14. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

408E/2023 EBAZPENA, abenduaren 1ekoa, Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen 2024ko deialdia onesten duena: "Industria sektoreko ETE-etan eta enpresa handietan deskarbonizazio planak egiteko laguntzak". DDBN identifikazioa: 731962.

2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planak helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta energia komunitateak sustatzea, eta horrela, berotegi-efektuko gasen isuria murriztea.

Berotegi-efektuko gas horiek isurtzen dituztenen artean nabarmena da industriaren sektorea, eta hor, isuri horiek murrizteko edo konpentsatzeko aukera handiak daude.

Horregatik, industria sektoreko ETE-etan eta enpresa handietan deskarbonizazio planak egiteko laguntzen 2024ko deialdi honen xedea hauxe da: 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean adierazitako helburuak erdiesten laguntzea.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Onestea "Industria sektoreko ETE-etan eta enpresa handietan deskarbonizazio planak egiteko laguntzak" izeneko 2024ko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

"Nafarroa, trantsizio energetikoaren erakuslea den eskualdea" izeneko 820001 82500 7701 467300 partida, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago

2024

100.000

Halaber, 100.000 euroko gehieneko kopuru gehigarria finkatzen da, zeinak ez baitu beste deialdi bat beharko dirulaguntzetan erabiltzeko, eta zeina arautuko baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarria baimentzeak eta argitaratzeak ez du berekin ekarriko eskaerak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta dirulaguntzak ematearen gainean ebazteko eta hori jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko abenduaren 1ean.–Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak neutraltasun klimatikoa lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak ("Klimari buruzko Europako legeria").

EB Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, neutraltasun klimatikoa 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailekiko. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Laguntzen deialdi honen xedea da laguntza ematea aipatu erregelamendu horretan aurreikusitako helburuak erdiesteko, helburu horiek bat baitatoz, aldi berean, 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planean ezarritakoekin. Horretarako, bada, industria sektoreko ETE-etan eta enpresa handietan deskarbonizazio planak egin daitezen sustatuko du 2024. urtean.

Deskarbonizazio plan horien gutxieneko edukia deialdiaren II. eranskinean jaso da.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Industria sektoreko ETEak eta enpresa handiak izaten ahalko dira onuradun, baldin eta dirulaguntza eskatzen dutenean honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Haien ekonomia-jardueren sailkapen nazionala hauetako bat izatea:

–07. Mineral metalikoen erauzketa.

–08. Beste erauzketa-industria batzuk.

–09. Erauzketa-industriari laguntzeko jarduerak.

–10. Elikagaien industria.

–11. Edarigintza.

–13. Ehungintza.

–14. Jantzigintza.

–15. Larruaren eta oinetakoaren industria.

–16. Zuraren eta kortxoaren industria, altzariak, saskigintza eta espartzugintza izan ezik.

–17. Papergintza.

–18. Arte grafikoak eta grabatutako euskarrien erreprodukzioa.

–19. Kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabrikak.

–20. Industria kimikoa.

–21. Farmazia-produktuen fabrikazioa.

–22. Kautxuzko produktuen eta plastikoen fabrikazioa.

–23. Metalezkoak ez diren beste produktu mineral batzuen fabrikazioa.

–24. Metalurgia; burdinaren, altzairuaren eta ferroaleazioen fabrikazioa.

–25. Metalezko produktuen fabrikazioa, salbu makineria eta ekipamendua.

–26. Produktu informatikoen, elektronikoen eta optikoen fabrikazioa.

–27. Material eta ekipo elektrikoen fabrikazioa.

–28. Beste inon sailkatu gabeko makineriaren eta ekipamenduaren fabrikazioa.

–29. Ibilgailu motordunen, atoien eta erdiatoien fabrikazioa.

–30. Garraiorako bestelako materialaren fabrikazioa.

–31. Altzarigintza.

–32. Beste manufaktura-industria batzuk.

–33. Makineriaren eta ekipamenduaren konponketa eta instalazioa.

–35. Energia elektrikoaren, gasaren, lurrunaren eta aire egokituaren hornidura.

–36. Ura hartu, araztu eta banatzea.

–37. Hondakin urak bildu eta tratatzea.

–38. Hondakinak bildu, tratatu eta deuseztatzea; balorizazioa.

–39. Deskontaminazio jarduerak eta hondakinak kudeatzeko bestelako zerbitzuak.

Enpresa txiki edo ertaintzat hartzeko, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako definizioari jarraituko zaio. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

Enpresa handitzat hartzeko, aldiz, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 24. definizioaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, EBFT).

Enpresaren tamaina zehazteko, kontuan hartuko dira enpresaren urteko kontuen datuak, itxitako azken hiru ekitaldietakoak (2021, 2022 eta 2023), bai eta hari lotutako eta elkartutako enpresa guztienak ere.

Eskatzaileek laguntzen eskaerari erantsita aurkeztu beharko dute enpresaren tamainari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

b) Lantokiren bat Nafarroan edukitzea eta jarduketa diruz lagungarria onuradunak Nafarroan duen establezimendura bideratuta egotea.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, honako honen arabera: Nafarroako Industria Erregistroa sortzen duen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikulua (2013ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 20koa).

d) Haren jarduera ekonomikoak ez dezala kalte nabarmenik eragin Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020ko ekainaren 18ko 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluan adierazitako ingurumen-helburuetan. Erregelamendu hori inbertsio jasangarriak errazteko esparrua ezartzeari buruzkoa da eta Taxonomiari buruzko 2019/2088 (EB) Erregelamendua aldatzen du.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

f) Enpresa krisian ez egotea, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. definizioan ezarritakoaren arabera. Salbuespena dira 2019ko abenduaren 31n krisian ez zeudenak baina 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra bitartean krisian dauden enpresak izatera pasatu direnak.

g) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, hura berreskuratzeko agindu bat, oraindik bete gabea, ezarria ez izatea.

h) Emakumeen eta gizonen berdintasun plan bat izatea, indarrean dagoena eta urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera erregistratua, horretara nahitaez beharturik badago.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

2. Atal honetako betekizunak laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

3. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak, gauzatzeko epea eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza hauen xedea da industriako sektoreetan deskarbonizazio planak egin daitezen sustatzea, eta horretarako, onuradunak Nafarroan dituen establezimenduetarako prestatu beharko da plana.

Deskarbonizazio plana aholkularitzako lan bat izanen da, enpresa ingurumen aldetik jasangarriagoa izan dadin lortzeko estrategia globala prestatzera bideratutakoa; horregatik, enpresaren estamentu guztiak inplikatu behar dira, honako premisa hauek hartuta:

–Energia-efizientzian oinarritutako trantsizio energetikoa.

–Berriztagarrien maximizazioa.

–Neutraltasuna berotegi-efektuko gasen isurian.

Deskarbonizazio planaren gutxieneko edukiak bat etorri beharko du oinarrion II. eranskinean zehaztutakoarekin.

Deskarbonizazio planak behar besteko kualifikazioa dutenek prestatuko dituzte. Horretarako, kualifikazio teknikoari buruzko gutxieneko betekizun batzuk bete beharko dira, zehazki, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuaren 7.b) artikuluan zehaztutakoak. Errege dekretu horren bidez energia-efizientziari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko Zuzentarauaren transposizioa egiten da, energia-auditoretzei, zerbitzu hornitzaileen eta energia-auditoreen egiaztapenari eta energia-horniduraren efizientziaren sustapenari dagokienez. Enpresa baten deskarbonizazio plana enpresa horretako edo kanpoko teknikari kualifikatuek egiten ahalko dute.

2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Inbertsioaren ondoriozko gastu finantzarioak.

b) BEZa, baldin onuradunak berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badu. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

Jarduera diruz lagungarrian lanean hasi aurretik aurkeztu behar da eskaera.

3. Laguntzaren xedeko jarduketak amaitzeko eguna 2024ko urriaren 31 izanen da, beranduenez.

4. Deialdi honetara bideratutako zuzkidura ekonomikoa 100.000 eurokoa da, 2024ko gastuen aurrekontuetako "Nafarroa, trantsizio energetikoaren erakuslea den eskualdea" izeneko 820001 82500 7701 467300 partidaren edo partida baliokidearen kargura, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

5. Deskarbonizazio planen kostuetarako laguntzen zenbatekoak hauek izanen dira:

a) Enpresa handientzat: %40.

b) Enpresa ertainentzat: %50.

c) Enpresa txikientzat: %60.

6. Nolanahi ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa hau izanen da:

ENPRESAREN NEURRIA

LAGUNTZAREN GEHIENEKO ZENBATEKOA (eurotan)

Enpresa txikia

4.000

Enpresa ertaina

7.000

Enpresa handia

10.000

Enpresak energia arloko auditoretza edo diagnostiko bat egiten badu deskarbonizazio planaren barruan, gehieneko zenbateko horiek handitzen ahalko dira, zehazki, taulan finkatutako kopuruak %30 handitzen.

Gehieneko zenbateko horiek establezimendu bakoitzari dagozkio; posible da, beraz, eskatzaile bat laguntza baten baino gehiagoren onuradun izatea, eta halakoetan, muga bakarra establezimendu bakoitzerako ezarritakoa izanen da. Onuradun bakoitzeko, 40.000 euro da gehieneko zenbatekoa.

Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

7. Laguntza hauen esparrua, oro har, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-eremua da (erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jo ziren barne merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz).

4. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita, eta muga-egunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

3. Eskabide telematikoan adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb) eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.

4. Eskabide telematikoarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira, bakoitza artxibo batean eskaneatua eta bere izenarekin behar bezala identifikatua, eta, betiere, laguntzen fitxan eskuragarri dauden ereduei jarraikiz:

a) Eskabide telematikoa, 7. oinarriko b) apartatuan aipatu den erantzukizunpeko adierazpena barne duela.

b) Inprimakia, jarduketaren eta laguntza eskatzen duenaren datuekin.

c) Enpresa eskatzailearen edo eskatzaileen ordezkariaren ahalordea egiaztatzen duen agiriaren kopia, behar bezala inskribaturik, kasua bada, dagokion erregistro publikoetan.

d) Enpresaren tamaina 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskineko 3. artikuluan ageri diren definizioekin bat datorrela ziurtatzeko, eskatzailearen eta haren enpresa elkartu eta lotuen azken hiru ekitaldietako kontu itxiak aurkeztu beharko dira, bai eta guztietako langileen kopurua adierazi ere, horrela egiaztatuko baita enpresaren tamaina.

e) Indarrean dagoen emakumeen eta gizonen berdintasun plan erregistratuaren kopia, edo enpresa horretara behartuta ez dagoela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena, urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren arabera, bietatik dagokiona.

f) 5. oinarriko 1.b atalean jasotako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa, dagokionaren arabera.

5. Eskaera bat aurkeztu beharko da establezimendu bakoitzeko.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. 4. atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

5. oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, organo kudeatzaileak (Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko Plan Energetikoaren Atala) aurkezten diren eskaerak alderatuko ditu ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, haien artean lehentasuna ezartzeko. Dena dela, baimendutako gastuak bide ematen badu eskaera guztiei erantzuteko, ez da beharrezkoa izanen lehentasun hurrenkera hori ezartzea.

Baloratzeko irizpideak hauek izanen dira.

a) Deskarbonizazio plana eginen den establezimenduaren amaierako energia-kontsumoa (eskaera-orrian adieraziko da).

AMAIERAKO ENERGIA-KONTSUMOA (MWh/urtea)

PUNTUAK

9.999 MWh arte (860 PTB)

15

10.000 eta 24.999 MWh artean (860 eta 2.150 PTB artean)

30

25.000 MWh eta 49.999 MWh artean (2.150 eta 4.300 PTB artean)

45

50.000 MWh-tik aurrera (4.300 PTB)

60

b) Genero-berdintasuna. 5 puntu lortuko dira, 10 puntu gehienez, baldintza hauetako bakoitza betetzeagatik. Hauek dira baldintzak:

–Plantillako gizonen batez besteko orduko lansari gordina emakumeen batez besteko lansari gordinaz zatitzerakoan (2023ko ekitaldiko datuak), zatidura 1,05 edo hortik beherakoa izatea. Egiaztapena egiteko: 2023ko lansarien erregistroa.

–Enpresako langileen artean emakumeak %30 edo gehiago izatea. Egiaztapena egiteko: eskaera-orria, eta entitateak Nafarroan dituen kotizazio kontu bakoitzari dagokion lan bizitzaren txostena (2023ko abenduaren 31ra artekoa), Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak emana.

–Enpresan erantzukizuneko edo zuzendaritzako lanpostuetan dauden emakumeak %30 edo gehiago izatea. Egiaztapena egiteko: berariazko izendapena eraketa-eskrituretan, Merkataritza Erregistroaren zuzendaritza-karguei buruzko ziurtagiria edo enpresaren Zuzendaritza Batzordearen ziurtagiria.

–Langileei informazioa, sentsibilizazioa edo prestakuntza eman izana laneko sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horiei aurre egiteko protokolo edo neurri espezifikoei buruz, langileen ordezkariekin negoziatuta eta ezarrita. Egiaztapena egiteko: prestatzaileen zerrenda eta haien gaikuntza.

–Legezko agindua gainditzen duten kontziliazio-neurriak itundu izana. Egiaztapena egiteko: azpi-irizpide hori egiaztatzeko, enpresaren eta langileen ordezkarien artean sinatutako akordioaren kopia aurkeztuko da, adostutako neurrien zerrendarekin.

–Aitortzaren edo bereizgarriren bat edukitzea bere langileekin tratu eta aukera berdintasunaren politikak aplikatzeagatik (esaterako, Berdintasuneko Ministerioaren "Berdintasuna enpresan" deituriko bereizgarria, NEEZE-Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen "Reconcilia zigilua" edo genero-berdintasunaren arloko beste batzuk).

c) Erronka demografikoa. 30 puntu lortuko dira deskarbonizazio plana eginen den establezimendua 5.000 biztanle arteko udalerri batean badago, edo 20.000 biztanle arteko hirigune ez den udalerri batean badago, udalerri horretako biztanle-entitate bakun guztiak 5.000 biztanle artekoak badira.

2. Laguntzen zenbatekoa 3. oinarrian adierazitakoa izanen da.

3. Plan Energetikoaren Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusia izanen da organo eskuduna dirulaguntza emateaz ebazteko.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, eta eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez jakinaraziko da.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

4. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

6. oinarria.–Justifikazioa eta dirulaguntzen ordainketa.

1. Onuradunek laguntzen xede diren jarduketak gauzatu dituztela frogatu beharko dute, 3.3 oinarrian adierazi den gauzatze-epearen azken egunean beranduenez, eta horretarako honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Egindako jarduketen fakturak, onuradunaren izenean.

b) Fakturen ordainagiriak, onuradunaren izenean.

c) Deskarbonizazio planaren kopia.

d) Energia arloko auditoretza edo diagnostikoaren kopia, halakorik egin bada deskarbonizazio planaren barruan.

e) Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa, hala badagokio.

f) Deskarbonizazio planaren laburpena (eredu bat egonen da eskuragarri deialdiaren tramiteen fitxan, nafarroa.eus helbidean).

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

2. Ordainketa eskaera eta dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, deklaratuko da galdu dela laguntza kobratzeko eskubidea.

4. Frogagiriak atal honetan ezarritako epean aurkezten ez badira, laguntzarako eskubidea galduko da.

5. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

6. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezten denetik hiru hilabeteko epean.

7. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Lantokia Nafarroan izatea eta bertan egitea diruz laguntzen diren jarduerak.

b) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikaz aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek foru lege horren 12.4 artikuluak eskatzen duen informazioa aurkezteko betebeharra ez badute betetzen, laguntza kobratzeko eskubidea galduko dute edo laguntza itzuli beharko dute, bietatik dagokiona.

c) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

d) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 4. artikuluan ezartzen dena kontuan hartuta.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori.

f) Emandako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

g) Onuradun izateko baldintza da, bai laguntza onartu aurretik eta bai onartutako dirulaguntza likidatu arte, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa ere, kasua bada.

h) Laguntza jaso eta hiru urtera txosten-memoria bat aurkeztea; hartan adierazi beharko da deskarbonizazioan zenbateko inbertsio edo gastu metatua egin den denbora-tarte horretan, diruz lagundutako plana gauzatzearen ondorioz, eta kalkulatu beharko da zenbateko aurrezpena sortu den, energian eta isurietan. Dirulaguntzaren xede ez diren beste inbertsio batzuk ere txertatzen ahalko dira aipatu txosten-memoria horretan.

i) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Deskarbonizazio planaren gutxieneko edukiak bat etorri beharko du oinarrion II. eranskinean zehaztutakoarekin.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa-deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 6. oinarrian ezarritako epean egiten bada.

4. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak egiten ahal ditu beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak, egiaztatzeko benetan gauzatu direla dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Kasu horretan, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan ezarritako metaketa arauak izanen dira aplikatzekoak: Laguntza hauek metagarriak dira diruz laguntzen ahal diren bestelako kostu identifikagarriei erantzuten dietenekin, edo kostu diruz lagungarri berberei osorik edo partez erantzuten dietenekin baldin eta metaketak ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo aipatu erregelamenduak kategoria bakoitzerako xedatutakoaren arabera aplikatu daitekeen laguntza kopururik handiena.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

9. oinarria.–Jakinarazteko betebeharretik salbuetsitako araubidea.

Laguntzen araubide hau salbuetsita dago jakinarazteko betebeharretik (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 108.3 artikuluan ezarria), betetzen dituelako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 7. ataleko 36. artikuluan ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen ditu, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, eta 2014ko L187. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 26koan). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2026ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2023ko ekainaren 23ko 2023/1315 (EB) Erregelamenduaren bidez (2023ko L 167/1 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, ekainaren 30ekoa).

10. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren (GHEb) bidez eginen dira.

11. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.navarra.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik.

II. ERANSKINA.–DESKARBONIZAZIO PLANAREN GUTXIENEKO EDUKIA

1. Helburua eta edukia.

2. Establezimenduaren datu orokorrak.

2.1. Establezimenduaren identifikazioa.

–Enpresaren sozietate-izena.

–Lantokiaren helbidea.

–Ekonomia-jardueren Sailkapen Nazionala.

2.2. Establezimenduaren datuak.

–Funtzionamendu araubidea (orduak egunean, egunak astean, eta orduak urtean).

2.3. Establezimenduaren ekoizpenaren datuak.

–Erabiltzen dituen lehengai nagusiak. Izena eta urtean erabiltzen den kantitatea.

–Lortzen diren produktu nagusiak. Izena eta urtean lortzen den kantitatea.

3. Gobernantza.

3.1. Zuzendaritzaren konpromisoa.

3.2. Estrategia korporatiboan nola txertatzen den.

3.3. Interes taldeak.

4. Antolamenduaren testuingurua.

4.1. Antolamenduaren kanpo testuingurua.

4.1.1. Deskarbonizazioaren arloko arau-esparrua, estrategiak eta ekimenak.

4.1.2. Jardunbide/teknologia onenen azterketa sektore horretan eta beste sektore batzuetan.

4.2. Antolamenduaren barne testuingurua.

4.2.1. Energia-auditoretzak.

4.2.2. Karbono-aztarnaren kalkulua.

4.2.3. Oinarrizko linea eta KPI delakoak (Key Performance Indicators).

5. Arrisku eta aukeren azterketa.

6. Helburuen identifikazioa.

6.1. Energia aurreztu eta efizientziaz erabiltzeko neurriak.

6.2. Energia iturrien eta ekipamenduen aldaketa.

6.3. Jatorri bermea duen energiaren erosketa.

6.4. Harrapatu eta konpentsatzeko estrategiak.

6.5. Kostu-efektibitatearen balorazioa.

7. Kontrola eta jarraipena.

8. Komunikazioa.

9. Laguntza publikoak.

10. Deskarbonizazio plana.

10.1. Epe laburrerako ezarpen plana.

10.2. Oinarrien finkapena epe luzeko helburuetarako.

Iragarkiaren kodea: F2317400