2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BUÑUEL
Ordenantza, arautzen duena udal-igerilekuen eta instalazio osagarrien erabilera. Behin betiko onespena
Buñuelgo Udalak, 2024ko apirilaren 8an eginiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen ordenantza bat, arautzen duena Buñuelgo udal-igerilekuen eta instalazio osagarrien erabilera.
Jendaurrean egoteko epea iraganik inork erreklamaziorik, erreparorik edo oharrik aurkeztu gabe, hura behin betiko onesten da, eta argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), zeina aldatu baitzuen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak.
Buñuelen, 2024ko ekainaren 18an.–Alkatea, Enrique Villafranca Uriel.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA UDAL-IGERILEKUEN ETA INSTALAZIO OSAGARRIEN ERABILERA
I. KAPITULUA.–XEDEA
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arautzea Buñuelgo udal-igerilekuen eta instalazioen erabilera, bai eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak ere. Ordenantza hau aplikatzeakoa izanen da igerilekuak hartzen dituen gune osoan.
2. artikulua. Udal-igerilekuen zerbitzua ekainaren 1etik irailaren 30era arte emanen da urtero, salbu eta epe laburrago bat adosten bada.
3. artikulua. Jendaurreko ordutegia 11:00etatik 21:00etara izanen da. Itxiera hamabost minutu lehenago jakinaraziko da.
Aurreko paragrafoan xedaturikoa galarazi gabe, Udalak aukeran izanen du irekiera- eta itxiera-orduak aurreratzea edo atzeratzea, hala egitea gomendatzen duten inguruabarrak gertatzen badira –zehazki, Santa Ana eta abuztuko Ama Birjinaren jaietan; egun horietan, 12:00etatik 20:00etara egonen dira zabalik, salbu uztailaren 26an eta abuztuaren 15ean, orduan 15:00etatik 20:00etara egonen baitira irekiak–.
II. KAPITULUA.–BETEBEHAR OROKORRAK, ERABILERA-MURRIZKETAK ETA BERARIAZKO DEBEKUAK
4. artikulua. Galarazita dago:
–Berdeguneetan orraztea. Erabiltzaileek komunetara edo instalazio egokietara jo beharko dute horretarako.
–Berdeguneetan pixoihalak edo antzekoak aldatzea haurtxoei. Komunetara edo instalazio egokietara jo beharko da horretarako.
–Futbolean jokatzea edo beste kirol batzuetan aritzea. Berdeguneetan eta hondartzetan, baimendutako gunean bakarrik jokatu ahal izanen da.
–Instalazioen barnera sartzea bizikletekin, ziklomotorrekin, patinekin, patinete elektrikoarekin, monopatinekin eta abarrekin.
5. artikulua. Aldagelak dira arropaz aldatzeko lekuak.
6. artikulua. Hamar urtetik beherakoak beti sartuko dira igerilekuetara eta instalazioetara gurasoekin, tutoreekin edo legezko arduradunekin; bestela, galarazi eginen zaie sartzea.
Udalak ez du hartuko adingabeen gaineko ardurarik, baldin eta guraso, tutore edo legezko ordezkaririk gabe baliatzen badituzte udal-igerilekuak eta instalazioak.
7. artikulua. Ezinbestekoa da bainujantzia eta txanoa erabiltzea bainu-eremuan –igerileku-ontzian bertan eta atxikitako nasa edo pasealekuetan–. Nahitaez dutxatu behar da uretara sartu baino lehen.
Uretan, galarazita dago:
–Burkinia edo antzeko jantziren bat erabiltzea.
–Kaleko jantzi eta/edo oinetakoekin sartzea.
–Haurtxoak bainatzeko pixoihalik gabe sartzea uretara.
–Gainerako pertsonentzat arriskutsua izaten ahal den zernahi elementu erabiltzea, edozein janari edo edari sartzea, eta hamakak edo bestelako tresnak paratzea, baldin kontrol- eta zaintza-langileen ustez eragozgarri badira igarotze-eremuetan.
6. artikulua. Osasun- eta higiene-neurri gisa, galarazita dago gaixotasun infekziosoak edo kutsakorrak dituzten pertsonak sartzea igerilekuetara eta instalazioetara; ez dira sartzen ahalko, orobat, zauri larriak edo larruazaleko gaixotasunak dituztenak, hartarako baimena ematen duen txosten medikorik ezean.
7. artikulua. Galarazita dago lasterka egitea uretan sartzeko, baita bultza egitea ere; era berean, debekaturik daude jarduera antihigienikoak edo gainerako pertsonen bainu normalari traba egiten ahal diotenak.
8. artikulua. Galarazita dago baloiak, koltxonetak, hegatsak edo gainerako bainulariei eragozten dieten objektuak sartzea uretan, ez bada egoera berezietan, programatutako jardueraren batek elementu horiek erabiltzea eskatzen duenean edo instalazioen arduradunen iritziz bidezkoa denean.
9. artikulua. Alabaina, baimenduta daude igeriketako betaurrekoak; igerileku txikietan, orobat, erabiltzen ahal dira flotagailuak, burbuilak edo mahukatxoak.
Ikastaroetan, erabiltzen ahalko dira flotagailuak, igeriketa-oholak eta igerian ikasteko beste tresna batzuk.
10. artikulua. Galarazita dago indarrean dagoen araudiak zehazturiko bainulari-kopurua gainditzea uretan, eta, beharrezkoa izanez gero, erabilera-txandak ezartzen ahalko dira, zerbitzua eskatzen duten pertsona guztiei lekua egiteko.
11. artikulua. Galarazita dago zortzi urtetik beherakoak igerilekuetan bainatzea, salbu eta gurasoekin, tutoreekin edo arduradunekin badaude, ikastaroetan ari badira edo eskola-umeen edo klub eta elkarteetako talde antolatuetako kide badira, betiere klub edo elkarte horretako arduradunarekin baldin badaude.
12. artikulua. Igerileku txikiak sei urtetik beherakoentzat bakarrik izanen dira, eta beti egonen dira haietaz arduratuko den adindun batek lagunduta.
13. artikulua. Berariaz galarazita dago igerilekuetara sartzeko dutxetan xanpua eta xaboia erabiltzea, burua edo gorputza garbitzeko.
Kasu horietan, erabili beharko dira aldageletan horretarako prestatutako dutxa-zerbitzuak.
14. artikulua. Debekatuta dago instalazioen barnean ibiltzea gorputza lehortu gabe edo oinutsik.
15. artikulua. Erabiltzaileek nahitaez jarri beharko dituzte txankletak edo antzeko oinetakoak dutxak edo aldagelak erabiltzean, eta galarazita dago oinutsik dutxatzea.
16. artikulua. Galarazita dago lurrera botatzea edalontziak, ontziak, janari-hondarrak, pipak, paperak eta bestelako hondarrak; beti bota behar dira dagokion zaborrontzira.
Zaindu egin behar dira instalazioak eta haietan dauden elementu guztiak.
Instalazioetan, berdeguneetan eta zuhaitzetan eginiko kalteak egileak berak edo haren legezko ordezkariak ordainduko ditu.
Udalak beretako gordeko du epaitegietara jotzeko ahalmena, kalteengatik erreklamatzeko eta litezkeen kalte-ordainak eskatzeko.
17. artikulua. Belardian erabiltzen ahalko dira hamakak edo etzaulkiak, baldin eta bateragarriak badira belarra behar bezala kontserbatzearekin.
Erabiltzaile bakoitzak jaso beharko ditu, eta horretarako egokitutako eremuetan utzi, traba egin gabe belarra garbitzeko zerbitzuetarako edo ureztatzeko sistemei.
18. artikulua. Galarazita dago animaliak igerilekuetara eta instalazioetara sartzea, eta jabea izanen da erantzulea.
19. artikulua. Une oro bete beharko dira udal-igerilekuen mantentze-lanez arduratzen direnek eta sorosleek emaniko jarraibideak eta arauak, haiei eskuordetu baitie Buñuelgo Udalak instalaziook zaintzeko eta ikuskatzeko ahala.
III. KAPITULUA.–ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK, BETEBEHARRAK ETA ERANTZUKIZUNAK
Eskubideak.
20. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.
Erabiltzaile guztiek eskubide berberak izanen dituzte, igerilekuen eta instalazioen erabilerari eta gozamenari dagokienez. Hauexek dira:
a) Igerilekuak eta instalazioak baliatzea egutegiaren, ordutegiaren eta gainerako erabilera-baldintzen arabera.
b) Instalaziootako langileengandik errespetuzko tratu adeitsua jasotzea.
c) Buñuelgo Udalari instalazioaren funtzionamenduari buruzko eskaera, iradokizun edo kexa guztiak egitea.
d) Udalari eskatzea bete dezala aplikatu beharreko araudiak xedatzen duena.
e) Igerilekuak behar bezala mantentzen laguntzea, akatsen berri emanez ardura duten langileei, eta iradokizunak eginez.
f) Instalazioetako edozein langile edo arduradun identifikatzeko eskatzea, egin beharreko erreklamazioak egiteko.
g) Indarra duen legediak eta ordenantza honek aitortzen dizkioten gainerako eskubideak.
Betebeharrak.
21. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
a) Arduradunari emateko moduan izatea, une oro, denboraldiko sarrerak edo abonu-txartelak.
b) Igerilekuetara eta instalazioetara sartzeak esan nahi du onartzen direla ordenantza honetan jasotako arau guztiak.
c) Igerilekuak erabiltzeko interesa duen pertsona orok erabilera-baimena eskatu beharko du, ezarritako prozeduraren arabera, eta dagokion prezio publikoa ordaindu beharko du ezarritako epean eta moduan.
d) Kasuan-kasuan ezartzen ahal diren salbuespenekin, igerilekuen eta haien instalazioen erabilerak ez ditu barnean hartzen kirol-materialez hornitzea eta horiek erabiltzea. Beraz, erabiltzaileek berek eraman beharko dute material hori, eta haren ezaugarri guztiek egokiak izan beharko dute, kasuan kasuko kirol-modalitateko arauzko baldintzen arabera.
e) Erabiltzaile guztiek zorrotz bete behar dituzte igerilekuetan eta instalazioetan ezarritako arauak. Igerilekuetako arduradunek eskatuko dute arauok betetzea, haiena baita indarrean dauden xedapenak betetzeko eta betearazteko ardura.
f) Igerilekuen eta instalazioen erabiltzaileek errespetuz eta begirunez jokatuko dute une oro, bai gainerako erabiltzaileekin, bai instalazioez arduratzen diren langileekin eta sorosleekin. Azken horiekin duten harremanean, erabiltzaileek nahitaez bete beharko dituzte instalazioen ordenari eta funtzionamenduari buruz jasotzen dituzten jarraibide eta ohar guztiak, bai eta materialen eta zuzkiduren antolamenduari eta erabilerari buruz jasotzen dituztenak ere.
g) Arau hauek ez betetzeak edo bandalismo-ekintzek eta jokabide kaskarrek ekartzen ahal dituzte erregelamendu honetan aurreikusitako zehapenak, eta ekartzen ahal dute, orobat, eragindako kalteak konpondu, birjarri eta/edo ordaindu beharra ere.
Erantzukizunak.
22. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.
1. Erabiltzaileek egoera ezin hobean utzi beharko dituzte erabilitako instalazioak, eta beren gain hartuko dute erabiltzen diren bitartean sortzen diren kalte-galeren erantzukizun osoa eta zuzena, bai eta gainerako erabiltzaileei eragiten zaizkienen gainekoa ere.
2. Baimenaren titularra joko da egindako erabileraren erantzule zuzentzat, ez badu behintzat hartua duen ordezkaritza frogatzen, halakoetan ordezkatuaren gain egonen baita erantzukizuna.
3. Adingabeen segurtasuna da gurasoen edo haiekin doazen helduen erantzukizuna, eta haiek erantzule izanen dira, halaber, adingabeek ez badituzte betetzen instalazioen funtzionamendu-arauak.
4. Buñuelgo Udalak ez du izanen erantzukizunik, baldin erabiltzaileek istripuak edo kalteak badituzte arau hauek ez betetzeagatik, edo kirol-instalazioak erabiltzeagatik modu desegokian edo zuhurtziarik gabe.
5. Instalazioen erabiltzaileak izanen dira erantzuleak, baldin kalteak edo lesioak eragiten badituzte, bai instalazioei, bai hirugarrenei.
IV. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA
23. artikulua. Araubide juridikoa eta prozedura.
1. Erantzukizuna eskatzeko, araudi honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik, jarraituko zaio zehapen-ahala erabiltzeko ezarritako lege- eta erregelamendu-prozedurari.
2. Zehapen-prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak izaten ahal direla, arau-hauste administratibo ez ezik, zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldiarazi eginen du zehapen-prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartzen duen arte. Zehapen-prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
24. artikulua. Arau-hausteak izaten ahal dira arinak, astunak eta oso astunak.
Hauek dira arau-hauste arinak:
–Belarra eta gainerako berdeguneak zapaltzea hondatzeko moduko oinetako desegokiekin.
–Igerileku txikian bainujantzirik edo uretako pixoihalik gabe sartzea.
–Aldageletan eta barneko dutxetan oinetako desegokiekin ibiltzea.
–Igerileku-ontzian erretzea.
–Esparruan edozein animalia sartzea.
–Igerilekuetako instalazioak zikintzea.
–Aire zabaleko jantokia erabili ondotik zikin uztea.
–Igerileku-ontzien inguruan jatea edo edatea.
–Berdeguneetan orraztea, baita haurtxoen pixoihalak edo gisakoak aldatzea ere.
Instalazioen funtzionamendu egokia nahastea, gainerako erabiltzaileei eragozten ahal dieten oihuekin.
–Erregelamendu honetan ezarritakoari kontra egiten ahal dion beste edozein jarduketa, astuntzat edo oso astuntzat hartua ez bada.
–Arau-hauste arin horiengatik, zehapen hauek ezarriko dira:
a) Ohartarazpena.
b) Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere egun bat eta zazpi egun bitartean, eta aldi horretan abonatu-eskubide guztiak galtzea.
c) Gainera, berdeguneetan paperak, botilak edo beste edozein elementu botatzen bada, 30 euroko zehapena ezarriko da.
Arau-hauste eta zehapen arinek hamabost egunen buruan preskribatuko dute.
25. artikulua. Hauek dira arau-hauste astunak:
–Bonua edo sarrera titularra ez den beste pertsona batek erabiltzea.
–Ez betetzea instalazioetako arduradunek emaniko jarraibideak (harrerako langileek, sorosleek, udal-langileek eta, oro har, mantentze-lanetako langileek).
–Instalazioak edo materialak hondatzea, funtzionamenduari kalte larririk egin gabe.
–Jostetan eta kirolean aritzea horretarako prestaturik ez diren tokietan.
–Ez erabiltzea komunak eta aldagelak erabili beharreko kasuetan.
–Beste sexuarentzat diren eremuetan sartzea.
–Falta arinetan berrerortzea.
Arau-hauste astun horien zehapena aldi baterako kanporatzea izanen da –gehienez ere hamabost egunerako–, eta, aldi horretan, abonatu-eskubide guztiak galduko ditu kanporatutako erabiltzaileak.
Arau-hauste eta zehapen astunek sei hilabeteren buruan preskribatuko dute.
26. artikulua. Hauek dira arau-hauste oso astunak:
–Instalazioen funtzionamendu egokia nahastea, gatazka erabiliz, edo zalaparta, edo eraso fisiko edo hitzezkoak, beste erabiltzaile batzuen kontra, ikusleen kontra edo instalazioen arduradunen kontra.
–Igerileku-ontzietan pixa edo eginkariak egitea, eta, ondorioz, kalte larriak eragitea zerbitzuaren funtzionamenduan.
–Ebastea, lapurtzea edo hondatzea, dela instalazioak edo materiala –funtzionamenduari kalte larria eginez–, dela erabiltzaileen gauzak.
–Instalazioetan ezarritako ordutegitik kanpo sartzea.
–Falta astunetan berrerortzea.
Falta oso astunak eginez gero, denboraldi osoan instalazioetara sartzeko debekua ezarriko da zehapen gisa.
Arau-hauste eta zehapen oso astunek lau urteren buruan preskribatuko dute.
27. artikulua. Aurretik adierazitako zehapenaz gainera, 200 euroko isuna ezartzen ahalko da, salbu berdeguneetan botaz gero paperak, botilak eta beste edozein elementu, halakoetan 30 euroko isuna ezarriko baita.
28. artikulua. Zehapenak aplikatzeko, irizpide hauei jarraituko zaie:
–Intentzionalitatea.
–Egitatea ezkutatzeko asmoa.
–Zerbitzuari eragindako nahasmendua.
–Instalazioei eta kirol-materialari egindako kalteak, bai eta erabiltzaileen gauzei egindakoak ere.
–Berrerortzea.
–Partaidetza-maila.
–Arau-haustea egiteak egileari ekarri dizkion onurak.
–Arau-hausleak bere kabuz arau-haustea zuzentzeari ekin izana.
30. artikulua. Zehapen-prozedura ofizioz edo alderdi baten eskariz hasiko da, behar den salaketa egin eta gero.
31. artikulua. Zehapen-espedientea probidentziaren bidez abiaraziko da. Hartan, instruktore bat eta idazkari bat izendatuko dira, eta hori guztia espedientepekoari jakinaraziko zaio.
32. artikulua. Instruktoreak aginduko du egitateak argitzeko balio duten froga eta jarduketa guztiak egiteko, eta kargu-orri bat aurkeztuko du, zeinean adieraziko baititu egotzitako egitateak. Kargu-orria interesdunari jakinaraziko zaio, hamabost eguneko epean erantzuna eman ahal izateko.
33. artikulua. Kargu-orriari erantzuna eman edo horretarako epea iragan ondotik, instruktoreak ebazpen-proposamena aurkeztuko du, eta hura interesdunei jakinaraziko zaie, egoki juzgatzen dutena alega dezaten hamabost egunean.
Proposamena eta alegazioak espedientea abiarazi zuen organoari igorriko zaizkio, ebazpena eman dezan.
34. artikulua. Alkateari dagokio zehatzeko eskumena.
Xedapen indargabetzaile bakarra.
Ordenantza honek indarra hartutakoan, indargabetuta geldituko da gai hau arautzen duen maila bereko edo apalagoko udal-araudia.
Azken xedapenetako lehena.–Araudi gehigarria.
Erregelamendu honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko da kirolari buruzko araudian xedatua, eta, zehazki, hauetan jasota dagoena: uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea, Nafarroako Kirolari buruzkoa, martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea, arautzen dituena ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak, eta indarrean dagoen eta aplikatzeko den gainerako araudia.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.
Erregelamendu honek ez du ondorio juridikorik sortuko harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte eta harik eta iragaten den arte Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea. Hori dena, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Iragarkiaren kodea: L2409772