139. ALDIZKARIA - 2024ko uztailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

407E/2024 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Aiegiko Udal Plan Orokorreko antolamendurako determinazio egituratzaile eta xehatuen aldaketari buruz. Aldaketa hori Luis María Barbarin Sainz jaunak sustatu du, 2. poligonoko 1.408 lurzatian.

Determinazio egituratzaile eta xehatuen aldaketa bat tramitatu nahi da Aiegiko Udalean, Aiegiko 2. poligonoko 1.408 katastro-lurzatiaren zati baten gainean, NA-1110 errepidearen zeharbidetik gertu dagoen Aiegiko hirigunetik hego-mendebaldera dagoen hiri-lurzoru finkatuaren mugakide den lurzoru urbanizagarria den eremu batean.

Aiegiko Udal Hirigintza Planeko determinazio egituratzaile eta xehatuak aldatzeko proposamenaren helburua da lurzoruaren sailkapena aldatzea (lurzoru urbanizagarri sektorizatua hiri-lurzoru finkatua bihur dadin), bai eta haren antolamendu xehatua ezartzea ere, katastroko 1.408/2 lurzatiaren zati batean, bertan dagoen etxebizitza handitu eta/edo finkan beste eraikin bat egin ahal izateko.

Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren iritziz, proposamenak ez dakar aldaketarik Aiegiko lurralde ereduan, eta eragindako azalera txikia eta kokatuta dagoen ingurunearen ezaugarriak direla-eta, ez da aurreikusten ingurumen ukipenik.

Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Aiegiko Udal Plan Orokorreko antolamenduko determinazio egituratzaile eta xehatuen aldaketaren aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea, ingurumen-ukipen nabarmenik sortzen ez duela iritzita. Aldaketa Luis María Barbarin Sainz jaunak sustatu du, 2. poligonoko 1.408 lurzatian.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko Hirigintza Atalari eta Aiegiko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko maiatzaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2408753