1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
204E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita itsasontzietarako artifizio piroteknikoak eta sorospen-seinaleak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioaren titularra Wescom Signal and Rescue Spain SL.
Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 4.1 taldean.
2024ko martxoaren 20an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan, beste hondakin batzuk sartzeko, ekoizpen prozesuari dagozkionak.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin:
EHZ KODEA | DESKRIBAPENA | BALORAZIOA |
15 01 06 | Material nahasketa duten ontziak | Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea |
20 02 01 | Hondakin biodegradagarriak | Ez da egokia sartzea, inausketaren hondarrak direlako eta, hortaz, udal eskumenekoak direnez mankomunitateak kudeatu beharrekoak |
08 03 13 | Tinta hondakinak, 08 03 12 kodean zehaztutakoez bestelakoak | Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea |
16 05 07* | Baztertutako produktu kimiko inorganikoak, substantzia arriskutsuak direnak edo substantzia arriskutsuak dauzkatenak | Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea |
17 06 05* | Amiantoa duten eraikuntza-materialak [6] | Ez da egokia sartzea: besteren jardueren ondorioz sortutako hondakina da. Jarduera hori betetzen duen eraikitzaileak-edukitzaileak kudeatu behar du |
Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen bateratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Partez onartzea Galarko udal mugartean dagoen eta itsasontzietarako artifizio piroteknikoak eta sorospen seinaleak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Wescom Signal and Rescue Spain SL da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarren.–Ebazpen hau igortzea Wescom Signal and Rescue Spain SLra eta Galarko Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko maiatzaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2408487