139. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

478E/2024 EBAZPENA, ekainaren 6koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira dirulaguntzak emateko deialdi baten oinarri arautzaileak autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonek 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte, bi egun horiek barne, jasotzen duten tratamendua ordaintzen laguntzeko. DDBN identifikazioa: 767026.

2024ko Nafarroako Gastuen Aurrekontuan, "Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonak tratatzeko laguntzak" izeneko 511000 51100 4809 311103 aurrekontuko partida dago, 171.000 euroz hornitua.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen bidez, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatu beharreko araubide orokorra ezarri zen. Araubide horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Foru lege horretan ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpen honen bidez onesten den deialdiaren xedea da autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonen tratamenduetarako dirulaguntzak ematea, hain zuzen, egoera horretan dauden pertsonei 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte (biak barne) egindako tratamenduetarako.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla. Espedientean jasota dago adostasuna eman duela Ogasunak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzailetza delegatuak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza-deialdi bat onestea autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonek 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitarte, bi egun horiek barne, jasotzen duten tratamendua osorik edo hein batean ordaintzeko, bat etorriz eranskin gisa gehitu diren oinarri arautzaileekin.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea.

3. Gehienez 171.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko gastu-aurrekontuaren "Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonak tratatzeko laguntzak" izeneko 511000 51100 4809 311103 partidari egotziko zaiona.

4. Ebazpen hau igortzea Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ogasunak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta, halaber, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

5. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Lurralde Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko ekainaren 6an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.

ERANSKINA.–AUTISMOAREN ESPEKTROKO NAHASMENDUA DUTEN PERTSONEK 2023KO URRIAREN 1ETIK 2024KO IRAILAREN 30ERA BITARTE, BI EGUN HORIEK BARNE, JASOTZEN DUTEN TRATAMENDUA OSORIK EDO HEIN BATEAN ORDAINTZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea eta helburua.

Dirulaguntza hauek erabiliko dira osorik edo hein batean ordaintzeko autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonei tratamendua emateko egindako gastua, zehazki, 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartekoa, bi egun horiek barne.

Tratamendu horrek homologatua egon beharko du, haren eraginkortasuna frogaturik egonen da eta tratamendua eman dutenek behar bezalako akreditazioa edo prestakuntza izanen dute tratamendu hori emateko, eta profesional tituludunak izan beharko dute, hain zuzen ere arlo hauetakoak: psikologia, psikiatria, irakasle-ikasketak, pedagogia, logopedia, terapia okupazionala edo Haur Hezkuntzako goi mailako teknikaria.

Hala badagokio, jarduera osasun jarduerak egiteko akreditatutako zentroetan eginen da.

Dirulaguntza honek onura publikoa du komeni delako autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoa duten pertsonei tratamendua osatzea.

2.–Deialdiaren zenbatekoa.

Deialdi honetara 171.000 euro bideratuko dira, 2024ko gastu-aurrekontuaren "Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonak laguntzak" izeneko 511000 51100 4809 311103 partidaren kargura.

3.–Onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.1 artikuluaren arabera, onuraduntzat joko da "jarduera egin behar duen pertsona, edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen dena", eta, 13.1 artikuluaren arabera, "dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdietan adierazitako egoera dutenak".

Horrenbestez, onuradunak izan daitezke honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

–Autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoa izatea, autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoan aditua den psikologo kliniko batek edo mediku fakultatibo batek emana. Halaber, onuradun izaten ahalko dira nahasmendu hori berresteko edo baztertzeko balorazio prozesu diagnostiko batean daudenak, baldin sintomak bateragarriak badira eta prozesuaren iraupena urtebetetik beherakoa bada.

–Nafarroan modu egonkorrean bizitzea, hau da, onuradunak gutxienez urtebete eramatea Nafarroako Foru Komunitatean egiazki bizitzen diruz lagundu daitekeen aldia bukatu baino lehen, hots, 2024ko irailaren 30a baino lehen. Interesduna urte batetik beherako adingabea baldin bada, jaiotzetik beretik Nafarroan egiazki bizitzea eskatuko da.

Betebehar honetatik salbuesten dira asilo eskatzaileak eta haien familia unitatekoak, asilo-eskubidea aitortzeko ebazpenak ezartzen duenaren arabera, edo familia zabaltzeagatik babes subsidiarioa ezartzen duen ebazpenaren arabera.

–Tratamenduaren komenigarritasuna horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana.

–Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

4.–Eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea.

4.1. Autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsonek eska ditzakete deialdi honetan ezarritako laguntzak, baita haien aitak, amak, tutoreak edo legezko ordezkariak ere, onuradunaren izenean, baldin hura adingabea bada edo ezintasuna badu.

4.2. Eskaerak beti onuradunaren izenean egon behar du, eta, haren izenean beste pertsona batek aurkeztuz gero, hura ordezkari gisa agertuko da.

4.3. Eskaerak aurkezteko epea 2024ko irailaren 1ean hasiko da, eta urte bereko irailaren 30ean bukatuko.

4.4. Dirulaguntza jasotzeko eskaerak, lehentasunez, Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan dagoen fitxaren bidez aurkeztuko dira, eskaera izapidetzeko botoia sakatuta.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez ere aurkezten ahalko dira, edo Osasun Departamentuaren Erregistroan (Tutera kalea 20, 31003 Iruña), Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuari zuzendutako eskabide baten bidez, deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Eskaera-idazkiari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 5. oinarrian adierazitako dokumentuak.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerei dagokienez, gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, igorri aurretik jar daitezen, lehen orrialdearen idazpuruan, aurkezpen datuak, hots, bulegoaren izena, data eta tokia. Datu horiek adierazi beharko dira, orobat, eskaera igorri dela frogatzen duen gordekinean.

4.5. Eskaerak baldintza horiek betetzen ez baditu, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta artxibatu eginen dela, behar den ebazpena eman ondoren.

4.6. Dirulaguntza eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Betebeharren frogagiriak.

Deialdi honetako baldintzak betetzen direla frogatzeko, dirulaguntzaren eskaerari honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Onuradunaren nortasun agiri nazionalaren edo identifikazio-agiriaren fotokopia.

b) Nafarroako Foru Komunitateko errolda-ziurtagiria, antzinatasuna adierazita, edo, kasua bada, asilo-eskubidea emateko ebazpena.

c) Txosten klinikoa, autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoan aditua den psikologo kliniko batek edo mediku fakultatibo batek emana. Hartan jasoko da irizpen klinikoa edo susmo diagnostikoa. Txosten hori aurretik eman bada dirulaguntza bererako, txosten berriak baino ez dira aurkeztu beharko, horrelakorik baldin badago. Aurreko urtean balorazio prozesu diagnostiko batean egonda dirulaguntza lortu zuten eskatzaileek diagnostikoa berresteko txostena aurkeztu beharko dute.

d) Txosten bat, behar bezala akreditatua dagoen eta pertsonaren arretan inplikatua dagoen profesional batek egina, tratamendua komenigarria dela dioena eta haren helburuak adierazten dituena. Tratamendu horrek ebidentzia zientifiko frogatua izan behar du.

e) Tratamendua eman duen profesionalaren txostena, adierazten dituena tratamenduaren azalpena eta eskatutako laguntzaren aldian lortutako emaitzen ebaluazioa.

Tratamendua komenigarria dela adierazten duen pertsona (d atala) eta tratamendua ematen duena (e atala) pertsona bera baldin bada, txosten bakarra egiten ahalko da.

6.2 oinarrian aipatutako batzordeak argibide-txostenak eskatzen ahalko dizkie onuradunei.

f) Onuraduna adingabea bada edo ezintasuna badu, pertsona horren legezko ordezkaria izatearen frogagiriak.

Aita edo ama baldin bada, familia liburua eta guraso baten NANa edo AIZa.

Dibortzio edo banantze kasuetan eta zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia eta/edo dibortzioaren hitzarmena eta guraso horren NANa edo AIZa.

Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

g) Banku-titulartasunaren ziurtagiria edo transferentzia bidez ordaintzeko eskaera. Baldin Nafarroako Gobernuari lehenbiziko aldiz eskatzen bazaio dirulaguntza, edo aldatu bada aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua, erantsi beharko da "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera" izeneko inprimakia, Nafarroako Gobernuaren webgunean eskuragarri dagoena, zehazki, atal honetan: "Nafarroako Foru Administrazioaren inprimaki orokorrak":

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak

h) Egindako gastuaren justifikazioa, fakturen bitartez, gutxienez honako datu hauek jasoko dituztenak:

–Onuradunaren izena.

–Tratamendua eman duen entitatea edo profesionala.

–Jasotako tratamendua, honako hau adierazita, gutxienez: tratamendua jaso duen pertsonaren izena, emandako saioen kopurua, aldizkakotasuna, iraupena, eta saio horiek banakakoak ala taldekoak izan diren.

–Ordaindutako zenbateko osoa.

i) Egindako ordainketaren frogagiria.

j) 6.3 oinarrian adierazitako hainbanaketatik salbuesten ahal diren onuradunek gizarteratze-errenta/errenta bermatua onartu zaiela adierazten duen ebazpena aurkeztu beharko dute, edo genero-indarkeriaren biktima direla dioen frogagiria, Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emana, edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emana, bidezkoa bada.

k) Jasotako beste laguntza batzuei buruzko adierazpena, 9. oinarrian xedatutakoaren arabera.

l) Eskatzailearen adierazpena, non baimena ematen baitu bere datu pertsonalak tratatzeko, bat etorriz deialdiaren 13. oinarrian ezarritakoarekin eta, non deklaratzen baitu betetzen dituela zerga arloko betebeharrak, itzulketakoak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Halaber, adierazi behar du baimena ematen duela Osasun Departamentuak Ogasun Publikoari nahiz Estatuko Administrazio Orokorrari informazioa eska diezaien, egiazta dezaten betetzen dituela betebehar horiek.

Kontsultarako baimen hori sinatu nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu behar diren ziurtagiriak, adierazten dutenak egunean dagoela aipatutako betebeharretan.

Ez da beharrezkoa izanen a), b), c), f) eta g) puntuetan aipatzen diren agiriak aurkeztea, baldin aurreko deialdietan aurkeztu baziren eta haietan zehaztutako datuak aldatu ez badira.

6.–Antolamendua, instrukzioa eta dirulaguntza emateko irizpideak.

6.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposaturik, aurretik ebaluazio batzordeak eginen duen balorazio loteslea aintzat hartuta.

6.2. Ebaluazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Concepción M.ª Moreno Sousa andrea, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko burua, batzordeburua izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Geno Ochando Ortiz andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria.

–Ana Guinea Hidalgo andrea, Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroko psikologo klinikoa. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Ana Aparicio Mingueza andrea arituko da, Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroko psikologo klinikoa.

–Patxi Ander Galiano Ureña jauna, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko teknikaria, Batzordeko idazkaria izanen dena. Beharrezkoa izanez gero, ordezko gisa Carmen Anoz Antoñanzas andrea arituko da, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko teknikaria.

6.3. Ebaluazio batzordeak egiaztatuko du ea onuradunek betetzen dituzten 3. oinarrian dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, eta irizpide hauei jarraikiz proposatuko ditu dirulaguntzen zenbatekoak:

–Honako zenbateko hauek ezarri dira diruz laguntzen ahal diren gehieneko tarifa gisa, tratamendu moten arabera:

  • Banakako terapia saioa: 40 euro.
  • Taldeko terapia saioa: 16 euro.

–Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren tratamenduaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

–Eskatutako zenbateko guztien baturak dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua onuradun guztien artean hainbanatuko da, bakoitzak portzentaje bera jaso dezan egindako gastuaren gainean. Onuradunei ez zaie hainbanaketa hori aplikatuko baldin eta haien familia unitatean 2023an eta/edo 2024an genero-indarkeriaren biktima edo gizarteratze-errentaren/errenta bermatuaren hartzaile den kiderik badago.

–Eskaera guztiak baloratu ondoren aurrekontu-partidan gerakinik geratzen bada, ezarritako mugetatik gorako gastua egiaztatu duten onuradunen artean banatuko da, egindako gastuaren arabera, betiere diruz lagundu daitezkeen gehieneko tarifak gainditu gabe.

–Dirulaguntza ez da inola ere izanen jasotako tratamenduaren kostu osoa baino handiagoa.

7.–Ebazpena.

7.1. Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak ematearen edo ukatzearen gainean, aurretik proposamena eginda Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuak.

7.2. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpen berariazkoa ematera.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 21. artikuluarekin bat, ebazpen horretan, gutxienez, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda azalduko da (nortasun agiri nazionalaren edo dokumentu baliokidearen zenbakiarekin identifikatuak, modu anonimoan), eta, eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira.

Jakinarazpena egiteko, ebazpena Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da (www.nafarroa.es), deialdiari dagokion atalean.

8.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina guztira emandakoaren zenbatekoak ez du inoiz gaindituko benetan hartutako eta ordaindutako tratamenduaren guztirako kostua.

9.–Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek edo, hala denean, haien legezko ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, adierazteko xede bererako beste laguntzaren bat jaso duten edo ez. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko dute.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin bezain laster jakinarazi beharko da, eta, betiere, laguntzak emateko ebazpena eman baino lehen.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean pagatuko da, laguntza emateari buruzko ebazpenarekin batera edo hura onetsi ondoren, eskaera egiten den unean adierazten den ordainketa-kontuan.

11.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

12.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira, edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

13.–Datuen babesa.

Bai eskaeran, bai aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Tratamenduari buruzko informazioa webgune honetan dago: https://www.navarra.es/home_es/Temas/Portal+de+la+Salud/Ciudadania/Participacion/Proteccion+de+datos.

14.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

15.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin.

Iragarkiaren kodea: F2409417