interesa aplikatuko da ordainketaren egunetik aurrera.

14.5. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluari jarraikiz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

15. oinarria. Arau hausteak eta zehapenak.

Arau hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

17. oinarria. Araudi gehigarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA.–ESKAERAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak, laguntza zein modalitatetan eskatzen den horren arabera:

1.–1. modalitatea. Lagun egiteko animaliak aldi baterako hartzeko zentro propioak sortzeko edo hobetzeko inbertsioak:

1.1. Erakunde laguntzailearen antzinatasun urteak: 1 puntu urte bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.

1.2. Azken bi urteetan lagun egiteko animalien babesaren eta horiek modu arduratsuan edukitzearen arloan egindako dibulgazio eta informazio jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 10 puntu.

1.3. 2022an eta 2023an toki erakundeekin sinatutako lankidetza akordioak, abandonatutako, galdutako, konfiskatutako edo babesik gabeko animaliak biltzearekin eta mantentzearekin lotutako zerbitzuak emateko: 1 puntu sinatutako hitzarmen bakoitzeko; gehienez 10 puntu.

2.–2. modalitatea. Zentro propioa eta bertan ostatatuta dauden animaliak mantentzeko jarduketak:

2.1. Erakunde laguntzailearen antzinatasun urteak: 1 puntu urte bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.

2.2. Azken bi urteetan lagun egiteko animalien babesaren eta horiek modu arduratsuan edukitzearen arloan egindako dibulgazio eta informazio jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 10 puntu.

2.3. 2022an eta 2023an toki erakundeekin sinatutako lankidetza akordioak, abandonatutako, galdutako, konfiskatutako edo babesik gabeko animaliak biltzearekin eta mantentzearekin lotutako zerbitzuak emateko: 1 puntu sinatutako hitzarmen bakoitzeko; gehienez 10 puntu.

3.–3. modalitatea. Katu koloniekin zerikusia duten jarduketak:

3.1. Erakunde laguntzailearen antzinatasun urteak: 1 puntu urte bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.

3.2. Azken bi urteetan katu kolonien arloan egindako dibulgazio eta informazio jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 10 puntu.

3.3. 2022an eta 2023an toki erakundeekin sinatutako lankidetza akordioak, katu koloniei arreta emateko: 1 puntu sinatutako hitzarmen bakoitzeko; gehienez 10 puntu.

3.4. 2023an artatutako katu populazioen kopurua: 0,5 puntu katu populazio bakoitzerako; gehienez 10 puntu.

4.–4. modalitatea. Lagun egiteko animalien babesa eta horiek modu arduratsuan edukitzea bultzatzeko sustapen eta hedapen jarduerak:

4.1. Erakunde laguntzailearen antzinatasun urteak: 1 puntu urte bakoitzeko; gehienez ere 5 puntu.

4.2. Azken bi urteetan lagun egiteko animalien babesaren, horiek modu arduratsuan edukitzearen eta katu koloniak kontrolatzearen arloan egin diren dibulgazio eta informazio jarduerak: 1 puntu eginiko jarduera bakoitzeko; gehienez ere 15 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2409701