14. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

429E/2023 EBAZPENA, abenduaren 20koa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita I+G proiektu estrategikoak egiteko laguntzen 2024-2027 deialdia. BDNS identifikazioa: 734797.

Laguntza hauen bidez eragin handiko proiektuak sustatu nahi dira, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategian (S4) identifikaturiko sektoreekin lerrokatuak eta, gainera, zerikusia dutenak "Horizon Europe" programarekin (ikerketaren eta berrikuntzaren arloko Europar Batasunaren esparru programa 2021-2027 aldirako).

Nafarroako Gobernuak 2023ko azaroaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez baimendu zuen deialdi honetarako behar diren urte anitzeko gastu konpromisoak hartzea, baita aurretiazko tramitazioa ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. I+G proiektu estrategikoak egiteko laguntzen 2024-2027 aldirako deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Honako gastu hau baimentzea (baldin eta 2024tik 2027ra bitarteko urteetako Nafarroako aurrekontu orokorretan kreditu nahikoa badago):

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

820005 82600 7701 467310 Nafarroako I+G S4 proiektu estrategikoetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF 2021-2027 PO

2025

1.800.000

2026

5.700.000

2027

5.250.000

820005 82600 7701 467310 [PEP: E-22-000515-01] Nafarroako I+G S4 proiektu estrategikoetarako dirulaguntzak. Nafarroako EGEF 2021-2027 PO

2025

600.000

2026

1.900.000

2027

1.750.000

GUZTIRA: 17.000.000 euro

2025

2.400.000

2026

7.600.000

2027

7.000.000

Era berean, zenbateko gehigarri bat ezartzen da, 2.000.000 eurokoa gehienez ere, edozein urterokotan baliatzen ahalko dena. Ez da beharrezkoa izanen beste deialdi bat egitea zenbateko hori dirulaguntzak emateko orduan erabiltzeko. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik.

4. Baimendutako gastua honela banatuko da erronken artean:

1. erronka (VOLTA VIII)

2.200.000 euro

2. erronka (AERO VIII)

2.200.000 euro

3. erronka (GEMA VIII)

2.200.000 euro

4. erronka (ALPES VII)

2.200.000 euro

5. erronka (IRIS VI)

2.200.000 euro

6. erronka (IDEA VI)

1.600.000 euro

7. erronka (SIBERIA VI)

2.200.000 euro

8. erronka (ZIRKULAR II)

2.200.000 euro

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko abenduaren 20an.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Laguntza hauen xedea da I+G proiektuak egin daitezen sustatzea (industria-ikerketaren eta garapen esperimentalaren alorrean), gizarteak dituen erronketako batzuei konponbide berritzaileak emateko. Proiektuak Nafarroarentzat estrategikotzat joko dira lerrokaturik egoteagatik S4 estrategiarekin (Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia) eta "Horizon Europe" programarekin (ikerketaren eta berrikuntzaren arloko Europar Batasunaren esparru programa 2021-2027 aldirako).

Azken batean, teknologia berrien garapena sustatu nahi da, eta haien bitartez produktu, prozesu eta zerbitzu berriak sor daitezela. Halaber, ezagutzaren transferentzia bultzatu nahi da enpresen eta SINAIko (Nafarroako I+G+b Sistemako) exekuzioko eragileen artean, I+G proiektuak elkarrekin eginen baitituzte.

Deialdi honetan erronka hauek hautatu dira diruz lagundu beharreko proiektuen esparru izan daitezen (erronka bakoitzaren deskribapena dago laguntzen fitxan):

1. erronka: Mugikortasun jasangarria eta konektatua (VOLTA VIII).

2. erronka: Energia berdearen industria (AERO VIII).

3. erronka: Medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak (GEMA VIII).

4. erronka: Elikadura osasungarria eta jasangarria (ALPES VII).

5. erronka: Berrikuntza digitala S4 sektoreetan (IRIS VI).

6. erronka: Ideia disruptibo berri eta aplikatuak (IDEA VI).

7. erronka: Bioteknologiako soluzio berritzaileak (SIBERIA VI).

8. erronka: Ekonomia zirkularra (ZIRKULAR II).

1. erronkako eta 2. erronkako proiektuek Europar Batasunaren finantzaketa jaso dezakete Nafarroako EGEF 2021-2027 programaren bitartez, %40ko finantzaketa tasarekin.

4. erronkako proiektuetarako dirulaguntza Nafarroak Nekazaritzako Elikagaien Plan Osagarria finantzatzeko egiten duen ekarpenaren parte da. Plan hori apirilaren 19ko 287/2022 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. 2. erronkako proiektuetarako dirulaguntza, berriz, Nafarroak Energiaren eta Hidrogeno Berdearen Plan Osagarria finantzatzeko egiten duen ekarpenaren parte da. Plan hori azaroaren 16ko 991/2021 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Instituzioak eraldatzea eta zientzia, teknologia eta berrikuntza sistema nazionalaren gaitasunak indartzea helburu duen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEP) 17. osagaiaren parte dira autonomia erkidegoekin baterako plan osagarriak.

2. oinarria. Onuradunak.

1. Proiektu estrategikoa egiteko partzuergoa osatzen duten entitate guztiak izanen dira laguntzen onuradun. Honako entitate hauek izaten ahalko dira:

a) Enpresak.

Haien neurria zehazteko, kontuan hartuko da ezarrita dagoena 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean, enpresa txiki eta ertainaren definizioan. Kategorien araberako Salbuespenari buruzko Erregelamendu Orokor horren bidez zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

b) SINAIko (Nafarroako I+G+b Sistemako) exekuzioko eragileak, halakotzat egiaztaturik daudenak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariaren otsailaren 28ko 2E/2020 Foru Aginduak araututako erregistroan (hemendik aurrera, SINAIko eragileak).

Dena dela, eragile horiek onuradun gisa jasotzen duten laguntza haien jarduera ez-ekonomikoetara bideratuko da, Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Esparruaren (2014/C 198/01) 2.1.1 atalean ezarritako moduan.

c) Lehentasunezko elkarteak (LE), ekainaren 27ko 550/2014 Errege Dekretuan definituta daudenak (2014ko 173. Estatuko Aldizkari Ofiziala, uztailaren 17koa), baldin eta 4. erronkako proiektuetan parte hartzen badute.

2. Onuradun izateko, laguntza eskatzen duten entitateek betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Nafarroan lantokia izatea eta lantoki horretan garatzea diruz lagundutako proiektua.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku-kasuetan ez egotea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskatzaileak baimena ematen dio departamentuari hura frogatzen duten datuak dirulaguntzaren gaineko ebazpen proposamena ematen denean begiratzeko. Eskatzaileak berariaz uko egiten badio baimen hori emateari, betebehar horietan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta 2019/2088 (EB) Erregelamendua (Taxonomiari buruzko Erregelamendua) aldatzen du.

Baldintza hori betetzen dela egiaztatuko da laguntza-eskaerari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

e) Enpresa bada, Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik edo inskripzioa eskatuta egon beharko du, hala badagokio Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak Nafarroako Industria Erregistroa sortzeko apirilaren 30ean emandako 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.

f) SINAIko eragilea bada eta jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak egiten baditu, bi jarduera mota horiek eta bakoitzaren kostuak eta finantzaketa argi bereizten dituen kontabilitatea izan beharko du.

3. Betekizun horiek proiektua justifikatzeko aldia amaitu arte (2027ko apirilaren 1era arte) bete behar dira, eta laguntzen eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

4. Ezin izanen dira 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran aurreikusitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskabidearekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta egiaztagiri hori eskuratu eta berehala aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

5. Ezin dira onuradun izan:

a) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende dauden entitateak, Europako Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu erkidearekin bateraezintzat jo ondoren; ez eta, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan definitzen den gisan, krisian dagoen enpresatzat sailkaturik daudenak ere.

b) "Krisian dauden enpresak", Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. puntuan ezarritako definizioaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

Halaber, deialditik kanpo geldituko dira aipaturiko erregelamenduaren 1. artikuluan ezarritako sektore eta baldintzetan diharduten entitateak.

3. oinarria. Partzuergoaren baldintzak.

1.–Proiektu estrategikoa garatzen duen partzuergoak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.1. Osaera.

Gutxienez elkarren artean independenteak diren hiru entitatek osatuko dute partzuergoa, eta beharrezkoa izanen da bi enpresak edo gehiagok parte hartzea, eta enpresa horietako bat gutxienez enpresa txikia edo ertaina (ETEa) izatea.

1.2. Partaidetza.

Honako hau izanen da partzuergoa osatzen duten entitateen partaidetza:

a) Enpresek eta SINAIko eragileek parte hartzen badute partzuergoan, enpresen partaidetza handiagoa izanen da proiektuaren kostu diruz lagungarrien %60 baino. 3. erronkako proiektuetan ez da exijitzen ahalko baldintza hori betetzea.

b) 3. erronkako proiektuetan, gutxienez Nafarroako ospitale edo klinika batek parte hartu beharko du.

1.3. Benetako lankidetza.

Beharrezkoa izanen da proiektuak partzuergoko entitateen arteko benetako lankidetzan egitea. Ondorio horietarako, kontuan hartuko da 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 90. apartatuko definizioa ("Benetako lankidetza").

1.4. Koordinazioa eta lidergoa.

Proiektuan parte hartzen duten enpresetako bat arituko da koordinazioan eta lidergoan. 3. erronkako proiektuetan ez da exijitzen ahalko baldintza hori betetzea.

2.–Baldintza horiek proiektua justifikatzeko aldia amaitu arte (2026ko apirilaren 1era arte) bete beharko dira. Bestela, proportzionaltasun printzipioaren arabera itzuli beharreko dirulaguntza zatia itzuliko da.

4. oinarria. Proiektu estrategikoen betekizunak.

1. "Industria-ikerketako" eta "garapen esperimentaleko" proiektuak izanen dira laguntza hauen xede, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 85. eta 86. apartatuetako definizioen arabera.

Proiektu horiek Nafarroarentzat estrategikotzat joko dira lerrokaturik egoteagatik S4 estrategiarekin (Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategia) eta "Horizon Europe" programarekin (ikerketaren eta berrikuntzaren arloko Europar Batasunaren esparru programa 2021-2027 aldirako).

2. Proiektuek 1.000.000 eurotik gorako aurrekontu diruz lagungarria izan beharko dute, laguntzak kudeatzen dituen organoak oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaren arabera zehaztua.

Proiektua amaitutakoan justifikatzen den gastua hori baino txikiagoa bada, proportzionaltasun printzipioaren arabera itzuli beharreko dirulaguntza zatia itzuliko da.

3. Proiektu bat aurkezten den 1. oinarriko erronka bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da.

4. Proiektuak ez dira diruz lagungarriak izanen baldin eta haien jarduerak kalte nabarmena eragiten badie Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduko 17. artikuluan aipatutako ingurumen arloko objektuei (erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da). Besteak beste:

–Petrolio gordineko findegiak eraikitzeko jarduerak, karbonozko zentral termikoak eta petrolioa edo gas naturala erauztea dakarten proiektuak eraikitzea, horrek kalte egiten baitio klima-aldaketa arintzeari buruzko helburuari.

–Erregai fosilekin lotutako jarduerak. Horien barnean izanen dira, batetik, ondorengo erabilera, salbu eta elektrizitatea edo beroa sortzeko erabiltzen direnean, eta bestetik, lotutako garraio- eta banaketa-azpiegitura, gas naturala erabilita.

–EBko isurketa eskubideen salerosketa araubideko (RCDE) jarduerak eta aktiboak, aurreikusten bada sortuko dituzten berotegi efektuko gasen isuriak ez direla egonen dagokien erreferentziako parametroetatik behera. Isurketa-eskubideen doako esleipenerako ezarritako erreferentzia-parametroak, isurketa-eskubideen merkataritza-araubidearen aplikazio-eremuan inskribatzen diren jarduerei dagokienez, Batzordearen 2021/447 (EB) Betearazpen Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

–RCDEaren zeharkako kostuen konpentsazioa.

–Hondakindegiekin, erraustegiekin eta tratamendu mekaniko biologikoko instalazioekin lotutako jarduerak.

–Hondakinak epe luzera ezabatzeagatik ingurumenari kalte egiten ahal dioten jarduerak.

5. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

1. Hauek izanen dira proiektuko gastu diruz lagungarriak:

a) Pertsonal-gastuak (ikertzaileak, teknikariak eta laguntzaileak), proiektuan zuzenean aritzen diren neurrian eta denbora horretan.

Gastu horiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Gehienez ere 40 euroko dirulaguntza emanen da ordu bakoitzeko.

–Kudeaketa administratibo eta finantzarioan aritzen diren langile propioak identifikatuko dira eta haien ordu dedikazioa zehaztuko da. Administrazio- eta finantza-kudeaketarako diruz laguntzekoa den guztizko gastua ez da 3.000 eurotik gorakoa izanen urteko. Partzuergoko liderra bada, zenbateko hori 4.000 eurora arte handitu ahal izanen da urteko.

–Proiektua gauzatuko duten langileak kontratatzeko garaian, onuradunak kontuan hartu beharko du zenbat emakume eta zenbat gizon dauden lantaldean, eta saiatuko da bi sexuen ordezkaritza parekidea edo orekatua ezartzen (%40 eta %60 bitartekoa).

–Erakunde publikoetako pertsonal-gastuei, oinarri honetako 2. apartatuan ezarritakoa aplikatuko zaie.

b) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk. Material horiek proiektutik kanpoko beste jarduera batzuetan ere erabiltzeko erosten badira, banaketarako erabilitako irizpidea justifikatu beharko da.

c) Ekipamendu, patente eta baliagarritasun-modeloen amortizazio gastuak, haiek proiekturako erabiltzen diren denborari dagozkionak.

Gastu horiei dagokienez, honako hau hartu beharko da aintzat:

–Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

–Proiektua gauzatzeko behar den ekipamenduaren amortizazioa diruz lagunduko da, salbu eta erabilera orokorreko gailu informatikoena (PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak, etab.). Ekipamendu hori errentamendu finantzarioan, operatiboan edo gisakoan erabiltzen bada, ez da diruz lagunduko interesei dagokien kuota zatia.

–Ez dira diruz lagunduko beste edozein laguntza publiko jaso duten gastuak.

d) Kanpoko kolaborazioen gastuak, proiektuan I+Gko lanak eta ezagutza teknikoaren gaineko ekarpenak egiten dituzten beste entitate batzuenak.

Kontzeptu honetan sartuko dira bai kontratazioak bai 12.1 oinarrian aipatzen diren azpikontratazioak. Kategoria honetakoak dira, halaber, SINAIko eragile ez diren ikerketako eta ezagutzen hedapeneko erakundeek egiten dituzten lanak.

Lankide diren erakunde publikoetako pertsonal-gastuei, oinarri honetako 2. apartatuan ezarritakoa aplikatuko zaie.

e) Proiektuarekin zuzenean lotutako beste gastu batzuk, baldin banan-banan hari eslei badakizkioke. Besteak beste, honako gastu hauek sartuko dira kategoria honetan, adierazten diren mugekin.

–Azpiegitura zientifiko eta tekniko bereziak, eskualdekoak, nazionalak nahiz Europakoak, erabiltzearen ondoriozko gastuak. Kontzeptu hori beste gastu batzuen partidan sartuko da.

–Proiektuak sortutako patenteak eskatzeko gastuak. Kontzeptu hori beste gastu batzuen partidan sartuko da. Gainera, enpresa handien kasuan, ez da diruz lagungarria izanen.

–Laguntza-eskaera prestatu eta aurkeztearekin lotutako aholkularitza-gastua; gehienez ere 3.500 euroko dirulaguntza ematen ahalko da. Laguntza hori partzuergoko liderrak baino ezin izanen du eskatu.

–Proiektuaren kudeaketa administratibo eta finantzariorako hirugarren pertsonak kontratatuta eskatzaileak egiten duen gastua. Administrazio- eta finantza-kudeaketarako diruz laguntzekoa den guztizko gastua ez da 3.000 eurotik gorakoa izanen urteko eta onuradun bakoitzeko. Partzuergoko liderra bada, zenbateko hori 4.000 eurora arte handitu ahal izanen da urteko.

–Zabalkunde gastuak, 18. oinarrian aipatzen den proiektuari buruzko bideoa barne. Gehienez 4.000 euro jasoko dira proiektu bakoitzeko. Apartatu honetan sartuko dira, halaber, hedapen- eta komunikazio-ekitaldiak antolatzeko partzuergoak egiten dituen gastuak. Partzuergoko liderrak eskatuko du laguntza hori.

–14.2 oinarrian aipatzen diren auditoretzako txostenen gastua.

f) SINAIko eragileen kasuan, diruz lagunduko da, zeharkako kostu gisa, 14.1 oinarrian definitutako mugarri bakoitzean onartutako pertsonal-gastuen %15.

2. Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik edo beste funts publiko batzuetatik finantzatzen diren erakunde publikoen pertsonal-gastuak ez dira diruz lagunduko (baina proiektuaren aurrekontuan sartu beharko dira, zenbatekoari eta partaidetzari dagokienez kontuan har daitezen). Proiektua gauzatzeko langile berrien kontrataziorako soilik emanen da dirulaguntza.

Halaber, 3. erronkako proiektuetarako, diruz lagungarriak izanen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek proiektuan ematen duten denbora areagotzearen ondoriozko gastuak, Osasun Departamentuak urteko deialdien bidez arautzen duenaren arabera.

3. I+G proiektua gauzatzearekin lotutako prototipoak eskuratu, eraiki edo hobetzen badira, eta prototipo horiek ez badira merkaturatzen edo ez badira produkzio-jardueran erabiltzen, prototipo horiei eutsi beharko zaie, gutxienez bi urtez, dirulaguntzaren azken ordainketaren datatik aurrera.

4. Ekipamenduko ondasunengatiko edo zerbitzuak emateagatiko gastu diruz lagungarrietakoren bat 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak "Hornitzailea hautatzeko justifikazioa" izeneko inprimakia bete beharko du, egiaztatua izan dadin efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatuz egin dela hautaketa. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztu beharko dira, eta hautatzen den eskaintza justifikatuko da.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintza aurkeztera, baldin eta merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik. Edonola ere, hori justifikatu egin beharko da aipatutako inprimakian.

Gastua laguntzaren eskatzailearekin lotutako enpresa batekin egiten bada, 12.2 oinarrian (eta ez honetan) ezarritako moduan eginen da justifikazioa.

5. Dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza jardueretan egin dituen gastu diruz lagungarriak aplikatzekoa zaion araudi sektorialean ezarritako ordainketa epeetan ordaindu behar dira edo, halakorik ezean, merkataritza eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

6. Proiektuaren gastu diruz lagungarrietatik kenduko dira lortutako azpiproduktuen, hondakinen eta berreskuratze materialen salmentagatik edo produkzioan aprobetxatzeagatik onuradunak lortutako diru-sarrerak.

7. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Langileen prestakuntzarako gastuak.

b) Administrazio gastuak eta bulegoko materialarenak.

c) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.

d) Merkatu-azterlanak, sustapen gastuak eta azoketan parte hartzea.

e) Proiektua dela-eta prototipoak fabrikatzeko erabilitako materialen kostua, gero merkaturatzen badira edo entitatearen ekoizpen jardueran erabiltzen badira.

f) EE marka.

g) Zeharkako kostuak, aurreko 1.f apartatukoak izan ezik.

6. oinarria. Proiektuaren eragin pizgarria eta hura gauzatzeko epea.

1. 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz, laguntza hauek ondorio pizgarria izan behar dute; hortaz, laguntzen eskaera aurkeztu baino lehen abiatzen diren proiektuak ez dira diruz lagunduko.

Ondorio horietarako, 5.1.g) oinarrian aipatzen den aholkularitza-enpresak laguntza-eskabideak tramitatzeko egiten dituen lanak ez dira lanen hasieratzat hartuko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 23. definizioari jarraikiz. Era berean, aurretiazko bideragarritasun azterketak egiten ahalko dira, horiek ez dutelako dirulaguntzarik jasotzen.

2. Proiektuak gauzatzeko epea hau izanen da:

–Hasierako eguna (laguntza-eskaeraren data baino geroagokoa): eskatzaileek proiektuaren memoria teknikoan adierazten dutena.

–Bukaerako eguna: 2026ko abenduaren 31ra arte.

3. Proiektuko liderrak, laguntzen fitxaren bitartez, proiektua gauzatzeko epea luzatzeko eskatzen ahalko du. Epea inola ere ez da luzatuko 2027ko otsailaren 28tik hara. Luzapena baimentzen bada, proiektuaren azken justifikazioa aurkezteko epea 2027ko maiatzaren 31ra artekoa izanen da.

4. Proiektuak hiru urtekotan gauzatuko dira; hona hemen horien iraupena:

–1. urtekoa: proiektua hasten denetik 2024ko abenduaren 31ra arte.

–2. urtekoa: 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra arte.

–3. urtekoa: 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra arte.

7. oinarria. Laguntzen intentsitatea eta haien gehieneko zenbatekoa.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak diruz laguntzeko modukotzat jotako gastuei aplikatuko zaien laguntzaren intentsitatea honako hau izanen da, entitate onuradunaren motaren arabera:

1. Enpresak eta lehentasunezko elkarteak (LE):

Laguntzaren intentsitatea, I+G proiektu motaren arabera eta enpresaren tamainaren arabera, hau izanen da:

I+G PROIEKTUAREN KALIFIKAZIOA

LAGUNTZAREN INTENTSITATEA

Txikia

Ertaina

Handia

Industria-ikerketa

%80

%75

%50

Garapen esperimentala

%60

%50

%25

Gerta daiteke proiektua gauzatu bitartean enpresaren tamaina aldatzea, ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege Dekretuaren 33. artikuluan definitutako bategite baten ondorioz. Horrelakoetan, laguntzaren intentsitatea egokitu eginen da, hurrengo urtetik aurrera. Kasua bada, adieraziko da emandako laguntza-soberakina jasotzeko eskubidea galdu dela.

Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (GTIZ) proiektuaren finantzaketan parte hartzen badu, ordea, hauek izanen dira intentsitateak enpresaren tamainaren arabera:

Txikia

Ertaina

Handia

GTIZk kofinantzatutako proiektua

%20

%15

%10

GTIZren finantzaketa laguntza emateko ebazpena baino geroagokoa bada, ebazpena aldatu eginen da, laguntzaren intentsitatea muga horietara egokitzeko. Kasua bada, jasotako laguntza-soberakina itzultzeko eskatuko zaio onuradunari.

2. SINAIko eragileak:

Laguntzaren intentsitatea %100ekoa izan daiteke jarduera ez-ekonomikoak badira, betiere Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako Estatuko laguntzei buruzko Esparruaren 2.1.1 ataleko definizioaren arabera (2014/C 198/01).

8. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.–Eskabideak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.–Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaeran adierazi beharko da jakinarazpenak bide telematikoak erabiliz jaso nahi direla, eta, horretarako, gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) eduki beharko da, zeina 19. oinarrian ezarritako moduan lortzen ahal den.

3.–Hau da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa, betiere:

3,1. Laguntzaren eskatzaile bakoitzak agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Eskabide telematikoa, 2.3 oinarrian aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Eskatzailearen eta proiektuaren datuak biltzen dituen inprimakia, gastuaren aurrekontua barne.

c) Eskatzaileak garatzen dituen I+G+b proiektu guztietan langileek duten dedikazioa adierazten duen inprimakia, laguntzaren xedeko proiekturako dedikazioa barne.

d) ETE-en kasuan: itxitako, sinatutako eta Merkataritza Erregistroan edo Kooperatiben Erregistroan gordailututako urteko kontuak eta, horiekin batera, itxitako azken hiru ekitaldiei buruzko memoriak eta Erregistroak egindako txostenak (digitalki autentifikatuta edo zigilatuta, eta ikuskatuta, nahitaezkoa denean), bai eskatzailearenak, bai haren enpresa elkartu eta lotutakoenak.

Enpresaren tamaina zehazteko, eskatzaileak dokumentazio hori aurkeztu ahal izanen du edo, bestela ere, Nafarroako Merkataritza Ganberaren ziurtagiri bat, 2024. urtekoa, zeinetan zehazten baita zein den enpresaren tamaina.

Baldin enpresaren tamainaren kalkuluari buruzko dokumentazioa aurkezten ez bada, emanen den laguntzaren intentsitatea honako hau izanen da: 7. oinarrian enpresa handientzat zehaztutakoa.

e) Aukeran, laguntza-eskabidearekin batera, hornitzaileei egin beharreko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak aurkezten ahalko dira, 2.4 oinarrian adierazitakoak. Une horretan egiten ez baldin bada, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

3.2. Partzuergoko liderrak, gainera, honako hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoa.

b) Proiektua zabaltzeko eta sustatzeko plana.

c) Lankidetza akordioa edo konpromisoen agiria, proiektuan parte hartzen dutenek sinatua.

d) Horizon Europe programan dauden proiektu europarrekin jarraitutasuna, harremana edo lotura izatearen balorazio memoria.

e) 3. erronkan (GEMA, medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak) parte hartzen duten ikerketa erakundeen kasuan, ikertzaile nagusia zein zentrotakoa den, bertako Ikerketaren Etika Batzordeak luzatutako txostena. Zentroan Ikerketaren Etika Batzorderik ez badago, Nafarroako Foru Komunitateko Botikekiko Ikerketaren Batzorde Etikoak eginen du ebaluazioa. Laguntza eskatzeko unean, txosten-eskaeraren kopia erantsiko zaio Batzordeari, eta baimena 2024ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da. Baldin eta txosten hori epe horretan aurkezten ez bada, deklaratuko da ezen proiektuko onuradun guztiek galdu egin dutela 2025. urtean emandako laguntzak kobratzeko eskubidea. Hala ere, txosten hori beste epe batean aurkeztu ahal izanen dute, 2025eko azaroaren 30era arte. Epe berri horretan aurkeztu ezean, proiektu osoaren laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, laguntzen organo kudeatzaileak eskatzaileari errekerimendua eginen dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Partzuergoko liderra baldin bada 3.2 apartatuko dokumentazioa zuzentzen ez duena, proiektuak ez du dirulaguntzarik jasotzen ahalko. Proiektuak ez du dirulaguntzarik jasoko, ezta ere, eskatzaile batek 3.1 apartatuko dokumentazioa ez zuzentzeagatik gainerako eskatzaileek ez badute betetzen partzuergoaren osaerari buruz 3. oinarrian eskatutakoa.

9. oinarria. Laguntza emateko prozedura.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasuna ezartzeko, erronka bakoitzeko, 10. oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Emanen diren laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, hurrenkera bakoitzean balorazio handiena eskuratu duten eskaerei aplikatuko zaie 7. oinarrian ezarritako laguntzaren intentsitatea, deialdirako aurrekontuan erronka bakoitzerako erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

1. erronka (VOLTA VII)

2.200.000 euro

2. erronka (AERO VII)

2.200.000 euro

3. erronka (GEMA VII)

2.200.000 euro

4. erronka (ALPES VI)

2.200.000 euro

5. erronka (IRIS V)

2.200.000 euro

6. erronka (IDEA V)

1.600.000 euro

7. erronka (SIBERIA V)

2.200.000 euro

8. erronka (ZIRKULAR I)

2.200.000 euro

2. Erronka bakoitzeko eskaerei erantzun ondoren gelditzen diren saldoak batu eginen dira, eta haien erronkan behar adina kreditu ez izateagatik laguntzarik jaso ez zuten proiektuak diruz laguntzeko erabiliko dira. Proiektu horiek zerrenda bakarrean elkartuko dira, 10. oinarriaren arabera lortu zuten puntuazioen araberako hurrenkeran.

3. S4 Proiektu Estrategikoen Zerbitzua arduratuko da balorazioa egiteaz, eta aditu independenteen laguntza eskatzen ahalko du, aurkeztutako eskabideen ebaluazioari buruzko aholkularitza jasotzeko.

Halaber, entitate eskatzaileei eskatzen ahalko die proiektuak baloratzeko egoki iruditzen zaizkion agiri eta informazio guztiak.

10. oinarria. Balorazio irizpideak.

1. Aurkeztutako proiektu estrategikoak irizpide hauen arabera baloratuko dira (II. eranskinean zehaztuta ageri dira):

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

A. Erronka bakoitzerako irizpide berariazkoak

20

10

B. Proiektuaren kalitate zientifikoa eta teknikoa

30

17

C. Aurrekontuaren egokitasuna

10

6

D. Proiektuaren bideragarritasuna eta eragina

10

-

E. SINAIko eragileek proiektuan parte hartzea (Zientzia eta Teknologiari buruzko Foru Legearen 8. eta 12. artikuluak)

5

-

F. Proiektuaren ekarpena ekonomia zirkularrerako trantsizioari.

5

-

G. Enpresaren partaidetza: proiektuaren kostu diruz lagungarrien %70etik goiti.

3

-

H. Proiektua zabaltzeko eta sustatzeko plana

4

-

I. Doktoreak ikerketa taldean

5

-

J. Genero berdintasuna I+Gn

3

-

K. Azpiegitura zientifiko-tekniko berezien erabilera partekatua, edo SIESS (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System) sisteman dauden Nafarroako azpiegiturena edo IRIS berrikuntza digitalaren poloarena

3

-

L. Horizon Europe programan dauden proiektu europarrekin jarraitutasuna, harremana edo lotura

2

-

GUZTIRA

100

50

2. A), B) eta C) irizpideetan gutxieneko puntuazioa lortzen ez duen proiektua ez da beste ataletan baloratuko, eta eskaera baztertuko da.

3. Proiektuei ematen zaien puntuazioan berdinduz gero, A) atalean lortutako puntuazioa kontuan hartuta ebatziko da. Berdinketak jarraituz gero, B) atalean lortutakoa hartuko da kontuan, eta horrela hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

11. oinarria. Laguntzak ematea.

1. S4 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak (laguntzak kudeatzen dituen organoa) organo eskudunari igorriko dio ebazpen proposamena. Bertan adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Onuradunen zerrenda, erronka bakoitzekoa, lortzen duten puntuazioaren arabera ordenatuta, eta haietako bakoitzaren proiektuaren titulua eta laguntzaren zenbatekoa adierazita, azken hori laguntza ordaindu behar den hiru aurrekontu-ekitaldietan banatuta (2025eko, 2026ko eta 2027ko ekitaldietan).

b) Ezetsi beharreko eskaeren zerrenda, arrazoiak emanik. Haien artean, aurrekontuko baliabideen mugengatik baztertu direnak ere jasoko dira.

2. Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza emateari buruz ebazteko organo eskuduna. Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, telematika bidez, eskatzaileen GHEb-ean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Epealdi horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

3. Urte jakin baterako eman beharreko laguntza aurrekontu erabilgarriak mugatuta badago, partzuergoari aukera emanen zaio materialen eta kanpoko kolaborazioen gastua beste urte bati egotzi ahal izateko.

Horretarako, laguntzak kudeatzen dituen organoak berariaz komunikazioa igorriko dio partzuergoko liderrari, eta partzuergoko liderrak 5 egun balioduneko epean erantzun beharko du.

4. Ekitaldi bateko aurrekontu-kreditua proiektuari laguntza osoa emateko nahikoa ez bada, partzuergoko kideei ekitaldi horretan baliagarri dagoen saldoa eskainiko zaie, bakoitzari bere partaidetzaren arabera. Dena dela, proiektua osorik eta kalitate galerarik gabe gauzatu beharko da.

Partzuergoko liderrak laguntza partzial horren onarpena aurkeztu beharko du nahitaez, partzuergoko kide guztiek sinatuta, hilabeteko epean, hura emateko ebazpena sinatzen denetik hasita. Onarpen hori aurkezten ez bada, ulertuko da uko egiten diola laguntzari.

5. Baldin eta laguntza esleitu ondoren deklaratzen bada laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek laguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da laguntza partziala jaso zuten onuradunen finantzaketa osatzeko, lehentasun hurrenkerari jarraikiz.

Laguntza horiek noiz ematen diren kontuan hartuta, beste epe batzuk finkatzen ahalko dira diruz lagundutako jarduketa egiteko eta hura justifikatzeko, baina betiere 6. eta 14. oinarrietan adierazitako gehieneko epeak gainditu gabe.

12. oinarria. Azpikontratazioa eta lotutako enpresekiko harremana.

1. Onuradunek diruz lagundutako kostuaren %50eraino azpikontratatzen ahalko dute. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat gauzatzea, nahiz eta berez egin ditzakeen jarduerak izan, horretarako baliabideak dituelako.

Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa eta onuradunari emandako dirulaguntzaren %20tik gorakoa denean, kontratua egin beharko da idatziz, eta frogagiriekin batera aurkeztu.

Partzuergoko kideek ez dituzte inoiz beren artean proiektuko jarduketak azpikontratatzen ahalko.

2. Onuradunek diruz lagundutako jarduketaren gauzatze partziala kontratatu edo azpikontratatzen ahalko diete haiekin lotutako enpresei, inguruabar hauek gertatuz gero:

a) Gastu diruz lagungarriak izatea, 5. oinarrian zehazten den bezala.

b) Laguntza-eskaeran jasotzea, eta baimentzea, gastu hori diruz lagungarritzat hartuz laguntzak emateko ebazpenean.

c) Gastua justifikatzea, onuradunaren eta hari lotutako enpresaren arteko faktura eta ordainagiria aurkeztuta. Gainera, fakturaren kontzeptuei dagozkien frogagiriak aurkeztuko dira, onuradunak zuzenean justifikatuko lituzkeen moduan (esaterako, langileria kostuak justifikatzen dituzten nominak, hirugarren baten faktura materialetarako, etab.).

d) Ez da onartuko kostuak garestitzea industria mozkina aplikatzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Bigarren apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, "lotutako enpresa" izanen dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68.2 artikuluan ezarritako loturaren bat dutenak (erregelamendua uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

13. oinarria. Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira proiektu estrategikoak. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik, laguntzen fitxen bidez.

Ez da inoiz onartuko aldaketa-eskaera bat baino gehiago onuradun bakoitzeko eta urteko.

2. Hauek dira baimendu daitezkeen aldaketak:

a) 5.1 oinarriko gastu diruz lagungarrietatik dirulaguntza emateko ebazpenean jasota daudenak: Laguntza-eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

b) Ikerketa taldearen osaeraren aldaketa, baldin berarekin badakar 10.1.I) eta J) oinarrietako irizpideen arabera lortutako puntuazio gehigarria jaistea (proiektuan doktoreak izateagatik eta I+Gko sexu/genero berdintasunarengatik lortutakoa).

c) Partzuergoaren osaeraren aldaketa, baldin partaide batek proiektua uzten badu eta beste batek ordezten badu; horrek derrigorrez bete beharko ditu laguntzen onuradun izateko eskatzen diren betebehar guztiak.

d) Proiektu bateko parte-hartzaileen artean atazak berresleitzea.

e) Proiektua gauzatzeko aldiaren aldaketa; luzapena eska daiteke, baina asko jota 2027ko otsailaren 28ra arte.

3. Ez da aldaketatzat joko partida bat handitzea –salbu eta zeharkako kostuen partida– baldin eta diruz lagundutako gastuen guztizko zenbatekoaren %10 gainditzen ez badu eta beste partida bateko gastua gutxituz konpentsatzen bada. Desbideratze horiek behar bezala arrazoituko dira laguntza justifikatzeko dokumentazioan, eta ez dute ekarriko emandako laguntza handitzerik. Ondorio horietarako, 5.1 oinarrian adierazitako gastuetako bakoitza hartuko da partidatzat.

4. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, laguntzen fitxaren bidez, egoki den urtekoa bukatu baino hiru hilabete lehenago gutxienez.

5. Proiektuko liderrak eginen du eskaera, eta aldaketek partaide guztiengan izanen dute eragina.

14. oinarria. Proiektua justifikatzeko epea eta modua.

1. Onuradunek ondoren azaltzen diren epeetan justifikatu beharko dute proiektua gauzatu izana. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, laguntzen fitxaren bitartez eta eskura dauden ereduei jarraikiz:

a) 2025eko apirilaren 1era arteko epean (egun hori barne): lehenbiziko justifikazio partziala.

Onuradunak proiektuaren hasieratik 2024ko abenduaren 31ra arte egindako eta 2025eko martxoaren 31ra arte (egun hori barne) ordaindutako jardueraren eta gastuaren agiri tekniko eta ekonomikoak aurkeztuko dira.

b) 2026ko apirilaren 1era arteko epean (egun hori barne): bigarren justifikazio partziala.

Onuradunak 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra arte egindako eta 2026ko martxoaren 31ra arte (egun hori barne) ordaindutako jardueraren eta gastuaren agiri tekniko eta ekonomikoak aurkeztuko dira.

c) 2027ko apirilaren 1era arte (egun hori barne): azken justifikazioa.

Onuradunak 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra arte egindako eta 2027ko martxoaren 31ra arte (egun hori barne) ordaindutako jardueraren eta gastuaren agiri tekniko eta ekonomikoak aurkeztuko dira.

Azken justifikazioarekin batera 17. oinarriaren lehen apartatuko a), b) eta c) letretan adierazitako agiriak aurkeztuko dira, bai eta organo kudeatzaileak estatistikarako edo kontrolerako eskatzen dituen beste informazio guztiak ere.

2. Onuradunek, gainera, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte justifikazio partzialekin eta azken justifikazioarekin batera:

a) Auditoretzako txostena, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 17ko 136/2013 Foru Aginduaren eranskinean xedatuarekin bat (2013ko 89. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 13koa).

b) Justifikazio kontua.

c) Auditoreak emandako egiaztapen zerrenda, laguntzen fitxan eskuratzen ahal den ereduaren araberakoa.

d) Gastua frogatzeko agiriak (fakturak eta ordainagiriak).

Auditoretzako txostenen gasturako dirulaguntza 5.1 oinarrian ezarritako moduan emanen da.

15. oinarria. Laguntzaren ordainketa.

1. Taula honetan adierazitako moduan ordainduko da laguntza:

URTEA

LAGUNTZAREN ORDAINKETA

Lehenbiziko justifikazio partziala

Bigarren justifikazio partziala

Azken justifikazioa

2024

-

-

-

-

-

2025

a) Konturako lehen ordainketa

b) 2024ko
likidazioa

-

-

-

2026

-

-

c) Konturako
bigarren ordainketa

d) 2025eko
likidazioa

-

2027

-

-

-

f) 2026ko
likidazioa

a) Konturako lehen ordainketa: lehen justifikazio partziala ikusita, eskaeran kontsignatutako zenbatekoa ordainduko da, 2024an egindako gastuari dagokiona. Gauzatu gabeko proiektu zatiari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

b) Konturako lehen ordainketa gisa jasotako laguntzaren likidazioa: lehen justifikazio partziala ikusita, jasotako laguntza likidatuko da konturako lehen ordainketa gisa. Baldin konturako lehen ordainketan behar baino gehiago ordaindu bada, konturako hurrengo ordainketan deskontatu eginen da behar ez bezala jasotako zenbateko hori.

Gerta daiteke justifikatutako zenbatekoa handiagoa izatea dirulaguntza emateko ebazpenean 2025erako ezarritako laguntza baino. Horrelakoetan, bien arteko aldea ordainduko da konturako hurrengo ordainketan (bigarrena).

c) Konturako bigarren ordainketa: bigarren justifikazio partziala ikusita, 2025eko urtarrilaren 1etik 2025eko abenduaren 31ra arte egindako gastuari dagokion laguntza ordainduko da, a) letran ezarritako ondorioarekin.

d) Konturako bigarren ordainketa gisa jasotako laguntzaren likidazioa: bigarren justifikazio partziala ikusita, konturako bigarren ordainketa gisa jasotako laguntza likidatuko da, b) letran adierazitako baldintzetan.

e) 2026ko laguntzaren likidazioa: azken justifikazioa ikusita, 2026ko urtarrilaren 1etik 2026ko abenduaren 31ra arte edo proiektua amaitu arte egindako gastuari dagokion laguntza ordainduko da.

Baldin proiektuaren zati bat ez bada gauzatzen, galduko da gauzatu ez den zati horri dagokion laguntza kobratzeko eskubidea eta, horrez gain, 16.2 oinarrian ezarritakoa aplikatu beharko da.

2. Laguntzak gehienez ere sei hilabeteko epean ordainduko dira, 14. oinarrian eskatzen den dokumentazioa aurkezten denetik hasita. Epe hori betetzeko, azken aurrekontu-ekitaldia, 2027koa, bukatu baino lehen agintzen ahalko da egin gabe dauden ordainketak kontura ordaintzeko.

16. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ez da ordaintzen ahalko onartutako dirulaguntza, eta, kasua bada, aurrerakina itzuli beharko da.

b) 30.000 eurotik gorako laguntzak jasotzen dituzten enpresek abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute (2.4 oinarrian adierazitakoa) hilabeteko epean, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik zenbatzen hasita, laguntzak eskatzean aurkeztu ez badute.

c) Laguntza emateko ebazpenean aurreikusi bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektuak, eta proiektu horiek 14. eta 15. oinarrietan ezarritako moduan eta epean justifikatzea.

d) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

e) Azken justifikazioan aurkeztea sortutako datu guztiak eta deialdi honetan diruz lagundutako proiektuen emaitzak.

f) Proiektuan adierazitako helburu zientifiko-teknikoak, dirulaguntza onartzea ekarri zutenak, betetzea. Laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko du ea betebehar hori bete den, proiektua bukatutakoan.

g) S4 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuari aditzera ematea proiektuari lotutako beste laguntza batzuk lortu direla, laguntzen eskabidean berean, edo kanpoko laguntza jaso bezain laster, eta, betiere, 15. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkezterakoan.

h) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea S4 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuari.

i) Dirulaguntzaren xedeko I+G proiektuaren emaitzak zabaltzea 17. oinarrian adierazitako moduan.

j) Enpresen kasuan, enpresa deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresak sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

k) Laguntzaren ebazpenean adierazten denean hura Europar Batasuneko egitura funtsen bidez kofinantzatzen ahal dela, 18. oinarrian ezarritakoa ere bete beharko da.

l) Gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) izatea, laguntza horiekin lotutako jakinarazpen elektronikoak jaso ahal izateko, 19. oinarrian adierazitako moduan, eta gutxienez 4 urtez edukitzea azken ordainketa egiten denetik.

m) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Dirulaguntzen oinarri arautzaileetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat betetzen ez bada, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta aldez aurretik kobratutakoa itzuli beharko da foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Aurreko betebehar horietakoren bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Arau orokor gisa, gauzatutako proiektuaren aurrekontua laguntza emateko ebazpenean onartutakoa baino txikiagoa denean, zigor hau aplikatuko da:

–Gauzatze maila %40koa edo txikiagoa bada: Onuradun guztiei exijituko zaie jasotako laguntza osoa itzultzeko.

–Gauzatze maila %40koa baino handiagoa eta %60koa baino txikiagokoa bada: Onuradun guztiei exijituko zaie jasotako laguntza itzultzeko, honako proportzio honetan:

GAUZATZE MAILA
(%)

JASOTAKO LAGUNTZA ITZULTZEA (%)

%40

%100

%42

%90

%44

%80

%46

%70

%48

%60

%50

%50

%52

%40

%54

%30

%56

%20

%58

%10

%60

%0

b) 3. erronkan izan ezik, gainerako beste edozein erronkatan aurkeztutako proiektuen kasuan, zeinetan SINAIko eragileek partzuergoan parte hartzen duten, baldin enpresa partaidetzaren ehunekoen baturak ez badu gainditzen gauzatutako proiektuaren aurrekontu osoaren %60, 3. oinarriko 1.2.a) apartatuan eskatzen den bezala, onuradun guztiek jasotako laguntza itzuli beharko dute, honako proportzionaltasun honetan:

ENPRESA PARTAIDETZAREN
EHUNEKOA (%)

LAGUNTZAREN ITZULKETA (%)

< 50

100

50

90

52

80

54

60

56

40

58

20

60

0

17. oinarria. Proiektu estrategikoaren emaitzak zabaltzea.

1. Laguntzen onuradunek ondoko jarduketa hauek egin beharko dituzte diruz lagundutako proiektu estrategikoaren emaitzak zabaltzeko:

a) Diruz lagundutako proiektuaren nondik norainokoari eta emaitzei buruzko dokumentu idatzia aurkeztea.

b) Proiektuaren emaitzen inkesta betetzea, laguntzen fitxan prest egonen dena. Inkesta horretatik, emaitza agregatuak emanen dira aditzera soilik, helburu estatistikoetarako.

c) Genero alderdiaren inkesta betetzea, laguntzen fitxan prest egonen dena. Inkesta horretan jasotako informazioa laguntza kudeatzeko eta datuen azterketa anonimoa egiteko erabiliko da, etorkizuneko deialdiak hobetzeko.

d) Diruz lagundutako proiektuaren bideo bat aurkeztea, bertan jasota, gutxienez ere, parte hartzen duten entitateen eta ikertzaile taldearen aurkezpena, proiektuaren helburuak eta lortu diren emaitzen deskripzioa.

e) Urtean proiektu bakoitzeko prentsa ohar bat bidaltzea ohiko hedabideetara edo argitara ematea hedabide digitaletan, Nafarroako Gobernutik eta, hala badagokio, Europar Batasunetik jasotako laguntzak aipatuta.

f) Proiektua argitaratu edo haren jendaurreko aipua eginez gero, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela agertarazi beharko da, bai eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak ere (EGEF).

2. Aurreko atalean aipatutako dokumentazioarekin batera, proiektuaren azken justifikazioa aurkeztu beharko da. b) eta c) letretan aipatutako dokumentua eta bideoa, berriz, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atarian hedatuko dira (www.nafarroa.eus).

3. Nolanahi ere, proiektuaren emaitzak zabaltzeko materialetan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik azalduko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

18. oinarria. Kofinantzaketa, Europar Batasuneko egiturazko funtsekin.

1. Laguntza hauek Europar Batasunaren %40ko kofinantzaketa jasotzen ahalko dute Nafarroako EGEF 2021-2027 programako 1.1 helburu espezifikoaren barnean ("Ikerketa eta berrikuntza gaitasunak garatu eta hobetzea, eta teknologia aurreratuak bereganatzea").

2. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak Nafarroako EGEF 2021-2027 programaren bidez kofinantzatuko dituen proiektuak hautatzean, lehentasuna emanen zaie zenbateko handieneko eragiketei eta Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (S4) sektoreak ordezkatzen dituztenei.

3. Laguntza hauen onuradunak, betiere laguntza onesten duen ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantzaketaren onuradunak ere izanen dira, eta horregatik ondokoa aplikatuko zaie:

a) Dirulaguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrol jarduketen xede izatea onartzea, baita kontrol horietan lagundu beharra ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

b) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, EURATOM) Erregelamenduak, Batasunaren aurrekontu orokorrari aplikatzekoak diren finantza-arauei buruzkoak, 132. artikuluan ezartzen duenaren arabera, 5 urtez zaindu eta gorde behar da finantzatutako jardueraren dokumentazioa, ordainketa edo azken saldoa egiten denetik aurrera, eta 3 urtez, berriz, finantzaketa 60.000 eurotik gorakoa ez bada, eta laguntzen organo kudeatzaileek eskatzen ahalko dute proiektuaren jarraipena eta bisitak egitea. Nolanahi ere, 2029ko abenduaren 31era arte gutxienez.

c) Webgunean, halakorik badute, eta hedabide sozialetako beren kontuetan, eragiketaren deskribapen laburra jarri beharko dute, laguntzaren mailaren, helburuen eta emaitzen neurrikoa, eta Europar Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduko dute.

d) Europar Batasunaren laguntza nabarmenduko duen adierazpena jarriko dute eragiketa gauzatzearekin lotutako komunikaziorako materialetan eta agirietan, herritarrei zuzenduak nahiz parte-hartzaileei zuzenduak izan.

e) 500.000 eurotik gorako kostua duten eragiketetarako laguntza jasotzen dutenean, inbertsio fisikoekin lotutako eragiketen gauzatze fisikoa hasi bezain laster edo erosi dituzten ekipamenduak instalatu bezain laster, publizitate plaka edo hesi sendoak jarriko dituzte jendeak ongi ikusteko moduko tokietan, eta haietan Europar Batasunaren ikurra agertuko da, Europar Batasunaren eta Kontseiluaren 2021/1060 (EB) Erregelamenduaren IX. eranskinean azaltzen diren ezaugarri teknikoekin.

f) Aurreko letran egokitzen ez diren eragiketetarako, jendeak ongi ikusteko moduko toki batean jarriko dute, gutxienez ere, kartel bat, A3 tamainakoa edo handiagoa, edo tamaina bereko pantaila elektroniko bat, eragiketari buruzko informazioarekin, funtsetatik jasotako laguntza nabarmenduta.

g) Konpromisoa hartuko dute kudeaketaren arloan eraginkorrak diren neurri proportzionalak aplikatzeko iruzurraren kontra: kalitate kontrola eta gardentasuna kontratazioaren arloan, gerta litezkeen interes-gatazken kontrola, faltsutzeen kontrola, etab.

4. Laguntza onartzeak esan nahi du onartzen dela EGEF 2021-2027 funtsak kudeatzen dituen agintaritzak argitaratutako eragiketen zerrendan agertzea.

19. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntza-eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak modu telematikoan eginen dira, entitate eskatzaileen GHEBaren bidez (gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

20. oinarria. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Oinarri hauek arautzen dituzten laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz besteko administrazio publikoek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Kasu horretan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak: Laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatu daitekeen laguntza kopururik handiena.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ez du gainditzen ahalko egin beharreko jardueraren kostua.

2. Helburu bererako laguntza bat baino gehiago dauden egiaztatzeko, diruz laguntzen diren gastuen beren gainean eginen da, ez daitezen gainditu 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako intentsitateak.

21. oinarria. Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. kapituluan eta 25. artikuluan ("Laguntzak ikerketa eta garapen proiektuetarako") ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

22. oinarria. Kenkaria ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerak egiteagatik.

Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61.6 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdiaren ebazpenean adieraziko da ea ikerketa, garapen eta berrikuntzako jarduerek behar diren betebeharrak eta baldintzak betetzen ote dituzten artikulu horretako kenkaria aplikatzeko.

Halaber, laguntzen onuradunen kasuan, ordainketa agintzen duten ebazpenetan benetan egindako gastuak adieraziko dira, I+G gisa kalifikatutako gastuei dagozkienak.

23. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

S4 Proiektu Estrategikoen Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2021-2027 Programa Operatiboa kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratzen ahalko du bere web-orrian (www.dgfc.sgpg.minhafp.gob.es).

24. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

II. ERANSKINA.–PROIEKTU ESTRATEGIKOAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

Beheko taulan ageri dira 10. oinarrian aipatutako proiektuak baloratzeko irizpideak, eta ondoren azaltzen dira:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

GUTXIENEKO PUNTUAZIOA

A) ERRONKA BAKOITZERAKO IRIZPIDE BERARIAZKOAK

20

10

B) PROIEKTUAREN KALITATE ZIENTIFIKOA ETA TEKNIKOA

30

17

B.1. Helburuak

5

2

B.2. Eragin zientifiko-teknikoa

7

4

B.2.1. Planteamenduaren sendotasuna

2

-

B.2.2. Berrikuntza maila

5

-

B.3. Partzuergoa

8

6

B.3.1. Beste I+G proiektu batzuetan izandako esperientzia

3

-

B.3.2. Baliabide materialak eta instalazioak

3

-

B.3.3. Erakunde bakoitzak proiektuan duen eginkizuna

2

-

B.4. Inplementazioa

10

5

C) AURREKONTUAREN EGOKITASUNA

10

6

D) PROIEKTUAREN BIDERAGARRITASUNA ETA ERAGINA

10

-

D.1. Konponbidea merkaturatzearen edo proiektuak arrakasta izatearen bideragarritasuna

5

-

D.2. Nafarroako ekonomian eta gizartean duen eragina

5

-

E) SINAI-KO ERAGILEEK PROIEKTUAN PARTE HARTZEA (ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIARI BURUZKO FORU LEGEAREN 8. ETA 12. ARTIKULUAK)

5

-

E.1. SINAIko exekuzioko eragileek proiektuan parte hartzea, proiektuaren gastu diruz lagungarriak > %20 direnean

4

-

E.2. SINAIko exekuzioko eragileen koordinatzaileak proiektuan parte hartzea (Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legearen 12. artikulua)

1

-

F) PROIEKTUAREN EKARPENA EKONOMIA ZIRKULARRERAKO TRANTSIZIOARI

5

-

F.1.

2

-

F.2. Neurri espezifikoak.

3

-

G) ENPRESAREN PARTAIDETZA: PROIEKTUAREN KOSTU DIRUZ LAGUNGARRIEN %70ETIK GOITI

3

-

H) PROIEKTUA ZABALTZEKO ETA SUSTATZEKO PLANA

4

-

H.1. Planaren kalitatea

1

-

H.2. Proiektua aurkezteko ekitaldi publikoak

2

-

H.3. Komunikabideetan eta sare sozialetan agertzea

1

-

I) DOKTOREAK IKERKETA TALDEAN

5

-

J) GENERO BERDINTASUNA I+Gn

3

-

J.1. Emakumeen ordu-dedikazioa proiektuan.

2

-

J.2. Ikertzaile nagusia (IN / IKN)

1

-

K) AZPIEGITURA ZIENTIFIKO-TEKNIKO BEREZIEN ERABILERA PARTEKATUA EDO SIESS (SCIENTIFIC INFRASTRUCTURE AND EQUIPMENT SHARING SYSTEM) SISTEMAN DAUDEN NAFARROAKO AZPIEGITURENA EDO IRIS BERRIKUNTZA DIGITALAREN POLOARENA

3

-

L) HORIZON EUROPE PROGRAMAN DAUDEN PROIEKTU EUROPARREKIN JARRAITUTASUNA, HARREMANA EDO LOTURA

2

-

L.1. Aurkeztutako proiektuak, edo aurkeztutako proiektuarekin lotura duten Horizon 2020 edo Horizon Europe deialdietan parte hartzen dutenak

1

-

L.2. Proiektua bat etortzea Horizon Europe programaren deialdiekin, lehentasunekin, gaiekin, irismenarekin edo deialdien bidez lortu nahi diren emaitzekin

1

-

GUZTIRA

100

50

A) Erronka bakoitzerako irizpide berariazkoak.

1. erronka.

–Nafarroako automobilgintza eta aeronautika sektoreetako hornitzaile sareak proiektuan parte hartzea (5 puntu, gehienez ere).

–Automatizazio eta konektagarritasun konponbideak (5 puntu, gehienez ere).

–Konponbide energetikoak eta ibilgailuaren autonomia (5 puntu, gehienez ere).

–Sistemetan datuak partekatzea eta energia berriztagarriak erabiltzea (kargaguneak) (5 puntu, gehienez ere).

2. erronka.–Energia berdearen industria (AERO VII):

–Nafarroako energia berriztagarrien sektoreko hornitzaile sareak proiektuan parte hartzea (3 puntu, gehienez ere).

–Energia biltegiratzeko proposatutako konponbideak (4 puntu, gehienez ere).

–Energia berdearen bektoreak (biogasa, hidrogenoa, biomasa...) eta bioerregai aurreratuak garatzea (3 puntu, gehienez ere).

–Instalazioen urrutiko kudeaketarako eta mantentze-lan prediktiboetarako teknologiak garatzea eta ezartzea (3 puntu, gehienez ere).

–Konponbideen autonomia, kudeatzeko gaitasuna eta adimena (4 puntu, gehienez ere).

–Sare adimendunak, hibridazioa, birpotentziazioa (3 puntu, gehienez ere).

3. erronka.–Medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak (GEMA VII):

–Proiektuan osasun sistemako, ospitaleetako edo kliniketako langileek parte hartzea (4 puntu, gehienez ere).

–Proiektuaren xedeko medikuntza-espezialitateak, batez ere CAR-T zelulen bidezko terapiak (3 puntu, gehienez ere).

–Botiken eta gailuen fabrikazio jasangarria, eta produktu edo osagai naturalen erabilera (3 puntu, gehienez ere).

–Lortutako datu genomikoak merkataritzarako eta ikerketarako ustiatzeko estrategia (3 puntu, gehienez ere).

–Planteatutako konponbideak bidea ematea datu genomikoak eta pazientearen historia klinikoko datuak gurutzatzeko (3 puntu, gehienez ere).

–Zer sistema planteatu diren proiektuan kudeaketarako; pazienteak aukeratzeko; laginak biltzeko; datuak aztertzeko, prozesatzeko eta biltegiratzeko. Eta asistentzia sistemarekin duten lotura (4 puntu, gehienez ere).

4. erronka.–Elikadura osasungarria eta jasangarria (ALPES VI):

–Nafarroako nekazaritzako elikagaien sareak proiektuan parte hartzea (3 puntu, gehienez ere).

–Baliabideak efizientziaz erabiltzea, ingurumen inpaktua murriztea eta lurzoruen kalitatea hobetzea (3 puntu, gehienez ere).

–Elikagai osasungarriak eta funtzionalak garatzea eta nutrizio pertsonalizatuan aurrerapenak egitea (3 puntu, gehienez ere).

–Doitasunezko nekazaritzaren garapena. Laboreak kudeatzeko sentsorizazioa eta teledetekzioa (3 puntu, gehienez ere).

–Lehentasunezko elkarteek proiektuan parte hartzea (2 puntu, gehienez ere).

–Elikagaien propietate nutrizionalak, estrukturalak eta funtzionalak babesten dituzten prozesatzeko, kontserbatzeko edo ontziratzeko metodo berriak garatzea (3 puntu, gehienez ere).

–Elikagaien segurtasuna eta trazabilitatea bermatzeko teknologia berriak garatzea eta ezartzea (3 puntu, gehienez ere).

5. erronka.–Berrikuntza digitala S4 sektoreetan (IRIS V):

–Nafarroako IKT sektoreko industria-sareak proiektuan parte hartzea (6 puntu, gehienez ere).

–Konponbideen automatizazio eta adimen maila, barnean hartuta eraikuntza industrializatuaren, turismo jasangarriaren eta ikus-entzunezko industriaren garapena (7 puntu, gehienez ere).

–Sistemaren ikasteko gaitasun autonomoa (7 puntu, gehienez ere).

6. erronka.–Ideia disruptibo berri eta aplikatuak (IDEA V):

–Nafarroako industria sareak proiektuan parte hartzea (4 puntu, gehienez ere).

–Proiektu zientifiko-teknikoa zenbateraino den berritzailea eta disruptiboa (6 puntu, gehienez ere).

–Konpondu behar duen erronkan zer eragin duen, barnean hartuta ikus-entzunezko teknologien garapena, turismo jasangarriari lotutako teknologiak edo eraikuntza industrializatuaren garapen teknologikoa (6 puntu, gehienez ere).

–Proposamenak helburu izatea eskualdeko arazoei konponbideak bilatzea (4 puntu, gehienez ere).

7. erronka.–Bioteknologiako soluzio berritzaileak (SIBERIA V):

–Nafarroako industria sareak proiektuan parte hartzea (6 puntu, gehienez ere).

–Proiektuak zenbaterainoko berrikuntza dakarren. Lortu nahi den aplikaziorako dibertsitatea eta propietateak hobetzea (3 puntu, gehienez ere).

–Nekazaritza, osasun, elikadura edo energia arloko aplikazioetarako teknologiak erabiltzea eta garatzea (3 puntu, gehienez ere).

–Zenbateraino erabiltzen diren teknologia konbergenteak (4 puntu, gehienez ere).

–Sektore estrategikoak (energia, elikadura, osasuna eta beste batzuk) elkarlanean aritzea datuak partekatzeko (4 puntu, gehienez ere).

8. erronka.–Ekonomia zirkularra (ZIRKULAR I):

Honako helburu hauek dituzten proiektuak baloratuko dira:

–Baloratuko da, proiektuaren garapenaren ondorioz, balio-katean honako neurri hauek aplikatzea: zirkularitate neurriak, ekodiseinuan; lehengai birjinen kontsumoa murrizteko neurriak eta hondakinak kudeatzekoak (berrerabiltzea edo birziklatzea) (11 puntu, gehienez ere).

a) 4 puntu emanen dira, gehienez ere, natura-baliabideak modu jasangarrian kudeatzeagatik eta bigarren mailako lehengaiak erabiltzeagatik, baldin eta:

1) Lehengaien erabilera murrizten bada.

2) Bigarren mailako lehengaien edo azpiproduktuen proportzioa handitzen bada, lehen mailako lehengaien aldean.

3) Proiektuak bigarren mailako lehengaien kalitatea hobetzen badu, kalitate handiko birziklatzearen edo beste teknika batzuen bidez.

b) 4 puntu emanen dira, gehienez ere, ingurumenaren arloan hobekuntzak egiteagatik, kudeaketa jasangarria eginda produktuaren balio-bizitzan, baldin eta:

1) Proiektuak handitzen badu produktuen iraunkortasuna, horiek konpontzeko, desmuntatzeko, eguneratzeko, berrerabiltzeko, birmanufakturatzeko edo beste helburu batzuetarako erabiltzeko aukerak, diseinuan eta fabrikazioan hobekuntzak eginda.

2) Proiektuak hondakinak berrerabiltzeko eta birziklatzeko prestakuntza handitzea.

3) Proiektuak substantzia arriskutsuak nabarmen murrizten baditu bizi-zikloan, bat etorrita Batasunaren zuzenbidean ezarritako helburuekin, bereziki substantzia horiek ordezkatuta, seguruagoak diren beste aukera batzuengatik, eta haien trazabilitatea bermatuta.

c) Hondakinen kudeaketa hobetzeagatik 3 puntu emanen dira gehienez ere, baldin eta:

1) Proiektuak birziklapena handitzen badu, birziklagarriak ez diren produktuak edo materialak ordeztuta edo horiek gutxiago erabilita edo beste teknika batzuk erabilita, diseinua eta fabrikazioa hobetzean.

2) Proiektuak ekiditen edo murrizten badu hondakinak sortzea, erraustea edo isurtzea, bereziki mineralen erauzketatik datozen hondakinak eta eraikinen eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

3) Proiektuak ingurumenean hondakinak barreiatzea saihestu eta murriztea.

–4 puntu emanen dira, gehienez ere, Nafarroako industria-ingurunean industria-sinbiosiaren soluzioak aplikatzeagatik. Industria-sinbiositzat hartuko da enpresa edo sektore batek beste enpresa batzuen azpierabilitako baliabideak erabiltzea, elkarren onura lortzeko eta baliabideak denbora gehiagoz erabilgarri mantentzeko.

–2 puntu emanen dira, gehienez ere, aurreko puntuetan definitutako kategorietan sartu ezin izan diren eta ingurumen-inpaktua hobetzen duten neurriengatik.

–3 puntu emanen dira, gehienez ere, proiektuko jardueren ondorioz lortutako ingurumen-hobekuntzak neurtu eta kuantifikatzeko metodologia egiaztagarria definitu eta aplikatzeagatik.

B) Proiektuaren kalitate zientifikoa eta teknikoa.

B.1. Helburuak. Haien argitasuna eta egokitasuna baloratuko dira. Ongi zehaztuta eta proiektuaren helburura zuzen bideratuta egon behar dute. Haien kuantifikazioa ere baloratuko da, ahal den neurrian.

B.2. Eragin zientifiko-teknikoa. Honako hauek baloratuko dira:

b.2.1. Planteamenduaren sendotasuna.

b.2.2. Berrikuntza maila: zer neurritaraino den asmo handiko proposamena; berrikuntza-potentziala; zer zentzutan doan arte-egoeratik harago (bide berriak urratu ditzaketen helburuak eta kontzeptu eta planteamendu berriak).

B.3. Partzuergoa. Honako hauek baloratuko dira:

b.3.1. Beste I+G proiektu batzuetan izandako esperientzia.

b.3.2. Partzuergoak proiektuari heltzeko dituen baliabide materialak eta instalazioak, zehaztuz zer neurritan diren egokiak jarduerak gauzatzeko.

b.3.3. Erakunde bakoitzak proiektuan duen eginkizuna.

B.4. Inplementazioa. Proposatutako lan-planaren koherentzia baloratuko da, metodologiari, lan paketeen eta eginkizunen egiturari, entregatzekoei, gauzatze-kronogramari eta baliabideen esleipenari dagokienez.

C) Aurrekontuaren egokitasuna.

Aurrekontuaren justifikazioa, proposamena gauzatzeko giza baliabideei eta baliabide materialei dagokienez, dedikazioaren eta kostuaren ikuspegitik. Gastuaren beharra eta proiektuko partiden zenbatespena justifikatu beharko dira. Egotzitako gastu bakoitza deskribatu beharko da, eta haien zerikusia proiektuaren jarduerekin; langileen zeregin teknikoak; materialen kostuaren eta kopuruaren banakapena; kanpoko lankideen parte-hartzea.

Atal hau baloratzeko orduan, kontuan hartuko da bai gastuak ongi deskribatu diren, bai ongi egokitzen diren proposatutako helburuetara eta haien zailtasun mailara.

D) Proiektuaren bideragarritasuna eta inpaktua.

D.1. Konponbidea merkaturatzearen edo proiektuak arrakasta izatearen bideragarritasuna.

D.2. Nafarroako ekonomian eta gizartean duen eragina.

E) SINAIko exekuzioko eragileek proiektuan parte hartzea.

E.1. SINAIko exekuzioko eragileek proiektuan parte hartzea, dela partzuergoaren parte direlako, dela partzuergoko kide batek haien zerbitzuak kontratatu dituelako. Bi kasuetan ere, bere gain hartu beharko ditu proiektuko gastu diruz lagungarrien %20, gutxienez.

E.2. Baloratuko da SINAIko exekuzioko eragileen koordinatzaileak proiektuan parte hartzea. Parte-hartze hori Zientziari eta Teknologiari buruzko ekainaren 27ko 15/2018 Foru Legearen 12. artikuluan arautzen da.

F) Proiektuaren ekarpena ekonomia zirkularrerako trantsizioari.

F1) 2 puntu emanen dira, gehienez ere, Navarra Zirkular ekimenaren jardueretan parte hartzeagatik, baldin eta:

f.1.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitzean, proiektuan parte hartzen duten enpresen eta gainerako entitateen %35ek, gutxienez ere, Navarra Zirkularreko kide edo laguntzaile izaera eskatu eta eskuratu badute (1,5 puntu).

f.1.2. Eskabideak aurkezteko epea amaitzean, proiektuan parte hartzen duen enpresaren batek NZK diagnostikoa egin badu (0,5 puntu).

F2) 3 puntu emanen zaizkie, gehienez ere, ekonomia zirkularrerako trantsizioan eragin positibo eta nabarmena duten neurri espezifikoak aplikatzea jasotzen duten proiektuei.

f.2.1. 1 puntu emanen da, gehienez erez, balio-katean lehengai primarioen kontsumoa murrizten duten neurriak aplikatzeagatik (adibidez, lehengaiak ekiditea edo murriztea, bigarren mailako lehengaien edo azpiproduktuen erabilera hobetzea, energiaren erabilera hobetzea).

f.2.2. 1 puntu emanen da, gehienez ere, balio-katean baliabide materialak aktibo mantentzeko denbora handitzen duten neurriak aplikatzeagatik (adibidez, produktuaren iraunkortasuna hobetzea, konponketa, berrerabilera, birmanufakturatzea).

f.2.3. 1 puntu emanen da, gehienez ere, balio-katean hondakinen kudeaketa hobetzen laguntzen duten neurriak aplikatzeagatik.

G) Enpresen partaidetza.

Baldin enpresa-aurrekontuaren ehunekoa handiagoa bada proiektuan diruz lagundu daitezkeen gastuen %70 baino (3 puntu).

H) Proiektua zabaltzeko eta sustatzeko plana.

H.1. Planaren kalitatea: azalpen argiak, lanen definizioa, horiek gauzatzeko kronograma, giza baliabideen eta materialen esleipena.

H.2. Proiektua aurkezteko ekitaldi publikoak.

H.3. Komunikabideetan eta sare sozialetan agertzea.

I) Doktoreen parte-hartzea ikerketa taldean.

DOKTOREEN ORDUAK (%) / PROIEKTUKO ORDU GUZTIAK

PUNTUAZIO GEHIGARRIA

≥ 10

1

≥ 20

2

≥ 30

3

≥ 40

4

≥ 50

5

J) Genero berdintasuna I+Gn.

J.1. Emakumeen ordu-dedikazioa proiektuan: 2 punturekin baloratuko da emakumeen dedikazioa proiektuko ordu guztien %50 edo hortik gorakoa izatea.

J.2. Ikertzaile nagusia (IN / IKN): 1 puntu emanen da proiektuko ikertzaile nagusia (IN) emakumea denean.

K) Azpiegitura zientifiko-tekniko berezien erabilera partekatua, edo SIESS (Scientific Infrastructure and Equipment Sharing System) sisteman dauden Nafarroako azpiegiturena edo IRIS berrikuntza digitalaren poloarena.

Puntuak emanen dira eskura jarritako eta proiektua egiteko erabilitako ekipoak direnean.

Iragarkiaren kodea: F2318324