14. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

URDAZUBI

Teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez eguzki energia autokontsumorako biltzeko eta aprobetxatzeko instalazioak arautzen dituen Ordenantzaren behin betiko onespena.

Udalaren Osoko Bilkurak, 2023ko uztailaren 28an izandako saioan, hasiera batean onetsi zuen Urdazubi udal mugartean Teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez eguzki energia autokontsumorako biltzeko eta aprobetxatzeko instalazioak arautzen dituen Ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia 2023ko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 22an.

Urdazubiko Udalaren Osoko Bilkurak, 2023ko urriaren 27an izandako saioan, aurkeztutako alegazioak ebatzi ondotik, erabaki zuen behin betiko onestea Teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez eguzki energia autokontsumorako biltzeko eta aprobetxatzeko instalazioak arautzen dituen Ordenantza, jarraian transkribatzen dena.

Urdazubin, 2023ko azaroaren 24an.–Alkatea, Ignacio Ariztia Urriza.

ORDENANTZA, TEKNOLOGIA FOTOVOLTAIKOAREN ETA TERMIKOAREN BIDEZ EGUZKI ENERGIA AUTOKONTSUMORAKO BILTZEKO ETA APROBETXATZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUENA

HITZAURREA

Udalek klima aldaketaren aurkako borrokan duten lehentasunezko rola eta energia berriztagarrien sustapena kontuan hartu dira, eta protagonismoa izan dute, Alkateen Klima Aldaketaren aurkako Itunean, Bruselan 2009ko otsailaren 11n izenpetutakoan, hain zuzen.

Klima aldaketa gizarteak gaur egun dituen erronka handienetakoa da. Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldearen (IPCC) Bosgarren txostenak adierazten duenez, sistema klimatikoaren berotzea agerikoa da, eta giza inpaktu nabarmena du. Berotegi efektuko gasak etengabe igortzeak berotze are handiagoa eraginen du, bai eta aldaketa iraunkorrak ere sistema klimatikoaren osagai guztietan; horrek, halaber, pertsonengan eta ekosistemengan inpaktu larriak izateko probabilitatea areagotuko du. Hori horrela, honako hauek dira Europar Batasunak planteatutako hiru xede nagusiak: berotegi efektuko gasen emisioak murriztea 1990. urtearekin alderatuta, energia berriztagarrien erabilera areagotzea eta efizientzia energetikoa hobetzea.

Urdazubiko Udala jakitun da udalak esku hartzea berebizikoa dela xede horiek betetzen laguntzeko, eta energia berriztagarriak ezartzeko ere bai; izan ere, trantsizio energetikorako oinarrietako bat da autokontsumoa, ez soilik energia aurrezten laguntzen duelako, baizik eta deskarbonizazio prozesua arintzen duelako ere bai.

Gure udalerriaren ezaugarri ekonomikoek (mugan salmenten gune komertzial handia dugu) baldintza onak planteatzen dituzte energia berriztagarrien sistemak ezartzeko, eta, horri esker, dagoen kontsumo energetiko handiak eragiten dituen afektazioak murrizteko eta udalerria atxikita dagoen Alkateen Klima Aldaketaren aurkako Itunak exijitzen dituen xedeak betetzen laguntzeko.

Urdazubiko Udalak oraindik ez du ordenantzarik eguzki energia modu ordenatuan eta ingurunearekin zein paisaiarekin koherentea izanda biltzeko sistemak ezartzea arautzen duenik. Arau esparru horren baitan kokatzen da energia berriztagarriak sortzeko sistemak ezartzeko premia osotasunaren hirigintza ikuspegitik eta ahal den heinean paisaiarekiko eta ondare arkitektonikoarekiko inpaktua minimizatuta.

I. KAPITULUA.–XEDEA

1. artikulua. Ordenantza honen xedea.

1. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea instalazioak ezartzeko, eguzki energia biltzeko eta aprobetxatzeko, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetako determinazioek eguzki instalazioak (termikoak eta fotovoltaikoak) arautzen dituzte, Urdazubi udal-mugarteko hiri lurzoruan (finkatuan eta finkatu gabean), urbanizagarrian eta urbanizaezinean.

3. artikulua. Definizioak.

1. Bi panel mota sartzen dira biltzeko elementuetan, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera: energia termikoa edo energia elektrikoa:

a) Eguzki instalazio termikoak: fluido bat berotzeko eguzki erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak. Erabiliko dira etxeko ur beroa lortzeko eta espazioak girotzeko.

b) Eguzki instalazio fotovoltaikoak: eguzki erradiaziotik datorren energia energia elektrikoa ekoizteko aprobetxatzen dute, material erdieroale jakin batzuen propietateez baliatuta, elektrizitatea sortzen baitute eguzki erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

2. Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaikoez zein termikoez osatutako eguzki instalazioak, haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. KAPITULUA.–INSTALAZIOAK HIRI LURZORUAN ETA LURZORU URBANIZAGARRIAN

4. artikulua. Bizitegi erabilerako hiri lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko instalazioak.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako zein klimatizaziorako–eguzki instalazio termikoak–, dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

Ingurutzat jotzen da komunitate energetiko batean sar daitekeen hiri lurzoruko edota lurzoru urbanizagarriko azalera.

2. Eguzki panelak instalatzen ahal dira eraikinetako estalki inklinatuetan eta lurzoru libre pribatuan (baratzeak eta lorategiak), baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Lehenetsi eginen da eguzki panelak jartzea eraikin nagusiei atxikitako eraikinen estalkietan eta garaje isolatuetan.

b) Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 30 zentimetro baino gehiago irten. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bakarra sortu behar dute.

c) Horiek guztiak gutxienez 2 metro bereiziko dira fatxadetako planoetatik edota hegalaren ertzetik, eta metro bat, berriz, mehelin, ertz eta goihabeetatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.

d) Kalerako estalkiaren eta/edo fatxaden gainean ezin izanen da inolako elementu osagarririk instalatu, ezta horietan ikusgai geratu ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, alderantzikagailuak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan paratu beharko dira, dela eraikinaren barruan dela barruko fatxadan. Kokapen horien ezintasun teknikoa behar bezala justifikatzen bada, salbuespenez ematen ahalko da baimena, baldin eta bista horien eragina minimizatzeko neurriak badaude eta udalak oniritzia ematen badu.

e) Hiri lurzoru finkatuan dauden eraikinetan ezin da eguzki panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

f) Debeku da eguzki plakak instalatzea Salbatore Plazara eta Salbatore Karrikara ematen duten eraikinetako estalkien isurkietan. Gainerako isurkietan, aurreko baldintza guztiak beteko dira.

g) Ez dira instalatzen ahalko Udalaren Planeko babesari buruzko katalogoan jasotakoarekin bat 1 eta 2.A babes maila duten eraikinen estalkietan. Udalaren Planeko babesari buruzko katalogoan jasotakoarekin bat 2.B babes maila duten eraikinen estalkietan instalatzen ahalko dira, Príncipe de Viana erakundeak baimena ematen badu.

3. Obra berriko eraikinetan baimenduta egonen da fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan eguzki panelak instalatzea, baldin eta fatxadako planoan eta/edo fatxadaren eraikuntza elementuetan txertatzen badira (leihoak, barandak, karelak, etab.) eta dagokion altxaeraren azaleraren %30 baino handiagoak ez badira.

4. Eguzki panelak lurzoru libre pribatuan jartzen ahal dira, honako baldintza hauek betez gero:

a) Eraikin kontsumitzaileak lehendik daudenean edo aldi berean horietarako obra-lizentzia ematen denean bakarrik instalatzen ahalko dira.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki energia hobeki aprobetxatzeko.

c) Panelak lurzoruan bermatuta paratuko dira. Instalazioek, euskarriak eta beste elementu batzuk barne, ez dute gainditu behar itxitura hormaren garaiera (itsua bada), edota heskaiarena (landarezko itxitura bada), ez dute inola ere izanen 1,60 metroko garaiera baino handiagoa, lurzorutik neurtuta.

d) Okupaturiko gehieneko azalera %40koa izanen da, eta gehienez ere 40,0 m²-koa. Eraikin mugakideen gaineko balizko eraginei buruzko azterlan bat aurkeztuko da, batez ere balizko islei eta eraikin horien gaineko balizko ispilu efektuari dagokienez, eta, hala badagokio, azterlan horretan jasotakoa bete beharko dute.

5. artikulua. Hiri lurzoru eta lurzoru urbanizagarri komertzialeko instalazioak Dantxarinea Landibar.

1. Inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki instalazioak baimenduko dira, dela etxeko ur berorako (eguzki instalazio termikoak), dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

Ingurutzat jotzen da komunitate energetiko batean sar daitekeen hiri lurzoruko edota lurzoru urbanizagarriko azalera.

2. Dantxarineko eta Landibarko esparruan eguzki plakak jartzen ahal dira eraikin komertzialen estalkien isurkietako bakar batean, baldin eta estalkiak bi isuriko estalkien soluzio seriatua badu. Piñoi bakoitza estalkitzat jotzen da; beraz, horietako bakoitzaren isurkietako batean jartzen ahal dira.

Eraikin komertzialak dira indarrean dagoen plangintzan komertzialaren kalifikazioa duen hiri lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian dauden guztiak.

a) Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 30 zentimetro baino gehiago irten. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bakarra sortu behar dute.

b) Horiek guztiak gutxienez 2 metro bereiziko dira fatxadetako planoetatik eta hegalaren ertzetik, eta metro bat, berriz, mehelin, ertz eta goihabeetatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.

c) Kalerako estalkiaren eta/edo fatxaden gainean ez da inolako elementu osagarririk instalatzen ahalko, ezta horietan elementurik ikusgai geratzen ahalko ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, alderantzikagailuak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan paratu beharko dira, edota instalazioetarako estalki baten azpian, eta behar bezala ezkutaturik, dela apaingarriekin dela erakintza elementuekin, eta nolanahi ere modu estetikoan integratu behar dira eraikinean.

3. Ez dira paratzen ahalko Dantxarineko eta Landibarko hiri lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren lurzoru libre pribatuan.

4. Aparkalekuak estaltzeko markesinak beren osotasunean izaten ahal dira plaka fotovoltaikoen instalazioen euskarri.

5. Berotegiek plaka fotovoltaiko gardenak eta erdi-gardenak izaten ahal dituzte estalkietako isurki guztietan.

III. KAPITULUA.–LURZORU URBANIZAEZINAREN GAINEKO INSTALAZIOAK

6. artikulua. Lurzoru urbanizaezinetako instalazioak.

1. Lurzoru librean eguzki energia erabiliz energia elektrikoa lortzeko instalazioak (eguzki parkeak) lurzoru urbanizaezinean ezartzeko lana berariaz arautzen du indarreko araudi sektorial autonomikoak (64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana), eta bete eginen ditu, halaber, Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarririko erabilera baimenduak eta 2. Lurralde Antolamenduko Planean (2. LAP-Nafarroa Atlantikoa) jasotakoak.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, Nafarroako Gobernuaren baimena izapidetzeko aurretiazko dokumentazioan sartu beharko da, 15 m²-ko edo gutxiagoko instalazioetan izan ezik, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden bizitegi erabilerako eraikinetako instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki panelak instalatzea, eta ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik Nafarroako Gobernuak baimenik izapidetzea. Halaber, baldintza hauek bete behar izanen dira:

a) Eguzki panelak instalatzen ahal dira eraikinetako estalki inklinatuetan, betiere horietako planoen gainean bermatuta paratzen badira. Panelen orientazioak aldatzea baimenduko da eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten 0,60 metroko garaiera gainditzen edozein puntutan, isurkiko planoarekiko zut neurtuta. Okupatutako azalera gutxienez metro batean bereiziko da isurkiaren perimetrotik fatxada, mehelin, ertz edo goihabera. Estalkiaren azaleraren %80 okupa daiteke gehienez, proiekzio horizontalean neurtuta.

b) Eguzki panelak instalatzen ahal dira fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

c) Ez dago baimenduta estalki lauen edo teilatu lauen gainean paratzea, azalera edo orientazio mugarik gabe.

4. Aurretik zeuden bizitegi erabilerako eraikinetako instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki panelak instalatzea, eta ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik Nafarroako Gobernuak baimenik izapidetzea. Halaber, baldintza hauek bete behar izanen dira:

a) Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 30 zentimetro baino gehiago irten. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bakarra sortu behar dute.

b) Horiek guztiak gutxienez 2 metro bereiziko dira fatxadetako planoetatik edota hegalaren ertzetik, eta metro bat, berriz, mehelin, ertz eta goihabeetatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.

c) Eguzki panelak instalatzen ahal dira balkoi, begiratoki eta antzekoetan.

d) Estalki lauetan ez da instalaziorik paratzen ahalko.

e) Lurzoruan ez da instalaziorik paratzen ahalko.

Iragarkiaren kodea: L2316830