140. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

238E/2024 EBAZPENA, ekainaren 4koa, Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusiak emana, Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken 2024-2025eko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 766865.

Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken deialdia Nafarroako Nazioarteko Planaren barnean kokatzen da; izan ere, plan horrek bilatzen du Nafarroako herritarrak gai izan daitezela ingurune global batean arlo pertsonalean eta profesionalean garatzeko dauden aukerak aprobetxatzeko. Gainera, Nafarroako Foru Komunitatea nazioartekotzen laguntzeko funtsezko tresna da, eta zuzenean bat egiten du Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin (S4).

Beken xedea da Nafarroako tituludunek prestakuntza eta esperientzia profesionala lortzea Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako entitateetan praktikak eginez, hori lagungarri izan dakien lan bizitzara sartzeko eta etorkizunean Nafarroako enpresak nazioarteratzen lagun dezaten.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken 2024-2025eko deialdia onestea.

2. Bekak emateko oinarri arautzaileak eta destinoko herrialdeei dagozkien beken zenbatekoak onestea, ebazpen honen eranskinetan ageri direnak.

3. 250.000 euroko gastua baimentzea, egungo aurrekontuan dagoen "Nazioarteko praktikak" izeneko 810003 81400 4809 146100 partidaren baliokidea izanen eta 2025eko aurrekontuan gaituko den partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago aipatu ekitaldian.

Halaber, 100.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko beketarako aplikatzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Zenbateko gehigarri hori eraginkortasunez erabili ahal izateko kreditu gehigarria baimendu beharko da, artikulu horretan ezarritako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko ekainaren 4an.–Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia, Iñigo Arruti Torre.

1. ERANSKINA.–EUROPAR BATASUNETIK KANPOKO HERRIALDEETAN PRAKTIKAK EGITEKO BEKEN 2024-2025EKO DEIALDIKO OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Beken helburua da tituludun berriek prestakuntza praktikak egitea Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan dauden nortasun juridikodun erakundeetan (enpresak, ikerketa zentroak, GKEak, enbaxadak, kontsuletxeak, Espainiako Turismo Institutuaren bulegoak, Espainiak atzerrian dituen ekonomia eta merkataritza bulegoak eta merkataritza ganberak), diziplina anitzeko nazioarteko taldeetan beren lanbide eta lan gaitasunak hobetzeko asmoz, hezkuntza sistematik lan bizitzara errazago pasa daitezen.

2. oinarria.–Bekak entitate laguntzaileen bidez kudeatzea.

Jarraian adierazten diren entitate laguntzaileen bidez kudeatuko dira beka hauek; izan ere, Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du haiekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

–Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa eta Nafarroako Unibertsitatearen Praktiken eta Enpleguaren Zerbitzua, unibertsitateko titulua duten pertsonen kasuan.

–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiko Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzua, goi mailako Lanbide Heziketako titulua duten pertsonen kasuan.

Entitate horiek interesdun guztiei emanen diete zerbitzua, kontuan izan gabe ikasketak non egin dituzten.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Beka eskatzeko unean baldintza hauek betetzen dituzten pertsonek jasotzen ahalko dute beka:

a) Adinez nagusia izatea eta 30 urte beteak ez izatea 2024ko urtarrilaren 1ean.

b) Nafarroarekin lotura izatea, Nafarroan jaioa izateagatik, foru izaera zibila izateagatik edo Nafarroan erroldatua egoteagatik deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino urtebete lehenagotik, gutxienez, edo aurreko hamar urteetan bost urtez etenik gabe erroldaturik egoteagatik. Hori frogatzeko, erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

c) Unibertsitateko titulu bat edo goi mailako Lanbide Heziketako titulu bat izatea.

d) Ikasketak bukatu ondoren, praktikak atzerrian egiteko beka bat jaso ez izana.

e) Nafarroako Gobernuak aurreko deialdietan emandako nazioarteko praktiketarako beka bati uko egin ez izana, ezinbesteko arrazoiengatik izan ez bada.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten online prestakuntza planean aurrez izena eman izana, titulua non eskuratu den kontuan hartu gabe.

g) Europar Batasunetik kanpoko herrialde bateko nortasun juridikodun erakunde batek bere egoitzan praktikak egiteko hautatu izana. Praktika horiek bitarteko propioen bidez lor daitezke, edo entitate laguntzaileen eskaintzen bidez.

h) Bekaren xede diren jarduerak helmugako herrialdean egitearekin bateraezina den gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Beka eskatzeak berekin dakar baimena ematea dirulaguntza ematen duen organoari, zuzenean eskura ditzan eskatzaileak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri telematikoak, egiaztatzearren desgaitua ote dagoen dirulaguntzak eta laguntzak jasotzeko, eta, orobat, kontsultatzearren eskatzailearen identitateari buruzko datuak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak eta nortasuna egiaztatzeko agiriak.

2. Oinarri honetako 1. ataletako d), e), h) eta i) letretako baldintzak egiaztatzeko, eskaera-orriaren barneko erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da. Gainerako baldintzak egiaztatzeko, 6. oinarrian adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.

4. oinarria.–Beken baldintzak: zenbatekoa, iraupena eta lan harremanik eza.

1. Prestakuntza bekaren diru-zenbatekoa gastu hauek estaltzeko erabiliko da: egonaldia, bidaia, bisak eta istripuetarako, bidaiarako, osasun laguntzarako eta erantzukizun zibilerako nahitaezko aseguru bat. Beka bakoitzaren diru-zenbatekoa deialdiaren 2. eranskinean destinoko herrialdearen arabera adierazitakoa da.

2. Praktiken iraupena 6 hilabetekoa izanen da gutxienez, eta bekek estaliko duten gehieneko aldia ere 6 hilabetekoa izanen da. Bekadunek hamaika egun balioduneko baimena izanen dute praktikaldiko sei hilabeteko.

3. Beka jasotzeak ez du lan harremanik sortuko destinoko entitateekin, eta ez du inolako konpromisorik ekarriko aurrerantzean onuraduna plantillan sartzeko.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2024ko irailaren 30ean bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak aurkeztu baino lehen, berrikusi egin beharko ditu entitate laguntzaileetako batek (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak edo Nafarroako Unibertsitatearen Praktiken eta Enpleguaren Zerbitzuak, unibertsitateko titulua duten pertsonen kasuan, edo Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako Zuzendaritza Nagusiko Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuak, goi mailako Lanbide Heziketako titulua duten pertsonen kasuan), deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela bermatze aldera.

3. Eskaera bakarra aurkezten ahalko da parte-hartzaile bakoitzeko.

4. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/becas-para-realizar-practicas-en-paises-extracomunitarios-2024-2025 (aurrerantzean, beken fitxa).

5. Bekak eskatzeko prozesuan, eskatzaileek bete beharko dituzte eskatzailearen datuak eta erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko 3.1 oinarriko f), g), h) eta i) letretan ezarritako baldintzak betetzeari buruzkoa.

6. oinarria.–Bekak eskatzeko dokumentazioa.

1. Eskabide telematikoarekin batera, honako agiri hauek aurkeztuko dira (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin):

a) Nafarroan jaioa izan ezean, Nafarroan erroldatua izatearen ziurtagiria edo foru izaera zibila izatearena.

b) Unibertsitateko titulua edo goi mailako Lanbide Heziketakoa.

c) Ikasketa-espediente ofiziala, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.

d) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten prestakuntza planean aurrez izena eman duela frogatzen duen agiria.

e) Prestakuntza praktikak eginen diren Europar Batasunetik kanpoko herrialdeko entitateak onartu izanaren egiaztagiria.

f) Egin beharreko praktikei buruzko txostena: entitatea, kokalekua, hasteko eta bukatzeko egunak, egin beharreko zereginen deskripzio zehatza, laguntza poltsa (hala badagokio), tutorea eta gainerako alderdi garrantzitsuak.

g) Baimenik ematen ez badu organo emaileak egiazta ditzan:

I. Nortasun agiri nazionalaren edo agiri baliokidearen fotokopia.

II. Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Ezin izanen dira zuzendu entitate laguntzaileek berrikusi gabeko eskaerak.

7. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.

1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat. Eskatzaileen bi zerrenda prestatuko dira, bata unibertsitateko titulazioa dutenentzat, eta bestea goi mailako Lanbide Heziketakoentzat. Aurrekontu-zuzkidura 225.000 eurokoa eta 25.000 eurokoa da, hurrenez hurren.

Beken zenbatekoa honela kalkulatuko da: zerrenda bakoitzean baloraziorik handiena lortu duten eskaerei bekaren zenbatekoa aplikatuko zaie, 4. oinarrian ezarritakoaren arabera, horretarako dagoen aurrekontu-kreditu erabilgarria agortu arte.

Zerrenda bateko eskaera guztiei erantzun ondoren kreditu erabilgarria baldin badago, beste zerrendako eskaerei erantzuteko erabiltzen ahalko da, lehentasunaren hurrenkeraren arabera.

2. Eskaerak baloratzeko irizpideak honako hauek izanen dira, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira:

a) Ikasketa-espedientea (gehienez ere 30 puntu, lortutako batez besteko notarekiko proportzioan esleituak). Horren ondorioetarako, titulu bat baino gehiago izanez gero, praktikarekin zerikusia dutenen artetik batez besteko notarik handiena duena hartuko da aintzat.

b) Zer neurritan egokitzen zaizkion eginen diren praktikak eskatzailearen profil profesionalari (gehienez ere 60 puntu).

Baloratuko da destinoko entitatean egin beharreko lanak, praktikei buruzko txostenean azaltzen direnak, bat etortzea eskatzailearen titulazioarekin. Gauzak horrela:

–0 puntu emanen dira praktika ez badator bat titulazioaren profil profesionalarekin (egin beharreko lanen %25 baino gutxiago).

–30 puntu, bat-etortzea nolabaitekoa bada (egin beharreko lanen %25 eta %75 artean).

–Eta 60 puntu, neurri handian horrekin bat badator (egin beharreko lanen %75 baino gehiago).

c) 10 puntu emanen dira praktikak Nafarroako enpresa batek Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean duen egoitza batean egiteagatik.

3. Berdinketa egonez gero, lehentasuna emanen zaio onuradun guztien artean ordezkaritza txikiena duen sexuko pertsonari. Berdinketak jarraitzen badu, hori zozketa bidez ebatziko da.

8. oinarria.–Bekak ematea.

1. Bekak kudeatzen dituen organoak, hots, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak, aurreko oinarrian ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek bekak lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresen Sustapenerako zuzendari nagusia da bekak emateari buruz ebazteko organo eskuduna.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, beka jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Era berean, honakoa jasoko da:

a) Onuradunaren datuak, destinoko herrialdea eta praktikak egiteko erakundea.

b) Bekaren diru-zenbatekoa.

3. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.

4. Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago dirulaguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

5. Beka eman ondoren, onuradunen batek bekari uko egiten badio eta, horregatik, kreditu nahikoa libratzen bada, kreditu hori erabiltzen ahalko da, ezarritako lehentasun-ordenari jarraikiz, aurrekontu aski ez izateagatik ezetsitako eskabideei beka emateko, betiere garaiz baldin badaude 2025eko maiatzaren 15a baino lehen hasteko praktikaldia.

9. oinarria.–Beka aldatzea ekar dezaketen inguruabarrak.

Bekaduna hartuko duen entitatearen beharrak direla-eta praktika egiteko lekua aldatzea proposatzen bada, praktikaren edukia aldatu gabe, eta bekadunak aldaketa hori onartzen badu, beka emateko ebazpena aldatuko da destino berriari dagokion poltsaren zenbatekora egokitzeko, betiere aurrekontuan dirua badago.

Era berean, ohiz kanpoko egoeretan (bekaduna hartzen duen entitateak jarduera etetea, entitate horrek baldintzak ez betetzea edo Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak baloratu beharreko ezinbesteko beste arrazoi batzuk), bekadunak zilegi izanen du antzeko ezaugarriak dituen beste praktikaldi bat eskatzea, baldin eta praktika alternatiboren bat baldin badago.

10. oinarria.–Justifikazioa eta bekaren ordainketa.

Bekaren zenbatekoa honela ordainduko da:

1. Bekaren %30 praktikaldia hasi baino lehen ordainduko da, bidaiako eta destinoan ostatu hartzeko hasierako gastuak estaltzeko, ezer ere justifikatu beharrik gabe.

2. Praktikaldiko hasierako 5 hilabeteetako bakoitzaren bukaeran, bekaren %10 adinako ordainketak eginen dira, ezer ere justifikatu beharrik gabe.

3. Eta gainerako %20a bekaren xedeko praktikaldia bukatutakoan (6 hilabete) ordainduko da, honako frogagiri hauek aurkeztu eta gero:

a) Harrerako entitatean egindako lanei buruzko memoria.

b) Atzerrian praktikak egiteko online prestakuntza plana burutu izanaren ziurtagiria.

c) Harrerako entitatearen ziurtagiria, frogatzen duena prestakuntza praktikak ongi bete direla, hasierako eta bukaerako datak adierazita.

d) Eraginkortasun adierazleen 1. galdetegia, beken fitxan eskuratu daitekeena.

Aipatutako dokumentazioa gehienez 10 egun balioduneko epean aurkeztu beharko da, praktika amaitzen denetik hasita, modu telematikoan, beken fitxaren bidez.

Justifikazioa ezin bada beken fitxaren bidez egin, practicasinternacionales@navarra.es helbide elektronikora bidali beharko da.

Ordaindu beharreko zenbatekoetatik PFEZaren eta Gizarte Segurantzaren atxikipenak kenduko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Prestakuntza beka hauen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Beka onartzen dela jakinaraztea, hilabeteko epean eman dela jakinarazten denetik, mezu bat igorrita practicasinternacionales@navarra.es helbide elektronikora. Jakinarazpen hori egin ezean, beka kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Destinoko herrialdera joan baino lehen, istripuetarako, bidaiarako, osasun laguntzarako eta erantzukizun zibilerako aseguru bat izenpetzea.

c) Atzerrian praktikak egiteko online prestakuntza programa egitea, bi unibertsitateek ematen dutena.

d) Destinoko entitatean praktikak egiten hastea 2025eko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitartean, eta prestakuntza praktikak egitea sei hilabetez gutxienez. 8.5 oinarriko kasuan, 2025eko maiatzaren 15a baino lehen hasi beharko dute praktikak egiten. Onuradunak jakinarazi egin beharko du zer egunetan hasiko duen praktikaldia, mezu bat igorrita practicasinternacionales@navarra.es helbide elektronikora.

e) Jabetza intelektual edo industrialari buruzko araudiarekin bat babestu beharreko edozein emaitza jakinaraztea praktikak egiten diren entitateari.

f) Prestakuntza beka zein entitatetan egiten den, hango ordutegia, arauak eta diziplina betetzea.

g) 10.3 oinarrian bekaren azken zatia ordaintzeko adierazten diren frogagiriak aurkeztea 10 egun balioduneko epean, praktikaldia bukatzen denetik hasita.

h) Beken fitxan eskura dauden eraginkortasun adierazleen bi galdetegiak aurkeztea: 1. galdetegia, praktikak bukatutakoan (frogagiriekin batera), eta 2. galdetegia, berriz, praktikak bukatu eta sei hilabete igarota.

i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, beka behar bezala aprobetxatu ezik edo praktikaldia egiten den entitateak kontrako txostena emanez gero, emandako beka kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Orobat, aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko bekaren zenbatekoa berriro ere doitzen ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Prestakuntza programa utziz gero Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren iritziz justifikatua dagoen arrazoi bategatik, bukatu gabe utzitako prestakuntzaldiari dagokion zenbatekoaren zati proportzionala itzuli beharko da eta/edo hori kobratzeko eskubidea galduko da.

12. oinarria.–Beken bateragarritasuna.

Deialdi honetako bekak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste beka batzuekin.

Deialdi honetako prestakuntza bekak bateragarriak dira harrerako entitateek praktikak egiteagatik ematen dituzten laguntzekin, halakorik bada.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Beken eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko beken fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta beka hauek emateko prozesuan beharrezkoak diren komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak emandako helbide elektronikoaren bitartez.

14. oinarria.–Emandako beken publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, beka zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Beka hauen onuradunen zerrenda beken fitxan ere argitaratuko da: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/becas-para-realizar-practicas-en-paises-extracomunitarios-2024-2025.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

2. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA BEKEN ZENBATEKOA, EUROPAR BATASUNETIK KANPOKO DESTINOKO HERRIALDEAREN ARABERA

HERRIALDEA

BEKAREN ZENBATEKOA

Angola

15.260 euro

Saudi Arabia

14.735 euro

Aljeria

10.220 euro

Argentina

11.655 euro

Australia

14.875 euro

Bolivia

9.065 euro

Brasil

9.905 euro

Kamerun

14.735 euro

Kanada

11.008 euro

Txile

10.045 euro

Txina

12.110 euro

Kolonbia

8.785 euro

Hego Korea

11.445 euro

Boli Kosta

11.550 euro

Costa Rica

10.765 euro

Kuba

12.530 euro

Ekuador

9.765 euro

Estatu Batuak (ekialdeko kosta)

15.208 euro

Estatu Batuak (New York)

17.500 euro

Estatu Batuak (mendebaldeko kosta)

16.555 euro

Estatu Batuak (erdialdea)

15.540 euro

Egipto

10.150 euro

El Salvador

11.725 euro

Arabiar Emirerri Batuak

14.770 euro

Etiopia

11.550 euro

Filipinak

9.590 euro

Ghana

13.055 euro

Guatemala

10.990 euro

India

9.713 euro

Indonesia

9.975 euro

Japonia

14.980 euro

Jordania

10.745 euro

Kazakhstan

9.765 euro

Kenya

10.955 euro

Libano

11.515 euro

Malaysia

8.960 euro

Maroko

9.205 euro

Mexiko

10.815 euro

Nigeria

14.000 euro

Norvegia

13.405 euro

Zeelanda Berria

12.390 euro

Panama

11.480 euro

Paraguai

9.450 euro

Peru

9.100 euro

Qatar

15.995 euro

Erresuma Batua

15.190 euro

Dominikar Errepublika

10.395 euro

Senegal

9.555 euro

Serbia

7.770 euro

Singapur

15.015 euro

Hegoafrika

9.590 euro

Suitza

15.960 euro

Thailandia

8.995 euro

Taiwan

11.970 euro

Tunisia

9.100 euro

Turkia

8.558 euro

Uruguai

11.025 euro

Vietnam

9.555 euro

Zerrendan agertzen ez diren herrialdeen kasuan, banakako kalkulua eginen da.

Iragarkiaren kodea: F2409337