139. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

74/2024 EBAZPENA, ekainaren 10ekoa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez eraikitzeko aurretiazko administrazio-baimena ematen baita, Lodosako, Mendabiako eta Sesmako udal-mugarteetako energia elektrikoa ekoizteko 16 MW-ko "El Oliado" izeneko parke eolikoa eta beraren ebakuazio-azpiegiturak aldatzeko.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren otsailaren 8ko 13/2023 Ebazpenaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena eman ziren Lodosako, Mendabiako eta Sesmako udal-mugarteetan energia elektrikoa ekoizteko 16 MW-ko "El Oliado" izeneko parke eolikoa eta ebakuazio-azpiegiturak instalatzeko.

2024ko martxoaren 8an MTorres Desarrollos Energéticos SLk eskatu zuen eguneratzeko 16 MW-ko "El Oliado" parke eolikoa eraikitzeko administrazio baimena. Eskaerarekin batera dokumentazio tekniko berria eta proiektuaren eranskinak aurkeztu ziren, hain zuzen ere, dagoeneko baimenduta dagoen 66 kV-ko transformazio-azpiestazioari eta egin nahi den ebakitze-zentroari buruzkoak.

i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk, parke eolikoa konektatuta dagoen banaketa-sarea kudeatzen duenak, ezarritako diseinu-irizpideetara eta baldintza teknikoetara egokitzeko aurkeztu da eskaera. Kontuan eduki behar da baldintza horiek jakinarazi direla Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak aurretiazko administrazio baimenaren eta eraikitzeko administrazio baimenaren inguruan kontsultak egin ondoren (13/2023 Ebazpena, otsailaren 8koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiarena).

Hain zuzen ere, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk ezarri du ebakitze-zentro automatizatu berria behar dela 66 kV-ko tentsio-mailan: haga bakarra eta hiru etengailu, bi linean eta bestea parke eolikoaren konexiorako.

66/20 kV-ko azpiestazio jasotzailea dela eta, hauexek dira eginen diren egokitzapen nagusiak:

–Tentsio-transformadoreak ez dira egonen hasierako proiektuan adierazitako tokian.

–Euskarri berean egonen dira tentsio-transformadoreen multzoa eta etengailua.

–Azpiestazio jasotzailearen barnean egitekoa zen kontrol-eraikina lokabea izanen da, hau da, eraikin bakarra.

–Instalazio barneko bideak aldatu dira eta, ondorioz, barnealderako sarbidea ere bai.

–Egun dagoen bidetik instalaziora sartzeko bidearen trazadura aldatu da.

Nafarroan Parke Eolikoetarako Baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuak ezartzen du, 21. artikuluaren 1. apartatuko b) letran, ezen aurretiazko administrazio-baimena duten parke eolikoen aldaketek eraikitzeko administrazio-baimena eskuratzen ahalko dutela aurretiazko administrazio-baimen berriaren beharrik izan gabe, baldin eta aldaketak ez badaude Ingurumen Ebaluaziori buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio esparruan.

Horrenbestez, 2024ko apirilaren 24an kontsulta egin zitzaion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ingurumen Ebaluazioaren Atalari, txostena egin zezan MTorres Desarrollos Energéticos SLk sustatutako "El Oliado" parke eolikoaren eta beraren ebakuazio-azpiegituren ingurumen-inpaktuaren adierazpena indarrean denetz argitzeko, sarea kudeatzen duenak eskatutako egokitzapenetarako.

2024ko maiatzaren 7an Ingurumen Ebaluazioaren Atalaren txostena jaso da. Bertan adierazten duenez, proposatutako egokitzapenak "ez daude Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-eremuaren barnean eta, beraz, ez dira funtsezko aldaketak, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuak xedatzen duenaren arabera" eta, horren ildotik, "indarrean segitzen du Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 19ko 45E/2023 Ebazpenak, El Oliado parke eolikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duenak."

Azpiegitura Energetikoen Atalak egiaztatu du betetzen direla maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 21. artikuluan egokitzapenak funtsezko aldaketatzat ez jotzeko ezartzen diren gainerako baldintzak; beraz, ez da behar beste aurretiazko administrazio baimenik.

Beste alde batetik, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 21. artikuluak xedatzen duenez, aldaketa hauek, kasua bada, lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrien baimena beharko dute, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko legeria indardunean araututakoa. Horregatik, 2024ko apirilaren 24an kontsulta egin zaio Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalari.

2024ko maiatzaren 17an, Paisaiaren eta Landa-lurzoruaren Atalak honako hau jakinarazi du: "ez dago ukipen berririk eta aldaketa oso txikiak dira. Ez da behar lurzoru urbanizaezineko beste baimenik."

Hori ikusita, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak proposatzen du MTorres Desarrollos Energéticos SLk eskatutako eraikitzeko administrazio baimena ematea.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Eraikitzeko administrazio baimena ematea M. Torres Desarrollos Energéticos SLk proposatutako egokitzapenak egiteko Lodosako, Mendabiako eta Sesmako udal-mugarteetan energia elektrikoa ekoizteko 16 MW-ko "El Oliado" izeneko parke eolikoa eta ebakuazio-azpiegiturak instalatzeko.

2. Lanak eginen dira José Luis Ovelleiro Medina industria ingeniariak sinatutako instalazioak gauzatzeko proiektuaren eranskinetan ezartzen denari jarraikiz.

3. Instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera gauzatu beharko dira, eta honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko dute beti: Goi-tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; Goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta Hegaztiak goi-tentsioko linea elektrikoen aurka talka egitetik eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua.

4. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

5. Eraikitzeko administrazio baimen hau emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezaten.

7. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari.

8. Ebazpen hau jakinaraztea MTorres Desarrollos Energéticos SLri eta i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariaren aurrean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hilabete iragan baino lehen, errekurtsoan 1162-2-CE zenbakia jarrita.

9. Ebazpen hau Lodosako, Mendabiako eta Sesmako udalei jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen jurisdikzio-ordenari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko ekainaren 10ean.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2409336