139. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

DEIALDIA, Nurembergeko Biofach 2025 azokan parte hartzeko, otsailaren 11tik 14ra, Nafarroa Bio-ren erakustokiaren barruan.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez (http://www.planinternacionaldenavarra.es/), lan egiten du Nafarroako Komunitateko eta haren enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzeko. Plan horren arabera, Alemania lehentasunezko herrialdeetako bat da nekazaritzako elikagaien sektorea nazioartekotzeko ekintzak egiteko, arreta berezia jarriz ekoizpen ekologikoan. Arlo hori hazkunde esponentziala izaten ari da Alemaniako merkatuan, eta, hala, gaur egun Alemania da Europa osoko lehen bio-kontsumitzailea.

Testuinguru horretan, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak 2025era begira dituen ekintzen artean sartu du Nafarroako Gobernuak eta ekoizpen ekologikoaren arloko Nafarroako enpresa eta entitateek parte hartzea Biofach 2025 nazioarteko azokan (https://www.biofach.de/en). Azoka hori Nurembergen eginen da, otsailaren 11tik 14ra bitarte.

Biofach azoka munduan elikagai organikoen eta nekazaritza ekologikoaren merkataritza-azokarik handiena da. Urtero egiten da otsailean, Nurembergen, Alemanian. 2024ko otsaileko edizioan 2.500 erakusketari eta 35.000 bisitari profesional bildu ziren, 128 herrialde ingurutakoak. Azoka hau puntu estrategiko bat da Nafarroako enpresak Alemaniako merkatura zein Europako beste merkatu batzuetara iritsi ahal izateko.

Ekintzaren helburuak:

–"Nafarroa" marka ezagutaraztea eta Nafarroako bio elikadura-sektorearen irudi bateratu, profesional eta erakargarria eskaintzea Alemanian, kalitatezko produktuekin lotu dadin.

–Parte hartzen duten Nafarroako enpresei Alemaniako bio merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea.

–Nafarroako bio elikadura-sektoreari laguntza instituzionala ematea nazioartean garatzeko prozesuan.

–Negozio-aukerak identifikatzea eta bide ematea Nafarroako enpresei harremanetan jar daitezen bai egungo bezeroekin bai etorkizunean bezero izan daitezkeenekin ere.

Sektorea/segmentua.

–Elikadura ekologikoa.

–Kosmetika ekologikoa.

Ekintzaren edukia.

1. "Nafarroa Bio" erakustokia Nafarroako enpresen eskura jartzea, Elikagaien eta Edarien Industrien Espainiako Federazioaren eremuaren barruan.

Hauxe eskaintzen da:

–Enpresa bakoitzeko: 1 modulu.

–2-3 enpresa biltzen dituzten enpresa-taldeak: 1 modulu.

–4-6 enpresa biltzen dituzten enpresa-taldeak: 2 modulu.

–7 enpresa edo gehiago biltzen dituzten enpresa-taldeak: 3 modulu.

2. Esportazio diagnostiko bat egitea (https://www.planinternacionaldenavarra.es/es/diagnostico-de-exportacion) azokara joan baino lehen, parte hartzen duen enpresa bakoitzak nazioartera ateratzeko duen prestakuntza maila baloratzeko.

3. Parte hartzen duten erakundeen sustapena eta zabalkundea, "Nafarroa Bio" erakustokiaren barruan.

4. Azokan sartzeko baimenak ematea (1. puntuan ezarritako irizpideen arabera).

Enpresa bakoitzak bere gain hartuko ditu azokako koerakusketariaren tasa, bidaia-gastuak, otorduak, ostatua eta beste gastu batzuk.

Parte hartzeko baldintzak (parte hartzea eskatzeko unean bete beharrekoak).

1. Elikadura edo kosmetika ekologikoaren sektoreko enpresa, enpresa-elkarte edo enpresa-talde bat izatea. Horren ondorioetarako, enpresa-elkartetzat edo enpresa-taldetzat hartuko dira haien artean elkartzeko akordio baten bidez lotuta daudenak.

Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.

2. Nafarroan egoitza bat, egoitza sozial bat edo ekoizpen zentro bat izatea, edo bertan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.

3. Ekoizpen ekologikoaren zigilua izatea.

4. Inskripzioa egiteko unean, web-orria eta katalogoak ingelesez izatea.

5. Kontakturako komertzial bat izatea, ingelesez dakiena, Biofach azokaren aurretik, azoka bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

6. Erakusgai jarriko diren produktu guztien indarreko ziurtagiri ekologikoa eta inskripzioa bidaltzea.

Azoka honetan elkarte edo talde baten bitartez parte hartu behar duten enpresek 2.etik 6.era bitarteko baldintzak bete behar dituzte, eta ezin izanen dute aldi berean eskaera indibidualik aurkeztu. Taldeak eskaera bakarra aurkeztuko du, ekintza komertzial honetan parte hartzen duten enpresa guztien datuekin.

Eskaera aurkezteko epea.

Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik aurrera, eta 2024ko otsailaren 29ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez: Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Ohar garrantzitsua: uztailaren 24an zortzi enpresa inskribaturik ez badaude, ez da azoka hori eginen. Hala ere, data horretatik aurrera enpresa interesdun gehiago badaude, erreserba-zerrenda bat irekiko da hamar tokiak bete arte.

Jakingarriak.

Biofach azokahonetan ere 10 eta gutxienez ere 8 parte-hartzaile izanen dira. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.

Biofach azokan beren kasa eta Nafarroako erakustokitik kanpo dauden enpresek "Nafarroa" erakustokian parte hartzeko aukera izanen dute baldin toki hutsik badago.

Taldean, produktu-tipologia bereko bi enpresa izanen dira, gehienez ere. Baldin eta gehieneko enpresa kopurua betetzen ez bada, tipologia bereko enpresa gehiago onartzen ahalko dira, eskaera-ordenaren arabera, onartutako enpresen gehieneko kopurura iritsi arte.

Lehentasuna izanen dute Nafarroako Nazioarteko Planaren barruan jaialdi honetan estalitako sektorearentzat 2025ean antolatutako beste azoka edo merkataritza-misio batean parte hartu ez duten enpresek.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, azoka hasi baino gutxienez hilabete bat lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.

Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.

–Ekintzan parte hartzeko eskabidean agertzen diren datuak ematea.

–Erakustokian arreta ematen egotea azokako egun guztietan eta azoka irekita dagoen ordutegian.

–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta 6 hilabetera, jakiteko zer aurrerapen izan den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2024ko ekainaren 11n.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2409582